Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2020ko ekainaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2394

EBAZPENA, 2020ko ekainaren 1ekoa, zeinaren bidez formulatzen baita Durangoko Tabira-Arriluzea bizitegi-eremu isolatuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko irailaren 27an, Durangoko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen, Tabira-Arriluzea bizitegi-eremu isolatuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzkoa (aurrerantzean, Plana), Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-txosten estrategikoa lortzeko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eta hurrengoetan araututako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozeduraren barnean. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, interesgarria izan zitekeen informazioa biltzeko, Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar den ala ez zehazteko, eta, prozedura hori aplikatzea beharrezkotzat joz gero, haien iritzia jasotzeko, ingurumen-azterketa estrategikoak izan beharko lukeen hedadura, xehetasun-maila eta espezifikazio-maila zehazte aldera.

Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunearen bidez eskuratu ahal izan ziren, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Legez ezarritako epea 2020ko martxoaren 2an bukatu zen, eta zenbait erantzun jaso dira hainbat erakunderen aldetik. Haien emaitza espedientean jasota dago.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Durangoko Tabira-Arriluzea bizitegi-eremu isolatuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago. Artikulu horretan, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen dira. Prozedura horretan, ingurumen-organoak erabakitzen du planak edo programak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez, eta ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duten ala ez.

Planaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txosten horretan, Planak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen edo ez aztertzen da, eta ondorioz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez. Bestela, ingurumena behar bezala babesteko zer zehaztapen txertatu behar diren ezartzen du.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko; Diputatuen Kongresuaren 2020ko maiatzaren 20ko Erabakia, aipatutako 463/2020 Errege Dekretuak deklaratu zuen alarma-egoeraren luzapena baimentzekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatu beharreko gainerako araudia. Horiek horrela, bada, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Durangoko Tabira-Arriluzea bizitegi-eremu isolatuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (aurrerantzean, Plana) buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren helburua da, indarrean dauden arau subsidiarioen (aurrerantzean, AASS) egiturazko antolamendua garatzea, «Bizitegi-eremu isolatu» gisa kalifikatutako bizitegitarako hiri-lurzoruaren antolamendu xehatua ezarriz. Lurzatiak 5.105,80 m2-ko azalera du, eta gehieneko eraikigarritasuna 0,4 m2/m2-koa da, hau da, 2.042,32 m2--koa.

Familia bakarreko 8 etxebizitzako antolamendua proposatzen da, beheko solairua, lehen solairua, teilatupeko solairua eta solairu goratuen azpiko sotoa (hautazkoa) dituztenak. Etxebizitza bakoitzak 255,25 m2-ko eraikigarritasuna du; eremu osoarena 2.042 m2 da. Espazio libreen tartea (930 m2) BI-623 errepideko biribilgunearen eta eraikitako eremuaren artean dago, eta, beraz, gaur egun dagoen zuhaitz-landaredia bere horretan utziko da. Era berean, etxebizitzetara sartzeko errepide bat proposatzen da, eta etxebizitza bakoitzak bere sarbidea izango du.

Ekialdeko mugaren finkapen-maila kontuan hartuta, lehendik dauden etxebizitzengatik, eta lursailaren eta Gasteiz Bidea-Biribilgunearen arteko kota-diferentziarengatik, bide-konexioa Arriluzea kaletik egin behar da. Gainera, Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren berariazko baimena dago eta bat dator foru-bidesarearekin; beraz, aurretiko baldintzak betetzen dira.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak proiektuetarako ezartzen duen esparrua: Planak zehazki antolatzen du eremua eta eraikigarritasun-baldintzak sendotzen ditu. Hori onartu eta gero, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuak garatu beharko dira. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: Planaren eremua Uholde Arrisku Handiko Eremuari (UAHE) lotutako 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duen eremuan, Ibaizabal ibaia (ES017-BIZ-9-1) izenekoan, kokatzen da. Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak (UAKP) neurri-programan UAHE horretan egiturazko jarduketak aurreikusten ditu, zehazki, «Uholdeen aurkako babes-neurriak Durango-Iurretan (hiriguneetan)» eta «Uholdeen aurkako babes-neurriak Abadiñon (Traña-Matienan)».

Arrisku horri dagokionez, Plana bateragarria da; betiere, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiko VII. kapituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planaren E.2. apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa betetzen badu.

Planak, bere ezaugarriak kontuan hartuta, ez du eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuekiko, ingurumenari dagokionez.

c) Plana egokia den ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko: Planak lurzatiaren antolamendu xehatua garatzen du, Durangoko arau subsidiarioetan aurreikusitakoarekin bateragarritasun-irizpideen arabera. Gainera, planak barnean hartzen ditu neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaile orokor eta bereziak. Alde horretatik, egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko, bereziki, hauei dagokienez: eraikingintza eta eraikuntza efizienteena baliabideen erabileran; hondakinen kudeaketa, eta paisaia-integrazioa. Ildo horretan, Planak kontuan hartu beharko ditu, haren ondoriozko eraikuntza-proiektuetan aintzat hartze aldera, dagokion Eraikuntza Jasangarrirako Gidan bildutako gomendioak, proposatutako eraikuntzen energia-aurreztea eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko, ebazpen honen aurreragoko apartatuetan xehatuko den bezala.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, urei, uholdeak ekiditeari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

e) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko: Plana egokia da Batasuneko edo estatuko ingurumen-legeak ezartzeko, hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia) eta biodibertsitatearen arloetakoak.

2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren eremua hiri-lurzorua da; Durangoko hirigunearen hegoaldean dago, ingurune garatu eta urbanizatuan. Ez dago kaltetu daitekeen naturagune babesturik, ezta natura-interes handiko eremurik ere. Eremu hori, gaur egun, funtsean, lanabes-txabolaren bat eta hostozabalen zuhaitz- eta zuhaixka-hesi batzuk dituzten baratze txikientzako erabiltzen da. Hori guztia dentsitate txikiko bizitegi-ingurunean dago, eta, bertan, eskala zabalagoan, hiri-inguruko elementuak dira nagusi landazabal atlantikoko paisaiarekin mugan.

Testuinguru horretan, Planaren garapenetik eratortzen diren jarduketek, zehazki urbanizazioak (bide-sarbideak barne) eta etxebizitza berrien eraikuntzak, obren fasean, lurzorua okupatzea ekarriko dute, egungo landaredia kenduko da, (batez ere ortuak eta hostozabalen heskai batzuk), lurrak mugituko dira eta txabolak eraitsi eta kenduko dira. Ondorioz, hondakinak sortu eta ustekabeko isuriak izateko arriskua egongo litzateke, eta makinen joan-etorriak herritarrentzako eragozpenak ekarriko lituzke, emisio atmosferikoak, zarata, bibrazioak, etab. eraginez. Hori guztia etxebizitza isolatuak nagusi diren ingurunean, nahiz eta Arriluzea kalearen beste aldean 3-4 solairuko etxebizitzak dauden.

Mañaria ibaiko uren kalitatean (Mustela lutreola, bisoi europarrarentzat interes bereziko eremua da) obra-fasean eragina izateko probabilitatea txikia da, aztertutako eremutik 65-70 metrora baitago, Tabira kalearen beste aldean.

Aurkeztutako azterketa hidraulikoaren arabera, eta gaian eskumena duen agintaritzak ezarritakoa alde batera utzi gabe, urbanizazio-kota 500 urteko errepikatze-denborako egungo uholde-eremuaren kotatik 55 cm gora kokatuta, uholde-arriskua saihestuko litzateke, eremuaren husteko ahalmenari kalte nabarmenik eragin gabe.

Gainera, aurkeztutako eragin akustikoari buruzko azterlanaren arabera, ez dira betetzen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan etorkizuneko hirigintza-garapenetarako ezarritako kalitate akustikoaren helburuak, ez egungo egoerarako, ez etorkizunerako. Horregatik, azterlanak proposatzen du 145 m-ko luzera eta 2 eta 3 m arteko altuera duen pantaila bat jartzea (400 m2 inguruko azalera) BI-623 errepidean zehar, fatxada guztietan kalitate akustikoko helburuak betetzeko. Horrez gain, logeletarako eta egongelatarako gutxienez 30 dB(A)-ko isolamendua proposatzen du azterketak. Planak sustatzen dituen jarduketek ez dute era nabarmenean areagotuko zarata-maila lurzatiaren kanpoaldean, ezta ingurunean ere.

Garapenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ustiapen-fasean, etxebizitza berrien ondorioz, mugikortasuna handitzeak, baliabideen kontsumoak eta hondakinen eta emisioen sorkuntzak izango dituzten eraginak munta gutxikoak izatea espero da.

Edonola ere, ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da udalerrian indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Horrela, Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea Durangoko arau subsidiarioek planaren xede den eremurako ezarritakoaren aldean, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, betiere, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.

Hori guztia kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Besteak beste, hauek nabarmendu ditzakegu:

– Uholde-arriskuari dagozkion neurriak.

– Arrisku horri dagokionez, Planak kontuan izan behar du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Plan Hidrologikoaren araudiko VII. kapituluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2. apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa. Zehazki, Plan Hidrologikoaren 40. artikuluan eta Lurraldearen Arloko Planaren E.2.2. eta E.2.5. apartatuetan eta Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 14.bis artikuluan ezarritakoa aplikatuko da, betiere alde batera utzi gabe eskumena duen administrazio hidraulikoak uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuak (Uren Legearen testu bategina onartzen duenak) 25.4 artikuluan jasotako txostenean ezarritakoa eta Uraren Euskal Agentziak Urari buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 7.k) artikuluan adierazitako txostenean ezarritakoa.

– Ez da obrako instalazio lagungarririk jarriko (batez ere makineria-parkea eta garbigunea), errepikatze-denbora desberdinetako uholde-eremuen eraginpeko lekuetan.

– Natura-ondarea eta lurrazaleko urak babestera bideratutako neurriak:

Bizkaiko hainbat baso-espezie autoktonoren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa alde batera utzi gabe, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezarriko dira:

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Ingurumenean, zehazki, eremuaren mendebaldeko mugan dagoen hostozabalen heskaian, ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira beharrezkoak diren mozte- eta eskokatze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne–. Masa hori in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden zuhaitz autoktonoak behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jaso ez dezaten.

– Proiektua gauzatzeagatik erasandako eremu guztiak lehengoratuko dira, kendu diren landare-zuhaitzak birjarrita, hala behar bada. Landareztatze-lanak espezie autoktonoekin eta ahalik eta lasterren egingo dira, higadura-prozesuak eta solidoak ibilguetara arrastatzea ekiditeko.

– Landare- eta lore-estaldura lehengoratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek kentzeko eta lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Lanek dirauten bitartean, uren kalitateari dagokionez, Mañaria ibaian kontrolak ezarri beharko dira, eta, uraren kalitatea aldatu egiten dela hautemanez gero, hura lehengoratzeko egoki diren neurri zuzentzaileak ezarriko dira.

– Zaratari buruzko neurriak:

– Planean aurreikusi den hirigintza-garapenari dagokionez, eremu akustiko horretan aplikatu behar diren kalitate akustikoaren helburuak bete beharko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 31.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Halaber, aipatu dekretuaren 43. artikuluan xedatuarekin bat, ezingo da eman lizentziarik etxebizitzak eta ospitale-, hezkuntza- edo kultura-erabilerako eraikinak eraikitzeko, baldin eta, lizentzia emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

– Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

– Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.

Bestalde, hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, Planaren aldaketa gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurzoruaren okupazioan, landarediaren babesean, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, airearen kalitatearen babesean eta kalitate akustikoaren babesean hartu beharrekoak, tartean, hauek:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, gehieneko okupazio-azalera, landaredian duen eragina kontrolatzea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta ez botatzea, olio-isuriengatik edo lur-arrasteengatik lurzorua edo urak kutsatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariaz aplikatu behar zaizkien arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura prebenitu eta gutxitzekoak, ezarritakoa bete beharko da, baita martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua, amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasun eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena, ere.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio erabiliak.

Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

Durangoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Obrek sortutako zarata: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

– Kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» argitalpeneko gomendioak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gasen, hautsen, beroaren eta argiaren emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutakoak, aurrekoen aurkakoak ez direnak, hartzen badira, ez da aurreikusten Tabira-Arriluzea bizitegi-eremu isolatuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziko zehaztapenek ondorio kaltegarri esanguratsurik eragingo dutenik ingurumenean; ondorioz, Plan horrek ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Durangoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Tabira-Arriluzea bizitegi-eremu isolatuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia behin betiko onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 1a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala