Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

146. zk., 2020ko uztailaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2991

EBAZPENA, 2020ko uztailaren 17koa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Bermeoko (Bizkaia) Gaztelugatxeko San Juan babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, kultura-paisaiaren kategorian, eta espediente hori jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen baita.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu.

Gaztelugatxeko San Juanen balio materialak eta immaterialak ikusita, eta EAEko Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hasiera ematea Bermeoko (Bizkaia) Gaztelugatxeko San Juan babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko espedienteari, kultura-paisaiaren kategorian, kontuan hartuta ebazpen honen I. eranskinean ezarritako mugaketa, II. eranskinean jasotako deskribapena eta III. eranskinean jasotako babes-araubidea.

Espediente hau hasteak berekin ekarriko du Gaztelugatxeko San Juani berehala eta behin-behinean aplikatzea babes-araubide partikularra, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean babes bereziko ondasunetarako aurreikusitako araubide erkide eta espezifikoa ere.

Bigarrena.– Hasiera ematea Bermeoko (Bizkaia) Gaztelugatxeko San Juan, Kultura Paisaiaren kategorian, Babes Bereziko Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko aldiari, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituta, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuta eta babes-araubide gisa III. eranskinean agertzen dena ezarrita. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 20 eguneko epea egongo da, alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultur Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Jakinaraztea Bermeoko Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari ezen prozedura hau hasteak eten egiten dituela, ondasun higiezinen kasuan, eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, bai eta lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubidean ezarritakoaren arabera. Finkan ezinbestean obraren bat egin behar bada, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko da derrigorrean.

Laugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena.– Ebazpen honen berri ematea Bakioko eta Bermeoko udalei, Bilboko Gotzaindegiari, Bakioko San Pelaio Martiriaren Parrokiari, Gaztelugatxeko San Juanen Santutegiko Elkarteari, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Euskal Herriko Itsasertz Mugarteari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialen argitaratzea, jende guztiak honen berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 17a.

Kulturako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Ondasunaren mugaketa.

Gaztelugatxeko San Juan multzoaren barruan sartzen dira Gaztelugatxeko uhartea, zubia, sartzeko zabalgunea –dokumentazio grafikoan zehaztutako mugetaraino– eta multzoari balioa emateko behar den ingurunea. Horrela, bi eremu definitzen dira: lehenengoa, ondare-balio nagusiko eremua da, eta «1. eremua: monumentu-eremu» gisa identifikatzen da; bigarrena, lehenengoari balioa emateko eremua da, eta «2. eremu» gisa identifikatzen da.

2. eremuak itsas esparru bat eta lurreko esparru bat ditu.

2. eremuaren itsas mugaketa Gaztelugatxeko Biotopo Babestuaren mugan oinarritzen da, ekialdean dagoen Aketx uhartetxoa gainditu arte. Han, Artataia eta Potorroatxa harkaitzen arteko eremutik trazatzen da muga. Biotopoko itsaslabarrak mugaketaren barruan sartzen dira.

2. eremuaren lehorreko mugak honako hauek dira: hego-mendebaldean (Bakioko aldean), Bakioko 181. eta 180. landa-finken hego-mendebaldeko muga; Gilbetzorragako San Pelaio auzoko auzo-bidea; Bakioko 86. lurzatiaren ipar-mendebaldeko muga; Bakioko 86. lurzatiaren ekoizpenik gabeko eta beste erabilera batzuetarako eremu gisa erregistratutako eremuen arteko muga; Bakioko 86. lurzatiaren hego-ekialdeko muga; Bakioko 93. lurzatiaren ekoizpenik gabeko eta lur goldagarri gisa erregistratutako eremuen arteko muga; Bakioko 93. lurzatiaren bazkaleku eta lur goldagarri gisa erregistratutako eremuen arteko muga; Bakio eta Bermeo arteko muga administratiboa, eta Bermeoko 565. lurzatiaren iparraldeko muga. Hegoaldean (lehorreko aldean), BI-3101 Bakio-Bermeo errepide zaharraren trazatuak ezartzen du muga. Ekialdeko muga (Bermeo aldetikoa), Ermu auzora sartzeko bideak eta Bermeoko 522. lurzatia zeharkatzen duen mendi-bideak –biotopoaren mugarekin topo egin arte– ezartzen dute.

Mugaketaren justifikazioa.

Mugaketak ondasunaren ondare- eta paisaia-balioak ditu oinarri.

Ondare-balio handieneko elementuak uhartea, haren espazioak eta eraikitako elementuak eta hurbilen dauden sarbideak dira, eta, beraz, haiek osatzen dute monumentu eremua edo 1. eremua.

2. eremua ondasunaren ingurune hurbilaren paisaia-balioak babesteko mugatu da, batez ere, itsasertzeko paisaiarenak, balio horiek balioa eransten baitiote ondasunari. Gune horretan daude, gainera, Gaztelugatxeren ondare immaterialari lotutako interes kulturaleko elementu batzuk, hala nola Urizarretako zelaiak edo Begoñako Ama Birjinaren urpeko irudia.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Gaztelugatxeko San Juan Paisaia Kulturalaren kultura-nortasuna, kokagunearen balio historiko-arkitektonikoagatik ez ezik, paisaia-, materia- eta immaterial-balioengatik ere nabarmentzen da. Azken horien artean, aberastasun handiko tradizioak daude, batez ere erlijiozkoak.

Gaztelugatxeko santutegia izen bereko uharte harritsuaren tontorrean dago. Uhartetxo hori Matxitxako lurmuturraren mendebaldean dago. Uhartea zubi baten bidez lotzen zaio lurrari. Tokia, edertasun handiko paisaia-ingurune baten zati da, eta nabarmentzekoak dira itsasertzaren ikuspegiak zubiaren bi aldeetara: ekialdera badia, Gaztelugatxe eta Aketx uharteak ageri dira, eta mendebaldera itsaslabarrak, Bakioko bistetan txertatzen diren harkaitz-azaleratzeekin.

Gaztelugatxe kokagunearen berezitasuna arkitekturaren eta paisaia naturalaren arteko sinbiositik dator. Eraikinak bi modutan erlazionatzen dira paisaiarekin: integrazio bidez, hori gertatzen da zubiaren eta sarbidearen kasuan, eta kontraste bidez, uhartetxoaren profilean nabarmentzen diren eraikinen silueta artifizialen kasuan. Bi kasuetan, arkitekturaren eta naturaren arteko elkarrizketa harmonikoa eratzen da.

Santutegira igotzeko bideak sigi-saga egiten du uhartearen hegoaldeko hegaletik, topografia arrokatsuan primeran integratzen den trazadura organiko batekin. Material bakarrarekin eraiki zen, ingurune hurbiletik lortutako harriarekin, eta eraikuntza-baliabide gutxi batzuekin: harlangaitzezko karelak –errekarriekin edo eskuairatutako harriekin eginak–, koroatze biribilduarekin ura hobeto ebakuatzeko, zarpiatuta edo ez; errekarriekin egindako zoruak, bertikalean kokatutako errekarriekin edo harlanduz egindako gidariekin; harlanduz egindako mailak; ura husteko kanalak, zoladuran integratuta daudenak eta kanpoko hormetan dauden kainu-zuloen bidez hustubidea dutenak.

Bideak lursail naturalarekin duen kota erlatiboaren arabera, toki batzuetan, karelak erdi lurperatuta daude, eta beste batzuetan, material bereko hormen gainean jarrita, haitz naturalera iritsi arte. Bidearen zabalera 1 eta 1,40 metro artekoa da, eta karelen altuera 0,70 eta 1,55 metro artekoa. Ibilbideak 241 maila ditu guztira. Bidean zehar 1891ko gurutze-bide bat dago, lehenengo egonaldian ageri den dataren arabera.

Hasierako zatian, bidea bi begiko zubi baten gainean eraikita dago. Zubia 2,50 metro zabal eta 50 metro luze da. Zubia harrizko oinarri mailakatu baten gainean dago. Oinarri hori uhartea lur idorrarekin lotzen duen marearteko zabalgunearen gainean dago eraikita. Zubi-begiak, gutxi gorabehera 6,25 metroko argia duten erdi-puntuko arkuekin ixten dira. Arku horiek harlanduz eraikita daude. Erdiko pila 8,50 metro luze eta 10 metro zabal da gutxi gorabehera. Erdiko pilarea eta estribua ezpondatuta daude, eta harlangaitzezkoak dira; hormak errekarriekin eginak dira mendebaldean (Bakio) eta eskuairatutako harriekin eginak ekialdean (Bermeo).

Zubira iristeko, plaza txiki bat dago; lehorra-itsasoa plataforma deituko diogu horri. Gune horrek malda txikia du kostalderantz, eta maldaren norabidean luzetara, 40 bider 15 metroko tamaina du. Hala eta guztiz, perimetro irregularra du, eta plataforma estutu egiten da erdialdean, 10 metroko zabaleraraino. Plataformaren ekialdeko mugaren zati bat (Bermeo aldea) askatu egin zen lursailaren ezegonkortasunagatik; ondorioz, gaur egungo neurriak aurretik zeudenak baino pixka bat txikiagoak dira. Mendi-magalarekin bat egiten duen lekuan, hego-ekialdean, Gaztelugatxeko San Juanen Boluntarioen Batzordeak erabiltzen duen eraikin txiki bat dago; biltegi bat da, eta tokiko arrantza-tradizioaren berezko estiloari jarraitzen dio. Bermeoko notarioak 1901ean emandako irizpen batean jasotako deskribapenaren arabera, eraikin horrek, mende hasieran, estalpe handiago bat ordezkatu zuen (28 m 2 ingurukoa), bidera aurreratutako lerrokadura batekin. Estalpea, santutegia bisitatzera zihoazen erromes eta oinezkoen zalditegiak hartzeko eta igotzeko bidean konponketak egiteko materialen biltegi gisa erabiltzen zen.

Uhartera igotzeko bidearen amaieran, santutegiaren zabalgunera iritsiko gara. Haren luzetarako ardatza mendebaldetik ekialdera orientatuta dago, eta 45 x 18 metro inguru neurtzen du. Eraikinak, tenplua eta erromesen aterpea luzetarako ardatz horren arabera kokatuta daude, eta haien artean tarte bat dago. Sortzen diren espazio libreak bi motatakoak dira: Espazio formal bat, barruti sakratu gisakoa: hor sartzen dira eraikinen arteko espazio librea, bai eta hegoaldeko korridore zabal bat ere, itsasertzera begira; espazio horri santutegiaren plaza deituko diogu. Bigarren mailako espazioak: absidearen perimetroko eta tenpluaren iparraldeko espazioak. Bien artean lotune bakarra dago, eskailera bidez. Eskailera horiek santutegi-plazaren mendebaldeko muturrean daude, igoera-bideko eskailera-buruaren ondoan. Elkargune horretan, harkaitz-muino txiki bat dago mendebaldean, plazaren barrutitik kanpo. Muino hori uharteko puntu orografikorik altuena da. Hala, zenbait forma nabarmentzen dira bertan: gurutze-bidearen azken-hirugarren egonaldiko hiru gurutzeak eta bandera-masta bat, erromesentzako postontzi baten euskarri dena.

Tenpluak nabe bakarra du, 15 x 8 metrokoa, ekialde-mendebaldera begira. Mendebaldean abside poligonala du, absidearen hegoaldean sakristia laukizuzen txiki bat, oinaldean egurrezko korua, eta hegoaldean egurrezko elizpea. Harlangaitzezko hormak kontrahormekin sendotuta daude. Mendebaldeko eta iparraldeko fatxadak zarpiatuta daude, kontrahormak izan ezik; gainerakoan, harlangaitza agerian dago. Estalkiak hormigoizkoak dira, elizpekoarena izan ezik, zurezkoa baita. Hala ere, zurezko zertxa eta uhal batzuk mantentzen dira barruan. Isurkiak bi aldetara daude nabean, bost aldera absidean eta alde batera sakristian eta elizpean. Tenpluak bi sarrera ditu; sarrera nagusia nabearen oinaldean dago, ateburua arrosa-leihopean duela. Bigarren sarrera hegoaldeko fatxadan dago, elizpera begira. Fatxada nagusian, arrosa-leihoa eta sarrera pilastren gainean goratutako erdi-puntuko arku batez markoztatuta daude. Fatxada arku eta kanpai bakarreko kanpai-hormaz errematatua dago. Kanpai hormak harrizko gurutze bat du gainean. Kanpai-hormaren eta erdi-puntuko arkuaren artean, San Juan Lepogabetuaren erliebe bat dago, zirkuluerdi horzdun batean itxita. Goiko aldean, alboetan, bi inskripzio daude, zeinek tenplua berreraiki zen urtea adierazten duten: 1886. Fatxada nagusiaren alboak pilastra banarekin errematatzen dira. Pilastra horiek fatxadaren planoa errematatzen duen moldura jarraituarekin koroatzen dira. Moldura horrek erlaitz eta kapitel funtzioak betetzen ditu. Hegoaldeko fatxadan, arkupearen gainean, hiru idi-begi daude. Horiek dira, fatxada nagusiko arrosa-leihoarekin batera, nabearen argi-sarrerak.

Erromesen aterpetxea altuera bakarreko eraikina da, oinplano karratukoa. Harlangaitzezko hormak ditu, eta hiru isurkiko hormigoizko estalkia, erdiko hormigoizko zutabe bakar baten gainean eutsia. Plazara begira, hormapikodun fatxada du. Iparraldeko eta ekialdeko aurpegietako hormak kanpotik zarpiatuta daude. Plazatik sartzeko, hiru eskailera-maila jaitsi behar dira, beti irekita dagoen bao dinteldu handi batetik zehar. Baoaren gaineko horma-atalak zurezko bilbadura euslea eta plementeria trinko zarpiatua ditu. Eraikinak, hego-ekialdeko izkinan, kanpoaldeari atxikitako esparru txiki bat du. Eraikinaren jatorria ermita zaintzeaz arduratuko zen sakristau-ermitauaren figura ezarri zen garaikoa da.

Santutegiaren plaza harlangaitzezko karelez mugatuta dago; karel horiek sarbidekoen antzekoak dira. Karelen behealdean, zati zabaletan, banku moduko takoi jarraitu bat dago, errekarrizko akabera duena. Zorua errekarriz egina dago. Errekarriak partzela karratuetan antolatuta daude, harlanduzko giden bidez. Lauzadura irregularreko bi gune daude plazaren hegoaldean eta iparraldean. Gune horietako bakoitzean mosaiko biribil bat dago txertatuta. Mosaikoek bertikalki kokatutako errekarriz eraikitako hondoa dute, eta zuri eta beltzean egindako irudi bana, itsasontzi bat eta haize-arrosa bat, hurrenez hurren.

Tenpluari lotutako ondare higigarria ermitaren barruan gordetzen diren tailla batzuk dira. Absidean, San Joan Bataiatzailearen buruaren irudi bat dago, arrantza-ontzi baten brankan jarrita; XVI. mendeko gotiko estiloko pieza da, zur polikromatuzkoa. Absidearen bi alboetan zenbait tailla polikromatu daude:

– XVIII. mendearen erdialdeko San Pauloren tailla bat, rokoko estilokoa.

– Sortzez Garbiaren tailla, XVII. mendearen bigarren herenekoa, Alloytiz eskola barrokoaren estilokoa.

– San Joan Bataiatzailearen tailla bat, XVII. mendekoa, estilo herrikoikoa.

– XVIII. mendearen erdialdeko San Pedroren tailla bat, rokoko estilokoa.

– Santa Anaren tailla bat, XIV. mendekoa, gotiko estilokoa.

Azkenik, koruan XVIII. mendeko Asisko San Frantziskoren tailla bat dago, rokoko estilokoa.

Gaztelugatxeko San Juanen santutegiak kultura-adierazpen ugari ditu, eta haiek ondare immateriala delakoan sartzen dira. Elementu horietako batzuk ahozko kulturari dagozkio soilik (kondairak, ipuinak...), baina badira baselizan eta haren lehorreko eta itsasoko ingurunean adierazpen gehiago ere. Horien artean, aipatzekoak dira baselizan eta haren inguruan egiten diren erromesaldiak eta jaiak, bereziki Urizarretako zelaietan; oso errotuta daude herritarren artean. Era berean, nabarmentzekoa da fededunek botozko opariak uzten dituztela baselizan. Opari horiek tenpluko eliztarren elkarteak bildu eta kudeatzen ditu. Ohitura hori, botozko opariak bezalaxe, zaharkituta gelditu bada ere, mantendu egiten dira oraindik, ondare horren immaterialtasunaren isla fisiko gisa. Noizean behin Begoñako Ama Birjinaren urpeko tronuratze bat egiten da. Tradizio hori ez da oso zaharra, baina ohikoa da egutegian, eta tenpluari lotutako usadio eta ohituren parte da.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEA
LEHENENGO KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Babes-araubide hau Gaztelugatxeko San Juan babes bereziko kultura-ondasun kalifikatzearen parte da, kultura-paisaiaren kategorian, EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikulua betez. Araubide honen bidez zehazten dira Gaztelugatxen egin daitezkeen edo egin beharko diren jarduketak eta debekatuta daudenak.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Babes-araubide honetako aginduak Gaztelugatxeko kultura-paisaia osatzen duten ondasun guztiei aplikatuko zaizkie, I. eta II. eranskinetan jasotako deskribapen eta mugaketa grafikoaren arabera.

2.– Espediente honen aurretik Balizko Zona Arkeologiko deklaratu ziren eta kultura-paisaiaren mugaketan sartuta dauden eremuak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko maiatzaren 29ko Ebazpenean ezarritako babes-araubidearen mende egongo dira. Ebazpen horren bidez, Bermeoko (Bizkaia) Balizko Zona Arkeologikoen deklarazioa egin zen.

3. artikulua.– Zonakatzea.

Babes-araubide hau aplikatzeko, honako eremu hauek ezarri dira:

1. eremua, «Monumentu-eremua»: Gaztelugatxe uharteak eta hura lurrarekin lotzen duen inguruak osatzen dute eremu hori, I. eranskineko mugaketa grafikoan ezarritako mugetaraino. Ondare-balio handieneko eremua da. 4. artikuluan definitutako funtsezko balio gehienak biltzen ditu, bai eta 13. artikuluan zerrendatutako monumentu eremuko kultura-ondasun babestu guztiak ere. Haren mugaketa grafikoa I. eranskinean jaso da.

2. eremua: 1. eremua osatzen duten kultura-ondasunen balioa nabarmentzeko ezinbestekoa den paisaia-eremua da. Babes-eremu horretan sartzen da bere paisaia-balioengatik eta 4.3 artikuluan zerrendatutako multzoaren funtsezko balio immaterialetako batzuei euskarria emateagatik. Haren mugaketa grafikoa I. eranskinean jaso da.

4. artikulua.– Funtsezko balioak.

1.– Gaztelugatxeko kultura-paisaiaren funtsezko baliotzat jotzen dira garrantzi berezia ematen dioten eta zaindu behar diren balio materialak eta immaterialak.

2.– Kultura-paisaiaren funtsezko balio materialak arkitektonikoak eta paisaia-arlokoak dira. Hauek dira:

– Uhartearen forma naturalen edertasuna. Forma horiei dagokienez, nabarmentzekoak dira uhartearen profila, harkaitz-azaleratzeak eta landaredia.

– Tenpluaren profila, Gaztelugatxeko uhartearen silueta bereizgarriaren gailur gisa.

– Zubiaren eta santutegira igotzeko bidearen arkitektura organikoa, eta ingurune naturalarekin duen lotura harmonikoa.

– Eraikuntza-baliabideen sinpletasuna eta irmotasuna, tokiko harria oinarrizko material gisa erabiltzeagatik bereizten direnak.

3.– Tokiko eta eskualdeko nortasunean garrantzi eta sustraitze berezia duten kultura-adierazpenek osatzen dituzte kultura-paisaiaren funtsezko balio immaterialak. Adierazpen horiek iraganeko gertaeretan eta Gaztelugatxeko San Juanekin lotutako sinesmenetan sustraituta daude. Hauek dira adierazpen horiek:

– Erromesaldiak Gaztelugatxeko San Juanera eta, eta haiekin lotuta, ermitan eta inguruan (Urizarretako zelaietan) egiten diren jaiak.

– Gaztelugatxeko San Juanekin lotutako babes-errituak.

– Fededunek duten ohitura tenpluan botozko opariak uzteko.

– Begoñako Ama Birjinaren urpeko tronuratzea.

– Fededunen partaidetza erantzukidea Gaztelugatxeko San Juan Santutegiaren Elkartearen eta beste ekintza batzuen bidez.

BIGARREN KAPITULUA
ARAUBIDE OROKORRA

5. artikulua.– Edukia.

Testu honen edukiak Gaztelugatxeko kultura-paisaian egiten diren esku-hartzeetan eta ezartzen diren erabileretan bete beharreko baldintzak finkatzen ditu.

6. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide honetako preskripzioak lotesleak dira, eta kultura-paisaiaren babespeko kultura-ondasunak hari lotuta kontserbatu behar dira. Era berean, araubide honetako preskripzioek hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnak lotzen dituzte; tresna horiek araubide honekin bat etorri beharko dute, eta babestutako multzoaren babesa eta kontserbazioa bermatzeko zehaztapenak jaso beharko dituzte, EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 47.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera. Aipatutako lege-manua betez, tresna horiek kultura-ondarearen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren aldeko txostena izan beharko dute.

7. artikulua.– Aplikatu beharreko arau orokorrak.

1.– II. eranskinean definitutako kultura-paisaiaren mugaketan sartzen diren ondasun guztiak EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean aurreikusitakoaren mende egongo dira, baimen-araubideari, erabilerari, jarduerari, defentsari, zehapenei, arau-hausteei eta gainerako alderdiei dagokienez.

2.– EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, kultura-paisaiako kultura-ondasun babestuen jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen gainerako titularrek hirigintzaren eta kultura-ondarearen arloan indarrean dagoen legeriak ezarritako kontserbazio-, zaintza-, babes- eta erabilera-betebeharrak bete beharko dituzte, ondasun horien osotasuna bermatzeko eta haien galera, suntsipena edo narriadura saihesteko.

3.– Kultura-paisaiako kultura-ondasun babestuen titularrek beharrezkoa den informazioa eman beharko diete agintari eskudunei edo funtzionario arduradunei, bai eta informazio horretarako sarbidea ere, EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea betearazteko. Era berean, berariaz baimendutako ikertzaileei baimena eman beharko diete azterketa egiteko, bai eta bisita publikoa egiteko ere, 6/2019 Legearen 32.2 eta 32.3 artikuluetan adierazitako moduan.

4.– Kultura-paisaiako kultura-ondasun babestuak osorik edo zati batean eraisteko honako hauetan xedatutakoa bete beharko da: EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 51. artikulua eta azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua, kalifikatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa.

8. artikulua.– Esku hartzeko irizpide orokorrak.

1.– Kultura-paisaian babestutako kultura-ondasun higiezin eta higigarrien gaineko esku-hartzeetan ondasun horien ezagutza, kontserbazioa, zaharberritzea eta haien balioa nabarmentzeari begirako birgaitzea bermatuko dira, zientzia eta teknikaren bitarteko guztien bidez, EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan ezarritako baldintzetan, babes-araubide honetan zehaztu ez den orori dagokionez.

2.– Indarrean dagoen araudi sektoriala betetzera bideratutako esku-hartzeak baimenduko dira, babes-araubide honetan ezarritako jarduera-mugekin, betiere, kultura-paisaian babestutako ondasunen kultura-balioak ez kaltetzea bilatuz, EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34.10 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Kultura-paisaian egiten diren esku-hartze orotan, 14. artikuluan definitutako ondasun babestuen kontserbazio egokia bermatu beharko da, 4. artikuluan definitutako funtsezko balioei kalterik egin gabe.

4.– Kultura-paisaia zaborrik, obra-hondakinik edo kondarrik gabe mantendu beharko da.

9. artikulua.– Erabilera onartuak eta debekatuak.

1.– Kultura-paisaiaren babespeko edozein kultura-ondasuni ematen zaion erabilerak ondasun horien kontserbazioa eta balioa bermatu beharko ditu, EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen V. eta VI. tituluetako zehaztapenak urratu gabe.

2.– Kultura-paisaiaren erabilera nagusitzat jotzen dira erlijio- eta kultura-erabilera, bereziki erromesaldia, atsedena eta paisaia naturalaren kontenplazioa.

Turismo-erabilera jasangarria eta kultura-paisaiaren kultura-balioak errespetatzen dituena onartzen da, hurrengo puntuan ezarritakoaren arabera.

3.– Kultura-paisaiaren barruan, ez dira onargarritzat joko 4. artikuluan definitutako funtsezko balioen aurka doazen erabilerak edo 14. artikuluan definitutako kultura-ondasun babestuetan kalteak eragiten dituztenak.

4.– Kultura-paisaiaren barruan onartu beharko dira 4.3 artikuluaren arabera funtsezko balio immaterialtzat definitutako kultura-adierazpenak.

10. artikulua.– Dokumentazioaren baldintzak ondasun babestuen gaineko esku-hartzeetan.

1.– Kultura-paisaiako kultura-ondasun babestuen balioei eragiten dieten esku-hartzeek ondasun horien izaerari eta esku-hartzeari berari egokitutako proiektu tekniko espezifiko bat izan beharko dute, eta ondasunen titularrek proiektu hori aurkeztu beharko diote foru-aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailari, EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren arabera. Lege horren 46.2 apartatuan aipatzen diren esku-hartzeen kasuan, proiektu teknikoa dagokion udalari aurkeztu beharko zaio.

2.– Kultura-paisaiako kultura-ondasun babestuak lehengoratzeko lanak egiteko, horien azterketa-diagnostikoa egin beharko da. Proiektua eta esku-hartzearen memoria profesionalek eta enpresa espezializatuek idatzi beharko dituzte, zeinek egiaztatu beharko baitute proiektua eta memoria berme osoz egiteko behar den gaitasun teknikoa dutela, bai eta kultura-paisaiaren beharretara egokitutako diziplina anitzeko taldea ere. Nolanahi ere, obrak ondasunaren balioak errespetatzera eta hobetzera mugatu behar dira.

3.– Esku-hartze bakoitza amaitzean, haiek egiaztatu eta erregistratzeko, kultura-paisaiako kultura-ondasun babestuen titularrek kasuan kasuko memoria aurkeztu beharko dute Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen sailean.

11. artikulua.– Esku-hartzeak baimentzeko baldintzak.

1.– Kultura-paisaia osatzen duten ondasun higiezinetan esku-hartzerik egin behar bada edo haien erabilera edo jarduna aldatu behar bada, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura-ondarearen arloko eskumena duen organoaren baimena beharko da, udal-lizentziarik eman aurretik, lurralde- eta hiri-antolamenduko planetan edo babes-plangintza berezietan aurreikusitako jarduteetan izan ezik, baldin eta Eusko Jaurlaritzako kultura-organo eskudunaren aldeko txostena badute. Kasu horietan, udalek baimenduko dituzte zuzenean.

2.– Kultura-paisaian babestu gabeko ondasun higiezinak mantentzeko eta konpontzeko jarduketak ez dira esku-hartzetzat hartuko, eta jarduketa horiek ez dute aurreko puntuan aipatutako baimena behar.

3.– Kultura-paisaiaren babespeko ondasun higigarrietan esku hartzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko kultura-ondarearen arloko organo eskudunaren baimena beharko da.

4.– Aurreko 1. eta 3. puntuetan zehaztutakoaren arabera baimendutako esku-hartzeetan sartzen diren mantentze-planetako jarduerek ez dute baimenik behar.

HIRUGARREN KAPITULUA
1. EREMUARI («MONUMENTU-EREMUA») APLIKATU BEHARREKO BABES-ARAUBIDEA.
1. ATALA
BABES-MAILAK, GARRANTZI BEREZIKO ELEMENTUAK ETA ONDASUN HIGIGARRIEN LOTURA

12. artikulua.– 1. eremua, «Monumentu-eremua», osatzen duten ondasunen babes-mailak.

1. eremua, «Monumentu-eremua», osatzen duten ondasunak babes-maila hauetan sailkatuko dira:

– Babestutako kultura-ondasunak. Monumentu-eremuko ondasunak dira, 4. artikuluan definitutako funtsezko balioetako batzuk dauzkatenak, eta, beraz, babes-erregulazio bat behar dutenak.

– Babesik ez duten elementuak. Kultura-interesik ez duten ondasunak dira, eta beraz, babes-araubiderik behar ez dutenak; halere, horien gaineko esku-hartzeek bermatu behar dute ez dituztela ukituko babestu beharreko elementuak. Babes-araubide honetako zerrendetan jasota ez daudenak dira.

– Elementu degradatzaileak. Babestutako ondasunen zatiak dira, 4. artikuluan definitutako funtsezko balioei modu negatiboan eragiten dietenak, eta, beraz, haiek kentzeko edo indargabetzeko joera izan behar da, arrazoi edo indar nagusirik ezean.

13. artikulua.– Kultura-ondasun babestuak. Tipologia.

1.– Kultura-ondasun babestuak honako tipologia hauetan sailkatzen dira:

– Espazio irekiak.

– Espazio urbanizatuak.

– Ondasun higiezinak.

– Ondasun higigarriak.

2.– Espazio irekitzat hartuko dira beren izaera naturalari eusten dioten eraiki gabeko espazioak.

3.– Urbanizatutzat hartuko dira «monumentu eremuaren» egitura funtzionalaren parte diren kanpoko espazio eraikiak, hala nola bideak, zubiak edo plazak.

4.– Espazio ireki, urbanizatu eta ondasun higiezinen tipologian sartzen diren ondasun babestuen mugaketa grafikoa I. eranskinean dago jasota.

14. artikulua.– Kultura-ondasun babestuak. Zerrendak.

Babestutako kultura-ondasunak dira, tipologiaren arabera ordenatuta, jarraian zerrendatzen direnak.

a) Espazio ireki babestuak:

– Uhartearen eta hark lehorrarekin duen loturaren zati naturalak –arrokak eta landareak–.

b) Espazio urbanizatu babestuak:

– Uhartera iristeko zubia.

– Santutegira igotzeko bidea.

– Santutegiaren plaza.

– Tenpluaren absidearen ondoko harkaitz-muinoa.

– Tenpluaren atzealdeko plataforma.

– Lehorra-itsasoa plataforma.

c) Ondasun higiezin babestuak:

– San Juan tenplua.

– Erromesen aterpetxea.

– Lehorra-itsasoa plataformako etxola osagarri.

d) Ondasun higigarri babestuak:

– San Juan Bataiatzailearen buruaren irudia.

– Santa Anaren tailla.

– Sortzez Garbiaren tailla.

– San Joan Bataiatzailearen tailla.

– San Pedroren tailla.

– San Pauloren tailla.

– Asizko San Frantziskoren tailla.

15. artikulua.– Elementu degradatzaileak. Zerrendak.

Elementu degradatzaileak dira jarraian zerrendatzen direnak.

a) Gune urbanizatu babestuetako elementu degradatzaileak:

– Zoladuran integratu gabeko instalazioak (Bilboko lauza duten kutxatila-estalkiak, nibelatu gabeko zoladurak instalazioen gainean).

– Adreiluzko edo blokezko fabrikak.

– Tonu okreak nagusi diren harrizko fabrikak, tokiko harri-fabrikekin kontrastatzen dutenak.

– Karelen azaleratik kanpo egindako zarpiatuak.

– Ageriko egitura sistemak hegalean.

– Akabera metaliko distiratsuak hiri-altzarien elementuetan (barandak, hesiak, eskudelak eta paperontziak).

– Lehorra-itsasoa plataforman integratzen ez diren hiri-altzariak.

– Zubiaren ekialdeko panel nabarmenegia.

– Lehorra-itsasoa plataformaren ekialdeko ertzaren tratamendua.

b) San Juan ermitako elementu degradatzaileak:

– Kanpoko zarpiatu distiratsuegiak.

16. artikulua.– Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidearen ondorioetarako kontuan hartutako ondasunen zerrenda.

EAEko Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 16. artikuluko h) letran ezarritakoa betetzeko, monumentu-eremuko lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidearen ondorioetarako, 14.c eta 14.d artikuluetan zerrendatutako babestutako ondasunak dira.

17. artikulua.– Ondasun higigarriak lotzea.

San Juan tenpluko ondasun babestu higigarriak lotuta geratzen dira, eta soilik lekualdatu ahal izango dira zaharberritze- edo konponketa-lanetarako, aldi baterako erakusketetarako, edo haien babesa edo segurtasuna arriskuan jar dezaketen arrazoiengatik, baldintza horiek eragin dituzten inguruabarrak konpondu arte. Lekualdatzeek, nolanahi ere, jabeen eta Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen arloko eskumena duen organoen baimena beharko dituzte, hark zehaztutako baldintzetan (epeak, lekua, etab.).

Inguruko parrokiek San Juani gordailuan utzitako tailen kasuan, beren lekura itzuli ahal izango dira, baldin eta aldeek hala adosten badute eta Bizkaiko Foru Aldundiak lekualdatzeko baimena ematen badu haientzako segurtasun-baldintzetan.

2. ATALA
GUNE IREKI BABESTUETAN ESKU HARTZEKO IRIZPIDEAK

18. artikulua.– Gune ireki babestuak. Esku hartzeko irizpideak eta baimen daitezkeen esku-hartzeak.

1.– Gune ireki babestuak dira 14.a) artikuluan adierazitakoak.

2.– Baimena jaso dezaketen esku-hartzeek irizpide hauek bete beharko dituzte:

a) Edozein esku-hartzek guneen izaera naturalari eutsiko dio.

b) Esku-hartzeak tokiko natura-balioetan ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideei jarraituz egingo dira.

c) Ez da onartuko eraikin berriak ezartzea, ezta hiri-altzarien elementuak instalatzea ere.

d) Gunea hondakinik, zaborrik edo bestelako isurketarik gabe eduki beharko da.

3.– Eraikitako elementu hurbilen osotasunari eusteko ezinbestekoak diren finkatze-ekintzak baimenduko dira.

4.– Landaredia kudeatzeko esku-hartzeak baimenduko dira, baldin eta tokiko natura-balioak babestearekin bateragarriak badira.

5.– 15. artikuluan zerrendatutako elementu degradatzaileak edo 4. artikuluan definitutako funtsezko balioak kaltetzen dituztenak ezabatzeko esku-hartzeak baimenduko dira.

3. ATALA
ESPAZIO URBANIZATU BABESTUETAN ESKU HARTZEKO IRIZPIDEAK

19. artikulua.– Espazio urbanizatu babestuak. Esku hartzeko irizpide orokorrak.

1.– Hirigune babestuak dira 14.b) artikuluan zehaztutakoak.

2.– Natura-ingurunearekin kontrastean, urbanizatutako espazioen izaera gotorra mantenduko da.

3.– Esku-hartze berriak jasan dituzten elementuen diseinu tradizionalak lehengoratu ahal izango dira, baldin eta haien benetakotasuna behar bezala egiaztatzen bada.

4.– Zimenduen eraikuntza-ezaugarriak mantenduko dira. Hormetan deskaltzeak eragiten dituzten zuloak, errekarrizko harlangaitz-fabrikaz beteko dira. Harriak inguru hurbiletik lortuko dira, eta itsas giroarekiko erresistentea den morteroa erabiliko da. Flysch motako substratuak erresistentzia galtzen badu, geruza bigunen degradazioaren ondorioz, geruza horiek irizpide beraren arabera bete ahal izango dira. Morteroaren koloreak esku-hartzearen integrazio bisuala bermatuko beharko du.

5.– Eraikuntza-elementuen egonkortasuna bermatzeko hormigoizko egitura-indargarriak egitea ezinbestekoa bada, egitura horiek ezkutuan geldituko dira.

6.– Fabriken eraikuntza-ezaugarriak mantenduko dira. Zuloguneak, edo sekzio- edo material-galerak badaude, lehendik dagoenaren antzeko ezaugarriak dituzten harlangaitzezko fabrikekin leheneratuko dira. Horretarako, erresistentzia mekaniko egokia duen harria, ingurune hurbilean lortutakoa, eta kare-morteroa erabiliko dira. Morteroak horman dagoenaren antzeko kolorea eta ehundura izan beharko ditu. Gargolak egin behar izanez gero, harrizkoak egingo dira –harriaren koloreak hura fabrikan integratzea ahalbidetu behar du– edo metalezkoak (artikulu honen 8. puntuan jasotako irizpideak betez).

Fabrika berriak lehendik daudenen eraikuntza-ezaugarri berberekin egingo dira.

7.– Hormen akaberen ezaugarriak mantenduko dira. Karelen kasuan, harlangaitz-fabrikak zarpiatu ahal izango dira. Horretarako erabiliko den kare-morteroari harlangaitz-fabrikaren antzeko kolorea ematen dion koloragarria gehitu behar zaio.

8.– Hiri-altzariek, seinaleek, barandek, eskudelek, gargolek eta luminariek diseinu integrala izango dute, ingurunearekin harmonizatuko dena eta lekuaren izaera indartuko duena, 4. artikuluko funtsezko balioak kontuan hartuta. Horiek jartzeak ez du eragotziko elementu babestuen protagonismoa eta pertzepzioa.

9.– Instalazioak ahalik eta modu diskretuenean egingo dira, eta erregistroak integratuta geratuko dira. Ahal den neurrian saihestu egingo da trazadurak harlangaitzezko hormetan sartzea.

10.– Ez da onartuko eraikin berririk ezartzea.

20. artikulua.– Zubia, bidea, gurutze-bidearen muinoa eta santutegiaren plaza. Esku hartzeko irizpide espezifikoak eta baimendu daitezkeen esku-hartzeak.

1.– Elementuen ezaugarri bolumetriko eta espazialak mantenduko dira, nahiz eta bideko hormen trazaduran aldaketa txikiak onartu ahal izango diren, baldin eta aldaketa horiek ezinbestekoak badira horma horien egonkortasuna bermatzeko.

2.– Zoladuren ezaugarriei eutsiko zaie, bai diseinuari bai materialei dagokienez, 18. artikuluko 3. puntua betetzeari utzi gabe. Gurutze Bidearen muinoaren inguruan, diseinua aldatu ahal izango da, nahiz eta materiala (tokiko harria) mantendu beharko den, baita harkaitz-azaleratzeen izaera naturala ere.

3.– Gurutze-bideko errementaritza-elementuak ezin izango dira kendu, eta dagokien lekuan mantendu beharko dira. Haiek lehengoratzeko baimena emango da oso narriatuta badaude. Haien harrizko oinarriak mantendu egingo dira; horrek ez du eragotziko haien zaharberritzea.

4.– Espazioak elementu arkitektonikoetan integratutako luminarien bidez argituko dira.

5.– Ez da hiri-altzari berririk instalatuko.

6.– Barandak eta eskudelak metalezkoak izango dira; diseinu ahalik eta arinena izango dute eta akabera matea izango dute.

7.– Honako esku-hartze hauek baimendu ahal izango dira:

a) Egiturazko indargarriak.

b) Fabrika eratzailea lehengoratu, finkatu eta kontserbatzea.

c) Zola lehengoratzea, sendotzea eta kontserbatzea.

d) Instalazioak kontserbatzea eta eraberritzea.

e) Barandak eta eskudelak jartzea.

f) Errementaritza-elementuak zaharberritzea eta kontserbatzea.

g) Elementu degradatzaileak ezabatzea.

21. artikulua.– Tenpluaren atzealdea eta lehorra-itsasoa plataforma. Esku hartzeko irizpide espezifikoak eta baimendu daitezkeen esku-hartzeak.

1.– Elementuen ezaugarri bolumetriko eta espazialak mantenduko dira. Hala eta guztiz, haien egonkortasuna eta/edo erabilera publikoaren hobekuntza ziurtatzeko egokitzapen geometriko txikiak onartu ahal izango dira.

2.– Tokiko harriekin egindako harlangaitzezko karel berriak eraiki ahal izango dira, lehorra-itsasoa plataformaren muga gisa.

3.– Zoladuraren izaera gogorra mantenduko da. Zoladurak gainerako elementu babestuekin harmonizatuko du. Harria erabiltzen bada, harri horrek tokikoa izan behar du, edo antzeko tonua eduki.

4.– Ermitaren atzealdeko barandak metalezkoak izango dira, diseinu ahalik eta arinena izango dute eta akabera matea izango dute.

5.– Honako esku-hartze hauek baimendu ahal izango dira:

a) Urbanizatzeko elementuak kontserbatzea, zaharberritzea edo eraberritzea.

b) Hiri-altzarien elementuak kontserbatzea, zaharberritzea, eraberritzea edo handitzea.

c) Elementu degradatzaileak kentzea.

4. ATALA
BABESTUTAKO ONDASUN HIGIEZINETAN ESKU HARTZEKO IRIZPIDEAK

22. artikulua.– Babestutako ondasun higiezinak. Esku hartzeko irizpide orokorrak eta baimendu daitezkeen esku-hartzeak.

1.– Babestutako ondasun higiezinak dira 14.c) artikuluan zehaztutakoak.

2.– Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren arabera, B kategoriako artapeneko zaharberritzean sar daitezkeen esku-hartzeak baimenduko dira.

Artapeneko zaharberrikuntzaren helburua eraikuntza artatzea eta berorren funtzionaltasuna segurtatzea da; horretarako, zenbait obra egiten ditu eta horiek errespetatu egin behar dituzte eraikinaren elementu tipologiko, formal eta egiturazkoak; eraikinaren barruan ezin izango da elementu horiei kontrajartzen zaien erabilerarik egin. Esku-hartze horren barruan sartuko dira eraikuntza osatzen duten elementuak sendotzea, zaharberritzea eta berritzea, baimendutako erabilerak hartzeko beharrezkoak diren elementu berriak sartzea eta eranskin degradatzaileak ezabatzea.

23. artikulua.– San Juan Tenplua. Esku hartzeko irizpide espezifikoak eta baimendu daitezkeen esku-hartzeak.

1.– 22. artikulua aplikatzeko, tipologia-, forma- eta egitura-elementu hauek hartuko dira kontuan:

Elementu tipologikoak:

– Nabea, abside poligonala eta sakristia hegoaldean (inguratzailea).

– Korua.

– Arkupea.

– Teilazko estalki inklinatuak.

Elementu formalak:

– Nabearen eta abside poligonalaren forma eraikia.

– Fatxaden forma eraikia.

Egiturazko elementuak:

– Zurezko egitura isostatikoa (partzialki desagertua) eta kontrahormak dituzten karga-horma perimetralak.

2.– 22. artikuluan aipatutakoez gain, honako esku-hartze hauek baimendu ahal izango dira:

– Desagertutako egurrezko egitura berreskuratzea.

– Korua eraberritzea, zura egitura- eta akabera-material gisa mantenduz.

24. artikulua.– Erromesen aterpetxea eta lurra-itsaso plataformako etxola osagarria. Esku hartzeko irizpide espezifikoak eta baimendu daitezkeen esku-hartzeak.

1.– 22. artikulua aplikatzeko, tipologia-, forma- eta egitura-elementu hauek hartuko dira kontuan:

Elementu tipologikoak:

– Bolumetria eta kanpoko lerrokadurak.

– Teilazko estalki inklinatuak.

Elementu formalak:

– Fatxaden oinarrizko osaera.

Egiturazko elementuak:

– Zurezko egitura isostatikoa (desagertua) eta harlangaitzezko karga-horma perimetralak.

2.– 22. artikuluan aipatutakoez gain, honako esku-hartze hauek baimendu ahal izango dira:

– Desagertutako egurrezko egitura berreskuratzea.

– Barruko espazioak berritzea.

– Fatxadak aldatzea, eraikinaren tipologia-, forma- eta egitura-elementuak mantenduta. Konposizio-unitatea beti babestu behar da.

– Atzealdea plataformaren mugaraino zabaltzea, lehorra-itsasoa plataformaren etxola osagarriaren kasuan.

5. ATALA
BABESTUTAKO ONDASUN HIGIGARRIETAN ESKU HARTZEKO IRIZPIDEAK

25. artikulua.– Babestutako ondasun higigarriak. Esku hartzeko irizpideak.

1.– Kultura-paisaiari lotutako ondasun higigarri babestuak dira, zehazki, Gaztelugatxeko San Juan tenpluari lotuta daudenak (14.d artikuluan zehaztuta daude).

2.– Babestutako ondasun higigarrietan zuzenean edo zeharka esku hartzeko irizpide orokorra ondasunok gordetzea eta osorik eskualdatzea izango da. Prebentziozko kontserbazioa lehenetsi beharko da zuzeneko esku-hartzeen aurretik, eta narriadurak saihesteko beharrezko baldintzak ezarriko dira.

Jarduteko irizpidea gutxieneko esku-hartzea izan behar da, balio historikoak eta/edo artistikoak aldatzea saihesteko. Beraz, ondasun higigarrien gaineko jarduketa fisikoak haiek ongi kontserbatzeko edo haiek ulertzeko edo transmititzeko behar-beharrezkora mugatuko dira.

3.– Zuzeneko esku-hartzeek bateragarritasun-, egonkortasun- eta itzulgarritasun-printzipioak bete beharko dituzte.

4.– Taillen kasuan, jardueren irakurgarritasun- eta ezagutza-printzipioak errespetatuko dira.

5.– Edozein tratamendu edo metodo kontserbatzaile edo zaharberritzaile aplikatu aurretik, dagozkion prebentzio-probak egin beharko dira, tratamendu hori kaltegarria ez dela eta eraginkorra dela egiaztatzeko. Proba analitikoak egitean, laginketak probak egiteko behar-beharrezkoa denera mugatuko dira, eta obran gutxien ikusten diren zatietan egingo dira.

LAUGARREN KAPITULUA
2. EREMUARI APLIKATU BEHARREKO BABES-ARAUBIDEA

26. artikulua.– 2. eremuari aplikatu beharreko esku hartzeko irizpide orokorrak.

1.– Kapitulu honetan araututako esku-hartzeak 2. babes-eremuko lehorreko eremuari eragiten diotenak baino ez dira, eta, Kostaldeei eta Itsas Ingurunearen Babesari buruzko legeriatik eratorritako zehaztapenak betetzeari kalterik egin gabe, kapitulu honen 27., 28. eta 29. artikuluetan ezarritako zehaztapenen mende geratzen dira.

2.– Eremu honetako itsas eremuan ez da inolako erabilera- eta jarduera-araubiderik ezartzen. Erregulazio hori Atlantikoko Itsas Mugapeko Itsas Eremua Antolatzeko Planaren bidez gauzatuko da. Plan hori horretarako onartuko da, apirilaren 8ko 363/2017 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Antolamendu Plan horrek ahalegina egingo du kultura-paisaiaren balioak babesteko, paisaiaren kutsadura akustikoa eta bisuala saihestuz.

27. artikulua.– 2. eremuari aplikatu beharreko esku hartzeko irizpide espezifikoak.

1.– Eremu horretan egiten diren esku-hartzeek eta erabilerek ez diote kalterik eragingo babestutako ondasunen osotasun fisikoari, eta ez dute eragin negatiborik izango 4. artikuluan zehaztutako funtsezko balioetan. Horrez gain, ez dute aldatuko eremuaren paisaia-izaera eta izaera naturala.

2.– Esku-hartzeak paisaia-ingurunearekin integratu edo bateratu beharko dira.

3.– 2. eremuan, eremu hori hondatzen duten elementuak, eraikuntzak eta instalazioak kentzeko esku-hartzeak baimendu ahal izango dira.

4.– 2. eremuak ez du kutsadura bisualik edo akustikorik izango. Mota horretako kutsaduratzat joko da Gaztelugatxeko ermita eta uhartetxoa behatoki edo ikuspegi nagusietatik ikustea eragozten edo desitxuratzen duten edo eremuaren paisaia-izaera aldatzen duten esku-hartzeek, erabilerek edo ekintzek eragindakoa.

28. artikulua.– Urizarretako zelaietan esku hartzeko irizpide espezifikoak.

Urizarretako zelaiek belardi izaten jarraituko dute, eta bertan saihestu egingo dira Gaztelugatxeko San Juanen erromesaldiei eta jaiei lotutako erabilera publiko tradizionala eragozten edo zailtzen duten eraikuntzako edo nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerak.

29. artikulua.– 2. eremuan bideak ezartzeko aplikatu beharreko irizpideak.

1.– 1. eremura oinezkoentzako sarbidea bermatuko da Monumentu Eremuaren sarbide publikoko puntu nagusietatik (aparkalekuak, autobus-geltokiak, etab.).

2.– Urizarretako zelaien eta 1. eremuaren artean oinezkoentzako lotura ziurtatuko da.

3.– Artikulu honen 1. eta 2. puntuetan zehaztutako funtzioak betetzen dituzten bideek ingurunearen izaera naturalera egokitutako eskala eta materialtasuna mantendu beharko dituzte, eta, aldi berean, 1. eremuan mantentze-lan arruntak ziurtatu beharko dira. Bide horiek, gainera, atsedenlekuak eta begiratokiak izango dituzte, paisaia-inguruneaz gozatu ahal izateko.

4.– 2. eremuko gainerako bideek hertsiki beteko dituzte berez dagozkien auzo-zerbitzuko prestazioak, eta eremuaren natura- eta paisaia-izaera aldatzen duten gaindimentsionamenduak saihestuko dira.

BOSGARREN KAPITULUA
ONDARE IMMATERIALA

30. artikulua.– Ondare immateriala kudeatzeko irizpideak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 57.2 artikuluak kultura-ondasun immaterialei aplikatu beharreko babes-araubideari buruz xedatutakoa aplikatuz, honako neurri hauek aplikatuko dira:

a) 4. artikuluaren 3. puntuan aipatzen diren erlijio eta kultura-adierazpenak gauzatu ahal izateko erraztasunak izan behar dira, eta saihestu egin behar dira adierazpen horiek egitea eta adierazpen horien herri-izaera arriskuan jar ditzaketen kanpoko eraginak. Beraz, adierazpen horiek mantentzea sustatu eta bultzatuko da.

b) Gaztelugatxeko San Juani lotutako ondare immaterialeko elementuak erregistratzea, aztertzea eta ikertzea sustatuko da.

c) Botozko opariak Gaztelugatxeko San Juan Santutegiaren Elkartearen bidez onartuko dira, egun erabiltzen diren eta elkarte horrek onartzen dituen mekanismo tradizionalen bidez. Elkarteak botozko opari horiek deuseztatu eta/edo garbitu ditzake, baina hori egiteko Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren aldeko txostena izan behar du, eta haren bidez erabakiko da opari horiek kultura-ondare immaterialaren arloan eskumena duen erakunde batean gorde behar diren, edo fisikoki deusezta behar diren, arlo horretan kultura-baliorik ez izateagatik.


Azterketa dokumentala