Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2020ko ekainaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2286

EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Reydesa Recycling SL enpresak Legutioko udal-mugarteko Zabaldea Goiain industrialdean (Zabaldea kalea 3 eta 5) hondakinak kudeatzeko jarduera hasteari buruzko ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2019ko urriaren 17an, Reydesa Recycling SL enpresak Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan eskaera aurkeztu zuen, Legutioko udal-mugartean dagoen Zabaldea Goiain industrialdean (Zabaldea kalea 3 eta 5) Reydesa Recycling SL enpresak hondakinak kudeatzeko jarduera hasteko proiektuari buruzkoa. Eskaeran, hain zuzen ere, galdegiten zen proiektu horren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura sinplifikatua hastea, betiere Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.a) artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2020ko urtarrilaren 1ean ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, informazioa biltzeko, aipatutako proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin behar zaion zehazte aldera, eta, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta beharrezkotzat joko balitz, haien iritzia ere biltzeko, dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketak eduki beharko lukeen zabaltasuna, xehetasun maila eta espezifikazio maila zehazte aldera.

Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatuta, zenbait txosten jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean dago jasota.

2020ko apirilaren 21ean, Reydesa Recycling SL enpresak adierazi zuen ados zegoela epea ez etetearekin –hala zegoen aurreikusia martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian (463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko)–.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.a) artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharko zaie arau horren II. eranskinean jasotako proiektuei; ebazpen honen xede den jarduera lege horren II. eranskineko 9. taldean dago jasota. Horrenbestez, ingurumen-arloan indarrean den legeria aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio Reydesa Recycling SL enpresak Legutioko udal-mugarteko Zabaldea Goiain industrialdean (Zabaldea kalea 3 eta 5) garatuko duen hondakinak kudeatzeko jarduera berriaren proiektuari. Prozedura horretan, proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsuak dituen ala ez zehazten da, eta, beraz, bai eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez ere.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskumenduna Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren proiektua garatu eta ingurumena egokiro babesteko.

Hauek guztiak aztertu dira: 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, alarma-egoera deklaratzen duena COVID-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatu beharreko gainerako araudia. Horiek horrela, bada, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea Reydesa Recycling SLk Legutioko Zabaldea Goiain industrialdean (Zabaldea kalea 3 eta 5) garatuko duen hondakinak kudeatzeko jarduera berrirako, honako baldintza hauek kontuan hartuta:

A) Hondakin solido konplexuak kudeatzea da Reydesa Recycling SL merkataritza-sozietateak Goiaingo industrialdean (Zabaldea kalea 3 eta 5) garatuko duen jarduera berriaren xedea.

B) Hondakinen kudeaketa egiteko ingurumen-inpaktuko txostena ematea xede duen ebazpen honetan, proiektuari buruzko ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1.– Proiektuaren ezaugarriak:

Reydesa Recycling SL enpresak hondakin solido konplexuak kudeatzeko jarduera berriak ezarri nahi ditu Goaian industrialdeko (Legutio) bi lurzatitan (zehazki, Zabaldea kalea 3 eta 5); 25.725 m2-ko azalera hartzen dute bi lurzati horiek.

Aurreikusitako obrak:

Aurreikusitako obren bidez, funtsean, lurzatiak egokituko dira, bi nabe eraikitzeko: lur-berdinketak eta nibelazioa; zapata, habe eta hormen euskarrietarako indusketak; zolata iragazgaitza eta bi nabeak eraikitzea; eta ur- eta elektrizitate-harguneen obrak.

Instalazioak osatzeko, honako hauek egingo dira: 4 metroko altuerako itxitura perimetral opakoa; euri-urak eta prozesu-urak biltzeko sistema; araztegi propioa, industrialdeko saneamendu- eta arazketa-sarera isuri aurretik euri- eta prozesu-urak tratatzeko; erradioaktibitatea detektatzeko arkupea eta baskula; energia elektrikoa transformatzeko zentroa; aire konprimituko instalazioak; TEEHetatik erretiratutako osagai arriskutsuak eta mantentze-lanetako hondakin arriskutsuak biltegiratzeko eremua. Gasolioarentzako depositu bat izango du gainazalean, horma bikoitzarekin, eta legezkoa izan beharko da.

Ezarri nahi diren kudeaketa-jarduerak:

I. nabean:

– 135.000 tona/urte hondakin astun tratatzeko jarduera (hondakin solido konplexuetatik eratorritako metalen nahasketak; horien artean nabarmentzen dira ekipo elektriko eta elektroniko deskontaminatuak eta tara konplexuak) bigarren mailako metalak balorizatzeko, material ez-balorizagarriak kenduta; horietatik, 114.250 tona hondakin metaliko balorizagarri lortzen dira urtean, eta deuseztatzeko 20.750 tona hondakin urtean. Hondakin konplexu batzuen tratamendutik eratorritako metalezko kontzentratuak prozesatuko dira, bai eta hondakinetatik ateratako erregaietan egiten den PVCa bereizteko prozesuaren hondakinak ere –Legutioko udal-mugartea, Araba–.

II. nabean:

– Bizitza baliagarriaren amaieran dauden ibilgailuen (EEI – Erabiltzen ez diren Ibilgailuak) zatiketa-frakzio astun eta arinen tratamendutik eratorritako plastikoak bereiztea, urtean 100.000 tona tratatzeko ahalmenarekin.

Tratamendu-prozesu horretatik, 25.000 tona polimero lortzen dira urtean, balorizazio materialerako, bai eta 75.000 tona hondakin ere, hondakinetatik ateratako erregaia (HAE) fabrikatzeko prozesura igarotzen direnak. Prozesu horrek PVCa bereizteko lerro bat eta birrinketa-lerro bat ditu, hondakinetatik ateratako erregaiaren granulometria egokitzeko. Urtean, 45.000 tona HAE sortzen dira, eta elikadurara bideratzen diren 30.000 tona errefus.

– Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak (TEEH) aldi baterako biltegiratzea eta deskontaminatzea; edukiera: 2.000 tona/urte.

Zehatzago esanda, honako hauek dira hondakinak kudeatzeko gauzatu nahi diren prozesu nagusiak:

– Metalak bereiztea: I. nabea

Kudeaketa-ahalmena: 135.000 t/urte. Eragiketa-kodea: R12, R4 errazteko.

Metal-nahasketen tratamenduaren xedea da metalezko nahasketak lortzea galdaketa- eta fintze-eragiketa indibidualizatuetarako. Tratatu beharreko metalen nahasketak hondakin solido konplexu batzuen tratamendutik lortuko dira. Hondakin horien artean, nabarmentzekoak dira deskontaminatutako ekipo elektriko eta elektronikoak eta tara konplexuak.

– Aplikatu beharreko prozesuan, bereizketa magnetikoa egiten da lehen etapan, aleazio ferrikoak (altzairua eta altzairu herdoilgaitz magnetikoak) bereizteko.

– Eragiketa hori egin ondorengo etapan, sailkapen granulometrikoa egiten zaie metal ez-magnetikoei, hainbat granulometriatako hiru metal-korronte lortzeko, zeinak ondoren egingo diren bereizketa-etapetan landuko baitira.

– Tamainen arabera sailkatutako metal ez-magnetikoen korronte bakoitzari bereizketa magnetiko aldakorreko etapa bat egiten zaio; bereizgailuen bidez, kable nahasketez, material herdoilgaitzez eta metalikoak ez diren hondakinez osatutako errefus-korronteak bereiziko dira. Horiek enpresa elkartu espezializatu batera bideratuko dira, non kobre eta altzairu herdoilgaitzeko edukia duten kableen frakzio balorizagarriak lortuko baitira.

– Granulometria handieneko bi metal-korronteek hiru etapa igaroko dituzte. Etapa horietan, X izpien bidez detektatu eta eiekzio pneumatikoaren bidez bereiziko dira. Prozesu horretatik, metal-nahasketa homogeneoak lortu, eta kontzentratu metaliko gisa merkaturatuko dira, haiek galdatzen eta fintzen jarduten diren enpresentzat. Bereizketa-etapa horiek eskuzko bereizketa-eragiketekin osatzen dira. Aurreikusi da sistematika horren bidez metalen nahasketa-korronteak lortu ahal izango direla, gero merkaturatzeko.

Metalen korronte bereiziak sortuko ditu, galdaketan eta finketan diharduten enpresa espezializatuetan haien balorizazio materiala egiteko.

Erabiliko diren makinak: burdinazko metalak eta metal ez-burdinazkoak bereizteko instalazioa (ZORBA), eiekzio pneumatikoko X izpi bidezko detekziorako hiru makina, xurgagailua eta mahuka-iragazkia dutenak nabearen kanpoaldean.

Instalazioan tratatuko diren hondakinak (edukiera, guztira: 135.000 tona metal-nahasketa urtean):

(Ikus .PDF)

Hondakin hauek sorrarazten dira prozesu horretan:

1.– Hondakin balorizagarriak (bigarren mailako metalak): 114.250 tona/urte.

(Ikus .PDF)

2.– Hondakinen sorrera: 20.750 tona/urte, deuseztatzeko.

(Ikus .PDF)

– EEIen hondakin astun eta arinen material polimerikoak bereiztea: II. nabea

Plastikoak bereiztea

Tratatzeko ahalmena: 100.000 t/urte. Kudeaketa-eragiketaren kodea: R12, R5 ahalbidetzeko.

Balio-bizitzaren amaieran dauden ibilgailuak zatitzearen ondoriozko frakzio astun eta arinen tratamendutik lortutako material polimeriko balorizagarriak bereizteko eragiketak egiten dira.

Eragiketa horretatik, material polimerikoen 25.000 tona inguru lortzen dira urtean, eta urtean 75.000 tona inguru igarotzen dira HAE fabrikatzeko lerrora. HAE horiek tratatzean, hondakinetatik ateratako erregaien 45.000 t/urte lortzen dira, eta deuseztatzeko hondakin ez-arriskutsuen 30.000 t/urte.

Erabili beharreko makinak: garbiketako turrusta urarekin eta bereizketa dentsimetriko hezearekin, material-bereizgailuak. Prozesua honetan datza:

– Materialaren sailkapen granulometrikoa, eta, horrela, bereizketa dentsimetriko hezea egin ezin zaien materialak baztertuko dira.

– Tarteko granulometriako frakzioak aire bidez sailkatuko dira sigi-saga ekipo baten bidez, eta, horrela, dentsitate txikieneko materialak baztertuko dira.

– Frakzio astuna erradiazio infragorri bidezko bereizgailu batera bideratzen da, zuraren hondakinak bereizteko. Material polimerikoen nahasketa bat lortzen da.

– Material polimerikoak garbitzea. Garbiketako ura deuseztatzea.

– Material dentsimetrikoen nahasketaren bereizketa dentsimetriko hezea. Deuseztatuko den materiala lortzen da, bai eta balorizazio energetikorako materialaren nahasketa bat ere, hala nola HAE eta balorizazio materialerako beste material batzuk.

– Aurreko urratsean lortutako materialaren bereizketa granulometrikoa egitea, merkaturatzeko.

Lohiak sortzen dira bereizketa dentsimetrikoko eragiketetan, eta deuseztatu egingo dira.

Era berean, prozesuko uren efluente bat sortuko da, instalazioaren araztegian tratatuko dena, isuri aurretik.

EEIen hondakin astun eta arinetatik material polimerikoak bereizteko prozesu horretan tratatuko diren hondakinak honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

Urtean 25.000 tona hondakin balorizagarri sortzen dira (material polimerikoak)

(Ikus .PDF)

Halaber, prozesuan tratatuko diren hondakinen 75.000 tona sortzen dira urtean, HEA fabrikatzeko tratamendu-lerrora igaroko direnak:

(Ikus .PDF)

Laburbilduz: prozesu horretan material polimerikoen korronteak sortzen dira; kasu batean, haiekin utzikinak ekoitzi eta gero, haiek eraldatzeko, eta, beste kasuan, erregai gisa prestatzeko. Tratamenduaren xede den prozesuko uren efluente bat sorrarazten da, halaber, isurketa egin aurretik.

Hondakinetatik Ateratako Erregaiak prestatzea, hondakin arinen eta EEIen hondakin arin eta astunetatik PVCa ebaki eta bereiztea.

II. nabean egingo da. Ahalmena: 75.000 tona material polimeriko urtean. R12 kudeaketa-eragiketaren kodea.

Prozesu horrek ebaketa-makina bat izango du, xurgagailua eta mahuka-iragazkia izango dituena nabearen kanpoaldean, eta PVCa bereizteko etapa bat, x izpi bidezko detekzio eta eiekzio pneumatikoa dituen ekipo bat erabilita. Material polimerikoen frakzio bat sorraraziko da, % 1etik beherako kloro-edukia duena, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) balorizazio energetikorako prestatzeko, bai eta zabortegi kontrolatuan deuseztatzera zuzendutako % 1etik gorako kloro-edukia duen beste bat ere.

Prozesuan tratatzen diren hondakinak (ahalmena: material polimerikoak bereizteko prozesutik datozen material polimerikoen 75.000 t/urte):

(Ikus .PDF)

Hondakin hauek sorrarazten dira prozesu horretan:

45.000 tona hondakin balorizagarri urtean, EEHak fabrikatzeko erabiltzen direnak:

(Ikus .PDF)

30.000 t/urte, deuseztatzeko:

(Ikus .PDF)

PVCa bereiztea

Balorizazio energetikora bideratutako material polimerikoen nahasketan dagoen PVCa bereizteko eragiketa. Erabiltzen ez diren ibilgailuen zatiketaren ondoriozko frakzio astun eta arinak tratatzeko eragiketetan sortutako material polimerikoen nahasketak dira.

Aplikatu beharreko eragiketa da X izpien bidezko detekzio-ekipo bat erabiliz egitea bereizketa hori. Ekipo horrek eiekzio pneumatikoko sistema bat du, eta, horri esker, PVCz aberastutako material polimerikoen korronte bat lor daiteke, deuseztatzeko, eta PVCz pobretutako frakzio bat, balorizazio energetikorako.

Birrinketa

Balorizazio energetikora bideratutako frakzio polimerikoari aplikatu beharreko partikularen tamaina murrizteko eragiketa, injekzio-sistema erabiliz erregai mota hori erabiltzen duten instalazio batzuetan onar daitekeen gehieneko tamainaren espezifikazioa betetzeko. Partikulak biltzeko gaitasuna duen ekipamendua da.

– TEEHen deskontaminazioa eta biltegiratzea: II. nabea

Kudeaketa-eragiketaren kodea: R1201, R1202, R1203, R1301, R1302, R1400. Kudeaketa-ahalmena: 2.000 t/urte.

II. nabean egitea aurreikusten da. Nabe horrek epoxi pinturaz margotutako lurzoru iragazgaitza eta isuriak kutxatila itsuen bidez biltzeko sistema izango ditu.

Erabili beharreko makinak: osagai arriskutsuak eskuz deskontaminatzeko tresnak eta mahaiak.

Eragiketa horretan, TEEHak desegiten dira, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinetan dauden hondakin arriskutsuak eskuz deskontaminatzen dira, eta horretarako, indarrean dagoen legediak markatutako osagai arriskutsuak bereizten dira.

Emaitza hainbat osagai bereiztea da: kondentsadoreak, LCD pantailak, etab.

Kalkuluen arabera, 1.700 tona TEEH deskontaminatuko dira urtean, eta Reydesa Recycling SL enpresak Goiaingo industrialdean duen instalazioan tratatuko dira.

Urtean 200 tona hondakin arriskutsu sortzea aurreikusten da, eta tratamenduan sortutako beste 100 tona ez-arriskutsu inguru.

Hondakin hauek tratatuko dira:

(Ikus .PDF)

Biltegiratuko diren hondakinak (R1301/R1302 eragiketak, 110/2015 Errege Dekretuaren arabera) honako hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

Kalkuluen arabera, honako hondakin arriskutsu hauek sortuko dira (guztira, 200 t/urte):

(Ikus .PDF)

Kalkuluen arabera, hondakin ez-arriskutsu hauek sortuko dira (guztira, 100 t/urte):

(Ikus .PDF)

Biltegiratzeak

Instalazio berriaren eragiketetan, prozesuen zain dauden materialak nabeen kanpoaldean pilatzea aurreikusi da (R13 eragiketa-kodea) eta prozesuan dauden materialak soilik pilatzea nabeen barnean, deskontaminatzeko zain dauden TEEH hondakinen kasuan izan ezik (R1301 eragiketa-kodea); horiek estalkipean biltegiratuko dira kasu guztietan, non epoxiz margotutako zolata iragazgaitzak eta kutxatila itsuak egongo baitira.

Neurri hauek izango dituzte biltegiratzeek:

– TEEH: 10 tona.

– Material polimerikoak: 100 tona.

– Metalak: 650 tona.

Ur-kontsumoa: hornidura-iturria poligonoaren sarea da, ez dago ur-bilketarik.

Hainbat motatako isurketak sortuko dira:

– Aldageletatik edo komunetatik datozen ur sanitarioak, zuzenean kolektorera isuriko direnak

– Prozesuko urak (plastikoak bereizteko prozesuko urak) eta zelaiko ur zikinak (kanoietako urarekin nahastutako euri-urak); ur horiek, araztegian tratatu ondoren, kolektorera isuriko dira.

Atmosferara partikulak haizatuko dituzten bi foku egongo dira:

– Bat, I. nabean, non metalen transferentzia-eremuetako hauts-emisioak atzemango baitira.

– Beste bat, II. nabean, plastikoak bereizteko prozesuan, non ehotze-prozesuan sortutako hautsa atzemango baita.

2.– Proiektuaren kokapena:

Goaian industrialdeko (Legutio) bi lurzatitan (zehazki, Zabaldea kalea 3 eta 5) hondakin solido konplexuak kudeatzeko jarduera berriak ezartzea eskatu du Reydesa Recycling SL enpresak.

Zadorra ibaiaren kontserbazio bereziko eremutik (ES2110010) gertu dago lurzatia, handik eta haren babes-eremu periferikotik kanpo.

Potentzialki kutsatutako lurzoru gisa inbentarioan bildutako zenbait gune daude industrialdean, baina ez diote eragiten instalazioa egongo den pabiloiari, ez eta hondakinak pilatu eta gordeko diren lekuari ere.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, proiektuak eragin ditzakeen inpaktuak honako hauekin daude lotuta: isurketak sortzea, atmosferara emisioak egitea, kontsumoak eta lurzorua eta ura kutsatzeko arriskua.

Era berean, aurkeztutako dokumentazioan, jarduerak Zadorra ibaiaren kontserbazio bereziko eremuan (ES2110010) izan dezakeen eragina aztertu da (190 metro inguruko distantzia dago), eta jarduerak kontserbazio-helburuetan ondorio nabarmenak eragitea baztertu da.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak eta baimen sektorialetan adierazitakoak ez ezik, baldintza hauek ere izan behar dira kontuan:

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute.

Natura-ondarea babesteko neurriak.

Aplikatu beharreko araudian xedatutakoa aplikatzeari kalterik egin gabe, honako neurri hauek aplikatuko dira:

– Obrak egiteko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira lanak eta lurzorua erabiltzea dakarten eragiketa osagarriak. Obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak, landare-lurren eta hondakinen behin-behineko pilaketen eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, bertako landarediari eragitea saihestuko da.

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, proiektua egiteko beharrezkoa den eremutik kanpo ez eragiteko.

– Horretarako, lanak hasi aurretik, zehatz-mehatz mugatuko dira, eta in situ balizatuko, lanak egiteko nahitaez moztu behar ez diren bertako zuhaitzak eta zuhaitz-unadak. Horrez gain, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak kolperik eta kalterik ez izateko.

– Kontratistaren instalazio-eremuak obren enpresa esleipendunak egokituko ditu, egitekoak diren jarduketek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten ingurumenean.

– Azterketa-eremutik gertu, Santa Engrazia ibaiaren ibilgua bisoi europarrarentzako Interes Bereziko Eremu gisa katalogatuta dago. Animalia hori galtzeko arriskuan dagoen espezie gisa ageri da Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan. Beraz, proiektua gauzatzerakoan, kontuan hartu beharko da azaroaren 7ko 322/2003 Foru Aginduan ezarritakoa, (haren bidez, Arabako Lurralde Historikoan bisoi europarra –Mustela lutreola– Kudeatzeko Plana onartzen da), desagertzeko arriskuan dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita.

– Era berean, ibaiaren ibilbidean beste espezie mehatxatu bat ere badago: igaraba (Lutra lutra), kudeaketa-plana duena Arabako Lurralde Historikoan (urriaren 27ko 880/2004 Foru Aginduaren bidez onartua), bai eta uhalde-enara ere (Riparia riparia), Araban kudeaketa-plana duen lehen espeziea (Diputatuen Kontseiluaren 22/2000 Foru Dekretua, martxoaren 7koa, Arabako Lurralde Historikoan Riparia riparia uhalde-enara hegaztia Kudeatzeko Plana onartzen duena).

Ura eta lurzorua babesteko neurriak

– Lurzorua okupatzea dakarten lanak egin behar izanez gero, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera.

– Lanak ibilgutik kanpo egiteko eremuetan, lanen eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatuko eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta hobekien atxikitzeko eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Ibaian isuri barreiatuak izango direla aurreikusten den eremuetan, iragazki- eta jalkitze-hesi luzetarakoak instalatuko dira (ingurumen-dokumentuak xedatzen dituenak).

– Obratako makinak gordetzeko eremua eta makinen mantentze-lanak egiteko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi egingo dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

– Hidrokarburoen material xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, ustekabeko isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

– Lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat denez, kontuan izango da lurzorua babesteari buruzko legeria eta, zehazki, Lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoruak kutsatu gisa deklaratzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua, bai eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea ere.

– Urak biltzeko eta tratatzeko sare bereizleak ezarri beharko dira, baldin eta, fluxuen bolumenak eta ezaugarriak direla-eta, uren nahasketak urak tratatzea zailtzen badu edo diluzio-efektua eragiten badu. Materiala garbitzeko urak eta bereizketa dentsimetriko hezeko prozesuko urak karakterizatzeko, prozesu horietan gehitzen diren produktuen informazioa helarazi beharko zaio ingurumen-organoari.

– Euri-ur «zikinak» eta egiten diren prozesuen ondoriozko urak isurtzeari dagokionez, alde batera utzi gabe organo eskudunak isuriaren baimenean ezartzen dituen mugak eta kontrolak, tratamendu aurreko sistema aldian-aldian kontrolatuko da (besteak beste, dekantagailua). Sistema mantentzeko lanak egingo dira, ondo funtzionatuko duela bermatzeko behar den maiztasunarekin. Lan horietan sartzen dira, halaber, lohia kentzea eta, gero, kudeatzaile baimenduari bidaltzea.

– Jarduerak sortzen dituen hondakin-uren kontrola balizko kutsatzaileen parametroetara egokitu beharko da, eta kontrolaren maiztasunak bere eraginkortasuna bermatu beharko du.

– Hondakin berriak soilik biltegiratuko dira horietara bideratutako kokapenean, eta bertako hormigoizko zolata baldintza optimoetan mantenduko da.

– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegia zein makinak biltegiratu eta kontserbatzeko eremua, baita erregaia hornitzeko gunea ere, toki iragazgaiztu estankoetan egon beharko dira, izan litezkeen isurietatik babestuta; eta indarreko araudiaren araberako edukiera nahikoa eta baldintzak edukiko dituzte. Berariaz debekaturik egongo da mantentze-lanak horretarako zuzendutakoa ez beste toki batean egitea.

Emisioak murrizteko neurriak

– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan. Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean partikulak eta hautsak airera ditzaketen eremuetarako. Gainera, lehorraldietan, hautsa duten lur- eta material-pilak ureztatuko edo estaliko dira.

– Obra-guneko irteeran, ibilgailuak garbitzeko sistema jarriko eta erabiliko da, solidoak biltzeko sistema bati konektatua, aurkeztutako dokumentazioan adierazi bezala. Gailu hori egoera onean mantenduko da obra-faseak dirauen artean.

Indusketatik ateratako materiala hauts-materiala ez barreiatzeko baldintza meteorologiko egokienetan eta hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak (AKDJ) erregularizatu beharko dira, Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Beste ingurumen-baimen batzuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarduera garatzeko, arreta berezia jarriko da hondakinak balorizatzeko lanetan ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Honako neurri hauek hartuko dira kontuan horretarako:

– Balorizatzekoa den materiala aurrez busti egingo da eremu kritikoenetan, egokitzat jotzen den maiztasunarekin.

– Materialaren zamalanak egiteko orduan, ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira horiek; hala bada, honako neurri hauek hartuko dituzte, besteak beste: materiala deskargatzean, hura erortzen den altuera gutxitzea; materiala hartu ondoren, koilara edo atzaparrak guztiz ixtea; etab.

– Materialak biltegiratzea: babestuen dauden tokietan bilduko dira, haizeak hondakinak herrestan eraman ez ditzan; bilketen altuera ere kontrolatuko da, eta, behar izanez gero, ihinztatzeko, lainoztatzeko eta langartzeko sistemak erabiliko dira. Aire zabaleko biltegien kasuan, behar izanez gero, haize-babes artifizial edo naturalak erabiliko dira, haizearen abiadura eta turbulentzia murrizteko; babes hori haizearen norabidearekiko zut jarriko da, biltegiratutako materiala babesteko. Oro har, haizearen esposiziopean dauden gainazalak murriztuko dira. Edonola ere, behar bezala mantendu eta ikuskatu beharko dira biltegiak.

– Makineriak ez du orduko 20 km-ko abiadura gaindituko, atmosferan partikulen suspentsioa ahal den txikiena izan dadin.

– Zamalanak, biltegiratzeak eta abar egiten dituzten bideak eta eremuak hauts-materialik gabe edukiko dituzte; erraztatu aurretik eremua hezetu edo busti beharko dute haiek garbitzeko, metodo horiek lehorrean garbitzea baino eraginkorragoak direlako.

– Udan edo prezipitaziorik ez dagoenean kamioien joan-etorrietarako eremuak ureztatuko dira.

– Plantaren instalazioak aldi-aldian berrikusi beharko dira, egoera onean egon daitezen.

– Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.

– Haizearen eta baldintza meteorologikoen arabera planifikatu beharko da zamalanen orientazioa, materia partikulatuaren barreiadura ahalik eta gehien murrizteko.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak

– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketa-, eraispen-, zamalan- eta garraio-lanetan, baita erabilitako makinariaren mantentze-lanetan, eta zaraten eta bibrazioen murrizketan.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

– Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikulua aplikatuta, zarata iturri berriak egonez gero, Dekretu horren I. eranskinaren 2. zatian azaltzen diren muga-balioak bete beharko dira.

Hondakinak kudeatzeko neurriak

Oro har, adierazi behar da hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioen dokumentuan jasotakoa bete behar dela. Horrez gain:

– Sortutako hondakinak Hondakin, Lur Kutsatu eta Berariazko Araudiei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, indusketetatik datozen hondakinak eta obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak barne, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira hondakinak, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik balorizatzea bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasteak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak dekretu horretako I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

– Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko.

– Amiantoa duen hondakinik antzematen bada, otsailaren 1eko 108/1991 Errege Dekretuak, amiantoak ingurumena ez kutsatzeko eta amiantoaren ondoriozko kutsadura txikitzekoak, ezartzen dituen eskakizunak beteko ditu sustatzaileak. Halaber, amiantoa daukaten hondakinak kudeatzeko manipulazio-eragiketak, amiantoaren eraginpean jartzeko arriskua dakarten lanei aplikagarri zaizkien gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako betekizunen arabera egingo dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera ere kudeatuko dira.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Eraikitzeko edo eraisteko obren hondakinei dagokienez, kutsatu gabeko induskatutako lurzoruak eta obretan induskatutako material naturalak badira eta obra gauzatzeko soberakin gisa sortzen badira, eta betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, induskatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

– Hondakin arriskutsuak estalkipean biltegiratuko dira, zolata iragazgaitz baten gainean. Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jasotzen dituen arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin. Jarioak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuek bilketa-sistemak egokiak eta bereiziak izango dituzte, hondakin jakin bat isurketaren batean nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete.

– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Aurreko apartatuetan adierazi den bezala, olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Obretan sortutako hondakinak kudeatzeko protokoloak eduki beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte protokolo horiek, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da, hondakin arriskutsuak aldi baterako pilatzeko, hala nola, olio-poteak, iragazkiak, olioak eta margoak. Gainera, arriskutsuak ez diren hondakinentzako eta hondakin geldoentzako edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen eremutik bereiz.

– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

– Hondakinak tratatzeko lerroetako EHZ ispilu kodeak dituzten irteera-frakzioei dagokienez (EHZ 191006; EHZ 191212), haien karakterizazioa egin beharko da, arriskugarritasuna baztertzeko eta fluxu horien osaera identifikatzeko.

TEEHak kudeatzeari dagokionez:

Tresna Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutako betekizunak betetzen dituela justifikatu beharko da baimen-proiektuan:

1.– TEEH biltegiratzeari dagokionez, 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean ezarritako TEEH tratatzeko instalazioen biltegiratze-baldintzak eta/edo bilketa-instalazioetan biltegiratzeko baldintzak bete beharko dira.

2.– Bilketaren eremuan aldi baterako biltegiratzen bada (instalazioan bertan tratatuko ez diren TEEH), hondakin bakoitzaren kudeatzaile hartzaileei eta azken tratamendu-eragiketari buruzko informazioa eman beharko zaio ingurumen-organoari, eta hondakin horiek identifikatuko dira honako alderdi hauekin: deskribapena, EHZ-TEEH kodea, kategoriak, frakzioa eta tratamendu-taldea, 110/2015 Errege Dekretuaren VIII. eranskinaren 1. taulan xedatutakoaren arabera.

3.– Egin beharreko tratamendu espezifikoei dagokienez:

– Egin beharreko tratamendu espezifikoak (G) 110/2015 Errege Dekretuaren arabera zehaztu beharko dira, eta XIII. eranskineko G zatian adierazitako faseetara egokitu beharko dira, tratatu beharreko EHZ-TEEHen arabera.

– Tratamendua gauzatzeko erabili beharreko lan-mahaiak eta eskuzko tresnak zehaztu beharko dira.

– Protokolo dokumentatu espezifikoak eduki beharko dira; eta, haietan, XIII.B.c eranskinean aurreikusitako osagaiak, substantziak eta nahasteak ateratzeko eta desmuntatzeko modua egongo da zehaztuta. Espezifikoak izan beharko dute tratamendu-talde bakoitzeko eta aparatuen antzeko tipologia bakoitzeko, otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren III. eta IV. eranskinen arabera.

Hondakin hauetarako jarraitu beharreko protokoloak berariaz zehaztu beharko dira:

– 16 02 10* PKB duten edo PKBz kutsatuta dauden baztertutako ekipamenduak, ez direnak 16 02 09 kodean zehaztutakoak

– 16 02 10*-41*

– 16 02 12* Amianto askea daukaten tresneria baztertuak

– 16 02 12*-41*

– 16 02 12*-51*

Amiantoa duten hondakinei dagokienez, Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanetan aplikatu beharreko gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenei buruzko martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretua aplikatuko zaie.

Protokolo horietan tratamenduaren ondoriozko frakzio guztiak adierazi beharko dira, EHZ kodearen eta deskribapenaren bidez identifikatuak, eta horietako bakoitzaren aurreikusitako helmuga zehaztu beharko da. Kodetzea egingo da otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren XIII. eranskineko G.8 eranskinaren arabera (Tratamendu-prozesuan TEEHetatik ateratako edo kendutako frakzio, substantzia, material eta osagaien kodeak).

– TEEHek, tratamendu-prozesu espezifiko bat hasi ondoren, ez dute TEEHen EHZ kode osoa mantenduko, baizik eta frakzio bakoitza bere ezaugarrietarako egokiena den EHZ kodearekin kodetuko da, aipatutako G.8 eranskinaren arabera.

– Plastiko bromatuak identifikatzeko eta bereizteko protokolo dokumentatu bat eduki beharko da.

– Tratatu beharreko TEEHen kategoria ezberdinetarako 110/2015 Errege Dekretuaren XIV.A eranskinean ezarritako birziklatze eta balorizazioko gutxieneko helburuak betetzen direla justifikatu beharko da.

TEEH ez diren beste hondakin mota batzuk batera tratatzen badira, triajeak edo TEEH kategoria bakoitzerako balorazio-helburuak bermatzen dituzten berariazko azterlanak egin beharko dira.

– Instalazioaren kalitate-plan bat eduki beharko da, TEEHen tratamendu egokia ziurtatzeko aurreikusitako egiaztapenak jasoko dituena. Era berean, erabilitako makinak eta ekipamenduak mantentzeko eta kalibratzeko protokoloak sartu beharko dira, bai eta eragiketa horien erregistro-liburuak ere.

4.– Berrerabiltzeko prestaketa-eragiketak egiten badira, 110/2015 Errege Dekretuaren IX.A eranskinean ezarritako baldintza teknikoak betetzen direla justifikatu beharko da. Protokolo zehatzak izango dira berrerabiltzeko prestatuko diren aparatuen tipologietarako eta bilketa-frakzioetarako.

5.– Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei kendutako osagaien kodeetako bat hartzeko eta tratatzeko baimena eskatuz gero (EHZ 1602015*,160216), ziurtatu egin beharko da TEEHen osagai horien jatorria, hala nola hondakin horiei dagokien tratamenduak egiteko baimena duen fabrika batetik datorrela, edota gailuak ekoizten dituen enpresa baten errefusa edo antzekoa dela; halaber, daukaten baimenaren kopia bat atxiki beharko dute.

6.– Berunezko bateriak eta litiozko bateriak biltegiratu nahi badira, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan (uztailaren 24ko 710/2015 Errege Dekretuak aldatua) xedatutakoa bete beharko da.

– Instalazioaren bizitza erabilgarria amaituta, oro har kutsadura sor dezaketen elementu guztiak desmuntatu eta erretiratu beharko dira, eta dagokion kudeatzaile baimenduari emango zaizkio, kasuan kasuko tratamendu egokia egin dezan, indarrean dagoen legediaren arabera.

– Jarduera eten ondoren, titularrak ebaluatuko du lurzorua nola dagoen eta instalazioak erabilitako, ekoitzitako edo zabaldutako gai arriskutsu esanguratsuek lurpeko uretan zer-nolako kutsadura eragin duten, eta, halaber, organo honi emango dio ebaluazio horren emaitzen berri. Ebaluazioak erakusten badu instalazioak lurzoruaren edo lurpeko uren kutsatze nabarmena eragin duela lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidean egindako lurzoruaren kalitatearen ikerketa-txostenetan ezarritako egoerarekin alderatuta, titularrak neurri egokiak hartuko ditu kutsadura horri aurre egiteko eta instalazioa lehengo egoerara ekartzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko 26/2007 Legearen II. eranskineko arauei jarraikiz.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak

– Obren eraginpeko eremu guztietan egingo dira obra paisaian integratzeko lanak, baita kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, lehengoratze-proiektuan agertu ez arren, kaltetuak gertatu badira proiektua amaitzean. Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

Kultura-ondarea babesteko neurriak

EAEko Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako beharkizunen kalterik gabe, ustiatze-lanak egin bitartean aurkikuntza arkeologikorik egin bada, Arabako Foru Aldundiko Kultura Saila jakinaren gainean jarri behar da berehala, azken horrek erabaki dezan zer neurri hartu behar diren.

Ingurumen-arloko aholkularitza

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen-gaietan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan aholkularitza gaitua eduki beharko du obraren zuzendaritzak, ingurumen-dokumentuko zehaztapenen arabera. Baldintza-pleguak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aipatu aholkularitzak egindako txostena izan beharko dute aldez aurretik.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

Beraz, langileek jardunbide egokien sistema bat erabili beharko dute, besteak beste, helburu hauek ahalik eta gehien ziurtatzeko: obraren okupatze-mugak kontrolatzea, natura-intereseko landaretza-guneen gaineko eragina kontrolatzea, ibilguen gaineko eragina kontrolatzea, hondakinen isurketak saihestea, olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea, proiektuaren eragin-esparruko biztanleei zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak saihestea.

Garbiketa eta obra-bukaera

Obra bukatu ondoren, garbiketa zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegingo dira

Organo substantiboak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako Ingurumena Zaintzeko Programa alde batera utzi gabe, honako baldintza hauek hartu beharko dira kontuan:

– Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da Ingurumena Zaintzeko Programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

– Programa hori obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izango du.

Gorabeheren erregistroa

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori eskuragarri egon beharko da Ingurumen Administrazioko Zuzendaritzak gainbegira dezan. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak. Horri dagokionez, obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarrean dagoen legediak hondakinen kontrolerako, jarraipenerako eta onarpenerako jasotzen dituen agiriak erantsi beharko dira txosten horretan.

Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea

Egiaztatu egingo da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

Lehengoratzearen arrakastaren kontrola

Obra amaitu ondoko bi urteetan, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako eremuen lehengoratzeak izan duen arrakasta-mailari.

Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina

Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina egin beharko du sustatzaileak, eta bertan bilduko ditu ingurumen-dokumentuan proposatutako betebeharrak eta erreferentziako proiektuaren ingurumen-txostena formulatzeko ebazpenean finkatutako betebeharrak.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak xehetasun-kartografian non dauden kokatuta; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak

Ingurumena Zaintzeko Programako txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari. Obrak bukatuta eta lehengoratze-lanen berme-aldia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, lehengoratzea egin eta bi urtera. Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu beharko da.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia betetzeko.

Bigarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez izanez gero–, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortuko denik proiektua gauzatzearen ondorioz. Beraz, ez da beharrezkotzat jotzen Reydesa Recycling SL enpresak Legution (Goiain industrialdea, Zabaldea kalea 3 eta 5) hondakinak kudeatzeko duen instalazio-proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Laugarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua baimentzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, indarraldia galduko du ingurumen-inpaktuaren txosten honek, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 15a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala