Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2020ko maiatzaren 20a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2001

AGINDUA, 2020ko martxoaren 10ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez laguntzak arautzen eta iragartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzen diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzat.

Gaixoek eratutako irabazi-asmorik gabeko elkarteak pertsona fisikoen taldeak dira, eta, horietan, patologia bera pairatzen duten pertsonak elkartzen dira. Gisa horretako elkarteek honako helburu hauek dituzte: dena delako gaixotasuna eta berau sendatzeko tratamenduak hobeto ezagutzeko lan egitea, gaixoek elkarri laguntzea, herritarrei gaixotasuna prebenitzeko argibideak ematea, eta herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea.

Elkartzeko, komunikatzeko eta laguntza emateko guneak dira elkarte horiek, gaixoentzat nahiz haien familientzat.

Osasun Sailak bereziki nabarmentzen du elkarte horiek pertsona gaixoen eta haien senideen osasun fisikoaren, psikologikoaren eta sozialaren alde egiten duten ekarpena, hainbat alorretan islatzen dena, hala nola: gaixotasunen errealitate sozial eta afektiboarekiko zuzeneko kontaktua, eta zerbitzu eta autolaguntza programen bidezko zuzeneko asistentzia eta laguntza enpatikoa.

Osasun Sailaren 2020ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan –2020ko otsailaren 11n onartua Osasuneko sailburuaren agindu baten bidez, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratua–, «Osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea» arloaren barruan, «Gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko dirulaguntza» dago jasota.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legean, laguntza hauetarako aurrekontu-kreditua jasotzen da.

Deialdi honen zein hura ebazteko eta izapidetzeko jarduerak bat datoz honako xedapen hauek osatzen duten esparru juridikoarekin: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

Agindu honetan bildutako laguntzek ez dituzte betetzen EBren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. artikuluko 1. apartatuan ezarritako baldintza guztiak, eta, beraz, ez dira estatu-laguntzak. Horrenbestez, ez da beharrezkoa inolako izapiderik egitea Europako Batzordearen aurrean.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta xedea.

1.– Agindu honen helburua da laguntzetarako deialdi bat egitea, EAEko gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzen diharduten eta kolektibo horiek osatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteei zuzendua.

2.– Laguntza hauen xedea da 2020ko urtarriletik abendura bitartean eginiko jarduerak finantzatzea; hauek izango dira jarduera horien helburuak:

a) Gaixotasunen bat duten pertsonen kolektiboei eta haien familiei trebetasunak eta baliabideak garatzen laguntzea, beren burua zaintzeko ahalmena maximizatzeko eta autonomia areagotzeko.

b) Eragindako pertsonen behar soziosanitarioak babestea eta bideratzea, osasuna sustatzeko ikuspegi osasungarritik, eta komunitate-helburuekin.

c) Gaixoek eta haien familiek gaixotasunari buruz, haren arrisku-faktoreei buruz eta bizi-ohitura egokienei buruz duten ezagutza eta informazioa sakontzea.

d) Eragindako pertsonengan osasunaren aldetik besteekiko dituzten desberdintasun eta ekitate-faltak gutxitzea eta genero-ikuspegia eranstea.

3.– Deialdi honen bidez finantzatu daitezkeen ekintzetatik kanpo gelditzen dira:

a) Osakidetzak edo Osasun Sailarekin hitzarmena duten zentroek bikoizten dituzten jarduerak.

b) Hiesaren eta adikzioen arloko jarduerak, bai eta ikerketa-lanak eta Osasun Sailean horretarako berariazko laguntza-deialdiak dituzten guztiak ere.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Eskakizun hauek betetzen dituzten elkarteek eskuratu ahal izango dituzte deialdi honetan jasotako laguntzak:

a) EAEko pertsona gaixoen kolektiboek eta haien familiek osatuak eta legez eratuak izatea, eta behar bezala inskribatuak izatea egoitza soziala duten lurraldeko elkarteen administrazio erregistro ofizialean, dirulaguntzen deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez.

b) Irabazi-asmorik ez izatea.

c) Gaixoen eta/edo haien familien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz jardutea, guztiak elkartzeko, hitz egiteko eta laguntzeko guneak eratuz.

d) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako egoeraren batean ez egotea.

2.– Erakundeek artikulu honetan xedatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte dirulaguntzen onuradun deklaratuak izateko laguntzak emateko ebazpenaren bidez. Gainera, prozesu osoan zehar bete beharko dira eskakizunak, emandako dirulaguntza likidatu arte.

3.– Organo kudeatzaileak, ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztatuko du erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela eta ez dela zordun dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.

4.– Erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute erakundeek –eskabide-inprimakian jasota dago–, eta, han, honako hauek justifikatu: ez dutela onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik eta, bereziki, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituztela. Hori guztia, ezertan eragotzi gabe agindu honen 7. eta 10. artikuluetan aipatutako egiaztatze-jarduketak.

5.– Ezin izango dira aurkeztu dirulaguntzen eta laguntzen deialdietara sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisikoak edo juridikoak, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide, debeku horrekin zigortutakoak ere, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean.

3. artikulua.– Dirulaguntzaren aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1.– Agindu honen helburua betetzeko, hirurehun mila (300.000) euro bideratuko dira.

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Laguntzak jarduerak ordaintzeko dira, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorrak mantentzeko edo elkarteen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.

2.– Erakundeko soldatapeko langileen kostuak ordaintzeko erabil daiteke jarduerarako dirulaguntza, langileek jarduera horretan egindako lanari dagokion proportzioan, eta zenbateko osoaren % 10 erabili ahal izango da zeharkako kostuak ordaintzeko. Zeharkako kostuak dira erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoenak barne, baita dieta-, desplazamendu- eta kudeaketa-gastuak ere, beharrezkoak direnak dirulaguntza jaso duen jarduera bat egiteko, zuzenean jarduera jakin horri ez dagozkion arren.

3.– Egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

4.– Diruz laguntzen diren jarduerak ezin izango dira azpikontratatu.

5.– Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko: finantza-gastuak; inbertsio-gastuak; administrazio-lizentziak; berandutze-errekarguak, eta administrazio- eta zigor-zehapenak, honako hauek barnean direla: zerga, tributu eta tasen ordainketetan berandutzearen edo halakoak ez ordaintzearen ondoriozko zehapenak, edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak, eta prozedura judizialen gastuak, ez eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozedurek eragindakoak ere.

6.– Artikulu honetan arautu gabeko gaietarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, oinarrizko legeria gisa.

5. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo ente publiko zein pribatu batzuek –Espainiakoek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka hartuta edo batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada.

2.– Baldin eta lortutako laguntza guztien batura handiagoa bada jardueraren aurrekontu osoa baino, dirulaguntza txikiagoa emango da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.

3.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak elkarte bati ematea ez da bateragarria izango Osasun Sailaren aldetik dirulaguntza izendunak jasotzearekin gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko, osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko proiektu, programa eta/edo jarduerak aurrera eramateko.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez ditu muga hauek gaindituko: eskatutako zenbatekoa; diruz lagundu daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100; elkarte bakoitzeko 10.000 euroko zenbatekoa, ez eta elkarte-federazio bakoitzeko 15.000 euroko zenbatekoa ere.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Proiektu bakoitzeko, eskabide telematikoa bete beharko da, eskuragarri dagoena 21.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean. Ezin da eskabide bat baino aurkeztu eskatzaile eta proiektu bakoitzeko.

2.– Gutxienez, datu hauek izan beharko dituzte eskabideek:

a) Erakundearen identifikazio-datuak, eta, hala badagokio, haren ordezkariarenak, honako hauek barnean direla: izena; identifikazio-agiria; abisuak jasotzeko mugikorraren zenbakia eta/edo posta elektronikoa; jakinarazpen, komunikazio eta abisuak jasotzeko hizkuntza; zerga-betebeharrei buruzko informazioa eskuragarri dagoen lurralde edo probintzia; erantzukizunpeko adierazpenak, eta baimenak.

b) Erakundearen datu osagarriak: erregistratuta dagoen erregistroaren edo erroldaren datuak; zer eremu geografikotan egiten duen lana eta estaldura; zer zerbitzu ematen duen; zenbat lagunek osatzen duten elkartea; aurrekontua, eta zuzendaritza-batzordearen osaera.

c) Proiektuaren izena.

d) Proiektuetarako harremanaz arduratzen den teknikariaren datuak.

e) Jardueraren justifikazioa, erantzuna eman nahi zaion egoeraren deskribapena, zer faktorerengan eragin nahi den.

f) Dirulaguntzaren xede den jarduera eginez zer helburu zehatz lortu nahi diren.

g) Jardueraren garapenari buruzko deskribapena (edukiak, faseak, zereginak, kudeaketa-prozesuak, jardueraren kokapena edo lurralde-eremua, jarduera garatuko den leku fisikoa, denboralizazioa, aurrekontua, giza baliabideak eta baliabide materialak).

h) Jardueraren gainean aurreikusitako ebaluazioa, honako hauek barnean hartuta: jardueraren jarraipen- eta inpaktu-adierazleak, jardueraren onuradunen gogobetetasun-balorazioa eta onuradunen ezaugarriak (adina eta sexua).

i) Desberdintasunak aintzat hartzea: ezberdintasun sozioekonomikoei aurre egiteko neurriak (egoera sozioekonomikorik eskasenean direnek ere aukera izan dezaten jardueran parte hartzeko); proiektuan genero-ikuspegia ere barneratzea (osasun- eta gaixotasun-prozesuetan generoak eragiten dituen ezberdintasunak kontuan hartzea); jarduerara iristeko bidea erraztea (elkarteren batean direnak eta ez direnak, lurraldeko bizilagun guztiak, etab.).

j) Jarduera diseinatzeko kontuan hartutako irizpideak, xede-populazioaren eta boluntarioen parte-hartzeari dagokionez.

k) Jarduera beste elkarte batzuekin koordinaturik egitea, federazioarekin edo beste esparruren bateko erakundeekin.

l) Koordinazioa eta sinergia egotea, aurreikusitako jardueraren eta osasun-esparruko eta/edo osasun- eta gizarte-esparruko prestazio, zerbitzu, jarduera eta politika publikoen artean.

m) Aurrekontu osoa, honela banakatuta: kontzeptuak, proiektuaren finantzazio-iturriak eta proiekturako eskatutako beste laguntza batzuk.

n) Deialdi honetan eskatutako zenbatekoa.

o) Baimenak eta erantzukizunpeko adierazpenak, agindu honetako 10. artikuluan ezarritakoak.

p) Datu Pertsonala Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko informazioa, agindu honetako 20. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

3.– Eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Honako hauek egiaztatzeko ziurtagirien kopia arruntak: elkartea eratu izana eta kasuan kasuko administrazio-erregistroan inskribatu izana, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea. Elkarteak ziurtagiri horiek aurkeztu beharko ditu, baldin eta, eskabidearen bidez, berariaz baimena ukatu badio organo kudeatzaileari ziurtagiriak zuzenean eskura ditzan kasuan kasuko administrazio publiko eskudunetan.

b) Finantzaketaren xede izango litzatekeen jarduera hobeki ezagutzeko beharrezko den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Elkarte bakoitzak proiektu bati lotutako eskabide bat aurkeztu behar du.

3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, 21. artikuluan adierazitako euskadi.eus egoitza elektronikoa erabiliz.

4.– Identifikazio elektroniko aitortua duten elkarteen ordezkariek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, agindu honetako 21.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Ordezkaria erakundearen ordezkaritzaren ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu baldin bada, honek, ez du egiaztatzeko inolako izapiderik egin behar.

b) Pertsona fisikoentzako ziurtagiri baten bidez identifikatu bada, ordea, ordezkaritza egiaztatu beharra dauka ordezkarien erregistro elektronikoan, agindu honen 21.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz.

5.– Elkarte eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Era berean, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.

9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzetarako eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko da. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68.1 artikuluan.

10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.

Erakundeak, eskabidearen bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoaren aurrean kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan eskakizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskaeran ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu derrigorrean. Eskabide horretan, erantzukizunpeko adierazpenak jasotzen dira, alderdi hauei buruzkoak, gutxienez:

1.– Erakunde eskatzaileak egunean dituela dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.

2.– Erakunde eskatzailea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako egoeraren batean.

3.– Erakundeak xede bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak eskatu dizkien bestelako administrazio publikoei edo entitate publiko edo pribatuei –Espainiakoak, Europar Batasunekoak edo nazioartekoak–, eta horiek jaso dituen; erantzuna baiezkoa izanez gero, zenbatekoa zehaztu behar du.

4.– Erakundea itzultze- edo zehapen-prozeduraren baten pean dagoen, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozeduraren baten pean; erantzuna baiezkoa izanez gero, identifikatu behar du zein diren prozedura horiek.

Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko diren egiaztapenak egingo dira.

Erantzukizunpeko adierazpen bati eransten zaion datu, adierazpen edo dokumenturen bat zuzena ez bada, edo faltsua bada, edo haietakoren bat falta bada, prozedura bertan behera geldituko da horren berri jakin bezain laster, alde batera utzi gabe izan daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Halaber, egoera horren berri ematen duen herri-administrazioaren ebazpenak ezar dezake elkarte interesdunak itzuli egin behar duela dirulaguntza –hala balegokio– eta denbora-tarte jakin batez ezin izango duela helburu bereko beste prozedura bat abian jarri; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.

1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehazten dira, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagokion esaten. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko.

a) Jardueraren justifikazioa, zer egoerari erantzun nahi zaion (deskribapena), zer faktoreren gainean eragin nahi den: 14 puntu, gehienez.

b) Dirulaguntza eskatu den jarduera eginda zer helburu espezifiko lortu nahi diren: 14 puntu, gehienez.

1) Helburu egingarriak: 7 puntu, gehienez.

2) Baliabide egokiak erabiltzea: 7 puntu, gehienez.

c) Jardueraren garapenari buruzko deskribapena (edukiak, faseak, zereginak, kudeaketa-prozesuak, jardueraren kokapena edo lurralde-eremua, jarduera garatuko den leku fisikoa, denboralizazioa, aurrekontua, etab.): 20 puntu, gehienez.

1) Jarduera-esparrua: 7 puntu, gehienez.

1.1.– EAE: 7 puntu.

1.2.– Lurralde historikoa: 5 puntu.

1.3.– Eskualdea: 4 puntu.

1.4.– Udalerria/auzoa: 3 puntu.

2) Faseen, denboralizazioaren eta zereginen deskribapena: 8 puntu, gehienez.

2.1.– Proiektuaren faseen deskribapena: 2 puntu, gehienez.

2.2.– Proiektuaren denboralizazioaren deskribapena: 4 puntu, gehienez.

2.3.– Proiektuaren zereginen deskribapena: 2 puntu, gehienez.

3) Giza baliabide eta baliabide materialak: 5 puntu, gehienez.

d) Jardueraren ebaluazioa: jardueraren onuradunen ezaugarriak (sexua, adina), jardueraren jarraipen- eta inpaktu-adierazleak eta onuradunek egindako balioespena: 7 puntu, gehienez.

1) Jardueraren onuradunen ezaugarriak, sexuaren eta adinaren arabera: 3 puntu, gehienez.

2) Ebaluazioan, adierazle kuantitatiboak zehaztu ditu: 2 puntu, gehienez.

3) Ebaluazioan, adierazle kualitatiboak zehaztu ditu: 2 puntu, gehienez.

e) Desberdintasunak aintzat hartzea: ezberdintasun sozioekonomikoei aurre egiteko neurriak (egoera sozioekonomikorik eskasenean direnek ere aukera izan dezaten jardueran parte hartzeko); proiektuan genero-ikuspegia ere barneratzea (osasun- eta gaixotasun-prozesuetan generoak eragiten dituen ezberdintasunak kontuan hartzea); jarduerara iristeko bidea erraztea (elkarteren batean direnak eta ez direnak, lurraldeko bizilagun guztiak, etab.): 20 puntu, gehienez.

1) Desberdintasun sozioekonomikoak aintzat hartzea: 7 puntu, gehienez.

2) Genero-ikuspegia txertatzea: 7 puntu, gehienez.

3) Jardueran parte hartzea errazteko neurriak: 6 puntu, gehienez.

f) Jarduera diseinatzeko kontuan hartutako irizpideak, xede-populazioaren eta boluntarioen parte-hartzeari dagokionez: 15 puntu, gehienez.

1) Xede-biztanleen parte-hartzea diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan: 8 puntu, gehienez.

2) Elkarren arteko laguntza eta boluntariotza sustatzea: 7 puntu, gehienez.

g) Jarduera beste elkarte batzuekin koordinaturik egitea, federazioarekin edo beste esparruren bateko erakundeekin: 5 puntu, gehienez.

h) Koordinazioa eta sinergia egotea, aurreikusitako jardueraren eta osasun-esparruko eta/edo osasun- eta gizarte-esparruko prestazio, zerbitzu, jarduera eta politika publikoen artean: 5 puntu, gehienez.

2.– Gehieneko puntuazioa 100 puntukoa izango da, eta gutxienekoa 50ekoa. 50 puntura heltzen ez diren jarduerek ez dute dirulaguntzarik jasoko. Halaber, a), b) eta c) apartatuetan adierazitako puntuazioaren erdia gutxienez lortzen duten eskaerek bakarrik jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.

12. artikulua.– Eskabideen balioespena eta dirulaguntzak emateko prozedura.

1.– Balioespen-batzorde batek balioetsiko ditu eskabideak, eta honako kide hauek izango ditu: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Juan Jose Aurrekoetxea Agirre jn.), batzordeburu jardungo duena, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan dituen zuzendariordeak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck jn., Elena Albisua Cortazar and., Juan Carlos Fernández Crespo jn.). Kide anitzeko organoko idazkaritzari dagokionez, batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du.

2.– Garaiz eta modu egokian aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskabideak balioespen-batzordeak.

3.– Balioespen-batzordeak zehaztuko du proiektu bakoitzaren puntuazioa eta proiektu horri eman dakiokeen gehieneko dirulaguntza, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.

4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa izanik, eta/edo balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin, betiere.

5.– Lehiaketa izango da agindu honetan araututako dirulaguntzak emateko prozedura. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: 11. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balioespen-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako dotazio ekonomiko osoa. Horretarako, lortutako puntu bakoitzari balio ekonomiko bat esleituko zaio, formula hau aplikatuz kalkulatuko dena:

PB = AZ/GP.

PB = Puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoa.

AZ = Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura.

GP = Dirulaguntza jasotzeko modukoak diren proiektu guztiei emandako puntuazioaren batura.

Hasierako banaketa egiteko, balorazio-fasean lortutako puntuak eta puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoa biderkatuko dira (PB).

Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da, muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada edo harik eta diruz lagundutako eskabide guztiak gehienezko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.

Banaketan, gainditu egiten bada elkarte batentzat ezarritako muga, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioarekiko.

6.– Ezarritako irizpideen arabera aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren, eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren, agindu honetan horretarako ezartzen denaren arabera, balioespen-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Osasuneko sailburuordeari, eta bertan honako hau adieraziko dio: zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, elkarte onuradunak zein diren, finantzatuko den proiektu bakoitzarentzat proposatutako zenbateko banakatuak, eta, hala badagokio, dirulaguntza ukatu zaien proiektuak zein diren, eta zergatik ukatu zaien.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta elkarte interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira haren ebazpenean. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.

2.– Ebazpenean xedatuko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hauek adierazi beharko dira: zein diren elkarteak, guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion haietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Dirulaguntza ukatzen bada, zergatia azaldu beharko da.

3.– Prozedura ebatzi eta ebatzitakoa elkarte interesdunei jakinarazteko epea gehienez ere lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, elkarte interesdunek dirulaguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie elkarte interesdunei.

5.– Ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak elkarte onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko, justifikazio telematiko bat bete beharko da, eskuragarri dago 21.4 artikuluan zehazten den zuzeneko sarbidean.

2.– Gutxienez honako datu hauek jasoko dituzte justifikazioek:

a) Erakundearen identifikazio-datuak.

b) Proiektuaren izena eta espediente-zenbakia.

c) Proiektuaren iraupena: hasteko eta amaitzeko egunak.

d) Kokapen zehatza (proiektua EAEko zer gune, hiri, auzo edo udalerritan egin den).

e) Diruz lagundu den proiektua diseinatzen, gauzatzen eta ebaluatzen aritu diren langileen zereginak (egindako lana, emandako denbora eta kontratu-mota).

f) Proiektuaren garapenari buruzko deskribapen laburra. (Azaldu proiektua aurreikusitakoaren arabera garatu den: onuradunen kopurua, sexuaren arabera banakatua; egindako talde/tailer kopurua, eta saioen ordu-kopurua edo iraupena. Proiektua garatzen izandako laguntzak eta zailtasunak, eta aurreikusitako jarduerekiko sortutako aldaketak. Zehaztu nola egin den proiektuaren jarraipena eta balioespena.)

g) Proiektuaren helburua lortzea (azaldu nola lagundu duen proiektuak aurreikusitako helburua lortzen).

h) Lortutako emaitza zehatzak, zenbateraino lortu diren zehaztuta eta adierazleak emanda.

i) Garatutako jardueren zerrenda, aurreikusitako eta aurreikusi gabekoena.

j) Jarduera-kronograma.

k) Balioespena:

1) Proiektuari buruzko balioespen orokorra.

2) Osasunaren gizarte-baldintzatzaileei buruzko ikuspegia.

3) Genero-ikuspegia.

4) Beste instituzio batzuekin lankidetzan jardutea.

l) Proiektuan izandako gastuei buruzko memoria banakatua, diru-sarreren eta gastuen zerrenda zehaztuta, eta xede bererako beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adieraztea.

m) Gastuak egiaztatzeko agirien zerrenda. Zerrenda horrek barnean hartuta behar ditu aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren arabera egindako gastuen ziurtagiri guztiak, honako hauek zehaztuta: ziurtagiri-mota, kontzeptua, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa. Gastuen frogagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.

n) Jarduerarekin erlazionatutako izaera publikoko agiriak.

3.– Justifikazioarekin batera, honako hauek aurkeztuko dira:

a) Dirulaguntzaren xede den proiektua eta gastua eskatutako dirulaguntzaren guztizko zenbatekoaren arabera benetan gauzatu direla egiaztatzen duten fakturen edo bestelako ordainagirien kopia arrunta, erakunde eskatzailearen ordezkariak izenpetuta. Gainera, agiri horiek egiazkoak direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko du.

b) Erakunde onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, erakundearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiriaren kopia, honako hauek jasota: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NAN zk.); ordu kopurua; orduko kostua; guztizko zenbatekoa, eta boluntarioaren sinadura. Elkarteak egindako ekarpen propioa justifikatzeko baino ez da kontuan hartuko langile boluntarioen balioztatzea, eta orduko 20 euroko gehieneko muga ezarriko da. Boluntarioak balioztatzeko, elkartearen inguruko pertsonek proiektuaren helburuak lortzeko eta ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren kuantifikatze ekonomikoa egingo da.

c) Jarduerarekin zerikusia duten agiri publikoak, hala nola egunkari-zatiak edo proiektuko funtsekin ordainduta egin, kopiatu eta zabaldutako ikasmateriala; agiri horiek berak aurkez daitezke edo horietarako esteka elektronikoak eman.

d) Osasun Sailaren babesa jaso dela adierazi izana egiaztatzen duen dokumentazioa –17.i) eta 17.j) artikuluetan jasotako kasuetan.

e) Proiekturako funtsekin ordaindutako tailer eta ikastarorik antolatu bada, labur azaldu haietan zenbat lagunek parte hartu duten. Beharrezkoa den guztietan, datuak sexuaren arabera aurkeztuko dira.

4.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duten jarduerak gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Laguntzaren kargura behar bezala justifikatutako gastuak, honako hauek izango dira:

a) Elkarte onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak. Faktura guztiak 2020an egindakoak izango dira.

b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, elkarte onuradunak idatzi bat egingo du, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartze-agiria» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

e) Boluntarioen kasuan, haien aseguruaren bidez justifikatutako gastuak. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi kontingentzia estali behar ditu nahitaez: istripuak eta erantzukizun zibila. Azken horretan, urtean, ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua 300.506,05 euro izango da gutxienez, polizako boluntario guztientzat. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.

5.– Era berean, dirulaguntza jaso aurretik sortutako gastuak justifikatu ahal izango dira jasotako dirulaguntzaren kontura, baldin eta diruz lagundutako jardueren barruan sartutako ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2020. urtean egindakoak badira.

6.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, izapidetze elektronikoari buruzko 21. artikuluan azaltzen den moduan.

7.– Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2021eko urtarrilaren 31 izango da.

15. artikulua.– Justifikazio-akatsak zuzentzea.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hutsegiteren bat edo omisioren bat aurkituz gero laguntza justifikatzeko aurkezten den dokumentazioan, erakundeari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, hutsegitea konpon dezan edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezan.

Eskakizun hori ez badu garaiz eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) % 70eko dirulaguntza onartzen den unean ematea, ebazpena argitaratu ondoren, eta laguntza espresuki edo isilbidez onartutakoan 17.1 artikuluan ezarritako epean.

b) Gainerako % 30a, diruz lagundutako proiektua egin ondoren, alegia, elkarte onuradunak dirulaguntzaren xede den proiektua egindakoan eta haren guztizko gastua justifikatu ondoren 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Edozein ordainketa egin baino lehen, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen alorreko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.

17. artikulua.– Elkarte onuradunen betebeharrak.

Alde batera utzi gabe indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk, eta, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak, honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritako dirulaguntzen elkarte onuradunek:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, laguntza onartutzat joko da, baldin eta, onuradunek berariaz laguntzari uko egiten ez badiote hamar egun balioduneko epean, dirulaguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– «Hirugarren interesdunaren datuei alta» emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskaera bete beharko dute, salbu eta aurretik, ordainketak ahalbidetzeko, Eusko Jaurlaritzan aurkeztu diren. Inprimaki hori eskuragarri dago euskadi.eus egoitzan: http://www.euskadi.eus/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html

3.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta jasotako laguntza guztia horretara bideratzea.

4.– Aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den eskakizunen batean, horren berri idatziz eman beharko diote organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

6.– Dirulaguntza eman duen erakundeari egiaztatu behar diote betetzen dituztela laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak eta jarduera gauzatu dutela.

7.– Osasun Sailari laguntzea jarduketa horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jartzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

8.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-funtzioan dihardutelarik, eskatzen duten informazio guztia ematea.

9.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.

10.– Osasun Sailaren babesa dutela aipatu beharko dute egiten dituzten agirietan eta publizitatean. Aipamen hori sail horren onespena jaso ondoren txertatuko da, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera; euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: http://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/

11.– Elkartea, baliabide komunitario gisa, eta urtebetetik gorako iraupena duten ondoriozko jarduerak ikusaraztea, Euskadi Aktiboa plataforman, http://www.euskadi.eus/informazioa/euskadi-aktiboa/web01-a2osabiz/eu/ web-orrian.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, han, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

a) Gastuen justifikazioan % 25eko edo hortik beherako aldea egonez gero dirulaguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontuarekiko, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.

b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 25 baino gehiagoko aldea baldin badago, dirulaguntzarako eskubidea galduko da.

Bi kasuetan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira erakunde onuradunak, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Dirulaguntza jaso duen jardueraren segimendua.

Komenigarri iritzitakoak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu Osasun Sailak, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jarduketen edukiari eta emaitzei.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Begira dezagun Datuak Babesteko abenduaren 5eko 2016/679 Erregelamendu Orokorreko (EB) xedapenetan eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoan, eta ikusiko dugu ezen agindu honetako dirulaguntzak eskatzeko ematen diren datuak ez zaizkiola lagako ez beste pertsona ez beste erakunde bati, eta, soil-soilik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak laguntzok kudea ditzan erabiliko direla, haren ardura baita datuok tratatzea. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin bat etorriz gauzatu behar da misio bat betetzeko behar den tratamendua, baldin eta misioa interes publikoaren alde egin bada edo tratamenduaren arduradunak jasotako botereak baliatuz egindakoa bada.

Nahi duen orok datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubideak balia ditzake, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko eskubideak ere, informazio gehigarrian azaldu bezala, web-orri honetan: www.euskadi.eus/dbao/0088707

21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Elkarte interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Ordezkarien erregistro elektronikoari buruzko informazioa eskuragarri dago euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

3.– Erakundeak sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/

4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak eta izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eskuragarri daude euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan: https://bit.ly/3bIWYtN

5.– Bitarteko elektronikoen bidez egin beharko dira eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honetan https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

22. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman dioten laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli egin beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken lege hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.

3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, 18. artikuluan aipatua, laguntzaren parte bat itzuli beharko du erakunde onuradunak; betiere, jarduera osorik gauzatu ez arren, nabarmen hurbildu bada helburu horretara, eta egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzen irmo ahalegindu dela. Baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko, egindako jarduera bat ez badator deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, eta proiektuaren beraren xedea betetzen ez badu.

Halakorik gertatuz gero, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Eskabideak balioesteko deialdiko 11. artikuluan jasotzen diren irizpideei jarraituz bideratuko da ebazpen hori.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezko prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen eskakizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

6.– Itzulitako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO Lehenengoa

Agindu honen bidez iragarritako deialdia eta hura garatzeko jarduketak honako xedapen hauen mende egongo dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoaren mende eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren mende. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa aplikatuko zaie.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO Bigarrena

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, elkarte interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko dira errekurtsoak jartzeko epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO Hirugarrena

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 10a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala