Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2020ko uztailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2604

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita 2020-2022 aldirako dirulaguntza-deialdi bat, helburu hau duena: Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egitea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko ekainaren 23ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, 2020-2022 eperako dirulaguntzen deialdi bat onartu du, helburu hau duena: Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egitea. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoa dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2020-2022 eperako dirulaguntzen deialdia. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2020ko ekainaren 23ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).

Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO KUALIFIKAZIO APALEKO GAZTE LANGABETUEN AKTIBAZIO SOZIOLABORALERAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZAK EGITEKO 2020-2022 ALDIKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA

2017-2021 Gizarteratzeko Euskal Planak emandako definizioaren arabera, gizarte-bazterketa «gizarte-eskubideak gauzatzeko ezintasuna edo gaitasunik eza da, batez ere lan egiteko eskubideaz baliatzeko ezintasuna, baina baita ere hezkuntza eta prestakuntza jasotzeko eskubidea, kultura, osasuna, etxebizitza duina izateko eskubidea edo gizarte-babesa jasotzeko eskubidea».

Hori horrela, haren neurri guztiak gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonak gizarteratzea sustatzera bideratuta daude, eta arrisku-faktoreen intzidentzia –bai banakoena bai estrukturalena– murrizten duten jarduerak garatzera.

Eskubide sozialen Europako zutarriari jarraikiz, hezkuntza, prestakuntza eta etengabeko ikaskuntza herritarren eta bereziki gazteen enplegurako eskubide aktiboa babesten duten funtsezko ardatzak dira. Helburu estrategiko gisa ezartzen du ahultasun sozioekonomiko handieneko egoeran dauden pertsonak, haien adina edozein dela ere, kalitateko hezkuntza- eta prestakuntza-zerbitzuetara heltzen direla bermatzea, aukera-berdintasuna sustatzeko eta helduen mundura arrakastaz igaro daitezen.

Xede horrekin, besteak beste, ezartzen du ahultasun handieneko egoeran dauden gazteak 2. mailako profesionaltasun-ziurtagirietara hel daitezen laguntzea, era horretan enplegura igarotzea bultzatzearren. Horretarako, proposatzen du DBH bertan behera uzten duten hezkuntza-premia bereziko ikasleei eta sostengu premia handieneko gainerako kolektiboei –desgaitasun intelektuala duten pertsonei, bereziki– lanbide-heziketari lotutako prestakuntza-aukerak eskaintzea eta lan-mundura arrakastaz igarotzen direla erraztea.

Helburu berarekin, Hezkuntza Sailak egoera horretan dauden gazteak Oinarrizko Prestakuntza Zikloetarantz bideratzeko hezkuntza-politika bat hasi du, halaber. Nolanahi ere, ahalegin hori gorabehera, Lanbide Heziketa arautzen duen araudia aplikatzearen ondorioz (8/2013 Lege Organikoa, abenduaren 9koa, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzekoa), ezin dute ziklo horietan parte hartu 17 urtetik gorako gazteek edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloa egin ez dutenek. Sartu eta onartzeko baldintza hori dela eta, prekarietate eta ahultasun sozioekonomikoko egoeran daude ehunka gazte, eta ezin dira sartu aukera-berdintasuna eta helduen mundura arrakastaz igarotzea errazten dituzten hezkuntza-zerbitzuetara.

Horren guztiaren ondorioz, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, hautemandako arazo hori arindu nahian, prestakuntza-programa bat abian jarri nahi du, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta, prestakuntza-aukerak sortzeko, eta, era horretan, DBH amaitu ez duten eta, zenbait arrazoirengatik, oinarrizko konpetentziarik ez dutenez enplegurako prestakuntza jarraitu ezin duten 16 eta 25 urte bitarteko gazteak, honako kolektibo hauen profila dutenak, lan-mundura arrakastaz igaro daitezen errazteko:

– Lehen eta Bigarren Hezkuntzako etapak behin baino gehiagotan errepikatu dituzten ikasleak, titulua eskuratu gabe 17 urte egin dituztenak, eta, Oinarrizko LHko matrikula egiteko adina gainditzen dutenez, prestakuntza-bide horretara jotzerik ez dutenak.

– 16 urte baino gehiago dituztela iritsi diren gazte atzerritarrak eta, ondorioz, Bigarren Hezkuntzan eskolatu ez direnez, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko baldintzak betetzen ez dituztenak.

– Oinarrizko LH hasi duten baina, zenbait arrazoi direla eta, bertan behera utzi dutenak, eta, hara itzuli nahi dutenean, arauzko prestakuntza-ibilbidea aldi baterako eten dutenez hara itzultzerik ez dutenak, eta, horrenbestez, enplegagarritasuna handitzeko prestakuntza hartzeko aukerarik gabe gelditu direnak.

Horri lotuta, COVID-19aren krisiaren ondorioz sortu den nahasmendu ekonomiko eta sozial masiboa EAEko biztanle aktibo eta enpresa gehienei eragiten ari zaie, eta eragiten jarraituko du epe labur eta ertainean. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bere eskumenen barruan, enplegua, enpresak eta jarduera ekonomikoa beren onera ekartzen lagundu nahi du.

Horretarako, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bere menpeko erakunde autonomo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari agindu dio ezen, aurretik aipatutako estrategia eta Lanbideren 2020ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoa kontuan hartuta (erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak onetsi zuen plan hori, 2019ko azaroaren 13ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez), prestakuntza-programa bat diseina eta kudea dezala oinarri hartuta bere 1. jardun-ardatza eta D1.2 gidalerroa. Izan ere, gidalerro horren helburua da pertsonei ekoizpen-sarearen benetako premiei egokitutako konpetentziak ematea, gazteen enplegua sustatzea eta gazteei lan-arloan eta beren buruari dagokionez garatzeko aukerak eskaintzea.

Programa hori egiteko lagungarri, Euskadiko enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretua du, zeinaren 2. artikuluak xedatzen baitu enplegurako lanbide-heziketa lanbide-heziketaren sistemetako bat dela, enpresen artean eta langileen artean, langabeak (lehentasunez) nahiz lanean ari direnak izan, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.

Halaber, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dizkio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloarekin koordinazioan. Azken hori honako hauen arduraduna da: lanbide-heziketa osoaren planifikazio estrategikoa, diseinua eta ildoak prestatzearena, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, azken horrek dauzkan ardurei dagokienez.

Gainera, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait funtzioren artean, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horiek barnean hartzen dute dagozkion dirulaguntza deialdiak onartu eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan. Enplegurako prestakuntzaren barnean, lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza dago.

Deialdi honek, ezarritako prestakuntza-metodologiak bilduta, aurrez aurreko prestakuntzaren barruan prestakuntza-metodologia alternatiboak erabiltzeko aukera aztertu du, eskatzaile bakoitzak definitu behar dituenak. Metodologia horiek langileen prestakuntza gauzatzea ahalbidetu eta erraztuko lukete, haien enplegagarritasuna optimizatuz eta enpresen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzen lagunduz.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2020ko ekainaren 23ko bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoko kualifikazio apaleko gazte langabetuen aktibazio soziolaboralerako prestakuntza-ekintzak egiteko 2020-2022 aldiko dirulaguntzen deialdia onartu du, honako baldintza hauen arabera:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xedea hau da: 2020-2022 aldirako, oinarrizko konpetentzietako, konpetentzia soziopertsonaletako eta oinarrizko konpetentzia tekniko eta profesionaletako ibilbideak sortzen dituzten prestakuntza-proiektuak finantzatzeko laguntzak arautzea; era horretan, prestakuntzaren hartzaileei lagunduko zaie pertsona gisa garatzen, laneratzen zein gizarteratzen, bai eta 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzen ere.

2.– Deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak 1.612.500 euro dira; horietatik, 399.375 euro 2020ko ordainketa-kredituaari dagozkio; 806.250 euro 2021eko konpromiso-kredituari, eta 406.875 euro 2022ko konpromiso-kredituari. Emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira; eta, hala bada, horren berri argitaratu beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

3.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak osorik edo zati batean finantzatuta egon ahal izango dira Europako Gizarte Funtsarekin batera, 2014-2020 aldiko Gazteen Enpleguko Programa Operatiboaren esparruan.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan jasotako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mendekoak ez diren prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoak, betiere enplegurako prestakuntzako erakundeen erregistro autonomikoan edo Estatuko Prestakuntza Erakundeen Erregistroan egiaztatuta edo izena emanda badaude, dirulaguntza eskatzen den prestakuntza-proiektuetan jasota dauden prestakuntza-ekintzei dagozkien prestakuntza-espezialitateak emateko.

Prestakuntza-ibilbide bakoitzaren barnean dauden profesionaltasun-ziurtagiri bat gutxienez deialdi hau argitaratu aurretik egiaztatuta egon beharko da.

Prestakuntza-ibilbide bakoitzaren barnean dauden gainerako profesionaltasun-ziurtagirien eta zeharkako oinarrizko konpetentzien espezialitateetako egiaztatzea edota izen-ematea lehenengo prestakuntza-ekintza hasi aurretik egin beharko da.

2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak lortzeko, prestakuntza-erakundeek laguntzaren xede diren prestakuntza-ekintzak egiteko behar diren pertsonak eta bitarteko materialak izan beharko dituzte, edo dirulaguntza esleitu ondoren, prestakuntza-jarduera hasten denean, haiek lortzeko konpromisoa hartu beharko dute. Prestakuntza-jarduera gauzatzeko azpikontratatzea debekatuta dago. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.

Instalazio eta baliabide horiek erakundearenak edo hirugarren erakunde pribatu edo publikoen titulartasunekoak izan ahalko dira, eta, eskabidean aipatzen diren prestakuntza-ekintzak programatuta dauden lurraldeetan izan beharko dituzte eskura baliabide horiek. Hirugarren erakunde pribatu nahiz publiko batenak badira (hala dago onartuta, betiere prestakuntza-jarduera gauzatzea azpikontratatzen ez bada), dagokion erabilgarritasun-kontratua edo -akordioa aurkeztu beharko da.

Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpen bat erantsi beharko zaio eskaerari.

Betiere, erakunde eskatzaileak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku izan beharko ditu adierazpen horretan jasotako datuak egiazkoak direla erakusten duten dokumentuak.

3.– Ezingo dira izan onuradunak honako egoera hauetakoren batean diren erakundeak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea.

Ondorio horietarako, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du betebehar horiek egunean dituela, bai dirulaguntza eman aurretik, bai ordainketak egiteko unean, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatuta baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan.

Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.

c) Eskatzaileak zigor- edo administrazio-zehapenen bat izatea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik gabe uzten duenik, eta horretarako ezgaitzen duen lege debekuren bat izatea, honako hauengatik gertatutakoak barnean direla:

– Sexu-bazterkeriagatik zigorren bat jaso izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera.

– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onarturiko Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginak 46.1.b) eta 46 bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezartzen badu.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

Aipatutako a), b), c), eta d) apartatuetako betekizunak egiaztatzeko, titularrak erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, LAN-F-n eskuragarri dagoen eredu ofizialaren arabera.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduera.

1.– Deialdi honen babesean dirulaguntza jaso ahal izango dute oinarrizko konpetentzietako, konpetentzia soziopertsonaletako eta oinarrizko konpetentzia tekniko eta profesionaletako ibilbideak sortzen dituzten prestakuntza-proiektuek, betiere ikasleen garapen pertsonala zein gizarteratzea eta laneratzea ez ezik, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzea ere errazten badute (I. eranskinean jasota daude).

2.– Finantzatutako prestakuntza-ibilbideek kualifikazio apaleko gazte langabetuen enplegagarritasuna eta laneratzea handitzea dute helburu.

3.– Prestakuntza-ibilbideek 1.850 orduko iraupena izango dute, lantokiko prestakuntza barne. Bi bloke edukiko dituzte; lehenak 900 ordu izango ditu, eta bigarrenak 950 ordu. Bloke bakoitzak konpetentzia profesionalak eskuratzeko prestakuntza eta zeharkako oinarrizko konpetentziak eskuratzeko prestakuntza izango du lotuta.

(Ikus .PDF)

4.– I. eranskinean prestakuntza-ibilbide programagarriak daude, ondoren zehaztutako prestakuntza mota bakoitzeko ibilbidearen araberako ordu kopurua adierazita:

1) 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak lortu aurreko prestakuntza.

2) 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak.

3) Egiazta daitezkeen bestelako prestakuntza-modulu partzialak.

4) Aurretik aipatutako espezialitateak egiaztatzea bermatzen duen lantokiko prestakuntza, eta azkenik.

5) Zeharkako oinarrizko konpetentziei lotutako prestakuntza.

Prestakuntza gaitzailera (1., 2., 3. eta 4. motakoak), guztira eta gutxienez, 440 ordu bideratuko dira A blokean, eta 590 ordu B blokean; kopurua aldatuko da ibilbide programagarrien artean, I. eranskinean zehaztutakoaren arabera.

5.– Zeharkako oinarrizko konpetentziei lotutako prestakuntzaren iraupena (4. puntuan adierazitakoen 5. mota) zehaztuta dago, halaber, 1. eranskinean, prestakuntza-ibilbide bakoitzari dagokionez. Prestakuntza-ordu horiek funtsezko konpetentziak, konpetentzia soziolaboralak eta konpetentzia digitalak emateko izango dira, FCO (Prestakuntza osagarria), SSC (Gizarte- eta kultura-zerbitzuak) eta IFC (Informatika eta komunikazioak) lanbide-arloen barruan; enplegurako prestakuntzaren lanbide-arlo guztien zeharkako konpetentziak dira horiek. Oinarrizko prestakuntza hau bideratuta dago parte hartzen dutenak 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak eskura ditzaten gaitzera eta/edo haien enplegagarritasuna handitzera. II. eranskinean funtsezko konpetentzien (Gaztelania, Matematika, Ingelesa eta Euskara), konpetentzia soziolaboralen eta konpetentzia digitalen espezialitateen katalogo bat jasota dago. Prestakuntza-erakundeek, parte-hartzaile talde bakoitzaren kualifikazio-maila eta prestakuntza-beharrak zein diren kontuan hartuta, espezialitate horiek aukeratuko dituzte prestakuntza-ibilbide programagarri bakoitzerako finantzatu beharreko gehieneko ordu kopurura iritsi arte. Salbuespenez, gehieneko ordu-kopuru hori handitu ahal izango da, baldin eta prestakuntza-ekintza gaitzaileren batean ikasle guztiak salbuetsita badaude; halakoetan, dagokion proportzio berean handituko da kopurua.

6.– Lantokiko lehen prestakuntza-modulua ibilbidearen lehen prestakuntza-blokea amaitzean egingo da, eta 150 ordu inguru izango ditu. Bigarren blokeari lotutako prestakuntza amaituta, lantokiko prestakuntza praktikoko bigarren modulua egingo da; 200 ordu inguru iraungo du. Prestakuntza praktikoaren ordu kopurua aldatuko da, proposatutako ibilbideetan parte hartzen dutenek egin beharreko profesionaltasun-ziurtagiriek eskatutako ordu kopuruaren arabera.

7.– Profesionaltasun-ziurtagiriak bereiz eman ahal izango dira profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duen prestakuntza-modulu bakoitzari dagokionez; era horretan, behar den malgutasuna emango zaio prestakuntza-prozesuari, eta ikasle gehiago sartu ahal izango dira, modulu bakoitza hastean bete gabeko plazarik balego. Erakundeak prestakuntza horiek bereiz edo ez ematea erabaki ahal izango du profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzeko lehen modulua hasten denean.

8.– Prestakuntza emateko modalitatea.

Prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko modalitatean eman beharko dira.

Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkiotenean, edozein direla ere erabilitako baliabide didaktikoak.

9.– Dirulaguntza jasotzen duten prestakuntza-ibilbideei 2020ko azaroaren 30a baino lehen ekin beharko zaie, dirulaguntza emateari buruzko behin betiko ebazpena jakinarazi ondoren, eta ibilbide osoa amaitu beharko da 2022ko azaroaren 16a baino lehen (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua barnean dela). 2021eko azaroaren 16a baino lehen amaitu beharko dira prestakuntza-ibilbideen A blokean jasotako prestakuntza-ekintza guztiak (lantokiko prestakuntza praktikoko modulua barnean dela), eta B blokean jasotako prestakuntza-ekintza bat gutxienez hasita egon beharko da.

10.– Prestakuntza-ekintzak onartzeko, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide kopurua 15 izango da, eta gutxienekoa 10. Horrela, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 10 partaide baino gutxiagok izena eman badute.

Nolanahi ere, diruz lagunduko parte-hartzaileez gain, beste 2 parte-hartzaile sartzea onartuko da, parte-hartzaile kopuru horretarako egiaztagiria duten prestakuntza-zentroetan. Partaide gehigarri horiengatik ez da dirulaguntzarik jasoko.

11.– Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko eta praktikoa baino ez da diruz lagunduko. Ez da diruz lagunduko lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua.

4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza-ibilbideetan parte hartu ahal izango dute 16 eta 25 urte bitarteko langabetuek, baldin eta DBH egin ez badute eta, zenbait arrazoirengatik, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiriak egiteko aukerarik ez badute, betiere Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda badaude. Parte ahal izango dute, halaber, gazte langabeek, baldin eta beste enplegu-zerbitzu publikoren batean edo Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribatuta badaude.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-proiektuaren dirulaguntzaren zenbateko osoa hura osatzen duten prestakuntza-ibilbideen dirulaguntzaren zenbatekoak batuta aterako da.

2.– Prestakuntza-proiektuen finantzaketa parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko kostuaren araberakoa izango da, parte-hartzaile bakoitzeko 5,00 euro/orduko modulu ekonomikoari jarraikiz.

Parte-hartzaile bakoitzeko 5,00 euro/orduko modulu ekonomiko hau honako modulu hauez osaturik dago:

A modulua. Langileen kostu zuzenak. 3,67 €/ordu/parte-hartzaile.

B modulua. Funtzionamendu-gastuak. 0,88 €/ordu/parte-hartzaile.

C modulua. Zeharkako gastuak. 0,45 €/ordu/parte-hartzaile. Aurreko bi moduluen % 10 da.

Langileen zuzeneko kostuei dagokien modulu ekonomikoa 15 partaidez biderkatuko da beti.

Aurrekoarekin bat etorriz, prestakuntza-proiektuak zenbateko honekin onartuko dira:

Prestakuntza teorikoaren ordu kopurua * 15 partaide * 5,00 euros.

Horrela, honako hauek izango dira prestakuntza-proiektuko gehieneko zenbatekoak:

Sukaldaritza + Zerbitzua: 115.500 euro

Arotzeria + Altzarigintza: 118.500 euro

Elektrizitatea + Mekanizatua: 116.250 euro

Iturgintza +Elektrizitatea: 118.500 euro

Merkataritza + Administrazioa: 115.500 euro

Ibilgailuak: 110.250 euro

Elektrizitatea + Elektronika: 113.250 euro

Irudi Pertsonala (Estetika eta Ile-apainketa): 120.750 euro

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F).

2.– Ibilbide osoetarako eskabidea egingo da, I. eranskinean jasotako lurralde bakoitzeko ibilbide-zenbakia aukeratuta.

3.– Dirulaguntzaren eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

1) Oro har:

a) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Han, laguntza-eskaeraren xede diren prestakuntza-ekintzak egiteko behar diren giza baliabideak eta materialak dituela, edo dirulaguntza esleitu ondoren, prestakuntza-jarduera hasteko unean, horiek izateko konpromisoa hartu duela. Gainera, prestakuntza-ekintzak egiteko erakundeak dituen edo izango dituen instalazioak zehaztuko dira.

b) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

c) Laguntza zer prestakuntza-proiektutarako eskatzen den, honako hauek zehaztuta: bloke bakoitzaren edukiak eman edo garatzeko aurreikusitako daten egutegia, prestakuntza-ekintza bakoitzean erabiliko den metodologiari buruzko informazioa, etab.

2) Gainera, hala badagokio, balorazio-irizpideak egiaztatzeko:

a) 9.1 artikuluko C apartatuan aurreikusitako balorazio-irizpidea egiaztatzeko: ez da inolako dokumentaziorik aurkeztu beharko, Hezkuntza Sailak datu horiek jada eman dizkiolako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

b) 9.1 artikuluko E apartatuan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, sintesi-adierazlea eta enplegagarritasun-indizea egiaztatzen dituena, III. eta IV. eranskin gisa argitaratutako ereduen arabera, hurrenez hurren.

c) 9.1 artikuluko D.1 apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:

– Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina), prestakuntza-erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietarako. Kotizazio-kontuaren kode bakoitzak berari dagozkion datuak soilik jaso beharko ditu, eta ez dira datu guztiak kode bakar batean metatuko.

– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak). Kotizazio-kontuaren kode batean gainerako langileekin ez dauden administratzaileen datuak sartzeko, sarrera bat sortuko da erakundearen IFK zenbakiarekin (letra jaso gabe), eta administratzaile kopuruaren berri emango da, sexuaren arabera bereizita.

– Deialdira aurkezten diren kooperatibek, aldiz, beste horiez gainera, sozietatearen kotizazio-kontuaren kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina) aurkeztu beharko dute, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta emandako langile bazkide guztiena, edo, azken horiek Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emanda badaude, ziurtagiri bat, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.

d) 9.1 artikuluko D.2, D.3 eta D.4 apartatuetan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:

– Prestakuntza-erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietako lan-bizitzaren txostenak, administratzaileei dagozkienak barne, halakorik bada; eta, kooperatiba-sozietateen kasuan, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena emandako langile bazkide guztiena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina).

– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak).

– Deialdira aurkezten diren kooperatiba-sozietateek, langile bazkideak autonomoen araubidean izena emanda badaude, ziurtagiri bat aurkeztuko dute, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.

Nolanahi ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari eskatu ahal izango dio 9. artikuluko D.2, D.3 eta D.4 apartatuetan adierazitako formuletan zerrendatutako kontratu-kodeen kontratu-modalitatearen bidez kontratatutako pertsonei buruzko informazioa, betiere prestakuntza-erakundeak eskabidean horretarako baimena ematen badu. Edonola ere, erakundeko kooperatiba-kideei eta administratzaileei buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko du erakundeak, halakorik balego. Betiere erakundeak batez besteko plantillari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta, eskaera egiteko epean egin ezean, ezin izango dira D.1 eta D.2 irizpideak baloratu.

4.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egingo ez balu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

5.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-prozedura izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-proiektuak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak. Banaka baloratuko da ibilbide bakoitza.

3.– Eskabideak aztertzeko eta horien balorazioa egiteko batzorde bat osatuko da, izaera teknikokoa. Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzako Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduradunak eta Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko hiru teknikarik osatuko dute batzorde hori. Ebaluazio-batzorde horretako kideen osaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean (https://www.lanbide.euskadi.eus) eta EHAAn argitaratuko da.

4.– Eskabideek deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ebaluazio-batzordeak balioetsiko ditu 9. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz, eta behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behin-behinean onartzea zein baztertzea proposatutako ekintzak zehaztuta. Hori Lanbideren web-orrian (www.lanbide.euskadi.eus) argitaratuko da, eta 10 egun balioduneko epea emango da erakunde interesdunek, LAN-F aplikazio informatikoaren bidez, alegazioak egiteko edo eskabideari uko egiteko, behin behinean onartutako prestakuntza-ekintza guztiei edo batzuei dagokienez.

Behin-behineko ebazpenaren proposamenak ez du onuradun gisa proposatutako erakundeen aldeko inolako eskubiderik sortzen.

5.– Alegazioak aztertu ondoren, ebaluazio-batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hura baita ebazpena egiteko organo eskuduna.

6.– Ebazpen horretan, eman nahi diren dirulaguntzak jasoko dira, prestakuntza-ekintzen baloraziotik ondorioztatzen den lehentasun-hurrenkeran, eta dirulaguntzaren zenbatekoa, onartutako prestakuntza-ekintzak zein ukatutakoak eta ukatzeko arrazoiak ere zehaztuko dira. Ebazpenak prestakuntza-erakunde interesdunei jakinaraziko zaizkie Lanbideren web-orrian argitaratuz: www.lanbide.euskadi.eus

7.– Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa da, eskabideak aurkezteko epearen lehen egunetik hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

8.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpenean, zeinaren bidez dirulaguntzak ematen baitira, espresuki aipatuko da, hala badagokio, EGIFek finantzaketan parte hartzen duela, Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

10.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, espresuki adierazita jasotako zenbatekoak, eta aipatuta EGFren baterako finantzaketa, Gazte Enpleguko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

8. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Eskabideak aurkezteko eta akatsak 6. artikuluan ezarritako eran zuzentzeko epea amaitutakoan, prestakuntza-proiektuen balorazio teknikoa egingo da, eskabideak eta aurkeztutako ekintzak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera antolatzeko.

2.– Prestakuntza-proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, 5.2 artikuluan erreferentziatutako modulua erabiliko da.

3.– Deialdi hau finantzatzera bideratutako zuzkidura ekonomiko osoa ez bada aski prestakuntza-proiektu guztiak aurreko zenbakiari jarraikiz diruz laguntzeko, balorazio-fasean prestakuntza-ibilbideek lortu duten lehentasun-hurrenkerari jarraikiz emango dira dirulaguntzak.

9. artikulua.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

1.– Eskatutako prestakuntza-ibilbideak baloratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan (V. eranskinean zehaztuta daude):

Irizpide guztiak prestakuntza-erakundearen mailan aintzat hartzen dira, hau da, IFK bera duten prestakuntza-zentroen datuak batera aztertzen dira.

A) 2019-2020 ikasturtean honako hauek emateko itundutako erakundeak:

• Oinarrizko Lanbide Heziketa: 5 puntu.

• Erdi-mailako heziketa-zikloak: 5 puntu.

B) Hezkuntza Sailak Helduen Etengabeko Hezkuntzan (HEH) baimendutako unibertsitateaz kanpoko zentro pribatua edo publikoa izatea: 10 puntu.

C) 2019-2020 ikasturtean, Hezkuntza Sailarekin, Oinarrizko Lanbide Heziketa egiten duten ikasleak: gehienez 20 puntu.

D) Prestakuntza-erakundeen Gizarte Erantzukizuna. 20 puntu gehienez.

1) Enplegua sortzeko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra, enpresaren kotizazio-kontuetako kode guztietan alta emanda dauden langileen batez besteko plantilla baloratuko da.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.c) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

2) Enpleguaren kalitatearekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

D.1 atalean zehaztutako batez besteko langileetatik, 2019ko abenduaren 31n lanaldi osoan eta mugagabeko kontratuarekin diharduten pertsonen ehunekoa hartuko da aintzat.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:

Lan-kontratuaren kodea/gakoa duen pertsona kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / batez besteko plantilla (D.1).

3) Genero-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

2019ko plantillan, lan-kontratu mugagabearekin lanaldi osoan dauden emakumeen ehunekoa baloratuko da, lan-kontratu mugagabearekin lanaldi osoan dauden gizonezkoen kopuruarekin alderatuta.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:

Lan-kontratuaren kodea duen emakume kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / lan-kontratuaren kodea duten gizonen kopurua (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak).

4) Desgaitasuna duten pertsonentzako aukera-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

2019ko plantillan kontratu mugagabearen diharduten eta desgaitasunen bat duten pertsonen kopurua baloratuko da.

Irizpide hau aintzat hartu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluko 3.2.d) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:

Lan-kontratuaren kodea duten pertsonen kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (130+139+230+239+330+339 + aldi baterako kontratua ez duten bazkide kooperatibistak + aitortutako desgaitasunen bat duten administratzaileak).

E) 2017ko ekitaldian langabeentzako enplegurako lanbide-heziketari buruzko laguntzen deialdietako prestakuntzaren kalitatearen eta inpaktuaren adierazleak, 2017ko apirilaren 27ko Ebazpenaren bidez onartutako 2017ko ohiko deialdiaren arabera (lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzetarako dirulaguntzena –2017ko maiatzaren 2ko EHAA–). Gehieneko puntuazioa: 20 puntu.

Horren xedea da 2017ko ekitaldian enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena zuten Administrazioek onartu dituzten deialdietan, langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ematean lortu zuten kalitatea baloratzea, bai eta haien eragina ere, enplegagarritasunari eta laneratzeari dagokienez.

1) Sintesi-adierazlea: gehienez 10 puntu.

Aurrez aipatutako deialdietan emandako prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-erakunde batek lanbide-arlo bakoitzean lortutako asebetetze-tasen batezbestekoa, dirulaguntza eskatzen den espezialitate berberei dagokienez (I. eta II. eranskinetan jasotzen dira). Adierazitako deialdian prestakuntza-ibilbidearen barruan emandako lanbide-arloen batezbestekoa hartuko da aintzat.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiari dagokionez, adierazle hori bere datu-basetik ateratzen da, ofizioz. Ez dira aintzat hartuko kontratazio-konpromisoa duten prestakuntzako dirulaguntzen ildoei dagozkien emaitzak, ezta Proiektu Bereziei dagozkienak ere.

Beste administrazio publiko batzuen dirulaguntzen deialdiei dagokienez, erakunde eskatzaileak III. eranskinean aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Prestakuntza-erakunde jakin batek Lanbideren deialdian parte hartu ez badu eta beste administrazio publikoen egiaztagiria aurkezten ez badu, 4 puntu emango zaizkio.

Adierazle hori lortu ezin izanaren kausa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egozten bazaio, berriz, dagokion lanbide-arloaren adierazleen batezbestekoa hartuko da sintesi-adierazle gisara.

2) Enplegagarritasun-indizea: gehienez 10 puntu.

Deialdi horretan prestakuntza-ekintzak eman ezean, 8 puntu emango dira.

Kontuan hartu da 2017ko apirilaren 27ko Ebazpenaren bidez onartu zen 2017ko ohiko deialdian (2017ko maiatzaren 2ko EHAA), lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzentzako dirulaguntzei buruzkoan, lanbide-arloen prestakuntza-ekintzek lortutako enplegagarritasun-indizearen batezbestekoa. Hau da, ez dira kontuan hartuko kontratazio-konpromisoei eta proiektu bereziei buruzko ekintzak, dirulaguntza eskatutako ibilbide bakoitzean jasotako lanbide-arlo berei dagozkienak (I. eranskinean jasota daude).

Adierazitako deialdian parte hartu zuten erakundeek ez dute datua jakinarazi beharko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak jada baduelako. Horretan parte hartu ezean, IV. eranskinean jasotako ziurtagiria aurkeztuko dute.

F) 2017 eta 2018an, lanbide-arloko prestakuntza-emaile gisa izandako esperientzia, lehentasunez langile langabetuei eskainitako prestakuntzarako laguntzen administrazio publikoen deialdietan. Lerro arrunteko esperientzia baino ez da kontuan hartuko, eta ez, ordea, kontratazio-konpromisokoa edo proiektu berezi edo espezifikoei dagokiena. 20 puntu gehienez.

Bi lanbide-arlo dituzten ibilbideetan bi arloetako esperientziaren batezbestekoa kalkulatuko da.

2.– Berdinketa dagoenean, lehentasuna izango du E balorazio-irizpidean puntu gehien duen eskaerak. Berdinketa, halere, hautsi ezean, lehentasuna izango du D balorazio-irizpidean puntu gehien duenak. Eta C balorazio-irizpidean puntu gehien izatea izango da berdinketa hausteko azken irizpidea.

10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.

1.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko hautaketa bat egingo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ikastaroetan parte hartzeko hautagaien artean.

Hautagaiek honela parte hartu dezakete ikastaroan:

a) Ikastaroan parte hartzea eskatuz, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sareko bulegoren batean eskaera bat aurkeztuta, bai eskaera organismo autonomo honen webgunean beteta (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

b) Lanbiden inskribatuta dauden pertsonak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek ikastaroa egiteko agindu dienak haien prestakuntza-ibilbidearen barruan; edo/eta Gazte Bermearen Sistema Nazionalean inskribatuta daudenak, edo prestakuntza-aholkularitzaren bidez artatu diren pertsonak, beren prestakuntza-kontua dela-eta, eta identifikatuta dutenak prestakuntza-ekintzaren bat egin beharra, konpetentzia profesionala egiaztatzera bideratutako ibilbide bat osatzeko.

c) Lanbidek bertan izena emanda daudenak deitu ditzake profesionaltasun-ziurtagiri bat osatzeko faltan dituzten prestakuntza-moduluez osatutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.

d) Beste enplegu-zerbitzu publikoren batean inskribatuta dauden pertsonak.

2.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa erakunde onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen erakundeak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetara Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LAN-F). Erakundeak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.

Beharrezkoa den prestakuntza-ekintza guztietan, hautaproba bat ere egingo dute, erakundearen instalazioetan, Lanbideko teknikariekin aurrez adostuta, ekintza behar bezala aprobetxatzen dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aurretiazko ezagutza-maila erreala zehazteko. Proba hori LAN-F aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da.

3.– Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagirietan, lehentasuna izango dute emakumeek. Alde horretatik, ibilbide hauetan izango dute lehentasuna:

BIZKAIKO ESKAINTZA

2. Arotzeria + Altzarigintza.

3. Elektrizitatea + Mekanizatua.

4. Iturgintza + Elektrizitatea.

6. Ibilgailuak.

GIPUZKOAKO ESKAINTZA

2. Iturgintza + Elektrizitatea.

3. Elektrizitatea + elektronika.

4. Ibilgailuak.

ARABAKO ESKAINTZA

1. Elektrizitatea + Mekanizatua.

2. Ibilgailuak.

4.– Prestakuntza-modulu bat amaitzen denean plaza hutsak badaude, dela baten batek bertan behera utzi duelako, dela hasierako hautapenean plaza guztiak bete ez dituztelako, beste partaide batzuk sartu ahal izango dira, erreserba-zerrendatik edo hautaketa-prozesu berri batetik aterata.

5.– Hautaketa bukatu ondoren, erakunde onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LAN-F kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako emandako jarraibideak aintzat hartuz.

6.– Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-erakundeek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko baititu.

2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan eta enpresetara joateko bidean dituzten arriskuetarako, Eusko Jaurlaritzak sinatutako polizak istripuak eta erantzukizun zibila estaliko baititu.

3.– Klaseko lehen egunean ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharren dokumentua jasoko dute ikasleek, eta dokumentu hori sinatuko dute.

4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute eta haiei etekina atera beharko diete. Horretarako, erakunde onuradunek eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak zein parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Eguneroko partea bereizita egingo da prestakuntza-modulu bakoitzerako.

5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute ekintza amaitu baino lehen utzi, kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitzea eta hori eragozpen bada prestakuntza-ekintzara joan eta etekina ateratzeko; edo, bestela, egoera pertsonal edo familiar larrian egotea, behar bezala justifikatuz gero. Justifikaziorik gabeko beste arrazoi batzuengatik jarduera utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak: ekintzatik etekinik ez ateratzea, edo ekintza ondo garatzea eragozten duen jokabide desegokia izatea, bai eta osasun- eta higiene-egoeraren ikuspegitik eska daitezkeen arauak ez betetzea ere.

2.– Ikasleak baztertzeko prozedura hau izango da:

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertu ondoren, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baztertze-prozedura hasteko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, gehienez hamabost eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, baztertze-prozedurari ekiteko erabakian behin-behineko neurriak har daitezke prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea ikastarotik behin-behingoz baztertzea, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Ebazpenean adieraziko da zer errekurtso aurkez daitekeen.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko ditu prestakuntza-ibilbideetan jasotako prestakuntza-ekintzak. Erakunde autonomo honen prestakuntzarako informatika-aplikazioa (LANF) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasiko den eguna baino 7 egun lehenago gutxienez), bai eta gerora izan daitekeen edozein aldaketaren, prestakuntza-ekintzak bukatzearen eta parte-hartzaileen bertaratzea kontrolatzearen berri emateko ere. Oro har, aurkako jarraibiderik ematen ez bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egin beharreko jakinarazpenak zazpi egun naturaleko epean egin beharko zaizkio. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi, aldez aurretik Lanbidek ez badu LANF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu.

2.– Profesionaltasun-ziurtagiriak bereiz gauzatzen direnean, honako baldintza hauek bete beharko dira:

– Modulu bakoitza modu indibidualean egin eta justifikatuko da.

– Moduluak profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.

– Pertsona orori bermatu behar zaio modulu guztietan parte hartzea, prestakuntza-ibilbidea osori egin ahal izateko.

3.– Lanbidek egiaztatuta egon beharko dute deialdi honetan profesionaltasun-ziurtagiriko moduluetarako prestakuntza ematen duten prestatzaileek. Era berean, prestatzaileen fitxategian sartuta beharko dute, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzean ezarritako baldintzei jarraituz.

4.– Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, deialdiaren ebazpenaren ondorengo hamabost egunen barruan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzat bermatzen badira berdintasun-baldintzak. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipoak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.

5.– Gazte langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 8 ordu baino gehiagoz parte hartu. Nolanahi ere, asteko ordu kopurua ezin izango da 40 baino handiagoa. Muga horietan sartuko dira, hala dagokienean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagozkion lantokiko prestakuntza praktikoaren moduluko orduak.

6.– Prestakuntza-erakundeak ahaleginduko dira prestakuntza-ekintzak ordutegi zentzuzkoetan programatzen, batez ere kolektibo ahulentzako ekintzen kasuan, ikasleek prestakuntza eta bizitza pertsonala bateratzeko aukera izan dezaten.

Prestakuntza-ekintza hasitakoan, behar bezala emango da, eta ezingo da aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbidek aldez aurretik onartuta.

7.– Ikastaroen hasieran, erakunde onuradunek gutxienez honako hauek emango dizkiete prestakuntza-ekintzetan parte hartu behar duten guztiei:

– Espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatiko batean,

– Ikastaroa behar bezala garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta

– Behar diren babes-elementuak.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

8.– Ikasle batzuek jarduera bertan behera uzten badute, beste ikasle batzuk sartu ahalko dira prestakuntzara haien ordez. Ordezkapen hori lehen bost irakastegunetan bakarrik onartuko da, ibilbideko prestakuntza-modulu bakoitza hasten denetik aurrera zenbatzen hasita.

9.– Prestakuntza emateaz arduratzen diren erakunde onuradunek berehala jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenek horiei uko egiten badiete, horietara aurkezten ez badira edo ekintzak bertan behera uzten badituzte, horren zergatia adierazita.

10.– Tutoretza eta orientazio pertsonala.

Ikasleen tutoretza pertsonak behar duen hezkuntza integralera bideraturik egingo da.

Tutoretza-lanak partekatu beharko dituzte programaren irakasle guztiek. Irakasle-taldeak tutore-ekintzen plana osatuko du, gutxienez honako alderdi hauek jasota:

a) Ikasleen autoestimua indartzea.

b) Pertsona arteko harremanak eta gizarte-trebetasunak.

c) Harreman programatua familiarekin edo legezko tutoreekin.

d) Banakako eta taldekako ikaskuntza-prozesua gidatzea eta laguntzea.

e) Ikasleei lanbide-ibilbidea jarraitzeko orientabideak eta laguntza ematea prestakuntza-aldia amaitu ondoren, dela laneratzearen bidez, dela kualifikazio handiagoko mailetako prestakuntzaren bitartez.

Ikasle-taldeek tutoretzaz eta tutore-ekintzen plana gauzatzeko koordinazioaz arduratuko den irakasle bana izango dute gutxienez. Bloke bakoitzean, egiteko hori ikasturte horretan eskolak ematen dituen irakasleren baten esku egongo da eta, ahal dela, bi blokeetan pertsona bera izango da tutoretza-lanak egingo dituena.

Tutoreak eredu izan behar du ikaslearentzat, irakasle taldearentzat eta familientzat. Jarduteko orientazioa emango du, irakasle-taldearekin batera, ikasleek estrategia metodologiko eta antolaketa-estrategiak eskuratu eta ahalmen pertsonal eta profesional eta autoikaskuntza-gaitasun hobeak izan ditzaten.

Ikasleen premiak direla-eta hala behar bada, esku-hartze psikopedagogiko eta/edo hezkuntza eta gizarte-laneko adituek esku hartuko dute.

11.– Ikasleen ebaluazioa moduluka egingo da, ikasketaren emaitzak egiaztatzeko eta, horrenbestez, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatzeko.

Ebaluazioa ikasleen premietara eta bilakaerara egokituta egongo da, batez ere desgaitasunen bat dutenen kasuan; irisgarritasun-neurriak ezarriko dira, ebaluazio-proban parte hartzetik ez baztertzea bermatzeko.

Ebaluazioa sistematikoki garatuko da, aldez aurreko plangintza baten arabera, zeinean honako hauek adieraziko baitira, gutxienez, modulu bakoitzarentzat: ebaluazioa zer egunetan egitea kalkulatu den, zer tokitan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denbora iraungo duen. (LANF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu egingo dira eta aplikazio informatikoan gordeko dira.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien konpetentzietan eta ebaluazio-irizpideetan jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

Konpententzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte, gai kalifikazioarekin, unitate bakoitzari loturiko prestakuntza-moduluak.

Prestatzaileek dokumentu bidez islatuko dituzte txosten batean prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lorturiko emaitzak, eta bertan bilduko da, halaber, aplikaturiko ebaluazio-tresnetan ikasle bakoitzak izandako jarduna, egindako zuzenketekin eta haietan lorturiko puntuazioekin (LAN-F aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera).

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LAN-F informatika-aplikazioaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, ez egiaztagarria» edo «ez gai».

Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dute prestakuntza-zentroak eta enpresak hautaturiko tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LAN-F aplikazioaren bitartez.

Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria emango zaie parte-hartzaileei, eta dagokion profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da, hura osatu badute.

Ikasle batek ikastaroa amaitzen badu, baina ebaluazioa negatiboa bada, asistentzia-ziurtagiria emango zaio, eta, hala badagokio, gainditu dituen prestakuntza-moduluen Egiaztapen Partzial Metagarriak, edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.

Zentroak honako datu edo dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren LAN-F informatika-aplikazioaren bidez:

● Ikastaroa hasi aurreko 7 egun balioduneko epearen barruan:

– Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LAN-F informatika-aplikazioaren bitartez eskainiko da).

– Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, horiek zuzentzeko eta puntuatzeko dagozkien euskarriekin.

● Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun balioduneko epearen barruan:

– Ikasleen emaitzak biltzen dituen dokumentazioa LAN-F aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LAN-F informatika-aplikazioaren bitartez jarriko da eredu hori eskuragarri).

– Ebaluazio-aktak betetzea.

12.– Dirulaguntzen prestakuntza-erakunde onuradunek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezingo dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Alde horretatik, ez da azpikontrataziotzat hartuko dirulaguntza jaso duen prestakuntza-ekintza emateko irakasleak kontratatzea. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea soilik dela ulertzen da.

Betiere, 12. apartatuan aurreikusita ez dagoenari dagokionez, zuzenean aplikatu beharko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoa.

14. artikulua.– Lantokiko lanbide-praktiken modulua.

1.– Praktiken edukia bat etorriko da lantokiko prestakuntza-modulu praktikoarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen dituen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

2.– Prestakuntza-erakundeek lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasle guztientzat, salbu eta ikasleren bat urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak (Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen dituena) 5 bis artikuluan xedatzen dituen salbuesteko egoera batean badago.

3.– Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatu eta lau hilabeteko gehieneko epean hasi behar dira lanbide-praktikak. Epe hori 3.4 artikuluan adierazitakoak baldintzatuko du.

Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbidek baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahalko dute lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa, haien administrazio-egoera edozein izanda ere.

4.– Prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean praktikak hasi dituzten eta azken ebaluazioan emaitza negatiboa duten ikasleek praktikak egiten jarraitu ahalko dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari atxikitako lanez kanpoko lanbide-praktika amaitzea ekarriko du.

5.– Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-erakundearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, akordio horren berri eman beharko zaie enpresako langileen legezko ordezkariei. Baldintza hori bete dela egiaztatzeko, langileen legezko ordezkariek akordioari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko agiria erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LAN-F aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda bat ere erantsi beharko da.

6.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, hori eragozten duten eta behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean izan ezik. Hori Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baimendu behar du aldez aurretik.

7.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

8.– Lanbidek praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta hori lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin beharko da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahalko dira. Horregatik, zentroek sinatutako praktiketako hitzarmena formalizatu eta erantsi beharko dute LAN-F aplikaziora, gutxienez praktikak hasi baino 7 egun lehenago.

15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Zeregin hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez haratago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du. Horretarako, prestakuntza-ekintzak garatzen diren zentroa bisitatuko du eta idazki bidez jaso beharko du dirulaguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzeko beharra mantentzen dela (instalazioak, kide kopurua eta ekipamendua, baliabide didaktikoak, irakasleak...) edo, hala badagokio, zer-nolako irregulartasunak hauteman dituen, ongi zehaztuta, arazoak konpon ditzaten.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua ikastarora bi bisita egiten ahaleginduko da, gutxienez:

– Hasieran. Bisita honetan, ikastaroa emango duen zentroko baldintzak egiaztatuko ditu, ikastaroaren eta bere edukien eta garapenaren inguruko datu guztien berri emango die ikasleei, baita beren eskubide eta betebeharren berri ere, eta zalantza eta kontsulta guztiak artatuko ditu. Egiaztatuko du, orobat, Lanbideren finantzazioak ekarritako komunikazioak betetzen direla.

– Amaieran: zentroko baldintzak egiaztatuko ditu, ikasleei amaierako inkesta pasako die eta ikastaroaren balorazio orokorra eskatuko die. Ikasleei orientazioa emango die jasotako prestakuntzak ematen dizkien aukerei buruz eta une horretan dituzten prestakuntza-ibilbideei edo enplegu/prestakuntzako beste ekintza batzuei buruz, lan-merkatura errazago sar daitezen.

3.– Europar Batasuneko araudiak xedatzen duen moduan, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa duten prestakuntza-ekintzetan ikuskapen-bisitak egingo dira in situ, Europako funtsen parte-hartzetik eratorritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko.

4.– Prestakuntza ematen duen zentroak Lanbidera bidali beharko ditu, ikastaroaren lehenengo hilabetea bukatu baino lehen:

– Ikastaroaren funtzionamenduari buruzko txostena, homologazio-baldintzak eta ikastaroaren hasierako komunikazioan adierazitakoa betetzen direla egiaztatzen duena.

– Ikasleei aplikatutako kalitate-inkestak, ikasleek egindako oharrekin batera.

16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen kalitatearen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen babesean emandako prestakuntza-ekintza guztien kalitatea ebaluatuko du, ebaluazio-sistema misto bat baliatuz. Ebaluazio-sistema misto horrek bi iturritatik jasoko du informazioa:

A) Ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE). Galdetegi horiek ikasleek beteko dituzte, telematikoki.

B) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak prestakuntza-ekintzaren bukaeran egindako bisitaldian emandako puntuak, «Prestakuntza-zentro/erakundeak emandako prestakuntzaren ebaluazioa» eredu-agiriarekin bat etorrita.

Nolanahi ere, emandako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko, nahitaezkoa izango da sintesi-adierazle bat egitea, prestakuntza-erakundeak emandako ekintza bakoitzerako. Sintesi-adierazle hori aipatutako bi informazio-iturrietan lortutako emaitzetatik abiatuta aterako da, formula honi jarraikiz:

Sintesi-adierazlea = A x 0,6 + B x 0,4

A = ikasleek erantzundako galdetegietan lortutako batez besteko puntuazioa, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituenak, ezarritako moduan.

B = Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak LAN-F aplikazioan eskuragarri egongo den ereduaren arabera emandako guztizko puntuazioa.

Hala eta guztiz ere, beste informazio-iturri batzuk ere aintzat hartu ahalko dira, behar badira; adibidez, prestakuntza-zentroei edo -erakundeei edo kanpo-erakundeei agindutako kalitatea ebaluatzeko ekintzetan lortutako emaitzak.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntza hiru zatitan ordainduko da prestakuntza-ibilbide bakoitzeko, era honetan:

a) Lehen ordainketa, 2020ko aurrekontuaren kontura, lehen prestakuntza-blokeari dagokion % 50, lehen prestakuntza-ekintza hasitakoan.

Aurreratutako ordainketa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da aldez aurretik, aurreratzen den zenbatekoari dagokion bermea abala edo finantza EAEko Diruzaintza Nagusian aurkeztu izana egiaztatzen duena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarriko du abal-eredua.

b) Bigarren ordainketa, 2021eko aurrekontuaren kontura, lehen blokearen dirulaguntzaren likidazioaren zenbatekoa gehi bigarren blokeari emandako dirulaguntzaren % 50, lehen blokea 3.9 artikuluan aurreikusitako epeen barruan likidatutakoan, eta 18. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz justifikatuta.

Aurreratutako ordainketa 180.303,63 eurotik gorakoa bada, ziurtagiri bat aurkeztu beharko da aldez aurretik, aurreratzen den zenbatekoari dagokion bermea abala edo finantza EAEko Diruzaintza Nagusian aurkeztu izana egiaztatzen duena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eskura jarriko du abal-eredua.

c) Hirugarren ordainketa, 2022ko aurrekontuaren kontura, bigarren blokea amaitu eta likidatu ondoren, dagokion dirulaguntzaren gainerakoagatik, bigarren blokeko prestakuntza-ekintza guztiak 3.9 artikuluan aurreikusitako epeen barruan amaitu ondoren eta 18. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz justifikatuta.

2.– Ordainketak egin aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak beteta daudela.

Erakunde onuradunak baimena ukatzen badu egiaztapen hori egiteko, baldintza hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Laguntzen likidazioa, prestakuntza-ekintzetan parte hartu duten gazteen eta benetan egin dituzten eskola-orduen arabera egingo da, ezarritako modulu ekonomikoen arabera. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epeen barruan dagokien lantokian prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza, ikasle horiek ziurtagiriko gainerako prestakuntza-moduluak gainditu arren. Dagozkien praktikak gainditu ez dituzten ikasleen ehunekoa % 70tik gorakoa den prestakuntza-ekintzei dagokienez ez da zenbatekorik ordainduko.

3.– Likidazioa honela kalkulatuko da:

– A modulua 15 ikaslerekin biderkatuko da –prestakuntza egiten hasi ziren ikasleen kopurua 3.10 artikuluan ezarritako gutxieneko eta gehieneko mugen artean badago– eta emandako prestakuntza-orduekin ere biderkatuko da.

– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B modulua bider ekintzak dituen ordu-kopurua egitean ateratako zenbatekoa, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan; eta B modulua bider prestakuntza-ekintzan parte hartu dutenen ordu kopuru erreala egitean ateratako zenbatekoa, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle kopuru batentzat onartutakoa da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.

– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuei dagokiena.

4.– Dirulaguntza jasotzen duen erakundeak prestakuntza-ekintza egin dela justifikatzeko dokumentazio hau aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LAN-F aplikazio telematikoaren bitartez, ekintza amaitu eta 15 eguneko epean:

– Erakunde onuradunaren ziurtagiria, laburpen-koadro batekin. Horretan jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetako 1. puntuan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.

– Ikasleek sinatutako bertaratze-orriak, egotzitako orduen frogagiri gisa.

Ezarritako epeetan dagozkion agiriak aurkezten ez baditu, eskumeneko organoak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.

1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, oro har Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere.

2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak. Halaber, erakunde horiei aukera emango diete lokal eta instalazioetara sartzeko eta parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.

Europako Gizarte Funtsak finantzatzen lagundutako prestakuntza-ekintzek Europar Batasuneko araudiaren ondorioz Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.

3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

– Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zein baldintzatan gauzatu diren aztertzeko.

5.– Era berean, diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, kontabilitate-identifikazio bereizgarri bat edo kontabilitate-kode egoki bat baliatuta.

6.– Erakunde onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko dute, dirulaguntza onartzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren erakunde onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

20. artikulua.– Lanbideren finantzaziotik eratorritako komunikazio-betebeharrak.

1.– Lanbideren finantzazioa jasotzen duten prestakuntza-ekintzen garapenari dagokionez, erakundeek berariaz aipatu beharko dute sortutako material didaktiko eta bestelakoetan Lanbideren eta Europako Gizarte Funtsaren finantzazioa/kofinantzazioa jaso izana, bai eta diruz lagundutako ekintzekin lotutako komunikazio, hedapen eta iragarki guztietan ere.

Halaber, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluaren 2. apartatuak arautzen duen zerrenda publikoan.

2.– Diruz lagundutako jarduketa guztiek bete beharko dituzte, bai eta horietatik eratorritako ekintzek ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan ezarritako eskakizunak. Eskuliburu hori LAN-F aplikazioaren bidez jarriko da erakunde onuradunen esku.

3.– Betebehar horiek betetzen ez badira, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen dituena) 31.artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Era berean, ez-betetzeak dirulaguntza itzultzea ekarri ahalko du, deialdi honen 23. artikuluan xedatzen denaren arabera.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren aldaketa.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzak aldatzeagatik bidegabeki jasotako zenbatekoak itzuli behar badira, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira xede bererako emandako beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, finantzaketa-iturri desberdinetatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

23. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da eskatu, eta, hala badagokio, jasotako zenbateko osoak edo haien zati bat itzuli beharko dira, eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera ezar daitezkeen berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan adierazitako kasuetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53.1 artikuluan jasotako egoeretan. Eta, bereziki, honako hauetan:

a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.

2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Ez-betetze erabatekoa: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da. Era berean, osorik bete ez dela ulertuko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 35 lortzen ez badu, eta horiek honela neurtuko dira: prestakuntzaren ordu kopuruaren adierazlea bider ikasle parte-hartzaileak.

b) Ez-betetze partziala: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean ez betetzeak emandako dirulaguntza aldatzea edo hein batean itzultzea ekarriko du. Aurreko lerrokadan aipatutako adierazlea % 35 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza 18. artikuluan aurreikusitako baldintzetan ordainduko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntza jaso duen erakundeari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko aldia izango da.

Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

24. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (Erregelamendua, 2016/679 (EB)) eta Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera jokatuko du. Biltzen dituen datu pertsonalak «Enpleguko eta enplegurako prestakuntzako dirulaguntzak» tratamendu-jardueran erabiliko dira. Horren ardura du Lanbidek, Lanbideren eskumeneko enplegu-politika aktiboei loturiko dirulaguntzak kudeatzeko eta kontrolatzeko, iruzurra jazartzeko eta estatistikak egiteko helburuekin. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horren eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, datuen aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari idatzizko jakinarazpen bat bidalita: Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz.

Datuen babesari buruzko informazio gehiago hemen: http://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/

25. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

1.– Dirulaguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).

2.– Aplikagarria izango da, halaber, irailaren 9ko 30/15 Legea, enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena lan arloan. 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, lan-arloan enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena, eta TMS/368/2019 Agindua, martxoaren 28koa, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duen uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzekoa.

3.– Dirulaguntzek, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa dutenez, bete egin beharko dituzte Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1303/2013 Erregelamendua (EB), eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1304/2013 Erregelamendua (EB), Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzekoa.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala