Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2020ko ekainaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2465

EBAZPENA, 2020ko martxoaren 27koa, Osasuneko sailburuordearena, honako ebazpen hau aldatzen duena: Ebazpena, 2019ko abenduaren 30ekoa, Osasuneko sailburuordearena, 2019ko ekitaldian droga-mendekotasunak prebenitzeko udal taldeak mantentzeko dirulaguntzak ematen dituena.

Osasuneko sailburuaren 2019ko uztailaren 3ko Aginduaren bidez, 2019ko ekitaldian droga-mendekotasunak prebenitzeko udal taldeak mantentzeko dirulaguntzen deialdia egin zen.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak aztertu eta ebaluatu zituen aurkeztutako eskabideak, Osasuneko sailburuaren 2019ko uztailaren 3ko Aginduaren 9.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea eta gainerako arau-xedapen orokorrak eta horiekin bat datozenak ikusita, 2019ko abenduaren 30ean, Osasuneko sailburuordeak ebazpena egin zuen. Ebazpen horrek, aurrekontu-mugetara egokituta, 2019ko ekitaldian droga-mendekotasunak prebenitzeko udal taldeak mantentzeko dirulaguntzak zehazten zituen.

Ebazpen hori erakunde onuradunei jakinarazi zitzaien, eta, 2020ko urtarrilaren 16an, Amorebieta-Etxanoko Udalak, laguntza-deialdi honen onuradunak, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen, behar bezala eta epean. Errekurtso horretan, egoki iritzitako alegazioak eginez, emandako dirulaguntzaren esleipena berrikusteko eskatu zuen.

Amorebieta-Etxanoko Udalak alegatutakoa aztertu ondoren, Osasuneko sailburuaren 2020ko martxoaren 11ko agindua eman zen. Agindu horren bidez, aipatutako Udalak jarritako gora jotzeko errekurtsoa onartu zen, eta Osasun Sailburuordetzari eskatu zitzaion benetan dagokien zenbatekoa ordain zezala.

Amorebieta-Etxanoko Udalak jarritako gora jotzeko errekurtsoa baiestearen ondorioz, eta aginduaren 11.2 artikulua kontuan hartuta («II. kapituluan aurreikusitako laguntzei esleitutako baliabide ekonomikoen zuzkidura ez bada nahikoa eskaerei erantzuteko, 18. artikuluak ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoan, edo eskatutako zenbatekoan baldin eta txikiagoa bada, zuzkidura hori eskaeren artean banatuko da, funts nahikorik balego egokituko litzaiekeen zenbatekoan»), Osasuneko sailburuordearen 2019ko abenduaren 30eko Ebazpena aldatu behar da, toki-erakunde onuradun guztiei emandako laguntzen zenbatekoei dagokienez.

Horregatik guztiagatik, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluaren 5. paragrafoan xedatutakoaren arabera, eta Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

1.– Osasuneko sailburuordearen 2019ko abenduaren 30eko Ebazpenaren I. eranskina aldatzea. Ebazpen horren bidez, 2019ko uztailaren 3ko Aginduan aurreikusitako dirulaguntzen deialdiaren II. kapitulua ebazten zen. Agindu horren bidez, droga-mendekotasunak prebenitzeko udal taldeak mantentzeko dirulaguntzak ematen ziren, laguntza hau jasotzen duten toki-erakunde guztiei emandako zenbatekoak doitzeko, Amorebieta-Etxanoko Udalak jarritako gora jotzeko errekurtsoa onartu ondoren.

2.– Ebazpen honen II. eranskinean zehazten diren bigarren ordainketetan doituko dira zenbatekoak, eta, Laguntzen Aginduaren 18.3 artikuluan ezartzen den bezala, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak erakunde onuradunek bidalitako justifikazioari oniritzia eman ondoren egingo dira.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 27a.

Osasuneko sailburuordea,

IGNACIO JESÚS BERRAONDO ZABALEGUI.

I. ERANSKINA
TALDE TEKNIKOAK MANTENTZEKO EMANDAKO DIRULAGUNTZEN ALDAKETA 2019
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
TALDE TEKNIKOAK MANTENTZEKO EMANDAKO DIRULAGUNTZAK 2019 (2. ORDAINKETA)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala