Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

127. zk., 2020ko ekainaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2556

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 24koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Horren bidez, langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia argitaratzen da, 2020-2022 urteetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2020ko ekainaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia onartu du, 2020-2022 urteetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Langabeei zuzendutako 2020-2022 aldirako prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu du, 2020ko ekainaren 23an hartutako Erabakiaren bidez, eta Ebazpen honen eranskin gisara jaso da.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 24a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
LANGABEENTZAKO PRESTAKUNTZA-EKINTZEN ESKAINTZA FINANTZATZEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA ARAUTZEN DUEN MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAREN ESPARRUAN

Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen baitu, 2. artikuluan ezartzen du Enplegurako Lanbide Heziketa Lanbide Heziketaren sistemetako bat dela, eta tresnak eta ekintzak dituela enpresen artean eta langileen artean (langabe nahiz landun) prestakuntza bultzatzeko eta zabaltzeko, lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.

Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan, zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baitira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari izendatzen zaio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-heziketa, Lanbide Heziketaren eta Etengabeko Ikaskuntzaren arloarekin koordinatuta, horren ardura baita lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta jarraibideak prestatzea, Lanbide–Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, dauzkan erantzukizunei dagokienez.

Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari (Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago) dagokio, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horren barruan dago dirulaguntzetarako deialdiak onartzea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan. Enplegurako lanbide-heziketaren ekimen nagusietako bat langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintza da.

Enplegurako lanbide-heziketa funtsezko tresna da lan-merkatuan laneratzen eta langileen enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko. Testuinguru horretan, erabaki honek arautzen duen finantzaketa duten prestakuntza-ekintzen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeek prestakuntza-eskaintza zabala dute eskura haien enplegagarritasuna modu eraginkorrean hobetzen laguntzeko; gainera, jasotako prestakuntza egiaztagarria izango da, eta lortutako konpetentziak Konpetentziaren Erregistroan erregistratuko dira.

Aurreko deialdiari dagokionez, oraingo deialdian zenbait berrikuntza sartu dira, prestakuntza-eskaintza langabeen kolektiboen beharretara egokitzeko eta lan-merkatuak gehien eskatzen dituen espezialitateen programazioa errazteko. Horretarako, malgutasun-elementu bat sartzen da prestakuntza-planean, lanbide-arlo beraren barruan prestakuntza-espezialitateak aldatzeko aukera ematen baitu, horrela, langabeek gehien eskatzen dituzten ekintzak eskaintzeko eta prestakuntza-eskaintza maximizatzeko. Aurreko programazioan (2018-2020), zailtasunak egon dira prestakuntza-ekintza batzuk hasi ahal izateko, bai saturazioagatik, bai ikasleek interes gutxi izan dutelako. Horregatik, lanbide-arlo baten esparruan espezialitate-aldaketa bat egiteko gutxieneko malgutasun hori beharrezkoa da.

Halaber, elementu berri bat gehitu da, euren prestakuntza-kontuan prestakuntza-aholkularitza egin duten ikasleak sartzeko, horrela, bizialdi osoko ikaskuntza errazteko, prestakuntza-ibilbide koherente bat garatuz.

Langabeen enplegagarritasunean eragin handiagoa izango duten lehentasunezko espezialitateak identifikatzeko ahalegina egiten jarraitzen da. Era berean, ahalegina egin da deialdiaren kudeaketa ahal den neurrian sinplifikatzeko eta prestakuntza-ekintzei lotuta dauden eta lanekoak ez diren praktikak ezarritako aldien barruan egiteko eskakizuna indartzeko. Halaber, kostu sinplifikatuen eskema berari eusten zaio, eta eguneratu egin da modulu ekonomikoen zenbatekoa, 2018ko eta 2019ko KPIarekin eta 2020rako zenbatespenarekin.

COVID-19ak eragindako krisiaren ondoriozko nahasmendu ekonomiko eta sozial masiboak EAEko biztanleria aktiboari eta enpresa gehienei eragiten die, eta aurrerantzean ere eragingo die epe labur eta ertainean. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bere eskumenen barruan, enplegua, enpresak eta jarduera ekonomikoa leheneratzen lagundu nahi du.

Hori dela-eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2020ko ekainaren 23ko bilkuran, onartu egin du langabeei zuzendutako 2020-2022ko prestakuntza-eskaintza finantzatzeko dirulaguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, honako baldintza hauekin:

1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.

1.– Urte anitzeko deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintza osatzen duten prestakuntza-planak finantzatzeko laguntzak arautzea –2020ko ekitaldian eman beharrekoak–. Prestakuntza-plan horiek 2020tik 2022ra bitarteko ekitaldietan egin beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.

2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren baliabide ekonomikoak 65.993.400 euro dira; horietatik 15.998.400 euro 2020ko ordainketa-kredituari dagozkio; 33.996.600 euro 2021eko konpromiso-kredituari; eta 15.998.400 euro 2022ko konpromiso-kredituari.

3.– Prestakuntza-planak finantzatzeko aurrekontu-kreditua I. eranskinean aurreikusitako moduan banatuko da, irizpide hauen arabera definitutako dirulaguntza-lerroen arabera:

– Prestakuntza horretara bideratutako kreditua lurralde historikoka banatzen da, eta, lurralde bakoitzean, prestakuntza-motaren arabera: egiaztagarria edo egiaztaezina.

– Prestakuntza egiaztagarrirako kreditua lanbide-arloen arabera eta lanbide-arloen taldeen arabera banatzen da, eta, horietako bakoitzean, kualifikazio-mailen arabera: 1, 2 eta 3.

– Prestakuntza egiaztaezina finantzatzera bideratutako kreditua banatzen da prestakuntza kualifikatzailea eta ez-kualifikatzailea finantzatzeko, eta azken hori banatzen da, batetik, gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntza-ekintzetarako, eta, bestetik, zeharkako prestakuntza-ekintzetarako eta funtsezko konpetentzietarako.

Dirulaguntza-lerroen araberako banaketa hori aldatu ahal izango da aurrekontu-kreditua agortzeko, 8. artikuluan dirulaguntzak adjudikatzeko aurreikusitako baldintzen arabera.

4.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatuta egon daitezke osorik edo zati batean, programa hauen esparruan:

a) EAEko EGIF Programa Operatiboa, 2014-2020 eta/edo 2021-2027.

b) Gazte Enpleguko Programa Operatiboa 2014-2020.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan jasotako dirulaguntzen onuradun izan ahalko dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mendekoak ez diren prestakuntza-erakunde publikoak edo pribatuak, betiere deialdi hau argitaratu baino lehenago egiaztatuta edo izena emanda badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako prestakuntza-erakundeen erregistroan, enplegurako prestakuntzako erakundeen beste edozein erregistro autonomikotan edo Estatuko Prestakuntza Erakundeen Erregistroan, dirulaguntza eskatzen den prestakuntza-planetan jasota dauden prestakuntza-ekintzei dagozkien prestakuntza-espezialitateak emateko.

2.– Dirulaguntza eskuratzeko, prestakuntza-erakundeek dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-planak egiteko giza baliabideak eta materialak izan beharko dituzte, edo konpromisoa hartu beharko dute dirulaguntzaren adjudikazioaren ondoren horiek izango dituztela, prestakuntza-jarduerak hasten direnerako. Prestakuntza-jarduera gauzatzeko azpikontratatzea debekatuta dago. Ondorio horietarako, ez da azpikontrataziotzat jotzen prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea.

Instalazio eta baliabide horiek entitatearenak edo hirugarren entitate pribatu edo publikoen titulartasunekoak izan ahalko dira, eta, eskabidean aipatzen diren prestakuntza-ekintzak programatuta dauden lurralde historikoan izan beharko dituzte eskura baliabide horiek.

Informazio hori egiaztatuko da eskabidearekin batera doan erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpenarekin. Edonola ere, erakunde eskatzaileak adierazpen horretan jasotako datuak egiaztatzeko dokumentazioa prest izan beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarentzat.

3.– Ezingo dira izan onuradunak honako egoera hauetako batean diren erakundeak:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean ez izatea.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen. Hala ere, eskatzaileak berariaz aurka egin diezaioke egiaztatze horri, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez edukitzea.

c) Eskatzaileak zigor- edo administrazio-zehapenen bat izatea, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik gabe uzten duenik, edo horretarako ezgaitzen duen lege debekuren bat izatea, honako hauengatik gertatutakoak barnean direla:

– Sexu-bazterkeriagatik zigorren bat jaso izana, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoak, edo martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrerakoak, ezarritakoaren arabera.

– Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onarturiko Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginak 46.1.b) eta 46.bis.1.b) artikuluetan xedatutako zehapen osagarri batek hala ezartzen badu.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan xedatzen diren gainerako egoeraren batean egotea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 3. apartatu honetan aurreikusitako betekizunak egiaztatzen ez baditu, eskabide-inprimakiaren parte den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira.

3. artikulua.– Diruz lagun daitekeen prestakuntza- eta jarduera-plana.

1.– Prestakuntza-plana da parte hartzen duten langabeen kualifikazio-premiei erantzuteko prestakuntza-ekintzen multzoa, haien enplegagarritasuna handitzeko.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira II. eranskineko A.1.b.2 apartatuan jasotako espezialitateei buruzko prestakuntza-ekintzak jasotzen dituzten prestakuntza-planak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak https://www.lanbide.euskadi.eus webgunean argitaratutako «Prestakuntza-beharren diagnostikoa 2020» ataleko espezialitate programagarriei dagozkienak.

3.– Prestakuntza-ekintza programagarriak honela sailkatzen dira:

a) Prestakuntza egiaztagarria: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotutako ekintzak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutakoak, ibilbide osoen arabera –espezialitatearen ordu guztiengatik egiten dutenean– edo prestakuntza-moduluen arabera programatu daitezkeenak. 1., 2. edo 3. kualifikazio-mailakoak izan daitezke.

b) Prestakuntza egiaztaezina: prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasota dauden eta eskuratutako konpetentziak egiaztatzeko biderik ematen ez duten prestakuntza-ekintzak dira. Bi motatakoak izan daiteke:

b.1.– Ez-kualifikatzaileak; honela azpibanatuta daude:

b.1.1.– Gizarteratzeko eta laneratzeko konpetentziak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak, bazterkeria-arrisku larrian dauden kolektiboentzat. Ekintza horiei esker, konplexutasun handiagoko beste prestakuntza-prozesu batzuei arrakasta-bermearekin ekiteko beharrezkoak diren jarrerak, gaitasunak eta oinarrizko ezagutzak hobetu ahal izango dira, eta enplegagarritasuna eta lan-merkatuarekiko posizionamendua nabarmen handituko dira. Proiektu integral okupazionalen garapenean oinarrituta dauden metodologia aktiboetan sartzen da ekintza horiek ematea. Deialdi honen ondorioetarako, 0 mailako prestakuntza-ekintzatzat hartuko dira, eta egiaztaezinak izango dira.

Apartatu honetan aipatzen diren ekintzak irabazi-asmorik gabeko prestakuntza-erakundeek emango dituzte, baldin eta beren helburu sozialen edo fundazio-helburuen artean gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonak laneratzea badago. Ondorio horietarako, irabazirik ez dutela ulertuko da eraketa-eskrituretan edo estatutuetan aurreikusten badute ekitaldi bakoitzean gerta litezkeen irabaziak edo soberakinak aplikatu beharko zaizkiola erakundearen xede den helburu sozialari edo ekoizpen-egiturak eta/edo gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko egiturak hobetu edo zabaltzeari.

b.1.2.– Funtsezko konpetentziak eta zeharkakoak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak, maila altuagoko beste ekintza batzuetan parte hartzeko eta/edo enplegagarritasuna hobetzeko. Honako hauek dira:

– Zeharkakoak: horien helburua izango da zeharkako ezagutza-esparruekin lotutako konpetentziak eskuratzea; arlo hauetan, hain zuzen ere: hizkuntzak, osasuna eta lan-arriskuak, ingurumena, kalitatea, ekintzailetza, ofimatika eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak –eten digitala murrizten laguntzeko–, edota enplegu-eskatzaileentzat esanguratsua den beste edozein. Prestakuntza-ekintza horiek prestakuntza-ekintza egiaztaezinak izango dira.

– Funtsezko konpetentziak: ekintza egiaztaezinen tipologia honen xedea izango da ezagutza instrumentalak eskuratzea, titulazio akademikorik edo profesionaltasun-ziurtagirirako prestakuntza-betekizunik ez duten pertsonek aukera izan dezaten profesionaltasun-ziurtagiri bat –edo horren moduluak– probetxuz egiteko. Ekintza horiek bi motatakoak izango dira: 2. kualifikazio-mailako prestakuntza egiaztagarrira sartzekoak edo 3. kualifikazio-mailako prestakuntza egiaztagarrira sartzekoak.

b.2.– Prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak: Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalari lotuta ez dauden prestakuntza-ekintza kualifikatzaileak dira. Ekintza horiek honako behar hauei erantzutera eta/edo aurrea hartzera zuzenduta daude: produkzio-sistemaren kualifikazio-beharrak –bereziki sektore berritzaileenak eta/edo enplegu-aurreikuspen onenak dituztenak garatzera bideratutakoak– edo erregulazio espezifikoak dituzten produkzio-sektoreekin lotutako beharrak (lanbide-txartelak).

4.– Prestakuntza emateko modalitatea.

Prestakuntza-ekintzak aurrez aurreko modalitatean eman beharko dira.

Aurrez aurreko prestakuntzatzat jotzen da ikasgela batean irakasleek ikasle talde bati ezaguera berak eta aldi berean transmititzen dizkietenean, edozein motatako baliabide didaktikoak erabilita.

5.– Prestakuntza-planak dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 2022ko urriaren 14ra bitartean gauzatu beharko dira (lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua edo lanekoak ez diren praktikak barnean direla, hala badagokio).

Prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzetako bat, gutxienez, 2020ko ekitaldian hasi beharko da, eta, gehienez ere, dirulaguntza emateko behin betiko ebazpena jakinarazi eta hurrengo bi hilabeteko epean. Planak prestakuntza-ekintza egiaztagarriak baditu eta 2020an ekintza bakar bat hasten bada, haietako bat izan beharko da lehen ekintza hori.

Edonola ere, prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintzen ehuneko hirurogeita hamar 2021eko abenduaren 31 baino lehen hasi behar da.

6.– Prestakuntza-ekintzak onartzean, diruz lagundu beharreko gehieneko partaide kopurua 20 izango da, eta gutxienekoa 10. Horrela, prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi 10 partaide baino gutxiagok izena eman badute.

Hala eta guztiz ere, honako hauek onartuko dira:

a) Diruz lagunduko parte-hartzaileez gain, 2 pertsona gehitzea prestakuntza-ekintzetara, parte-hartzaile kopuru horretarako egiaztagiria edo inskripzioa duten prestakuntza-zentroetan. Partaide gehigarri horiek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

b) Salbuespen bezala eta Lanbidek aldez aurretik baimena emanda, parte-hartzaile kopurua murriztu ahal izango da laneratzeko eta gizarteratzeko arazo nabarmenak dituzten kolektiboei zuzendutako prestakuntza-ekintzetan edo kalitatea bermatzeko parte-hartzaile kopuru txikia beharrezkoa dela egiaztatzen den prestakuntza-ekintzetan; horrela, gutxienez 8 parte-hartzailerekin hasi ahalko dira ekintzak.

7.– Prestakuntza-ekintzaren alde teoriko eta praktikoa baino ez da diruz lagunduko. Ez dira diruz lagunduko lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eta lanekoak ez diren enpresa-praktikak, gainerako espezialitateetan.

8.– Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoaren% 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek bertan jarraitu beharko du (onartzen diren bi parte-hartzaile gehigarriak kontuan hartu gabe). Ehuneko txikiagoak jarraitzen badu, ekintzak aurrera jarraitu beharko du, eta amaitzean likidatu beharko da, deialdi honen 18. artikuluan adierazitakoaren arabera. Ondorio horietarako, prestakuntza hasi duten parte-hartzaileen kopurutzat hartuko da prestakuntza-ekintzaren lehen egunean prestakuntza hasi zuten pertsona guztien kopurua.

4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.

Deialdi honen babespean diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan parte hartu ahal izango dute, lehentasunez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeek edo Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian izena emanda daudenek. Era berean, beste autonomia-erkidego bateko enplegu-zerbitzu publikoan izena emanda dauden langabeek ere parte hartu ahal izango dute.

Halaber, eta lehentasunik gabe, landunek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintza horietan, baina inola ere ezingo dute gainditu prestakuntza-ekintza bakoitzean programatutako parte-hartzaile guztien ehuneko 30. Horretarako, ekintzetan parte hartzen duten pertsonak langabetzat edo landuntzat hartzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan.

Ondorio horietarako, langabeen taldean sartuko dira honako hauek: lanaldi partzialeko kontratu batekin ari diren langileak, baldin eta euren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada –konparagarriak izan behar dute–.

5. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1.– Prestakuntza-planaren dirulaguntzaren zenbateko osoa plana osatzen duten prestakuntza-ekintza bakoitzaren dirulaguntzaren zenbatekoaren batura izango da.

2.– Prestakuntza-ekintza bakoitza parte-hartzaileko eta prestakuntza-orduko kostuaren arabera finantzatuko da, deialdi honen II. eranskinean aurreikusitako modulu ekonomikoen arabera.

Modulu ekonomiko bakoitzak hiru ditu: horietako bi zuzeneko kostuei dagozkienak –langileak (A) eta funtzionamendua (B)– eta hirugarrena zeharkako kostuei (C) dagokiena –kostu zuzenei dagozkien moduluen baturari % 10eko ehunekoa aplikatuz kalkulatua.

Azkenean aplikatu beharreko modulu ekonomikoek, ezin izango dituzte gainditu, inola ere, uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 28ko TMS/368/2019 Aginduan aurreikusitakoak. Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera zuzenduta dauden prestakuntza-ekintzen kasuan, gehieneko muga urriaren 10eko ESS/1897/2013 Aginduan jasotakoa da (horren bidez garatzen da 34/2008 Errege Dekretua, urtarrilaren 18koa, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena). Ondorioz, aplikatu beharreko azken modulua osatzen duten hiru moduluen batura handiagoa balitz aipatutako araudietan aurreikusitakoak baino –edo, hala badagokio, horien ordez ezartzen diren eta deialdi hau argitaratzen denean indarrean dauden araudietan aurreikusitakoak–, azken horiek aplikatuko dira.

3.– Ekintzak osorik edo partzialki finantzatuko dira, irakatsi beharreko espezialitatearen modulu ekonomikoa osorik estaltzeko falta den zenbatekoan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin batera finantzatzen direnean, baterako finantzaketa hori nahikoa bermatuta badago.

4.– Programatu beharreko prestakuntza-ekintzak jasoko dituen prestakuntza-plan bakar baterako eskatu ahal izango dute dirulaguntza prestakuntza-erakundeek. Nolanahi ere, prestakuntza-erakunde bakoitzeko eman beharreko dirulaguntza-muga hauek aplikatuko dira:

4.1.– Muga globala.

Erakunde onuradunek ezin izango dute 2.000.000 euro baino gehiago jaso prestakuntza-planagatik lurralde historiko bakar batean jarduten dutenean, eta 4.000.000 euro baino gehiago lurralde historiko batean baino gehiagotan jarduten dutenean.

Erakundeak lurralde batean baino gehiagotan jarduten duela ulertzeko, lurralde bakoitzean eman beharreko dirulaguntzak guztizko dirulaguntzaren % 20 izan beharko du gutxienez.

4.2.– Parte hartzen duen dirulaguntza-lerroen araberako muga.

Prestakuntza-plan bakoitzeko, jarraian aurreikusitako dirulaguntza-mugak aplikatuko dira, erakunde eskatzaileak parte hartzen duen dirulaguntza-lerroen kopuruaren arabera.

Ondorio horietarako, ulertuko da prestakuntza egiaztagarrirako dirulaguntza-lerroak arlo edo arlo-talde bakoitzeko (I. eranskinaren arabera) eta lurralde historiko bakoitzeko bat direla, mailen araberako banaketa kontuan hartu gabe. Beraz, I. eranskinean jasotako 117 dirulaguntza-lerroak 45 izatera murriztuko dira: 15 prestakuntza-lerro hiru lurralde historikoetako bakoitzeko (12 prestakuntza egiaztagarrikoak, 1 prestakuntza egiaztaezin kualifikatzailekoa eta 2 prestakuntza egiaztaezin ez-kualifikatzailekoak).

(Ikus .PDF)

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak, zeinak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiari bidaliko baitzaizkio, elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LanF).

Aplikazio horretara sarbiderik ez duten erakundeek edo enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: www.lanbide.euskadi.eus

2.– Prestakuntza-plana egiteko dirulaguntzaren eskabidean, bereizita zehaztuko dira eman beharreko prestakuntza-ekintzak.

3.– Dirulaguntzaren eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

3.1.– Oro har, dirulaguntzaren xede den prestakuntza-plana, eman beharreko prestakuntza-ekintzak bereizita.

3.2.– Gainera, hala badagokio, balorazio-irizpideak egiaztatzeko:

a) 9. artikuluaren B.1 apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, sintesi-adierazlea egiaztatzen duena, Lanbideren deialdietan kalkulatzen den bezala, IV. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera, zeina LanF aplikaziotik ere atera baitaiteke.

b) 9. artikuluaren B.2 apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, enplegagarritasun-indizea egiaztatzen duena, Lanbideren deialdietan kalkulatzen den bezala, V. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera, zeina LanF aplikaziotik ere atera baitaiteke.

c) 9. artikuluaren B.3 eta B.4 apartatuetan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko: artikulu horretan aipatzen diren aitorpen edo akreditazio ofizialen kopia.

Ez dira aurkeztu beharko, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako prestakuntza-erakundearen datuetan jasota badaude, eta hala adierazten bada eskabidean.

d) 9. artikuluaren C.3.1 apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, prestakuntza jaso duten pertsonen kopurua egiaztatzen duena, VI. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera, zeina LanF aplikaziotik ere atera baitaiteke.

e) 9. artikuluaren C.3.2 apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako deialdiak aipatzen direnean: enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen eta deialdia kudeatzen duen administrazio publikoaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, prestakuntza jaso duten pertsonen kopurua egiaztatzen duena, VII. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera, zeina LanF aplikaziotik ere atera baitaiteke.

f) 9. artikuluaren C.5 apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko: gizarteratze- eta laneratze-arloan dirulaguntza eman duen administrazio publikoaren ziurtagiria, VIII. eranskinean argitaratutako ereduaren arabera, zeina LanF aplikaziotik ere atera baitaiteke.

g) 9. artikuluko D.1 apartatuan xedatutako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:

– Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina), prestakuntza-erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietarako. Kotizazio-kontuaren kode bakoitzak berari dagozkion datuak soilik jaso beharko ditu, eta ez dira datu guztiak kode bakar batean metatuko.

– Merkataritza-sozietateek, horrez gainera, administratzaileen kotizazio-kontuen kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko dute, halakorik badute, edota administratzaile guztien lan-bizitzen txostenak (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak eginak). Kotizazio-kontuaren kode batean gainerako langileekin ez dauden administratzaileen datuak sartzeko, sarrera bat sortuko da erakundearen IFK zenbakiarekin (letra jaso gabe), eta administratzaile kopuruaren berri emango da, sexuaren arabera bereizita.

– Deialdira aurkezten diren kooperatibek, aldiz, beste horiez gainera, sozietatearen kotizazio-kontuaren kodeari dagokion lan-bizitzaren txostena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina) aurkeztu beharko dute, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean alta emandako langile bazkide guztiena, edo, azken horiek Langile Autonomoen Araubide Berezian izena emanda badaude, ziurtagiri bat, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.

h) 9. artikuluko D.2, D.3 eta D.4 apartatuetan xedatutako balorazio-irizpideak egiaztatzeko, berriz, txosten hauek aurkeztu beharko dira:

– Prestakuntza-erakundeak dituen kotizazio-kontuen kode guztietako lan-bizitzaren txostenak, administratzaileei dagozkienak barne, halakorik bada; eta, kooperatiba-sozietateen kasuan, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean izena emandako langile bazkide guztiena (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak egina).

– Gainera, merkataritza-sozietateek, beharrezkoa izanez gero, administratzaile bakoitzaren lan-bizitzari buruzko txostenak (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandakoak).

– Deialdira aurkezten diren kooperatiba-sozietateek, langile bazkideak autonomoen araubidean izena emanda badaude, ziurtagiri bat aurkeztuko dute, bazkideen liburuaren kopia erantsita, bai eta langile horien kopurua adierazi ere.

Nolanahi ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari eskatuko dio 9. artikuluko D.2, D.3 eta D.4 apartatuetan adierazitako formuletan zerrendatutako kontratu-kodeen kontratu-modalitatearen bidez kontratatutako pertsonei buruzko informazioa, betiere eskatzaileak berariaz egiaztatze horren aurka egiten ez badu; halakorik eginez gero, eskabidean informazio hori egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu. Edonola ere, erakundeko kooperatiba-kideei eta administratzaileei buruzko dokumentazioa aurkeztu beharko du erakundeak, halakorik balego. Betiere erakundeak batez besteko plantillari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta, eskaera egiteko epean egin ezean, ezin izango dira D.1 eta D.2 irizpideak baloratu.

i) E.1.2. apartatuan aurreikusitako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako datuei dagokienean, prestakuntza-erakundeak sustatutako laneratze-enpresetan laneratze-prozesuan dauden pertsonengatik laguntzak ematen dituen administrazio publikoaren ziurtagiria, IX. eranskin gisa argitaratutako ereduaren arabera, zeina LanF aplikaziotik atera baitaiteke.

j) E.1.3. apartatuan aurreikusitako balorazio-irizpidea egiaztatzeko, beste administrazio publiko batzuetako datuei dagokienean, prestakuntza-erakundeak sustatutako enplegu-zentro berezietan kontratatu diren desgaitasuna duten pertsonengatik laguntzak ematen dituen administrazio publikoaren ziurtagiria, X. eranskin gisa argitaratutako ereduaren arabera, zeina LanF aplikaziotik atera baitaiteke.

k) Hala badagokio, sozietate-talde batekoa dela egiaztatzen duen dokumentazioa, 9. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.

3.3.– Aurreko 3.2 apartatuaren a), b), d), e), f), i) eta j) letretan aipatzen diren ziurtagiriak dagozkien eranskinetan ematen diren ereduetara egokitu ahal izango dira, edo beste formatu bat izan ahal izango dute; nolanahi ere, kontuan hartzeko, eredu horietan ezarritako eduki guztiak jaso beharko dituzte.

4.– Dirulaguntzaren eskabidean, prestakuntza-planak profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematea jasotzen duenean, erakundeak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eskatu ahal izango dio, azkenean dirulaguntza jasotzen badu, erakunde autonomoak profesionaltasun-ziurtagiria hainbat prestakuntza-ekintzatan eta modulutan bereiz dezan, etengabeko ikaskuntza indartzeko, 13.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Honako profesionaltasun-ziurtagiri hauek ezin izango dira bereizi: COMT0112, FEMEC0110 eta ELEE0109.

5.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egingo ez balu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da, horretarako beharrezkoa den ebazpena eman eta gero.

6.– Dirulaguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2020ko uztailaren 30ean bukatuko da.

7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.

1.– Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.

2.– Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-prozedura izango da, eta egintza bakarrean ebatziko dira prestakuntza-planak gauzatzeko aurkeztutako eskabide guztiak.

Prestakuntza-planaren prestakuntza-ekintza bakoitza banaka baloratuko da, eta I. eranskinean jasotako dirulaguntza-lerro bakoitzaren arabera garatuko da lehiaketa-prozesua (117 lerro).

3.– Eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko helburuarekin, izaera teknikoko ebaluazio-batzorde bat sortuko da. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak, Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko arduradunak eta Enplegurako Lanbide Heziketako Zerbitzuko bi teknikarik. Ebaluazio-batzorde horretako kideen osaera Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean (https://www.lanbide.euskadi.eus) eta EHAAn argitaratuko da.

4.– Eskabideek deialdi honetan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, ebaluazio-batzordeak 9. artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera baloratuko ditu, eta behin-behineko ebazpen-proposamena egingo du, 8. artikuluan araututako laguntza zehazteko sistema kontuan hartuta, behin-behinean onartzea edo ukatzea proposatzen diren ekintzak adierazita, dirulaguntza-lerroen arabera taldekatuta.

Behin-behineko ebazpen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren webgunean argitaratuz jakinaraziko da (www.lanbide.euskadi.eus), eta 10 egun baliodun emango dira erakundeek LanF aplikazio informatikoaren bitartez alegazioak egin ditzaten edo eskabideari uko egin diezaioten, prestakuntza-planean behin-behinean onartutako prestakuntza-ekintza guztiei dagokienez.

Behin-behineko ebazpenaren proposamenak ez du onuradun gisa proposatutako erakundeen aldeko inolako eskubiderik sortzen.

5.– Alegazioak aztertu ondoren, ebaluazio-batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena prestatuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari helaraziko dio, hori baita ebazpena egiteko organo eskuduna.

6.– Behin betiko ebazpenak dirulaguntza emango zaien prestakuntza-ekintzak eta horien zenbatekoa jasoko ditu, balorazioaren ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, dirulaguntza-lerroen arabera taldekatuta, bai eta ukatzen direnak eta ukatzeko arrazoiak ere, eta hori guztia prestakuntza-erakunde interesdunei jakinaraziko zaie, Lanbideren webgunean argitaratuta: www.lanbide.euskadi.eus. Erakundeek 10 egun balioduneko epea izango dute prestakuntza-ekintza bakoitzeko dirulaguntza onartzeko, modu telematikoan, LanF aplikazioan. Epe hori igaro eta dirulaguntza onartzen ez badute, dirulaguntzari uko egiten diotela ulertuko da. Epe horren ondoren, prestakuntza-plan osoagatik bakarrik egin ahal izango zaio uko dirulaguntzari.

7.– Behin betiko ebazpenean, aurrekontu-krediturik ez izateagatik ezetsi egin diren eskabideak dirulaguntza-lerroen arabera ordenatuko dira, balorazio-irizpideak aplikatzearen ondoriozko lehentasun-hurrenkerari jarraituta. Hala, prestakuntza-erakunde onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, laguntza zehazteko ezarritako irizpideen arabera dagokion hurrengoari emango zaio dirulaguntza, betiere laguntza emateko kreditu nahikoa liberatu bada eta, gertatzen den unean, hura gauzatu ahal bada, deialdiaren baldintzak eta aurrekontua betearazteko arauak kontuan hartuta. Uko egiteengatik liberatutako kredituarekin emandako dirulaguntzak prestakuntza-erakunde interesdunei jakinaraziko zaizkie, Lanbideren webgunean argitaratuz (www.lanbide.euskadi.eus), eta 10 egun balioduneko epean onartu beharko dira; bestela, uko egiten diotela ulertuko da. Horrela, adjudikazio-prozesua amaitutzat joko da.

Lehentasun-hurrenkeran atzerago dagoen eskaera bati ezin izango zaio dirulaguntza hori eman, kreditu erabilgarri nahikorik ez egoteagatik lehentasun-hurrenkera horretan aurrerago dagoen beste eskaera bat dirulaguntzarik gabe utzi bada.

8.– Prozedura ebazteko eta behin betiko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpen espresurik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da.

9.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaitu egiten dute administrazio-bidea eta horien aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunean zenbatzen hasita.

10.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko dirulaguntzen edo laguntzen karietara izapidetzen hasitako itzulketa- edo zehapen-prozedurak amaituta egotea.

11.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpenean, zeinaren bidez dirulaguntzak ematen baitira, espresuki aipatuko da, hala badagokio, EGIFek finantzaketan parte hartzen duela, EAEko EGIF Programa Operatiboaren eta Gazte Enpleguko Programa Operatiboaren esparruan.

12.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, espresuki adierazita jasotako zenbatekoak, eta aipatuta EGIFek finantzaketan parte hartzen duela, EAEko Programa Operatiboaren eta/edo Gazteen Enpleguko Programa Operatiboaren esparruan.

8. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Eskaerak aurkezteko eta akatsak 6.5 artikuluan ezarritako eran zuzentzeko epea amaitutakoan, prestakuntza-planetan jasotako prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egingo da, 9. artikuluan aurreikusitako irizpideen arabera, eskaeren artean lehentasun-hurrenkera ezartzeko; horrela, aurkeztutako ekintzen eskaerak puntuazio handiena izan dutenetik txikiena izan dutenera ordenatuko dira.

2.– Ez dira finantzatuko balorazioan 30 puntu baino gutxiago lortzen dituzten prestakuntza-planetako prestakuntza-ekintzak.

3.– 30 puntu edo gehiago lortu dituzten prestakuntza-planeko prestakuntza-ekintza bakoitzeko eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, II. eranskinean aurreikusitako modulu ekonomikoak aplikatuko dira.

4.– Balorazio-fasearen ondorioz ekintzei ezarri zaien lehentasun-hurrenkerari jarraituz emango dira dirulaguntzak, honako arau hauek aplikatuta:

4.1.– Prestakuntza-ekintzak lortutako balorazio teknikoaren arabera ordenatuko dira, EAEko hiru lurraldeetako bakoitza bereiziz.

4.2.– Lurralde bakoitzeko ekintzak prestakuntza-motaren arabera ordenatuko dira berriro (egiaztagarria edo egiaztaezina).

– Prestakuntza-ekintza egiaztagarriak berriro ordenatuko dira lanbide-arloen / lanbide-arlo taldeen eta 1, 2 eta 3 kualifikazio-mailen arabera.

– Prestakuntza-ekintza egiaztaezinak honen arabera ordenatuko dira: prestakuntza-ekintza ez-kualifikatzaileak eta kualifikatzaileak.

– Ez-kualifikatzaileak, berriz, honen arabera ordenatuko dira: gizarteratzeko eta laneratzeko ekintzak, zeharkako ekintzak eta funtsezko konpetentzienak.

5.– Aldez aurretik, I. eranskinean adierazitako dirulaguntza-lerro bakoitzera bideratutako aurrekontua banatuko da, prestakuntza-ekintza bakoitzak balorazio teknikoan lortutako puntuazioaren arabera, aurrekontua agortu arte.

6.– Dirulaguntza-lerroren baten aurrekontua agortzen ez bada, soberakina honela banatuko da:

6.1.– Soberakina prestakuntza egiaztaezineko dirulaguntza-lerroren batekoa denean, lurralde historikoaren arabera, hasieran finantzatu ez diren puntuazio handieneko prestakuntza-ekintza egiaztagarriei esleituko zaie, edozein dela ere haien lanbide-arloa eta maila.

6.2.– Soberakina prestakuntza egiaztagarriko dirulaguntza-lerrokoa denean, lurralde historikoaren arabera, lanbide-arlo bereko mailen artean puntuazio handiena duten ekintzei esleituko zaie (aurrez finantzatu ez direnak). Soberakina agortu ez bada, aurretik finantzatu ez diren eta puntuazio handiena lortu duten ekintzei emango zaie, edozein dela ere haien arloa eta maila.

6.3.– Prestakuntza-ekintza egiaztagarrien artean soberakinak jarraitzen badu, lehentasun-hurrenkeraren arabera adjudikatuko da, lurraldea edozein dela ere.

7.– Berdinketa gertatuko balitz, 9. artikuluan aurreikusitako B.2 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketak jarraituko balu, C.4 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskaerak izango du lehentasuna. Berdinketa hausteko azken irizpide gisa, B.1 balorazio-irizpidean puntuazio handiena lortu duena hartuko da aintzat.

8.– Prozesu osoan, 5.4 artikuluan aurreikusitako dirulaguntza-mugak hartuko dira kontuan –globala eta dirulaguntza-lerroen araberakoa–.

9.– Erakunde eskatzaile bakoitzak eman beharreko prestakuntza-ekintzei dagozkien zenbatekoen batura izango da prestakuntza-planerako dirulaguntzaren azken zenbatekoa.

9. artikulua.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

Eskatutako prestakuntza-ekintzak baloratzeko, jarraian araututako irizpideak hartuko dira kontuan, zeinak III. eranskinean zehazten baitira.

B, C eta D apartatuetan aurreikusitako balorazio-irizpideek erakunde eskatzaileen prestakuntza-jarduera eta konpromiso soziala neurtzen dituzte, adierazle hauei dagokienez: kaudimena eta kudeaketa-emaitzak, kalitatea eta eragina. E apartatuak prestakuntza-erakundeen jardueraren osagarritasuna neurtzen du, beste enplegu-politika aktibo batzuekin alderatuta, politika horien bidez jarraipena eman ahal izateko langabeek behar duten enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzeko ibilbidean.

B, C, D eta E apartatu horietako irizpide guztiak prestakuntza-erakundearen mailan aintzat hartzen dira; hau da, IFK bera duten prestakuntza-zentroen datuak batera aztertzen dira. Eskatzailea sozietate-talde batekoa bada, taldeko erakundeen jarduera hartuko da kontuan, eta halakotzat joko da 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) 2.2 artikuluan enpresa bakarraren definizioarekin bat datorrena, edo Merkataritzako Kodearen 42. artikuluan ezarritako sozietate-taldearen definizioarekin bat datorrena.

A) Prestakuntza-ekintza prestakuntza-beharretara egokitzea.

Gehienez ere 20 puntu lor daitezke irizpide honetan.

Horren helburua da dirulaguntza-lerroen arabera bereiztea (I. eranskina) programatuak izan daitezkeen prestakuntza-ekintzek lor dezaketen puntuazioa, honako hauek kontuan hartuta:

a) Berariaz prestakuntza-ekintza egiaztagarrietarako: 7 puntuazio-tarte ezartzen dira, eta gehienez 7 puntu emango dira, lanbide-arloen laneratzearen arabera bereizteko.

Era berean, lanbide-arlo bakoitzaren barruan, 3 kualifikazio-maila bereizten dira, eta 3 tarte ezartzen dira, gehienez 3 punturekin.

b) Prestakuntza-ekintza guztietarako: Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren 15. artikuluaren babesean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egindako prestakuntza-beharren diagnostikoan lortutako puntuazioa. Diagnostiko hori erakunde autonomo horren webgunean argitaratuko da. Helburu horrekin, 10 puntuazio-tarte ezartzen dira, eta gehienez 10 puntu.

Puntuazio hori prestakuntza-espezialitate programagarrien taulan jasotzen da, II. eranskinaren A.1 b.2 apartatuan, «Balorazioa» zutabean.

B) Prestakuntzaren kalitate- eta eragin-adierazleak langabeei zuzendutako 2017ko ekitaldiko enplegurako lanbide-heziketako prestakuntza-eskaintzaren deialdian, bai eta erakundeak kalitatearekin eta euskararekin duen konpromisoa ere. Gehieneko puntuazioa: 47 puntu.

Horren xedea da 2017ko ekitaldian enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena zuten Administrazioek onartu duten eskaintza-deialdian langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak ematean lortu zuten kalitatea baloratzea, bai eta haien eragina ere, enplegagarritasunari eta laneratzeari dagokienez; horiez gain, erakundeak kalitatearekin eta euskararekin izandako konpromisoa ere baloratuko da.

B.1.– Sintesi-adierazlea: gehienez 15 puntu.

Prestakuntza-erakunde baten gogobetetze-tasen batezbestekoa, lanbide-arlo bakoitzeko, langabeentzako 2017ko prestakuntza-eskaintzaren deialdian emandako prestakuntza-ekintzetan.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiari dagokionez, adierazle hori bere datu-basetik ateratzen da, ofizioz. Ez dira kontuan honako hauen dirulaguntza-lerroei buruzko emaitzak: kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntza, proiektu bereziak edo 2017ko beste deialdi batzuk, langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdia izan ezik.

Beste administrazio publiko batzuen dirulaguntzen deialdiei dagokienez, erakunde eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.a) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Prestakuntza-erakunde jakin batek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren deialdian parte hartu ez badu eta beste administrazio publikoen egiaztagiria aurkezten ez badu, 4 puntu emango zaizkio.

Adierazle hori lortu ezin izanaren kausa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari egozten bazaio, berriz, dagokion lanbide-arloaren adierazleen batezbesteko globala hartuko da sintesi-adierazle gisa.

B.2.– Enplegagarritasun-indizea: 25 puntu gehienez.

Prestakuntza-espezialitate bakoitzeko enplegagarritasun-indizearen batezbestekoa, langabeentzako 2017ko prestakuntza-eskaintzaren deialdian emandako prestakuntza-ekintzen bidez lortua; 25 puntu gehienez.

Enplegagarritasun-indizea tasa hauek osatzen dute:

Enplegagarritasun-indizea = (Prestakuntzako arrakasta-tasa x p1) + (Besteren konturako laneratzearen tasa x p2) + (Parte-hartze anitzeko tasa x p3).

Azalpena:

– Prestakuntza-ekintzaren arrakasta-tasa: prestakuntza arrakastaz amaitzen duten pertsonen kopurua, prestakuntza-jarduera amaitzen duten guztizko parte-hartzaile kopuruaren gainean.

– Besteren konturako laneratzearen tasa: prestakuntza-jarduera amaitu eta sei hilabeteren barruan besteren konturako kontratu bat lortu duten pertsonen kopurua.

– Parte-hartze anitzeko tasa: prestakuntza-ibilbide bat egiten duten pertsonen kopurua; hau da, kurtsoa amaitu ondorengo hamabi hilabeteetan enplegurako lehen prestakuntza-ekintza bigarren batekin lotzen duten pertsonen kopurua.

– p1, p2 eta p3, espezialitatearen kualifikazio-mailaren arabera kalkulaturik, tasa bakoitzari emandako pisuak dira.

Tasak haztatu egiten dira espezialitate-motaren eta horien kualifikazio-mailaren arabera. Hartara, laneratzearen tasak pisu handiagoa izaten du espezialitatearen kualifikazio-maila zenbat eta handiagoa izan, behar beste konpetentzia ematen baitituzte lanpostuak betetzeko, eta, horrenbestez, baita lan-merkatuan sartzeko ere. Funtsezko konpetentzien espezialitateen, zeharkakoen eta gizarteratzeko eta laneratzeko espezialitateen kasuan, parte-hartze anitzeko tasak pisu handiagoa hartzen du, prestakuntza kualifikatzailea baino lehen gauzatzen den prestakuntzatzat hartzen baita, prestakuntza-ibilbide luzeago baten esparruan; edo, bestela, zeharkako espezialitateen kasuan, prestakuntza arautuaren, hasierako prestakuntzaren edo profesionaltasun ziurtagirien prestakuntza osagarri gisa.

(Ikus .PDF)

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiari dagokionez, adierazle hori bere datu-basetik ateratzen da, ofizioz. Ez dira kontuan honako hauen dirulaguntza-lerroei buruzko emaitzak: kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntza, proiektu bereziak edo 2017ko beste deialdi batzuk, langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdia izan ezik.

Beste administrazio publiko batzuen dirulaguntzen deialdiei dagokienez, erakunde eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.b) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

2017ko deialdien babespean prestakuntza-erakundeek ez badute eman dirulaguntza eskatzen duten prestakuntza-espezialitatea edo ez badute dagokion ziurtagiria aurkezten, 11 puntu aplikatuko dira.

B.3.– Kalitatearekiko konpromisoa: 5 puntu gehienez.

Erakunde eskatzaileek lortutako kalitate-aitorpenak baloratuko dira, baldin eta indarrean badaude ebaluazio-batzordearen balorazio-egunean. Kudeaketa-kalitatearen aitorpenengatik, 3 puntu lortu ahalko dira gehienez, eta honako hauek bakarri baloratuko dira (EFQM eredua, Euskaliten Kudeaketa Aurreratuko Sistema eta ISO araua): EFQM +500 eta Urrezko A, EFQM +400 eta Zilarrezko A, EFQM +300 eta Brontzezko A, Urrezko Q, Zilarrezko Q, ISO 9001 eta Kudeaketa Aurreratuaren Diploma.

Puntu gehigarri bat lortu ahal izango da ISO 14001 Ingurumena Kudeatzeko Sistemak ziurtagiria edukitzeagatik, bai eta beste puntu bat ere ISO 45001 Laneko Segurtasuna eta Osasuna Kudeatzeko Sistemak ziurtagiria edukitzeagatik, edo, OHSAS 18001 ziurtagiria, ISO 45001 lortzeko hiru urteko trantsizio-aldiaren barruan.

B.4.– Euskararekiko konpromisoa: 2 puntu gehienez.

Bikain eta Bai Euskarari ziurtagiriak bakarrik baloratuko dira.

C) Prestakuntza-jarduketen ondorio diren kudeaketa-emaitzen adierazleak. Gehieneko puntuazioa: 45 puntu.

C.1.– 2017an diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen exekuzio-maila: amaitutako eta likidatutako ekintzen ehunekoa neurtzen du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langabeentzako 2017ko prestakuntza-eskaintzaren deialdian onartutakoen aldean. 2017ko prestakuntza-eskaintzak ez ditu jasotzen kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntzako jarduketa-lerroan edo bestelako deialdi-mota espezifiko batean garatutako ekintzak.

Gehienez ere -10 puntu (negatibo).

C.2.– Langabeei prestakuntza emateko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2017ko deialdian lantokietan profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko osorik emandako prestakuntza-ekintzetan prestakuntza praktikoaren moduluetan erregistratutako ez-betetzeak. 2017ko prestakuntza-eskaintzak ez ditu jasotzen kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntzako jarduketa-lerroan edo bestelako deialdi-mota espezifiko batean garatutako ekintzak.

Profesionaltasun-ziurtagiriaren prestakuntza osorik gainditzen duten ikasle langabeei lantokian prestakuntza praktikoaren modulua emateko betebeharraren ez-betetze maila neurtzen du.

Gehienez ere -10 puntu (negatibo).

C.3.– Emateko kaudimen egiaztatua. 15 puntu, gehienez.

C.3.1.– 2015 eta 2017 artean, langabeei zuzendutako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan prestakuntza jaso duten pertsonen kopurua: 10 puntu gehienez.

Kontuan hartuko da langabeentzako prestakuntza-eskaintzaren deialdietan parte hartu dutenen kopurua («Hasita» egoera izan duten guztiak); enplegurako lanbide-heziketaren arloan eskumena duten administrazioek 2015., 2016. eta 2017. urteetan onartutakoak izango dira deialdi horiek.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiei dagokienez, datu hori bere datu-baseetatik ateratzen da, ofizioz. Beste administrazio publiko batzuen deialdiei dagokienez, erakunde eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.d) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

C.3.2.– 2016 eta 2017 artean, landunei zuzendutako eskaintzaren deialdietan prestakuntza jaso duten pertsonen kopurua: 5 puntu gehienez.

Kontuan hartuko da landunei zuzendutako enplegurako lanbide-heziketako eskaintzaren deialdietan parte hartu dutenen kopurua (prestakuntza amaitu duten guztiak); arlo horretan eskumena duten administrazioek 2016. eta 2017. urteetan onartutakoak izango dira deialdi horiek.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak onartutako deialdiei dagokienez, datu hori bere datu-baseetatik ateratzen da, ofizioz.

Beste administrazio publiko batzuen deialdiei dagokienez, erakunde eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.e) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

C.4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzen deialdietan parte hartu duten pertsonen kopurua; programa hauetan, hain zuzen ere: Hezibi 2015-2019; 2017ko eta 2018ko proiektu bereziak; eta kualifikazio apaleko gazteentzako 2018ko deialdia. Kontratatzeko konpromisoak dituzten prestakuntza-ekintzetan oinarrituta kontratatu diren pertsonen kopurua. Ekintza horiek diruz lagundu dira lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzetarako 2018ko deialdiaren babesean. 2019-2020 ikasturtean, Hezkuntza Sailarekin, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Erdi Mailakoa eta Goi Mailakoa egiten ari diren ikasleen kopurua.

25 puntu gehienez.

C.4.1.– Profesionaltasun-ziurtagiriak eraldatuta 2015 eta 2019 artean HEZIBI proiektuetan parte hartu duten pertsonen kopurua: 5 puntu gehienez.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2015., 2016., 2017., 2018. eta 2019. urteetako deialdi bateko profesionaltasun-ziurtagiri bati lotutako prestakuntza-ekintza bat eraldatu ondoren Hezibi proiektua egin duten ikasleak dira, agindu honen arabera: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntzako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuen 2012ko urriaren 3ko baterako agindua, gazteen prestakuntzarako eta txandakako enplegurako HEZIBI programaren oinarri arautzaileak ezarri zituena.

C.4.2.– 2017ko eta 2018ko deialdietan diruz lagundutako proiektu berezietan parte hartu duten pertsonen kopurua: 5 puntu gehienez.

C.4.3.– Kualifikazio apaleko gazte langabeen aktibazio soziolaboralerako 2018ko deialdian parte hartu duten pertsonen kopurua: 5 puntu gehienez.

C.4.4.– Kontratatzeko konpromisoak dituzten prestakuntza-ekintzetan oinarrituta kontratatu diren pertsonen kopurua. Ekintza horiek diruz lagundu dira lehentasunez langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzetarako 2018ko laguntza-deialdiaren babesean: 5 puntu gehienez.

C.4.5.– 2019-2020 ikasturtean, Hezkuntza Sailarekin, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Erdi Mailakoa eta Goi Mailakoa egiten ari diren ikasleen kopurua: 5 puntu gehienez.

C.5.– Gizarteratzearen eta laneratzearen arloan, 2019ko ekitaldian, dirulaguntzak ematea, sektore publikoko erakundeekin egindako lankidetza-hitzarmen baten edo ebazpen baten bidez: 5 puntu.

Ez dira kontuan hartuko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak proiektu bereziak egiteko emandako dirulaguntzak.

Gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu bat dela-eta, prestakuntza-erakunde bati dirulaguntza emateko sektore publikoko erakundeekin eginiko lankidetza-hitzarmena edo ebazpena baloratzen da, artatzen dituen eta zailtasun bereziak dituzten pertsonen kolektibotik datozen beharrei erantzuteko.

Irizpide hori baloratzeko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.f) apartatuan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko du, honako kasu hauetan izan ezik, orduan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz lortuko baitu datua:

– Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2018ko abenduaren 12ko Aginduaren II. kapituluaren babesean emandako dirulaguntzak. Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko esku-hartze sozialaren eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzeko dirulaguntzak arautzen dituen abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan aurreikusitako deialdia egiten da 2019ko ekitaldirako (pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin esku-hartze sozialeko jarduerak egiteko dirulaguntzak).

– 2019an Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu baten bidez emandako dirulaguntza izendunak, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren jarduera-eremuan, esku-hartze sozialeko jarduerak egiteko pertsonekin, familiekin, taldeekin eta komunitateekin.

– 2019rako laguntza-deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean jardunda, desabantaila-egoeran dauden kolektiboetako pertsonentzat enplegurako orientazio-ekintzak egin eta -zerbitzuak emateko dirulaguntzen deialdia.

D) Prestakuntza-erakundeen gizarte-erantzukizuna. 20 puntu gehienez.

D.1.– Enplegua sortzeko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra, enpresaren kotizazio-kontuetako kode guztietan alta emanda dauden langileen batez besteko plantilla baloratuko da.

Irizpide hau baloratu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.g) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

D.2.– Enpleguaren kalitatearekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

D.1 apartatuan zehaztutako batez besteko plantillatik, 2019an lanaldi osoan eta lan-kontratu mugagabearekin diharduten pertsonen ehunekoa baloratuko da.

Irizpide hau baloratu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.h) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:

Lan-kontratuaren kodea duten pertsona kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + kontratu mugagabearekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / batez besteko plantilla (D.1).

D.3.– Genero-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

2019ko plantillan, lan-kontratu mugagabearekin lanaldi osoan dauden emakumeen ehunekoa baloratuko da, lan-kontratu mugagabearekin lanaldi osoan dauden gizonezkoen kopuruarekin alderatuta.

Irizpide hau baloratu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.h) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:

Lan-kontratuaren kodea duten emakume kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak) / lan-kontratuaren kodea duten gizonen kopurua (100+109+130+139+150+189 + aldi baterakoa ez den kontratuarekin lanaldi osoan dauden bazkide kooperatibistak + administratzaileak).

D.4.– Desgaitasuna duten pertsonentzako aukera-berdintasunarekiko konpromisoa: gehienez 5 puntu.

2019ko plantillan kontratu mugagabearen diharduten eta desgaitasunen bat duten pertsonen kopurua baloratuko da.

Irizpide hau baloratu ahal izateko, erakunde eskatzaileak 6. artikuluaren 3.2.h) apartatuan aipatutako egiaztagiria aurkeztu beharko du.

Puntuazioa lortzeko, honako formula hau aplikatuko da:

Lan-kontratuaren kodea duten pertsonen kopurua, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren erreferentziaren arabera (130+139+230+239+330+339 + aldi baterako kontratua ez duten bazkide kooperatibistak + aitortutako desgaitasunen bat duten administratzaileak).

E) Beste enplegu-politika aktibo batzuekiko osagarriak. 30 puntu gehienez.

E.1.– Enpleguaren sustapenarekin. 15 puntu gehienez.

E.1.1.– Prestakuntza-erakundeek kudeatu eta hartu dituzten pertsonen kopurua, zeinen kontratua Lehen Aukera programaren deialdietan diruz lagundu baita: 5 puntu gehienez.

Deialdi honetan, erakunde bakoitzak hartutako pertsonen kopurua eta kudeatutako pertsonen kopurua batuko dira, zeinen kontratua Lehen Aukera programaren deialdietan diruz lagundu baita 2015., 2016., 2017. eta 2018. urteetan.

E.1.2.– Prestakuntza-erakundeek sustatutako laneratze-enpresetan laneratze-prozesuan dauden pertsonen kopurua 2019ko abenduan. 5 puntu gehienez.

E.1.3.– Prestakuntza-erakundeek sustatutako enplegu-zentro berezietan kontratatuta dauden eta desgaitasuna duten pertsonen kopurua 2019ko abenduan. 5 puntu gehienez.

E.2.– Laneratzearekin. 15 puntu gehienez.

E.2.1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako orientazio-erakunde laguntzaileak 2019an. 5 puntu.

E.2.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak 2019andiruz lagundutako enplegu-zentroa duten prestakuntza-erakundeak. 5 puntu.

E.2.3.– EAEn enplegu-agentzia duten prestakuntza-erakundeak 2019an. 5 puntu gehienez.

10. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen hautaketa.

1.– Prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartzeko hautagaiak honako hauek izan daitezke:

a) Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek prestakuntza-ekintza egitea agindu badiete haien prestakuntza-ibilbidearen barruan.

b) Nire Lanbidenet-en bitartez ikastaro batean izena eman duten enplegu-eskatzaileak, euren prestakuntza-kontuko prestakuntza-aholkularitzaren bidez.

c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, prestakuntza-aholkularitzako edo ebaluazioko prozesu baten ondoren agindu zaien prestakuntza egiteko, lan-esperientziaren edo prestakuntzako bide ez-formalen bitartez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduran.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deitutako enplegu-eskatzaileak, lan-merkatuan eskaria duen profesionaltasun-ziurtagiri baten egiaztapena osatzeko falta dituzten prestakuntza-moduluez eratutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.

e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda ez dauden landunak, baldin eta Lanbideren sareko bulegoren batean eskaera aurkeztu badute, edo eskaera erakunde autonomo horren webgunean bete badute (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.

2.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, pertsonek profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan xedatutako baldintzak bete behar dituzte, lanbide-kualifikazioaren 2. eta 3. mailei dagokienez. Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte parte hartu nahi dutenek.

3.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa erakunde onuradunak egingo du, aurrez izena eman duten hautagaien artean. Horretarako, prestakuntza emango duen erakundeak sarbidea izango du inskribatutako hautagaien datuetarako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntza-kudeaketarako aplikazioaren bidez (LanF). Erakundeak prestakuntza-ekintzak hasi aurretik eta dagozkion bermeekin egingo du hautaketa-prozesua.

Behar duten prestakuntza-ekintza guztietan, hautaproba bat ere egingo dute, erakundearen instalazioetan, Lanbideko teknikariekin aurrez adostuta, ekintza behar bezala aprobetxatzen dela ziurtatzeko eta kualifikazio-ekintzen helburuak lortzeko ezinbestekoak diren aurretiazko ezagutza-maila erreala zehazteko. Proba hori LanF aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da, prestakuntza-ekintzak gauzatzeari buruz ematen diren jarraibideen arabera.

4.– Profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileak aukeratzeko hautaproba hori egin eta gero, proba egin behar denean, eta etengabeko ikaskuntza sustatze aldera, honela jokatuko da:

1.a Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematen bada, 6.4 artikuluan ezarritako baldintzetan banandu gabe, egiaztatutako prestakuntza-modulurik ez duten pertsonek bakarrik parte hartu ahalko dute. Nolanahi, enplegu eta prestakuntzako bideak erraztu beharrez, eta langabeen nahiz lanean ari direnen garapen profesionala eta pertsonala landu beharrez, moduluren bat egiaztatuta daukatenei ere utzi egingo zaie prestakuntza-ekintzan parte hartzen (Lanbideko teknikariek aldez aurretik baimena ematen badute), baldin modulua zeharkakoa bada eta Profesionaltasun Agiriak bere prestakuntza-bidean aurrera egiten badu, arlo berdinekoa delako.

2.a Modulutan banatutako profesionaltasun ziurtagiri bat programatzen denean, 6.4 artikuluaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak profesionaltasun-ziurtagiria osatzen duten prestakuntza-ekintzen multzoa zerbitzuen eskaintza bakar baten bidez iragarriko du, ibilbide osoa osatzen duten prestakuntza-ekintzetako edozeinetan parte hartzeko hautagaien poltsa bat sortzeko. Prestakuntza-ekintzan izena emateko epea bukatzen denean, hautagai bakoitzaren prestakuntza-kontua kontsultatu ondoren taldeetan bilduko dira, ziurtagiria osatzen duten moduluei dagozkien prestakuntza-ekintzetan. Honela egingo da prestakuntza-ekintza bakoitzeko partaideen azken hautaketa:

– Profesionaltasun-ziurtagiriko lehen moduluari dagokion lehen prestakuntza-ekintzan, egiaztapen partzial metagarririk ez duten pertsonak % 50 izango dira, gutxienez. Gainerakoak profesionaltasun-ziurtagiriaren moduluren bat egiaztatuta duten pertsonak izango dira, eta lehentasuna emango zaie profesionaltasun-ziurtagiriaren modulu hori soilik falta zaienei. Parte-hartzaileen bi tipologietako batean hautagai nahikorik ez balego, adierazitako ehunekoa aldatu ahalko da, eskatzaileen ezaugarrien arabera, taldea osatu arte.

– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, dena delako ekintzaren aurreko modulua bukatu duten eta prestakuntza-ekintza hori egin nahi duten pertsonek izango dute lehentasuna. Horien ondoren, prestakuntza-ekintzako modulu hori soilik gelditzen zaien pertsonek izango dute lehentasuna, prestakuntza-ibilbidea bukatu eta, horrela, profesionaltasun-ziurtagiria lortu dezaten. Lehentasunen hurrenkeran, hirugarren tokian izango dira gainerako pertsonak, eskuratu dituzten egiaztatutako modulu-kopuruaren arabera ordenatuta, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzetik gertuen daudenei lehentasuna emanez.

3.a Prestakuntza-modulu solteak programatu badira, egiaztatutako prestakuntza-moduluren bat duten pertsonek izango dute lehentasuna prestakuntza-ekintzan parte hartzeko, beren prestakuntza-ibilbidea osa dezaten. Horien artean, lehentasuna izango dute profesionaltasun-ziurtagiriko gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonek.

4.a Nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arloei lotutako profesionaltasun-ziurtagirietan, lehentasuna izango dute emakumeek. Deialdi honen ondorioetarako, nahikoa emakume aritzen ez diren jarduera-arlotzat hartzen dira lanbide-arlo hauetako prestakuntza-ekintzak: ELE, ENA, EOC, MAM, IEX, FME, IMA, TMV, AGA, ARG, QUI.

5.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta, aurreko atalean deskribatu bezala, dagokien hautaproba gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarri dira, lehentasun-hurrenkera honetan:

1.a Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berberaz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituztenak. Lehentasuna emango zaie kualifikazio-maila baxua duten pertsonei: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten proportzio berean (langabezian dauden pertsona guztien % 55); luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasuna duten pertsonak; gizarteratzeko errenta aktiboaren eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren onuradun diren langabeak; terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak; eta aparteko langabezia-sorospenaren hartzaileak.

2.a Gainerako langabeak, orokorrean.

3.a Etendurako EEE baten eraginpean dauden langabeak, ordutegia dela-eta prestakuntza-ekintzara joateko prestasuna badute.

6.– Landunek, lehentasunezkoak ez direnez, ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten langabe nahikorik ez egoteagatik plaza hutsak daudenean bakarrik parte hartu ahal izango dute.

7.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, ikastaroan sartzeko baldintzak betetzen dituzten beste pertsona batzuen eskaerak izanez gero.

8.– Hautaketa bukatu ondoren, erakunde onuradunek hautaketaren emaitza jakinaraziko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LanF kudeaketarako aplikazio informatikoaren bidez, eta Lanbidek berariaz emandako jarraibideak aintzat hartuz.

9.– Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-entitateek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean.

Aurrekoa eragotzi gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak erabili ahal izango dituzte ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.

11. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Prestakuntza-ekintzak doakoak dira ikasleentzat eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko ditu.

2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan eta enpresako prestakuntza praktikoan edo haietara joateko bidean dituzten arriskuetarako, Eusko Jaurlaritzak sinatutako polizak istripuak eta erantzukizun zibila estaliko baititu.

3.– Parte-hartzaileek ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua jasoko dituzte lehen eskola-egunean, eta jaso izanaren agiria sinatuko dute.

4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute eta haiei etekina atera beharko diete. Hori bermatzeko, erakunde onuradunak eguneroko bertaratze-partea egin beharko du, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.

5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezin izango dute jarduera utzi harik eta bukatu arte, baina salbuespen izango dira honako kasu hauek: enplegua aurkitu badute eta horrek galarazten badie prestakuntza-ekintzara joatea eta probetxua ateratzea, edo bat-bateko familia-egoera larriren bat sortzen bazaie. Justifikaziorik gabeko beste arrazoi batzuengatik jarduera utziz gero, gerta liteke pertsona hori lehentasunezkoa ez izatea etorkizuneko deialdietako prestakuntza-ekintzetan.

12. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.

1.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak izango dira honako hauek:

a) Justifikatu gabeko hiru hutsegitetik gora hilabetean.

b) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoan % 25etik gorako ez-bertaratzea biltzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon zein ez.

c) Ekintzatik etekinik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.

2.– Ikasleak baztertzeko prozedura hau izango da:

Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, horretarako ezarri den eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta ontzat ematen badu, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamenaren arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun balioduneko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, gehienez hamabost eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, baztertze-prozedurari ekiteko erabakian behin-behineko neurriak har daitezke prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea ikastarotik behin-behingoz baztertzea, prozedura abiatzeko erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Ebazpenean adieraziko da zein errekurtso aurkez daitekeen.

Asteren batean ikasleren baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, edo justifikatu gabeko hiru hutsegite baino gehiago egiten baditu hilabetean, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako ez-bertaratzea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotasuna izatea edo lan-jarduera hastea), pertsonak geratzen den modulua egiteko aukera aztertu ahal izango da.

Ikasleren batek utzi egiten baldin badio prestakuntza-ekintzara joateari eta ez-bertaratzeen % 25a gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik izan gabe.

13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak gauzatzea eta lortutako konpetentziak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren enpresa edo erakunde onuradunak deialdi honetan ezarritakoaren arabera eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako ereduak aintzat hartuta gauzatu beharko ditu prestakuntza-ekintzak. Erakunde autonomo honen prestakuntzarako informatika-aplikazioa (LanF) erabiliko du prestakuntzaren hasiera jakinarazteko (hasiko den eguna baino 7 egun lehenago gutxienez), bai eta gerora izan daitekeen edozein aldaketaren, prestakuntza-ekintzak bukatzearen eta parte-hartzaileen bertaratzea kontrolatzearen berri emateko ere, prestakuntza-orduetara joateko orrien bidez, ikasleek sinatuta. Oro har, eta aurkako jarraibiderik ematen ez bada, gehienez ere 7 egun balioduneko epean egin beharko zaizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagozkion jakinarazpenak. Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi aldez aurretik Lanbidek ez badu LanF aplikazioan Hasierako Komunikazioa baimendu.

2.– Beharrezkoa da deialdi honetan onartutako prestakuntza-plana benetan gauzatzea. Ildo horretan, prestakuntza-ekintza bat gutxienez 15 egunez iragarri bada, eta prestakuntza hasteko gutxieneko talde bat osatzeko interesdun nahikorik ez badago, erakundeak eskatu ahal izango du ekintza hura aldatzeko, 5.4.2 artikuluan adierazitako I. eranskineko dirulaguntza-lerro handi bakoitzeko arlo bereko edo arlo-talde bereko espezialitate bateko prestakuntza-ekintza baten bidez, hau da, arloek/arlo-taldeek eta lurraldeek osatutako 45 lerroak, mailen araberako banaketa kontuan hartu gabe. Prestakuntza-ekintza berriak ordezten duen ekintzaren kostu berdina edo txikiagoa izan beharko du.

Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak ebazpena emango du 10 egun balioduneko epean. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, eskaera baietsi egin dela ulertuko da.

Arrazoi horrengatik ordezka daitezkeen prestakuntza-ekintzek ez dute inola ere gaindituko erakundeari onartutako prestakuntza-ekintzen % 30.

3.– Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat emateko dirulaguntza eman bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ziurtagirian jasotako moduluak bezainbeste prestakuntza-ekintzatan bereizi ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren eskabidean jasota badago erakundeak horretarako baimena eman duela, 6.4 artikuluan xedatutakoaren arabera. Prestakuntza-ekintzek lotuta jarraituko dute, eta, ekintza horiek gauzatzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

– Modulu bakoitza modu indibidualean egin eta justifikatuko da.

– Moduluak profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordenan eman beharko dira.

– Hori hasten duten pertsonei modulu guztietan parte hartzea bermatu behar zaie, prestakuntza-ibilbide osoa osatu ahal izateko.

Horietaz gain, erakundeak beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango ditu modulu bakoitzean, baldin eta beraietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte, 10.4.2 artikuluan araututako hautaketa-prozesuaren arabera.

– Erakundeak praktikak nahitaez eskaini behar dizkie modulu bat edo bat baino gehiago egiten dituzten pertsonei, haiekin profesionaltasun-ziurtagiria amaitzen dutenean.

– Dirulaguntza ordaintzeko, prestakuntza-ekintza bakartzat hartuko da.

4.– Deialdi honen babesean diruz lagundutako prestakuntza emango duten prestatzaileek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena beharko dute, eta prestatzaileen fitxategian sartu beharko dira, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.

5.– Dirulaguntza jasotzen duten ikasleez gain, beste bi joan daitezke prestakuntza-ekintzara, dirulaguntza jasotzeko eskubiderik gabe, hasierako komunikazioan hartarako eskabidea egiten duten prestakuntza-erakundeetan, betiere instalazioak eta ekipoak badituzte eta ikasle guztientzat bermatzen badira berdintasun-baldintzak. Erabilgarri diren instalazioak eta ekipoak egiaztatutakoan emango da baimena; profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eskatutako parte-hartzaileen kopurua ere egiaztatuko da.

6.– Langabeek ezingo dituzte eman egunean 8 ordu baino gehiago prestakuntza-ekintzetan. Nolanahi ere, asteko ordu kopurua ezin izango da 40 baino handiagoa izan. Muga horien barruan sartuta egongo dira, hala dagokionean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagokion lantokiko prestakuntza praktikoko moduluaren orduak edo profesionaltasun-ziurtagiriez kanpoko ekintzen praktikak ere.

7.– Prestakuntza-erakundeak prestakuntza-ekintzak arrazoizko ordutegietan programatzen saiatu beharko dira, bereziki gizatalde kalteberei zuzendutakoak. Prestakuntza eta ikasleen bizitza pertsonala uztartzeko moduko ordutegiak ezartzen saiatu beharko dira.

Prestakuntza-ekintza hasitakoan, behar bezala emango da, eta erakunde prestatzaileak ezingo du aldi baterako eten, ezinbesteko kasuan izan ezik, behar bezala justifikatuta eta Lanbidek onartuta.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntza-ekintza bat kautelaz eten ahal izango du, baldin eta prestakuntza emateko ohiko garapenean eragin nabarmena duten anomaliak ikusten badira.

8.– Ikastaroaren hasieran, erakunde onuradunek gutxienez honako material hau emango diote prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duen bakoitzari:

– Espezialitatearen eduki guztiak biltzen dituen eskuliburu bat, editatua edo euskarri informatiko batean,

– Ikastaroa behar bezala garatzeko beharrezkoa den idazmahaiko materiala eta

– Behar diren babes-elementuak.

Era berean, zer eskubide eta betebehar dituzten azalduko diete ikasleei, bai eta 11. eta 12. artikuluetan araututako kanporatzeko arrazoiak eta prozedurak ere.

9.– Ikasleek prestakuntza-ekintza uzten badute, beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango dira prestakuntzara, haien ordez. Prestakuntza-jardueraren iraupenaren ehuneko 25era iritsi baino lehen onartuko da ordezte hori, salbu eta profesionaltasun-ziurtagiriei loturiko prestakuntza-jarduerak badira; kasu horretan, ordeztea prestakuntza-jarduera hasi eta lehen bost eskola-egunetan gertatzen bada onartuko da soilik, betiere ehuneko hori gainditu ez bada.

Hasita dagoen prestakuntza-ekintza bati eransten zaizkion ikasleek maila jakin bat izan beharko dute, ikastaroari etekina ateratzeko moduko adina gaitasun bermatuko diena, ikastaroaren nondik norako arruntari eragin gabe. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, partaideen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko gutxieneko maila eskagarria dutela bermatze aldera.

10.– Prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten langabeei dagokienez, batik bat langabeziako prestazioa edo sorospena edota diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonen kasuan, parte-hartzaile horien uko egiteak, ez agertzeak eta prestakuntza-ekintzak uzteak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari lehenbailehen jakinarazi beharko dizkiote prestakuntza emateko ardura duten erakunde onuradunek, egoera horien kausak adierazita.

11.– Prestakuntzaren xedea ez bada profesionaltasun-ziurtagiria lortzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza gainditu badu eta ebaluazioa positiboa izan bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Agiri horretan, gutxienez datu hauek adieraziko dira: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak.

12.– Prestakuntzaren xedea profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea bada, ikasleak egiten duen modulu bakoitza ebaluatuko da, ikasketaren emaitzak eta, horrenbestez, lanbide-konpetentziak eskuratu direla egiaztatzeko.

Ebaluazioa sistematikoki garatuko da, aldez aurreko plangintza bati egokituta, eta bertan jasoko dira, gutxienez, modulu bakoitzerako, hura egiteko aurreikusitako egunen aurreikuspena, zein tokitan burutuko den, erabiliko diren ebaluazio-tresnak eta horien aplikazioak emango duen denbora. (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu egingo dira eta aplikazio informatikoan gordeko dira.

Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien konpetentzietan eta ebaluazio-irizpideen jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, konpetentzia profesionalak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.

Konpententzia-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» diren adierazita.

Prestatzaileek dokumentu bidez islatuko dituzte txosten batean prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan ikasleek lorturiko emaitzak, eta bertan bilduko da aplikaturiko ebaluazio-tresnetan ikasle bakoitzak izandako jarduna, egindako zuzenketekin eta horietan lorturiko puntuazioekin. (LanF aplikazio informatikoan emandako ereduaren arabera).

Modulua eman eta gero, ebaluazio-akta bete beharko da LanF aplikazio informatikoaren bidez, parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitzarekin: «gai», «gai, ez egiaztagarria» o «ez gai».

Lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egiten den bitarteko ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dute prestakuntza-zentroak eta enpresak izendatutako tutoreek. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LanF aplikazio informatikoaren bitartez.

Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Egiaztapen Partzial Metagarria emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da, hura osatu badute.

Ikasleak emaitza negatiboekin bukatzen badu ikastaroa, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio eta, dagokionean, gainditu dituen prestakuntza-moduluen egiaztapen partzial metagarriak edo prestakuntza-modulu baten barruan zer prestakuntza-unitate gainditu dituen zehazten duen ziurtagiria.

Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituzten erakundeek honako datu edo agiri hauek sartu beharko dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LanF aplikazioan:

– Ikastaroa hasi aurreko 7 egun balioduneko epearen barruan:

• Ebaluazioaren plangintza, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskainiko da).

• Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, horiek zuzentzeko eta puntuatzeko dagozkien euskarriekin.

– Ikastaroa bukatu ondoko 7 egun balioduneko epearen barruan:

• Ikasleen emaitzak biltzen dituen dokumentazioa LanF aplikazioan, Lanbidek ezarritako ereduaren arabera (LanF aplikazio informatikoaren bitartez eskuratu ahalko da eredu hori).

•Ebaluazio-aktak betetzea.

13.– Dirulaguntzen prestakuntza-erakunde onuradunek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintzak, eta ezingo dute hirugarrenik azpikontratatu horretarako. Horri begira, ordea, dirulaguntza jaso duen prestakuntza-ekintza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea soilik dela ulertzen da.

14. artikulua.– Lanekoak ez diren lanbide-praktikak.

1.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea ez bada, lanekoak ez diren lanbide-praktikek ezingo dute iraun, oro har, 200 ordu baino gehiago, eta prestakuntza-ekintza amaitu osteko bi hilabeteetan hasi beharko dira gehienez. Epe hori 3.5 artikuluak dioenaren arabera baldintzatuta egongo da.

2.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada:

– Praktiken iraupena eta edukia bat etorriko dira lantokiko prestakuntza-modulu praktikoarekin, dagokion profesionaltasun-ziurtagiria arautzen dituen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoaren arabera. Enpresak iraupena eta eduki horiek nahikoa ez direla irizten badio, praktika luzatu ahalko du, lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez; hala ere, praktika biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.

– Prestakuntza-erakundeek lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa egitea aurreikusi beharko dute, ikasten ari diren moduluarekin lotutako lanetan, ikastaroetan parte hartzen duten ikasle guztientzat, salbu eta ikasleren bat urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak (Profesionaltasun Ziurtagiriak arautzen dituena) 5.bis artikuluan xedatzen dituen salbuesteko egoera batean ez badago.

– Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, aurrekoak emaitza positiboarekin gainditu badira, betiere; horrela, azken prestakuntza-modulua bukatu eta lau hilabeteko gehieneko epean hasi behar dira lanbide-praktikak. Epe hori 3.5 artikuluak dioenaren arabera baldintzatuta egongo da.

Salbuespenez eta justifikatuta baldin badago, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ahal izango du lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluekin batera egin ahal izateko. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboekin gainditu duten ikasle guztiek egin ahalko dute prestakuntza praktikoko prestakuntza lantokian, haien administrazio-egoera edozein izanda ere.

– Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, hari lotutako lantokiko prestakuntza-modulu praktikoa amaitzea ekarriko du.

– Profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza-modulua, langileak gainerako prestakuntza-moduluak egiaztatuta izan ezean.

3.– Lanekoak ez diren praktikak egiteko, enpresaren eta prestakuntza-erakundearen arteko akordio bat sinatuko da, eta akordio horren berri emango zaio praktikak egingo dituen pertsonari. Akordio horretan, hauek azaldu beharko dira: praktiken edukia, iraupena, praktikak egiteko tokia eta ordutegia, eta praktiken jarraipena eta ebaluazioa egiteko tutoretza-sistema. Praktikak hasi baino lehen, enpresako langileen legezko ordezkariei emango zaie akordio horren berri. Baldintza hori bete den egiaztatzeko, langileen legezko ordezkariek akordioari buruzko informazioa jaso dutela adierazteko agiria erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LanF aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda bat ere erantsi beharko da.

4.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, hori eragozten duten eta behar bezala justifikatutako arrazoiak daudenean izan ezik. Hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendu behar du aldez aurretik.

5.– Ikasleek ezin izango dute kontratu-harremanik izan praktikak egingo diren enpresa, instituzio edo erakunde publiko edo pribatuarekin, Lanbidek horretarako baimena eman ezean.

6.– Praktiken eguneko lanaldia ezin izango da 8 ordutik gorakoa izan.

7.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak praktiken akordioa baliozkotzea ezinbesteko baldintza da, eta hori lantokietako prestakuntza-modulua hasi aurretik egin beharko da. Hori betetzen ez bada, nahitaezko baimena ez duten praktikak baliogabetu ahalko dira.

15. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Hori eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzeaz eta prestakuntzaren emaitzez haratago doan lana da, eta kalitatea bermatzeko balio izango du. Horretarako, prestakuntza-ekintzak garatzen diren zentroa bisitatuko du eta idazki bidez jaso beharko du dirulaguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzeko beharra mantentzen dela (instalazioak, kide kopurua eta ekipamendua, baliabide didaktikoak, irakasleak...) edo, hala badagokio, zer-nolako irregulartasunak hauteman dituen, ongi zehaztuta, arazoak konpon ditzaten.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua ikastarora bi bisita egiten ahaleginduko da, gutxienez:

A) Hasieran. Bisita horretan, zeregin hauek egingo dira:

A.1.– Ikastaroaren eta haren edukien eta garapenaren inguruko datu guztien berri emango die ikasleei, baita beren eskubide eta betebeharren berri ere, eta zalantza eta kontsulta guztiak argituko ditu.

A.2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren finantzaketaren ondoriozko komunikazioa betetzen dela egiaztatuko du.

A.3.– Parte-hartzaileei beren tutoreen berri emango die, ondorio pertsonaletarako eta prestakuntza-ekintzaren kudeaketarako.

A.4.– Parte hartzen duten ikasleei prestakuntza-kontuari buruzko informazioa emango die, Nire Lanbidenet-en bidez nola eskura daitekeen erakutsiko die, eta arlo hauekin lotuta dituen erabilerak azalduko dizkie: curriculuma inprimatzea; egiaztapen-eskaerak; prestakuntzaren eta lan-esperientziaren historia; egingo duten ikastaroaren eremuan lan-merkatua nola dagoen; eta konpetentzia profesionalen arloan informazio- eta orientazio-sistema hori ulertzen eta behar bezala erabiltzen lagunduko dien beste edozein informazio garrantzitsu, horrela, bizialdi osoko ikaskuntzan erabakiak hartu ahal izan ditzaten.

B) Ikastaroaren amaieran: bisitan, zeregin hauek egingo dira.

B.1.– Ikasleei lagunduko die 16. artikuluaren A apartatuan aurreikusitako azken gogobetetasun-inkesta telematikoki betetzen, diruz lagundutako zentroak horretarako jartzen duen aretoan, eta jakinaraziko die, jasotako prestakuntzaren eragina neurtzeko, telefonoz egingo zaiela inkesta berriz ere, prestakuntza amaitu eta 6 eta 12 hilabete bitarteko epean.

B.2.– Ikasleei orientazioa emango die jasotako prestakuntzak ematen dizkien aukerei buruz eta une horretan dituzten prestakuntza-ibilbideei edo enplegu/prestakuntzako beste ekintza batzuei buruz, lan-merkatura errazago sar daitezen.

Zenbait prestakuntza-ekintza lotzearen ondorioz prestakuntza-ibilbide bat osatzen denean, aurreko kasuan bezala bermatuko da ekintza multzoa ematen ari den bitartean gutxienez bi bisita egingo direla, prestakuntza-ibilbidearen hasieran eta amaieran.

3.– Europar Batasuneko araudiak xedatzen duen moduan, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa duten prestakuntza-ekintzetan ikuskapen-bisitak egingo dira in situ, Europako funtsen parte-hartzetik eratorritako eskakizunak betetzen diren egiaztatzeko.

4.– Prestakuntza-erakundeak inskribatzea edo egiaztatzea arautzen duen araudiak ezartzen duen bezala, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztapen-bisitak egingo ditu, in situ, deialdi honetan diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen lagin batera, inskripzioa edo egiaztapena egiterakoan zentroak adierazi zituen baldintzak mantentzen diren ikusteko.

5.– Ikastaroa ematen duen zentroak, prestakuntza-ekintzaren % 25 egiten denean, ikastaroaren funtzionamendu egokiari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat beteko du LanF aplikazioan, eta egiaztatuko du homologazio-baldintzak eta Ikastaroaren Hasierako Komunikazioan adierazitakoa betetzen direla, bai eta une horretan ekintzan jarraitzen duten pertsonen kopurua ere.

16. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen babesean emandako prestakuntza-ekintza guztien kalitatea ebaluatuko du, ebaluazio-sistema misto bat baliatuz. Ebaluazio-sistema misto horrek bi iturritatik jasoko du informazioa:

A) Ikasleek betetako galdetegietatik lortutako batez besteko emaitzak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenean xedatutakoaren arabera (2009ko ekainaren 11ko BOE). Galdetegi horiek ikasleek beteko dituzte, telematikoki. Hala ere, erakundeak gela bat jarri beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasle adina ordenagailurekin, inkesta telematikoa bete ahal izan dezaten.

B) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak prestakuntza-ekintzaren bukaeran egindako bisitaldian emandako puntuak, «Prestakuntza-zentro/erakundeak emandako prestakuntzaren ebaluazioa» eredu-agiriarekin bat etorrita.

Nolanahi ere, emandako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko, sintesi-adierazle bat egin beharko da prestakuntza-erakundeak emandako ekintza bakoitzerako. Sintesi-adierazle hori aipatutako bi informazio-iturrietan lortutako emaitzetatik abiatuta aterako da, formula honi jarraikiz:

Sintesi-adierazlea = A x 0,6 + B x 0,4

A = ikasleek erantzundako galdetegietan lortutako batez besteko puntuazioa, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenak, enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak argitaratzen dituenak, ezarritako moduan.

B = Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak emandako guztizko puntuazioa, LanF aplikazio informatikoaren bidez eskura jarriko den ereduaren arabera.

17. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntza lau ordainketatan ordainduko da, horiek eskatu eta gero, honela:

a) Lehen ordainketa (prestakuntza-planari dagokion dirulaguntza guztiaren % 24,24), 2020ko ordainketa-kredituaren kargura, lehen prestakuntza-ekintza hasi dela jakinarazi ostean.

b) Bigarren ordainketa (prestakuntza-planari dagokion dirulaguntza guztiaren % 21,51), 2021eko konpromiso-kredituaren kargura, plana osatzen duten prestakuntza-ekintzen % 40, gutxienez, hasitakoan.

c) Hirugarren ordainketa (prestakuntza-planari dagokion dirulaguntza guztiaren % 30), 2021eko konpromiso-kredituaren kargura, plana osatzen duten prestakuntza-ekintzen % 70, gutxienez, hasitakoan.

d) Laugarren ordainketa, 2022ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-planari dagokion dirulaguntzaren gainerakoa, prestakuntza-ekintza guztiak amaitzean, lanekoak ez diren praktikak barnean direla, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren.

Ordainketa aurreratuen zenbatekoa, banaka edo aurreko ordainketekin batuta, 180.303,63 eurotik gorakoa bada, dirulaguntzaren onuradun den erakundeak Lanbiden aurkeztu beharko du, dagokion ordainketaren aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian zenbateko aurreratua estaltzeko bermea, abala edo fidantza eratu izanaren frogagiria.

2.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta behar du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduari jarraituz: https://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-tramite/eu/

18. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen arabera eta benetan egin dituzten eskola-orduak kontuan hartuta egingo da prestakuntza-planak gauzatzeko emandako dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa, ezarritako modulu ekonomikoei jarraituz.

Likidazioak ez du inola ere gaindituko prestakuntza-plana gauzatzeko hasiera batean onartu zen dirulaguntzaren zenbatekoa.

2.– Likidatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, ez da aintzat hartuko ezarritako epeen barruan dagokien lantokian prestakuntza praktikoaren modulua amaitu ez duten ikasleek jasotako prestakuntza.

3.– Likidazioa honela kalkulatuko da:

– A modulua 15 ikaslerekin biderkatuko da –prestakuntza egiten hasi ziren ikasleen kopurua 3.6 artikuluan ezarritako gutxieneko eta gehieneko mugen artean badago, aipatutako artikuluko b) apartatuan aurreikusitako kasua ere kontuan hartuz–, eta emandako prestakuntza-orduekin ere biderkatuko da.

– Aurrez aipatutako zenbatekoari gehituko zaio B moduluaren eta ekintzak dituen ordu kopuruaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu duten ikasleen kasuan –prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute–; eta B moduluaren eta prestakuntza-ekintzan parte hartu duten ordu kopuru errealaren arteko biderketaren emaitza, ekintza amaitu ez duten ikasleen kasuan. Ekintza bakoitza ikasle kopuru batentzat onartutakoa da, eta kalkulua muga horiek errespetatuz egingo da.

– Aurreko bi eragiketak eginda ateratzen den azken balioari % 10 gehituko zaio, zeharkako gastuei dagokiena.

Ekintzaren iraupenaren % 25 betetzean, hura hasi zuten parte-hartzaileen % 75ek jarraitzen ez duten prestakuntza-ekintzak likidatzeko, oinarritzat hartuko da ekintzak amaitu dituzten ikasleetatik ateratako A + B + C moduluen zenbatekoa. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute.

4.– Dirulaguntza jasotzen duen erakundeak prestakuntza-ekintza bakoitzeko justifikazio-memoria ekonomiko bat aurkeztu beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, LanF aplikazio telematikoaren bitartez, prestakuntza-ekintza amaitzean prestakuntza-erakundeak ikasleei buruz egingo duen azken ebaluazioa Lanbidek baliozkotu eta 15 eguneko epean, gehienez ere, honako agiri hauekin:

– Laburpen-koadro bat. Horretan jaso beharko dira ikasle bakoitzak benetan egindako eskola-orduak eta dagokien zenbatekoa, ezarritako modulu ekonomikoak eta artikulu honetan aurreikusitako irizpideak aplikatuz lortutakoa.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita, hala badagokio.

Ezarritako epeetan dagozkion agiriak aurkezten ez baditu, organo eskudunak 15 eguneko epe luzaezina emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.

19. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak. Jarraipena eta kontrola.

1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan ezarritakoez gain, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak, eta enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duen araudian zehaztutakoak.

2.– Bereziki, laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak; hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

Europako Gizarte Funtsak finantzatzen lagundutako prestakuntza-ekintzek, Europar Batasuneko araudiaren ondorioz, arlo horretan eskumena duen ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.

3.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

– Finantzatutako ekimena gauzatzeari edo bideragarria izateari buruzko edozein informazio ematea eta eskatzen zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta bidaltzea.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik dirulaguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zein baldintzatan gauzatu diren aztertzeko.

5.– Era berean, diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, kontabilitate-identifikazio bereizgarri bat edo kontabilitate-kode egoki bat baliatuta.

6.– Erakunde onuradunaren ordezkariak edo ahaldunak sinatu beharko dute, dirulaguntza onartzeko unean, izaera pertsonaleko datuei dagokien konpromisoa, datu horien tratamenduaren arduradun diren aldetik. Konpromiso hori nahitaez onartu beharko dute deialdiaren erakunde onuradun guztiek, arlo hori arautzen duen indarreko legerian ezarritako baldintzen arabera.

7.– Azkenik, erakundeak gela bat jarri beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren esku, diruz lagundutako ikastaroa amaitzen duten ikasle adina ordenagailurekin, 16. artikuluan aipatutako inkesta telematikoa bete ahal izan dezaten.

20. artikulua.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketagatik eta Europak lagundutako finantzaketagatik sortutako komunikazio-betebeharrak.

Diruz lagundutako jarduera guztietan Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzutik jasotzen duten finantzaketa berariaz adierazi beharko dute erakundeek, bai eta horien ondoriozko ekintzetan ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LanF prestakuntza-aplikazioaren bidez erakunde onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).

Prestakuntza-ekintza guztiek Europako finantzaketa jasoko dutela aurreikusita, erakundeek berariaz adierazi beharko dute Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa hori, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Komunikazio Eskuliburuan jasota dagoen EGIF logoaren bidez, sortzen diren material didaktiko guztietan nahiz bestelako materialetan, bai eta diruz lagundutako jardueren berri emateko, hedatzeko eta/edo publizitatea egiteko ekintzetan ere.

Halaber, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluaren 2. apartatuak arautzen duen zerrenda publikoan.

21. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatu den aldaketa orok ekarri ahal izango du emandako dirulaguntza aldatzea, deialdi honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira, betiere. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.

22. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, finantzaketa-iturri desberdinetatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako prestakuntza-ekintzen benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

23. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.

1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzea, eta hala badagokio, jasotako kopuruak erabat edo partzialki itzuliko dira, eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera ezarri daitezkeen berandutze-interesak eskatuko dira, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53.1 artikuluan aurreikusten diren kasuetan. Bereziki, honako hauek:

a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

b) Dirulaguntza lortzea, horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

d) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko baldintzei buruz errealitatearekin bat ez datozen datu faltsuak ematea.

e) Deialdi honen 20. artikuluan jasotako komunikazio- eta hedapen-betebeharrak ez betetzea.

f) Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.

2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

a) Ez-betetze erabatekoa: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra erabat ez betetzea emandako dirulaguntzaren % 100 itzultzeko arrazoia izango da.

Era berean, osorik bete ez dela ulertuko da diruz lagundutako ekintzak helburuen % 25 lortzen ez badu, eta horiek honela neurtuko dira: prestakuntzaren ordu kopuruaren adierazlea bider prestakuntza-ekintza amaitu duten ikasleen kopurua. Kalkulu horietarako, aintzat hartuko dira justifikatutako hutsegiteen edo lana lortzearen ondorio diren absentzia-orduak. Prestakuntza-ekintza bukatu duten ikasletzat hartuko dira gutxienez ekintzaren % 75era joan direnak; ondorio horietarako, halakotzat joko dira enplegua aurkitu dutelako prestakuntza-ekintza utzi beharrean gertatzen diren langabeak, bai eta behar bezala egiaztatutako gaixotasun edo istripuagatik uzten dutenak ere, baldin eta, azken bi kasu horietan, gutxienez prestakuntza-jardueraren % 25 egin badute.

b) Ez-betetze partziala: dirulaguntza emateko xedea edo hori justifikatzeko betebeharra hein batean ez betetzeak emandako dirulaguntza aldatzea edo hein batean itzultzea ekarriko du.

Era berean, ez-betetze partzialtzat hartuko dira kasu hauek:

– Aurreko paragrafoan aipatutako adierazlea % 25 eta % 100 bitartean betetzen bada, emandako dirulaguntza gutxituko da bete gabe utzi den ehuneko berberean.

– Deialdiaren 5.4.2 artikuluan aipatutako 45 dirulaguntza-lerro handietako batean aipatutako adierazlea helburuen % 25era iristen ez bada, lerro horretan emandako dirulaguntza itzuli egin beharko da.

– 2021eko abenduaren 31n prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzen % 70 hasi gabe baldin badago, % 70era iristeko falta den dirulaguntza-ehuneko berbera galduko da.

– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzetan, dagozkien praktikak amaitu ez dituzten ikasleen proportzioa % 70etik gorakoa bada, prestakuntza-ekintza horretarako emandako dirulaguntza itzuli egin beharko da.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntzaren enpresa edo erakunde onuradunari, ez-betetzea eragin duten gertaeren berri emateko. Era berean, egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio.

4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak ebazpena emango du.

Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epetzat joko da.

Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

24. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua.

Datu pertsonalen babesaren arloan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera honako bi xedapen hauen mende egongo da: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoa. Lortzen diren datu pertsonalak «Enplegurako eta enpleguko prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren barruan egongo dira. Jarduera horren arduraduna Lanbide da, eta haren helburua da Lanbideren eskumen diren enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, bai eta iruzurra jazartzea eta datuak estatistiketan erabiltzea ere. Lortzen diren datuak beharrezkoak dira Lanbideri emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horren eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko, datuen aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari idatzizko jakinarazpen bat bidalita (Jose Atxotegi kalea 1, 01009, Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago dago hemen: http://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/

25. artikulua.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzen gaineko erreferentziazko araudia.

Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea xede duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, arau hauek aplikatuko zaizkie: urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua, Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituena, eta urriaren 10eko ESS/1897/2013 Agindua, errege-dekretua arautzen duena, deialdi honetan ezarritako alderdi guztiei dagokienez, araudi horietan baldintza bereziak ezartzen baitira.

26. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen programa honi dirulaguntzen arloko arau hauetan bildutako oinarrizko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. Kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).

Europako Gizarte Funtsak kofinantzatuak direnez, dirulaguntza hauei xedapen hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 Erregelamendua (EB); Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 Erregelamendua (EB), Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua (EE) indargabetzekoa; ESS/1924/2016 Agindua, abenduaren 13koa, Europako Gizarte Funtsak 2014-2020 programazio-aldian diruz lagundu ditzakeen gastuak zehazten dituena, eta EAEko 2021-2027 EGIF Programa Operatiboari aplikatu beharreko bestelako arauak.

I. ERANSKINA
AURREKONTUA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
2020-2022KO ESPEZIALITATE PROGRAMAGARRIAK ETA MODULU EKONOMIKOAK
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-EKINTZAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
SINTESI-ADIERAZLEA
(Ikus .PDF)
V. ERANSKINA
ENPLEGAGARRITASUN-INDIZEA
(Ikus .PDF)
VI. ERANSKINA
LANGABEEI ZUZENDUTAKO DEIALDIETAN PRESTAKUNTZA JASO DUTEN PERTSONEN KOPURUA
(Ikus .PDF)
VII. ERANSKINA
LANDUNEI ZUZENDUTAKO DEIALDIETAN PRESTAKUNTZA JASO DUTEN PERTSONEN KOPURUA
(Ikus .PDF)
VIII. ERANSKINA
GIZARTERATZEKO ETA LANERATZEKO DIRULAGUNTZAK
(Ikus .PDF)
IX. ERANSKINA
LANERATZE-ENPRESETAN LANERATZE-PROZESUETAN DAUDEN PERTSONEN KOPURUA
(Ikus .PDF)
X. ERANSKINA
ENPLEGU-ZENTRO BEREZIETAN KONTRATATUTA DAUDEN PERTSONA DESGAITUEN KOPURUA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana