Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2020ko otsailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1215

AGINDUA, 2020ko urtarrilaren 24koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez adierazten baita okupatu egin behar direla desjabetze honek eragindako ondasunak eta eskubideak: «Nerbioi Ibaiaren Goiko Arroaren saneamendurako kolektoreen proiektua, Laudioko, Orozkoko, Aiarako eta Amurrioko udalerrietan (Araba eta Bizkaia)».

Ikusi da «Nerbioi Ibaiaren Goiko Arroaren saneamendurako kolektoreen proiektua, Laudioko, Orozkoko, Aiarako eta Amurrioko udalerrietan (Araba eta Bizkaia)» proiektuari buruzko espedientea.

AURREKARIAK

1.– Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Uraren zuzendari nagusiaren 2018ko maiatzaren 11n, teknikoki onartu zen «Nerbioi Ibaiaren Goiko Arroaren saneamendurako kolektoreen proiektua, Laudioko, Orozkoko, Aiarako eta Amurrioko udalerrietarako (Araba eta Bizkaia)».

2.– Espediente horrek biltzen du proiektuak hartzen dituen ondasunen eta eskubideen zerrenda, zehatz-mehatz eta banan-banan zehaztuta eta ondo bereizteko behar beste daturekin.

3.– Proiektuaren eraginpeko lursailak okupatu behar dira, aurreikusitako azpiegiturak eraikitzeko. Horrela beteko dira hiriko hondakin-uren tratamenduari buruzko 91/271/EEE Zuzentarauan ezarritako epeak.

4.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko uztailaren 3ko Aginduaren bidez ebazten da desjabetzeko espedienteari hasiera ematea eta «Nerbioi ibaiaren goi-erroaren saneamendurako kolektore-proiektua, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrio udalerrietan (Araba eta Bizkaia)» gauzatzeko desjabetu behar diren ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea.

5.– Jendaurreko informazioaren fasea bukaturik, eta eragindako interesdun batzuek egindako eskaeraren ondorioz (beren finken afekzioak doitu nahi baitituzte), AM-23 eta AM-24 finken afekzioak doitu izan dira. Ondorioz, eraginpeko AM-25, 26 eta 27 finkak espedientearengatik desafektatu dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Plan Hidrologiko Nazionalaren uztailaren 5eko 10/2001 Legean jasota daude Nerbioi Garaiko saneamendu- eta arazketa-lanak. II. eranskinean (Inbertsioen zerrenda).

Bigarrena.– Lege horren 36.5 artikuluaren arabera, II. eranskinean aipatzen diren obra guzti-guztiak interes orokorrekoak dira, bi lege-xedapen hauetan aurreikusitako ondorioekin: Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 44.2 eta 119. artikulua, eta Nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 10. artikulua.

Hirugarrena.– Uren Legearen 130. artikuluak xedatzen duenez, interes orokorreko obra hidraulikoen proiektuak onartzeak berarekin dakarrela aitortzea onura publikokoa dela, eta eskubideak eskuratu eta ondasunak okupatu egin behar direla, nahitaezko desjabetzeari eta aldi baterako okupazioari ekin ahal izateko, dagokion legeriari jarraikiz.

Laugarrena.– Nahitaezko desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 20. artikuluak eta lege horren Erregelamenduko dagozkionek ezartzen dutenez, jendaurrean egondako epean aurkeztutakoek egindako alegazioak ikusi eta aztertu ondoren emango da okupatzearen beharrari buruzko ebazpena, eta, ebazpenean zehaztuko dira desjabetzearen eraginpeko ondasunak eta eskubideak.

Bosgarrena.– Nahitaezko desjabetzeari buruzko Legearen 21. artikuluak ezartzen du okupazio-beharrari buruzko erabakiarekin hasten dela desjabetze-espedientea.

Aipatutako lege-manuak eta horiekin bat etorri eta erabilgarri diren gainerakoak ikusita, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Erabakitzea okupatu egin behar direla proiektu hau gauzatzeko desjabetzeak eragindako ondasunak eta eskubideak: «Nerbioi Ibaiaren Goiko Arroaren saneamendurako kolektoreen proiektua, Laudioko, Orozkoko, Aiarako eta Amurrioko udalerrietan (Araba eta Bizkaia)». Ondasun eta eskubide horiek eranskinean jasota daude.

Bigarrena.– Hasiera ematea proiektuak eragindako ondasunak eta eskubideak okupatzeko nahitaezko desjabetzea egiteko espedienteari.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 24a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala