Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2020ko uztailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2609

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 15ekoa, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarena, zeinaren bidez 2021eko uztailaren 15era arte luzatzen baita honako txartel hauen balio-epea: ingurumenean eta elikagaien industrian erabiltzeko bioziden aplikatzaile-txartela, oinarrizko maila eta maila kualifikatua.

Tratamendu biozidak egiteko gaitzeari buruzko araudi erregulatzailea ezartzen duen ekainaren 25eko 830/2010 Errege Dekretuak (uztailaren 14ko BOE, 170. zk.) profesionalak prestatu eta gaitzeari buruzko alderdiak arautzen ditu, osasunaren babesa bermatzearren ingurumenean eta elikagaien industrian erabiltzeko produktu biozidak aplikatzearekin lotutako lan-jarduerak garatzen dituzten pertsonak trebatzeko gutxieneko mailak bermatzea ahalbidetzen duten irizpideak ezarriz.

Ekainaren 25eko 830/2010 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorraren 1. apartatuak luzatu egin zuen ingurumenean eta elikagaien industrian erabiltzen diren biozidekin tratamenduak egiteko trebakuntza-txartelen (oinarrizko maila eta maila kalifikatua) baliozkotasuna sei urteko aldi iragankorrean, eta epe hori 2016ko uztailaren 14an amaitu zen.

830/2010 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorraren 3. apartatuan, autonomia-erkidegoei ahalmena ematen zaie egungo txartelen baliozkotasuna aldi jakin batez luzatzeko, 2016-07-14an amaitzen den aldi iragankor hori bukatzen denetik harago. Hortaz, xedapen horrekin bat etorriz, eta aplikazio homogeneoaren koordinazioa lurralde nazional osoan bermatzearren, Osasun Sistema Nazionalaren Osasun Publikoko Batzordearen Lurralde arteko Batzordeak 2016-02-15ean egindako bileran erabaki zuen aipatutako txartelen baliozkotasuna lau urtez luzatzea.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren 2016ko ekainaren 21eko Ebazpenak erabaki zuen lau urtez luzatzea ingurumenean eta elikagaien industrian erabiltzen diren biozidekin tratamenduak egiteko aplikatzaile-txartelen (oinarrizko maila eta maila kualifikatua) baliozkotasuna.

Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko behar ziren mekanismoak abian jartzeko prozesua uste baino konplexuagoa izan zen, eta, beraz, luzapen gehigarri bat erabaki behar izan zen. Osasun Publikoko Batzordeak 2016ko otsailaren 10eko bileran hartutako erabakiaren bidez, epea 4 urtez luzatu zen, 2016ko uztailaren 15etik aurrera. Beraz, epe hori amaitzear dago.

Koronabirusaren krisiaren ondorioz zerbitzuen eskaria handitzeak, prestakuntza-prozesuak eteteak eta sektorea 830/2010 Errege Dekretuaren eskakizunetara erabat egokitzea lortu ez izanak eragin dezakete sektore horretan langile nahikorik ez egotea, eta, horregatik, komenigarritzat jo da arazo hori Osasun Publikoko Batzordeari helaraztea; horrela, batzorde horrek, 2020ko maiatzaren 14ko bileran, erabaki du txartelen baliozkotasuna 2021eko uztailaren 15era arte luzatzea.

Halaber, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak justifikazio-memoria bat aurkeztu du, gure autonomia-erkidegoan ingurumenerako eta elikagaien industriarako erabiltzen diren bioziden aplikatzaile-txartelen baliozkotasuna 2021eko uztailaren 15era arte luzatzearen inguruan.

Osasun-agintaritza eskuduna denez, eta Osasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuaren 8. artikuluaren h) apartatuaren arabera (apirilaren 18ko EHAA, 74. zenbakia) ingurumenean eta elikagaien industrian erabiltzeko bioziden osasun-kontrolari buruzko legerian aurreikusitako administrazio-ahalmenak dituenez, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak dituen eskuduntzen arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2021eko uztailaren 15era arte luzatzea ingurumenean eta elikagaien industrian erabiltzeko bioziden aplikatzaile-txartelen balio-epea –oinarrizko maila eta maila kualifikatua, 2, 3, 4, 14, 18 eta 19 motak–.

Bigarrena.– Interesdunei jakinaraztea ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diotela Osasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 15a.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,

JUAN JOSE AURREKOETXEA AGIRRE.


Azterketa dokumentala