Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2020ko martxoaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
1587

AGINDUA, 2020ko martxoaren 6koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren IX. Edizioaren deialdia egiten duena.

Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak «Non Ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren IX. edizioaren deialdia egiten du. Europa EAEko gazteei hurbiltzea da ekimenaren asmoa, eta, horretarako, euskal gazteak gonbidatzen ditu Europak haien ingurunearen garapenean nola lagundu duen argazki batean irudikatzera.

Lehiaketa Instagram, Facebook eta Twitter plataformen bitartez egingo da. Han, parte hartu nahi duten gazteek beren argazkiak argitaratu ditzakete eta horrela Europari buruz daukaten ikuspegia gainerako gazteekin partekatu dezakete sormenaren bidez. Halaber, gainerako parte-hartzaileek sortutako argazkiak baloratzeko aukera ere izango dute.

Lehiaketaren aurreko edizioak oso arrakastatsuak izan dira, eta gure autonomia-erkidegoan komunikaziorako jardunbide egokia dela agerian geratu da, ekintzaren lau helburuak lortze aldera:

a) EAEk EGEF Funtsaren garapenean duen parte-hartzeari buruzko informazioa ematea Euskal Autonomia Erkidegoko gazteei. Gure autonomia-erkidegoaren garapen ekonomikoari bultzada ematen dioten inbertsio-jarduerak, proiektuak eta egindako ekimenak finantzatzen ditu funts horrek.

b) Europarekin loturiko alderdietan eta gaietan gazteen interesa piztea, hurbilekoa zaien hizkuntza teknologikoa erabiliz.

c) Gazteen artean sare sozialen erabilera finkatzea, hedabide diren aldetik Europaren berri eta Europako egituraren berri izan dezaten.

d) Mezu publikoen hedapenean erreferentzia bihurtzea, komunikazio-jardueretan elementu berritzaileak gehituz.

Edizio berri honekin, jarraipena ematen zaio sare sozialen bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko gazteei EGEFen inplikazioa jakitera emateko lanari, funts horrek gure lurraldearen garapen ekonomikorako lagungarriak diren ekimenak eta proiektuak finantzatzen dituenez. Aurreko edizioen kasuan bezalaxe, edizio honen % 50 EGEFek finantzatuko du.

Horregatik, Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen ekainaren 13ko 168/2017 Dekretuak 3.1 artikuluan ematen didan eskumenari jarraikiz, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren IX. edizioaren deialdia egitea, agindu honen eranskinean onartu eta zehazten diren oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko lege-araubidea.

Agindu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 88/2006 Errege Dekretua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Baliabideak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute interesdunek Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 6a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

ERANSKINA, «NON IKUSTEN DUZU EUROPA EUSKADIN?» ARGAZKI-LEHIAKETAREN IX. EDIZIOAREN DEIALDIA EGITEN DUEN OGASUN ETA EKONOMIAKO SAILBURUAREN AGINDUARENA
«NON IKUSTEN DUZU EUROPA EUSKADIN?» ARGAZKI-LEHIAKETAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Ogasun eta Ekonomia Sailaren Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak «Non ikusten duzu Europa Euskadin?» argazki-lehiaketaren IX. edizioa antolatzen du, EGEF Eskualde Garapeneko Europako Funtsak Euskal Autonomia Erkidegoan finantzaturiko ekimenak eta proiektuak erakusteko.

Aurrekoak bezalaxe, IX. edizio honen % 50 EGEFek finantzatuko du.

Bigarrena.– Parte-hartzaileek bete beharreko eskakizunak.

1.– Eskatzaileek betekizun hauek bete behar dituzte argazkiak aurkezteko egunean, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.2 artikuluan ezarritako gainerako betekizunak ere:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldaturik egotea.

b) 1995eko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31ra bitartean jaioa izatea.

c) Sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik zigor administratibo edo penala betetzen edo debeku horrekin zigortuta ez egotea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera.

d) Zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak eguneratuta izatea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren e) letraren arabera.

e) Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketak eguneratuta izatea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren g) letraren arabera.

2.– 18 urtetik beherako parte-hartzaileek, halaber, amaren, aitaren edo tutorearen aurretiko baimena izan beharko dute lehiaketan parte hartzeko, adingabe emantzipatuak ez badira, behintzat. Emantzipatuta egonez gero, formalki egiaztatu beharko dute egoera hori.

3.– Parte-hartzaileek, Oinarri hauetako I. eranskinarekin («Parte hartzeko eskabidea») batera, II. eranskina («Bigarren oinarriko baldintzak betetzeko erantzukizunpeko adierazpena») ere bete beharko dute. Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak egiaztatu egingo du 1. apartatuaren a), b) eta d) letretan finkatutako baldintzak betetzen direla, eta horretarako egiaztagiriak bildu ahalko ditu, salbu eta interesdunak nahi ez badu; interesdunak nahi ez badu, berak aurkeztu beharko ditu baldintza horiek betetzen dituelako egiaztagiriak.

c) eta e) letretan jasotako betekizunak eta 2. apartatuan jasotako betebeharra –aurretiko baimena izatea– betetzeko, baliteke erantzukizunpeko adierazpena eskatzea, eta II. eranskineko dagokion laukia markatu beharko da horretarako.

4.– Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak egiaztatu egingo du parte-hartzaileek oinarri honen lehenengo apartatuan adierazitako betebehar guztiak betetzen dituztela. Bestela, interesdunari eskatu egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko. Era berean, adieraziko zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Ekonomia eta Plangintzako zuzendariak horretarako ebazpena eman ondoren.

5.– Sariaren izaera kontuan izanik, parte-hartzaileak salbuetsita geratuko dira 38/2013 Legearen 13.2 artikuluan eskatutako gainerako baldintzak betetzen dituztela frogatzetik.

Hirugarrena.– Aurkeztu nahi diren argazkiek bete beharreko baldintzak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan, EGEFek emandako finantzaketa jaso duten proiektuak edo ekimenak erakutsi beharko dituzte argazkiek. Ekimen eta proiektu horiek ezagutzeko, parte-hartzaileek aukera izango dute Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak Eskualde Garapeneko Europako Funtsa (EGEF) deritzonari buruz ematen duen informazioa kontsultatzeko Euskadi.eus webgunearen bidez.

Argazkiarekin batera testu bat aurkeztu ahal izango da. Ekimen edota proiektu horren eta EGEFetik jasotako laguntzen arteko erlazioa deskribatuko da testu horretan.

2.– Argazkiak formatu digitalean egingo dira, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Gailu digitalarekin egindakoak izatea.

b) jpg artxiboak izatea.

c) Artxiboaren pisua gehienez ere 5 megabytekoa (MB) izatea.

3.– Lehiaketan parte hartuko duten argazkiek originalak izan behar dute.

4.– Parte-hartzaileak egindako eta haren jabetzako argazkiak baino ez dira onartuko.

5.– Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost argazki aurkez ditzake, eta, horretarako, identifikazio-kode bat emango zaio aurkezten duen argazki bakoitzeko.

6.– Parte-hartzaileek ezingo dituzte aurkeztu gustu txarreko argazkiak edo irudiko protagonistentzat iraingarriak izan daitezkeenak. Orobat, baztertu egingo dira edonolako indarkeria justifikatzen, horri garrantzia kentzen edo horretara bultzatzen duten edukiak.

7.– Baztertu egingo dira, halaber, pertsonak, sexu batekoak edo bestekoak izateagatik, giza duintasun gutxiago edo gehiago dutela, edota sexu-objektu soil gisa ageri dituzten argazkiak.

Laugarrena.– Parte hartzeko eta argazkiak aurkezteko modua.

1.– Instagrameko EGEF Euskadiren webgunean lehiaketak duen aplikazioaren bitartez argitaratutako argazkiek soilik hartuko dute parte lehiaketan: https://www.instagram.com/federeuropaeuskadi/ Instagramez gainera, Facebook eta Twitterrek aukera emango diete interesa duten gazteei haien argazkiak erakusteko eta Europari buruz duten ikuspegia sormenaren bidez partekatzeko. Aukera izango dute, gainera, iruzkinak eta balorazioak egiteko beste gazte batzuek beren sorkuntzen bidez parte hartzeko aurkeztutako argazkiei buruz.

2.– Lehiaketan parte hartu eta argazkiak erantsi ahal izateko, aipatutako Instagrameko helbidean sartu, eta han eskuragarri dauden I. eta II. eranskinak bete ahalko dituzte parte-hartzaileek.

Parte-hartzaileek modu publikoan izan beharko dute profila, eta argitalpen berrien bitartez parte hartu beharko dute, lehiaketarako epeen barnean. Edozelan ere, Instagrameko EGEF Euskadiren webgunean (https://www.instagram.com/federeuropaeuskadi/) ostatatutako aplikazioaren bitartez emandako botoak baino ez dira izango baliozkoak eta beharrezkoak azken fasera pasatzeko.

3.– Era berean, parte hartzeko eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira, Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan: Bizkaia (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoa (Andia kalea 13, 20003 Donostia) eta Araba (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz). Bulego horietan, gainera, laguntza eskatu ahal izango da argazkiak lehiaketaren web-orriaren bidez gehitzeko. Eskabideak aurkezteko, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein bitarteko eta organo baliatu ahal izango da. Horretarako, I. eta II. eranskinetan aurreikusitako formularioak baliatu beharko ditu interesdunak.

4.– Lehiaketan parte hartu ahal izateko, eskatzaile bakoitzak honako hau adierazi beharko du:

a) Oinarri hauek guztiak ezagutzen eta onartzen dituela.

b) Baimena ematen diola Eusko Jaurlaritzari lehiaketa honekin erlazionatutako jarduera publiko edo hedapen-jardueretan bere izen-abizenak erabiltzeko, sariaz aparteko bestelako eskubiderik, ordainketarik edo onurarik jasotzeko eskubiderik izan gabe, eta

c) Bere argazkiak ez badu saria lortzen baina balorazio onenak jaso dituzten hogeita hamarren artean badago, Eusko Jaurlaritzari baimena ematen diola bere argazkia erakusteko, formatu fisikoan edo digitalean, sariak banatzeko ekitaldian, erakusketa-areto batean; halere, horrek ez dio inolaz ere ordainketak edo mozkinak jasotzeko eskubiderik emango.

d) Bere argazkiak saria lortzen badu, hura ustiatzeko eskubidea ematen diola Eusko Jaurlaritzari 3 urteko eperako, modu ez-esklusiboan. Ustiapen-eskubide horiek saritutako lanak erreproduzitzeko, banatzeko, haien komunikazio publikoa egiteko, eraldatzeko eta egokitzeko baliatuko dira, lan horiek lehiaketa honekin lotutako zabalkunde jarduera publikoetan erabiltzeko.

Horretarako, lehiaketan parte hartzeko eskabidea egiten duten pertsonek I. eranskineko dagokion laukiak markatu beharko dituzte.

Bosgarrena.– Argazkiak aurkezteko epea.

Argazkiak epe honetan jasoko dira: 2020ko martxoaren 18tik apirilaren 24ra bitartean (egun biak barne).

Seigarrena.– Lehiaketaren garapena.

1.– Lehiaketan parte hartu duten argazki guztiak erakutsiko dira Instagrameko orrian. Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten pertsonek onartu egin beharko dute euren argazkiak ikusgai egongo direla lehiaketaren kanal sozialetan: Instagram, Facebook eta Twitter. Horretarako, I. eranskinean dagokion laukia markatu beharko dute.

2.– Irudiak lehiaketaren kanal sozialetan ikusi ahal izango dira, eta bisitariek libreki balioetsi ahal izango dituzte.

3.– Instagramek ez du inolaz ere babesten ez administratzen lehiaketa hau. Eusko Jaurlaritzak baino ez du jasoko parte-hartzaileek Instagramen edo mezu pribatuen bitartez ematen duten informazioa, eta lehiaketako parte-hartzea izapidetzeko bakarrik erabiliko du.

Zazpigarrena.– Sariak.

1.– Hiru sari emango dira; horietako bi lehiaketaren epaimahaiak emango ditu; bestea, berriz, zaleek Instagrameko webgunean emandako botoen bidez erabakiko da:

– Argazkirik onenaren lehen saria: Smartphone Samsung Note 10 Lite 6 GB+ 128 GB, edo antzeko modeloa, gehienez 625 euroko balioa duena.

– Bigarren saria: Smartwatch Samsung Galaxy Watch Active 2 Bluetooth 40 mm, edo antzeko beste bat, gehienez 360 euroko balioa duena.

– Hirugarren saria, boto gehien jaso duen argazkiari emana: Bullboat Urbanista Tokio hari gabeko botoi-entzungailu bluetoothdunak, edo antzekoak, gehienez 120 euroko balioa dutenak, edo Bose Soundlink micro Bluetooth bozgorailuak, edo antzekoak, gehienez 120 euroko balioa dutenak.

2.– Pertsona saritu bakoitzari sari bat eman ahalko zaio gehienez, eta aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, epaimahaiaren lehen saria lortzen duen argazkiaren egileak aukera izango du lehen, bigarren edo hirugarren sariaren artean hautatzeko; bigarren saridunak bigarren eta hirugarren sariaren artean aukeratu ahal izango du.

3.– Nolanahi ere, irabazleak beste sari bat jasotzea erabakitzen badu, ez du eskubiderik izango zegokion sariaren eta hartutako sariaren arteko aldea dirutan ematea erreklamatzeko.

4.– Administrazio Publiko honek bere gain hartuko du, hala badagokio, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako ordainketaren kostua, saridunei dagokiena.

Zortzigarrena.– Lehiaketaren epaimahaia eta saritutako argazkiak hautatzeko irizpideak.

1.– Hiru kidek osatuko dute epaimahaia:

a) Rosanna Micciche andrea, presidentea, Europako Batzordearen Eskualde eta Hiri Politikaren Zuzendaritza Nagusiaren (DG Regio) ordezkari gisa.

b) Mikel Arrazola Arregi jauna, Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren Gobernu Irekiaren Zuzendaritzako irudi-teknikaria (Eusko Jaurlaritza); epaimahaiko idazkaria izango da.

c) Ana Maria Iglesias Franco andrea, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko teknikaria (Baliabide Orokorren Zuzendaritza), argazkilaritzan ezagutza handia duena (Eusko Jaurlaritza).

Kide horiek legedian aurreikusitako abstentzio- eta errekusazio-egoeren mende daude; alde horretatik, prozeduran interesa duen edozeinek aurkez dezake errekusazioa.

2.– Argazkiak aurkezteko epea amaituta, hurrengo apartatuan aurreikusitako irizpideei jarraikiz, lehiaketa honen hirugarren oinarrian ezarritakoa betetzen duten bi argazki hautatu beharko ditu epaimahaiak, lehiaketaren aplikazioan (webgunea: www.instagram.com/federeuropaeuskadi/) boto gehien eskuratu duten hogeita hamar argazkien artean. Boto gehien eskuratu duten argazkien artean parte-hartzaile batek argazki bat baino gehiago baditu, boto gehien izan dituena hautatuko da finalerako. Boto-berdinketarik gertatzen bada, epaimahaiak hautatuko du finalera joango den pertsonaren argazkia.

3.– Saritutako argazkiak aukeratzeko, honako haztapen-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Agerian jartzea Europar Batasunak egindako ekarpenaren garrantzia (20 puntu, gehienez).

b) Argazkien kalitate teknikoa: konposizioa, araztasuna, esposizioa, teknika edo baliabide fotografiko berritzaileak erabiltzea (10 puntu, gehienez).

c) Originaltasuna gaiari heltzeko orduan (10 puntu, gehienez).

d) Eragin eta erakargarritasun bisuala (10 puntu, gehienez).

e) Emakumeen parte-hartze aktiboa eta bi sexuen presentzia orekatua eta irudi plurala erakustea, estereotipo sexistak alde batera utziz (10 puntu, gehienez).

4.– Epaimahaiaren presidenteak organo eskudunari helaraziko dio sariak emateko proposamena, beste hogeita hamar parte-hartzaileen zerrenda ordenatuarekin batera, zerrenda horretako argazki bakoitzak lortutako balorazioari jarraikiz.

Bederatzigarrena.– Sariak emateko ebazpena, eta sariaren onarpena edo uko egitea.

1.– Sariak emateko erabakia Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordearen ebazpen bidez hartuko da, 2020ko maiatzaren 8a baino lehen, epaimahaiak helarazitako proposamenari jarraikiz; aurretik, betiere, egiaztatuko da hautatutako pertsonek eta boto gehien jaso dituen argazkiaren egileak oinarri hauetan ezarritako betekizunak betetzen dituztela.

2.– Lehiaketaren Instagrameko orrian jakinaraziko da sariak emateko hartutako ebazpena. Gainera, hiru irabazleei zuzenean jakinaraziko zaie, mezu pribatu bidez. Horrez gainera, ebazpena irabazleei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraikiz; halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.– Irabazleek saria onartzen dutela adierazi behar dute, III. eranskinean jasotako formularioaren bidez. Onarpen hori, era berean, mezu pribatu bat bidalita egin ahal izango da, lehiaketaren Instagrameko orriaren bidez. Sarituak sariari uko egiten diola ulertuko da baldin eta lehiaketaren ebazpena ezagutzera ematen denetik aurrera 24 orduko epean administrazio publiko honek ez badu jasotzen arestian aipatutako formularioa edo mezu pribatua.

Horretaz gain, irabazleren bat adingabea baldin bada, haren guraso edo legezko tutoreek berariaz baimena emango dute irabazleak saria jaso dezan, lehiaketan bertan bildutako betekizunak onartuta; horretarako, oinarri hauen V. eranskinean jasotako inprimakia bete beharko dute.

4.– Saria jasotzeari uko eginez gero, arrazoia edozein dela ere, saridunak ez du bestelako ordainik jasotzeko eskubiderik izango. Sariari uko eginez gero, hurrengo balorazio onena izan duen argazkiari emango zaio saria, betiere Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordearen ebazpen bidez.

5.– Parte-hartzaileek emandako datuetan akatsen bat baldin badago eta, horren ondorioz, haiek identifikatzea ezinezkoa bada, Eusko Jaurlaritzak ez du izango inolako erantzukizunik.

Hamargarrena.– Sarien banaketa.

1.– Sariak ekitaldi batean emango dira, 2020ko maiatzaren 8an, eta sarituek bertan egon beharko dute. Ekitaldiaren ordu eta lekuaren berri garaiz emango zaie irabazleei. Justifikatutako arrazoiren bat dela-eta irabazleak ezin badu ekitaldira etorri, beste pertsona bat izendatu ahal izango du aipatutako ekitaldi horretan haren izenean saria jasotzeko.

2.– Sariak emateko ekitaldian, gainerako 27 argazki finalistak erakusketa-areto batean izango dira ikusgai, formatu fisikoan edo digitalean. Argazki horien egileei jakinaraziko zaie zehazki noiz eta non erakutsiko diren euren argazkiak.

Hamaikagarrena.– Sariak errebokatzea eta itzultzea.

Emandako sariak errebokatu egingo dira, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiren bat tarteko bada eta, zehazki, oinarri hauetan ezarritako betebeharrak betetzen ez badira, betiere xedapen hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

Hamabigarrena.– Saritutako argazkien jabetza-eskubideak.

1.– Saritutako pertsonek baino ez dituzte izango argazki irabazleen jabetza-eskubideak eta, horregatik, pertsona horien ardura izango da hirugarrenek argazki horien gainean eskubiderik ez izatea; horren inguruko arazorik egonez gero, pertsona haiek egin beharko diote aurre argazki irabazleen gaineko edozein erreklamaziori.

2.– Saritutako argazkien ustiapen-eskubideak Eusko Jaurlaritzari emango zaizkio, modu ez-esklusiboan, eta 3 urterako. Ustiapen-eskubide horiek saritutako lanak erreproduzitzeko, banatzeko, haien komunikazio publikoa egiteko, eraldatzeko eta egokitzeko baliatuko dira, lan horiek lehiaketa honekin lotutako zabalkunde jarduera publikoetan erabiltzeko.

Hamahirugarrena.– Bateragarritasuna.

Lehiaketa honetan parte hartzeak ez du esan nahi ezin direla argazki berberak antzeko beste lehiaketa batzuetan aurkeztu, eta ez dago eragozpenik argazki berberarengatik sariak edo aitorpenak jasotzeko.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala