Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

101. zk., 2020ko maiatzaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
2044

AGINDUA, 2020ko maiatzaren 20koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legean jasotako zenbatekoak eguneratzeari buruzkoa.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen laugarren xedapen gehigarriak zehazten duenez, lege horretan aurreikusitako zenbatekoak euro konstanteei dagozkie. Bada, Eusko Jaurlaritzan ogasunaren ardura duen Sailari dagokio zenbateko horiek eguneratzea, hauteskundeetarako deia egin eta hurrengo zazpi eguneko epean, abenduaren 23ko 11/2015 Legeak emandako idazkerarekin bat etorriz.

Eusko Legebiltzarra desegin eta hauteskundeetarako deia dagoeneko egin denez, aurreko paragrafoan jasotzen den legezko manua bete egin behar da.

Azaldutako guztiagatik, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Hauteskundeetako gastuei buruzko dirulaguntza publikoak izanik, horrela geratzen dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 151. artikuluan jasotako zenbatekoak:

1.– 1. apartatuaren a) letrari dagokiona: hogeita zazpi mila bederatziehun eta hogeita hemeretzi euro eta berrogeita bat zentimo (27.939,41).

2.– 1. apartatuaren b) letrari dagokiona: laurogeita hamalau zentimo (0,94).

3.– 1. apartatuaren c) letrari dagokiona: berrogeita sei mila bostehun eta hirurogeita bost euro eta hirurogeita zazpi zentimo (46.565,67).

4.– 2. apartatuaren a) letrari dagokiona: hogeita lau zentimo (0,24).

Bigarrena.– Aurreko paragrafoan aipatuta ez dauden arren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legean jasota dauden beste zenbateko guztiak igoko dira, bat koma zero berrogeita lau (1,044) koefizientea aplikatzetik ondorioztatzen den kopururaino.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko maiatzaren 20a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala