Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

38. zk., 2020ko otsailaren 25a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
1098

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 28koa, Justiziako sailburuordearena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen aldi baterako beharrak estaltzeko hautagai-zerrendak kudeatzeko araudia onartzen duen agindu-proiektua.

Lan eta Justizia Sailak agindu-proiektu bat egin du, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzuan aritzeko aldi baterako langile-beharrak estaltzeko hautagai-zerrenden kudeaketaren gaineko araudia onartzeko dena. Proiektu hori Xedapen orokorrak egiteko prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearen xedapenen arabera izapidetu behar da.

Horregatik, araudi horretan xedatutakoa betez, Lan eta Justiziako sailburuak eman zuen, batetik, 2020ko urtarrilaren 10eko Agindua, proiektua egiteko eta izapidetzeko prozedura hasi zuena, eta bestetik, 2020ko urtarrilaren 16ko Agindua, proiektu hori aldez aurretik onartzeko dena.

8/2003 Legearen 8.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldiaren izapidea bete beharko dute, eta, xedapenen izaerak hala eskatzen duenean, jendaurrean jarriko dira.

Proiektuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko langileen lanpostuetan aldi baterako zerbitzuak emateko langileen hautaketa arautzea.

Proposatutako araudiak lan-poltsak osatzen dituzten langileei eta herritar guztiei eragingo die; izan ere, langileen hautaketari eta lan-eskaintzen kudeaketari buruzko gaiak arautzen ditu, besteak beste, lan-poltsak eratzeko, inskribatzeko eta eguneratzeko sistemei buruzkoak, hautagaiei aplika dakiekeen araubide juridikoari buruzkoak eta haien eskubide eta betebeharrei buruzkoak, lan-eskaintzak bitarteko elektronikoen bidez kudeatzeari buruzkoak; lan-eskaintzei buruzko lehentasunak (lanaren iraupena, lanaldi mota eta eremu geografikoa) eta atari berria. Atari horretan, lan-poltsei buruzko informazio guztia egongo da eskuragarri, eta hor bideratuko da hautagaien eta Justizia Administrazioaren arteko komunikazioa.

Horretarako, proiektua jendaurrean jarriko da, Xedapen orokorrak egiteko prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera. Horretarako, hogei egun balioduneko epea ezarriko da, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Hori dela eta, Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 84/2017 Dekretuaren 4.c) eta 11. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa. – Jendaurrean jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen aldi baterako beharrak estaltzeko hautagai-zerrendak kudeatzeko araudia onartzen duen agindu-proiektua, hogei egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bigarrena. – Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, eta alegazioak aurkeztu ahal izateko, proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Lan eta Justizia Saileko Justizia Sailburuordetzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (www.euskadi.eus webgunean dago eskuragarri).

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 28a.

Justiziako sailburuordea,

DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.


Azterketa dokumentala