Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2020ko martxoaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
1579

34/2020 DEKRETUA, martxoaren 3koa, Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (Tknika) arautzen eta zentroko lanpostuen zerrenda onartzen duena.

Abenduaren 1eko 222/2015 Dekretuaren bidez, Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (Tknika) sortu zen, eta zentroko lanpostuen zerrenda onartu zen.

Laugarren industria-iraultzaren ondorioz, pertsonek prestakuntza-behar berriak dituzte, eta, horrez gain, euskal ekoizpen-egituraren lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko erronkari erantzun behar zaio. Hori dela-eta, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketatik erantzun azkarra eta eraginkorra eman behar zaio egoera horri. Horretarako, eguneratu eta optimizatu egin behar dira EAEko lanbide-heziketaren sisteman berrikuntza, aldaketa, eguneratzea eta hobekuntza garatzen dituzten tresnak eta erakundeak.

Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen ondorioz, lanbide-heziketako eredu konbinatuarekin lan egin behar dugu, zeinaren baitan testuinguru berria sartzen den, heziketa integratuaren, berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetza aktiboaren bidez. Izan ere, lege horren 3.2 artikuluaren c) eta d) apartatuetan ezartzen denez, honako hauek izango dira, besteak beste, lanbide-heziketaren euskal sistemaren helburuak: berrikuntza, sorkuntza, ekintzailetzarako gaitasuna eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatzea, bai Hasierako Lanbide Heziketan, bai Enplegurako Lanbide Heziketan, eta, horrez gain, euskal lanbide-heziketako sistemaren nazioartekotzea bultzatzea.

Halaber, 7. artikuluan berrikuntza aplikatuko ikaskuntzaren eremua definitzen du; 8. artikuluak ekintzailetzako ikaskuntzaren eremua definitzen du, eta 9. artikuluak berrikuntzaren eta ekintzailetzaren ikaskuntza sustatzea aipatzen du. Bestalde, Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen seigarren kapitulua lanbide-heziketako euskal sistema nazioartekotzeari buruzkoa da.

Gainera, aipatutako Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 29. artikulua lanbide-heziketako ikerketari buruzkoa da, eta, 30. artikulua, berriz, lanbide-heziketa integratuan berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzeari buruzkoa.

Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroa (Tknika) antolatuta dagoen arloetan daude jasota esparru horiek guztiak.

Bestalde, Lanbide Heziketako V. Euskal Planaren helburua giza garapen jasangarrirantz aurrera egitea da, giza talentua bultzatuz ekoizpen-ingurune berri baten ondoriozko erronkei aurre egingo dieten konpetentziak eta prestakuntzak txertatuta, lanbide-heziketa 4. industria-iraultzaren, digitalizazioaren, konektagarritasunaren, garapen jasangarriaren, ezagutzaren kudeaketaren eta 4.0 balioen oinarrian bermatu eta sendotuko dela ziurtatzeko, arrakastaz erantzun ahal izan diezaiegun gure gizarteko eraldaketa laboral, ekonomiko, zientifiko eta kulturalei.

Lanbide Heziketako V. Euskal Planak lanbide-heziketa gidatzen duten egitura espezializatuak sortzeko eta birkonfiguratzeko beharra jasotzen du, plan horretan proposatutako helburuak lortzeko tresna gisa, berrikuntza eta eraldaketa Lanbide Heziketaren antolaketa-sisteman ere txertatuz, orainak eta etorkizunak planteatzen dituen erronka sozial, ekonomiko eta teknologikoei behar bezala erantzuteko.

V. Planean jasotako egitura organiko espezializatuen artean dago Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa, Tknika, eta zentro horretarako planteatzen den eraldaketaren xedea da zentro hori gidatzea, ardura hauek hartuko dituen organo tekniko gisa: ikerketa eta berrikuntza aplikatua egitea eta I+G+b proiektuen emaitzak transferitzea Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketa ematen duten zentro guztietara. Haren izaerak ikerketako, berrikuntzako eta irakaskuntzari laguntzeko zerbitzuari erantzun nahi dio, baita hainbat erakunde eta enpresari ere.

Ildo horretan, Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroaren xedeak hona bideratzen dira batez ere: lanbide-heziketaren eta berrikuntza aplikatuaren esparruan ikertzea, eta lanbide-heziketa ematen duten zentroen harremana bultzatzea enpresekin, teknologia-zentroekin eta unibertsitateko eta unibertsitateaz kanpoko ikerketa-sailekin.

Era berean, lanbide-heziketa ematen duten zentroetako irakasleak ekoizpen-sektoreetan sortzen diren teknologietan trebatzera bideratzen dira helburuak, ikaskuntza-prozesuak hobetuko dituzten ingurune berrietan aurrera eginez, lanbide-heziketaren nazioartekotzea sustatuz eta etengabeko hobekuntza garatuz.

Aldaketa eta eraldaketa horiek direla eta, eguneratu egin behar dira Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroaren (Tknika) arloak, funtzionamendua, antolaketa eta eginkizunak; gainera, zentro horretan lan egiten duten profesionalen behar berri horietara hobeto egokitzen den profila behar da.

Horregatik, dekretu honetan aipatutako aldaketei erantzun ahal izateko, Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa osatzen duten arloen egitura, izenak eta eginkizunak aldatu behar dira.

Horrekin batera, lanpostuen zerrenda ere aldatu egin behar da, egitura berrira eta eguneratu behar diren arloetara egokitzeko.

Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin eta gainerako kontsulta-organo interesdunekin bat, Gobernu Kontseiluak 2020ko martxoaren 3an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Izaera.

1.– Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (Tknika) organo tekniko bat da, eta organo tekniko horren ardura izango da ikerketa eta berrikuntza aplikatua egitea eta I+G+B proiektuen emaitzak transferitzea Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketa ematen duten zentro guztiei.

2.– Ikertzeko, berritzeko eta irakaskuntzari eta hainbat erakunde eta enpresari laguntzeko zerbitzu bat izango da zentroa, eta, alde organikotik, hezkuntza-gaien eskumena duen sailaren barruan lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzara atxikita egongo da; hau da, alde organiko eta funtzionaletik, haren mendean beteko ditu dekretu honek zehazten dituen eginkizunak.

2. artikulua.– Lanpostuen zerrenda.

Onartu egiten da Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroaren (Tknika) lanpostuen zerrenda, eta horietan jarduteko eskatzen diren betekizunak adierazten dira, bai eta gainerako ezaugarriak ere, dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

3. artikulua.– Xedeak eta eginkizunak.

1.– Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroaren xedeak hauek dira:

a) Lanbide-heziketaren eta berrikuntza aplikatuaren esparruan ikertzea, eta lanbide-heziketa ematen duten zentroen harremana bultzatzea enpresekin, teknologia-zentroekin eta unibertsitateko eta unibertsitateaz kanpoko ikerketa-sailekin.

b) Lanbide-heziketa ematen duten zentroetako irakasleei prestakuntza ematea, produkzio-sektoreetan sortuz doazen teknologia desberdinen arloan.

c) Ikaskuntza-prozesuak hobetuko dituzten inguruneetan aurrera egitea, lanbide-heziketaren nazioartekotzea bultzatuta eta lanbide-heziketan etengabeko hobekuntza garatuta.

d) Ikasleen artean ekintzailetza sustatzea, lanbide-heziketa ematen duten zentroen bitartez.

2.– Horretarako, Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroak eginkizun hauek burutuko ditu:

a) Berrikuntza teknologikoaren prozesuak bultzatzea Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketan, lanbide-heziketa lehiakorragoa eta dinamikoagoa izan dadin.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketa ematen duten zentroekin lankidetzan aritzea informazioaren gizartea eta IKTak garatzeko arloan, mundu osoarekin konexio-loturak sortzeko, herrialde aurreratuenekin ikaskuntza kooperatiboko harremanak partekatuta.

c) Metodologia-eredu berriekin prestakuntza-proiektuak garatzea, datozen beharrei aurrea hartuta.

d) Prestakuntza kudeatzea teknologia-, metodologia- eta kudeaketa-berrikuntzarekin lotutako gaietan.

e) Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketa ematen duten zentroetan kudeaketaren arloko berrikuntza-prozesuak bultzatzea, egitura malguago, dinamikoago eta parte-hartzaileagoak sortzeko, honako hauetan oinarrituta: lankidetza, pertsonenganako konfiantza, autonomia eta lantaldeak kudeatzeko gaitasuna.

f) Berrikuntza aplikatuko proiektuak bultzatu eta koordinatzea lanbide-heziketa ematen duten zentroen eta enpresa txiki eta ertainen artean, produkzio-prozesuak eta produktuak hobetzeko.

g) Lanbide-heziketari buruzko hiru dimentsioko ingurune birtualak bultzatzea.

h) Lanbide-heziketa ematen duten zentroek garatzen dituzten enpresak sortzeko proiektuak koordinatzea eta tartean dauden beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea.

i) Teknologia-berrikuntzari buruzko prestakuntza eskaini eta ematea eta produkzioari eta zerbitzuei aplikatutako teknologia berrien gaineko prestakuntza ematea lanbide-heziketako irakasleei, Euskal Autonomia Erkidegoko, estatuko eta nazioarteko zentroetan.

j) Hainbat proiekturi heltzea Euskal Autonomia Erkidegoko, estatuko eta nazioarteko esparruetan.

k) Lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak agintzen dizkion eginkizunak betetzea.

4. artikulua.– Plan estrategikoa eta urteko plana.

1.– Plan estrategikoa urte anitzekoa izango da eta, gutxienez, alderdi hauek barneratuko ditu:

a) Planak irauten duen bitartean zentroak bere eginkizunak betetzeko finkatzen diren helburuak.

b) Helburu bakoitzari dagokion eginkizuna.

c) Planifikatutako helburuak lortzeko ekintzak.

d) Helburuak betetzeko kronograma.

e) Betetze-mailaren adierazleak.

2.– Urteko plana, ekitaldi ekonomiko bakoitzerako, plan estrategikoaren betearazpena garatzeko dokumentua da.

3.– Plan estrategikoa eta urteko plana lanbide-heziketan eskumena duen sailburuordetzako pertsona titularrak onartuko ditu.

5. artikulua.– Antolaketa-egitura.

1.– Bere eginkizunak betetzeko, zuzendari exekutibo bat eta arloko zuzendariak izango ditu Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroak. Honako jardute-arlo hauek osatuko dute zentroaren egitura:

a) Berrikuntza Teknologikoaren eta Sistema Adimendunen Arloa.

b) Ingurune Estrategikoetan Aplikatutako Berrikuntzaren Arloa.

c) Ikaskuntzen eta Goi Errendimenduaren Arloa.

d) Nazioartekotze Arloa.

e) Biozientzien eta Jasangarritasunaren Arloa.

f) Konplexutasuna Kudeatzeko Arloa.

2.– Zentroko zuzendaritza-taldeko kideak honako hauek izango dira: zuzendari exekutiboa eta arloko zuzendariak.

6. artikulua.– Zuzendari exekutiboa.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren barruan lanbide-heziketan diharduen irakasleen kidegoko karrerako funtzionario bat izango da zentroko zuzendaria, eta eginkizun hauek izango ditu:

a) Zentroaren antolaketa, funtzionamendua eta kontu betearazleak kudeatzea.

b) Urteko gastu-aurrekontua proposatzea eta gastuak onartzea.

c) Lanbide-heziketan eskuduna den sailburuordetzari bidaltzea kudeaketa-kontuak, kontu horiek kontsolidatzeko eta aurrekontu-ekitaldiari dagozkion itxierako eta likidazioko kontabilitate-betekizunak modu zentralizatuan betetzeko, Ogasun eta Finantza Sailak urtero ezartzen dituen arauen arabera, aldizkakotasun honekin:

c.1.– Lanbide-heziketan eskuduna den sailburuordetzari bidaltzea hasierako aurrekontua, onar dezan. Aurrekontu hori aurrekontu-ekitaldi bakoitzaren hasieran bidali beharko dio, behar bezala beteta.

c.2.– Sei hilean behin, eta betiere abenduaren 31ko dataz, kudeaketa-kontuak egitea, lanbide-heziketan eskuduna den sailburuordeak onar ditzan.

c.3.– Honako hauen eskura izatea (aldizka informazioa bidaltzeko betebeharra alde batera utzi gabe) sarreren eta gastuen agiri-euskarri guztiak: Hezkuntza Saila, Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta, hala badagokio, Herri Kontuen Euskal Epaitegia.

d) Plan estrategikoaren eta urteko planaren zirriborroak lantzea, zentroko gainerako arlo-zuzendariekin lankidetzan, lanbide-heziketako eskumenak dituen sailburuordeak onar ditzan.

e) Plan estrategikoa eta urteko plana ebaluatzea, zentroko arlo-zuzendariekin lankidetzan, eta ebaluazio-txostena aurkeztea lanbide-heziketako eskumenak dituen sailburuordetzako titularrari.

f) Zentroari atxikitako langileen buru izatea.

g) Zentroko arlo bakoitzaren egitekoak gainbegiratzea eta koordinatzea.

h) Zentroak eginiko jarduerei buruzko txostenak aurkeztea Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren aurrean eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenean parte hartzen duten beste erakunde batzuen aurrean.

i) Zentroaren urteko plana betetzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea.

j) Zentroaren ordezkari nagusia izatea izaera bereko erakundeekiko harremanetan, Estatuan zein Europar Batasunean, bai eta munduan ere, metodologiak, proiektuak, esperientziak eta lan egiteko sistematikak konparatzeko, ezagutarazteko eta hobetzeko.

k) Lanbide-heziketan eskuduna den sailburuordetzak ikerketaren eta berrikuntza aplikatuaren alorrean esleitzen dizkion ekintzak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide-heziketa garatzeko.

l) Harremana izatea teknologikoki aurreratuen dauden enpresekin, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiarentzat garrantzitsuenak diren sektoreetan.

m) Lanbide heziketan eskumena duen sailburuordetzako pertsona titularrak eskatutako gainerako ekintzak burutzea.

2.– 14. artikuluan jasotakoaren arabera aukeratzen den pertsona izendatuko da zuzendari exekutibo.

7. artikulua.– Berrikuntza Teknologikoaren eta Sistema Adimendunen Arloa.

1.– Berrikuntza Teknologikoaren eta Sistema Adimendunen Arloari eginkizun hauek dagozkio:

a) Teknologia aurreratuen ezarpena bultzatzea lanbide-heziketako lanbide-arloetan, eta, horrela, zentroen gaitasunak inguruko enpresen eskarietara egokitzea, lanbide-heziketako zentroek eta enpresek parte hartuko duten berrikuntza-proiektuak garatuz.

b) Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren berrikuntza-politikak bultzatzea, ikerketa-proiektuak garatuz eta horietan parte hartuz.

c) Eskuratutako ezagutzak Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako irakasleei eta ikasleei transferitzen zaizkiela ziurtatzea, proiektu eta ekimenak garatuz. Hori guztia Lanbide Heziketako irakasleentzako prestakuntza-programen bitartez.

d) Lanbide-heziketako irakasleen konpetentziak hobetzeko prestakuntza-planen diseinuan laguntzea, teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneei erantzuteko gaitasuna izan dezaten.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketaren berrikuntza-sistemaren estrategia bat etorraraztea Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ezarritako lehentasunekin eta lanbide-heziketako zentroek eta enpresek –bereziki enpresa txiki eta ertainek– dituzten teknologia-erronkekin.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako zentroen sareak dituen teknologia-gaitasunen garapena koordinatzea, eta, zentro horietatik, lortutako ezagutzak enpresa txiki eta ertainetara transferitzea, ezarritako estrategia-inguruneen bitartez.

g) Lanbide Heziketako zentroek enpresekin, teknologia-zentroekin eta unibertsitateekin garatutako proiektuak bultzatzea eta horietan lankidetzan aritzea. Lankidetza horiek nazioartera ere iritsiko dira.

h) Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bitartez, gobernuko beste sail batzuekin lankidetzan aritzea. Horrela, ezarritako estrategiak eta lehentasunak bat etortzeaz gain, horiek hedatzeko lankidetza garatuko da.

2.– Hauek dira Berrikuntza Teknologikoaren eta Sistema Adimendunen Arloko zuzendariaren eginkizunak:

a) Lanbide Heziketako Sailburuordetzari laguntzea ezartzen dituen estrategiak hedatzen.

b) Lanbide-heziketako zentroetan berrikuntza teknologikoa bultzatuko duten jarduerak eta programak definitzea, ezartzea eta plan horien jarraipena egitea.

c) Lanbide-heziketako zentroen garapena eta partaidetza koordinatzea Euskadiko LHri Aplikatutako Berrikuntzaren Sistema hedatzeko proiektu eta ekimenetan.

d) Lehentasuna ematea honako hauek sortzeari: Ingurune Estrategikoak, Espezializazio Arloak eta Sare-nodoak Lanbide Heziketan. Horrez gain, zentroko proiektuak garatzea, bai eta Lanbide Heziketarekin lotuta esparru horretan sor daitezkeen beste ekimen berri batzuk ere.

e) Honako hauen arteko harremana dinamizatzea: lanbide-heziketako zentroak, teknologia-zentroak, unibertsitateko ikerketa-sailak eta teknologikoki aurreratuen dauden enpresak, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiarentzat garrantzitsuenak diren sektoreetan.

f) Arlo honetako proiektuen dinamizatzaileak koordinatzea, sustatzea, lan-prozesuak ezartzea eta jarduerak programatzea.

g) Tknikako eta lanbide-heziketako zentroetako ikertzaileen eta laguntzaileen ekintzak koordinatzea, aholkularitzarekin, zabalkundearekin edota arlo honetan zehazten diren beste batzuekin lotuta.

h) Ezarritako helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea.

i) Arloko proiektu berritzaileetan ikertzaile-lana egingo dutenei prestakuntza eta aholkularitza ematea.

j) Arloko urteko plana egikaritzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea bere jarduketa-eremuan, eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenean aurreikusitako neurrien eta helburuen txosten orokorra egitea.

k) Arlo horretako baliabideak eta guneak kudeatzea.

l) Zuzendari exekutiboarekin lankidetzan aritzea, plan estrategikoaren eta urteko planaren proposamenak lantzen eta ebaluatzen.

m) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zehaztutako ekintzak egitea arloko eskumenen eta eginkizunen esparruan.

8. artikulua.– Ingurune Estrategikoetan Aplikatutako Berrikuntzaren Arloa.

1.– Eginkizun hauek dagozkio Ingurune Estrategikoetan Aplikatutako Berrikuntzaren Arloari:

a) Ingurune estrategikoetan berrikuntza aplikatuko proiektuak garatzea, ETEekin lankidetzan lehentasunez, produktuen fabrikazioan eta produkzio-prozesuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen 7. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

b) Berrikuntza aplikatuko proiektuak bultzatu eta koordinatzea lanbide-heziketa ematen duten zentroen eta enpresa txiki eta ertainen artean, produktuak, produkzio-prozesuak eta zerbitzuak hobetzeko.

c) Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren berrikuntza aplikatuko politikak bultzatzea, ingurune estrategikoekin lotutako ikerketa-proiektuak garatuz eta horietan parte hartuz.

d) Eskuratutako ezagutzak Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako irakasleei eta ikasleei transferitzen zaizkiela ziurtatzea, proiektu eta ekimenak garatuz. Hori guztia Lanbide Heziketako irakasleentzako prestakuntza-programen bitartez.

e) Lanbide Heziketako irakasleen konpetentziak hobetzera bideratutako prestakuntza-planak diseinatzen laguntzea, ingurune estrategiko oso aurreratuei erantzuteko gai izan daitezen.

f) Zentro ekintzaile baten eredua izateko aukerei buruz ikertu, diseinatu eta esperimentatzea, lanbide-heziketa ematen duen zentroetan enpresen sorkuntza eta jarduera ekintzaileak sustatu eta bultzatzeko.

g) Enpresak sortzeko hainbat sustapen-prozesu ezartzea lanbide-heziketako zentroen bidez, ekintzaileei arreta emateko metodologian berrituz eta arrakasta izateko aukera handiagoak dituzten proiektuak bilatuz (negozio-eredu berriak, sektore berriak eta beste batzuk).

h) Lanbide-heziketa ematen duten zentroek garatzen dituzten enpresak sortzeko proiektuak koordinatzea eta tartean dauden beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea.

i) Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren bidez Jaurlaritzako beste sail batzuekin lankidetzan aritzea, horrela, ezarritako estrategia eta lehentasunetan bat etortzeaz gain, estrategia eta lehentasun horiek hedatzeko lankidetza gara dadin.

2.– Ingurune Estrategikoetan Aplikatutako Berrikuntzaren Arloko zuzendariak eginkizun hauek izango ditu:

a) Estrategiak hedatzen laguntzea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

b) Lanbide Heziketako zentroetan berrikuntza aplikatua bultzatuko duten jarduerak eta programak definitzea, ezartzea eta horien jarraipena egitea.

c) Lanbide Heziketako zentroen garapena eta parte-hartzea koordinatzea Euskadiko Lanbide Heziketari Aplikatutako Berrikuntza Sistema hedatzeko proiektu eta ekimenetan.

d) Lehentasuna ematea honako hauek sortzeari: Ingurune Estrategikoak, Espezializazio Arloak eta Sare-nodoak Lanbide Heziketan. Horrez gain, zentroko proiektuak garatzea, bai eta Lanbide Heziketarekin lotuta esparru horretan sor daitezkeen beste ekimen berri batzuk ere.

e) Lanbide Heziketako zentroetan ezagutza teknologikoa sortzea eta irakasle eta ikasle guztiei transferitzea bultzatzea, zentroei beharrezko laguntza eta aholkularitza emanez, bulego tekniko baten bitartez.

f) Arlo honetako proiektuen dinamizatzaileak koordinatzea, sustatzea, lan-prozesuak ezartzea eta jarduerak programatzea.

g) Tknikako eta lanbide-heziketako zentroetako ikertzaileen eta laguntzaileen ekintzak koordinatzea, aholkularitzarekin, zabalkundearekin edota arlo honetan zehazten diren beste batzuekin lotuta.

h) Ezarritako helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea.

i) Arloko proiektu berritzaileetan ikertzaile-lana egingo dutenei prestakuntza eta aholkularitza ematea.

j) Arloko urteko plana egikaritzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea bere jarduketa-eremuan, eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenean aurreikusitako neurrien eta helburuen txosten orokorra egitea.

k) Arlo horretako baliabideak eta guneak kudeatzea.

l) Zuzendari exekutiboarekin lankidetzan aritzea, plan estrategikoaren eta urteko planaren proposamenak lantzen eta ebaluatzen.

m) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zehaztutako ekintzak egitea arloko eskumenen eta eginkizunen esparruan.

9. artikulua.– Ikaskuntzen eta Goi Errendimenduaren Arloa.

1.– Ikaskuntzen eta Goi Errendimenduaren Arloari eginkizun hauek dagozkio:

a) Ikertu, diseinatu eta esperimentatzea, lanbide-heziketako heziketa-zikloetan errendimendurik handiena lortzeko, ikaskuntzari dagokionez. Horretarako erabiliko diren formuletan, alderdi hauek integratuko dira: kudeaketa eta antolaketa, baliabideak, balioak garatzeko tresnak eta metodologiak, konpetentzia espezifikoak, pertsonalak, sozialak eta digitalak.

b) Lankidetzako ikaskuntzaren eredu desberdinei dagokienez, sareko transferentzia eta hedapena diseinatu eta garatzea, lanbide-heziketaren sisteman behar diren metodologia-aldaketak ezartzeko.

c) Lanbide-heziketako ikasleei begira, konpetentzia-bilakaeran eta ikaskuntzan oinarritutako ebaluazio-ikuspegi eta -sistema bat ikertu, diseinatu eta garatzea.

d) Lanbide-heziketako ikasleen artean, zientziei, teknologiari, ingeniaritzari, matematikari, sormenari eta balioei buruzko Steam konpetentziak sustatzea, konpetentzia horiek eskuratzeko prototipoen eta ikaskuntza-prozesu espezifikoen bidez.

e) Goi-errendimenduko zikloak ezartzeko eta Steam kultura finkatzeko prozesuan hobekuntza- eta bilakaera-gida gisa erabiltzeko tresna bat ematea zentroei, betiere ebaluazioaren, koebaluazioaren eta kanpo-ebaluazioaren bidez.

f) Lanbide Heziketako ikasleen profil digitala garatzea eta konpetentzia digitalen aplikazioan sakontzea, ezagutza hobeto eskuratzeko eragile gisa.

g) Lanbide Heziketako irakasleentzako prestakuntza-programak diseinatu, bultzatu eta garatzea, metodologia aktiboak eta lankidetzakoak aplikatzeko, gaitasun espezifikoak, pertsonalak, sozialak eta digitalak garatzeko eta Steam kultura Lanbide Heziketako maila eta ziklo guztietan sartzeko.

h) Ikasleen adimen emozional, sortzaile eta exekutiboaren alorrean eta pentsamendu sortzailearen garapenean aurrera egitea ahalbidetuko duten teknikak eta metodologiak aplikatzean ikertzea, diseinatzea eta esperimentatzea.

i) Pentsamendu eraikitzaile eta sortzailearen garapena bultzatzea, aurrera eginez adimen emozional, sortzaile eta exekutiboaren esparruan, balioen garapenean eta sormen aplikatuan, pertsonen garapen pertsonala eta profesionala hobetzeko.

j) Teknologia eta ekipamendu aurreratuak identifikatu, aztertu eta horiekin esperimentatzea, ikaskuntza-prozesuak azkartzeko.

k) Zentroetako gelak eta espazioak ikaskuntza-metodologia berrien beharretara egokitzeko eraikuntza-soluzioak, ekipamenduak eta altzariak ikertzea, diseinatzea eta horiekin esperimentatzea.

l) Prestakuntza- eta antolaketa-egitura desberdinak ikertu, diseinatu eta horiekin esperimentatzea, goi-errendimenduko zikloetara egokitzeko, Lanbide Heziketako goi-errendimenduko zentroen antolamendu- eta kudeaketa-eredu berrien esparruan.

m) Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroko gainerako arloekin lankidetzan aritzea, prestakuntza-planak egiteko eta garatutako proiektuen eta zerbitzuen emaitzak transferitzeko.

2.– Eginkizun hauek izango ditu Ikaskuntzen eta Goi Errendimenduaren Arloko zuzendariak:

a) Estrategiak hedatzen laguntzea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

b) Honako hauekiko harreman-sarea sortzeko prozesuan parte hartzea: ikaskuntza-prozesuetan eta Steam kulturan adituak diren erakundeak, zentroak, ikertzaileak, unibertsitateak, enpresak eta pertsonak, toki-mailan zein nazioartean.

c) Lanbide Heziketako zentroetan metodologia-aldaketa eta STEAM kultura orokortzea bultzatuko duten planak zehaztu, ezarri eta horien jarraipena egitea.

d) Arloko proiektu eta zerbitzuen ikertzaileak koordinatzea eta sustatzea, lan-prozesuak ezartzea eta jarduerak programatzea.

e) Ikertzaileen eta laguntzaileen ekintzak koordinatzea, aholkularitzarekin, zabalkundearekin edota arloan zehazten diren beste batzuekin lotuta.

f) Bere eskumeneko baliabide eta guneak kudeatzea.

g) Ezarritako helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea.

h) Arloan ikertzaile-lana egingo dutenei prestakuntza eta aholkularitza ematea.

i) Arloko urteko plana egikaritzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea bere jarduketa-eremuan, eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenean aurreikusitako neurrien eta helburuen txosten orokorra egitea.

j) Zuzendari exekutiboarekin lankidetzan aritzea, plan estrategikoaren eta urteko planaren proposamenak lantzen eta ebaluatzen.

k) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zehaztutako ekintzak egitea arloko eskumenen eta eginkizunen esparruan.

10. artikulua.– Nazioartekotze Arloa.

1.– Nazioartekotze Arloari eginkizun hauek dagozkio:

a) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ezarritako nazioartekotze-estrategia garatzea, nazioarteko hainbat proiektu bultzatzeko, lanbide-heziketako zentroekin lankidetzan.

b) Prestakuntza ematea Europako proiektuak garatzeko interesa duten lanbide-heziketako zentroetako irakasleei.

c) Lanbide-heziketako zentroei laguntza ematea, Europako proiektuak diseinatzeko eta abian jartzeko.

d) Lanbide Heziketako Nazioarteko Campusaren gidalerroak diseinatzea, nazioarteko talentua erakartzeko ekintzak babestuz eta beste herrialde batzuetako ikasle eta irakasleentzako ikastaroak antolatuz.

e) Lanbide-heziketako zentroen partaidetza sustatzea nazioarteko proiektuetan, enpresekin eta beste erakunde batzuekin batera, Lanbide Heziketako Nazioarteko Campusarekin lankidetzan.

2.– Eginkizun hauek izango ditu Nazioartekotze Arloko zuzendariak:

a) Estrategiak hedatzen laguntzea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

b) Nazioartekotze-estrategien diseinua, ezarpena eta garapena bultzatzea, lanbide-heziketako zentroetako jarduera berritzaile guztietara nazioarteko osagaia gehitzeko; horrez gain, Lanbide Heziketako Nazioarteko Campuserako ezartzen diren ekintzak barne.

c) Bultzada, aholkularitza eta laguntza ematea Europako proiektuak garatzeko lanean ari diren edo horretarako interesa duten pertsonei, Tknikan zein lanbide-heziketako zentroetan.

d) Harremana izatea eta lankidetzan aritzea Euskal Autonomia Erkidegoan nazioartekotzearen alorrean aurreratuen dauden enpresekin eta erakundeekin.

e) Nazioarteko bazkideak identifikatzea, proiektu-aukera gisa, eta Europar Batasuneko eta nazioarteko sareetako presentzia indartzea.

f) Jarduerak programatzea, lan-prozesuak ezartzea eta bere kargura dauden dinamizatzaileen jarduerak koordinatu, neurtu eta gainbegiratzea.

g) Bere eskumeneko baliabide eta guneak kudeatzea.

h) Ezarritako helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea.

i) Prestakuntza-programak diseinatu eta garatzea bere arloko eta, oro har, zentroko pertsonentzat, nazioartekotzearekin lotutako prozeduretan.

j) Arloko urteko plana egikaritzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea bere jarduketa-eremuan, eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenean aurreikusitako neurrien eta helburuen txosten orokorra egitea.

k) Zuzendari exekutiboarekin lankidetzan aritzea, plan estrategikoaren eta urteko planaren proposamenak lantzen eta ebaluatzen.

l) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zehaztutako ekintzak egitea arloko eskumenen eta eginkizunen esparruan.

11. artikulua – Biozientzien eta Jasangarritasunaren Arloa.

1.– Eginkizun hauek dagozkio Biozientzien eta Jasangarritasunaren Arloari:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Biozientzien eta Jasangarritasunaren arloaren estrategia lerrokatzea Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ezarritako lehentasunekin eta Lanbide Heziketako zentroek eta enpresek –bereziki ETEek– dituzten erronka teknologikoekin.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Biozientzien eta Jasangarritasunaren helburuak zentroen sareetan hedatzea, ikerketako eta berrikuntza aplikatuko lan-ildoen bidez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan ahalik eta errendimendu handiena lortzeko garapen jasangarriari dagokionez.

c) Ikerketako eta berrikuntza aplikatuko proiektuen bidez, bioteknologia, osasuna eta garapen jasangarria sustatuko dituzten teknologia berriak ezartzea lanbide-heziketako zentroetan, dagozkien lanbide-arloetan.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko LHko berrikuntza-sistemaren estrategia –osasuna, ingurumen-jasangarritasuna eta biozientziak trinomioarekin– lerrokatzea enpresek, bereziki ETEek, dituzten erronkekin, pertsonen ongizatea hobetzeko.

e) Lanbide Heziketako irakasleentzako prestakuntza-programak diseinatzea eta garatzea, honako hauek bultzatzeko: metodologia aktibo-kolaboratiboen aplikazioa, giza hazkunde jasangarria lortzeko ikaskuntzara bideratutako konpetentzia espezifikoen garapena, osasunaren esparrua eta bioteknologia.

f) Lanbide Heziketaren esparruan proiektuak ikertu, diseinatu eta garatzea, Bioteknologia eta Bioekonomia ardatz hartuta, dagozkion Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan.

g) Baliabideak kudeatzeko eta antolatzeko metodologiak eta tresnak ikertzea, garatzea eta ezartzea, giza hazkunde jasangarrirako beharrezkoak diren konpetentziak gara ditzaten lanbide-heziketako zentroetan.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan bioteknologiak eta garapen jasangarriak duten ahalmena garatzea, ezagutza sortzeko eta soluzio bioteknologikoak garatzeko, ondoren lanbide-heziketan eta produkzio-egituran txertatzeko.

i) Kontsumo arduratsuan, ingurumenarekiko errespetuan eta ekonomia zirkularrean oinarritutako lan-eredu berriak bultzatzea lanbide-heziketako zentroetan, honako hauek sustatzeko: berrikuntza produktuen eta prozesuen diseinuan, biomaterialen erabilera eta erabilitako materialak berreskuratzeko teknologiak. Horrela, produktutik zerbitzurako trantsizioarekin lotutako negozio-eredu berriak ezarriko dira, eta energia berriztagarriak eta material efizienteenak erabili ahal izango dira, produktuen bizitza erabilgarria luzatzeko eta ingurumen-inpaktua murrizteko.

j) Diziplina anitzeko foro bat sortzea, osasunarekin eta biozientziekin lotutako lanbide-arlo guztien artean ezagutza eta irakaskuntza-ikaskuntzako esperientziak trukatzeko, hauetara bideratuta: zahartze aktibo eta osasungarria, medikuntza pertsonalizatu eta birsortzailea, elikadura osasungarria eta mendetasun-egoeran dauden pertsonen premiak.

k) Biozientzien eta Jasangarritasunaren esparruko aukera-arlo eta eskari-merkatu berriekin lotutako enpresekin proiektuak bultzatzea eta sustatzea, non lanbide-heziketako ikasleek eta irakasleek parte hartuko baitute.

l) Bioteknologiarekin eta osasunarekin lotutako esparruetan enpresak sortzeko ideiak dituzten ekintzaileak sustatzea, aurkitzea eta laguntzea.

m) Biozientziekin eta jasangarritasunarekin lotutako proiektuen eta jardueren emaitzak transferitzea Tknikako arloetara eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako zentroetako irakasle eta ikasleengana.

2.– Hauek dira Biozientzien eta Jasangarritasunaren Arloko zuzendariaren eginkizunak:

a) Estrategiak hedatzen laguntzea Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.

b) Arlo honetan lanean ari diren dinamizatzaileak eta laguntzaileak koordinatzea, sustatzea, lan-prozesuak ezartzea eta jarduerak programatzea.

c) Lanbide-heziketako zentroekin lan egitea eta zentro teknologikoekin, unibertsitateko ikerketa-sailekin eta biozientzien eta jasangarritasunaren arloko enpresa aurreratuenekin lankidetzan aritzea.

d) Lanbide Heziketako zentroetan biozientzien eta jasangarritasunaren eremua bultzatuko duten planak definitzea, ezartzea eta plan horien jarraipena egitea.

e) Ikertzaileen eta laguntzaileen ekintzak koordinatzea, aholkularitzarekin, zabalkundearekin edota arloan zehazten diren beste batzuekin lotuta.

f) Bere eskumeneko baliabide eta guneak kudeatzea.

g) Ezarritako helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea.

h) Arloko proiektu berritzaileetan ikertzaile-lana egingo dutenei prestakuntza eta aholkularitza ematea.

i) Arloko urteko plana egikaritzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea bere jarduketa-eremuan, eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenean aurreikusitako neurrien eta helburuen txosten orokorra egitea.

j) Zuzendari exekutiboarekin lankidetzan aritzea, plan estrategikoaren eta urteko planaren proposamenak lantzen eta ebaluatzen.

k) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zehaztutako ekintzak egitea arloko eskumenen eta eginkizunen esparruan.

12. artikulua.– Konplexutasuna Kudeatzeko Arloa.

1.– Konplexutasuna Kudeatzeko Arloari eginkizun hauek dagozkio:

a) Konplexutasuna Kudeatzeko Arloaren estrategia lerrokatzea Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ezarritako lehentasunekin eta Lanbide Heziketako zentroek eta enpresek –bereziki ETEek– dituzten erronka teknologikoekin.

b) Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin lankidetzan aritzea lanbide-heziketako zentroetan figura berriak ezartzeko, arlo desberdinak lantzeko eta horiek eraldatzeko, Ezagutzaren Kudeaketako eta Aldaketaren Kudeaketako estrategia berri baten bidez.

c) Lanbide-heziketako zentroetan beharrezkoak diren funtzio berriak aztertzea, deskribatzea eta proposatzea, konplexutasunaren kudeaketari aurre egin ahal izateko; horretarako, beharrezkoak diren tresnak diseinatu eta ezarriko dira, kudeaketa- eta antolaketa-egitura berrien bidez.

d) Lanbide-heziketako zentroetan egitura eta antolaketa berri bat bultzatzea, zeinaren bidez bermatuko baita aldaketa kudeatzeko eta horri erantzuteko eta aurrea hartzeko gaitasuna, bai ikuspuntu estrategikotik, bai ikuspegi operatibotik.

e) Lanbide-heziketako zentroetan beharrezkoak diren funtzio berriak garatzea, konplexutasunaren kudeaketari aurre egin ahal izateko; horretarako, beharrezkoak diren tresnak diseinatu eta ezarriko dira, kudeaketa- eta antolaketa-egitura berrien bidez.

f) Lanbide-heziketako zentroetan tresna berriak ezartzeko prozesua aztertu, deskribatu, dinamizatu eta horri buruzko aholkularitza ematea. Tresna horiei esker, zentroek prospektiba eta zaintza teknologikoko sistematika bat sortu ahal izango dute, pertsonengan eta antolaketa-kultura berri batean oinarritua. Horrela, informazio garrantzitsua oinarri hartuta, erabakiak hartu ahal izango dituzte, eta lan-ingurunea hobeto ulertu ahal izango dute.

g) Informazio garrantzitsua lanbide-heziketako zentroen egitura guztira zabaltzeko beharrezko prozedurak ezartzea; horrela, sareko lana indartuko da, barrukoa zein kanpokoa.

h) Lanbide-heziketako zentroetan berrikuntza-gaitasuna garatzea, berrikuntza-errutinetan oinarritutako antolaketa-egitura bat sortuz, inguruko beharrei erantzun ahal izateko oinarri gisa. Horrela, etorkizunera bideratutako erakundeak izango dira, ideiak izateaz gain garatu egingo dituztenak, eta konplexutasunaren kudeaketa tresna, metodo eta egitura desberdinekin landuko dutenak.

i) LEAN kultura diseinatu, hedatu eta ezartzea Lanbide Heziketako jardueretan, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ezarritako estrategiari jarraituz.

j) Lanbide-heziketako zentroetan berrikuntza-errutinak ezartzeko prozesuan aztertu, deskribatu, dinamizatu eta aholkatzea.

k) Lanbide-heziketako zentroetan prozesuen eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko ikertzea, berritzea eta laguntzea.

l) Lanbide Heziketako zentroei laguntzea Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ezartzen dituen hobekuntza kudeatzeko ereduak ezartzen eta garatzen.

m) Lanbide Heziketako zentroetan sustatzea erakundeen eta pertsonen erantzukizun juridikoko arauak bete daitezen, bai eta zentro horien gizarte-erantzukizunaren kudeaketan ere, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zehazten dituen arauen arabera.

n) Lanbide Heziketako Sailburuordetzari laguntzea lanbide-heziketako sistema ebaluatzen, ezartzen diren prozeduren bidez.

2.– Hauek dira Konplexutasuna Kudeatzeko Arloko zuzendariaren eginkizunak:

a) Lanbide Heziketako Sailburuordetzari laguntzea ezartzen dituen estrategiak hedatzen.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako zentro eta erakundeak eraldatzeko behar den estrategia dinamizatzea, Lanbide Heziketako Sailburuordetzatik planteatzen diren beharrei erantzuteko.

c) Aztertzea, deskribatzea, proposatzea, ezagutaraztea eta aholkatzea, lanbide-heziketako zentroetan egitura eta antolaketa berri bat ezartzeko, zeinaren bidez bermatuko baita aldaketa kudeatzeko eta horri erantzuteko eta aurrea hartzeko gaitasuna, bai ikuspuntu estrategikotik, bai ikuspegi operatibotik.

d) Arlo honetan lanean ari diren ikertzaileak eta prestatzaileak koordinatzea, sustatzea, lan-prozesuak ezartzea eta jarduerak programatzea.

e) Arlo honetako baliabideak kudeatzea.

f) Ezarritako helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea.

g) Arloan aldaketa kudeatzen eta kalitatea bermatzen lan egingo duten pertsonei prestakuntza eta aholkularitza ematea.

h) Arloko urteko plana egikaritzeari buruzko nahitaezko txostenak egitea bere jarduketa-eremuan, eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenean aurreikusitako neurrien eta helburuen txosten orokorra egitea.

i) Zuzendari exekutiboarekin lankidetzan aritzea, plan estrategikoaren eta urteko planaren proposamenak lantzen eta ebaluatzen.

j) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zehaztutako ekintzak egitea arloko eskumenen eta eginkizunen esparruan.

13. artikulua.– Aurrekontua eta kontratazioa.

1.– Hezkuntza arloan eskumena duen sailak, urtero eta bere aurrekontuaren barnean, zentroari esleitutako funtzioak burutzeko beharrezkoa den zuzkidura ekonomikoa kontsignatuko du.

2.– Zentroaren funtzionamendurako beharrezkoak diren kontratuei dagokienez, zuzendari exekutiboa izango da kontratazio-organoa, betiere kontratuak txikiak badira administrazio publikoetako kontratazioari buruzko araudiaren arabera. Era berean, zuzendari exekutiboak izango du dagokion gastua baimentzeko eskumena.

Obra-kontratuei dagokienez, berriz, premiazko konponketa-, kontserbazio- eta mantentze-lan txikiak egiteko kontratuak izan beharko dute, dagokion profesionalak egindako proiektu teknikorik behar ez dutenak.

Gainerako kontratuen kasuan, hezkuntza arloan eskumena duen saileko kontratazio-organoari dagokion eskaera luzatu beharko dio, hura baita dagokion kontratazio-espedientea ireki eta abiatzeko eskumena duena.

3.– Kudeaketa zentralizatuko zerbitzu eta horniduren kontratazioa ez da zuzendari exekutiboaren eskumena.

14. artikulua.– Langileak eta lanpostuak betetzea.

1.– Ikertzeko eta irakaskuntzari laguntzeko zerbitzuetako langileei buruzko araudiak arautuko ditu zentrora atxikitako irakasleak.

2.– Dekretu honen I. eranskineko lanpostuak betetzeko sistema lehiaketa espezifikoa izango da, eta hezkuntza-administrazioak deituko du lehiaketara, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeak 33. artikuluan ezartzen dituen baldintzetan.

3.– Karrerako irakasle funtzionarioak zentrora behin betiko atxikitzeko, haien lana baloratuko da. Hezkuntza-sistemaren barruan lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak izendatutako balorazio-batzorde batek egingo du lan hori, urtero, eta honako hauek izango dira batzordekideak:

a) Lehendakaria lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordea izango da.

b) Lehendakariordea lanbide-heziketaren eskumena duen zuzendaria izango da.

c) Batzordekideak lanbide-heziketaren eskumena duen zuzendaritzako teknikariak izango dira.

d) Idazkaria lanbide-heziketaren eskumena duen zuzendaritzako teknikari bat izango da, eta hitza izango du, baina botorik ez.

4.– Balorazioa baxua, ertaina, handia edo bikaina izango da, irizpide hauen arabera:

a) Zentroaren urteko planean zerrendatutako helburuen betetze-maila.

b) Portaera zentroak zehaztutako balioekiko.

5.– Urteko balorazio guztiak aintzat hartuta «handia» eta «bikaina» arteko balorazioa lortzen duten langileei behin-behineko atxikipena berritu eta behin betiko atxikipena onartuko zaie.

15. artikulua.– Ondarea.

Zentroak erabilgarri izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ondareko zati izanik, hezkuntza-arloan eskumena duen sailera atxikita dauden eta hark zentroaren eskura jarritako ondasunak.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa sortu eta haren lanpostuen zerrenda onartzen duen abenduaren 1eko 222/2015 Dekretuaren bidez argitaratutako lanpostuen zerrendako plazen eta egungo aldaketatik eratorrien arteko baliokidetasuna dekretu honen II. eranskinean ezartzen da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroak beharrezkoak dituen langile guztiak erabili ahal izango ditu lanbide-heziketaren eskumena duen sailburuordetzak baimendutako proiektu jakinak gauzatzen eta dinamizatzen laguntzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legearen Lehen Xedapen Gehigarriaren 4. apartatuan xedatutakoarekin bat etorrita.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Araubide iragankorra.

Egungo lanposturen batek ez badu baliokiderik Tknika Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroaren lanpostuen zerrenda berrian, lanpostuak behin betiko betetzen zituzten langileak beren lanpostuetatik kenduko dira, eta, baldintza horietan, beren jatorrizko kidegoko lanpostuak betetzeko lehiaketetan parte hartuko dute, aplikatu beharreko araudiak xedatzen duen moduan. Zerbitzu-eginkizunetarako lanpostuei dagokienez, berriz, zerbitzu-eginkizuna amaitu egingo da.

XEDAPEN INDARGABETZAILE

Indargabetuta geratzen da 222/2015 Dekretua, abenduaren 1ekoa, Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (Tknika) sortzen eta zentroko lanpostuen zerrenda onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (Ideatk) sortzen eta Institutuko lanpostuen zerrenda onartzen duen irailaren 8ko 168/2015 Dekretua aldatzea.

1.– 5. artikulua («antolamendu-egitura») aldatzea.

Aldatu egiten da dekretu honen 5. artikulua: 168/2015 Dekretua, irailaren 8koa, Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (Ideatk) sortzen eta Institutuko lanpostuen zerrenda onartzen duena. Horrenbestez, 5. artikulu hori honela idatzita geratzen da:

«1.– Bere eginkizunak betetzeko, zuzendari exekutibo bat eta Sormenezko Pentsaeraren eta Sormen Aplikatuaren zuzendari bakar bat izango ditu Ideatk Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuak. Honako jarduketa-arlo hauek osatuko dute Institutuaren egitura:

a) Sormenezko Pentsaeraren Arloa.

b) Sormen Aplikatuaren Arloa.»

2.– 6.2 artikulua aldatzea.

Honako esamolde hau aldatzen da: «Eginkizun hauek izango ditu Sormenezko Pentsaeraren Ataleko buruak:» Horren ordez, honako hau jarriko da: «Atal honetan, Sormenezko Pentsaeraren eta Sormen Aplikatuaren zuzendariaren eginkizunak honako hauek dira».

3.– 7.2 artikulua aldatzea.

Honako esamolde hau aldatzen da: «Eginkizun hauek izango ditu Sormen Aplikatuaren Ataleko buruak:» Horren ordez, honako hau jarriko da: «Atal honetan, Sormenezko Pentsaeraren eta Sormen Aplikatuaren zuzendariaren eginkizunak honako hauek dira».

4.– «Ideatk Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuko Lanpostuen zerrenda» eranskina aldatzea.

Aldatu egiten da dekretu honen eranskina: 168/2015 Dekretua, irailaren 8koa, Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (Ideatk) sortzen eta Institutuko lanpostuen zerrenda onartzen duena. Horrenbestez, eranskin hori honela idatzita geratzen da:

(Ikus .PDF)
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko martxoaren 3an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala