Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2020ko otsailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1216

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 24koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez formulatzen baita Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak Oiartzunen (Gipuzkoa) duen hondakin-kudeaketako instalazioa aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

AURREKARIAK

Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko azaroaren 11ko Ebazpenaren bitartez, zerbitzu arriskutsuen ekoizlearen baimena eman zitzaion Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak Oiartzunen duen zentroari. Edukiontziak eta zisternak biltegiratu eta garbitzen dira bertan, zerbitzu osagarriak gauzatzeaz gain (hondakin-urak tratatzea eta zerbitzu orokorrak).

Ingurumeneko sailburuordearen 2012ko irailaren 19ko Ebazpenaren bitartez, Oiartzungo instalazioetan hondakin-kudeaketako esperientzia pilotu bat egiteko baimena eman zitzaion Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresari, hondakin-uren araztegian taladrina-hondakinen dosifikazio kontrolatua eta tratamendua egin zezan.

2018ko maiatzaren 16an, Berango 2004 Servicios Logísticos SLk ingurumen-baimen integratuaren eskabidea osatu zuen, aldez aurretik hondakin-kudeaketako instalazioa aldatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin ostean, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:

– Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.

– Eranskinak.

– Laburpen ez-teknikoa.

Prozedurari berriz ekinda eta aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko ekainaren 4ko Ebazpenaren bidez erabaki zen Berango 2004 Servicios Logísticos SLk sustatutako proiektua 30 egun balioduneko epean jendaurrean jartzea, egoki irizten diren alegazioak aurkezteko. Horretarako, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta Eusko Jaurlaritzaren Iragarki Taula Elektronikoan argitaratu zen, 2018ko ekainaren 15ean. Era berean, espedientearen oinarrizko dokumentazioa herritarren eskura ere egon zen, epe horretan bertan Oiartzungo Udaletxean, Ingurumen Sailburuordetzan eta Ingurumen Sailburuordetzaren Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuan.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginak 17. eta 18. artikuluetan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 37. artikuluan xedatua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzak irizpena eskatu zien hainbat erakunderi, proiektuak izan zitzakeen ondorio adierazgarriei buruz. Legez ezarritako epea bukatuta, zenbait erantzun jaso dira kontsultak egiteko izapide horretan, eta haien emaitza espedientean jasota dago.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol ontegratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen duenaren arabera, ingurumen-baimen integratua behar da haren 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozeinetan aritzen diren instalazioak ustiatzeko. Hizpide dugun kasuan, Berango 2004 Servicios Logísticos SLren jarduera aipatu eranskinaren 5. taldean sartuta dago.

Era berean, Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1 artikuluan xedatua aplikatzeko, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie I. eranskinean edo II. eranskinean zehaztutako proiektu baten ezaugarrien aldaketa orori, aldaketa horrek, bere kabuz, I. eranskinean ezarritako atalaseak betetzen baditu. Hizpide dugun proiektua aipatu arauaren I. eranskineko 5. taldean dago sartuta.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 11.4 artikuluan, eta Ingurumen Ebaluazioko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 14. artikuluak ebazten dutena aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak, organo substantibo gisa, Berango 2004 Servicios Logísticos SLn hondakin-kudeaketako proiektua dela-eta instalazioak aldatzearen ondoriozko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu dio espedienteari, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.

Hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau formulatzea Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak Oiartzunen (Gipuzkoa) duen hondakin-kudeaketako instalazioa aldatzeko proiektuaren gainean.

Jarduera gauzatzen den lurzatia Oiartzun udalerriko (Gipuzkoa) Lanbarren industrialdeko Aranburu kaleko 7. zenbakian dago, eta 11.044 m2-ko azalera du. Horietatik, 1.046 m2 estalita daude; bulego-eraikina eta pabiloia.

Gaur egun, Berango 2004 Servicios Logísticos SLk, batik bat, edukiontziak eta zisternen garbiketan eta prozesu horretan enpresako araztegian sortzen diren hondakin arriskutsuen tratamenduan dihardu. Gainera, salgai arriskutsuen eta arriskugabeen aldi baterako biltegia du, eta edukiontzi matxuratuak konpontzen dira. Hondakin arriskutsuen kudeaketa onartuta, prozesu hauek egingo dira instalazioan:

1. prozesua: salgai arriskutsuak eta arriskugabeak edukiontzietan edo zisternatan gordetzea aldi baterako.

Gai arriskutsuak eta arriskugabeak dituzten eta garbitu edo berotu behar diren edukiontziak eta zisternak aire zabalean uzten dira aldi baterako. Garraio-unitatez aldatzeko besterik ez diren uzten.

Eremu horren gehieneko edukiera zisternak gordetzeko eremuaren azalerak baldintzatzen du. 246 unitate pilatu daitezke gehienez eremu horretan; hau da, gehieneko azalera 5.000 m2-koa da. Edukiontziak gehienez 48 orduz egoten dira bertan.

Produkturik isurtzen bada, isuriak segurtasuneko tanga batera bideratzen dira. Ponpaketa-putzu bat eta bi zisterna huts ere daude.

2. prozesua: edukiontzien eta zisternen garbiketa.

– Garbiketa garbitokietan: bi garbitoki bereizi ditu enpresak: bi garbiketa-pistako garbitoki bat, gai kimikoak izan dituzten zisternentzat, eta beste bat, elikagaiak eduki dituztenentzat.

Ibilgailuak garbiketa-pistan jarri eta zisternaren edo edukiontziaren barnean egon daitezkeen hondakinak husten dira. Garbiketa-pistaren mutur banatan kokatutako solteko gaien edukiontzi handietan jasotzen dira hondakinok. Normalean, ez dira ibilgailuko 50 litro hondakin baino gehiago erretiratzen.

Jarraian, presiozko urez garbitzen da, gai kimikoak gehituta. Karga mota nolakoa, portaera halakoa, eta betiere jarduketa-protokoloei jarraikiz.

Eremuko zolatan urak biltzeko kutxatilak daude, sortu diren isuriak araztegira bideratzen dituztenak, biltodira isuri aurretik arazteko.

Zisterna edo edukiontzia garbituta, lehortu egiten da, produktu-hondakin itsatsirik ez dagoela egiaztatzeko. Azkenik, ibilgailuaren kanpoaldea garbitzen da.

Ibilgailu bakoitza garbitzeko 20 minutu inguru behar dira eta 1.000/3.000 litro kontsumitzen dira ibilgailuko.

– Gasen garbiketa-dorrean garbitzea.

Zisternetatik jariatzen diren gasak zisternako hondar-gasa xurgatzen duen sistemara bideratzen dira, garbiketa-dorrean tratatzeko. Sistemak osagai hauek ditu: garbiketa-dorrea, likido-birzirkulazioa eta pH-aren doikuntza. Gainera ozono-dosiak ematen dira, tratatu behar diren konposatu kimikoak oxidatzeko. Garbiketa-prozesuan sortu den likidoa araztegira bideratzen da, biltodira isurtzeko gero.

3. prozesua: edukiontziak berotzea.

Edukiontzien barnean egon daitezkeen salgaietako batzuek gutxieneko tenperatura jakin bat behar dute garraiatu ahal izateko, edo edukiontziak garbitzeko, hutsik daudenean. Horretarako, presiozko uraren lurrun-zirkuitu bat du enpresak, 14 linea independentekoa. Lurruna injektatzen da zisternatan, barnean dagoen salgaia berotzeko.

Halaber, aukera dago edukiontziek eurek dituzten erresistentzia elektrikoen bitartez berotzeko. Horrelakoetan, edukiontzia sare elektrikora konektatuko da. Sistema horrekin, sei berotze-puntu daude.

Urarekin ere berotu daitezke. Horretarako, zirkuitu itxiko postu bat dago, tenperatura-doikuntzarekin edukiontzien sarreran nahiz irteeran, garbiketa egin ahal izateko behar den tenperatura lortzeko.

4. prozesua: edukiontziak konpontzeko tailerra.

Tailerretako ohiko eragiketak egiten dira, gorde edo garbitzen diren edukiontziak mantentzeko eta konpontzeko tresneria askotarikoarekin.

5. prozesua: tratamendua jardueran sortu diren hondakin arriskutsuen araztegian.

Zisternak eta edukiontziak garbitzetik datozen efluenteak, tratamendu-unitatera igaro aurretik, garbiketa-uren putzuetatik punpatuko dira bahe birakari batera. Bahe horrekin kentzen dira ur-tratamenduko instalazioko gainerako ekipamenduen funtzionamendu egokiari kalte egin diezaioketen solidoak eta produktuak.

Bahean tratatu den likidoa tarteko punpatze-tanga batean biltzen da, eta homogeneizazio-putzura igotzen da (500 m3-ko edukiera du). Homogeneizazio-putzu horretan, araztegiko tratamendu biologikotik eratortzen diren lohiak ere biltzen dira.

Homogeneizazio-putzuko urei tratamendu fisiko-kimikoa egingo zaie, baita biologikoa ere, arazteko.

Araztegiaren ahalmen izendatua 62.500 m3/urte da, eta gehienez 250 m3 araztu ditzake eguneko.

6. prozesua: kanpo-hondakin arriskutsuak kudeatzeko prozesua.

Hau da ezarri nahi den prozesu berria, ingurumen-baimen integratua eskatzen dena. Fase hauek izango lituzke:

Hondakin arriskutsuak gordetzea

Hondakin arriskutsuen kudeaketa-jarduera berrian, hondakina hartzean hasten da prozesua. Hondakina deskargatzea onartuta, zisterna bi aurreiragazkietako batean isuriko da (solido lodiak eta ez-purutasunak, olioak eta koipeak, etab., bahetzeko eta kentzeko). Ondoren, ponpaketa bidez, dagokion gordetegira eramango da.

Gordetegiok kubetatan ipiniko dira. Hiru motako kubetak egongo dira: ur azidoak, ur basikoak eta ur neutroak. Kubetak elkarrekiko independenteak izango dira.

Kubetak aire zabalean kokatuko dira. Beraz, hiru azpisailetako bakoitzean biltzen diren euri-urak hoditeria eta kubetaren gainazal inklinatuaren bidez bilketa-kubetara bideratuko dira. Bertatik, hoditeria bidez, kutsatuta egon daitezkeen ur horiek ponpatze-putzura eramango dira, arazteko.

Orotara, hondakinak gordetzeko 12 aurretratamendu-tanga egongo dira aire zabalean. 650 m3-ko edukiera dute, eta ezaugarri hauek dituzte: Aireko zortzi andela, 2.750 mm-ko diametrokoak eta 8.420 mm-ko altuerakoak (4 ur azidoetarako eta beste lau ur alkalinoetarako), bakoitza 33 m3 inguruko edukierakoa, eta ur neutroetarako beste lau andela, 388 m3-ko edukiera metatuarekin.

Aurretratamenduko andela horietan, solidoen dekantazioa gertatuko da grabitatearen indarrez, eta parte oliotsuaren bereizketa, dentsitatearengatik.

Araztea

Kanpotik datozen hondakin arriskutsuei egiten zaien aurretratamenduaren ondoriozko likidoari tratamendu fisiko-kimikoa egingo zaio: koagulatzaileak eta flokulantea gehituko zaizkio, eta solidoak bereiziko dira gero, aire disolbatuaren flotazio bidez. Flotatzaileko ur iragaziak grabitatearen indarrez jausten dira erreaktore biologikora. Bertan, tratamendu biologikoa egingo zaie, hondakin-uretako materia organikoa kendu eta solidoak (homogeneizazio-putzura igortzen da biomasa) eta likidoak (iragazia) bereizteko. Ondoren, ultrairagazketako sistema bat dago, tratamendu biologikoaren frakzio likidoa elikatze-ponpa baten bidez jasotzen duena. Handik, mintz-modulu batera igortzen da, iragazteko. Ultrairagazketako sisteman, iragazi ez diren urak (atxikiak), erreaktore biologikora itzultzen dira eta iragazi den ur-emaria (iragazia) isurgunera lotzen da.

Tratamendu fisiko-kimikotik eratorritako solidoak deshidratatu egingo dira lohien deshidratatzailean; zentrifugatu egiten dira, polielektrolito-dosia emanda. Zentrifugatutik eratorritako likidoak ponpatze-putzura doaz, eta handik, homogeneizazio-putzura berriro ere. Lohi deshidratatua, aldiz, edukiontzi batean biltzen da, geroago kudeatzeko.

Gainera, hidrokarburoen lurpeko bereizgailu berria instalatuko da, hondakinak dituzten zisternak deskargatzeko eremuari eta hondakinon bide osoari zerbitzu emateko.

Bilketa-azalera 1.000 m2 ingurukoa da, eta behar diren maldak eta ubideak egingo dira lurrazalean, istripuzko isuriak edo euri urak biltzeko.

Berango 2004 Servicios Logísticos SLk jardueran erabilitako energia-baliabideei dagokienez, energia-hornigai nagusiak elektrizitatea eta gas naturala dira, bi-biak kanpo-hornidurakoak. Hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduera berriarekin, elektrizitate-kontsumoa handiagoa izango da, 600.000 kwh/urtera igoko da; kontrara, gas naturalaren eta gasolioaren kontsumoa ez da aldatuko, 2.077.148 kwh/urte eta 21.230 l/urte izango baitira, hurrenez hurren.

Emisio atmosferiko nagusiak CO eta NOx dira, instalazioko lurrun-galdarek sortuta, hala nola edukiontziak eta zisternak garbitzetik eta hondakin arriskutsuak gordetzeko tangak haizatzetik eratorritako gasak.

Ur-kontsumoa 15.000 m3/urte izango da, eta industrialdea hornitzen duen saretik hartuko da.

Saneamendu bereizlea da; zein bere aldetik isurtzen dira euri-urak (teilatua eta zabaltza) eta ur beltzak (komunak eta aldagelak) nahiz industrialak:

– Instalazioetako zolatan erortzen diren euri-urak, kutsatuta egon daitezkeenez, bildu egiten dira, ur industrialen araztegian tratatu edo kudeatzaile baimendu bati bidali aurretik.

Urok malda bidez eroaten dira kutxatila batera, eta handik dekantazio-andela batera edo segurtasuneko andela batera igarotzen da.

– Ur kutsatuak isuriko balira, euri-urak izan edo ez, urok segurtasuneko andel batera bideratuko dira, eta hondakina konfinatuta geratuko da bertan, kudeatzaile baimendu batek kudeatu arte. Andela horren edukiera 56 m3-koa da.

– Baldintza normaletan, zolatan erortzen diren euri-urak dekantazio-andelera bideratzen dira, estalkiko euri-urekin batera isurtzeko handik, ur garbitzat hartzen direnez. Urak biltzeko sistemak, gainera, by-pass bat du, ekaitzetan emari handiak hustu ahal izateko, (emari izendatua baino bost aldiz handiagoa hustu dezake). Hidrokarburoen bereizlean onargarria baino emari handiagoa balego, emaria segurtasuneko andelera bideratzen da, bereizlearen funtzionamenduari erasan gabe.

– Ur-beltzen zirkuituak komunetan eta aldageletan sortzen diren urak biltzen ditu, eta grabitatearen indarren isurtzen dira urok Lintziringo ur-beltzen biltodira, isuri aurretik inolako tratamendurik izan gabe.

Sortutako hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak ekipamenduak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko, uren saneamenduko eta instalazioko araztegiaren jarduera orokorretatik datoz, nagusiki.

Berango 2004 Servicios Logísticos SLren jardueran, Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakian (EB), hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituena, eta «Best Available Techniques (BAT) Reference Document for Waste Treatment» agirian jasotzen diren teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

Proiektuak, besteak beste, teknika erabilgarri onenei buruzko ondorio hauek hartzen ditu barnean: 1., 2., 4., 5., 6., 7., 8., 19., 20., 21. eta 51.a.

Bigarrena.– Baldintza eta betekizun hauek ezartzea, Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak Oiartzunen (Gipuzkoa) duen hondakin-kudeaketako instalazioa aldatzeko.

A) Proiektua gauzatzen hasteko epea.

Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen epea. Epe hori igaro eta artean ez bada proiektua egikaritzen hasi, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia, eta dagozkion ondorioak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorririk. Horretarako, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, noizko aurreikusten den proiektua gauzatzen hastea.

B) Instalazioa egokitzeko eta muntatzeko baldintza orokorrak.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

B.1.– Jarduketa-esparrua mugatzea.

a) Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten eragiketa osagarriak proiektuaren mugen barruan egingo dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

b) Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko erasanik gertatuz gero, zuzenketa- eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

c) Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko eta hondakinak aldi baterako metatzeko gunea ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko moduan proiektatuko dira. Obrak hasi aurretik, aurreko kontu horien mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian. Mugaketa hori obra-zuzendaritzak baimendu beharko du, eta, aldez aurretik, ebazpen honetako Segundo.B.7 atalean aipatzen den txostena egingo du Ingurumen Aholkularitzak.

B.2.– Urak eta lurzorua babesteko neurriak.

a) Drainatze-sare naturalera ahalik eta hondakin fin gutxien isuriz egingo dira lanak. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta solido esekiei eusteko sistemak proiektatu eta, kasua horrela bada, gauzatu egingo dira, kutsa daitezkeen urak berorietara biltzeko.

Hormigoi-upelak berariaz horretarako egokitutako eremuetan garbituko dira. Hormigoi-garbiketako emultsioak ezingo dira, inola ere, ibilgura isuri. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honetako bigarren apartatuaren B.5 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

b) Obratako makinak gordetzeko eremua eta makinen mantentze-lanak egiteko tokia drainatze-sare naturaletik bereizi egingo dira. Zola iragazgaitza eta jariakinak biltzeko sistema izango dute, olioa eta erregaiak direla-eta lurzorua eta ura kutsa ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

B.3.– Zaratak, dardarak eta horien eraginak gutxitzeko neurriak.

a) Egokitzapen-faseak iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obra-jardunbide egokien multzoa aplikatu beharko da, obra-makineriaren mantentze-lan orokorrei eta zarata gutxitzeari dagokienez.

b) Zaratari buruzko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak, azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duenak, 22. artikuluan zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez aurreikusitakoaren arabera, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuak, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituenak eta arau osagarriek ezarritakora.

c) Beste aldetik, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan, obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

B.4.– Hauts-emisioak murrizteko neurriak.

a) Egokitzapen-lanek dirauten bitartean, bideak eta ibilgailuak igarotzeko beste lekuak garbitzeko kontrol zorrotza burutuko da, bai obrek erasandako ingurunean, bai horietarako sarbideetan. Beharrezkoa izanez gero, aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko sistema bat edukiko da.

b) Ibilgailuak garbitzeko elementuak jarriko dira obra-guneen irteeran. Gailu horien ezaugarriak eta kokaleku zehatza eta bildutako uren kudeaketa ebazpen honen bigarren apartatuaren B.8 puntuak aipatzen duen agirian jaso beharko dira.

c) Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

B.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

a) Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, hau da, obra-lekuak prestatzeko lanetatik sortzen direnak, bilgarriak, baztertzen diren lehengaiak eta garbiketa-lanetako soberakinak, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikagarri diren araudi zehatzetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta baliarazteko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

b) Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat gehitu beharko du oinarrizko proiektuetan eta obra gauzatzeko proiektuetan; azterlan horrek, I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gainera, kontratistak plan bat prestatuko du, eta, han, azalduko du nola beteko dituen obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak. Plan hori obraren kontratu-agiriei erantsiko zaie.

c) Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte; ontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aipatutako edukigailuak edo ontziak etiketatu egin beharko dira argi eta irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, indarreko araudiaren arabera.

d) Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.

e) Erabilitako olioak aldi baterako biltegiratzea, hau da, baimendutako kudeatzaileak biltzen dituen arte, ontzi edo segurtasun-sistema batean gordetako biltegietan egingo da, horrela biltegi nagusiak haustura edo galeraren bat izanez gero olioa sakabanatzea saihesteko.

f) Hondakinen kudeaketari buruzko araudia betetzeko xedez, lan desberdinetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

g) Aurrekoaren arabera, berariazko gune bat atonduko da eta bertan jarriko dira hondakin arriskutsuak (olio-latak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar) aldi baterako bilduko dituzten instalazio estaliak. Horiez gainera, eta bereiz, hondakin inerteak biltzeko berariazko edukiontziak jarri behar dira. Edukiontzi horiek itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurtze edo lurruntze bidez edukirik ez galtzeko. Orobat, obrak egiten ari diren bitartean sortzen diren hondakinak biltzeko elementu estankoak (bidoiak eta abar) instalatu behar dira; elementuok hondakin moten arabera bereizi behar dira. Gero hondakinok aurrean aipatutako gune garbira eramango dira.

h) Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak txosten horretan sartu beharko dira.

B.6.– Garbiketa eta obra-akabera.

Behin obra amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko.

B.7.– Ingurumen-arloko aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Lanen Zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

B.8.– Lan-programa diseinatzea.

Kontratistak ekintza-proposamen xehatu batzuk egin beharko ditu ondorengo azpi-apartatuetan adierazitako alderdiei buruz. Proposamen horiek ebazpen honetan kasu bakoitzerako ezartzen diren irizpideen arabera diseinatuko dira. Obra zuzendaritzak espresuki onetsi beharko ditu eta lanak burutzeko programan txertatuko dira. Honako hauek dira dokumentuak:

a) Kontratistaren instalazio-eremuen lokalizazioari eta ezaugarriei eta hondakinak aldi baterako biltegiratzeari buruzko xehetasunak, ebazpen honen Bigarrena.B.1 apartatuan aurreikusitakoarekin bat etorriz.

b) Ebazpen honen Bigarrena.B.4 apartatuan aurreikusitako ibilgailuak garbitzeko gailuen xehetasunak eta kokapena.

c) Obretan sortutako eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa-plana, ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

B.9.– Jardunbide egokiak kontrolatzea obretan zehar.

Obrak egin bitartean jardunbide egokiak egiten direla kontrolatuko da, eta arreta berezia jarriko zaie eragindako eremuari eta ingurune urtarraren babesari, hondakinen kudeaketari (hondeaketako soberakinak barne), solido esekiei eusteko elementuen funtzionamenduari, egiten den hautsari eta zaratari, eta ebazpen honetan adierazitako gainerako alderdiei.

B.10.– Obra-amaierako txostena.

Sustatzaileak obraren amaierako txostena bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari; obrak egin bitartean izan diren gertaeren berri emango du bertan, eta Ebazpen honetan nahiz ingurumen-inpaktuaren azterlanean jasotako neurri babesle eta zuzentzaileak zenbateraino betetzen diren azalduko du, eta ingurumen-organoak hondeaketa-materialak behar bezala kudeatzeko ezarritako neurrien berri ere emango du.

Horrekin batera, eta hala badagokio, proiektua gauzatu bitartean sartutako aldaketak xehetasunez dokumentatu beharko dira aipatutako txostenean, eta ingurumenaren gaineko eraginaren ikuspegitik duten justifikazioa azaldu ere bai. Halaber, eraikuntza-fasean ingurumen-arloan eginiko behaketa-programaren emaitzak eta hondeaketa-materialen erabilera zehatza dokumentatu behar dira, material horien kuantifikazio eta ezaugarriei buruzko datuak barne hartuta.

Hirugarrena.– Berango 2004 Servicios Logísticos SLk Oiartzun udal-mugartean (Gipuzkoa) hondakin arriskutsuen kudeaketa-jarduera ustiatzeko baldintza eta betekizun hauek ezartzea:

A) Administrazioarekiko harremanen arduraduna.

Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Urriaren 23ko APM/1040/2017 Aginduarekin bat etorririk, zeinak Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen III. eranskinean jasotako jardueretan nahitaezko finantza-bermea eratzea noiztik eska daitekeen ezartzeaz gainera, aipatutako agindu horren eranskina aldatzen baitu –ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren bidez 1. eta 2. lehentasun-mailakotzat sailkatzen dira–, Berango 2004 Servicios Logísticos SLk finantza-berme bat izango du garatutako jarduerak berarekin daraman ingurumen-erantzukizunari aurre egitea ahalbidetzeko. Berme horren zenbatekoa Berango 2004 Servicios Logísticos SLk proposatuko du, 2090/2008 Errege Dekretuak, abenduaren 22koak, ezartzen duen metodologiaren arabera.

C) Hiruehun eta hogeita hamar mila (330.000) euroko fidantza jartzea, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 20. artikuluaren 4.b) letran xedatutakoari jarraikiz. Fidantza horren zenbatekoa zehazten da, hondakinak tratatu eta biltegiratzeko gehieneko gaitasunen arabera.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.

Jarritako fidantza ez da itzuliko, Ingurumen Sailburuordetzak Berango 2004 Servicios Logísticos SLk sustatutako hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduera uztea baimendu arte edo dagokionean jarduera uzteko finkatutako baldintzak bete arte; baldintza horiek, betiere, lurzoruaren kalitate-adierazpenean ezartzen diren betekizunak barne hartuko dituzte.

D) Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala gauzatuko dira:

D.1.– Hondakinak jaso, manipulatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Baimen honek Ebazpen honetako D.1.1 apartatuan zehazten diren kanpo-hondakinen kudeaketa-jarduera bakarrik hartzen du babespean. Berango 2004 Servicios Logísticos SLk kasuan kasuko apartatuan identifikatuta dauden EHZ kodeei dagozkien hondakinak bakarrik kudeatu ahal izango ditu lehen aipatu diren tratamendu-prozesuetako bakoitzean.

Instalazioan ezin izango dira tratamendurako onartu ebazpen honetan adieraziez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, adieraziez bestelako hondakinak tratatzeko, beharrezkoa izango da Ingurumen Sailburuordetzaren onarpena lortzea aldez aurretik, ebazpen honetako Hirugarrena.H apartatuan ezartzen den aldaketa-araubidea betez.

D.1.1.– Hondakin onargarriak.

Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak ondorengo Europako Hondakinen Zerrendako EHZ kodea duten hondakin hauek tratatu ahal izango ditu. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EB Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EB Zuzentarauan xedatutakoa betez). Halaber, aipatutako erabakiaren arabera emango zaie hondakinei dagokien kodea eta sailkapena, baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera ere. Erregelamendu horrek ordezten du Europako Parlamentuaren eta Batzordearen hondakinei buruzko 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina, zuzentarau jakin batzuk indargabetzen zituena. Hortaz, ondoren adierazten diren hondakin hauek baino ez dira onartuko:

(Ikus .PDF)

D.1.2.– Hondakinen sarrera-kontrola.

Instalaziora balorizatzeko iristen diren hondakinen kontrola egin beharko da, ebazpen honetako baldintzekin bat instalazioan onargarriak direla bermatzeko.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, beharrezkoa izango da kudeatu beharreko hondakinak zabaltzeko Ingurumen Sailburuordetzaren onarpena lortzea.

Instalazioan tratatzea aurreikusten den hondakin-jatorri berri bakoitzeko, eragileak tratamendu-kontratua bete beharko du, IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), non, hala badagokio, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena jasoko baita.

Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak tratamendu-kontratua bidaliko dio hondakinaren titularrari, non ezarriko baitira baldintzak eta, hondakina ematen ez bada, iraungitze-data. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik analizatu beharreko parametroak.

Beste autonomia-erkidego batzuetatik eratorritako hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko da.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen baitako hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioak aintzat hartuta, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoak betetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak ebazpen honen babesean emandako tratamendu-kontratu baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du dokumentu hori. Berango 2004 Servicios Logísticos SLk ezingo du kudeatu beharreko hondakin arriskutsurik jaso, organo honek aldez aurretik tratamendu-kontratua baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 egun naturaleko epean egin beharko da, kontratua jasotzen denetik hasita. Epe hori igarota, ez bada izan posizionamendu berariazkorik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko tratamendu-kontratuan, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen deskribapena eta, hondakina ematen ez bada, iraungitze-data.

Era berean, baldin eta hondakina onartzeko baldintzen jarraipena egitean ikusten bada baldintzak ez direla bete eta, beraz, partida ez dela onartu, berehala jakinarazpen bat bidali beharko zaio organo honi, posta elektroniko bidez (ippc@euskadi.eus), honako hauen berri emanez:

– Baztertzeko arrazoia.

– Beste kudeaketa-bide bat ala hondakina bidaltzaileari itzultzea proposatzen den.

– Baldin eta beste kudeatzaile bati bidaltzea proposatzen bada, baitezpadakoa izango da dagokion tratamendu-kontratua aurkeztea, betiere lekualdaketa egin aurretik.

– Baldin eta ekoizleari itzultzen bazaio, identifikazio-agiriko gorabeheren apartatuan jaso beharko da gertakari hori, eta lekualdaketaren data eman.

Onartu ez den partida beste autonomia-erkidego batetik badator, jatorrizko ingurumen-organoari ere jakinarazi beharko zaio.

Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatu asmoz, Berango 2004 Servicios Logísticos SLk hondakinen onarpen-parametroak egiaztatzea ahalbidetuko duten baliabide teknikoak eta giza baliabideak izan beharko ditu uneoro. Onarpena baldintzatzen duten parametro horiek ezartzea, kasu guztietan eta hondakin-partida bakoitzerako, metodo homologatuaren bidez egingo da; zentroaren langile taldeko kide den laborategiko buru batek gainbegiratu beharko du eta espezializatutako tituluduna izan beharko da.

Hondakin bat ezin bada onartu, zeinaren EHZ kodea hondakin baimenduen artean baitago, tratamendu negatiboaren kontratu bat egin beharko da, hondakin horiek kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.

D.1.3.– Zamalanak.

Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta, orobat, beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

Plantan hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da kontrolik gabeko emisiorik edo emisio lausorik ez egoteko, edo, bestela, emisio horiek ahalik eta txikienak izateko. Alde horretatik, ekipoen estankotasuna ziurtatzea ere garrantzitsua izango da.

Hondakin arriskutsuen zamalanak egitean, gai arriskutsuak manipulatzeko eskatutako segurtasun-baldintzak bete beharko dira.

D.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

Plantan geroago kudeatzeko biltegiratu behar diren hondakinak gaika sailkatuko dira, konposizioa eta kodea kontuan hartuta. Horretarako, aldez aurretik karakterizazioa egin beharko da, ziurtatzeko ezen batera biltegiratzeak ez dakarrela arriskua areagotzerik, ezta azken buruko kudeaketa zailtzerik ere.

Nahitaez bete beharko dira hondakin arriskutsuak ontziratu eta etiketatzeari buruzko jarraibideak, indarreko araudian jasotakoak. Halaber, Europako Hondakinen Zerrendan –Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaz onartutakoan– ezarri kodearen arabera identifikatu beharko dira hondakinak. Erabaki horren bitartez aldatu zen hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauari jarraikiz.

Hondakinak aldi baterako biltegiratzeko instalazioetan, hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuak lurzoru estankoa izango du, eta beharrezkoak diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo gai arriskutsuen beste ibilgailu batzuetara hurbildu gabe.

Hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzeko instalazioak estalkia izan beharko du, ez dadin iragaz prezipitazio atmosferikorik bat ere. Halaber, lurzoru estankoak izango ditu, eta behar diren maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, isuriok kutxatila itsurantz edo bilketa-putzurantz bideratzeko. Gainera, aurreikus daitezkeen hondakin arriskutsuen balizko isurien adinako edukiera izango dute horiek.

Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratutako hondakinek likido sukoiak eta erregaiak eta likido korrosiboak biltegiratzearen inguruan indarrean dagoen arautegian ezartzen diren exijentziak bete beharko dituzte, baita suteen prebentzio- eta babes-arauak ere, eta behar bezala identifikatu beharko dira ezagutu eta bereizi ahal izateko.

Isuriak eragin ditzaketen hondakin arriskutsuak kubeta independenteetan biltegiratuko dira, eta, betiere, elkarrekin bateragarriak diren hondakinak dituzten ontzietara bideratuko da kubeta bakoitza. Isuriak biltzeko kubetek zoru eta horma iragazgaitzak izango dituzte, erabat estankoak direnak. Kutxatila horietan biltzen diren efluenteak instalazioko arazte-sistemara birbideratu beharko dira, egoki kudeatzeko.

Baimen honi loturiko hondakin arriskutsu ontziratuak gune bereizietan biltegiratuko dira, motaren arabera identifikatuta. Kudeatzeko jasotzen diren hondakin arriskutsuen biltegiratzeko gehieneko gaitasuna 652 m3-koa da, honela banaturik:

(Ikus .PDF)

a) Kanpoalderako aireko hiru andela, pareta bakarrekoak, 3.800 mm-ko diametrokoak eta 9.505 mm-ko altuerakoak, 102 m3 inguruko edukiera metatuarekin, eta pareta bakarreko andela bat, 3.750 mm-ko diametrokoa eta 7.500 mm-ko altuerakoa, 82 m3-ko edukierarekin.

b) Aireko zortzi andela, pareta bakarrekoak, 2.750 mm-ko diametrokoak eta 8.420 mm-ko altuerakoak, 33 m3 inguruko edukiera metatuarekin.

Hondakin arriskutsuak ezingo dira sei hilabetetik gora biltegiratu.

Indarraldiaren arabera, Berango 2004 Servicios Logísticos SLk eta enpresak bidalitako hondakin arriskutsuen kudeatzaile hartzaileen artean hitzartutako tratamendu-kontratuen indarraldia aldizka egiaztatu beharko da Ingurumen Sailburuordetzaren aurrean. Hondakinak hartuko dituzten kudeatzaileak ez badaude Espainiako Estatuan kokatuak, mugaz haraindiko lekualdatzeak arautzen dituen araudi komunitarioa bete beharko da.

Hondakinak desagertu edo galdu egingo balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Oiartzungo Udalean.

Instalazioaren etenaldi teknikoaren egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak B.7.1 apartatuan adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eramateko.

Baimen honi loturiko hondakin arriskutsu ontziratuak gune bereizietan biltegiratuko dira, motaren arabera identifikatuta.

Aldi baterako biltegiratzeko jardueran sortutako efluente oro, ur beltzak izan ezik, bereizita jaso beharko da, eta haren ezaugarrien arabera behar bezala kudeatu, eta ezin izango da sarera isuri.

D.1.5.– Kudeatutako hondakinen datuen erregistroa.

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Berango 2004 Servicios Logísticos SLk formatu fisiko edo telematikoko artxibo kronologiko bat eduki beharko du, non jasoko diren, hurrenkera kronologikoan, hondakinen kopurua, mota, jatorria, helmuga eta hondakinak tratatzeko metodoa, eta, egoki den kasuan, garraiobidea eta bilketa-maiztasuna. Ukatu egin diren hondakinen kasuan, kantitatea, ukatu den hondakinaren enpresa ekoizlea, uko egin izanaren arrazoia, ukatu den hondakinaren azken norakoa eta beste gertakari batzuk jakinaraziko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.

Artxibo kronologiko hori hiru urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz, urte bakoitzeko martxoaren 1a baino lehen aurkeztu beharko da artxibo kronologikoan jasotako informazioaren memoria laburra, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

D.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Baldin eta kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetakoak badira, Hondakinen Lekualdaketei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko da.

Horrez gain, aurreikusten bada hondakindegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen destinoko instalazioan aurreikusitako balorizazio- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

D.2.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

D.2.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

D.2.1.1.– Baldintza orokorrak.

Berango 2004 Servicios Logísticos SLren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira emisio atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara igortzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango emisio ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko emisioak egiteko probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren arabera sortzen diren aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Instalazioaren titularrek bete beharko dituzte abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak (atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituena) 5. artikuluan jasotako eskakizunak.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, Ingurumen Sailburuordetzari epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

D.2.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Berango 2004 Servicios Logísticos SLren hondakin-kudeaketako instalazioak foku konfinatu hauek ditu: 09 10 09 50 jarduera (biltegiratzea edo manipulazio-eragiketak, esaterako, hondakin ez metalikoak edo hauts-itxurako hondakin metalikoak nahastea, bereiztea, sailkatzea, garraiatzea edo txikiagotzea, materialak manipulatzeko gaitasuna >= 500 t/egun dela, edo >= 10 t/egun, hondakin arriskutsuetan) eta 09 10 01 02 jarduera (Industriako hondakin-uren/-efluenteen tratamendua. Tratamendu-gaitasuna egunean 10.000 m3-koa baino txikiagoa duten instalazioa). Jarduerok atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuko katalogoan jasota daude:

(Ikus .PDF)

Foku ez-sistematiko horietariko bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada igorpenen iraupen orokorra, igorpen-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

D.2.1.3.– Igorpenen muga-balioak.

Instalazioa ustiatzean, atmosferara egiten diren igorpenetan, ez dira gaindituko igorpenen muga-balio hauek:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Igorpen-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuko 9. artikuluak arautzen duena beteko da.

Ikusten bada igorpenen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, aplikatu behar diren neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

D.2.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuko D.2.2.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Sekzioek eta lagin-puntuen kokapenak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez argitaratutako jarraibide teknikoetan ezarritakoa bete beharko dute.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusita dauden zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoak bete beharko dira.

Emisio lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesei antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

D.2.1.5.– Usainei buruzko baldintzak.

Instalazioaren titularrak usainek eragindako eragozpenak minimizatu beharko ditu. Hala badagokio, eskumena duen organoak egoki iritzitako prozesuen igorpenak hartzeko eta arazteko eskatu ahal izango dio instalazioaren titularrari.

Instalazioaren Usainak Prebenitzeko Plana egin beharko da. Besteak beste, jarraibide hauek bete beharko dira:

– Iturri zehaztuak eta zehaztugabeak identifikatu beharko dira, eta horien usain-igorpenak karakterizatu beharko dira.

– Balizko usain-arazoak prebenitzeko aplikatu behar diren prebentzio-neurriak aztertu beharko dira.

– Usain-arazoak gertatzen direnerako zuzenketa-neurriak aztertu eta garatu beharko dira.

D.2.2.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

D.2.2.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

(Ikus .PDF)

D.2.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emariak eta bolumenak.

(Ikus .PDF)

D.2.2.3.– Isurketaren muga-balioak.

Añarbeko Uren biltodira egindako isurien parametroak Añarbeko Uren araudian ezarritakoak izango dira, instalazioko urak bertara isurtzen direnez. Jarraian zehaztuko dira, eta betiere kontuan hartu beharko da Batzordearen abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen-Erabakian argitaratu zena (hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri zituen), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera. Hauek dira horietako bakoitzaren muga-balioak:

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketaren muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, aipatutako arauak eta kalitate-helburuak isurketaren ondorioz urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen horrek ez du baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzien isuria onartzen, batez ere maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen diren substantzia arriskutsuak. Errege Dekretu horren bidez, apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretua, abuztuaren 2ko 29/1985 Legearen, urei buruzkoaren atariko titulua eta I., IV., V., VI. eta VIII. tituluak garatzen dituen Jabari Publikoko Urguneen Erregelamendua onartzen duena, aldatzen da.

D.2.2.4.– Arazketa- eta ebakuazio-instalazioak.

Arazketa-instalazioek edo hondakin-urak zuzentzeko neurriek funtsean jarduera hauek hartuko dituzte barnean:

– Industria-urak instalazioko araztegian tratatzeko dira. Aipatu araztegiak tratamendu fisiko-kimikoa du, baita biologikoa ere, zisternen edo edukiontzien garbiketa-uretan edo hondakin arriskutsuen kudeaketan.

– Ur sanitarioak zuzenean isurtzen dira Lintziringo ur beltzen biltodira, aurretik inola ere tratatu gabe.

– Zisternetan, aurretratamendurako andeletan, ibilgailuetan, etab., erortzen diren euri-urak, kutsatuta egon daitezkeenez, hidrokarburoen dekantagilu eta bereizle batetik igarotzen dira, Lintziringo euri-uren biltodira isuri aurretik. Lehen aipatu ur zikinez gain, pabilioiaren estalkiko euri-ur garbiak ere bertara isurtzen dira.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla ikusiz gero, Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan isurketak baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Aurkeztutako agirien arabera, isuriak kontrolatzeko kutxatila bat jarriko da baimendutako hondakin-ur mota bakoitzerako, eta isurien lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango ditu kutxatila horrek. Administrazioak egoki deritzonean ikuskatzeko sarbide zuzena duen lekuan kokatuko dira kutxatilak.

D.2.3.– Instalazioan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

D.2.3.1.– Hondakin guztientzako baldintza orokorrak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira euren izaera eta helburu egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Kogenerazioa-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Ezertan eragotzi gabe Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu edo galdu egingo balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Oiartzungo Udalean.

Sortutako hondakinak beste erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

D.2.3.2.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzean jasotzen da. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumeneko Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balorizatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi eta arriskutsuago bihurtu daitezkeen edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Gainerako hondakin arriskutsuak ezingo dira 6 hilabete baino gehiago biltegiratu. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela;agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da; agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Berango 2004 Servicios Logísticos SLk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuak xedatuaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta Toki Erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak poliklorobifeniloak (PCB) dituzten edo izan ditzaketen aparatuak dauzkan bitartean, horiek behar bezala kudeatzeko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten aparatuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen horretan, eta hori aldatu zuen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretuan adierazitako baldintzak bete behar izango ditu.

k) Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak Europako Parlamentuak eta Kontseiluak ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean 2009ko irailaren 16an eman zuen 1005/2009/EE zenbakiko Erregelamenduak adierazten dituen substantzia erabiliak baldin baditu, horiek berreskuratu egingo dira, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz deuseztatzeko; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko dira, aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

l) Berango 2004 Servicios Logísticos SLk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kantitatea, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.

m) Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zein hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea baita, Berango 2004 Servicios Logísticos SLk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatu legearen garapenerako araubideak ez badu Berango 2004 Servicios Logísticos SL hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

o) Baldin eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Berango 2004 Servicios Logísticos SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

p) Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuak, Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzekoak, xedatzen duenari jarraituz, Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira f) eta g) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta m) eta o) letretan aipatutakoak, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

q) Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, Berango 2004 Servicios Logísticos SLk 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzkoa) 3. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

D.2.3.3.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) Hirugarren apartatuaren D.2.3.1 azpiapartatuan xedatutakoarekin bat, hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina baloratzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzien hondakinak materialen arabera egoki bereizita entregatu beharko zaizkio agente ekonomiko (hornitzaile) bati, berrerabiliak izan daitezen, ontzi erabilien kasuan; edota berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati, ontzien hondakinen kasuan.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizatzea denean, berriz, bi urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Berango 2004 Servicios Logísticos SLk erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira, hiru urtean gutxienez.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

g) Baldin eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen Legea) lehen xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Berango 2004 Servicios Logísticos SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

h) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta ingurumena zaintzeko programa, urte egokikoa, bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

i) Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan (Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena) xedatutakoari jarraituz, e), f) –kudeatzaileak EAEkoak direnean–, g) eta h) letretan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

D.2.4.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Behar diren neurri guztiak ezarriko dira, indize akustiko hauek gainditu ez daitezen:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezkoa den garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula: Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran bete beharreko zarata-mailak.

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardun-modu bat baldin badago, gainerako jardueretatik nabarmen bereizia dagoena, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Jardueraren funtzionamendutik, zuzenean nahiz zeharbidez, eratortzen diren efektu gehituek gainditzen dituztenean Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuak 14. eta 16. artikuluetan zehazten dituen kalitate akustikoko helburuak, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokionez, behar besteko neurriak hartu beharko ditu jarduerak gainditze hori gerta ez dadin.

c) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

D.2.5. - Lurzorua babesteari dagozkion baldintzak.

a) Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak ezohiko jarduneko prebentzioari eta esku-hartzeari buruz ebazpen honen Hirugarrena F.4. apartatuan jasotako neurriak, eta hondakinak biltegiratzeari eta horien zamalanei buruz Ebazpen honetan jasotako neurriak hartuko ditu.

b) Halaber, 9/2005 Errege Dekretuan, urtarrilaren 14koan, 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, eta 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan, abenduaren 16koan, xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak egikaritzeko, 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena:

http://www.euskadi.eus/lurzoruaren-egoerari-buruzko-aurretiazko-txostena-egiteko-prozedura/web01-s2ing/eu/

Betiere, sustatzaileak lurzoruen agiri bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen lan egiten duen erakunde akreditatu batek egina. Agiri horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko agiriak. Aurrerantzean ere, emandako dokumentuak aldatu edo dokumentu berriak eman behar balira, lurzoruen dokumentu berri bakar bat bidaliko da.

c) Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

– Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuan ebazten duenarekin bat etorriz, jardueraren sustatzaileak hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, etab.) karakterizatu beharko ditu, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

– Hondeaketa horretan hondeatutako materialek 500 m3 gainditzen badituzte, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du; planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plan hori, betetzen hasi aurretik.

– Hondeatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, informazio hau eman beharko da aldaketaren jakinarazpenean: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

– Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu ondoren.

– Oro har, irizpide hauek hartuko dira aintzat:

Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, gidaren 10.2.6 apartatuan (hondeatu behar diren lurzoruetan «in situ» egindako laginketa) biltzen diren hondeatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

– Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoak, ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketa egitea instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumen-zaintzako programa:

E.1.–Igorpen atmosferikoak kontrolatzea.

E.1.1.– Kanpo-kontrolak.

a) Berango 2004 Servicios Logísticos SLk emisio hauen kontrola egin beharko du:

(Ikus .PDF)

b) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, 212/2012 Dekretuan, urriaren 16koan, ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) letran azaldutako igorpen-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batezbesteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, igorpen bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programan justifikatu beharko da.

d) 04. fokua kontrolatzeko, ingurumena zaintzeko programaz gain, karbonozko iragazkia kolmatatu eta eraginkor ez egotea ekiditeko mantentze-prozedura bidaliko da. Iragazkiko karbonoan egin diren aldaketak erregistratuko dira, eta aldaketa egiteko erabili diren irizpideak ere bai.

E.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

a) Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua eta Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskina.

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

E.2.– Saneamendu-sarera isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

*Batzordearen 2018/1147 (EB) Betearazpen-Erabakia, 2018ko abuztuaren 10ekoa, zeinaren bidez ezartzen baitira hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldian egingo dira beti.

c) Isuriak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek ebazpen honen hirugarren apartatuko D.2.2.3 azpiapartatuan ezarritako mugak betetzen dituztenean.

d) Parametro horiei dagokienez, neurketen aldizkakotasuna Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen-Erabakiaren araberakoa izango da. Erabaki horren bidez ezarri ziren hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

(Ikus .PDF)

*Monitorizazioa aplikatu daiteke, baldin eta kasuan kasuko substantziari garrantzia aitortu bazaio hondakin-uren inbentarioan. Nahigabeko isurketak egiten badira, monitorizazio-maiztasuna murriztu egin ahalko da, ibaian beherago kokatutako hondakin-uren tratamendu-instalazioak kasuan kasuko hondakinak desagerrarazten baditu.

e) Berango 2004 Servicios Logísticos SLk barne-kontrolak egin beharko ditu arazte-prozesuaren sei puntutan, isuriaren parametroak kontrolpean izateko arazte-prozesuan zehar.

E.3.– Jardueraren adierazleen kontrola.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

E.4.– Zarataren kontrola.

a) Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo adierazle akustikoen ebaluazioa egingo da hiru urtez behin zarata transmititzeko arriskurik handiena dagoen aldean neurketak eginez. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Dena dela, ingurumen-organoak zainduko du ezen ebaluazioak egiten dituzten erakundeek badutela gaitasun tekniko egokia.

c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan eta urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren (zonifikazio akustikoari, kalitatearen helburuei eta igorle akustikoei dagokienez, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) IV. eranskinean ezarritakora egokituko dira.

E.5.– Lurzoruaren eta lurrazpiko uren kontrola.

a) Ebazpen honen hirugarren apartatuaren D.2.5 puntuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruarekiko afekzio berri baten aukera hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren jazoerak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurraren eta lurrazpiko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– bai eta larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Tresneria eta azalerak egoera onean daudela egiaztatzen, edo, hala badagokio, horietan antzemandako hutsuneak jasotzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.

– Lurzorua edo lurpeko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren arloko araudiek galdatutako xedapenak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrari lotuta jakinarazitako baldintzen azterketen arabera zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe, Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatea kontrolatuko du, gutxienez bi zundaketa egitearen bitartez, urak eta erauzitako lur-zutabea karakterizatzeko eta horietan piezometro bana gaitzeko. Horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatuaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

E.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/

Era horretan, aipatu programan zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumeneko baimen bateratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, urtebete baino aldizkakotasun handiagoko kontrolik egiten bada, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako jazoera nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

E.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren Agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurrien eta mekanismoen efikazia egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

F) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta jardunerako baldintzak.

F.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, hirugarren apartatuaren D.2.3 azpi-apartatuan («Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

F.2.– Jarduera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea (63.122 epigrafea: Salgai arriskutsuak gordetzea eta biltegiratzea), eta Kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzeko urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Horrenbestez, Berango 2004 Servicios Logísticos SL enpresak lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedura hasi beharko du, bi hilabeteko epea agortu baino lehen, jarduera behin betiko uzten duenetik hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera utzi baino lehen, Berango 2004 Servicios Logísticos SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu ebazpen honen hirugarren apartatuaren D.2.3 azpi-apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

F.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako uztea eskatuz gero, Industriako Emisioen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Berango 2004 Servicios Logísticos SLk, aldi baterako uztearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.

F.4.– Jarduera ez-normala izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzioko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Mantentze-lan prebentiboen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Jarioak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (irazgaitzak), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), egon daitezkeen jarioak antzemateko neurriak edo gehiegi bete direneko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak beharrezkoa den maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Hobi septikoaren sistemak eta iragazki biologikoak garbitze- eta mantentze-lan egokia izango dute errendimendu ona ziurtatzeko. Aldizka enpresa espezializatu batek erretiratuko ditu pilatutako solido eta lohiak, eta iragazki biologikoaren ohantzea garbituko du, eta garbiketan arrastatutako solidoak ibilgura hustea saihestuko da.

Nabeen barruan zolak garbitzean sortutako ura tratamendu-lerrora bidaliko da edo bestela kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako jazoerak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, jariakinen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan gordeko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek baldintza batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar diren material guztien kantitate nahikoa eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.

i) Kubeten hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat edukiko da. Horri jarraituz, tratamendu-instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen produktu-isuriak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Jazoeraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere). Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gertakari mota.

– Jatorria eta zergatiak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jarduketak, halakorik balego.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isuriren bat egonez gero, SOS DEIAKi eta Oiartzungo Udalari jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, hurrengo datu hauek agertuko dira:

– Gertakari mota.

– Istripua non, zergatik eta zer ordutan gertatu zen.

– Gertakariaren iraunaldia.

– Ustekabeko isurketa gertatuz gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne.

– Muga-balioak gaindituz gero, emisioen datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Larrialdi-egoeretan babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

G) E-PRTR jakinarazpena.

Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Berango 2004 Servicios Logísticos SLk aurreko urtean atmosferara egindako igorpenei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio horren transakzioa IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabiliz egingo da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), hots, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez arautzen dira informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

H) Instalazioan aldaketak egitea.

Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hori egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan.

Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daiteke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da.

http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Organo honen onespena ere beharko da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, aipatutako urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 24a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala