Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

100. zk., 2020ko maiatzaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2036

63/2020 DEKRETUA, maiatzaren 19koa, 2017-2028 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Hirugarren Plan Orokorra onartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legeak (azaroaren 29ko 5/2018 Legeak aldatu zuen azken aldiz) Errepideen Plan Orokor horri aplikatu beharreko araubide juridikoa ezartzen du, zeina Autonomia-Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Kondaira-Lurraldeetako Foruzko Ihardutze-Erakundeen Arteko Harremanei Buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legearen 7.a.8 artikuluaren bigarren eta hirugarren paragrafoek aipatzen baitute.

Maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 3. artikuluak ezartzen du Eusko Jaurlaritzari dagokiola Errepideen Plan Orokorra eta haren berrikuspenak eta ezohiko aldaketak onartzea. Era berean, 2/1989 Legearen 12.7 artikuluak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritzari dagokio Errepideen Plan Orokorra dekretu bidez onartzea, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Horrela, abenduaren 19ko 283/1989 Dekretuak 1987/1998 aldirako Errepideen Plan Orokorra onartu zuen, abenduaren 30eko 355/1992 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorraren berrikuspena onartu zuen, ekainaren 8ko 250/1999 Dekretuak 1999-2010 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Bigarren Plan Orokorra onartu zuen, eta, ondoren, azaroaren 23ko 307/2010 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Bigarren Plan Orokorraren berrikuspena onartu zuen 2005-2016 aldirako.

Azaroaren 23ko 307/2010 Dekretuaren 2. artikuluan xedatzen denez, Errepideen Plan Orokorrak 12 urteko iraupena izango du. Epe hori igarota, beraz, Errepideen Hirugarren Plan Orokorra onartu behar da.

Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 12. artikulua betez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorraren Batzordearekin lankidetzan, Planaren Aurrerapenaren testua idatzi zuen, eta, aipatu Batzordeak 2018ko uztailaren 2an txostena egin ondoren, jendaurrean jartzeko eta administrazio interesdunei entzuteko izapidea egin zen 2018ko abuztuaren 30eko aginduaren bidez (irailaren 28ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua).

Aurrerapenaren dokumentuan prozesuaren ondoriozko aldaketak sartu ondoren, Euskadiko Garraio Agintaritzak, 2019ko urtarrilaren 14an egindako bilkuran, aurrerapenaren aldeko txostena eman zuen. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorraren Batzordeak Planaren dokumentuaren aldeko txostena egin zuen 2019ko otsailaren 27an, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Hirugarren Plan Orokorraren Proiektua izena hartu zuen.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak eta planen eta programen ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuak araututakoa betez, espediente osoa igorri zitzaion Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, eta 2019ko irailaren 11ko Ebazpenaren bidez (2019ko urriaren 3ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua) 2017-2028ko Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen III. Plan Orokorraren nahitaezko ingurumen-adierazpen estrategikoa egin du.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen Osoko Bilkurak dokumentuaren aldeko txostena eman du, 6/2019 bilkuran, 2019ko abenduaren 18an. Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Hirugarren Plan Orokorra onartzea dagokio.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko maiatzaren 19an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Hirugarren Plan Orokorra onartzen da, dekretu honen eranskin gisa erantsi dena.

2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Hirugarren Plan Orokorrak hamabi urteko iraupena izango du, 2017tik 2028ra.

3. artikulua.– Helburuak eta programak lotesleak dira lurralde historikoetako foru-organoentzat, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legean xedatutakoaren arabera.

4. artikulua.– Jarduketa-programen nahitaezko edukia benetan betetzen dela bermatzeko, premiazkotzat jotzen da Planean jasotako jarduketek ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea, dagokion desjabetze-prozedura aplikatzearen ondorioetarako.

5. artikulua.– Maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 8.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, ohiko aldaketatzat joko dira arau teknikoei eta programatutako jarduketen lehentasunari eragiten dietenak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 1987-1998 aldirako Errepideen Plan Orokorra onartu zuen abenduaren 19ko 283/1989 Dekretuaren III. kapituluan ezarritako arau teknikoetan honako hauek sartu dira: Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren testu berrikusia eta zabaldua; Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren aldaketa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko azaroaren 10eko Aginduaren bidez onartua; Arauaren bigarren aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sarearen bide-zoruak dimentsionatzeko, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren bidez onartutakoa; eta Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sareko zeharbideetan abiadura-murriztaileak instalatzeko jarraibide teknikoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko urriaren 22ko Aginduaren bidez onartua.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Bigarren Plan Orokorraren 2005-2016 aldirako berrikuspena onartzen duen azaroaren 23ko 307/2010 Dekretua eta dekretu honen aurka doazen maila bereko edo beheragoko gainerako xedapenak.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko maiatzaren 19an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

MAIATZAREN 19KO 63/2020 DEKRETUAREN ERANSKINA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ERREPIDEEN HIRUGARREN PLAN OROKORRA, 2017-2028 ALDIARI DAGOKIONA

(Erantsitako dokumentua interneteko helbide honetan dago:

Http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/garraioak/bideko-azpiegiturak/)


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana