Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2020ko otsailaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1213

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 12koa, Industriako sailburuordearena, zeinaren bidez plazaratzen baita krisi-egoeran dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzen 2020ko ekitaldiko deialdia.

2017ko urriaren 17ko Aginduak Bideratu Berria izeneko programa arautzen du (2017ko urriaren 24ko EHAA, 203. zk.). Programa horren bidez, krisialdiak jotako enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak arautzen dira.

Aipatutako aginduaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, krisi-egoeran dauden enpresak berregituratzeko eta bultzatzeko laguntzak emateko 2020ko ekitaldirako deialdia egin behar da, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak eman behar dira.

Horrenbestez, aipatutako aginduaren 10. artikuluan xedatutako ahalmena erabilita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 17ko Aginduan xedatutako laguntzen 2020ko ekitaldiko deialdia egitea; laguntza horiek aurrerakin itzulgarrien eran emango dira (agindu horren bidez, krisialdiak jotako enpresak berregituratu eta bultzatzeko laguntzak ezartzen dira).

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekonturik badagoenez, eta Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren IX. tituluan aurrekontu-luzapenaren erregimenari buruz ezarritakoaren arabera (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartua), kreditu nahikoa dago deialdi honetara bideratzeko. Gauzak horrela, 2.600.000 euro dira 1. artikuluan azaldutako xedera bideratzen diren baliabide ekonomikoak.

Deialdi honi lotuta emango diren laguntzen zenbateko osoa ez da izango artikulu honetan finkatutako diru-kopurutik gorakoa, edo, indarrean dagoen legeriari jarraituz, kredituen arteko loturarik edo aurrekontu-aldaketarik badago, eguneratutakoan sortutako kopurutik gorakoa. Aipatutako zenbatekoa agortzen bada, ez da dirulaguntza gehiagorik emango, eta, beraz, handik aurrera, ebazpen honek ez du ondoriorik izango. Horrelakorik gertatuz gero, Industriako sailburuordeak horren berri emango du ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Eskabideak, aurkezteko epea eta modua.

1.– Ebazpen honetatik eratorriko eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta bestelako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak xedatutakoaren arabera.

2.– Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak bitarteko elektronikoen bidez izapidetzeko jarraibideak eta gainerako ereduak eskuragarri daude egoitza elektroniko honetan: http://www.euskadi.eus/industria. Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honen bitartez: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

3.– Deialdiko laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamuneko 09:00etan hasiko da; amaitu, berriz, 2020ko uztailaren 15eko 15:00etan, bigarren artikuluan adierazitako zenbatekoa lehenago agortzen ez bada.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 12a.

Industriako sailburuordea,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala