Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2020ko uztailaren 14a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2744

ERABAKIA, 2020ko maiatzaren 28koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Kazetaritzako eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako Gradu Bikoitza ezartzekoa.

Kazetaritzako eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako Gradu Bikoitza egiteko plangintza bat prestatze aldera, errektoreordetza honek behar diren akordioak sustatu ditu gradu hau 2020/2021 ikasturtetik aurrera abian jartzeko.

Hori dela eta, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen proposamenez, eta unibertsitateko Graduko Batzordeak 2019ko urriaren 24an eta 2020ko maiatzaren 14an aldeko txostena egin eta gero, Gobernu Kontseiluak honako hau

ERABAKI DU:

Lehenengoa.– Onartzea, eranskinean jasota dagoen bezala, honako dokumentu hau: Arautegia, UPV/EHUko Kazetaritzako eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako Gradu Bikoitza lortzekoa.

Bigarrena.– Argitara ematea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Leioa, 2020ko maiatzaren 28a.

Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.

ARAUTEGIA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO (UPV/EHU) GIZARTE ETA KOMUNIKAZIO ZIENTZIEN FAKULTATEKO KAZETARITZAKO ETA PUBLIZITATEKO ETA HARREMAN PUBLIKOETAKO GRADU BIKOITZA LORTZEKOA

1. artikulua.– Helburua.

Arautegi honen helburua da ikasketa programa bat zehaztea ikasleek Kazetaritzako Graduko eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako Graduko ikasketa planetako irakasgaiak egin ahal izateko, hartara graduko titulu biak eskura ditzaten. Programazio horren kudeaketa Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateari dagokio, alde batera utzi gabe arautegi honen bosgarren artikuluan Batzorde Akademikoari emandako eskumenak.

2. artikulua.– Aplikazio eremua.

2.1.– Arautegi hau aplikatuko zaie Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Kazetaritzako eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako Gradu Bikoitzaren (aurrerantzean «gradu bikoitza») ikasketa programan emango dituen ikasketei.

2.2.– Gradu bikoitzaren egiturari esker, bertan matrikulatuta dauden eta programako ikasketak gainditzen dituzten ikasleek bi titulu ofizial eskuratuko dituzte aldi berean: Kazetaritzako Gradua eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako gradua, eta bi tituluek balioa izango dute estatu osoan.

2.3.– Araubide akademikoa, ikasketak emateko arauak, ikasleen ebaluazioa eta, oro har, gradu bikoitzaren ikasketa programaren alderdi akademiko guztiak arautegi honetan zehaztuko dira, eta hemen jasota ez dagoen guztirako, UPV/EHUko arau orokorrak aplikatuko dira.

3. artikulua.– Zuzendaritza akademikoa eta betearazlea.

3.1.– Gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoa gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoari dagokio. Bertan ordezkatuta daude Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanotza taldea eta bi graduetako batzorde akademikoak: Kazetaritzako Gradukoa eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako Gradukoa.

3.2.– Gradu bikoitzeko koordinatzaile lanetan txandakatuko dira, bi ikasturtean behin, Kazetaritzako Graduko koordinatzailea eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako Gradukoa.

4. artikulua.– Batzorde Akademikoaren osaera.

4.1.– Batzorde Akademikoak honako kide hauek izango ditu:

– Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanotza taldearen ordezkari bat, dekanoak proposatua.

– Kazetaritzako Graduko koordinatzailea eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako Graduko koordinatzailea.

– Kazetaritzako Graduko mailako koordinatzaileak eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako Gradukoak.

– Gradu bikoitzeko ikasleen ordezkari bat.

4.2.– Batzorde Akademikoko idazkari lanetan txandakatuko dira, bi ikasturtean behin, titulazio bateko eta besteko mailako koordinatzaileak.

4.3.– Batzorde Akademikoko burua izango da Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanotza taldearen ordezkaria.

5. artikulua.– Batzorde Akademikoaren eginkizunak.

5.1.– Gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoaren ardura izango da, oro har, gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoa. Zehazki, eginkizun hauek izango ditu:

– Gradu bikoitzaren antolaketa akademikoa.

– Gradu bikoitzaren irakaskuntzaren kalitatea bermatzea eta zaintzea, ikastegiko Kalitate Batzordearekin koordinazioan.

5.2.– Batzorde Akademikoa gutxienez sei hilean behin bilduko da, batzordeko buruak deituta. Era berean, Batzorde Akademikoko hiru kidek gutxienez hala eskatzen dutenean ere bilera egin ahal izango da.

5.3.– Batzorde Akademikoak ahalegina egingo du erabakiak aho batez hartzeko, eta, ezinezkoa denean, ikastegiko zuzendariak hartuko du erabakia.

6. artikulua.– Gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak.

Honako hauek izango dira gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak:

– Batzorde Akademikoak hartutako erabakiak betetzea.

– Gradu bikoitzaren ordezkaria izatea.

– Beste zeregin batzuk, Batzorde Akademikoak emandakoak edo UPV/EHUko arauen arabera titulazioko koordinatzaileari dagozkionak.

7. artikulua.– Onarpena.

7.1.– Ikasleak gradu bikoitzean onartzeko aplikatuko dira UPV/EHUk ikasleak onartzeko dituen arau orokorrak.

7.2.– Gradu bikotzeko onarpen nota kalkulatzeko, kontuan hartuko da Kazetaritzako Graduari eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako Graduari dagozkien gai espezifikoen haztapenetik lortutako kalifikaziorik onena.

8. artikulua.– Matrikula.

8.1.– Administrazio ondorioetarako, gradu bikoitza Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko gradua izango da.

8.2.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleek matrikula egingo dute gradu horretan UPV/EHUko gainontzeko ikasleen baldintza berberetan.

8.3.– Ikasleek matrikula egitean prezio publikoak ordainduko dituzte arlo horretako arauetan jasotakoari jarraituz, eta eskubidea izango dute ordaintzetik salbuetsita egoteko arau horietan edo legeetan zehaztutako baldintzak betetzen baldin badituzte.

9. artikulua.– Gradu bikoitzaren arau akademikoak.

9.1.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleak haren ikasketa programako irakasgaietan baino ez dira matrikulatuko maila bakoitzean. Ikasketa programa arautegi honen eranskinean dago jasota.

9.2.– Lehenengo mailan, maila horretako kreditu guzti-guztietarako egin beharko dute matrikula. Hurrengo maila bakoitzean ikasleak gutxienez 60 kreditutan matrikulatu beharko dira, gradu bikoitzeko programa osoa amaitzeko 60 kreditu baino gutxiago falta zaizkienean izan ezik.

9.3.– Ikasleek, lehen urtearen amaieran, lehen mailako eskola orduetako 42 kreditu, gutxienez, gaindituta izan beharko dituzte, ohiko eta ezohiko deialdien artean. Matrikularen bigarren urtearen amaieran, gutxienez, lehenengo mailako 54 kreditu gaindituta izan beharko dituzte, eta bigarren mailako 30 kreditu. Matrikularen hirugarren urtearen amaieran, lehenengo maila osoa gaindituta eduki beharko dute (60 kreditu), eta, gutxienez, bigarren mailako 54 kreditu eta hirugarren mailako 12 kreditu. Nolanahi ere, ikasleek zazpi ikasturtetan amaitu beharko dute programa, gehienez ere.

9.4.– Aurreko puntuko (9.3) baldintzaren bat betetzen ez duten ikasleek utzi egin beharko dute gradu bikoitza. Hala ere, Kazetaritzako Graduan edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako Graduan –beraiek aukeratutakoan– jarraitu ahal izango dituzte ikasketak. Horretarako, eskaria aurkeztu beharko dute ikastegiko idazkaritzan. Ikasle horiek eskolak ezarritako epeetan eta irizpideen arabera egin beharko dute matrikula.

Era berean, ikasle batek erabakiz gero gradu bikoitza bere borondatez uztea, aurreko paragrafoan azaldutako prozedura aplikatuko zaio aukera izan dezan Kazetaritzako Gradura edo Publizitateko eta Harreman Publikoetako Gradura pasatzeko.

9.5.– Kazetaritzako Graduko eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako tituluak lortzeko kredituen aitorpena egingo da ikasleak gaindituta dituenean gradu bikoitzaren ikasketa programako irakasgai guztiak, bi titulazioetako gradu amaierako lanak barne.

10. artikulua.– Ebaluazioa.

Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleen ebaluazioa egingo da gainontzeko titulazio ofizialetako ikasleentzat ezarritako ohiko prozedurari jarraituz, eta graduko titulazio ofizialetarako Gobernu Kontseiluak onartutako egutegi akademikoaren arabera.

11. artikulua.– Tituluak eta tituluen gehigarri europarrak (TGE) ematea.

Gradu bikoitzaren programa gainditzen duten ikasleek Kazetaritzako Graduaren eta Publizitateko eta Harreman Publikoetako tituluak eta titulu horien gehigarri europarrak eskatu ahal izango dituzte, kasuan kasuko prezio publikoak ordainduta.

12. artikulua.– Arautegia onartzea.

Gradu bikoitz honetan matrikulatutako ikasleek arautegi honi jarraitu beharko diote, eta hemen jasota ez dagoenerako, UPV/EHUko arau orokorrei.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau 2020/2021 ikasturtean sartuko da indarrean.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala