Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2020ko otsailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
HEZKUNTZA SAILA
1214

AGINDUA, 2020ko otsailaren 11koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena eta Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bitartez baimena ematen zaio «Jesuitak Politeknikoa» titulartasun pribatuko ikastetxeari, Euskal Autonomia Erkidegoan titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua izateko.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1998ko ekainaren 16ko Aginduaren bidez baimena ematen zaie Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako ikastetxe pribatuei, erdi- edo goi-mailako lanbide-heziketako prestakuntza zikloak emateko (1998ko uztailaren 3ko EHAA).

Hezkuntzako sailburuaren 2018ko irailaren 21eko Aginduaren bidez baimena ematen da «CPES Escuela de Química y Electrónica BHIP» bigarren hezkuntzako ikastetxe pribatuaren izena aldatzeko: aurrerantzean, «CPES Jesuitak Politeknikoa BHIP» bigarren hezkuntzako ikastetxe pribatua deituko da (2018ko urriaren 2ko EHAA).

Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak jarri zuen Lanbide Heziketako 3 sistemak bateratzeko oinarria: Hezkuntza-sistemaren Lanbide Heziketa, lanerako Lanbide Heziketa eta etengabeko prestakuntza, azken bi hauek enplegurako Lanbide Heziketaren sisteman txertatuta.

Bateratzeko baliabide berri gisa, legearen 11. artikuluan aurreikusten da Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak sortzea. Ikastetxe integratuak tituluak eta profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko heziketa-ekaintza guztiak eskaintzen dituzten ikastetxeak dira, administrazioek dituzten eskumenen eremuan sortu eta baimendu ditzaketenak, beti ere, legeak ezartzen dituen baldintza eta betekizunekin.

Lanbide Heziketako ikastetxe integratuen oinarrizko baldintzak arautzen dituen abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuak garatzen du Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluan ezarritakoa, eta 5. eta 6. artikuluetan, hurrenez hurren, zehazten ditu ikastetxe integratuen xedeak eta funtzioak.

Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezartzen da zer ikastetxek eman ditzaketen ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzak, 2.a) puntuan beren-beregi aipatuta Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak ezartzen ditu Lanbide Heziketako ikastetxe integratuek bete behar dituzten baldintzak, eta 8. artikuluan xedatzen du hezkuntzaren eta enpleguaren alorrean eskumena duten sailek baimen ditzaketela, batera emango duten agindu baten bidez, eta ikastetxe pribatuaren titularrak eskatuta, Lanbide Heziketako ikatetxe pribatu integratuak, dekretu honetan eta aplikagarri diren arauetan ezarritako baldintzen arabera.

Bigarren Hezkuntzako Jesuitak Politeknikoa Ikastetxe pribatuak eskatuta, Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua izateko baimen-espedienteari hasiera eman zaio. Espedientea izapidetuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoan titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxeko ikastetxe integratuak baimentzeko Enpleguko eta Gizarte Poliketako sailburuaren eta Hezkuntzako sailburuaren 2017ko martxoaren 14ko Aginduak ezartzen dituen baldintzak baieztatu eta egiaztatu ondoren,

XEDATZEN DUGU:

1. artikulua.– Titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua baimentzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 8. artikuluak ezartzen duenaren arabera, Jesuitak Politeknikoa bigarren hezkuntzako ikastetxe pribatua Lanbide Heziketako ikastetxe integratua bilakatzen da, ondorengo datu hauekin:

a) Izen generikoa: Lanbide Heziketako Ikastetxe Pribatu Integratua.

b) Izen espezifikoa: «Jesuitak Politeknikoa».

c) Kode zenbakia: 48003096.

d) Titularra: «Colegio Nuestra Señora de Begoña Provincia de España Compañía de Jesús».

e) Helbidea: Areilza Doktorea 32.

f) Herria: Bilbao.

g) Udalerria: Bilbao.

h) Lurralde historikoa: Bizkaia.

«Jesuitak Politeknikoa» Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua, hasierako lanbide heziketaren irakaskuntzei dagokienez, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publiko integratu bati atxikituko zaio.

2. artikulua.– Heziketa-eskaintza eta ikasleak.

1.– Hauek izango dira ikastetxeak bere prestakuntza-jardueretan sartuko dituen irakaskuntzak: hasierako Lanbide Heziketari dagozkionak, enplegua hobetzeko ekintzei dagozkienak, eta bizialdi osoko irakaskuntzari dagozkionak, lanean dabilen langileriarentzat direnak. Jarduera hauek lan-ingurunearen premiei erantzun behar diete, beti ere sailen eta organo eskudunen baimena izanik.

2.– Apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 2. artikuluaren 3. puntuan adierazitakoaren arabera, lanbide-heziketako ikastetxe integratuek, baimenduta dituzten lanbide-familia edo -arloei dagozkien prestakuntza-eskaintzaz gain, lanbide-informazio eta -orientazioko zerbitzuak ere eskainiko dituzte, eta, hala badagokio, berariazko araudian zehazten denaren arabera, baita beste ikaskuntza ez-formal batzuen bidez edo lan-eskarmentuaren bidez –kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren sistema nazionalaren esparruan– lortutako gaitasuna ebaluatzeko zerbitzuak eta kalitatezko prestakuntza, enplegagarritasuna, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen duten beste zerbitzu batzuk ere.

3. artikulua.– Hezkuntza-administrazioak baimendutako irakaskuntzak.

1.– Lanbide-arloa: Elektrizitatea eta elektronika.

a) «Instalazio elektrikoak eta automatikoak», erdi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: 2 ziklo.

b) «Mantentze-lan elektronikoak», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

2.– Lanbide-arloa: Kimika.

a) «Analisiko eta kalitate-kontroleko laborategia», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera: ziklo 1.

b) «Ingurumen kimika», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera ziklo 1.

c) «Kimika industriala», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera ziklo 1.

3.– Lanbide-arloa: Osasungintza.

a) «Laborategi kliniko eta biomedikoa», goi-mailako heziketa-zikloa. Edukiera ziklo 1.

4. artikulua.– Lanbide-administrazioak baimendutako irakaskuntzak.

1.– Lanbide-arloa: Elektrizitatea eta elektronika.

a) «Ekipo elektronikoen zainketa», profesionaltasun-ziurtagiria.

b) «Eraikinetan telekomunikazio-azpiegiturak muntatzea eta mantentzea», profesionaltasun-ziurtagiria.

c) «Automatizazio-sistema industrialen muntaketa», profesionaltasun-ziurtagiria.

d) «Datu-sare lokaletako telefonia-sistemak eta azpiegitura muntatzea eta mantentzea», profesionaltasun-ziurtagiria.

e) «Eraikinetan instalazio elektronikoak eta telekomunikazioetakoak muntatzeko eragiketa osagarriak», profesionaltasun-ziurtagiria.

f) «Ekipo elektriko eta elektronikoen muntatzeko eta mantentzeko lanetako eragiketa lagungarriak», profesionaltasun-ziurtagiria.

2.– Lanbide-arloa: Informatika eta komunikazioak.

a) «Web teknologiak erabilita aplikazioak garatzea», profesionaltasun-ziurtagiria.

3.– Lanbide-arloa: Kimika.

a) «Analisi kimikoa», profesionaltasun-ziurtagiria.

b) «Saiakuntza fisikoak eta fisiko-kimikoak», profesionaltasun-ziurtagiria.

c) «Saiakuntza mikrobiologikoak eta bioteknologikoak», profesionaltasun-ziurtagiria.

d) «Kimika-instalazioaren kudeaketa eta kontrola», profesionaltasun-ziurtagiria.

e) «Kimika-industria eta laborategietako eragiketa osagarriak eta biltegikoak», profesionaltasun-ziurtagiria.

f) «Kimika-instalazioko oinarrizko eragiketak», profesionaltasun-ziurtagiria.

g) «Produktuak mugitzeko eta entregatzeko eragiketak industria kimikoan», profesionaltasun-ziurtagiria.

h) «Energia-instalazioetako eta zerbitzu-osagarrietako eragiketak», profesionaltasun-ziurtagiria.

i) «Kimika transformatzaileko prozesuen antolamendua eta kontrola», profesionaltasun-ziurtagiria.

4.– Lanbide arloa: Segurtasuna eta ingurumena.

a) «Ingurumen-kudeaketa», profesionaltasun-ziurtagiria.

b) «Hiri- eta industria- hondakinak kudeatzea», profesionaltasun-ziurtagiria.

5. artikulua.– Gobernu-partaidetza eta koordinazio-organoak.

1.– Titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak, gutxienez, pertsona bakarreko gobernu-organo hauek izango ditu: zuzendaria, ikasketa-burua eta idazkaria.

2.– Era berean, kide anitzeko partaidetza-organo hauek izango ditu: gizarte kontseilua eta irakasleen klaustroa.

6. artikulua.– Aldatzea edo baliogabetzea.

Baimena aldatzeko edo baliogabetzeko, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuko 8.5 artikuluan eta 2017ko martxoaren 14ko Aginduaren 10. artikuluan xedatutakoa jarraituko da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gizarte kontseilua eratzea.

Irakasleen klaustroa eratu ondoren, ikastetxearen zuzendaritzaren ekimenez, gizarte kontseilua osatu eta martxan jartzeko behar diren jarduera guztiak egin beharko dira ikastetxea integratua bilakatu eta gehienez urtebeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ondorioak.

Agindu hau indarrean jarriko da 2020-2021 ikasturte hasieran.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aukeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari edo Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari hilabeteko epean, ala administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien salan bi hileko epean. Errekurtsoak aukezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 11.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala