Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2020ko ekainaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2467

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 19koa, Kulturako sailburuordearena. Horren bidez, hasiera ematen zaio Zallako (Bizkaia) Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortua babes bereziko kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari, Gune Arkeologikoaren kategorian, eta espedientea jendaurrean eta interesdunen entzunaldipean jartzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bereganatu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Onartutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen. Lege horrek Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-intereseko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen ditu.

Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortuaren balio kulturalak ikusita, eta EAEko Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamena kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Zallako (Bizkaia) Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortua babes bereziko kultura-ondasun izendatzeko espedienteari hasiera ematea, Gune Arkeologikoaren kategorian, kontuan hartuta ebazpen honen I. eranskinean ezarritako mugaketa, II. eranskinean jasotako deskribapena eta III. eranskinean jasotako babes-araubide partikularra.

Espediente hau hasteak berekin ekarriko du Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortuari berehala eta behin-behinean aplikatzea babes-araubide partikularra, bai eta Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/2019 Legean babes bereziko ondasunetarako aurreikusitako araubide erkide eta espezifikoa ere.

Bigarrena.– Zallako (Bizkaia) Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortua, Gune Arkeologikoaren kategorian, Babes Bereziko Kultura Ondasun deklaratzeko hasitako espedientea jendaurrean jartzeko aldiari hasiera ematea, I. eranskinean agertzen den mugaketan oinarrituta, II. eranskineko deskribapena kontuan hartuta eta babes-araubide partikular gisa III. eranskinean agertzen dena ezarrita. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, 20 eguneko epea egongo da alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82. eta 83. artikuluetan jasotzen denari jarraikiz. Aipaturiko espedientea Euskal Kultur Ondarearen Zentroan dago ikusgai (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).

Hirugarrena.– Zallako Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari jakinaraztea prozedura hau hasteak eten egiten dituela, ondasun higiezinen kasuan, eremu babestuetan partzelatzeko, eraikitzeko edo eraisteko lizentziak, bai eta lehendik emandako lizentzien ondorioak ere, babes-araubidean ezarritakoaren arabera. Finkan ezinbestean obraren bat egin beharko balitz, Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eskuratu beharko litzateke derrigorrean.

Laugarrena.– Espedientea izapidetzen jarraitzea indarrean diren xedapenen arabera.

Bosgarrena.– Ebazpen honen berri ematea Zallako Udalari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko Sailari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari ere.

Seigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jendeak haren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 19a.

Kulturako sailburuordea,

JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

Ikerketa arkeologikoen egoera aurreratuta dagoenez, nahiko modu zehatzean muga daiteke Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa, eta hor sartzen dira, bizitzeko eginda dauden egiturez eta inguruko babesaz gain (harresia eta hobia), bertako biztanleek harresiz kanpo egiten zituzten jardueretarako lursaila ere.

Mugaketa hori, neurri handi batean, lursaila osatzen duten lerro naturaletara egokitzen da. Horrela, iparraldera ematen duen itxitura-lerroa, E-M lerroa, lursailak alde horretan duen berezko ebakidura edo desnibel handia izango da. Hain zuzen ere, garai hartako biztanleek arrazoi horrexegatik aukeratuko zuten tokia bizileku gisa. 290 metroko sestra-kurba izango da muga geografikoa, eta eremuaren barruan geratuko dira mailakatutako bi terrazak, hareharria erauztearen ondorioz sortutakoak (harrobi gisa). Hareharria, hain justu, harresia egiteko erabili zen, bai eta inguruan ugariak diren errotetarako ehotarriak egiteko ere.

Hegoaldetik, muinoaren oinarritik gora egingo luke mugaketak (pisten bidegurutzetik hasita), oraingo bideari iparralderantz jarraituz, lehen aipatutako E-M lerroaren luzapenarekin bat egin arte.

Zirkulua aipatutako bidegurutzetik ekialderantz itxiko litzateke, muinoa inguratzen duen bideari jarraituz, E-M lerroaren 290 metroko luzapenarekin topo egin arte. Kasu horretan, bidea mugaketatik kanpo geratuko litzateke.

Gaur egun, eremu horretan ez dago landaketarik, salbu eta ipar-ekialdeko muturrean eta iparraldeko zein ekialdeko maldan dauden zuhaitz gutxi batzuk.

Multzoaren mugak errazago identifikatu ahal izateko, planoa gehitu da eranskin honetan.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA, BALORAZIO KULTURALA ETA IRISGARRITASUN-NEURRIAK

II. Burdin Aroko herrixka da, izena ematen dion mendian kokatua (Zallako Bolunburu mendian, alegia), 320 metroko altueran. Irtengune natural baten gainean dago, baina iparraldetik ezin da hara heldu, moztuta dagoelako. Ondorioz, gainerako mugetaranzko babesa dauka (mendebaldetik, hegoaldetik eta ekialdetik), hesiarekin edo harresiarekin. Obra exentua da, hareharriz egindakoa, eta ekialdean dagoen sarrera monumental batetik baino ezin da hara sartu.

Nabarmentzekoa da duen babes-horma sendoa, herrixkaren hegoaldeko fatxada ere badena. 153 metroko luzera du, eta, gaur egun, 2 metroko altueraraino ikus daiteke (jatorrizkoa, gutxienez, 4 metrokoa ere izango zen). Estratifikazio natural tabularreko hareharria erabiliz dago eginda, hezurrean finkatuta, luze-zeharkako kokapenaren eskemari jarraituz (luzearen nagusitasun argiarekin), zenbait tamainatako piezak txandakatuz, ilara erregular samarretan. Bi horma-atal ditu, barrualdean harrizko betegarriarekin, eta obrak 3 metro arteko lodiera du. Kanpoko zulo bat du, harresiarekiko paraleloa, substratu naturalean hondeatua eta V formako sekzioarekin. 2,5 metroko zabalera du, eta 1,30 metroko sakonera, gehienez.

Esparruaren barruan, bizitokien egiturak identifikatzeko aukera ematen duten aztarna urriak ikus daitezke, batez ere material galkorrez eginak (egurra eta bergamazoa). Harria, berriz, gutxi erabiltzen zen oinarrian eta supazterrean. Egitura horiek egin aurretik, mendi-hegala egokitu behar izan zuten, gaur egun ikusgai dagoen terraza sortuz, eta terraza horren gainean kokatuko zituzten etxebizitzak. Harresia aprobetxatu zuten lehenengo etxe-lerroaren atzeko itxitura gisa; hain zuzen ere, gure espazio-eremuan, askotan erabiltzen zen eredu hori kronotipologia honetako herrixketan.

Bi etxe-lerro ikus daitezke. Etxe txikiak dira, elkarri atxikiak, mehelinak partekatzen dituztenak, eta ardatz edo kale baten alde batean eta bestean ordenatutakoak. Aztarnategi erromatarrek ondorengo faseetan garatuko duten hirigintzaren lehen zantzuak daude hemen.

Esan beharra dago, era berean, inguruan (iparraldeko mugan) harrobi bat dagoela, eta, itxura guztien arabera, harresi bikain hau eraikitzeko harria handik aterako zuten. Harrobiak beste hareharri berezi bat ere ematen du: aleetarako ehotarriak egiteko erabiltzen dena, hain zuzen ere. Ehotarri horietako asko berreskuratu egin ziren, eta, horri esker, aztarnategi hau aurkitu eta tipifikatu ahal izan zen, ordura arte ezezaguna baitzen.

Nabarmentzekoa da zeinen aurreratuta dagoen gotorlekuaren egituraren berreraikuntza-lana, oinarri zientifikoz egindakoa. Harresiaren obra ia erabat altxatu dela ikus daiteke. Hain zuzen ere, obra hori bere jatorrizko kokalekutik oso urrun egin zen. Era berean, herrixka barruko eta kanpoko hainbat lekutan, egurrezko egiturak ikus daitezke, tokiari buruzko azalpen-panelekin.

Euskal Autonomia Erkidegoko aztarnategi arkeologiko bikainenetakoa da hau. Ez soilik informazio-iturria delako ikerketa historikorako, baizik eta, gainera, egiturek nahiko kontserbazio-maila ona dutelako. Egitura horiek, neurri handi batean, ikusgai ere badaude.

Bigarren Burdin Aroan altueran egindako Euskal Autonomia Erkidegoko herrixka urrietako bat da. 4.000 m2-ko azalera du, eta, horietatik, etxebizitzek 920 m2 eskas hartzen dute.

Gainera, kantauriar kastroen antzeko okupazio-eredua du: terraza estu bat etxebizitzekin batera dagoen harresiarekiko paraleloan, zenbait gorabehera topografiko eta kulturaletara egokitua. Hala ere, Ebro haranetik gertuago dauden eredu kultural protourbanoetako zenbait ezaugarri ere baditu, eta horrek gune honen interesa areagotzen du: etxeen antolaketa mehelinak partekatuz; zirkulatzeko eta etxebizitzetara sartzeko gune bat, eta beraien arteko espazio komunak, plazatxoen modukoak; eta, batez ere, ertz askoko oinplanoan egindako etxebizitzak, Kantauriko herrixketan ez direnak hain ohikoak (izan ere, herrixka horietan, oinplano zirkularra edo oboidea izaten da nagusi).

Ohikoa baino txikiagoa denez, errazagoa da duen balioa nabarmentzea; izan ere, harresiak eta babes naturalek erabat mugatzen dute, eta, gaur egun, perimetro osoan ikus daiteke (bi fase sumatu dira). Nabarmentzekoa da, era berean, harresiaren inguruan eta paraleloan dagoen hobia.

Ez da aurkitu elementu degradatzailerik mugaketaren barruan.

Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortua inguru natural batean dago, eta mendiko orografia du. Tokiaren kokapenak eta bertara heltzeko zailtasunak (ezaugarri horiek orduko biztanleek aukeratu eta sustatu zituzten) zaildu egiten dute monumentuaren irisgarritasun fisiko unibertsala, eta ez zaie kalterik egiten ingurumen-, natura- edo ondare-balioei. Muinoaren oinarriraino heltzeko modu bakarra lur orotako ibilgailua da. Guneari balioa emateko egiten diren proiektuetan, informazioa eskuratzeko moduak unibertsala izan beharko luke. Hala ere, gaian adituak diren tokiko edo lurraldeko eragileek eta elkarteek parte hartu behar dute toki honi balioa emateko proiektuetan, betiere ondare-balioei kalterik egin gabe. Modu horretan, tokiaren aukerak aztertuko dituzte eta horren arabera jokatuko dute.

III. ERANSKINA
BABES-ARAUBIDE PARTIKULARRA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortuaren Babes Bereziko Gune Arkeologikoak bere mugaketaren barruan hartzen dituen gune, aurkikuntza, egitura eta eraikuntza guztiei aplikatuko zaie babes-araubide hau. Aipatutako gunea Zallako udalerrian dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan.

2. artikulua.– Izaera loteslea.

Babes-araubide hau Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 12. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera idatzi da. Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatzeko izapidearen parte da, eta loteslea da hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-antolamenduko tresnei dagokienez, lege horren 47.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. artikulua.– Babes-maila.

Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoari Babes Bereziko maila eman zaio, EAEko ondare-balio bikainak dituelako, Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legearen 8.1 artikuluak adierazten duen moduan. Hauek dira:

1.– Burdin Aroaren lekukotza bakarrenetakoa da Bizkaian; izan ere, garai horretako monumentuak egon badauden arren, ez dira asko ere.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen bigarren Burdin Aroko altuerako herrixka urrietako bat da, eta ikerketa sakona egin da horri buruz.

3.– Okupazio-eredu honek kantauriar kastro askoren eskema du, baina konplexutasun handiagoko elementu protourbanoetara garamatzaten ezaugarriak ditu.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden gehienen aldean dimentsio txikiak dituenez, errazago eman dakioke balioa eta errazago gizarteratu daiteke, hori egitea beharrizan argia da eta.

5.– Egitura-mota ugari ditu: defentsakoak (harresiak), urbanistikoak, ekonomikoak eta industrialak (ganaduarentzako larreak, harrobi posiblea eta abar), eta horrek aukera ematen du garai hari buruzko azterketa integrala egiteko eta horri buruzko ezagutza handitzeko.

4. artikulua.– Hirigintza-, lurralde- eta ingurumen-plangintza egokitzea.

Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa Babes Berezikotzat hartuko da Zallako udalerriko planeamendu-tresnen Kultura Ondarearen Katalogoetan. Era berean, planeamendu-tresna horiek, eremu horren antolamenduari dagokionez, egokitu egingo dira babes-araubide honetan mantentze eta babes zuzenerako berariaz zehazturiko ezaugarrietara. Nolanahi ere, horiek onesteko, Eusko Jaurlaritzan Kultura-ondare gaietan eskumena duen sailaren aldeko txostena beharko da.

Planeamendu-tresnak kultur ondasun honen babes-araubidea eratu baino lehenago idatzitakoak badira, moldatu egin beharko dira, baldin eta babes-araubide honek araututako babes-neurriekin bat ez badatoz edo babes-neurrien aurka egiten badute.

II. KAPITULUA
ERABILERA ETA JARDUEREN ARAUBIDE OROKORRA

5. artikulua.– Irizpide orokorra.

Oro har, eta aurrez zehaztutako babes-mailaren arabera, eremu honetan jarraitu beharreko irizpidea da ez baimentzea aztarnategi arkeologikoa arriskuan jarri edo honda dezakeen erabilerarik eta jarduerarik, ez bakarrik higiezinen hondakinak suntsitzeari dagokionez (ikus daitezkeenak zein lurpean ezkutatuta daudenak), baizik eta gordailu arkeologikoaren ordena historikoa alda dezakeen edozein jarduketa ere.

Aurretik adierazitakoarekin bat etorriz, eremu honetan baimendutako erabilerak zientifikoak eta kulturalak izango dira soilik, eta planteatutako esku-hartzeak soilik izango dira ingurua finkatzekoak, kontserbatzekoak eta/edo zaharberritzekoak eta balioa ematera bideratutakoak, bai eta Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legearen 64. artikuluan aipatutakoak ere.

Babes-araubide honetan zehazten diren erabilerak eta jarduerak baino ez dira onartuko. Ezarritako babesaren aurkako erabilera eta jardueratzat joko da araubide honetan adierazten ez den erabilera eta jarduera oro.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzan kultura-ondare gaietan eskumena duen sailak berariaz eta aldez aurretik baimenduta, eta betiere babes-araubide honetan xedatutakoaren mendean, beste erabilera eta jarduera batzuk onartuko dira, lurra iraultzen ez bada eta babestutako guneko aztarna arkeologikoak errespetatzen badira.

6. artikulua.– Baimendutako esku-hartzeen araubidea.

5. artikuluan baimendutako esku-hartzeak jarraian adierazten den moduan ulertu beharko dira, eta, nolanahi ere, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 34. artikuluan (bereziki 1., 4. eta 5. apartatuetan) eta 35., 37. eta 38.3 artikuluetan ezarritakoa errespetatu beharko da. Artikulu horietan, mota honetako aztarnategietan esku-hartzeak egiteko irizpide orokorrak eta baldintza orokorrak ezartzen dira:

6.1.– Euskal Kultura Ondareari buruzko 6/1990 Legearen 64. artikuluan aipatutako esku-hartze arkeologikoak.

Ezinbestekoa da aurrez pentsatutako plan baten bidez lan egitea, eta aurki daitezkeen hondakinen gaineko jarduketa-aurreikuspenak jasotzea plan horretan.

6.2.– Zaharberritzea.

Inoiz ezin izango da zaharberritzeari buruz hitz egin, aldez aurretik ez bada zaharberritu nahi denari buruzko azterketa zehatzik egin, horretarako metodologia arkeologikoa aplikatuz. Azterlan horrek multzoaren berreraikuntza zehatza eta balioztatzea ziurtatuko duten oinarriak eta irizpideak ezarri beharko ditu, haren eraikuntza- eta okupazio-historiaren arabera (azterketa eta ikerketa horren emaitza gisa). Gainera, ez du kanpoko irizpiderik ezarriko.

Interes eta kontserbazio-maila handia duten aztarnategi-zatiak zaharberrituko dira, horien azterketa arkeologikoa amaitu ondoren. Zaharberritze-prozesu oro aztarnategiari balioa emateko programa global baten barruan sartuko da. Horretarako, gaian adituak diren pertsonak egongo dira zuzendaritza-taldean, eta horien artean arkeologia-arloko profesionalak, erabakigarriak izango direnak jarduerak arautuko dituzten irizpideak ezartzeko orduan.

Erabilitako teknikak eta materialak edozein direla ere, horien bitartez aztarnategian aplikatutako tratamenduak itzulgarriak izango dira, eta ez da horren aztarnarik geratuko.

Multzoko parteren bat apurtzen bada, berreraiki ahal izango da, baldin eta hori egitea beharrezkotzat jotzen bada multzoa ulertu eta interpretatzeko; hala ere, berreraikitze-mailak ez du multzoaren ikuspegia menderatuko. Nolanahi ere, berreraikuntzak fidela izan beharko du jatorrizko egiturarekiko, azterketa arkeologikoak ezarritako jarraibideen arabera. Hain zuzen ere, azterketa horrek berreraiki beharreko zatiari buruzko informazio zehatza eta sinesgarria eman beharko du, bai eta horretarako irizpideak ere. Ahal dela, jatorrizko materialak berrerabiliko dira, edo, bestela, kolorez, formaz, egituraz eta abarrez antzekoak diren materialak. Hala ere, jatorrizko egituraren zatia eta berreraikia argi bereiztea izango da errespetatu beharreko arau nagusia, horretarako bi aldeen arteko bereizketa egiten duen kolore desberdineko materiala erabiliz (adibidez).

6.3.– Finkapena eta kontserbazioa.

Aztarnategi arkeologikoetako egiturak, materialak eta abar (harresia, eraispeneko elementuak, hobia, betegarria, bizitokietako egituren hondarrak, hormak, zutoin-zuloak, materialak eta abar) babesteko egiten diren jarduketa, tratamendu eta esku-hartzerik berehalakoenak dira, aipatutako elementuak finkatzeko eta sendotzeko egiten direnak, ez daitezen hondatu, hobeto ikus daitezen, eta beraiei buruzko ulermena eta zabalkundea ahalbidetu dadin. Batez ere, ikuspuntu historiko-arkeologikotik esanguratsuak diren egiturei aplikatuko zaie.

Finkapenerako eta kontserbaziorako programak sustatu beharko dira, aztarnategian egin beharreko jarduerak artikulatzeko. Modu horretan, aztarnategia zainduta egongo dela bermatuko da, babes-araubide honen babespeko edozein jarduera egiten den bitartean eta egin ondoren.

Programa horiek gaian adituak direnek artikulatu beharko dituzte, arkeologiako profesionalen aholkularitzarekin betiere. Era berean, prozesu horiek itzulgarriak izango dira beti. Nolanahi ere, 6/2019 Legearen 68.2 artikuluaren arabera, finkatzeko, zaharberritzeko edo balioa emateko proiektu orok dagokion foru-aldundiaren baimena izan beharko du.

7. artikulua.– Eraikuntzakoak ez diren erabilera eta jarduera baimenduak.

7.1.– Jarduera zientifikoak, eta hondakinak «in situ» mantentzea.

Aztarnategian mugimenduak dakartzaten jardueren artean, ikerketa zientifikora bideratutakoak baino ez dira onartuko, eta, nolanahi ere, lan horiek egiteko Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak baimendutako proiektua izan behar da aldez aurretik. Aurretiazko proiektuaren eta egindako esku-hartzeari buruzko memoriaren edukiak Bizkaiko Foru Aldundian kultura-ondarearen eskumena duen zerbitzuak ezarri beharko ditu, kasu bakoitzaren premiak eta ezaugarriak kontuan hartuta.

Eremu horretako jarduera zientifikoek (indusketa arkeologikoak, azterketak, ikerlanak, etab.) aztarnategia bere osotasunean barnebilduko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzeko lagungarriak izan beharko dira, haren balioa agerian jartzeko. Hortaz, eremu horretan edozein jarduera eginez gero, garbi izan beharko da metodologia arkeologikoaren bidez aurkitutako aztarna arkeologiko higiezinak agertu diren toki berean babestu beharko direla.

Aztarnategi honen zoruan eta zorupean edozein esku-hartze egiteko, arkeologo baten koordinazio-lana beharko da. Haren gaitasun profesionala Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak lana baimendu baino lehen egiaztatu beharko da. Esku-hartzearen proiektuarekin batera, esparru naturala eta hango aztarna arkeologikoak modu egokian kontserbatzeko beharrezkoak diren lanak adieraziko dira beti, bai eta lan horien egutegia eta aurrekontua ere. Baldintza horiek bete ezean, jarduketa-proiektuak ez du baimenik jasoko.

Multzoaren hondakinak finkatu eta zaharberritzeko proiektuak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak baimendu ditzan, arkeologo batek eta zaharberritze-lanetako profesional batek sinatu beharko dituzte. Hain zuzen ere, arkeologo horrek koordinatuko ditu lanak, eta zaharberritze-lanetako profesionala, material-mota hauei aplikatutako tekniketan aditua izango dena, arduratuko da kasu bakoitzerako egokienak diren tratamenduak ezartzeaz.

Proiektu horrek, nolanahi ere, azterketa zehatza jasoko du honako gaiei buruz: esku-hartzearen xede izango diren egiturak edo hondakinak, zein esparrutan dauden sartuta, kontserbazio-arazoak, agente degradatzaileak eta abar. Analisi horretatik abiatuta, tratamendurik egokienak ezarriko dira garbiketarako, finkapenerako eta epe luzera mantentzeko. Nolanahi ere, tratamenduen itzulgarritasuna bermatuko da. Gainera, kaltetutako egituraren zatiak berritzerakoan, ahalik eta berrikuntza txikienak egin beharko dira, epe luzera zati horiek zainduta eta kontserbatuta egongo direla bermatzeko bestekoak.

Aztarnategiari balioa emateko proiektuek haren iraunkortasuna bermatu beharko dute, aztarnategiaren eta bertako instalazioen kontserbazio-egoerari buruzko urteroko eta gutxieneko jarraipen-programa baten bidez. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren ardura izango da berme horiek eskatzea, esku hartzeko baimena eman aurretik. Hain zuzen ere, esku-hartzea egingo duen administrazioari edo erakunde pribatu edo publikoari eskatu beharko dizkio bermeak.

7.2.– Kultura-jarduerak eta aztarnategiaren zabalkundea.

Kultura-jarduerak egin eta sustatu ahal izango dira, aztarnategiko hondarrak kontserbatzearekin uztartu badaitezke eta, horien bidez, tokiaren eta bertako ondareari buruzko ezagutza hedatzen bada. Babestutako eremua kultura-ibilbideetan sartu ahal izango da eta, horretarako, bisitariak hartzeko egokituko da: ondasuna sendotzeko egitasmo xumeak egingo dira, kartelak jarriko dira, egitasmoen berri emateko modu egoki eta ulergarriak erabiliko dira, guneko elementuren bat edo beste berreraikiko da, eta abar.

Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoaren mugen barruan jarduera kulturalak egiteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena izatea, ekintza hori aztarnategiaren kontserbazioarekin uztargarria dela bermatzeko. Horretarako, arkeologia arloko profesional batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.

7.3.– Basoaren eta landareen erabilerak.

Gune Arkeologikoan zuhaitz gutxi dauden arren, eskuz egin beharko dira zuhaitzen gaineko jarduera guztiak, makineria astunik sartu gabe. Mozketa sustraiak erauzi gabe egin beharko da, motzondoak bere horretan utzita. Era berean, ezin izango da pista edo biderik sortu baso-lanetarako, ezta bestelako lanetarako ere.

Gorabehera horiek guztiak aldez aurreko proiektu batean zehaztu beharko dira. Nolanahi ere, jarduera egiteko, arkeologia arloko profesional batek hartu beharko du parte, eta berak gainbegiratu beharko ditu beti lurra ateratzeko lanak.

Jarduera horien guztien berri eman beharko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari, eta sail horrek eman beharko du horretarako baimena, hala badagokio.

7.4.– Aztarnategira heltzeko pistak eta itxitura.

Debekatuta dago Gune Arkeologikoaren barruan pistak irekitzea. Harresiko atera heltzeko dagoen pista baino ez da baimenduko. Gainerako pistak eta barruko bideak itxi eta berreskuratu egingo dira.

Edozein motatako ibilgailuak, motordunak zein ez, debekatuta daude, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuak berariazko baimena eman ezean. Segurtasun, zaintza, sute eta espazioa (kulturala eta naturala) kontserbatzeko beharrengatik baino ez da baimenduko bertara sartzea.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuak aztarnategia ixteko eta fisikoki mugatzeko aukera posiblea baloratuko du.

Debekatuta dago seinaleztapen-elementu edo azpiegitura berriak jartzea (mugarriak, banderak, seinaleak, postontziak eta abar), baldin eta beraien helburua ez bada ondarea babestea edo balioestea.

7.5.– Teledetekzioko aparatuak.

Monumentu-multzo honen esparru mugatu osoan, berariaz debekatuta dago metalen detektagailuak edo teledetekziorako edo bilaketarako beste edozein gailu erabiltzea, izan ezkutukoak, eskuzkoak, mekanikoak edo elektronikoak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren baimenik gabe. Lagin bidezko prospekziotzat hartuko dira, eta soil-soilik baimenduko dira Gune Arkeologikoaren azterketa globaleko proiektu baten parte badira. Bizkaiko Foru Aldundiko arkeologia-zerbitzu teknikoen txostena eduki beharko dute, eta arkeologia arloko profesional batek zuzendu beharko ditu beti.

8. artikulua.– Eraikuntzakoak ez diren erabilera eta jarduera baimenduak.

Eraikuntza arloko erabilera eta jarduerei dagokienez, soil-soilik baimenduko dira ingurua babestea helburu dutenak, bai eta ikerketa edota zabalkunde kulturalerako bideratuta dauden eta horretarako beharrezkotzat jotzen diren eraikinak eta instalazioak ere. Ahal den neurrian, gune arkeologikotik kanpo jarriko dira. Soil-soilik baimenduko dira, baldin eta aztarnategia ikertzeko eta balioztatzeko proiektu global batek (eskumena duen teknikari arkeologo batek sinatuta) egokitzat eta beharrezkotzat jotzen badu. Nolanahi ere, hori egin aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiak eman beharko du baimena.


Azterketa dokumentala