Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2020ko martxoaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1697

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 28koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Eskoriatzako (Gipuzkoa) HEE 23 Bainuetxea M-1 lurzatiaren xehetasun-azterketaren gainean.

AURREKARIAK

2019ko irailaren 17an, Eskoriatzako Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion HEE 23 Bainuetxea M-1 lurzatiaren xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola azterketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iruditzen zitzaizkien oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko ikusiko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko. Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira hainbat erakunderen aldetik, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

Era berean, Eskoriatzako Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da oinarriak ezartzea ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautzeko; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Eskoriatzako (Gipuzkoa) HEE 23 Bainuetxea M-1 lurzatiaren xehetasun-azterketa (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eskoriatzako Udalak sustatutako Eskoriatzako (Gipuzkoa) HEE 23 Bainuetxea M-1 lurzatiaren xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da Fagor Automation enpresak Eskoriatza udalerrian dituen instalazioetako lurzati baten (M-1) eraikuntzaren lerrokadura berriak ezartzea, lurzati horren eraikigarritasuna agortu ahal izateko ekoizpen-prozesuarekin koherente izanik (automatizazio-produktuen fabrikazioa eta makineria-kontrola). Enpresak instalazioak handitu behar ditu datuak biltzeko makineria jartzeko.

Azterketak HEE 23 Bainuetxea eremuaren M-1 eta I-1 lurzatien gaineko lehenagoko xehetasun-azterketaren zehaztapenak aldatzen ditu (behin betiko onartu zirenak), zehazki, M-1 lurzatian (6.882 m2). Hiri-lurzoru finkatua da.

Azterketak eraikinaren gehieneko inguratzailea zehazten du hala sestra gainean nola sestrapean, eta eraikinaren sestra gaineko gehieneko okupazioa ezartzen du, betiere 2.738 m2-ko eraikinik gabeko lurzati libre bat uzten bada, alegia, indarrean den plan partzialean ezartzen diren «zortasun-araubideko aire zabaleko eremuak». Hala, eraikin berrietarako aukerak malgutuko dira, xehetasun-azterketa berriak izapidetu beharrik gabe.

Gehieneko okupazioa 4.144 m2-koa izango da sestra gainean, eta 5.895 m2-koa sestrapean. Eraikinaren gehieneko lerrokadura ezarriko dira, eta eraikin-profil eraikia finkatuko, etorkizunean handitu edo birmoldatu nahi bada, S+BS+2S motako gehieneko profila zehaztuta.

Plan partzialak finkatzen dituen 80 ibilgailurentzako lekuak finkatuko dira.

Ez da espero lurzatiko zerbitzu-azpiegiturak aldatzea, ezta urbanizazio-jarduerak egitea ere. Nolanahi ere, lehendik dagoen eraikinaren ondoko zonen egokitzapenak edo azpiegituren aldaketak eraikuntza-proiektuan jaso beharko dira, urbanizazio osagarri gisa.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan, baita hierarkizatuta daudenetan ere: planaren ezaugarriak aintzat hartuta, plan honek ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Planaren egokitasuna, ingurumen-irizpideak txertatu eta garapen jasangarria sustatzeko; bereziki, urbanizatzean, eraikingintzan eta eraikuntzan efizientzia handiagoz jokatzeari dagokionez, bai baliabideen erabileran, bai gero, amaieran, hondakinak murriztean eta aprobetxatzean, eta bitartekoen kalitatearen sustapenean.

– Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko uraren kontsumoa eta ur beltzen produkzioa gutxitzea.

– Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Negutegi-efektuko eta argi-gasen emisioak murriztea.

– Hondakin solido gutxiago sortzea.

– Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: planaren xede den eremua hiri-lurzorua da erabat. Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen eta paisaiaren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.

Egin nahi den jarduketari lotutako arriskuei dagokienez, esan bezala, Planaren xede den lurzatia lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasota dago. Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 25.5 artikuluan xedatzen denaren arabera, induskatu behar den material bolumena zein den, indusketa-plana aurkeztu beharko da, eta ingurumen-organoak onartu beharko du. Edonola ere, induskatutako materialak kudeatu eta/edo berrerabili aurretik bereizi beharko dira.

Zaratari dagokionez, azterlan akustikoaren emaitzen arabera, azterketatik eratortzen diren jarduketek urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen diren kalitate akustikoaren helburuak betetzen dituzte, bai gaur egun bai 20 urte barru. Beraz, ez da zuzenketa-neurririk behar.

e) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko Batasuneko edo estatuko legedia ezartzeko, zehazki, lehengaien eta energiaren kontsumoan, hondakinetan, klima-aldaketan –berotegi-efektuko gasen emisioak– eta airearen kalitatean –atmosfera kutsatzen duten gasak, zarata, argi-kutsadura–.

2.– Eraginen eta erasan daitekeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren xede den eremua ingurune erabat antropizatu, urbanizatu eta eraikian dago. Planaren eremuan ez dago kaltetu daitekeen naturagune babesturik, ezta natura-interes handiko eremurik ere. Uren arloan ere ez da eraginik detektatu; lurzatiak ez du uholde-arriskurik. Planaren eremua bat dator lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartuta dagoen kokagune batekin. Inbentarioan 20034-00057 kodea duen lurzatia da; etxeko gailuen fabrikazioa nozitu duen lurzatia.

Espero diren inpaktu nagusiak egungo eraikina handitzeko lanen ondoriozkoak izango dira; lurzoruak kutsatu ditzakete, hondakinak sortuko dira, uren kalitateari erasango zaio solidoen arrasteagatik edo istripuzko isurketengatik, eta herritarrei eragozpenak sortuko zaizkie, emisio atmosferikoak eta zarata direla eta. Eremua jada urbanizatuta eta eraikita dago, eta etxebizitza gutxi dago inguruan (gertuen dauden bi baserriak 125 metrora baino gehiagora daude). Edonola ere, zarata-foku berri horrek Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluan jarduerei aplikatzeko xedatzen diren balioak bete beharko dituzte.

Ingurumen-ondorioak baloratzeko, erreferentziatzat hartuko da indarrean dagoen antolamenduan aurreikusitako egoera. Hori guztia, eremuaren gaur egungo egoera eta azterketatik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.

Era berean, kontuan hartuta planaren esparrua foru-errepideen zortasun akustikoko eremu baten barruan dagoela, eremu horietan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura horiek kudeatzen dituen organoaren nahitaezko txostena beharko da.

Hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, plana gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

a) Ezinbesteko eremu gutxienekoan egingo dira xehetasun-azterketatik eratorritako jarduketak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako jarduketa osagarriak; betiere, azterketako planoek ezartzen dituzten mugen barruan.

b) Eremuren bat egokitu behar bada bertan makineria uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek.

c) Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: obraren okupazio-mugak kontrolatzea, lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

d) Eraikuntzen eta urbanizazio-obra osagarrien proiektuak lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak xedatu beharko ditu; adibidez, dekantazio-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

e) Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

f) Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak kudeatzeko, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da.

g) Azterketaren xedeko eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dagoen lurzati bat dago. Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25.5 artikuluari jarraikiz, induskatu behar den material bolumena zein den, indusketa-plana beharko da, eta ingurumen-organoak onartu beharko du. Edonola ere, indusketa amaituta, hondeatutako materialen berrerabilera edo kudeaketa egokia egin izana egiaztatzen duen txostena aurkeztu beharko dio ingurumen-organoari, ezaugarriak zehaztuta.

h) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

i) Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

j) Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

k) Lorategiak jartzen badira, inola ere ez dira landatuko espezie aloktono inbaditzaileak, eta, lorategiok diseinatzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

l) Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikingintza jasangarriaren gida» (2015eko abendua) argitalpenean jasotako ingurumen-neurriak eta jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Hondakin solido gutxiago sortzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Eskoriatzako (Gipuzkoa) HEE 23 Bainuetxea M-1 lurzatiaren xehetasun-azterketak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Eskoriatzako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Eskoriatzako (Gipuzkoa) HEE 23 Bainuetxea M-1 lurzatiaren xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 28a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren absentziaz (apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren lehen xedapen gehigarria).

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala