Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

94. zk., 2020ko maiatzaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
1991

59/2020 DEKRETUA, maiatzaren 12koa, zeinaren bidez «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeari atxikitzen baitzaizkio bere eginkizunak garatzeko behar dituen baliabideak.

2018ko uztailaren 5eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (129. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko Portuen eta Itsas Garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legea argitaratu zen. Xedapenaren helburuetako bat 1. artikuluan aipatzen da: «Euskal Autonomia Erkidegoaren Portuko Administrazioaren egitura eta funtzionamendua ezartzea eta Euskadiko Kirol Portuak zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortzea. Erakunde horren ardura izango da Euskadiko itsas-aisialdiko erabilerako portu-azpiegiturak eta horiekin lotutako erabilera-guneak kudeatzea, bai Jaurlaritzak esleitzen dizkionak, bai kontzesionario gisa hartutako kudeaketak, eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Portuko Administrazioaren parte ere izango da».

23. artikuluan, Euskadiko Kirol Portuak sortu da nortasun juridiko propioa duen zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa; bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasun osoa du, eta portuen arloan eskuduna den Jaurlaritzako sailari atxikita dago. 23.2 artikuluan ezartzen da erakundea sortzen duen legean eta estatutuetan xedatutakoaren arabera eraenduko dela, eta estatutuok Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez onartuko dira, gaiaren arloan eskuduna den sailak proposatuta. Horrez gain, ekainaren 28ko 2/2018 Legearen lehen xedapen gehigarrian ezartzen da erakundearen jardueren hasiera Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez zehaztuko dela.

Bestalde, bigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan ezartzen denez, erakunde publikoari behar diren giza baliabideak esleituko zaizkio ekainaren 28ko 2/2018 Legearen 25. artikuluan azaldutako eginkizunak betetzeko. Giza baliabide horiek osatzen dituzte, batetik, orain arte Euskadiko Kirol Portua, SA sozietate publiko anonimoan eginkizunak bete dituzten pertsonek –sozietate hori, lege-mandatuz, likidatu eta desegin egin beharko da «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen jarduerak hasteko dekretua onartzen denean–. Beste alde batetik, funtzio publikoari buruzko araudian xedatutakoaren arabera sortuko dira funtzionarioentzat erreserbatutako postuak. Azkenik, adierazi behar da ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko lan-kontratudun langilerik «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeari esleitutako eginkizunetara atxikita.

Baliabide materialei dagokienez, ekainaren 28ko 2/2018 Legearen lehenengo xedapen gehigarriak 3. apartatuan ezartzen duenaren arabera, erakundeak bilduko dituen eginkizunak gaur egun egiten dituzten bi sozietate anonimoak likidatu eta gero, bi merkataritza-sozietate horien ondasunak Euskadiko Kirol Portuak erakundeari adskribatuko zaizkio.

Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2020ko maiatzaren 12an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Kirol-portuen zerbitzu publikoaren kudeaketa esleitzea.

Kirol-portuen zerbitzu publikoaren kudeaketa «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeari esleitzen zaio kirol-portu hauetan: Hondarribiko kirol-portua, Hondarribiko Molla-Beteranoen kirol-dartsena, Donostiako kirol-dartsena, Orioko kirol-portua, Getariako kirol-dartsena, Debako kirol-dartsena, Mutrikuko kirol-portua, Mundakako kirol-portua, Bermeoko kirol-dartsena, Armintzako kirol-portua, Plentziako kirol-portua eta Zumaiako portua.

2. artikulua.– «Euskadiko Kirol Portua, S.A.» sozietateko langileak integratzea.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Portuen eta Itsas Garraioaren ekainaren 28ko 2/2018 Legearen bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz, Euskadiko Kirol Portua, SAn zerbitzuak ematen dituzten lan-kontratudun langileak, legearen arabera Euskadiko Kirol Portuak sozietateak bere gain hartzen dituen eginkizunak betetzen badituzte, erakunde horretan integratuko dira, lan-araudian aurreikusitako enpresaren ondorengotza-mekanismoa aplikatuz. Langile horiek dekretu honen eranskinean jasota daude.

2.– Ondoren, Zumaiako Kirol Portua SA sozietatea azkendu eta gero, Euskadiko Kirol Portuak erakundeak betetzen dituen eginkizunetan lan egiten duten langileak azken horretan integratuko dira.

3.– Artikulu honek aipatzen dituen langileek lagapenaren aurretik zuten kontratu-motari eutsiko diote, eta horien plaza iraungitzekoa izango da, harik eta hutsik egotean amortizatu arte. Enpresaren ondorengotzaren eraginpean dauden langile horiek eutsi egiten diete finkatu eta eskuratu dituzten lan-eskubide eta -betebeharrei.

4.– Artikulu honetan xedatutakotik salbuetsita daude goi-zuzendaritzako kontratua duten lan-kontratudun langileak.

3. artikulua.– «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen lanpostu-zerrenda onartzea.

1.– Beharrizanak aztertzeko behar diren prozesuak egin ondoren eta langileen plantilla onartu ondoren, «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen Administrazio Kontseiluak lanpostu-zerrenda propioa onartuko du; horretarako, errespetatu beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrerako oro har onartutako irizpideak eta, aldez aurretik, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren nahitaezko txostena izan beharko du.

2.– Lanpostu-zerrenda hori indarrean jarritakoan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, langileak Euskadiko Kirol Portuak erakundeko lanpostuetan sartzeari ekingo zaio, eta lanpostu horiek behin betiko bete, kontuan hartuta langileen funtzionario-izaera edo lan-kontratudunen izaera duten, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren nahitaezko txostenak izan ondoren.

4. artikulua.– «Euskadiko Kirol Portuak» subrogatzea.

1.– Erakundeari esleitutako eginkizunetan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak gaur egun aitortuta dauzkan kontratu, hitzarmen eta gainerako negozio juridikoetatik eratorritako harreman juridiko subjektibo guztietan, eskubideetan eta betebeharretan subrogatu egingo da «Euskadiko Kirol Portuak».

2.– «Euskadiko Kirol Portuak» erakundeari dagokio bere eskumeneko administrazio-espediente guztiak izapidetzea, amaitzea, exekutatzea eta berrikustea, baldin eta espediente horiek «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen jarduerak benetan hasi baino lehen hasi baziren. Espedienteen entrega formalizatzeko, dagokion akta izenpetu beharko dute Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzak eta «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen Zuzendaritzak; eta horrek ekarriko du, hala badagokio, Ogasun eta Ekonomia Sailak transferitzea espediente horiek kudeatzeko behar diren baliabide ekonomikoak.

3.– «Euskadiko Kirol Portuak» subrogatu egingo da «Euskadiko Kirol Portua, S.A.» sozietateak gaur egun indarrean dauzkan kontratu, hitzarmen eta gainerako negozio juridikoetatik eratorritako harreman juridiko subjektibo guztietan, eskubideetan eta betebeharretan.

4.– «Euskadiko Kirol Portuak» subrogatu egingo da «Euskadiko Kirol Portua, S.A.»ren tokian oraindik adjudikatu gabe dauden kontratazio-espedienteetan, eta, ahal dela, izapide bera beteko du, edo prozedura egokituko du sektore publikoaren kontratazioari buruzko legeen mandatuetara, entitatearen izaera kontuan hartuta.

5.– «Euskadiko Kirol Portuak» subrogatu egingo da «Euskadiko Kirol Portua, S.A.»ren tokian, dirulaguntzen arloan bigarren horrek hasi dituen eta lehenengoaren jarduerak hasten diren egunean izapidetzen ari diren prozeduretan, fasea edozein dela ere, dirulaguntza eman aurretik zein ondoren.

6.– Ondoren, Zumaiako Kirol Portua S.A. azkendu eta gero, «Euskadiko Kirol Portuak» subrogatu egingo da Zumaiako Kirol Portua S.A. sozietateak azkentzearen unean dauzkan kontratu, hitzarmen eta gainerako negozio juridikoetatik eratorritako harreman juridiko subjektibo guztietan, eskubideetan eta betebeharretan.

7.– Aurreko apartatuetan adierazitako subrogazioak kasu bakoitzean aplikatu behar den araudiaren esparruan egingo dira.

5. artikulua.– Ondare-araubidea.

1.– Dekretu honen 1. artikuluan egindako esleipenak berekin dakar kirol-portuko zerbitzu publikoari atxikita dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasunekoak diren ondasunak eta eskubideak adskribatzea artikulu horretan aipatzen diren kirol-portuetan.

2.– Dekretu honen 1. artikuluan eginiko esleipena dela bide, «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen eskura jartzen dira kirol-portuko zerbitzu publikoari atxikita dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasunekoak ez diren ondasunak eta eskubideak artikulu horretan aipatzen diren portuetan. Zumaiako Kirol Portua S.A. sozietatearen kasuan, sozietate hori azkentzen den unean jarriko dira «Euskadiko Kirol Portuak» erakundearen eskura zerbitzuari atxikitako ondasunak eta eskubideak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honek 2020ko ekainaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 114. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Horren aurka, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke, nahi izanez gero, Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Edo, bestela, zuzenean aurka egin dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik jarri, harik eta gaia espresuki ebatzi arte edo berraztertze-errekurtsoaren presuntziozko ezespena izan arte, halakorik aurkeztu bada. Halaber, ohartarazten da ezen, berraztertze-errekurtsoa presuntzioz ezesten bada, errekurtso jurisdikzionala jartzeko epea sei hilekoa izango dela presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera. Hori guztiori hauetan xedatutakoarekin bat: urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123.2 artikulua eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikulua.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko maiatzaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana