Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

105. zk., 2020ko ekainaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2110

EBAZPENA, 2020ko maiatzaren 20koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, «Bilbao-Donostia lineako 68+000 K.P.ko trenbideko zubiaren konponketa proiektua Deban» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzen duena.

2020ko apirilaren 24ko Ebazpenaren bidez onetsi zen «Bilbao-Donostia lineako 68+000 K.P.ko trenbideko zubiaren konponketa proiektua Deban».

Proiektu honen jatorria Euskal Trenbide Sarearen (ETS) sareko elementu berezietan, hala nola zubietan, tuneletan eta abarretan, aldizka ikuskatzeko beharra da.

Deban dagoen zubiak (bertatik trenbideak, bide bakarrean eta trazadura bihurrian, N-634 errepidea zeharkatzen du) 36,38 m-ko luzera du eta 4 baoz osatuta dago. 1., 2. eta 4. baoak 2,40 m-ko zabalerako fabrika-arkuak dira, eta oinezkoentzat erabiltzen dira. 3. baoak, berriz, 7,85 m-ko argi librea du, errepidea gurutzatzen duen tokitik, eta fabrikako estribuen gainean bermatuta dagoen hormigoizko lauza batez osatuta dago.

Proiektuaren helburua 3. baoko lauza birgaitzea da, haren ageriko armadurek oxidazio-maila handia baitute. Horretarako, eraispena aztertu eta proiektatu da, eta, horren ordez, altzairu herdoilgaitzezko duplex zubi metaliko bat jarriko da, erresistentzia mekaniko handikoa eta korrosioaren aurkakoa. Halaber, material horri esker, taularen ertza murriztu daiteke, eta, ondorioz, bide-galiboa 4,65 - 4,93 m-ra igo.

1., 2. eta 4. baoetako gangak ere konponduko dira, eragindako ganga eta paramentuen gainazaleko tratamenduen bidez, bai eta egituraren drainatzea hobetzen ere, hezetasunek eragindako kalteak saihesteko. Horretarako, ura biltzen duten eta galtzadaren kotan eramaten duten metxinaletan drainatze-hodiak jarriko dira, paramentuetatik jariatzea saihestuz.

Lurzoruak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzen eranskinean lurzatien zerrenda eta planoak azaltzen ditu.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituraren arloan jarduerak betearazteko beharrezko desjabetze-espedienteak tramitatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera. Dekretu horrek indarrean dirau Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren Lehen Xedapen Iragankorrean xedatutakoarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.

Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten oinarrizko proiektuak edo trenbide-lineak, horien tarteak edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin dakar onura publikoaren edo gizarte-intereseko deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea ere, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuaren eraginpeko ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zeintzuk diren ondo zehazteko.

Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainontzekoak ikusirik, honako hau

EBAZTEN DUT:

«Bilbao-Donostia lineako 68+000 K.P.ko trenbideko zubiaren konponketa proiektua Deban» proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrera ateratzea, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasi eta hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 19.2 artikuluak eta horrekin bat datozenek. Alegazioak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Aipatu epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Debako Udaletxeko iragarki-oholean ere erakutsiko da jendaurrean.

Honen berri eman da denak jakitun izan daitezen.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 20a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana