Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2020ko uztailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2607

AGINDUA, 2020ko ekainaren 23koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2020rako deialdia egiten da.

Bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan, ezagutzaren edozein eremutan bizialdi osoko ikaskuntzarekin lotutako ikaskuntza-ekintzak egin daitezen sustatzeko laguntzak arautu dira.

Era berean, Bizialdi Osoko Ikaskuntzaren urriaren 10eko 1/2013 Legearen 4. artikuluan aurreikusitako xedeak betetzen lagunduko dute agindu honetako laguntzek.

Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoak ekitaldi ekonomiko bakoitzean indarrean izango dituen aurrekontu orokorrak zehaztuta daudenean, programei dirulaguntzak eman edo ez erabakitzeko arauak eguneratu, berrikusi edo, hala behar badu, ezarri egin beharko dira. Zehaztugabeko indarraldia eman zitzaien dirulaguntzen kasuan, dagokien deialdia egin beharko da, halaxe xedatu baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan.

Kontuan izanik diruz lagun daitezkeen jardueretatik indarraldi zehaztugabea nahiz aldi baterako indarraldia izango dutenak arautu direla uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan, eta dekretu horretako 10.2 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, hots, publikotasun-printzipioa betetze aldera, egoki den deialdia egingo du Hezkuntza Sailak. Hortaz, agindu hau eman eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharra dago.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Agindu honen xedea da bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen uztailaren 23ko 118/2019 Dekretuan aurreikusitako laguntzak iragartzea 2020rako.

2. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Diruz laguntzekoak diren jarduerak hasi beharko dira eskabidea aurkeztu den egutegiko urtean, eta garatu ahal izango dira hurrengo ekitaldiko uztailaren 31ra arte.

3. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.

1.– Erakunde eskatzaileek behar bezala beteta aurkeztu beharko dute eskabide-orria (I. eranskina).

Eskaerak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, aipatutako egoitza elektronikoan sartuta.

Eskabidearekin, justifikazioarekin eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, honako helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/bozi/y22-izapide/eu

Deialdiko laguntzak emateko, justifikatzeko eta administrazio-bidean aurkaratzeko prozeduraren izapide guztiak modu elektronikoan egin eta jakinaraziko dira, lehen aipatutako egoitza elektronikoaren bidez.

2.– Eskabidearen ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean egingo dira.

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera eta berorri atxikitako dokumentazioa. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, euskararen erabilpena arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

Eskabideak aurkezteak adierazten du deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla.

4. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

118/2019 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutako irizpideak betez ebaluatuko dira eskaerak, II., III. eta IV. eranskinetako eskemak oinarri hartuta.

5. artikulua.– Finantzazioa.

1.– 930.000,00 euro erabiliko dira deialdi hau finantzatzeko, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.

2.– Hona jarduera-mota bakoitzaren zenbateko erabilgarri maximoa:

a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: 175.000,00 euro.

b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: 595.000,00 euro.

c) Esperimentazio-proiektuak: 160.000,00 euro.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

Deialdi honen funtsen kargura honako gastu hauek finantzatu ahal izango dira: proiektuan zuzenean parte hartzen duten eta diruz lagundutako jarduera garatzeko ezinbestekoak diren langileen gastuak; eta diruz lagundutako jarduera garatzearen ondorioz zuzenean sortutako funtzionamendu-gastuak.

Finantza daitezkeen gastu guztien % 10 izan daitezke, gehienez ere, funtzionamendu arrunteko gastuak; besteak beste: proiektuaren zuzendaritza-, koordinazio-, kudeaketa- eta administrazio-gastuak; komunikazio-gastuak; ura; argia; eta lokalen alokairua edo amortizazioa.

7. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

Hona hemen jarduera-mota bakoitza finantzatzeko gehieneko zenbatekoa:

a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: plaza eta prestakuntza-ordu bakoitzeko 7 euro gehienez; 18.000,00 euro gehienez jarduera bakoitzeko.

b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: gehienez ere 35.000,00 euro, 12 hileko zerbitzuko eta bitartekaritza-zerbitzuari egozten zaion eta lanaldi osoz arituko den bitartekari bakoitzeko. Bitartekaritza-zerbitzua gutxienez 100.000 biztanleko udalerri batean edo gutxienez 60.000 biztanleko eskualde batean ematen bada, lanaldi osoz arituko den bitartekari bat egotziko da. Bitartekaritza-zerbitzua 12 hileko epean baino denbora gutxiagotan egiten bada, gehieneko zenbatekoa hainbanatuko da.

c) Esperimentazio-proiektuak: 20.000,00 euro gehienez jarduera bakoitzeko.

8. artikulua.– Diruaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

118/2019 Dekretuaren 18.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, aurreikusitako jarduerak egiteko emandako dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira.

Lehenengo ordainketa, erakunde onuradunak dirulaguntza onartzen duenean, emandako dirulaguntzaren guztizkoaren % 45.

Bigarren ordainketa, gainerako % 55a, 118/2019 Dekretuaren 18.1.b) artikuluan aipatutako dokumentazioa jaso ondoren. Dokumentazio hori aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa da, ebazpenean jasotako ekintza guztiak amaitzen direnetik hasita.

Konturako ordainketa bat egin ahal izango da, bigarren ordainketaren % 50ekoa, 118/2019 Dekretuaren 18.2 artikuluan ezarritako baldintzen arabera.

9. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

Deitutako laguntzen prozeduran eta kudeaketan aurkeztutako eskaeretan eta dokumentazioan agertzen diren datu pertsonalak ebazpen honen arloan eskumena duen Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak, arduradun gisa, tratatuko ditu. Datu pertsonalen aipatutako tratamenduaren xedea izango da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea. Xede hori horien interes publikoan eta horietan parte-hartzeko eskaeran oinarrituta dago.

Datuak ikusteko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak, horiek mugatzeko eta aurka egiteko eskubideak, eta datuen tratamendu automatizatuan baino oinarritzen ez diren erabakien aurka egiteko eskubidea erabiltzeko, hala dagokionean, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari. Hilabeteko epea izango da horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; halaxe xedatu baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan. Bestela ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Bi hilabeteko epea izango da horretarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita; halaxe xedatu baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 23a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala