Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

69. zk., 2020ko apirilaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1835

AGINDUA, 2020ko apirilaren 6koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez aldi baterako eteten baitira Euskal Autonomia Erkidegoan elikagai eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionalak eta arautzen baita Euskadiko zenbait udalerritan denda-ibilgailuak baliatuz denda ibiltariek garatzen duten jarduera SARS-CoV-2 (Covid-19) birusak sortutako pandemia dela eta.

Koronabirusak eragindako pandemia globala dela eta, Osasun Sailak osasun publikoaren larrialdi-egoera deklaratu behar izan du, eta, horrez gain, Euskadiko Babes Zibilaren Plana aktibatu da. Covid-19ren pandemiaren inpaktuak eta pandemia horrek Euskadiko morbimortalitatean duen eraginak sorrarazi dute egoera hori.

Beste birus batzuekin duen antzagatik, pentsatzen da koronabirusa, hau da SARS-CoV-2 birusa transmititzen dela 5 mikratik gorako arnas-tanten bidez eta kutsatutako pertsonen sekrezioekin kontaktu zuzena izanda.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, Alarma-egoera deklaratu zen, Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko eta martxoaren 17ko 465/2020 aldatu egin zen aurrekoa. Errege Dekretu horren 7. artikuluaren arabera, zilegi da bide publikoetan ibiltzea elikagaiak erosteko, baina pertsonak zirkulatzeko askatasuna mugatzen duen testuinguru batean.

Errege Dekretu horren 10. artikuluaren arabera, eten egiten da txikizkako lokal eta establezimenduen irekiera publikoa, salbu eta, besteak beste, elikagaiak saltzeko txikizkako establezimenduena. Artikulu horretan aurreikusita dago edozein establezimenduren jarduera etetea badagoela, baldin eta agintari eskudunak uste badu jarduera horrek kutsatzeko arriskua ekar dezakeela, egiten den moduagatik.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 artikuluaren i) letraren arabera, azokak, hornidurak, merkatuak, lonjak eta kale-merkataritza udalerrien berezko eskumen dira, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legerian ezarritako moduan. Euskadiko toki-erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.1.34 artikuluan xedatutakoaren arabera, udalerriek barne-merkataritzaren antolaketan eta kudeaketan dituzten eskumenak erabiltzen dituzte, eta zehatzago, merkatu, hornidura-merkatu, azoka, lonja, hiltegi eta kalez kaleko merkataritza antolatzeari eta kudeatzeari dagokienez. Hor sartzen dira, era berean, txikizkako merkataritza eta merkataritzako ekipamendu handiak planifikatzea eta antolatzea, hirigintza-antolamenduko irizpideei eta lurzoruaren arrazoizko erabilerari erantzunez, bai eta ibilgailuak eta bestelako salgaiak espazio publikoetan salerostearen erregulatzea, ikuskatzea eta arlo horretako zehapen-ahalmena ere.

Pertsonen zirkulazio-askatasunak duen muga horren barruan, joan-etorriak gutxitu egin behar direla ulertzen da, etxetik hurbilen dagoen establezimendura joanez. Testuinguru horretatik kanpo geratzen da nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen zuzeneko salmentako merkatuak egitea, egiten diren lekuan jendea pilatu egiten da eta. Hori guztia, pertsonen konfinamendua maximizatzeko eta SARS-CoV-2 birusaren transmisio-arriskua murrizteko helburuarekin.

Denda-ibilgailu bidezko salmenta ibiltariari dagokionez, adierazi behar dugu landa-eremu jakin batzuetan salmenta mota hori benetako zerbitzu publikoa dela, beste modu batera betetzea oso zaila izango litzatekeen eskaera bati erantzuten baitio. Denda-ibilgailuak edo denda-kamioiak salmenta-modalitate tradizionalak dira, behar beste merkataritza-ekipamendu ez duten eremuetan.

Oro har, mota horretako ibilgailuek ibilbide desberdinak egiten dituzte, eta herri bakoitza astean aurrez ezarritako egun batean edo gehiagotan bisitatzen dute. Baimena ematean, udalek tokian tokiko ekipamendu-maila baloratzen dute, bai eta salmenta biztanleriaren egitura eta beharretara egokitzen den ere, eta udalerrian salmenta mota hori egiteko datak eta ibilbideak ezartzen dituzte. Normalean, produktu freskoak edo ontziratuak saltzen dituzte, ez janari prestatuak. Salmenta ibiltaria ez dago berariaz jasota aipatutako 463/2020 Errege Dekretuan, baina osasun-larrialdiko egungo egoerak eskatzen digu salmenta mota hori alarma-egoera indarrean dagoen bitartean arautzea.

Horrenbestez, egoeraren bilakaera ikusita, eta epidemia kontrolatu beharra kontuan hartuta, Osasuneko sailburuak, osasun-arloko agintaritza baliatuz, eta apirilaren 25eko 14/1986 Legearen 26.1 eta 29.3 artikuluetan, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 artikuluan eta adierazitako gainerako arauetan xedatutakoarekin bat etorriz, hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da aldi baterako etetea Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritzako eta abeltzaintzako elikagai eta produktuen zuzeneko salmentako merkatu eta azoka tradizionalak, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritan denda-ibilgailuak baliatuz denda ibiltariek garatzen duten jarduera arautzea ere, SARS-CoV-2 (Covid-19) birusak sortutako pandemia dela eta.

Bigarrena.– Merkatu eta azoka tradizionalak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan elikagaiak eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak zuzenean saltzeko merkatu eta azoka tradizionalen jarduera aldi baterako etetea ezartzen da, harik eta Covid-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera (martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak deklaratua) eta izan daitezkeen luzapenak amaitu arte.

2.– Alarma-egoera bukatu ondoren, eta merkatu eta azoka tradizionaletarako aldi baterako etenaldia amaitu ondoren, eta Osasun Sailak osasun-larrialdiko egoerak merkatu eta azoka tradizionalak normaltasunez garatzea ahalbidetzen duela uste duen arte, honako jarraibide hauen arabera egingo dira merkatu eta azoka tradizionalak:

a) Postuei dagokienez: pasabide batek banatu beharko ditu postuak, eta 6 metro egon beharko da postutik postura. 4 metroko gutxieneko banaketa baimentzen da aldeen artean.

Postu baten barruan, saltzaileek gutxienez 2 metroko tartea gorde beharko dute beren artean, eta, lanpostuaren neurriek ezinezko egiten badute bereizketa fisiko hori egitea, operadore bakar batek egingo du merkataritza-jarduera.

Postuen arduradunek erabili eta botatzeko eskularruak jarri beharko dituzte bezeroen eskura. Dena den, ezinbestekoa izango da eskularruak erabiltzea salgai dauden produktuak ukitzeko. Era berean, gel desinfektatzailea banatzeko gailuak izan beharko dituzte, saltzaileek erabiltzeko.

b) Erabiltzaileei dagokienez: 2 metrokoa izango da merkatuko erabiltzaile bakoitzaren arteko gutxieneko distantzia.

Udaltzaingoak, Babes Zibileko boluntarioen elkarteek eta, oro har, agintaritzaren agenteek zainduko dute gutxieneko distantzia pertsonal hori errespetatzen dela, eta, beharrezkoa izanez gero, sarbidea arautuko dute jendetza pilatzea saihesteko, eta, ahal den neurrian, salerosteko helburua ez den edozein kontaktu sozial saihesteko.

c) Garbiketari eta bilketari dagokienez: merkatuak sortutako hondakinak poltsetan utzi beharko dira, garbiketako eta zaborra biltzeko udal-zerbitzuek horretarako jarritako edukiontzien barruan, eta, nolanahi ere, udal-ordenantzetan edo -bandoetan errespetuz ezartzen diren zehaztapenak bete beharko dira.

Hirugarrena.– Denda-ibilgailu bidezko salmenta ibiltaria.

1.– Beren lurralde-eremuan, premiazko ondasunak eta produktuak behar bezala hornitzeko merkataritza-establezimendu iraunkor nahikoa ez duten Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri eta beste toki-entitateek aukera izango dute, beren udalen bidez, aurretik ibilgailu bidezko salmenta ibiltarirako baimena zuten pertsona fisiko edo-eta juridikoei ziurtagiri gaitzaileak emateko elikagaiak eta premiazko produktuak banatzen jarrai dezaten alarma-egoerak irauten duen bitartean.

Hori guztia, berezko eskumenak baliatuz, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.i artikuluan eta Euskadiko Toki Erakundeen apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.1.34 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Indarrean dagoen araudiari jarraituz jarduera honi aplikatu beharreko araudi higieniko-sanitarioa betetzeaz gain, prebentziozko neurri hauek hartu beharko dira:

a) Elikagaien eta premiazko produktuen salmenta ibiltaria 08:00etatik 15:00etara bitartean egingo da.

b) Elikagaien eta produktuen banaketarako ibilgailuan pertsona bakarra joango da, eta eskularruak, maskara eta gel desinfektatzailea izan beharko ditu.

c) Ahal dela, etxez etxeko salmenta egingo da, eta, ezinezkoa bada, bide publikoan jendea pilatzea saihestuko da eta, edozeinetara ere, kontsumitzaileen artean eta kontsumitzaileen eta saltzailearen artean gutxienez metro eta erdiko segurtasun-distantzia gordeko da.

d) Salmenta ibiltaria egiten duten ibilgailuek behar-beharrezko denbora baino ez dute emango salmenta egiten duten lekuan, hain zuzen ere kontsumitzaileek elikagaiak eta oinarrizko beharrizanei lotutako produktuak erosteko behar dutena. Beharrezkoak ez diren atzerapenak saihestuko dira.

e) Kaleko salmentarako erabiltzen den ibilgailua garbitzeko eta desinfektatzeko neurriak zorroztu beharko dira, eta egunero gauzatuko dira.

Laugarrena.– Argitara ematea eta indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta onartzen den egunean jarriko da indarrean eta ordutik aurrera izango ditu ondorioak. Bestalde, indarrean izango da, harik eta alarma-egoeraren deklarazioak eta izan daitezkeen luzapenek amaitu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 6a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana