Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2020ko ekainaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
2170

EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 25ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gradu eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearena, Graduko Ikasketen Gestiorako 2020-2021 ikasturteko Arautegia argitaratzeko.

Unibertsitateak, bere eskumenak erabiliz, arauak eta prozedurak ezarri behar ditu bere gestioari dagozkion zereginak izapidetzeko.

Proposamen honen helburua da oinarrizko araudia zehaztea graduko ikasketen gestiorako, oinarri izan dadin Zerbitzu Nagusietarako eta ikastegi eta sailen eginkizunetarako, bai eta ikasleen eskubideak bermatzeko ere.

Eranskineko proposamena ontzat eman zuen Graduko Batzordeak 2020ko martxoaren 26an, eta Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak 2020ko apirilaren 8an onartu zuen.

Graduko Ikasketen Gestiorako 2020-2021 ikasturteko Arautegiak 51. artikuluak dio(arautegia 2020ko apirilaren 8an onartu zuen Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak): «Graduko Batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatzeko arau osagarriak eman ditzan eta ikasturtero datak, egutegiak eta eranskinak egunera ditzan, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen proposamenari jarraituz». Horrela, bada, COVID-19k eragindako pandemiaren ondorioz bizi dugun egoera kontuan hartuta, Graduko Batzordeak, 2020ko maiatzaren 14an egindako bileran, onartu zuen egokitzea Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak 2020ko apirilaren 8an onartutako arautegia, honi erantsitakoari jarraikiz.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, eta otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 10.2 artikuluan dioena betez (2004ko martxoaren 12ko EHAA), honako hau

EBAZTEN DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Graduko Ikasketen Gestiorako 2020-2021 ikasturteko Arautegia, ebazpen honen eranskinean jasota dagoena.

Leioa, 2020ko maiatzaren 25a.

Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordea,

ARACELI GARIN MARTIN.

Eskumenak eskuordetuta, (errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Ebazpena; 2017ko otsailaren 3ko EHAA).

ERANSKINA
GRADUKO IKASKETEN GESTIORAKO ARAUTEGIA 2020/2021 IKASTURTERAKO
I. KAPITULUA
UNIBERTSITATERA SARTZEA

1. artikulua.– Ikasleak onartzeko prozedura.

Aintzat hartuta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa, Hezkuntzari buruzkoa (abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak aldatua); ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretua, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan ikasleak onartzeko prozeduren oinarrizko arautegia ezartzen duena; uztailaren 29ko 310/2016 Errege Dekretua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko azken ebaluazioko proben ezaugarriak arautzen dituena; abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretua, 8/2013 Lege Organikoa ezartzeko zehaztutako egutegia zabaltzeko premiazko neurriei buruzkoa; eta otsailaren 17ko PCM/139/2020 Agindua, zeinaren bidez zehazten diren Unibertsitatera Sartzeko Batxilergoaren Ebaluazioaren ezaugarriak, diseinua eta edukia, eta ezartzen diren 2019/20 ikasturteko mugaegunak probak egiteko eta kalifikazioen berrikuspena ebazteko; horiek guztiak aintzat hartuta, unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak onartu du 2020ko apirilaren 8ko bileran, UPV/EHUko graduko ikasketetara sartu eta ikasketetan onartua izateko Prozedura 2020/2021 ikasturterako.

2. artikulua.– Plazen erreserba.

Ondoko kupoak ezarriko dira gordetako plazak dituzten taldeetarako:

a) Unibertsitateko titulazioa daukaten ikasleentzat: plazen % 2.

b) % 33ko desgaitasun maila edo handiagoa duten ikasleentzat: plazen % 5

c) Goi mailako edo errendimendu handiko kirolarientzat: plazen % 3 (%5 gehiago Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren eta Fisioterapiako Graduaren kasuan).

d) 25 urtetik gorakoentzako sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 2.

e) 45 urtetik gorakoentzako sarbidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.

f) Lan esperientzia egiaztatuz sartzeko bidea hartzen dutenentzat: plazen % 1.

3. artikulua.– 1.– UPV/EHUn sartzeko eskaria egin nahi duten ikasleek bide hauetakoren bat erabili beharko dute:

a) Batxilergoa, unibertsitatera sartzeko proba edo Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) UPV/EHUn. Modalitate honen barruan, UPV/EHUn egin ahal izango dute USE EAEn 2020-01-01ean erroldatutako ikasleek.

b) Unibertsitatera sartzeko proba edo USE UPV/EHUtik kanpo egin duten Batxilergoko ikasleak.

c) Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulua, arte plastiko edo diseinuko goi mailako teknikari titulua, edo goi mailako kirol teknikari titulua edo baliokidea duten ikasleak.

d) Europako Batxilergoko titulua edo nazioarteko Batxilergoko titulua duten ikasleak.

e) Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak edo arlo honetan aplikagarriak diren nazioarteko elkarrekikotasun hitzarmenak dituzten beste estatu batzuetako hezkuntza sistemetatik datozenak, baldin eta betetzen badituzte kasuan kasuko hezkuntza sisteman unibertsitateetara sartzeko eskatzen zaizkien baldintza akademikoak.

f) 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba Proba UPV/EHUn egin dutenek izango dute lehentasuna, eta horien ondoren joango dira proba beste unibertsitate publiko batean egin dutenak. Probak publikoak ez diren unibertsitateetan gainditu dituzten ikasleen eskariak banan-banan aztertuko dira.

g) 45 urtetik gorakoentzako proba UPV/EHUn egin duten ikasleak.

h) Lan esperientzia egiaztatzea.

i) Unibertsitate titulazioa.

j) Europar Batasuneko estatuetako hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak, baldin eta ez badituzte betetzen kasuan kasuko hezkuntza sisteman unibertsitatera sartzeko eskatzen zaizkien baldintza akademikoak, eta Europar Batasunekoak ez diren estatuetako hezkuntza sistemetatik datozen ikasleak, baldin eta Espainiako hezkuntza sistemara homologatutako Batxilergoko titulua badute. Modalitate honen barruan, USE egin ahal izango da UPV/EHUn.

2.– Honako hauek dira sarrera eskaria egiteko aurkeztu beharreko agiriak:

a) UPV/EHUren webgunearen bidez izena eman izanaren gordekina.

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Honako hauen fotokopia erkatuak edo EKSdunak: unibertsitatera sartzeko probako txartela; Lanbide Heziketako ikasketen ziurtagiri akademikoa, deialdia eta azken nota zehaztuta; unibertsitatean egindako ikasketen ziurtagiri akademikoa (titulazioa UPV/EHUn 1990aren ostean egin duten ikasleek izan ezik), UNEDek emandako ziurtagiria, edo unibertsitatera sartzeko aukera egiaztatzen duen beste edozein agiri.

d) Desgaitasunak dituzten ikasleentzat eta goi mailako edo goi errendimenduko kirolarientzat gordetako plazak eskatu nahi dituzten ikasleek egoera hori egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar dute, kasuan kasuko administrazioak emana.

Eskariak aurkezteko epeak eta lekuak eta aukera kopurua.

4. artikulua.– UPV/EHUn sartzeko eskariak UPV/EHUren webgunearen bidez egingo dira eta epe bakarra egongo da, 2020ko ekainaren 15etik uztailaren 21era arte, biak barne, sarbide mota guztietarako eta graduko ikasketak egiteko deialdi guztietarako.

Hirugarren artikuluko bigarren puntuan zehazten diren agiriak posta ziurtatuaren bidez igorri beharko dira Sarbide Bulegora (1.397 posta kutxa, 48080 Bilbo), izena emateko epearen barruan; EKSdun dokumentuak badira, posta elektronikoz bidali ahal izango dira sarrera@ehu.eus helbidera.

Eskariak behin-behinekoak izango dira 3.2 artikuluan zehaztutako agiriak UPV/EHUn jaso arte.

Sarrera probaren ezohiko deialdikoa edo Lanbide Heziketakoa izateagatik ikasleak ez baditu betetzen baldintza akademikoak izena emateko epearen barruan, eskuratzen dituenean bidaliko ditu aipatutako agiriak unibertsitatera, eta hurrengo onartuen zerrendan sartuko da horrek ematen dizkion eskubideekin.

Unibertsitateko tituludunak ezin izango dira sartu graduko ikasketetan, baldin eta graduko ikasketa horiek ikasleak bukatuta dituen ikasketen ordezko badira eta graduko ikasketen parekoa edo maila handiagokoa bada titulua.

Unibertsitatera sartzeko probak 1892/2008 Errege Dekretuko 3.1 artikuluan jasotako baldintzetan gainditu ez dituzten j) ataleko ikasleek epe barruan aurkeztu beharko dute onarpen eskaria, baina ez dute onarpen prozesuan parte hartuko harik eta proba gainditu eta epe barruan diren ikasleek onarpen prozesua amaitzen duten arte.

Beste ikasketa batzuk edo kalifikazioen aldaketaren bat aurkeztu nahi izanez gero, Sarbide Bulegora bidali beharko da dokumentazio berria, erkatua edo EKSrekin, betiere artikulu honen hasieran zehaztutako epearen barruan.

5. artikulua.– Eskariak ebazteko beharrezkoak iruditzen zaizkion agiri osagarriak eska ditzake unibertsitateak.

6. artikulua.– Ikasleek matrikularako zortzi titulazio eskatu ahal izango dituzte gehienez izena emateko eskari bakoitzeko. Behin onarpen prozedura hasita, ez da onartuko, inolaz ere, plaza eskarian aldaketarik egitea edo beste titulaziorik gehitzea, eta interesatuak eskarian ezarritako lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio.

Unibertsitateko ikasketak hasita dauzkaten ikasleak.

7. artikulua.– Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek prozedura honi jarraikiz egin beharko dute eskaria:

a) Unibertsitateko ikasketa ofizialak hasita izanik ikasketa horietan jarraitu edo unibertsitateko beste ikasketa ofizial batzuk hasi nahi dituzten ikasleak (lekualdaketak).

1.– Ikasle horiek berriz eman ahalko dute izena prozedura orokorrerako ezarritako epe eta datetan, eta ikasle berritzat hartuko dira; hau da, sarrera proban lortutako kalifikazioa edo baliokidea hartuko da kontuan. Horretarako, onarpen eskaria aurkeztu beharko dute (izena eman beharko dute) 4. artikuluan zehaztutako epeei jarraituz.

2.– Era berean, unibertsitateko ikasketak hasita baina amaitu gabe izanik UPV/EHUn sartu nahi duten ikasleek, baldin eta Estatuko beste unibertsitate batetik edo unibertsitateko ikasketa ofizialetatik edo UPV/EHUko beste ikasketa batzuetatik badatoz, ikastegiko idazkaritzan zuzenean eskatu ahal izango dute lekualdaketa, 2020ko ekainaren 24tik uztailaren 3ra bitartean. Eskariak ebatziko ditu ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak, unibertsitateko errektoreak eskumenak eskuordetuta, ondoko irizpideei jarraituz:

2.1.– Lehenengo maila osoa edo 60 kreditu gaindituta izatea, baldin eta ikasketa horietarako plaza kopuru mugatua badago edo plaza guztiak ohiko prozeduraren bidez esleitu badira.

2.2.– UPV/EHUn Jarraitzeko Arauak betetzea.

2.3.– Ikastegiko zuzendaritzak lekualdaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin eta irakats ahalmenarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren web orrian egon beharko dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen.

3.– Ikasleak plaza lortuz gero, espediente akademikoa lekuz aldatu beharko da. Tramite hori jatorrizko ikastegiak edo unibertsitateak egin beharko du, interesatuak UPV/EHUn onartua izan dela egiaztatu ondoren.

Lekualdaketa UPV/EHUren ikastegi batetik beste batera egin bada ikasketa berberekin jarraitzeko, erabilitako deialdiak espediente berrian jasota agertuko dira, baina, edozelan ere, horrelakoetan, ikasleak bermatuta izango ditu bi deialdi.

Gradu bera ematen duten ikastegiek plaza kopuru bat gorde ahal izango dute beren jatorrizko ikastegian ematen ez den aipamen bat egin nahi duten ikasleen lekualdaketa eskarientzat. Horretarako, tartean diren ikastegietako batzarren erabakia beharko da. Erabakian zehaztuko da zenbat plaza gordeko diren eta zein baldintzatan egingo diren lekualdaketak, eta informazio hori ikastegietako web orrietan argitaratu beharko da lekualdaketak eskatzeko epea hasi aurretik.

b) Unibertsitateko ikasketak atzerrian hasita dituzten ikasleak.

Ikasle horiek, betiere baliokidetu edo aitor daitezkeen lehenengo mailako 30 kreditu aitortuta badituzte, onarpen eskaria egin beharko dute matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan 2020ko ekainaren 24tik uztailaren 3ra bitartean, eskariarekin batera ikaslearen ziurtagiri akademikoa aurkeztuta; eskari horiek dekanoak edo zuzendariak ebatziko ditu, errektoreak eskumenak eskuordetuta. Ikastegiko zuzendaritzak, 412/2014 Errege Dekretuko 30. artikuluari jarraituz, lekualdaketa kopuru jakin bat onartu ahal izango du bateragarri izango dena titulazio horretako lehenengo mailan sartzeko ezarrita dagoen ikasle kopuruarekin, irakats ahalmenarekin eta titulazioa ezartzeko egutegiarekin. Horretarako, ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak zehaztutako irizpide objektiboak erabiliko dira, eta irizpideok ikastegiaren web orrian egon beharko dira argitaratuta izena emateko epea hasi baino lehen. Besteak beste, unibertsitateko espedientea hartu beharko da kontuan.

Ikasleek espedientea lekuz aldatzeko eskaria egingo dute, baina izena emateko prozesuan ere parte hartzeko aukera izango dute 3. artikuluan zehaztutako aukeretako bati jarraikiz.

c) Utzitako ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleak.

Ikasketak beste unibertsitate batera edo UPV/EHUko beste ikastegi batera joateko utzi eta berriro hartu nahi dituzten ikasleek ikastegiko idazkaritzan zuzenean aurkeztu beharko dute eskaria 2020ko ekainaren 24tik uztailaren 3ra bitartean, eta dekano edo zuzendariak hartuko du eskariari buruzko erabakia.

d) Goi mailako eta errendimendu handiko kirolariak.

Kirol arrazoien ondorioz bizilekuz aldatu beharra izan duten goi mailako eta errendimendu handiko kirolariek bizileku berrian euren ikasketekin jarraitu nahi izanez gero, espedientea lekuz aldatzeko eskariak 2020ko ekainaren 24tik uztailaren 3ra bitartean aurkeztu beharko dituzte matrikula egin nahi duten ikastegiko idazkaritzan. Eskari horiek lehentasuna izango dute kasuan kasuko ikasketetan lekualdaketetarako dauden plazak esleitzean, bat etorrita uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuak, goi mailako eta errendimendu handiko kirolariei buruzkoak, 9.10 artikuluan zehaztutakoarekin. Ezarritako epetik kanpo, esleitu gabeko plaza hutsak geratu direnean baino ez da era honetako lekualdaketarik onartuko.

Aurreko a) eta b) ataletan jasotako baldintzen arabera ebatzitako eskarien kasuan, ikastegiak onartutako eskarien berri eman beharko dio Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzari.

Bide horietako batetik onartutako ikasleak (a, b, c edo d) matrikula egin beharko du ikasketak egingo dituen ikastegiko idazkaritzan, onarpen erabakian adierazitako epean. Ezer adierazi ezean, 28. artikuluan zehaztutako epeetan egin beharko du.

Behin betiko izena ematea, plazak esleitzea eta matrikula egitea.

8. artikulua.– Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa (USE) euskal barrutian egin duten Batxilergoko ikasleek eskaria egina badute 2020/2021 ikasturtean (behin-behineko izen ematea) UPV/EHUn sartzeko, eskari hori berretsi egin beharko dute (berdin uzteko edo aldaketak egiteko) honako toki eta egun hauetan:

a) USE ohiko deialdian (2020ko uztailean) gainditu duten ikasleek 2020ko uztailaren 14tik 21era, biak barne, ahal bada, unibertsitaterako sarbideko web orrian (http://www.ehu.eus/eu/web/sarrera-acceso/home).

b) USE ezohiko deialdian (2020ko uztailean) gainditu duten ikasleek 2020ko uztailaren 28tik irailaren 2ra, biak barne, zuzenean, unibertsitaterako sarbideko web orrian (http://www.ehu.eus/eu/web/sarrera-acceso/home).

Ezinbestekoa da eskaria berrestea eta behin-behineko izen ematea behin betiko bihurtzeko. Eskabidea berretsi ezean, baliorik gabe geratuko da eta baztertu egingo da UPV/EHUra sartzeko prozeduratik.

9. artikulua.– Plazen esleipena 412/2014 EDn zehaztutako lehentasunei jarraituz egingo da, ikasleak adierazitako hurrenkera errespetatuz eta irizpide hauek kontutan hartuta:

a) Gordetako plazak dituzten taldeen kupoetako zenbait plaza, printzipioz, sarrera orokorreko ikasleei esleituko zaizkie (beraz, talde horrek plaza gehiago izango ditu), salbu eta, aurreko ikasturteetako datuen arabera, plaza horiek betetzen diren titulazioetan. Talde horien eskaririk balego, kasuan kasuko ehunekora arte onartuko dira.

b) Baimendutako plaza muga igoko da aurreko ikasturteko urriaren 31 baino lehen baliogabetutako matrikulen kopuru berean. Igoera hori kasuan kasuko ikastegiekin erabakiko da, eta plazak sarrera orokorreko ikasleek beteko dituzte, lehentasun hurrenkera zehatz-mehatz gordez.

10. artikulua.– 1.– Graduko ikasketetara sartzeko eskariak ikaslearen batez besteko notaren hiru hamartar kontutan hartuta ordenatuko dira, dagokion balorazio irizpidea oinarri hartuta.

2.– Ikasleak unibertsitateko tituluren bat badu, unibertsitateko espedienteko batez besteko nota 1125/2003 EDn zehaztutakoari jarraituz kalkulatuko da. Aurkeztutako ziurtagiri akademikoaren bidez ezinezkoa bada batez besteko nota zehaztea, honetara kalkulatuko da:

Sarrera kalifikazioak homologatzearren, kalifikazio kuantitatiborik ez dagoenean, honako taula honetan adierazitako irizpideen arabera zehaztuko da kalifikazio kualitatiboaren zenbatekoa: baliozkotuta: 5,5 (kalifikaziorik gabeko irakasgaietarako); nahikoa: 5,5; oso ongi: 7,5; bikain: 9; ohorezko matrikula: 10.

Kreditutan egituratuta ez dauden ikasketa planetan honela kalkulatuko da batez besteko nota: gainditutako irakasgaien kalifikazioak batuko dira, aurreko taulako balioak erabilita, eta emaitza zatituko da titulazioko irakasgaien kopuruaz. Lauhileko edo seihileko irakasgaien kasuan, kalifikazioaren balioaren erdia hartuko da batuketarako eta irakasgaiaren erdia zatitzailean. Karrera amaierako proiektua urte osoko irakasgaitzat hartuko da.

Espedientea kreditutan egituratuta badago, honela kalkulatuko da batez besteko nota: gainditutako irakasgai bakoitzaren kreditu kopurua biderkatuko da bere kalifikazioaz, aurreko taulako balioak erabilita; gero, ateratzen diren emaitzak batuko dira eta batura zatituko da titulazioan guztira gainditutako kreditu kopuruaz.

Batez besteko nota kalkulatzean ez dira kontuan hartuko kalifikaziorik ez daukaten kreditu aitortuak.

11. artikulua.– Matrikula egiteko onarpena unibertsitatearen web orrian (www.ehu.eus ) argitaratuko da honako data hauetan:

1. onarpena: uztailak 25.

2. onarpena: abuztuak 1.

3. onarpena: abuztuak 5.

4. onarpena: irailean (iraileko azken onarpen honetan sartuko dira USEren ezohiko deialdiko ikasleak eta prestakuntza zikoetakoak).

5. onarpena: irailak 10.

6. onarpena: irailak 15.

Unibertsitateak, onarpen prozesuaren garapena ikusirik, onartuen zerrenda gehiago atera ahal izango ditu; horrela eginez gero, aldez aurretik jakinaraziko du denbora nahikoaz.

12. artikulua.– Ikasleari UPV/EHUn matrikula egiteko onartuta dagoela jakinarazteko bide ofiziala UPV/EHUren webgunea izango da.

13. artikulua.– 1.– Ikaslea zein ikasketatan onartu duten, titulazio hori ematen den ikastegian egingo du matrikula modu presentzialean, 26. artikuluan adierazitako egunetan eta 29. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztuta.

2.– Ikaslea ez bada bertaratzen matrikula egiteko zehaztu zaion egun eta orduan, ikasleak matrikula egiteko eskubideari uko egin diola ulertuko da eta, hortaz, galdu egingo du ikasketak egiteko plaza. Gero, beranduago, ikasleak UPV/EHUn matrikula egiteko nahia adieraziko balu, eskariak berriro ordenatu ondoren plaza hutsak dauzkan titulazioren batean sartzeko aukera izanez gero baino ezingo luke egin matrikula.

Talde batetik baino gehiagotatik sartzeko eskariak.

14. artikulua.– 1.– Indarrean dauden arauei jarraituz, sarrera bide batetik baino gehiagotatik egiteko baldintzak betetzen dituzten ikasleek eskaria egitean gauzatu beharko dute aukera hori.

2.– Unibertsitatera sartzeko eskaria bide batetik baino gehiagotatik egin arren, eskaria bakarra izango da.

Onarpen prozesu orokorrari buruzko errekurtsoak ebazteko irizpideak.

15. artikulua.– Amaitutako onarpen prozesuen aurka jartzen diren errekurtsoak Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak ebatziko ditu, honako irizpide hauen arabera:

a) Ikasleek errekurtsoan eskatutako ikasketetan plazak geratzen direnean, onartu egingo zaie eskaria, izena emateko eskarian titulazio hori ipinita eduki zein ez.

b) Errekurtsoa jartzen duen ikasleak onartutako azkenak baino nota hobea izanda ere, eskaria ez zaio onartuko baldin eta titulazio horretako plaza guztiak beteta badaude.

c) Aparteko tratamendua emango zaie arrazoi bereziengatik egindako eskariei, agiri bidez egiaztatzen badira (gaixotasun luzeak, minusbaliotasun fisikoak etab.). Eskariok ebazteko UPV/EHUren Graduko Batzordeari eskatuko zaio iritzia.

Proba bereziak Itzulpengintza eta Interpretazioko Graduan eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko.

16. artikulua.– 1.– 412/2014 Errege Dekretuko 10. artikuluan zehaztutakoaren babesean, proba bereziak ezartzen dira ikasketa hauetan sartzeko: Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradua eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua.

2.– Proba horiek gainditzeak ez dakar graduan onartua izatea; izan ere, proba gaindituta izateaz gain, kontuan izango dira eskaria egiteko eta ikasleak hautatu eta onartzeko xedez kapitulu honetan jasotako gainerako irizpideak.

3.– Proba gainditu arren ikasleak ez badu matrikularik egiten, hurrengo urtean matrikula egin nahi izanez gero, berriro egin beharko du proba. Era berean, proba hori beste unibertsitate batean gaindituta izan arren, titulazioa Euskal Herriko Unibertsitatean ikasi nahi dutenek berriro egin beharko dute UPV/EHUn.

4.– Letren Fakultateko eta Hezkuntza eta Kirol Fakultateko dekanoek antolatuko dituzte probak eta epaimahaiak izendatu, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzarekin koordinazioan.

5.– Proba hauetarako izena emateko epeak hauek izango dira: 2020ko apirilaren 1etik 8ra, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradurako eta 2020ko maiatzaren 11tik 18ra Itzulpengintza eta Interpretazioko Gradurako.

(COVID-19 dela eta, bertan behera geratu dira Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan sartzeko 2020ko proba bereziak – Graduko Batzordearen erabakia, 2020-05-14koa)

II. KAPITULUA
TITULAZIO BAT BAINO GEHIAGO ALDI BEREAN EGITEA

17. artikulua.– 1.– Titulazio bat baino gehiago aldi berean egiteko eskariak onartuko dira baldin eta ikasleek gaindituta badaukate hasita daukaten titulazioko lehenengo maila osoa edo 60 kreditu eta baldin eta, matrikula epeak behin amaitutakoan, bigarren titulazioan plazarik geratzen bada. Plaza baino eskari gehiago badago, hasitako ikasketetako kalifikazioen arabera ordenatuko dira.

2.– Titulazio bat baino gehiago aldi berean egiteko, ikasleak hasita dauzkan unibertsitateko ikasketen ziurtagiri akademikoa eta unibertsitatera sartzeko probako txartela aurkeztu beharko ditu (UPV/EHUko ikasleek ez dute dokumentazio hori aurkeztu behar izango) eskariarekin batera. Eskariak 2020ko irailaren 1etik 4ra bitartean aurkeztu behar dira, biak barne, campusetako errektoreordetzetan edo Sarbide Bulegoan.

3.– Lehenengo mailatik gorako mailetarako, eskaria aurkeztu behar da ikasketak egin nahi diren ikastegiko idazkaritzan, 2020ko ekainaren 24tik uztailaren 3ra bitartean. Eskariok ikastegiko dekano edo zuzendariak ebatziko ditu, errektoreak eskumenak eskuordetuta.

4.– UPV/EHUko graduko ikasle bakoitzak espediente akademiko bakarra izango du irekita unibertsitatean. Salbuespen izango dira artikulu honetan zehaztutakoaren arabera titulazio bat baino gehiago aldi berean egiten ari diren ikasleak.

III. KAPITULUA
MATRIKULA ETA PREZIO PUBLIKOAK

Irakasgai berrietan matrikulatzea.

18. artikulua.– Ikasturte bakoitzean, graduko titulazioetako ikasleek aurreko mailetan gainditzeke dituzten irakasgai guztietarako egin beharko dute matrikula, eta matrikulan, gehienez ere, 60 kreditu berri sartu ahal izango dituzte. Guztira, kreditu berriak eta errepikatutako kredituak batuta, ezin izango da 90 kreditu baino gehiagoko matrikula egin.

Hautazko irakasgaiak.

19. artikulua.– 1.– Ikasleek ikasturte bakoitzean aldatu ahal izango dituzte hautazko irakasgaiak, nahiz eta aurreko ikasturteetan irakasgaiok gainditu gabe izan edo azterketetara aurkeztu ez. Irakasgai berrietan zerotik hasiko dira kontatzen deialdiak; ikasleak hautazko irakasgai bat egin badu eta ez badu gainditu, hurrengo ikasturteetan berriz eskaintzen bada irakasgai hori, ikaslea berriro matrikulatu ahal izango da bertan, baina bestela ez.

2.– Matrikulan eskaintzen diren hautazko irakasgaietarako muga bat dago bai irakasgai kopuruari bai plaza kopuruari dagokionez, eta muga hori ikasturte bakoitzerako irakats eskaintzan zehazten da. Beraz, ez da nahastu behar ikasketa planetan ageri diren hautazko irakasgaien kopurua, eta ikasturte bakoitzerako eskainitako hautazko irakasgaiena.

3.– Ikasle bakoitzak matrikula egiteko txanda heltzen zaionean aukeratuko ditu hautazkoak. Txanda hori izango da matrikula ordena zehazteko 27. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatu ondoren egokitu zaiona.

4.– Ikastegiek bermatu egin beharko dute hautazko irakasgaietan nahikoa plaza dagoela, ikasleak euren ikasketa planean euren mailarako ezarrita dauden kreditu guztietan matrikulatu ahal izan daitezen; era berean, matrikula egitean ikasleek aukeratu ahal izateko adinako kopuruan eskaini beharko dituzte.

Irakasgai osagarriak edo gehiegizko kredituak.

20. artikulua.– Titulazioko kreditu guztiak eginda izan arren, ikasleek aukera izango dute, automatrikularako epea amaitu eta gero, hautazko irakasgaietan matrikulatzeko, 18. artikuluan zehaztutako mugaren barruan, dekanotzak edo zuzendaritzak aurretik baimena emanda, eta, betiere, titulua eskatu baino lehen.

Era berean, titulazioko kreditu guztiak eginda izan arren, ikasleek hautazko kredituak aitortzea eskatu ahal izango dute kultur eta kirol ekintzetan, elkartasuneko eta lankidetzako jardueretan eta ikasleen ordezkaritzan aritzeagatik, Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitzeko eta Aitortzeko Arautegiak zehaztutako prozedurari eta irizpideei jarraituz, dekanotzak edo zuzendaritzak aurretik baimena emanda, eta, betiere, graduko titulua eskatu baino lehen.

Eskolarik gabeko irakasgaiak.

21. artikulua.– Desagertzeko bidean dauden ikasketa planetako irakasgaiak, eskolarik gabekoak, honela gestionatuko dira:

a) Plan bateko maila bat ematen den azken urtea bada, plan hori egiten ari diren ikasleak nahitaez matrikulatu beharko dira maila horretan gainditzeke dituzten irakasgai guztietan.

b) Irakasgai horien deialdiak izango dira, oro har, bigarren lauhilekoko irakasgai bati dagozkionak. Hala ere, ikastegiak horretarako aukerarik zehaztuta izanez gero, ikasleak lehenengo lauhilekoko ohiko deialdia erabili ahal izango du, baina horren berri eman beharko du ikastegiko idazkaritzan, ikastegiak horretarako zehaztutako epean, eta idazkaritzak mota horretako ebaluaziorako izendatutako epaimahaiari jakinaraziko dio. Deialdia aurreratu baina azterketa gainditu ez duten ikasleek ikastegiko idazkaritzan esan beharko dute, maiatzaren 15a baino lehen, beste bi deialdietatik zein erabili nahi duten. Ikasleak ezer esaten ez badu, ulertuko da bigarren lauhilekoko ezohiko deialdia erabiliko duela da ikasturte horretako bigarren deialdi bezala.

c) Irakasgai horien kalifikazio orriak eta aktak eskuratzeko, gainerako irakasgai guztietarako erabiltzen den prozedura berbera erabiliko da.

d) Irakasgai horien ebaluazio probetarako egunak ikastegi bakoitzak jarriko ditu deialdi bakoitzerako, eskolak dauzkaten irakasgaietarako erabilitako prozedura berbera erabiliz.

Behin betiko matrikula.

22. artikulua.– Ikasleek egindako matrikulak behin-behinekoz onartuko dira. Matrikula behin betikoa izango da egiaztatzen denean ikasleak betetzen dituela eskatu duen titulazioa egiteko behar diren baldintzak. Egiaztapena ikasleak matrikula egin eta lau hilabeteko epean egingo da. Lau hilabeteko epe hori igarota ikastegiko dekanoak edo zuzendariak ez badu matrikula horren kontrako erabakirik hartzen, matrikula behin betiko onartutzat emango da. Dekano edo zuzendariaren erabakiaren kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari.

Irakasleen matrikula.

23. artikulua.– Unibertsitateko irakasleen araubideari buruzko apirilaren 30eko 898/1985 Errege Dekretuko 12. artikuluaren arabera, unibertsitateko irakasle guztiek debekatuta izango dute irakasle diren ikastegietan ikasle gisa matrikulatzea.

Hala ere, diplomatu titulua bakarrik daukaten unibertsitate eskoletako irakasle titularrak lizentziaturan matrikulatu ahal izango dira, edo, lizentziatuak izanez gero, doktoregoan, baina errektoreak eman beharko du horretarako baimena, beren-beregi.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleen eta ikertzaileen araubideari buruzko martxoaren 4ko 40/2008 Dekretuan ezarritakoarekin bat, oro har, irakasle kontratatuek ezin izango dute irakasten duten fakultatean edo eskolan titulu ofizialik lortzeko matrikularik egin. Dena den, errektoreak aurretik hala baimentzen badu, edozein ikastegitan egin ahal izango dute matrikula, lizentziatura batean irakaslea diplomatua bada, edo doktorego programaren batean irakaslea lizentziatua bada.

Hori bera aplikatuko da graduetan.

Matrikula bakarra.

24. artikulua.– 2020/2021 ikasturterako matrikula bakarra izango da bi lauhilekoetarako. Salbuespena da Gradu Amaierako Lanerako matrikula, Gradu Amaierako Lana egin eta defendatzeari buruzko Arautegiaren araberakoa baita, eta, horri jarraikiz, matrikularako epe orokorrean edo horretarako zabaldutako beste epe batean egin ahal izango baita. Hori gorabehera, bigarren matrikulaldi bat zabaldu ahal izango da, baina soilik 37. artikuluan adierazitako kasuetarako.

Halaber, ikastegiak matrikula aldatzeko ezohiko epe bat ezarri ahal izango du, ikasleei lepora ezin dakizkiekeen arrazoiek eragindako kasuetarako. Halakoetan, ikastegiak horren berri eman beharko du bere web orriaren bidez, horretarako epea zein den zehaztuta eta matrikula nortzuek alda dezaketen adierazita.

Ikasleen banaketa nahitaezko irakasgaietako taldeetan.

25. artikulua.– 1.– Matrikulatutako ikasleak nahitaezko irakasgaietako taldeetan banatu ahal izango dira hurrenkera alfabetikoaren arabera, ausaz edo ikaslearen nahiari jarraituz, matrikula epea ireki aurretik ikastegiko batzarrak onartutakoarekin bat.

2.– Banaketa ikaslearen nahiaren arabera egitea erabakiz gero, ikasleek matrikula egitean aukeratu beharko dute taldea, une horretan dituzten aukeren artean. Aukera horiek matrikula egiteko eskariak ordenatu ondoren ikasleari egokitu zaizkion egun eta orduaren araberakoak izango dira.

3.– Maila eta hizkuntza batean matrikulatu ondoren, ikasleek taldez aldatzeko eskatu ahal izango dute irakasgai solteetan, hizkuntzagatik. Eskabideok ikastegiko zuzendariak edo dekanoak ebatziko ditu, eskura diren baliabideak oinarri hartuta.

Matrikula egiteko epeak.

Lehenengo mailako ikasleak.

26. artikulua.– Lehenengo mailako ikasleek honako epe hauen arabera egingo dute matrikula:

1. onarpenekoek, uztailaren 27tik 30era.

2. onarpenekoek, abuztuaren 4an.

3. onarpenekoek, abuztuaren 6an.

4. onarpenekoek, irailaren 7an eta 8an.

5. onarpenekoek, irailaren 11n

6. onarpenekoek, irailaren 17an

Lehenengo mailatik gorako ikasleak.

27. artikulua.– 1.– Matrikula uztailaren 20tik 30era edo abuztuaren 31tik irailaren 4ra bitartean egingo da, ikastegi bakoitzak aukeratutakoaren arabera. Ikasleak edo haren ordezkari akreditatuak matrikula egin ez badu zehaztu zaion egun eta orduan, galdu egingo du espedientearen arabera daukan lehentasuna.

2.– Ikasleek automatrikula egingo dute Internet bidez, horretarako jarriko den ikasgelan edo beste lekuren batean. Ikasle bakoitzak aukeratu ahal izango du zehaztu zaion egun eta orduan eskaintzen diren irakasgaien artean, ikastegian onartutako irakats eskaintzaren arabera betiere.

3.– Matrikula egiteko egun eta orduaren jakinarazpen ofiziala Internet bidez egingo da, 2020ko uztailaren 18an edo abuztuaren 28an (ikastegiaren arabera) unibertsitatearen webgunean.

4.– Ikasle bakoitzak matrikula zein egun eta ordutan egin behar duen zehazteko, 2020ko uztailaren 17an edo abuztuaren 27an (ikastegiaren arabera) unibertsitateak ikasle guztiak ordenatuko ditu espedientean data horretan azaltzen diren kalifikazioetan oinarrituta, eta ordena horren araberako lehentasuna izango dute matrikula egiteko. Ondoko formula hau erabiliko da ikasleak ordenatzeko:

Matrikula ordena: MO= 0,25*A + 2,5*M + 5*F

A = gainditutako irakasgaien kalifikazioa baloratzen duen koefizientea (espedientearen batezbestekoa).

M = matrikularen urtean izandako errendimendu akademikoa neurtzen duen faktorea (matrikula ordena zehazten den egunean ikasleak ikasturte horretan gaindituta dituen kredituak/ikasturte horretan matrikulatutako kredituak).

F = titulazioaren bukatze maila definitzen du (matrikula ordena zehazten den egunean ikasleak gaindituta dituen kredituak/titulazioko kreditu guztiak).

2019/2020 ikasturtean matrikularik egin ez eta ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleak.

28. artikulua.– 2019/2020 ikasturtean matrikularik egin ez eta ikasketak berriro hartu nahi dituzten ikasleek, baita lekualdaketa eginda onartutakoek ere, 2020ko irailaren 10etik 15era bitartean egingo dute matrikula ikastegiko idazkaritzan, ikastegiak beste epe bat ezarri ez badu.

Matrikula egiteko aurkeztu behar diren agiriak.

29. artikulua.– 1.– Lehenengo mailan lehendabiziko aldiz matrikulatzen diren ikasleek, edozein izanda ere titulazioa, honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:

a) Datu ekonomiko eta estatistikoen inprimakia.

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Argazki bat, atzean izena eta abizenak idatzita.

d) Matrikularen ordainketa helbideratzeko inprimakia, bankuko kontuaren titularrak sinatuta.

e) Hala dagokionean, matrikulako prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egoteko edo prezio murriztua ordaintzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, eta administrazio egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze ziurtagiria, unibertsitateko zerbitzu akademikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzeko Eusko Jaurlaritzak onartzen duen aginduaren arabera.

f) Ikasleak beka eskatu badu, eskariaren fotokopia.

g) Portaera etikoaren eta onestasun konpromisoaren aitortza.

2.– Aurrekoaz gain, titulaziora sartzeko erabilitako bidearen arabera, ikasle bakoitzak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

Unibertsitatera sartzeko proba edo pareko ebaluazioa egin duten ikasleak:

h) Unibertsitatera sartzeko probako edo pareko ebaluazioko behin betiko kalifikazioa jasotzen duen txartelaren fotokopia erkatua edo EKSduna, edo fotokopia eta jatorrizkoa. Proba horiek UPV/EHUn egin dituztenek ez dute halakorik aurkeztu behar.

i) Azken notan «ohorezko matrikula» lortu duten Batxilergoko ikasleek, horren ziurtagiria.

j) Ikaslea matrikulatuta egon den unibertsitate edo ikastegitik espedientea lekuz aldatzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. UPV/EHUko ikasleek ez dute agiri hau aurkeztu behar.

k) Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten ikasleek espedientea lekuz aldatu beharko dute.

Lanbide Heziketako ikasleak, atzerriko ikasketetakoak eta titulazioa daukatenak:

l) Ikaslearen ziurtagiri akademikoaren, kalifikazio liburuaren, kasuan kasuko titulaziora sartzeko bidea ematen dion tituluaren edo, atzerriko ikasketen kasuan, UNEDek emandako ziurtagiriaren fotokopia erkatua edo EKSduna, edo fotokopia eta jatorrizkoa.

m) Onarpen nota hobetzeko gai espezifikoen kalifikazioa alegatzen dutenek, probetako edo pareko ebaluazioko kalifikazioak jasotzen dituen txartelaren fotokopia erkatua edo EKSduna, edo fotokopia eta jatorrizkoa. Proba horiek UPV/EHUn egin dituztenek ez dute halakorik aurkeztu behar.

3.– Lehenengoa baino maila altuagoko ikasleek eta lehenengoko errepikatzaileek honako agiriak aurkeztu behar dituzte:

a) Datu ekonomiko eta estatistikoen inprimakia (aurreko ikasturtean matrikulatuta egon ez diren ikasleek besterik ez).

b) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Hala dagokionean, matrikulako prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egoteko edo prezio murriztua ordaintzeko eskubidea egiaztatzen duen agiria, eta administrazio egoitzaren ziurtagiria edo erroldatze ziurtagiria, unibertsitateko zerbitzu akademikoengatik ordaindu beharreko prezioak finkatzeko Eusko Jaurlaritzak onartzen duen aginduaren arabera.

d) Ikaslea matrikulatuta egon den unibertsitate edo ikastegitik espedientea lekuz aldatzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina (unibertsitate honetako ikastegi batetik bestera edo beste unibertsitate batetik hona aldatutako ikasleentzat besterik ez).

e) Portaera etikoaren eta onestasun konpromisoaren aitortza (aurreko ikasturtean matrikula egin ez duten ikasleen kasuan).

f) Ikasleak beka eskatu badu, eskariaren fotokopia.

Aurreko ikasturtean matrikulatuta egon direlako automatrikula egiten duten ikasleek c) eta f) ataletan adierazitako agiriak baino ez dituzte aurkeztu beharko, hala badagokie.

Erasmus programako edo antzeko nazioarteko programetako ikasle atzerritarrak.

30. artikulua.– Ikasle hauek ez dute UPV/EHUn matrikularik ordaindu beharko, euren unibertsitatean ordainduta dute eta.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Erasmus ikasle atzerritarrek edo antzekoek UPV/EHUn izena emateko orria (orri horretan koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak egingo dituen irakasgaiak, espedientean alta emateko).

b) Nortasun agiriaren edo pasaportearen fotokopia.

c) Argazki bat, atzean izena eta abizenak idatzita.

d) Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.

e) E-111 dokumentuaren fotokopia eta/edo aseguru indibidualaren erreferentzia, onarpen prozeduran Nazioarteko Harremanetako Zerbitzuak adierazitakoaren arabera.

Sicue-Séneca edo antzeko programen bidez beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleak.

31. artikulua.– Ikasle hauek ez dute UPV/EHUn matrikularik ordaindu beharko, euren unibertsitatean ordainduta dute eta.

Aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira:

a) Sicue-Séneca edo antzeko programetako ikasleek UPV/EHUn izena emateko orria (orri horretan koordinatzaileak zehaztu beharko ditu ikasleak unibertsitate honetan dagoen bitartean egingo dituen irakasgaiak, espedientean alta emateko).

b) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

c) Argazki bat, atzean izena eta abizenak idatzita.

d) Jatorrizko unibertsitatean egindako matrikularen gordekinaren fotokopia.

e) Eskola aseguruaren ordainagiriaren fotokopia eta/edo aseguru indibidualaren erreferentzia, onarpen prozeduran Nazioarteko Harremanetako Zerbitzuak adierazitakoaren arabera.

Behin-behineko matrikula.

32. artikulua.– Beste unibertsitate batean onartua izateko zain dagoela agiri bidez frogatzen duen ikasleak behin-behineko matrikula egin ahal izango du UPV/EHUn, eta behin betiko matrikula egitean ordainduko ditu matrikulari dagozkion prezio publikoak.

Ikasturtea hasi aurretik, ikaslea behin-behineko matrikula egin duen ikastegira joan beharko da behin betiko matrikula egiteko edo matrikulari uko egiteko. 2020ko irailaren 15a baino lehen ikaslea ez bada behin betiko matrikula egitera joan, unibertsitateak, ofizioz, baliogabetu egingo du matrikula, eta ikasleak galdu egingo du gordeta zeukan plaza. Hori horrela egingo da behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik.

Matrikula ordaintzea.

33. artikulua.– 1.– Ikasleek unibertsitateari ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zehaztuko du ikasturte bakoitzerako.

2.– Prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egoteko edo prezio murriztuak ordaintzeko eskubidea izateko, matrikula egiteko epearen barruan bete eta egiaztatu beharko dira horretarako baldintzak.

3.– Ikasle bakoitzak matrikulagatik ordaindu beharreko zenbatekoa matrikula egiteko unean kalkulatuko da automatikoki.

4.– Matrikula ordaintzeko erak:

a) Ikasleak unibertsitateari kontu zenbaki bat eman eta ordainketa horra helbideratzea. Matrikularen ordainketa helbideratzeko azken eguna ikasturte bakoitzeko otsailaren 28a izango da.

b) Matrikula egiten duenean ikasleari ematen zaion abonu agiri pertsonalizatuaren bidez, eta prezio publikoen aginduan zehaztutako epeetan, ikasleak epeka ordaintzea erabakitzen badu. Matrikula orrian adierazten den banketxeetako batean egin beharko da diru sarrera.

Banketxeak zigilua ipiniko du abonu agirian eta baliozkotu egingo du hala egindako ordainketa. Ikasleak aleetako bat gordeko du, ordaindu izanaren egiaztagiri bezala.

c) Kreditu txartelaren bidez.

5.– Ikasleak epeka ordaintzea erabakiz gero, Eusko Jaurlaritzak prezio publikoen aginduan zehaztutako epeak bete beharko ditu.

6.– Matrikula egitean ikasle batek matrikula ordaintzen ez badu beka baten zain dagoelako, eta gero beken epaimahaiak beka ukatzen badio, matrikularen zenbatekoa ordaindu beharko du, nahiz eta beka ukatzearen kontrako gorako errekurtsoa aurkeztu.

7.– Ikasketa plana desagertu egin delako egokitu diren irakasgaiek ez dute kosturik izango, prezio publikoen aginduak bestelakorik zehazten ez badu bederen.

8.– Bigarren matrikulaldian eta beka ukatzen denean, matrikula ezin izango da zatika ordaindu.

9.– Ezohiko ebaluazio probaren kalifikazioen zain dauden ikasleek bi epetan ordaindu beharko dituzte beti «aldi baterako» matrikulak, betiere, matrikulan ordaindu beharreko kopurua prezio publikoen aginduan zatika ordaintzeko zehaztutako gutxienekoa baino txikiagoa ez bada. Lehenengo epea aldi baterako matrikularen arabera kalkulatuko da. Ikaslea kalifikatu eta behin betiko matrikula zein izango den jakin ondoren, automatikoki kalkulatuko da bigarren epean ordaindu beharreko zenbatekoa.

Matrikula baliogabetzea.

34. artikulua.– 1.– Nahiz eta ikasleek legezko epean eta eran eskatu matrikula baliogabetzea, ez zaie inolaz ere itzuliko ordaindutako dirua, irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen Testu Bategina onartzekoak, 34.6 artikuluan ezarritakoarekin bat.

2.– Matrikularen prezioa ez ordaintzeak edo zati bat bakarrik ordaintzeak espediente akademikoa etetea ekarriko du.

3.– UPV/EHUk ikusiko balu ikasleak ez duela betetzen matrikula egiteko baldintzaren bat, ezetsi egingo du matrikula egiteko eskaria, eta ordaindutako dirua itzuliko dio ikasleari.

4.– Ikasleek matrikula baliogabetu ahal izango dute urte bakoitzeko abenduaren 31ra arte. Matrikula osorik baliogabetuko da beti, eta ezin izango da irakasgai solterik edo matrikularen zati bat bakarrik baliogabetu. Data horretatik aurrera ez da baliogabetuko matrikularik, unibertsitateak beren-beregi baimenik ematen ez baldin badu, ikasleak eskaria egin eta gero, eta 35.6 artikuluarekin bat etorriz. Matrikula baliogabetzeak ez dakar interesdunak ordaindutako prezio publikoak itzultzea.

5.– Matrikula ez ordaintzeagatik espediente akademikoa etenda daukan ikasleak, ordaintzeke daukan kopurua zor izango dio unibertsitateari. Erabakia emango da ikaslea zorduna dela adierazteko eta jakinarazpena egingo zaio.

6.– UPV/EHUrekin zorren bat dutenek ezin izango dute aurrerantzean beste matrikularik egin. Halaber, ez zaie emango titulurik edo ziurtagiririk, ez eta espediente akademikoari buruzko informazio oharrik ere, eta ezin izango dute espedientea lekuz aldatu. Era berean, ezin izango dituzte UPV/EHUren zerbitzuak erabili.

7.– Ikasleari berriro aktibatuko zaio espediente akademikoa zorra ordaintzen duen unean.

8.– Matrikula baliogabetu duten ikasle berriek berriro eman beharko dute izena unibertsitatean ikasten berriz hasi nahi izanez gero.

9.– Ikasle bekadun moduan matrikulatzeko, matrikula egiterakoan bete beharko ditu ikasleak beka deialdian eskatzen diren baldintza akademikoak, eta aurretik beka eskaria egina eduki beharko du. Matrikulatzerakoan beka eskariaren kopia aurkeztu beharko du, matrikulatzeko behar diren gainontzeko agiriekin batera. Osterantzean, matrikulako prezioak ordaindu beharko ditu, nahiz eta hori ez den izango beka eskatzeko eragozpen.

Hala ere, ikasle batek baldintza akademikoak betetzeagatik bekadun moduan egin badu matrikula, eta gero beka ukatzen badiote, ez da zorduntzat hartuko, baldin eta matrikula baliogabetzeko eskatzen badu ukoa jaso eta hamabost eguneko epearen barruan.

Matrikula lehenengo epean egiten duten ikasle berriek matrikula egiterakoan ez badute beka eskariaren orria, ikasle ez bekadun gisa matrikulatuko dira. Behin beka eskaria eskuratuta, matrikula egin duten ikastegiko idazkaritzan aurkeztu behar dute Beken Aginduak ezarritako epean, matrikula bekadun gisa eguneratzeko.

35. artikulua.– Tasak eta prezio publikoak itzultzea.

Kasu hauetan itzuliko dira prezio publikoak (salbuespen kasuak izango dira):

1.– Matrikula administrazioak bere kabuz baliogabetzen duenean, baldintzaren bat betetzen ez duelako, eta hori zuzentzea ezinezkoa denean.

2.– Ikasleak ordaindutako zenbatekoa indarrean dauden prezioak baino gehiago izan denean, kalkulua oker egin delako edo oker kobratu delako, betiere, horren errua ikaslearena izan ez bada.

3.– Ordaindu dutenek eskubidea dutenean ordaintzetik salbuetsita egoteko, beka eskaria onartu zaielako, edo dirulaguntza edo salbuespenen baten onuradun direlako, baldin eta eskaria legezko epean eta eran egin badute, ikasturte bakoitzerako prezio publikoen aginduan ezarritakoari jarraikiz.

4.– Ikasleari onartzen zaizkionean irakasgaiak baliozkotu edo aitortzeko eskariak, aurretik ordaindu baditu.

5.– Ikasleak matrikula baliogabetu eta dirua itzultzeko eskaria egiten duenean ikasturtea modu ofizialean hasi aurretik. Eskaria ikastegian aurkeztu behar da.

6.– Ikasturteko edozein unetan, ikasleak ezin badu ikasten jarraitu salbuespenezko, ustekabeko eta behar bezala justifikatutako egoera bat sortu delako, adibidez gaixotasun fisiko edo psikiko luzea; ikaslea bera edo berarekin lehen mailako odolkidetasuna daukan senidea hiltzen bada; ikaslea bera lanean hasten bada eta lanaren ordutegia bateraezina bada ikasketekin; edo egoera horien parekoa den beste edozein sortzen bada ustekabean. Dirua itzultzeko eskaria unibertsitateko erregistroan aurkeztu beharko da, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeari zuzendua, salbuespenezko egoera egiaztatzen duten agiriekin batera. Ikasleak eskaria egiten badu lehen lauhilekoko eskolak behin amaituta, bigarren lauhilekoko irakasgaien zenbatekoa itzuliko zaio, eta dirua itzultzean aldatu egingo zaio matrikula, bigarren lauhileko horretako irakasgaiak ezabatuta. Eskaria egiten badu bigarren lauhilekoko eskolak behin amaituta, ez zaio dirurik itzuliko.

Ohorezko matrikulak.

36. artikulua.– Ohorezko matrikulak prozedura honen arabera gestionatuko dira:

a) Irakasgaietan ohorezko matrikulak eman ahal izango dira: ohorezko matrikula bat hogei ikasleko multzo bakoitzeko edo hogeitik beherako ikasle multzo bakoitzeko. Horretarako, kasuan kasuko ikasketa planean, irakasgai bateko ikasle guztiak akta bakarrean daudela ulertuko da, kontuan hartu gabe zenbat talde dauden.

Gradu Amaierako Lanaren kasuan, gehienez ikasleen % 5i eman ahal izango zaie ohorezko matrikula, kontuan hartuta ikastegiak defentsarako antolatutako aldi bakoitzean guztira, titulazio bakoitzerako, matrikulatu den ikasle kopurua.

b) Ohorezko matrikulagatik egiten diren murrizketak ikasketa berberetako hurrengo matrikulan eta kreditu kopuru berean aplikatuko dira. Murrizketak aplikatuko dira, halaber, ikasleak espedientea aldatzen badu ikasketa horiek barne dituen gradu bikoitz batera. Aldiz, espedientea aldatzen badu gradu bikoitz batetik hura osatzen duten graduetako batera, murrizketak bakarrik aplikatuko dira baldin eta ohorezko matrikula daukan irakasgaia titulazio berekoa bada.

c) Murrizketak UPV/EHUko ikasleei bakarrik aplikatuko zaizkie; ez zaie, beraz, preziorik murriztuko beste unibertsitate batzuetatik etorritako ikasleei, unibertsitateok publikoak izan nahiz pribatuak izan.

d) Plan zaharretik plan berrira egokitutako irakasgaien kasuan, murrizketa egingo da kontuan hartuta zenbat kreditu aitortu zaizkion ikasleari ohorezko matrikularekin gainditutako irakasgaiaren truke.

e) Batxilergoko irakasgaietan lortutako ohorezko matrikulek ez dute murrizketarako eskubiderik ematen. Hala ere, kalifikazio orokorrean «ohorezko matrikula» duten ikasleek matrikula ez ordaintzeko eskubidea izango dute unibertsitatean lehen aldiz matrikulatzean.

Bigarren matrikulaldia.

37. artikulua.– Bigarren lauhilekorako bigarren matrikulaldia zabaltzen duten ikastegiek Ikastegiko Batzarrean onartu beharko dute horretarako erabakia eta idazkaritzetan egingo da, 2021eko urtarrilaren 30a baino lehenago. Bigarren matrikulaldia irakasgai hauetarako baino ez da zabalduko:

a) Aurrebaldintzak dituzten irakasgai edo mailetarako.

b) Hautazko irakasgaietarako, plaza hutsik badago.

c) Nahitaezko irakasgaietarako, Ikastegiko Batzarrak hala onartu badu.

IV. KAPITULUA
IRAKASKUNTZA-IKASKUNTZAREN PLANGINTZA

38. artikulua.– Prestakuntza programa eta irakaskuntza gidak.

1.– Ikasturteko matrikula epea ireki aurretik, ikastegiak argitaratuko du bere webgunean titulazioen plangintzari buruzko informazioa eta, bertan, honako hauek gutxienez: ikasle bakoitzak izan beharreko arduraldia ECTS kredituetan, aurreikusitako irakasleak eta irakasgai bakoitzaren ustezko ordutegia. Epe horretan bertan bere web orrian ikasleen esku jarri beharko ditu ikastegian ematen diren titulazioetako irakasgaien irakaskuntza gidak, kasuan kasuko sailek onartuak, baita ebaluazio proben eta irakaskuntzako bestelako jardueren egutegia ere.

2.– Irakaskuntza gida bakarra egongo da irakasgai bakoitzerako eta bertan jasoko dira, gutxien dela, prestakuntzaren helburuak, programa, programatutako jarduerak eta ebaluazio sistema, baita ebaluazio irizpide eta adierazle espezifikoak ere, proba bakoitzaren haztapena barne, horrelakorik egonez gero. Prestakuntzaren helburuek, programatutako jarduerek eta ebaluaziorako irizpideek elkarrekiko koherentzia agertu beharko dute, eta ikasketa planean onartutakoarekin bat etorri beharko dute. Irakasgaiaren oinarrizko programa taldeetako irakasle arduradunen artean adostu behar dute. Ados jartzen ez badira, Saileko Kontseiluak, irakasgaia ematen duten irakasle guztiei entzun ondoren, denek eman beharreko gaiei buruzko erabaki arrazoitua hartuko du, bai eta onartuko diren salbuespenei buruzkoa ere. Titulazio zehatz bateko irakasgairen bat sail batek baino gehiagok ematen badute (ikastegi edo atal batean baino gehiagotan), sailen artean adostu beharko da oinarrizko programa.

Zuzenean ikastegi baten menpe dauden gai edo irakasgaien irakaskuntza gidak ikastegi horretako batzarrak onartu beharko ditu.

Ezin izango da irakasgaiaren ebaluazioa egin irakasleek behar beste landu ez dituzten gaien inguruan, nahiz eta gaiok irakasgaiaren programan agertu.

3.– Ikastegiak horri buruzko informazioa eskatuko die sailei behar beste denboraz.

4.– Ikastegiak ikasgelako jardueren ordutegia argitaratu beharko du (eskola magistralak, mintegiak, ikasgelako praktikak edo ikasgelan egin beharreko beste edozein jarduera) eskola astetan antolaturik. Behar-beharrezkoa izango da, nolanahi ere, eskola magistralen ordutegia zehaztea. Beste irakaskuntza mota batzuen programazio zehatza aurreikusi ezin balitz, gutxienez, horien inguruko aurreikuspenak finkatu beharko dira.

Ikastegiak ahaleginduko dira, ordutegiak zehazterakoan, ikasle guztiei batera astean bi orduko tartea uzten gutxienez, beste jarduera batzuk egin ahal izateko.

5.– Ikastegiko dekanotzak edo zuzendaritzak, baliabideen arabera ahal den neurrian, talde bidaiak eta ikasketa bidaiak sustatuko ditu. Bidaiok aldez aurretik programatuko dira, denbora nahikoaz, behar bezala antolatzeko eta beharrezko baimen akademikoak eta balizko laguntzak eskuratzeko.

6.– Argitaratutako programazioan jarduera bakoitzaren ardura izango duen irakaslearen izena agertuko da.

7.– Matrikulaturiko ikasleek talde jakin batean sartzeko eskaria egin ahal izango dute, ikastegi bakoitzak horretarako zehaztutako epean. Eskarien kopurua taldeko plazen kopurua baino handiagoa bada, ikasleak irizpide objektiboen arabera banatuko dira taldeetan. Irizpideok argitara emango dira taldez aldatzeko eskariak egiteko epea hasi baino lehen. Edozelan ere, lehentasuna izango dute 5. eta 6. deialdietako ikasleek.

39. artikulua.– Irakaskuntza antolatzeko plana.

1.– Ikastegiko dekanoak edo zuzendariak hurrengo ikasturterako irakaskuntza antolatzeko plana jakinaraziko die zerikusia duten sail guztiei eta sailek, berriz, ikastegi bakoitzari jakinaraziko diote bertan eskolak ematen dituzten irakasle guztien irakaslanaren behin betiko esleipena, tutoretza orduak barne. Azken informazio hau lauhileko bakoitza hasi baino lehen argitaratuko da ikastegiaren web orrian.

2.– Ikastegiaren eta sailaren arteko harremanak errazteko, sailak ordezkari lanak egingo dituen irakasle bat izendatuko du irakaskuntza eskaintzen duen ikastegi bakoitzean, ahal bada arduraldi osokoa. Sailak pertsona horren izena jakinaraziko dio ikastegiko zuzendaritzari. Ikastegi bakarrean irakasten duten sailen kasuan, ordezkaria saileko zuzendaria bera izango da. Ikastegi batean baino gehiagotan irakasten duten sailen kasuan, berriz, ordezkari hori sailaren barne arauei jarraikiz izendatuko da, baina, ahal dela, ikastegiari atxikita dagoen eta bertan eskolak ematen dituen irakasle bat izango da.

3.– Ikasleek eskubidea dute ikasketa prozesuan banakako laguntza eta orientazioa jasotzeko, ikasturtean zehar egingo diren tutoretzen bidez.

Ezarritako tutoretza erregimena ikasturte osoan mantendu beharko da, azken deialdia egin arte. Tutoretza orduak lauhileko bakoitza hasi baino lehen argitaratuko dira. Aldaketarik eginez gero, irakasleak GAUR aplikazioan grabatu beharko du aldaketa, eta ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak baimena eman beharko du. Horrez gain, argitaratu egin beharko da aldaketa, gutxien dela, aldaketa indarrean jarri baino hiru eskola egun lehenago.

4.– Talde bakoitzeko irakasleak GAUR aplikazioko irakats eskaintzaren moduluan sartuko dira, NAN zenbaki eta guzti, kalifikazio orrietan eta aktetan datu horiek ager daitezen, nahiz eta horrek ez duen eragotziko Graduko Titulazio Ofizialetako Ikasleen Ebaluaziorako Arautegia aplikatzeko beharrezkoak izan daitezkeen egokitzapenak egitea.

40. artikulua.– Koordinatzaileen araubidea.

1.– Graduko tituluetan, titulazioaren koordinazioa eta jarraipena bermatu ahal izateko, Ikastegiko Batzarrak titulazioko koordinatzailea izendatuko du, bai eta maila edo moduluko koordinatzaileak ere. Mailako edo moduluko koordinatzaileak mailako edo moduluko gaitasunen garapenaz arduratuko dira, baita irakasle taldeen koordinazioaz, ikasleen lanaren banaketa orekatuaz eta prestakuntza prozesuaren etengabeko hobekuntzarako proposamenaz ere, maila edo moduluan zehar jasotako datu eta ebidentzietan oinarri hartuta.

2.– Ikastegi edo atal batean graduko irakasgai bat irakasle batek baino gehiagok ematen badute, nahitaezkoa izango da irakasle guztiak koordinatzea. Horretarako, irakasgaiko koordinatzaile bat egon beharko da.

Irakasgaiko koordinatzailea irakasgaiaren ardura duen Saileko Kontseiluak izendatuko du, ikasturte bakoitzerako, irakasgaia ematen duten irakasleen artetik. Adostasunik ez badago, Saileko Kontseiluak irakasgaia ematen duten irakasleen artean kategoria eta antzinatasun handiena duen irakaslea izendatuko du koordinatzaile bi ikasturtez jarraian aritzeko. Hurrengo ikasturtean, gainerako irakasleen artetik kategoria eta antzinatasun handiena duena izendatuko litzateke.

Irakasle batek baino gehiagok ematen duten irakasgaia koordinatzeko, honako eginkizun hauek bete beharko dira:

a) Irakasgaiaren koordinatzaileak Irakaskuntza Gidaren proposamena gainbegiratu eta eguneratuko du, irakasgaia ematen duten gainerako irakasleekin ados jarrita, Saileko Kontseiluak onar dezan.

b) Irakasgaia ematen duten irakasleek Irakaskuntza Gidaren arabera programatu beharko dute irakasgaia; irakasgaiaren koordinatzaileak gainbegiratu beharko du hori hala dela talde guztietan, edozein dela ere hizkuntza eta irakasle kopurua.

c) Irakasgai bera ematen duten irakasleak gutxienez ikasturtean bitan bilduko dira beren irakaskuntza jarduerak koordinatzeko: behin irakasgaia ematen hasi baino lehenago eta behin irakasgaia ematen amaitu ondoren, emaitzen argitan. Irakasgaiaren koordinatzaileak egingo du deia bilera horietako, bai eta koordinazioa bermatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion gainerako guztietarako.

d) Ikasturtea amaitzean irakasgaiaren koordinatzaileak txosten bat egingo du, programazioaren garapenari buruzko informazioarekin. Aipatuko ditu gorabehera nagusiak eta, halakorik dagoenean, hobekuntza proposamenak egingo ditu. Txostena saileko zuzendariari eta titulazioko koordinatzaileari aurkeztuko die.

41. artikulua.– Ebaluazio proben egutegiak.

1.– Ikasturte bakoitzean, matrikula epea ireki aurretik, ikastegietako batzarrek deialdi ofizialetako azterketen daten egutegia onartu eta argitaratuko dute.

2.– Ikastegiko zuzendaritzak edo dekanotzak deialdi ofizialetako ebaluazio probak zein ordutan eta zein ikasgelatan egingo diren jakinaraziko du, probak hasi baino, gutxienez, hilabete lehenago.

3.– Ebaluazio proben datak arrazoi justifikatuengatik aldatzeko proposamenak sailak egingo ditu, eta dekanoak/zuzendariak onartu ikastegiko Ikasleen Kontseiluari entzun ondoren. Aldaketak berehala argitaratuko dira ikastegiaren web orrian eta iragarki oholean, betiere aldatutako ebaluazio proba egin baino 15 egun lehenago, gutxien dela.

4.– Irakasgai baten baino gehiagoren ebaluazio proben datak batera suertatuz gero, irakasgairen bat errepikatzen ari diren ikasleei kalterik ez egiteko, ikasleak data aldatzeko eskatu beharko dio irakasleari ebaluazio proba eguna baino, gutxienez, 15 egun natural lehenago. Honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Nahitaezko irakasgai biren ebaluazio proben datak batera suertatuz gero, goragoko mailakoa den irakasgaiko irakasleek jarriko dute beste data bat.

b) Nahitaezko irakasgai baten eta hautazko irakasgai baten ebaluazio proben datak batera suertatuz gero, hautazko irakasgaiaren eguna aldatu beharko da.

5.– Maila bereko irakasgaietan ebaluazio proba bi batera suertatzen direla ulertuko da proben hasiera ordua 24 orduren barruan dagoenean. Maila desberdinetako irakasgaien kasuan, proba bi batera suertatzen direla ulertuko da proba biak lau orduren barruan hasten direnean, edo bata bukatzen denetik bestea hasten denera bi ordu baino gutxiagoko tartea dagoenean.

6.– Ikasleak ezin badira aurkeztu programatutako ebaluazio probetara unibertsitateko kide anitzeko ordezkaritza organoen bileretan egon behar dutelako, edo unibertsitateko araudian zein araudi orokorrean jasotako beste arrazoi bategatik, eskubidea izango dute kasuan kasuko proba beste egun eta ordu batean egiteko.

Unibertsitatea arduratuko da bilerarik ez jartzeaz ez azterketa garaian ez aurreko egunetan.

7.– Ikasleek, eskatuz gero, ebaluazio probara joan izanaren ziurtagiria jasoko dute.

8.– Saileko zuzendariak, deialdi bakoitzaren hasieran, irakasle guztiei gogoraraziko die bete egin behar direla arautegian kalifikazio prozedurarako, kalifikazioen berrikuspenerako eta kalifikazioen erreklamazioetarako zehaztutako epeak.

V. KAPITULUA
EGOKITZAPENAK ETA BALIOZKOTZEAK

Egokitzapenak (plan zaharretik plan berrira aldatzea).

42. artikulua.– 1.– Espedienteak ikasketa plan batetik bestera egokitzeko, taula bat erabiliko da, non zehaztuta egongo den aurreko planean gainditutako irakasgai bakoitzarekin plan berriko zein irakasgai edukiko den egokiturik (gainditurik). Taula hori automatikoki aplikatuko da ikaslea plan berrira sartzean.

2.– Egokitzapenak irakasgaika, irakasgai multzoka edo zikloka egin behar dira. Ezin izango dira inola ere irakasgaien zatiak egokitu.

3.– Desagertzeko bidean dagoen plan batetik plan berrira egokitzeak ez dio kosturik ekarriko ikasleari.

4.– Plan berrira sartzean ikaslea deialdi guztiekin hasiko da egokitu gabeko irakasgaietan, kontuan hartu gabe zenbat deialdi erabili zituen aurreko planean irakasgai horien baliokideetan. Edozelan ere, unibertsitatean jarraitzeko arauetan jasotakoari jarraituz ikasleak ezin badu aurreko planeko ikasketetan jarraitu, ezin izango ditu bere ikasketak plan berrira egokitu.

5.– Aurreko planetik plan berrirako egokitzapena ikasketa berberen barruan egingo da beti. Hala ere, gerta daiteke plan zahar batetik titulazio bat baino gehiago sortzea. Horrelakoetan, matrikula egitean ikasleak erabaki beharko du titulazio berri horietatik zeinetara nahi duen egin egokitzapena.

6.– Egokitzapenak prozedura honen arabera egingo dira:

a) Titulazioa irakasten duen ikastegiak zehaztuko du plan berria ezartzeko egutegia.

b) Egokitzapena prozesu nekeza da, ikaslearen espediente osoa egiaztatu behar baita; beraz, behin egokitzapena egitea eskatuz gero, ikasleak ezin izango du atzera egin.

c) Aurreko planean kredituak baliokidetzen bidez aitortuta dauzkaten ikasleek kreditu horiek berriro aitortzea eskatu beharko dute egokitzapena egiten dutenean. Aitorpen hori ikasketa plan berrian ezartzen denaren arabera eta ikastegiko akademia antolakuntzako batzordeak ebazten duenaren arabera egingo da.

d) Egokitzapena egin behar duten ikasleok matrikularako hitzordurik izango ez dutenez, ikastegiko idazkaritzara joan beharko dira 28. artikuluan adierazitako datetan eta ikasketa plan berrira egokitzeko eskaria egin.

Egokitzapena eskatu behar duten ikasleak.

43. artikulua.– Oro har, ikasketa planak ikasturtez ikasturte desagertuko dira. Maila bakoitza desagertuta, hurrengo bi ikasturteetan ebaluazio probarako lau deialdi egingo dira. Ikasleak deialdi horiek proba gainditu gabe agortu baditu (deialdirik izan badu UPV/EHUn Jarraitzeko Arauei jarraikiz), eta ikasketekin jarraitu nahi badu, beste ikasketa plan batzuetan sartu beharko da, ikasketak egokituta edo kredituak aitortzeko prozedurari jarraituta.

Graduko ikasketetan kredituak transferitzea eta aitortzea.

44. artikulua.– Graduko ikasketa planetako kredituak transferitu eta aitortzeko, kontuan hartuko da Graduko Ikasketetan Kredituak Transferitzeko eta Aitortzeko Arautegian xedatutakoa (Gobernu Kontseiluak onartua 2012/05/16an), edo hori ordezkatu duen arautegian ezarritakoa.

VI. KAPITULUA
PRACTICUMA, PRAKTIKA GIDATUAK ETA GRADU AMAIERAKO LANAK

Gradu amaierako lanetarako matrikula eta ebaluazio probarako deialdiak.

45. artikulua.– Practicuma, praktika gidatu edo integratuak, egonaldiak edo gradu amaierako lanak dira ikasleek lan mundua ezagutzeko unibertsitateko ikastegietan edo unibertsitatearekin hitzarmena duten guneetan egiten dituzten curriculumeko praktiken multzoa. Praktika horiek enborrekoak edo nahitaezkoak dira, hau da, ikasleak ezinbestez egin behar dituenak titulazioa lortzeko. Hori dela eta, unibertsitateak bermatu egin behar du ikasle guztiek horrelakoak egiteko aukera izatea.

Arautegi honetan xedatutakoaz gain, UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudiari eta Gradu Amaierako Lana Egin eta Defendatzeari buruzko Arautegiari jarraitu beharko zaie.

46. artikulua.– Ikastegi bakoitzak zehaztuko ditu Gradu Amaierako Lanerako matrikula aldiak eta lana aurkeztu eta defendatzeko datak. Ikastegiko plangintza egitean aintzat hartu beharko da ikasturteko egutegi akademikoa, bermatzeko azterketen aldi ofizial bakoitza amaitutakoan GRALen defentsarako epe bat egongo dela gutxienez. Era berean, ikastegi bakoitzak bermatuko du, bere arautegiaren bidez, epaimahaiak egongo direla bi hizkuntza ofizialetarako, hori guztia Gradu Amaierako Lana Egin eta Defendatzeari buruzko Arautegian ezarritakoari kalterik egiteke.

VII. KAPITULUA
SARI BEREZIAK

47. artikulua.– Graduko ikasketa ofizialetako sari bereziak.

1.– UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak (Graduko Batzordeak, eskumenak eskuordetuta), gehienez sari berezi bi eman ahal izango ditu ikasturte bakoitzean eta unibertsitateko ikastegietan ematen den titulazio bakoitzeko, espediente akademikorik onena daukaten ikasleentzat.

2.– Karrera amaierako sari berezia jasotzeko hautagai izan daitezke sariak ematen diren ikasturtearen aurrekoan titulu ofiziala lortzeko ikasketak amaitu dituzten graduko ikasleak.

3.– Sari berezirako proposamena ofizioz egingo du ikastegi bakoitzeko dekanoak edo zuzendariak, ikasturte bakoitzerako legez ezarritako azken deialdia amaitu eta gero.

4.– Ikastegi bakoitzeko batzarrak zehaztuko du sari berezia proposatzeko egoki deritzon prozedura. Prozedura espezifikorik ezean, ikastegi bakoitzak batzorde bat izendatuko du, ikastegi horretan ematen diren titulazioei lotutako sailetako irakasleek osatua, gutxienez. Batzordeak espediente akademikoa egiaztatu eta baloratuko du, hurrengo artikuluan zehazten den moduan.

5.– Irizpide hauek erabiliko dira espediente onena zein den erabakitzeko:

a) Titulazioko irakasgaietako kalifikazioak baino ez dira kontuan hartuko. Beraz, ez dira aintzat hartuko ikasleak egindako bestelako ikasketa edo lanak. Ikastegiko Batzarrak egokitzat jotzen dituen irizpideak ezarri ahal izango ditu puntu hau garatzeko.

b) Ikastegiak erabaki ahal izango du noiz ematen duen bukatutzat aurreko ikasturtea, baina bakarrik artikulu honetako 2. atalean esaten denari dagokionez.

c) Espediente akademikoa baloratzeko, aplikatuko dira ekainaren 10eko 1267/94 Errege Dekretuko (ekainaren 11ko BOE) I. eranskineko irizpide eta baliokidetzak, irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretua (irailaren 18ko BOE) edo une horretan indarrean dauden arauak.

d) Sari berezirako proposamena hutsik geratuko da titulazio batean baldin eta Ikastegiko Batzarrak ezarritako irizpideei jarraikiz, horretarako merezimendurik daukan ikaslerik ez badago. Horrelakoetan, eman gabe geratzen diren sariak ezin izango dira eman ikastegiko beste titulazio batzuetan.

6.– Saridunari ziurtagiria emango zaio, eta bere espediente akademikoan eta Tituluaren Gehigarri Europarrean (TGE) geratuko da jasota.

7.– Gradu bikoitzetako sari bereziak.

a) Sari berezietarako, gradu bikoitzak titulazio bakartzat joko dira, eta, beraz, gradu bikoitzetan gehienez bina sari emango dira.

b) Gradu bikoitz bat osatzen duten graduetako sariak ematerakoan, ez dira kontuan hartuko gradu bikoitzeko espedienteak.

c) Gradu bikoitzaren ardura duen ikastegiak egingo ditu sari berezietarako proposamenak.

d) Ikasle sarituek Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen ziurtagiri bat jasoko dute, baina informazio hori ez zaie erantsiko gradu bikoitza osatzen duten graduetako espediente akademikoei, ez eta tituluaren gehigarri europarrei (TGE) ere.

Bikaintasunez graduatua

48. artikulua.– «Bikaintasunez graduatua» aitorpena lortzea.

«Bikaintasunez graduatua» aitorpena lortzeko baldintzak unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu zituen 2017ko uztailaren 13an eta EHAAn argitaratu ziren 2017ko azaroaren 20an.

Azaroaren 2an aplikatuko dira aitorpen hori egiteko baldintzak, ikasturtea urriaren 31n behin betiko itxi eta gero. Une horretatik aurrera GAUR aplikazio informatikoan kontsultatu ahal izango da informazioa. Data horretatik aurrera ez da aldaketarik egingo. Aitorpen hori lortzeko, ikasleek ezin dute espedientean «suspentso» edo «aurkezteke» kalifikaziorik eduki, ez eta «uko eginda» edo «aitortua» kalifikaziorik ere, eta gradua amaituta eduki behar dute haren iraupenari dagokion ikasturte kopuruan (lau, bost edo sei urte, graduaren arabera). Gradua ikastegi berean eta atal berean egina eta gainditua izan beharko dute.

Aitorpena egin zaien ikasleen zerrenda bat jarriko da ikastegien eskura, ikastegiak interesdunekin harremanetan jar daitezen eta aukera eskain diezaieten, dagoeneko ikaslearen ziurtagiri akademikoa/edo TGE eskuratu badute, horren ordez beste bat eskuratzeko, aitorpen hori txertatuta daukana.

VIII. KAPITULUA
SALBUESPENEZKO DEIALDIA (GRAZIAKOA)

49. artikulua.– Salbuespenezko deialdietarako eskariak irizpide hauen arabera ebatziko dira:

a) Graduko ikasketetan, gehienez ere, salbuespenezko bi deialdi emango zaizkio ikasle bakoitzari ikasketa plan bakoitzean.

b) Graduko ikasketetan ikasleei salbuespenezko deialdia eman ahal izango zaie 1. eta 2. mailako irakasgaietarako, baldin eta, gehienez ere, maila horietako 30 kreditu badituzte gainditzeke. Salbuespenezko deialdia 3. eta 4. mailako irakasgaietarako emateko, berriz, ikasleari gehienez ere 60 kreditu falta ahal izango zaizkio gradua amaitzeko. Kasu berezietan, salbuespenezko deialdi biak graduko ikasketen erdi berean pilatu ahal izango dira. Horrelakoak Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordetzak aztertuko ditu.

c) Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak, UPV/EHUko errektoreak eskumenak eskuordetuta, salbuespenezko deialdi bat eman ahal izango dio ikasleari, haren espedientea eta goiko ataletan sartzen ez diren bestelako xehetasunak kontuan hartuta, betiere, behar bezala justifikatuta egonez gero.

d) Ikasleak salbuespenezko deialdia zein deialditan erabiliko duen aukeratu ahal izango du, eta ikastegiko idazkaritzari jakinarazi beharko dio matrikula egiterakoan.

IX. KAPITULUA
ESPEDIENTE AKADEMIKOKO BATEZ BESTEKO NOTA GRADUKO IKASKETETAN

50. artikulua.– Espediente akademikoko batez besteko nota graduko ikasketetan.

Ikaslearen espediente akademikoko batez besteko nota lortzeko honako formula hau aplikatuko da: ikasleak irakasgai bakoitzean lortutako kredituak bere kalifikazioaren balioaz biderkatu, emaitza horiek guztiak batu, eta kopuru hori zatituko da ikasleak guztira lortutako kreditu kopuruaz. Plan zahar edo berritu gabeetan, espedienteko batez bestekoa lortzeko kalifikazio guztiak batu, eta emaitza zatituko da irakasgai kopuruaz.

Irakasgai egokitu, baliozkotu eta aitortuen puntuazioa izango da espedientean sartuta dagoen kalifikazioari dagokiona. Baliokidetza batean irakasgai bat baino gehiago aitortu edo baliozkotu direnean, haren nota izango da haien arteko batezbestekoa. Kalifikaziorik ez badago, 5,0na puntu emango zaie, batezbesteko haztatua kalkulatzeko.

Lan esperientziaren bidez, unibertsitateko ikasketa ez-ofizialen bidez edo ikasketa planean ez dauden prestakuntza jardueren bidez aitortutako kredituei ez zaie zenbakizko kalifikaziorik emango, eta kreditu horiek ez dira aintzat hartuko espediente akademikoko batezbestekoa ateratzeko.

X. KAPITULUA
INDARRALDIA ETA ESKUMENAK ESKUORDETZEA

51. artikulua.– 1.– Graduko Batzordeari ahalmena ematen zaio arautegi hau garatzeko arau osagarriak eman ditzan eta ikasturtero datak, egutegiak eta eranskinak egunera ditzan, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen proposamenari jarraituz.

2.– Arautegi hau 2020/2021 ikasturtean jarriko da indarrean.

3.– Arautegi hau nahitaez bete beharko dute UPV/EHUri atxikitako ikastegi guztiek.

4.– Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeari ematen zaio arautegi hau ezartzean sor daitezkeen gorabeherak interpretatu eta ebazteko ahalmena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira arautegi honekin bat ez datozen xedapen guztiak.


Azterketa dokumentala