Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

119. zk., 2020ko ekainaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2388

3/2020 FORU DEKRETU-ARAUA, maiatzaren 12koa, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsagatik 2020an egin beharreko konturako ordainketak aldatzen dituena eta toki-erakundeentzako aurrekontu eta zerga arloko hainbat neurri ezartzen dituena.

Osasunaren Mundu Erakundeak, martxoaren 11n, nazioarteko pandemiatzat jo zuen COVID-19 gaitzak osasun publikoari eragindako larrialdi egoera. Handik egun batzuetara, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen estatu espainiar osoan, COVID-19 gaitzak sortutako osasun krisia kudeatzeko. Geroztik, bizitasun handiz larritu da egoera, bai Euskal Herrian, bai inguruko herrialdeetan, eta kaltetuen kopurua ere asko hazi da. Hasieran osasun krisia izan zena, ekonomia eta gizarte mailako krisi ere bilakatu da. Ezohiko egoera horrek ezohiko neurriak hartzera behartu ditu erakundeak ere, herritarren eta enpresen zailtasunak leuntzeko, eta bereziki pertsona zaurgarrienen eskubideak babesteko.

Hala, krisiak jarduera ekonomikoari eragindako geldialdiak, batetik, eta larrialdiari aurre egiteko administrazio publikoek hartutako neurriek, bestetik, zerga-bilketaren erorketa gogorra ekarri dute atzetik. Gipuzkoan, apirilera arte, zerga-bilketa likidoaren erorketa % 25 ingurukoa izatea espero da, aurreko urteko epealdi berarekin konparatuta.

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen finantza eredua arrisku partekatuaren printzipioan oinarritzen da. Hau da, Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta udalen artean banatzen da zerga itunduek utzitako emaitza, bai gora egiten duenean, baita behera egiten duenean ere. Ohiko egoeran, aurrekontuko aurreikuspenen arabera bideratzen zaie urtean zehar Eusko Jaurlaritzari eta udalei zerga itunduetan duten behin-behineko partaidetza, eta behin betiko likidazioaren saldoa hurrengo urteko otsailean kitatzen da.

COVID-19 gaitzak eraginda, ordea, 2020an ezohiko egoera izango dugu, eta zerga-bilketa errealak ez du zerikusirik izango aurrekontuan jasotako aurreikuspenekin. Ondorioz, zuhurtasunagatik, gomendagarria da berrikustea urtean zehar Eusko Jaurlaritzari eta udalei egingo zaizkien konturako ordainketak.

Hori hala izanda, erakunde arteko lantalde bat eratu da, Eusko Jaurlaritzako, foru aldundietako eta Eudel-eko ordezkariek osatua, Eusko Jaurlaritzari egin beharreko ekarpenen zenbatekoa eta egutegia berrikusteko xedea duena.

Era berean, komenigarria da Udalak Finantzatzeko Foru Funtsagatik (UFFF) udalek 2020an jasoko dituzten konturako ordainketak berrikustea, likidazioari itxaron gabe. Horri dagokionez, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa arautzeko azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauaren 6. artikuluak xedatzen duenez, otsail, maiatz, abuztu eta azaroaren 20tik 25era bitartean, foru aldundiak hasieran aurreikusitako zenbatekoaren laurdena ordainduko die udalei UFFFaren konturako ordainketa gisara, likidazioari kalterik egin gabe. Arauketa horrek, ordea, ez ditu kontuan hartzen 2020ko alarma egoera eta zerga-bilketaren erorketa bortitza; eta ezohiko bi zirkunstantzia horiek arau aldaketa bat eskatzen dute, UFFFaren konturako ordainketak berrikusteko. Gainera, hurrengo ordainketaren epemuga maiatzaren 25ean denez, data horren aurretik jarri behar du indarrean aipatutako arau aldaketak.

Bestalde, COVID-19 gaitzaren ondorioei aurre egiteko neurriak indarrean azkar jartzeko, toki-erakundeek zailtasunak dituzte horrek kreditu gehigarriak onartzea eskatzen duen kasuetan. Izan ere, Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki-erakundeen aurrekontuei buruzko abenduaren 19ko 21/2003 Foru Arauaren 34.3 artikuluaren arabera, udaleko Osoko Bilkuraren eskumena da kreditu gehigarriak onartzea, eta aurrekontuaren onarpenari aplikatzen zaizkion erreklamazio eta publizitate arauak aplikatu behar zaizkio espedienteari. Beraz, komenigarria litzateke prozedura arinago bat bideratzea, larrialdi egoerari aurre egiteko neurriak berehala indarrean jartzeko.

Era berean, komenigarria da aparteko laguntzak bideratzea osasun krisiak bereziki kaltetutako kolektiboentzat. Neurri horien artean daude toki-erakundeen tasetan ezarri daitezkeen hobariak, eta hori ahalbidetzeko aldatu beharra dago Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Araua.

Hemen proposatzen diren neurriak onartzekotan, ezin da erabili foru arauak onartzeko araugintza prozedura arruntaren bidea, haren epeak oso luzeak direlako. Horregatik, bidezkotzat hartzen da neurriak foru dekretu-arau baten bidez onartzea.

Uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan ezartzen duenaren arabera, behar larri eta apartekoek eraginda, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango ditu, bere eskumen esklusiboen esparruan; xedapen bereziok foru dekretu-arauak izango dira eta ezingo diete eragin foru organoen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari.

Horrela hartzen diren xedapenak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu beharko dira berehala, baliozkotuak izateko.

Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren (UFFFaren) konturako ordainketak 2020an.

a) UFFFaren konturako ordainketak egiteko, 2020ko ekitaldian, % 20ko murrizketa bat aplikatuko zaio Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2020. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2019 Foru Arauaren 30. artikuluan aurreikusitako zenbatekoari, behin betiko likidazioari kalterik egin gabe.

b) Murrizketaren zenbatekoa hiru kuota berdinetan aplikatuko da maiatzeko, abuztuko eta azaroko konturako ordainketetan.

c) Hala ere, Gipuzkoako Finantzen Kontseiluak proposatuta, azaroko konturako ordainketen zenbatekoa berriz berrikusi ahal izango da, Eusko Jaurlaritzari egin beharreko ekarpenen aurrelikidazioan oinarrituta.

2. artikulua.– Kreditu gehigarriak onartzeko aparteko araubidea.

a) Toki-erakundeetan, COVID-19aren ondorioei aurre egiteko neurriei dagozkien kreditu gehigarrien espedienteak toki-korporazioko lehendakariaren dekretu edo ebazpen bidez izapidetuko dira, eta ez zaizkie aplikatuko Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki-erakundeen aurrekontuei buruzko abenduaren 19ko 21/2003 Foru Arauaren 34. artikuluan aipatzen diren aurrekontuen erreklamazioari eta publizitateari buruzko arauak.

b) Dekretu edo ebazpen horiek hurrengo Osoko Bilkuran baliozkotuko dira; horretarako, gehiengo soil baten aldeko botoa eskatuko da eta, ondoren, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

c) Osoko Bilkurak ez baliozkotzeak ez du onartutako dekretu edo ebazpenaren deuseztapen edo etete-ondoriorik izango.

3. artikulua.– Hobariak tasetan.

a) 2020an, toki-erakundeek aparteko hobariak onartu ahal izango dituzte Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauaren II. tituluko III. kapituluko 3. atalaren arabera ezarritako udal-tasen zenbatekoaren gainean.

Hobari horiek COVID-19 gaitzaren osasun-krisiak eragindakoak izan beharko dira, eta krisi horrek bereziki kaltetutako kolektiboei aplikatu ahal izango zaizkie.

b) Artikulu honetan aipatzen diren hobariek 2020ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina izan ahalko dute.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari foru dekretu-arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bereziki, ahalmena ematen zaio Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari UFFFaren azaroko konturako ordainketen berrikuspena onartzeko, 1.3 artikuluan aipatzen denaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Donostia, 2020ko maiatzaren 12a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,

JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.


Azterketa dokumentala