Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2020ko ekainaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2463

AGINDUA, 2020ko ekainaren 8koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Vitoria-Gasteizko udalerriko Zabalganan 42 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko prozesuari.

GERTAKARIAK

Lehenengoa.– Etxebizitza hauen esleipen-prozedurak Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen duenari jarraituko dio. Izan ere, horrela ezartzen du Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluak. Aipatutako 2012ko urriaren 15eko sailburuaren Aginduak aldaketak izan ditu (batik bat alokairuko etxebizitzen esleipen prozedurari dagokion atalean), 2020ko urtarrilaren 20ko EHAAn argitaratu zen dekretuak eraginda (210/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, Kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa).

Bigarrena.– 2008ko abenduaren 30ean, Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontroleko zuzendariak babes ofizialeko etxebizitzen behin-behineko kalifikazioa eman zion (behin betiko kalifikazioa 2014ko urtarrilaren 15ean emana), Vitoria-Gasteizko Zabalganako «Elejalde» 4.2 sektoreko M-6 lursailean kokatutako 314 etxebizitzetako sustapenari. Sustatzailea Visesa zen eta espediente zenbakia EB1-0773/08-LC-000. Ezarritako erabilera eta lagapen-araubidea azalera-eskubidea izan zen. Dena dela, 2014ko urriaren 6an Eusko Legebiltzarrak legez besteko proposamen bat onartu zuen, besteak beste, Eusko Jaurlaritzari honako hau eskatzeko: Alokabidek kudeatzen duen alokairu sozialeko etxebizitza parke publikoan 12 hilabete baino gehiago esleitu gabe daramaten erosketarako eraikitako etxebizitzak sartzea. Zabalganako sustapen honek baldintza horiek betetzen zituen.

Arestian aipatutako guztia kontuan hartuta, Etxebizitza Sailburuordetzak sustapena alokairurako erabiltzea proposatu zuen. Esleipen-prozedura bi alditan gauzatzea erabaki zen kudeaketa errazte aldera. Lehengo fasea 2015eko abenduaren 9ko Aginduaren bidez esleitu zen (Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Vitoria-Gasteizko udalerriko Zabalganan 179 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta 2010eko maiatzaren 10eko Agindua ezeztatzen duena) eta bigarren fasea 2016ko urriaren 25eko Aginduaren bidez esleitu zen (Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Vitoria-Gasteizko udalerriko Zabalganan 135 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena).

Hirugarrena.– 2015eko abenduaren 9ko Aginduaren bidez (Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Vitoria-Gasteizko udalerriko Zabalganan, 179 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta 2010eko maiatzaren 10eko Agindua ezeztatzen duena), 82 etxebizitza gorde egin ziren behar bereziak asetzeko. Gorde ziren etxebizitzak behin behineko kalifikazioan 136. zenbakitik 189. zenbakira doazen eta 266. zenbakitik 293. zenbakira doazen etxebizitzak dira. Etxebizitza horietatik 75 hiru logelakoak dira eta 7 lau logelakoak.

Laugarrena.– 2015eko abenduaren 9ko Aginduaren bidez gorde ziren etxebizitzetatik 42 etxebizitza ez dira erabili behar bereziak asetzeko, batik bat uste baino errefuxiatu gutxiago etorri zirelako EAEra epe hartan; izan ere gizatalde horri emateko gorde ziren aipatu etxebizitzak. Gauzak horrela, Agindu honen bitartez M-6 lursaileko 4-7 sektoreko behin behineko kalifikazioan 174tik 189ra zenbakiak hartu duten etxebizitzen esleipen-prozedura arautuko da, M-6 lursaileko 4-11 sektoreko behin behineko kalifikazioan 268. eta 269. zenbakiak hartu duten etxebizitzena, eta amaitzeko, kalifikazioa 267. zenbakia eta 166. zenbakia hartu duten etxebizitzen esleipen prozedura ere Agindu honen bidez arautuko da.

Bosgarrena.– Esleitzeko diren 42 etxebizitza hauetatik 35 hiru logelakoak dira eta 88,05 m2 eta 90,00 m2 arteko azalera dute, gainerako 7 etxebizitzak lau logelakoak dira eta 103,05 m2ko azalera dute. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da. Etxebizitza hauek kupotan bananduko dira seigarren ebazpenean ezartzen den bezala.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari dagokio Agindu hau xedatzea, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen denaren arabera; eta, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 48. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (2012ko urriaren 15eko Agindua Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokia esleitzeko prozedurei buruzkoa da, eta, aurrerantzean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Agindua izango da).

Bigarrena.– Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko abenduaren 9ko Aginduak esaten du, hirugarren erabakian, esleipen-prozeduratik kanpo gelditutako etxebizitzak gordetako helbururako erabiliak izango ez balira, Arabako Etxebizitzako lurralde-ordezkariak esleituko dituela. Lehenik eta behin, dio, eskubide subjektiboko onuradunen artean; eta, bigarren momentu batean, etxebizitzak hutsik geratuko balira, esleipen prozedurako itxaron zerrenda hartuko dela kontuan. Eta zehazten du etxebizitza horietako bat lau logelatakoa izango balitz, eskubide subjektiboko onuradun diren gutxienez 5 kideko bizikidetza-unitateei esleituko zaiela; kide kopuru hori mugatugabea izanik baldin eta gainokupazioa ematen ez bada. Horrelako bizikidetza-unitaterik ez balego, edota horien artean 4 logelatako etxebizitza guztiak esleituko ez balira, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluan jasotako baremoa aplikaturik lortutako puntuazio-ordenari jarraituta esleituko direla ere esaten du.

Edonola ere, ikusirik behar berezietarako erabili ez diren etxebizitza kopurua; kontuan hartuta aipatu esleipen prozeduratik sortutako itxaron-zerrendak iraungita daudela denboraren poderioz; eta jakinda esleipen prozedurarako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduan aldaketak izan direla, abenduaren 26ko, 210/2019 Dekretuaren azken xedapenetako zazpigarrenak eraginda, egokia da etxebizitza hauen esleipen prozedura araudi berria jarraiturik egitea ondorengo paragrafoetan azaltzen den bezala.

Hirugarrena.– Abenduaren 26ko 210/2019Dekretuak (Kreditu-erakundeen eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren arloko finantza-lankidetzakoa, eta etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak aldatzekoa) azken xedapenetako zazpigarren artikuluko 4. Puntuan 2012ko urriaren 15eko Aginduaren II. tituluko III. kapitulua aldatzen du zeinak arautzen baitu babes ofizialeko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien esleipen-prozedura. Aipatu Dekretuak 2012ko urriaren 15eko Aginduan 47 bis artikulua txertatzen du eta, bertan esaten denez, sustapen guztietan –kolektibo jakin bati berariaz bideratutako autonomia-erregimeneko zuzkidura-bizitokien kasuan salbu–, etxebizitza kupo batzuk gordeko dira honako kolektibo hauen premiei erantzuteko: elbarritasun fisikoa duten pertsonentzat, 36 urtetik beherako pertsonentzat (adin horretatik beherako gutxienez kide bat duten bizikidetza-unitateak barne), etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonak, etxebizitza-premia berezia duten pertsonak, gainerako eskatzaileak edo kupo orokorra. 47 bis artikuluko 5. puntuan aipatzen diren ehunekoak errespetatu behar dituzte kupoek sustapen bakoitzeko.

Laugarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluak egungo erredakzioan esaten du etxebizitzen esleipena 47 bis artikuluan aipatzen diren irizpideen arabera egingo dela hots kupoen arabera, etxebizitzen egokitasunaren arabera eta 51. artikuluan aipatzen den baremoaren arabera betiere prozeduran onartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordenari jarraituz. 51. artikulu horrek baremoa arautzen du, honako hau kontuan izanik: eskatzaileen diru-sarrerak, bizikidetza-unitateko kide kopurua, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan duten antzinatasuna, eta etxebizitza-premia berezia.

Bizikidetza-unitateko kide-kopuruagatik ematen den puntuazioa bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta sustapeneko etxebizitzek duten logela-kopuruaren arabera emango da. Hala, logela bateko etxebizitzetarako: puntu 1 emango zaie bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei, eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. 2 logelako etxebizitzetarako: 3 puntu emango zaizkie hiru kidez osatutako bizikidetza-unitateei, puntu 1 bi kidez osatutako bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Azkenik, 3 edo 4 logelako etxebizitzetarako, 7 puntu emango zaizkie sei kidek edo gehiagok osatutako bizikidetza-unitateei, 5 puntu bost kidek osatutako bizikidetza-unitateei, 3 puntu lau kidek osatutako bizikidetza-unitateei eta puntu 1 hiru kidek osatutako bizikidetza-unitateei.

Bosgarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 27. artikuluak zehazten du etxebizitza bat noiz den egokia, bizikidetza-unitateko kide-kopuruaren eta esleitu beharreko etxebizitzak dituen logelen arabera.

Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Indarrik gabe uztea Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko abenduaren 9ko Agindua, Vitoria-Gasteizko udalerriko Zabalganan 179 babes ofizialeko etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta 2010eko maiatzaren 10eko Agindua ezeztatzen duena.

Bigarrena.– Hasiera ematea sustapen honetako Vitoria-Gasteizko Zabalgana auzoko babes ofizialeko 42 etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari, EB1-0773/08-LC-001 espediente zenbakia duelarik.

Hirugarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.

Laugarrena.– Araudiak egokitzapenaren inguruan esaten duenari jarraituta sustapen honetako 3 logelako etxebizitzak gehienez 6 kideko bizikidetza unitateei esleituko zaizkie eta 4 logelako etxebizitzak zazpi edo kide gehiago duten bizikidetza unitateei eman ahal zaizkie.

Bosgarrena.– 42 etxebizitzako esleipen prozedura honetan Agindu hau argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Vitoria-Gasteizko udalerrirako edo Araba Erdialdeko eremu funtzionaleko udalerriren baterako altan daudenek parte hartu dezakete betiere honako baldintzak betetzen badituzte:

a) Agindu hau publikatzen den egunean Vitoria-Gasteiz udalerrian edo Araba Erdialdeko eremu funtzionaleko udalerriren batean erroldatuta egon behar da behintzat bizikidetza unitateko eskatzaileetako bat.

b) 2018. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 9.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Baldintza hau egiaztatzeko eskabidearen titular guztien diru-sarrerak kontuan hartuko dira. Mugikortasun murriztua duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek, edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko, ez eta etxebizitza bat izateko eskubide subjektiborako eskubidea onartuta dutenek ere.

c) Etxebizitza jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean ez eduki izana agindu hau argitaratzen den eguneko aurreko bi urteetan. Dena dela, 2012ko urriaren 15eko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren Aginduko 9. artikuluan jasotako etxebizitza premiaren baldintzaren salbuespenak kontuan izango dira.

Seigarrena.– Esleitu beharreko 42 etxebizitza horietatik honako kupoak gordeko dira:

14 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 33,33) 36 urtetik beherako pertsonei, adin horretatik beherako gutxienez kide bat duten bizikidetza-unitateak barne, esleituko zaizkie. 14 etxebizitza hauetatik 2 lau logelakoak dira era 12 hiru logelakoak.

7 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 16,67) etxebizitza bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa duten pertsonen artean esleituko dira. 7 etxebizitza hauetatik 1 lau logelakoa da eta 6 hiru logelakoak dira.

10 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 23,81) etxebizitza-premia berezia duten pertsonen artean esleituko dira. 10 etxebizitza hauetatik 1 lau logelakoa da eta 9 hiru logelakoak.

11 etxebizitza (sustapen honetan esleituko direnen % 26,19) gainerako eskatzaileen artean (kupo orokorra) esleituko dira. 11 etxebizitza hauetatik 3 lau logelakoak dira eta 8 hiru logelakoak.

Kupo hauetako batean etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira etxebizitza hauek handitu egingo lukete kupo orokorrera bideratutako etxebizitzen kupoa.

Zazpigarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 47 bis 2. artikuluak egungo erredakzioan esaten duenari jarraituz, hainbat kolektibotako kide diren pertsonak edo bizikidetza-unitateak, etxebizitzen kopuru handiena duen kupoko taldera sartuko dira.

Zortzigarrena.– Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza-unitateek sustapen honetako esleipen-prozeduran parte hartu nahi badute, dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute 2020ko ekainaren 29tik uztailaren 23ra bitartean (biak barne) hauetako bide baten bitartez:

– Telefonoz: Etxebideko webgunean www.etxebide.euskadi.eus argitaratutako telefono zenbakira deituta eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula) argitaratu den telefono zenbakiaren bidez.

– Postaz: Arabako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Samaniego kalea 2, 1. solairua – 01008 Vitoria-Gasteiz

– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez

Bederatzigarrena.– Onartutako eskaerak hurrengo lerroetan jasotako barematzeko irizpideen araberako puntuazioa jasoko dute Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 51. artikuluak dioenari jarraituz.

a) Diru-sarrerak: 10 puntu emango zaizkie 0 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei; 9 puntu, 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei; 8 puntu, 15.001 eta 25.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei, eta 5 puntu 25.001 eta 39.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei.

b) Bizikidetza-unitateko kide kopurua: bizikidetza-unitateko kide kopurua puntuatzeko orduan, sustapeneko etxebizitzen logela kopurua hartuko da kontuan. Logela bakarreko etxebizitzak: puntu 1 emango zaie 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Bi logelako etxebizitzak: 3 puntu emango zaizkie 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei, puntu bat 2 kide dituzten bizikidetza-unitateei eta 0 puntu pertsona bakarreko bizikidetza-unitateei. Hiru edo lau logelako etxebizitzak: 7 puntu emango zaizkie 6 kide edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateei, 5 puntu 5 kide dituzten bizikidetza-unitateei, 3 puntu 4 kide dituzten bizikidetza-unitateei eta puntu bat 3 kide dituzten bizikidetza-unitateei.

c) Antzinatasuna etxebizitza-eskatzaileen erregistroko inskripzioan: puntu 1 emango da antzinatasunik handiena duen bizikidetza-unitateko kidearen inskripzio-urte bakoitzeko; 7 puntu emango dira gehienez ere.

d) Etxebizitza-premia berezia: 4 puntu emango zaizkie etxebizitza-premia bereziko kolektiboren bateko titularren bat duten espedienteei. Desgaitasun intelektual edo garapen-desgaitasunen bat duten pertsonei eta gaixotasun mentalen bat duten pertsonei dagokienez, 4 puntu emango zaizkie hori egiazta dezaketen bizikidetza-unitateko kideren bat duten espedienteei. Kolektibo bateko baino gehiagoko kide direnei, 4 puntu emango zaizkie horietako bakoitzeko; 8 puntu emango dira gehienez ere.

Hamargarrena.– Kontuan izango den baremazioa Agindua hau publikatuko den egunekoa izango da. Berdinketa kasuan, antzinatasun handiena duen eskaeraren aldeko ebazpena emango da eta, antzinatasuna ere berdina bada, etxebizitza-eskatzaileen erregistroan lehenengo sartu zena aukeratuko da.

Hamaikagarrena.– Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 50. artikuluko bertsioan eguneratuan ezarri bezala, etxebizitzak esleitzeko orduan, 47 bis artikuluan aipatzen diren kupoak, etxebizitzen egokitzapena eta prozeduran sartutako pertsonek edo bizikidetza-unitateek lortutako puntuazio-ordena hartuko dira kontuan, betiere 51. artikuluan xedatutako baremoa aplikatuz.

Hamabigarrena.– Esleipena amaitutakoan, prozeduran dauden kupoak bezainbeste itxarote-zerrenda egingo dira, parte hartu bai baina etxebizitzarik eskuratu ez dutenak egongo direla barruan. Itxaron zerrendak amaitu ondoren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 59. artikuluak ezarritakoari jarraituko zaio esleipenak egiteko.

Hamahirugarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).

Hamalaugarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 8a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala