Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2020ko ekainaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2389

4/2020 FORU DEKRETU-ARAUA, maiatzaren 12koa, COVID-19 gaitzaren osasun krisiaren ondorioz aurrekontu arloko neurri jakin batzuk onartzen dituena.

Joan den urtarrilean Munduko Osasunaren Erakundeak deklaratu zuen COVID-19 gaitzak eragindako egoerak nazioarteko osasun publikoko larrialdia zekarrela.

2020ko martxoaren 11n, erakunde horrek nazioarteko pandemiatzat hartu zuen COVID-19 gaitzak sortutako osasun publikoko larrialdi egoera.

2020ko martxoaren 13an, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak erabaki zuen, Osasuneko sailburuak eskatuta, Euskadiko Herri Babeseko Plana, Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-Labi aktibatzea, COVID-19 gaitza zabaltzeak berekin dakarren osasun alertak eragindako egoera dela eta.

Euskadiko Herri Babeseko Plana onartzeko, ekainaren 24ko 153/1997 Dekretua erabili zen, Larrialdiei Aurregiteko Bidea-Labi deritzon Euskadiko Herri Babeseko Plana onartzen duena eta larrialdiei aurre egiteko euskal sistemak dituen integrazio bideak arautzen dituena. Era berean, 153/1997 Dekretua aldatzeko, urtarrilaren 13ko 1/2015 Dekretua baliatu zen, zeinaren bidez onartzen baita plan horretan berrazterketa berezi bat egitea. Horiek horrela, Herri Babeseko Planaren bidez, finkatuta gelditzen da izaera edo hedaduragatik nahiz administrazio bat baino gehiago koordinatzeko beharrarengatik autonomia erkidegoaren mailako zuzendaritza behar duten mota guztietako larrialdiei aurre egiteko antolaketa esparru orokorra.

Martxoaren 13ko 6/2020 Dekretuaren bidez, Lehendakariak beretzat hartzen du Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea-Labi deritzon Euskadiko Herri Babeseko Planaren zuzendaritza, ikusirik zer egoera sortu duen COVID-19 gaitzaren hedadurak eragindako osasun alertak.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratzen da estatu espainiar osoan, COVID-19 gaitzak sortutako osasun krisia kudeatzeko. Errege dekretu hori martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuaren bidez aldatu zen.

Osasun krisia ekonomiara eta gizartera heltzen ari da abiadura handian, eta produkzio jarduerari, eskariari eta herritarren ongizateari eragiten ari zaie. Ekonomia hainbat arlotan eraginda gelditzen ari da, COVID-19aren agerraldiak denboran eta geografian duen bilakaeraren arabera.

Testuinguru horretan, arlo ekonomikoan erabat lehentasunezkoa da produkzio eta gizarte egiturak babestea eta haiei sostengua ematea, kalteak txikiagotzeko eta, behin osasun alarma bukatuta, lehenbailehen jarduerari bultzada bat emateko. COVID-19aren pandemiak ekonomiari eragin kaltegarri bat ekarriko dio ezinbestez, eta oraindik zalantza handia dago zenbateko eragina izango duen. Zirkunstantzia horietan, lehentasuna da gizartearenganako eragina txikiagotzea eta osasun egoera hobetu bezain pronto jarduera suspertzeko aukera ahalbidetzea.

Ogasun eta Finantza Departamentua beharrezko neurriak hartzen ari da COVID-19ak eragin duen egoera bereziaren aurrean arin errekzionatzeko, eta, horretarako, erantzuna ematen ari zaie departamentu kudeatzaileetatik iristen diren premiei, lehenik eta behin bizi dugun osasun krisiari aurre egitearren.

Baina, 8/2020 Errege Lege Dekretuak onartutako ezohiko neurri premiazkoen efektuei ere erantzun behar zaie, sarreren arloan nahiz gastuen arloan, zeren eta aurreikusita baitago baliabide erabilgarriak erabat jaistea.

Krisi honi aurre egiteko neurriak hartzeak dakartzan gastuak finantzatu behar direnez, ezinbestekoa da aurrekontuaren barruan malgutzea kreditu horien kalifikazioa eta haien aurrekontu aldaketetarako beharkizunak.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du presazko arrazoiak daudenean Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela, xedapen horiek foru dekretu-arauak izango direla, eta ezingo diotela eragin foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Horrela hartzen diren xedapenak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu beharko dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio xedea eta eremua.

Foru dekretu-arau honetan jasotako aurrekontu neurrien xedea da COVID-19aren ondorioak arintzeko kredituen finantzaketa mekanismoak malgutzea.

2. artikulua.– COVID-19aren ondorioak arintzeko kredituen izaera.

COVID-19aren ondorioak arintzeko kredituak zabalgarritzat hartuko dira, martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzkoak, 53. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauari egiten zaizkion salbuespenak, COVID-19aren ondorioak arintzeko kredituen zuzkiduraren ondorioz kredituak aldatzeari dagokionez.

1.– COVID-19aren ondorioak arintzeko sortzen edo gehitzen diren kredituek ez dute 4/2007 Foru Arauaren 56.1.c) artikuluaren muga izango eta geroago gutxitu ahal izango dira, azkenean soberazkoak baldin badira.

2.– COVID-19aren ondorioak arintzeko kredituen zuzkidurarako gutxitzen diren kredituek ez dute 56.1.d) artikuluaren muga izango eta geroago gehitu ahal izango dira.

3.– COVID-19aren ondorioak arintzeko kredituen zuzkidurarako egiten diren programen arteko kreditu transferentziak ez dira kontuan izango 56.6 artikuluan jarritako mugaren ondorioetarako.

4.– COVID-19aren ondorioak arintzeko gastuak berriro epekatzeak dakartzan kreditu sorrerei eta transferentziei ez diete 57.2 artikuluaren mugek eragingo; eta ez dira kontuan izango Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2020. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2019 Foru Arauak 12. artikuluan jarritako mugen ondorioetarako.

5.– 56.5.a) eta 57.1 artikuluetan aurreikusitako kreditu aldaketak, COVID-19aren ondorioak arintzeko egiten direnak, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak onartuko ditu.

6.– 58.2.a) artikuluan jasotako kreditu gaikuntzak, COVID-19aren ondorioak arintzeko egiten direnak, ez dira kontuan izango aipatutako artikuluaren 11. zenbakian jarritako mugaren ondorioetarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko maiatzaren 12a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.


Azterketa dokumentala