Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2020ko otsailaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
937

AGINDUA, 2020ko urtarrilaren 31koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuen ekonomia garatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzak, entitate pribatuei zuzenduak (Erein Pribatuak).

Landa-garapena biztanleriaren bizi-baldintzak hobetze aldera landa-eremuak hazi eta suspertzeko prozesu gisa uler dezakegu, funtsezko hainbat ardatzen bidez bideratua, hala nola, ardatz ekonomikoa, soziokulturala, ingurumenekoa, etab. Hala, Administrazio honen politikaren helburuak beti izan dira, besteak beste, biztanleen bizi-kalitatea hobetzea, euskal nekazaritzaren eta, oro har, landa-ingurunearen funtzioaniztasuna eta jasangarritasuna bermatzea eta sustatzea arlo ekonomikoan, sozialean, ingurumenekoan eta kulturalean, euskal nekazaritzaren errealitatera eta ezaugarrietara egokitutako eredua diseinatuz, despopulatze- eta abandonatze-prozesuak geldiaraziz, eta landa-munduaren eta hiri-munduaren arteko interakzioa sustatuz. Gure landa-eremuen garapenak endogenoa izan behar du, hau da, tokiko espezifikotasunari egokitua, tokiko biztanleek planifikatua, egikaritua eta administratua.

Hala landa-garapenaren helburu orokorrak, nola berariazkoak Landa Garapenari buruzko apirilaren 8ko 10/1998 Legean jaso ziren. Lege hori da, orain arte, Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren bidez, arlo horretan eskumena duen saila den aldetik, egikaritzen dituen politiken ardatz nagusia.

Beraz, sail hori izan da Euskal Autonomia Erkidegoan aspalditik kudeatzen ari diren landa-garapenerako laguntzen deialdiak bultzatzen dituen organoa. Beste behin ere, eta beharrezko, bidezko eta ezinbestekoa den landa-garapen horretan laguntzen jarraitzeko, 2020ko ekitaldirako laguntza-deialdia egin da, landa-ekonomia dibertsifikatzeko, eremu horretan enplegua sustatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak garatzeko.

«Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanaren arabera G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuei zuzenduta dago agindu hau (http://www.euskadi.eus/eaeko-landa-eremuak-zehaztea-2015-2020/web01-a2lanits/eu/), eta bertan ezartzen diren eskakizunak betetzen dituzten entitate pribatuak izan ahal izango dira horren onuradun.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduari jarraikiz emango dira –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzekoa–, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legeak baimendutako kredituen arabera; 200.000 euroko laguntza emango da gehienez enpresa bakoitzeko, hiru zerga-ekitalditan.

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea, izaera eta eremu geografikoa.

1.– Agindu honen xedea da 2020ko ekitaldirako laguntza-deialdi bat egitea, G4, G5 eta G6 landatartasun-mailako landa-eremuen ekonomia garatu eta dibertsifikatzeko. Eremu horiek «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanean zehaztuta daude, eta agindu honen I. eranskinean jasota.

2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak ez dira itzuli beharrekoak izango.

Bigarrena.– Laguntza-motak eta pertsona onuradunak.

1.– Laguntzaren xede izango dira inbertsio-modalitate hauek, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan enpleguari eusten edo hura handitzen laguntzen dutenak eta nekazaritzakoak ez diren jarduerak sortu eta garatzeko egiten direnak:

a) Nekazaritza-sektorearekin lotuta ez dauden jarduerak, baina sektore hori dibertsifikatzen dutenak. Nekazaritza kontzeptuak barne hartzen du nekazaritzakoa, abeltzaintzakoa eta basokoa dena, bat etorriz Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 4. artikuluko 1. apartatuarekin. Onuradunaren lanbide nagusiak nekazaritza izan behar du, abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 4. artikuluko 14. apartatuan zehaztutakoaren arabera.

b) Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak eratu eta garatzea, Europako Batzordearen maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioak egiten duen definizioaren arabera, bigarren eta hirugarren sektoreetako edozein eratako enpresak eratu eta sortzea. eta autonomoetan alta emandako pertsona fisikoek garatutako proiektuak egitea, non eta inbertsioak ez diren bideratzen nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztera, eraldatzera eta merkaturatzera. Garapen gisa ulertuko da produktibitatea gehitzen duen edo ekoizpen- edo negozio-ildo berria dakarren inbertsio oro. Laguntza-lerro honen onuradun izan daitezke deialdi honen xede diren landa-eremuetan kokatutako enpresak.

c) Enplegu-sorkuntza garbia. Laguntza horien onuradun izan ahalko dira mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak, baldin eta nekazaritza-arlokoak ez badira eta landa-eremuetan kokatzen badira. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan hitzartutako orduen % 50eko enplegu bat izan beharko da, gutxienez. Era berean, laguntzak jaso ahalko dituzte enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisiko langabeek, baldin eta deialdi honen xede diren landa-eremuetan bizi badira eta nekazaritzakoa izango ez den beren autoenplegua sortuko duen proiektu bati ekiten badiote.

2.– Laguntzen onuradun izan ahalko dira nortasun juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak, ondasun-erkidegoak edo, nortasun juridikorik eduki gabe ere, proiektuak eta jarduerak aurrera eraman ditzakeen unitate ekonomiko edo ondare bereizi mota oro. Haietan partaide diren pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan eta agindua garatzeko eta aplikatzeko arauetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak.

3.– Aurreko puntuko b) eta c) apartatuetan jasotako laguntzak bateraezinak dira haien artean.

4.– Erakunde publikoak laguntza horietatik kanpo geratzen dira.

5.– Agindu honen bidez iragartzen diren laguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera emango dira (2013ko abenduaren 24ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L 352/7). Horiek horrela, enpresatzat ulertu behar da jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen erakunde oro, haren izaera juridikoa eta finantzaketa-modua edozein dela ere.

Hirugarrena.– Jarduketa diruz lagungarriak.

Honako hauek dira jarduketa diruz lagungarriak, aurreko ebatziko 1. apartatuan aipatutako laguntza-ildoen korrelatiboak:

1.– Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortu edota garatzeko proiektu oro, eta enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisikoek garatutako jarduerak eta landa-eremuko garapen ekonomikoarekin lotuta daudenak, baina nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztera, eraldatzera eta merkaturatzera bideratutako inbertsioak salbuetsita, betiere:

– Industria-jarduerarekin lotuta dauden proiektuak: tailerrak, fabrikak, lokalak eta instalazioak, askotariko helburuak dituztenak, besteak beste, makineria konpontzea; honelako gauzak ekoitzi edota sortzea: nekazaritzakoak ez diren materialak eta ondasunak, plastikoak, elektrizitatea, energia, gasa, baporea eta beroa, ur-hornikuntzako enpresak, estolderia eta hondakin-deuseztatzea, saneamendua eta beste; energia berriztagarriak eta horiekin zerikusia duten jarduerak.

– Turismoarekin, landetxeekin eta nekazaritza-turismoarekin, turismo-zerbitzuak ematearekin, denda, jatetxe, tokiko eskaintza eta elikadurarekin lotutako proiektuak.

– Zerbitzuak ezarri eta eskaintzearekin lotutako proiektuak:

– Zerbitzu tekniko hauek: arkitektura eta ingeniaritza, kontabilitatea, zerbitzuen kontu-ikuskaritza, garbiketa industriala, albaitaritza-jarduerak.

– Zerbitzuak sektore ekonomiko guztiei, besteak beste nekazaritzari edo basogintzari, edo landa-biztanleei: cateringa, bide-segurtasuneko zerbitzuak, eremu babestuetarako zerbitzuak, segurtasun-zerbitzuak, lorezaintza-zerbitzuak, parkeen kudeaketa.

– Gizarte-zerbitzuak, besteak beste, umeak eta adinekoak zaintzeko, osasuna zaintzeko, desgaitasunen bat duten pertsonak zaintzeko, eskola-ustiategiak.

– Aisia-, jolas- eta kirol-jarduerekin lotutako zerbitzuak.

– Eskulangintza eta eskulangileen jarduerak garatzeko proiektuak.

– IKTekin eta merkataritza elektronikoarekin lotutako proiektuak.

2.– Enplegu-sorkuntza garbiko proiektuak.

– Besteren konturako langileak kontratatzea, aurretik inoiz enplegurik izan ez dutenak edo aurretik zeukatena galdu dutenak. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan hitzartutako orduen % 50eko enplegu bat izan beharko da, gutxienez. Praktiketako kontratuak kanpo gelditzen dira.

– Jarduera independenteak sortzea, hau da, langile autonomoak instalatzea edo gizarte-ekonomiako araubide juridikoaren pean dauden enpresak sartzea sustatzen dutenak.

Laugarrena.– Kostu diruz lagungarriak.

1.– Kostu diruz lagungarritzat hartuko dira agindu honetan araututako laguntzen helburu diren jardueretan egindako inbertsioak edota gastuak, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera eginikoak. Data hori baino lehenagoko gastuak egonez gero, dirulaguntza ukatuko da, proiektua aurretik hasita dagoela iritzita.

2.– Jarduera ekonomikoa dibertsifikatzeko eta mikroenpresak, enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko laguntzak badira, honako hauek hartzen dira kostu diruz lagungarritzat:

a) Enpresa-planari lotutako ondasun higiezinak eskuratzea.

b) Enpresa-planari lotutako ondasun higiezinak eraiki edo berriztatzea.

c) Makineria eta ekipamendu berriak erostea eta finantza-errentamendu bidez –erosteko obligazioarekin– eskuratzea, ondasunaren merkatu-balioraino.

d) Jarduera berriari lotuta dauden bigarren eskuko ekipamenduak eta makineria erostea, baldin eta aurreko 5 urteetan beste laguntzarik jaso ez badute; non eta erosketa berria ez den egiten hobekuntza teknologikoagatik edo errendimendu-arrazoiengatik.

e) b) eta c) apartatuetan jasotako gastuei lotutako kostu orokorrak, hala nola profesionalen ordainsariak, zenbateko diruz lagungarriaren % 10eraino.

f) Ibilgailu bat eskuratzea, baldin eta jarduera ekonomikoa ibilgailu horretan bakarrik garatzen bada eta hura egokitu beharra izan bada jarduera gauzatzeko. Kontzeptu honengatik jasotako dirulaguntza ez da izango ibilgailuaren guztizko prezioaren % 20 baino gehiago, ez eta 20.000 eurotik gorakoa ere.

g) Ibilgailu bat eskuratzea, baldin eta jarduera ekonomiko bakarra pertsonak edo salgaiak garraiatzea bada. Kontzeptu honengatik jasotako dirulaguntza ez da izango ibilgailuaren guztizko prezioaren % 20 baino gehiago, ez eta 20.000 eurotik gorakoa ere.

h) Ibilgailuak egokitzea dirulaguntzaren xede den jarduera garatzeko: 10.000 euroko dirulaguntza gehienez.

i) Programa eta aplikazio informatikoak eta web-orri eta plataformak eskuratu edo garatzeko egindako inbertsioak.

j) Patenteak, lizentziak, autore-eskubideak eta erregistratutako markak eskuratu edo erregistratzeko egindako inbertsioak: 20.000 euroko dirulaguntza gehienez.

k) Tresnak eta altzariak.

l) Laguntza-eskaeraren xede den inbertsioari lotutako azterlanak: zenbateko diruz lagungarriaren % 10 gehienez.

m) Proiektuari lotutako beste azpiegitura batzuk.

n) Berezko lanak: dagokion aurrekontu diruz lagungarriaren % 20 gehienez.

3.– Enplegua sortzen denean, kostu diruz lagungarriak izango dira kontratatutako pertsonen soldata gordinari eta gizarte segurantzari dagozkionak, bi ekitalditan.

4.– Ez dira diruz lagungarri izango:

a) BEZa.

b) Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.

c) Berandutze-interesak, errekarguak, hertsapen-isunak, zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen zein judizioz kanpokoen gastuak.

d) Zuzeneko zergak eta gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidetara laguntzaren onuradunak eginiko ekarpenak.

e) Zeharkako zerga berreskuragarriak.

f) Soilik egoitza gisa erabiltzeko etxebizitzak, eta soilik era pertsonalean eta etxean erabiltzeko ibilgailuak eta ondasunak.

g) Ondasunak eta zerbitzuak erostean, faktura edo kontratuetan eginiko deskontuak, eta kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak eginiko itzulketak edo ordainketak, aldaketen edo bestelako kausen ondorio direnak.

h) Finantza-errentamendua, baldin eta kontratuan zehazten ez bada eragiketa amaitzean ondasuna erosi beharra. Bestalde, ez dira diruz lagungarri izango errentatzailearen marjina, interesak birfinantzatzeko kostuak, gastu orokorrak eta aseguramendu-gastuak.

i) Telefono-terminalak eskuratzea, nahiz eta horiek aplikazio informatikoak barne hartu.

j) Ekipamenduak eta makineria birjartzeko edo soilik ordezteko inbertsioak.

k) Instalazio edo makineriaren mantentze-gastuak.

5.– Gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 40.000 euro edo gehiagokoa bada obretan edo 15.000 eurokoa edo gehiagokoa gainerakoan, gutxienez hiru hornitzaile ezberdinen eskaintzak izan beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde eskaintza horiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta gastua ez den dirulaguntzaren aurretik egin. Kasu horietan, kostuak neurriratzea frogatu beharko da, dagokion justifikazio-memoriaren bidez.

Eskaintzek benetakoak eta ez fikziozkoak izan behar dute, hornitzaile erreal eta independenteenak, eta behar bezain zehatzak izan behar dute, eta elementu berak izan, alderagarriak izateko. Hiru eskaintzetatik bat hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta memoria batean berariaz justifikatu beharko da ekonomikoki abantailatsuena den proposamena hautatzen ez bada.

Bosgarrena.– Diruz lagundutako jarduera azpikontratatzea.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuta, onuradunak azpikontratatu duela kontsideratuko da hirugarrenekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren helburu den jarduera partez edo osorik egikaritzea. Hortik kanpo gelditzen dira diruz lagundutako jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko onuradunak egin behar dituen gastuak.

2.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 azpikontratatu dezake onuradunak. Ezin izango da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehituta, inongo balio erantsirik ematen ez badio jardueraren edukiari. Hirugarrenekin azpikontratatutako jarduerak dirulaguntzaren % 20 gainditzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, eskakizun hauek bete beharko ditu azpikontratazioak:

a) Kontratua idatziz egitea.

a) Kontratua egiteko baimena aldez aurretik ematea erakunde emaileak.

Diruz lagundutako jarduerentzat jadanik beste administrazio publiko batek eman badu dirulaguntzarik, ulertu beharko da administrazio honek egiaztatu duela eskakizun hauek betetzen direla.

3.– Ezin da kontratua zatikatu haren zenbatekoa murrizteko eta aurreko apartatuko eskakizunak bete beharrik ez izateko helburuarekin.

4.– Kontratistek onuradunarekiko baino ez dituzte betebeharrak, zeinek osorik hartuko baitu bere gain diruz lagundutako jarduera egikaritzearen ardura.

5.– Aurreko apartatuan jasotakoa betetzeko, onuradunak izango dira hirugarrenekin itundutako jarduera diruz lagungarria betetzeko mugak betetzearen erantzuleak, hain zuzen dirulaguntzaren araudian ezarritako mugak gastu diruz lagungarrien motari eta zenbatekoari dagokionez, eta kontratistek lege honen 46. artikuluan aurreikusitako lankidetza-betebeharra bete beharko dute, muga horiek errespetatzen dituzten ala ez behar bezala egiaztatzea ahalbidetzeko.

6.– Alabaina, onuradunak ezin izango du honako hauekin itundu diruz lagundutako jarduera partez edo osorik egikaritzea:

a) Lege honen 13. artikuluan zehaztutako debekuetako bat duten pertsona edo erakundeak.

b) Kontratuaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo erakundeak.

c) Bitartekari edo aholkulariak, baldin eta eragiketaren kostu totalaren ehuneko jakin gisa definitzen badira horiei ordaindu beharrekoak; non eta ordainketa hori ez dagoen justifikatuta egindako lanak edo emandako zerbitzuak merkatuan daukan balioaren erreferentziaren arabera.

d) Onuradunarekin loturaren bat daukaten pertsonak edo erakundeak, inguruabar hauek gertatzen direnean izan ezik:

1) Organo emailearen berariazko baimena eskuratzea aurretik.

2) Zenbateko diruz lagungarria ez izatea atxikitako entitateak egindako kostua baino handiagoa. Justifikazioan egiaztatuko da kostua, onuradunaren gastuak egiaztatzeko ezarritako baldintza beretan.

e) Deialdi edo programa berean laguntza eskatu duten baina eskakizunak betetzen ez dituztelako edo beharrezko balorazioa lortu ez dutelako laguntzarik gabe geratu diren pertsona edo erakundeak.

Seigarrena.– Finantzaketa.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako ezartzen diren kredituetatik aterako dira agindu honetan jasotzen diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak, honela banatuta:

(Ikus .PDF)

Zazpigarrena.– Onuradun izateko eskakizunak.

Honako eskakizun hauek bete beharko dituzte pertsona fisikoek eta juridikoek, Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako eskakizunez gainera:

a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

b) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

c) Deialdi honen xede diren landa-eremuetan burutzea jarduketa diruz lagungarriak.

d) Dibertsifikazio-jarduerak direnean, onuradunaren lanbide nagusiak nekazaritza izan behar du, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 4. artikuluko 14. apartatuko definizioaren arabera.

e) Enplegua sortuz gero, onuradunak deialdi honetako landa-eremuan sortu behar du enplegua; jarduera independenteak sortuz gero, berriz, deialdi honetan barne hartutako landa-eremuan bizi behar du.

f) Enpresa krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).

g) Elkarteen kasuan, horiek ez egotea Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. zenbakietan aurreikusitako debeku-kausetan. Eta administrazio-prozedura ez eten izana ez-zilegitasun penalaren zantzu arrazionalak egoteagatik, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial irmorik den arte; haren arabera, dagokion inskripzioa egin ahalko da dagokion erregistroan.

h) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmorik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

i) Konkurtso-deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

j) Administrazioarekin hitzartutako kontratu ororen ebazpen irmoa eragin ez izana.

k) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

l) Zerga-egoitza ez izatea erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean.

m) Jakinaraztea diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.

n) Nekazaritzaren arloan jarduten duten profesional, enpresa edo bestelakoen elkarte edo erakundeak badira, emakumeen presentzia izatea Zuzendaritza-organoetan (Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legearen arabera).

Zortzigarrena.– Eskabideak, dokumentuak eta aurkezteko epea.

1.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen Zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio laguntza-eskabideak. Eskabide horretan sartuko dira 3. apartatuan aurreikusitako eredu normalizatua, agindu honen bidez onartua, eta 7. apartatuan eskatzen den dokumentazioa.

2.– Pertsona juridikoek bide elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dute eskabidea. Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak. Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

– Bide presentziala: Eskabideak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin. Eskatzaileak postetxe batean aurkezten badu eskabidea, gutun-azal irekian egin beharko du, postako langileek zigila dezaten eta data ezar diezaioten.

– Modu elektronikoa: 3. apartatuan adierazitakoaren arabera.

3.– Eskabideak bide elektronikoz nahiz presentzialez aurkezteko, inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da, helbide hauetan eskuragarri dagoena: gaztelaniaz, http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/erein_privados_2020, eta euskaraz, http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/erein_pribatuak_2020. Eskabide-eredu espezifiko bat dagokio laguntza-lerro bakoitzari, eta interesdunek nahitaez erabili beharko dute eredu hori.

4.– Eskabidea egin osteko izapideak kanal elektroniko honen bidez egingo dira: gaztelaniaz, http://www.euskadi.eus/micarpeta, eta euskaraz, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza.

6.– Informazio hau jasoko du eredu normalizatuak:

a) Identifikazio-datuak.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, agindu honetan eskatutako eskakizunak betetzen direla eta aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla adierazteko.

c) Proiektuaren informazioa, agindu honen II. eranskineko ereduaren arabera egina. Bertan jasoko dira proiektuaren deskribapena eta baloratu behar diren puntu guztiak, eta, informazio hori jasotzen duten akordioak eta ziurtagiriak ere erantsi beharko dira. Jasotako alderdiak bakarrik hartuko dira kontuan.

7.– Gainera, dokumentazio hau aurkeztu beharko du:

a) Hirugarrenen alta. Pertsona juridikoa bada, ahalordetze-eskritura, hala badagokio, eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan zigilatuta.

b) Nekazaritzako dibertsifikazio-jarduerak badira, onuradunaren lanbide nagusia nekazaritza dela ziurtatzen duen dokumentua.

c) Azken bi urteetako kontu ikuskatuen kopia, sozietateen zerga edo PFEZaren aitorpena.

d) Dibertsifikatzen duen titulartasun partekatuko emakume nekazaria bada, egoera hori egiaztatu beharko du.

e) Enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisikoa bada, errolda-agiria.

f) Enplegua sortuz gero, epe luzeko langabeak eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsonak badira, inguruabar horiek egiaztatu beharko dituzte.

g) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeak eta ondasun-erkidegoak direla eta, kide guztiek sinatutako dokumentua, non jasotzen baitira talde bakoitzeko kideek beren gain hartutako konpromisoak, bai eta horietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituen ordezkari edo ahaldunaren izena eta funtsen hartzaile gisa izendatutako kidearen izena ere –hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean–.

h) Jarduera gauzatuko den ondasun higiezina erabiltzeko baimena ematen duen tituluaren kopia, hura jabetza osoan edo partekatuan, errentamenduan, gozamenean edo prekarioan izan.

i) Eraikitze- edo berriztatze-lanak egingo badira, proiektu tekniko bat behar den ala ez justifikatzeko udal-ziurtagiri bat aurkeztu beharko da. Ez bada behar proiektu teknikorik, memoriarik edo balioztatutako zerrendarik –aurrekontua barne, egin beharreko gastua behar bezala xehakatuko duena–, argi eta garbi adierazi beharko da obra egikaritzeko kostua eta hari dagokion BEZa. Proiektu teknikoa, oinarrizko proiektua edo gauzatze-proiektua behar bada.

j) Eraikitze- edo berriztatze-lanak egingo badira, hura egikaritzeko behar diren baimenak eta lizentziak aurkeztuko dira, edo, bestela, aldeko hirigintza-txostena.

k) Aurrekontuak edota proformako faktura, enplegu-sorkuntzako lerrorako izan ezik. Eskabidearekin batera nahitaez aurkeztu beharreko hiru aurrekontuak ez aurkezteak ekarriko du dagokion inbertsioa edo gastua ez aintzat hartzea zenbateko diruz lagungarria kalkulatzeko.

l) Aurrekontuen edota proformako fakturen zehaztapenen taula, hautatutako eskaintza zein den adierazita, enplegu-sorkuntzako lerrorako izan ezik, web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera, gaztelaniaz http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/erein_privados_2020, eta euskaraz http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/erein_pribatuak_2020.

m) Proiektua baloratzeko garrantzitsua izan daitekeen bestelako dokumentazio edo informazio oro.

8.– Nahiz eta pertsona fisiko eskatzaileak bide presentziala hautatu, dokumentazioa formatu digitalean aurkezten ahalegindu beharko da, batez ere proiektu teknikoei eta memoriei dagokiena, bolumen handiena duen dokumentazioa.

9.– Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta haren NAN/IFK ere. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka diezaioke egiaztatze horri, baina, orduan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu. Gainera, dirulaguntza-eskabidea aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari zuzenean eskura dezan beste edozein administrazio publikok egindako dokumentazio guztia, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan.

10.– Pertsona eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta berariaz adierazten bada aldaketarik ez dela egin, ez dute dokumentazio hori aurkeztu beharko, bat etorriz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. paragrafoarekin. Hala ere, dokumentu horiek noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren adierazi beharko da. Eskabidea aurkezteak berarekin dakar organo kudeatzaileari baimena ematea dokumentazio hori eskuratzeko, hargatik eragotzi gabe baimena berariaz ukatu ahal izatea. Hori egitekotan, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

11.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabideak eskakizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.4 artikuluan xedatutakoa betetzeko, eskabidea legez telematikoki aurkeztu behar badu interesdunak baina presentzialki egiten badu, aipatutako eskakizun horri muzin eginda, aurkezteko modua zuzentzeko eskatuko zaio, eta legez ezarritako bide elektronikoak erabiliz egiteko. Eskakizun hori bete ezean, presentzialki aurkeztu duena ez da baliozkoa edo eraginkorra izango. Elektronikoki aurkezteko jarritako epea da eskabidea aurkezteko epea. Ondorio horietarako, baldin eta, zuzentzeko xedez, eskabide elektronikoa aurkezten bada, baina oinarri honetan ezarritako epetik kanpo, aurkeztu gabekotzat joko da eskabide hori.

12.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da laguntza-eskabidearen ondoriozko jarduketetan eta prozedura guztian zehar, bat etorriz Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin.

13.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edota dokumentu osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.

14.– Onuradun bakoitzeko, proiektu bakar bat lagunduko da diruz; hala ere, hori ez da eragozpena izango eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkezteko. Proiektu horietatik, betiere, balorazio-irizpideen arabera puntu gehien lortzen duena lagunduko da diruz.

Bederatzigarrena.– Laguntzak kudeatzea.

Landa-garapenaren arloko eskumena duen Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak, eta, halaber, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egingo du. Gainera, egoki irizten dien ikuskapenak egin ahal izango ditu Zuzendaritzak, dirulaguntza lortu duten proiektuak egoki gauzatzen direla ziurtatzeko; alde horretatik, onuradunak behartuta daude eskatzen zaizkien dokumentuak eta informazioa aurkeztera.

Hamargarrena.– Balorazio-batzordea eta -irizpideak.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu: landa-garapenaren arloko eskumena duen Zuzendaritzako hiru teknikari, Zuzendaritza horretako titularrak ebazpen baten bidez izendatuak.

2.– Ebazpenean zehaztuko da zein izango den batzordeko idazkaria, eta zein batzordeko presidentea.

3.– Balorazio-batzordeak, bere eginkizunak betetzen diharduela, eskatuko du Haziko adituak bere bileretara bertaratu daitezen. Batzordeak, era berean, arloko adituei aholkularitza emateko eska diezaieke beharrezko irizten dion guztietan.

4.– Ondoko taula hauetako irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak, eta horretarako, Proiektua Baloratzeko Memorian bildutako datuak bakarrik hartuko dira aintzat (II. eranskina), bai eta dokumentazio bidez frogatutakoak ere.

a) Dibertsifikazio-lerroko proiektuak:

(Ikus .PDF)

b) Enpresa-lerroko proiektuak:

(Ikus .PDF)

c) Enplegu-sorkuntzako lerroko proiektuak:

(Ikus .PDF)

5.– Eskatzaileak laguntza bat eskuratu badu Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko abenduaren 12ko Aginduaren bidez egindako deialdian, 2 puntu kenduko zaizkio lortutako guztizko puntu-kopurutik, agindu horren bidez iragartzen da «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanaren arabera G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuetan ekonomia garatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzen 2019ko ekitaldiko deialdia). Ofizioz egiaztatuko dute egoera hori balorazio-batzordeko kideek.

6.– Proiektuek, hautatuak izateko, gutxienez 50 puntu lortu behar dituzte.

Hamaikagarrena.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Bigarren ebatziko 1. a) eta b) puntuetan, araututako laguntzak lortutako puntuazioaren arabera emango dira. Honako taula honen arabera zehaztuko da proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntza-ehunekoa:

(Ikus .PDF)

2.– Enplegu-sorkuntzako proiektuak badira (bigarren ebatziko 1.c), laguntzaren zenbatekoa ez da kalkulatuko gastu diruz lagungarrien ehuneko baten arabera; aitzitik, zenbateko finko bat izango da, eta behin baino ez da emango, sortutako lanpostu bakoitzeko, eta betiere kontratatutako lanaldiaren arabera. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan hitzartutako orduen % 50eko enplegua izan beharko da, gutxienez. Honako taula honen arabera emango da:

(Ikus .PDF)

* % 33ko edo hortik gorako desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsonak.

3.– Azkenik egikaritutako zenbatekoa aintzat hartuta erabakiko da gainfinantzaketarik dagoen ala ez, eta dirulaguntza emateko aintzat hartutako aurrekontuaren zenbatekoa izango da haren muga.

Hamabigarrena.– Esleitzeko prozedura.

1.– Lehiaketa bidez esleituko dira agindu honetan araututako laguntzak, hala ezarrita baitago Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1 artikuluan.

2.– Balorazio-batzordeak proiektuak aztertu, eta, aurreko ebazpen-ataleko irizpideei jarraituz, puntuak esleituko ditu. Ondoren, zenbatekoak kalkulatuko ditu, lortutako puntuazioaren arabera.

3.– Gero, hiru zerrenda prestatuko ditu, hau da, laguntza-lerro bakoitzeko, bat. Hiru zerrendak goitik beherako hurrenkeran antolatuko dira, proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, eta hurrenkera horri jarraituz emango dira laguntzak.

4.– Hiru laguntza-modalitateetako bati dagokion zenbatekoa agortu ezean, soberakina beste modalitateen zenbatekoei metatu ahalko zaie.

5.– Proiektu bik edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, «Landatartasun-maila» handiena duena lehenetsiko da, eta, berdinketak badirau, «Eskualdeko Landa Garapenerako Programara egokitzea» irizpidean puntuazio handiena lortu duena.

Hamahirugarrena.– Ebazpena.

1.– Landa-garapenaren arloko eskumena duen Zuzendaritzako titularrak ebatziko laguntzak, balorazio-batzordeak aurkeztutako proposamena aintzat hartuta. Ebazpena, proposamen horrekin bat ez datorrenean, arrazoitu beharko da. Proposamena, izan ere, ez da loteslea.

2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:

a) Onartutako eskabideei dagokienez:

– Pertsona edo erakunde onuradunen izena.

– Diruz lagundutako proiektua.

– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.

– Diruz lagundutako zenbatekoa, urteko kuoten arabera banatua.

– Aurreikusitako jarduerak egikaritzeko epea.

– Klausula bat, non onuradunari ezartzen baitzaio pertsona juridikoaren eraketa egiaztatuko duen dokumentazioa aurkezteko betebeharra, hala badagokio, bai eta proiektua gauzatzeko behar diren lizentzia eta baimenak aurkezteko betebeharra ere.

– Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaitu egin beharko da, emateko ebazpena eta, hala badagokio, ordaintzekoa onartzeko. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko gaitasungabetzea badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, emandako laguntza baliogabetu egingo da, onuradun izateko debekua izateagatik.

– Nortasun juridikorik gabeko elkarteak badira, berariaz adierazi beharko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta dirulaguntzatik kide bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa. Kide guztiek izango dute onuradun-izaera.

b) Onartu ez diren eskabideei dagokienez:

– Pertsona edo erakunde eskatzaileen izena.

– Laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hileko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala xedatzen baita urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

4.– Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren b) apartatuko 1. lerrokadan xedatutakoaren arabera. Hala ere, interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio ebazpen osoaren berri. Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.

5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak landa-garapenaren eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo hiru hileko epean, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluarekin bat etorriz.

Hamalaugarrena.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzaren onuradunak ez badio berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean, onartu egiten duela ulertuko da.

2.– Diruz lagundutako inbertsio eta gastuei 5 urtez gutxienez eustea, gauzatzen direnetik aurrera; epe horretan ezingo dira ez besterendu ez amortizatu, ez eta dirulaguntzen xedea ez den beste ezertarako erabili ere. Ondorio horietarako, eta ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo berriztatzen badira, onuradunak dirulaguntza ematen dion administrazio-ebazpena aurkeztu beharko du dagokion jabetza-erregistroan. Erregistro horretan, dokumentu hori ikusita, jabaria erabiltzeko mugaren erregistro-idazpena egingo da, bat etorriz hipoteka-legeriarekin. Laguntzaren zenbatekoa zehazteko, enplegu-sorkuntza hartu bada aintzat proiektuen balorazio-irizpide gisa, enplegu horrek inbertsioak eraginkor dauden unean sortua beharko du, eta onuradunari laguntzaren azken ordainketa egin eta hurrengo hiru urteetan gutxienez eutsi beharko zaio.

3.– Diruz laguntzen den gastua egikaritzea, laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean.

4.– Enplegu-sorkuntzako proiektuak badira deialdiaren urtean sortuak beharko dute enpleguok, eta hiru urtez gutxienez eutsi beharko diete, benetan sortzen diren datatik hasita –hau da, Gizarte Segurantzako altatik–.

5.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari jakinaraztea inbertsio osoa edo zati bat egin dutela, eta haren esku utzi behar dituzte inbertsioak gauzatu dituztela egiaztatzeko behar diren dokumentu guztiak.

6.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailaren babesa dutela aipatzea, proiektua zabaltzeko egiten diren dokumentuetan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz sartuko da (https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/identidad_corporativa/eu_5611/identidad_corporativa.html).

7.– Jasotako laguntzak zertarako erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren fiskalizatzeko lanean dihardutela eskatzen duten informazio guztia ematea landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

8.– Agindu honetako ebazpen-ataleko zortzigarren zenbakiak xedatzen duena alde batera utzi gabe, landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari idatziz jakinaraztea xede bererako beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatu eta, hala badagokio, eskuratu dituztela beste administrazioren batetik edo erakunde publiko edo pribaturen batetik, hala gertatzen denean. Era berean, abian den ekitaldian eta aurreko bietan eskatutako edo eskuratutako minimis laguntza guztiak jakinarazi beharko dituzte, haien xedea edozein dela ere. Jakinarazpen hori aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen egin beharko da.

9.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri idatziz ematea landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari. Aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean egin beharko da jakinarazpen hori, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.

10.– Xedapen hauetan ezarritako betebeharrak konplitzea: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua.

11.– Nortasun juridikorik ez duten elkarteak ezin izango dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 32.m) artikuluarekin lotuta 44. artikuluan finkatzen den preskripzio-epea igarotzen den arte.

12.– Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.

13.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.

Hamabosgarrena.– Egikaritze-epeak.

1.– Proiektuak 2020ko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra egikaritu ahalko dira. 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako proiektuak ez dira diruz lagungarriak izango.

2.– Salbuespenez, diruz lagundutako jarduketa egin eta amaitzeko epea luzatzeko ebazpena eman ahal izango du landa-garapenaren arloan eskumena duen Zuzendaritzak, baldin eta erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak gertatzen badira (behar bezala frogatu beharko dira) eta inbertsioaren edota gastuaren mugaeguna amaitu baino 30 egun natural lehenago gutxienez idatzizko eskabidea egiten bada horretarako. Kasu horretan, dena den, epea ezin izango da izan hasieran emandakoa baino luzeagoa.

Hamaseigarrena.– Laguntzak justifikatzea.

1.– Nekazaritza-sektoreko jarduera ekonomikoa beste jarduera batzuetara dibertsifikatzeko eta mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta garatzeko laguntzen kasuan, eta nekazaritzako eta elikagaigintzako sektoreari lotuta ez dauden pertsona fisikoek jarduera independenteak sortzeko laguntzen kasuan, honako hauek aurkeztuta egiaztatuko da inbertsioa edota gastua behar bezala gauzatu dela:

a) Egiten diren jarduketen justifikazio-memoria bat, laguntzaren xede den proiektuaren gauzatzea azaltzen duena.

b) Fakturak edo froga-balio bereko dokumentuak, eta ordainketen frogagiriak, laguntzaren onuradun den pertsonaren izenean eginak.

c) Aurkeztutako fakturen zerrenda.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko fakturak eta frogagiriak ez direla beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko aurkeztu. Aitzitik, baldin eta beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko aurkeztu badira dokumentu horiek, zehaztu beharko da programak zein diren eta, faktura edo frogagiri bakoitzari dagokionez, zein den jasotako dirulaguntzaren ehunekoa.

e) Laguntza jasotzeko pertsonifikaturiko erakunde bat eratu beharra baldin badago, eraketa-akta, estatutuak eta dagokion erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen dokumentua.

f) Laguntza jasotzeko manuzko baimenak eta lizentziak aurkeztu behar badira, eta laguntza-eskabidea egitean eman gabe badaude, haiexek aurkeztu beharko dira.

g) Eskudiruzko ordainketen bidezko justifikazioak badira, urriaren 20ko 7/2012 Legearen 7. artikuluko 1. apartatuan jasotzen diren mugak gorde beharko dira; lege horren bidez, batetik, zerga- eta aurrekontu-araudia aldatzen da, eta, betetik, iruzurraren kontra egiteko eta hura prebenitzeko jarduketak areagotzeko finantzaketa-araudia egokitzen da.

h) Obrak egitearen ondoriozko gastuen kasuetan, eskumena duen maila teknikoko pertsona batek sinatutako obren ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, obrak gauzatu direla frogatzeko.

i) Era berean, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren edota gastuaren guztizkoaren % 20ko mugarekin, justifikatutzat jo ahal izango dira bai onuradunak berak egindako lanak eta bai onuradunaren ingurukoak izanik enpresariak ez direnek edo hala ez dihardutenek egindako lanak ere. Kasu horretan, hornitzailearen faktura ordainduen bitartez justifikatu beharko dira materialak, eta eskulana, aldiz, teknikari eskudunak sinatutako ziurtagiriaren bitartez; ziurtagiri horretan, direlako lanetan inbertitutako ordu guztien kostua zehaztu beharko da. Ezarritako baremo ofizialekin bat egin beharko da orduen balioespena; horrek ez du sekula ere gaindituko merkatuan lan horiek duten balioespena, ezta urbanizazio- eta eraikuntza-prezioen oinarria ere, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean arlo honetan eskumena duen sailak argitaratutakoa. Edonola ere, onuradunari dokumentu gehigarria eskatu ahalko zaio.

j) Landa-garapenaren arloan eskumena duen Zuzendaritzako teknikariek memoria gehigarri bat aurkezteko eskatu ahal izango dute. Memoria horrek taula xehatu bat jasoko du, fakturei eta ordainketa-frogagiriei buruzko datuekin, adibidez: fakturazioaren eta ordainketaren erreferentziak eta datak, hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eurotan eta aplikatutako zergak.

k) Enplegua sortzeko konpromisoa badago, dagokion egiaztapena.

2.– Enplegua sortzeko laguntzak. Kasu horietan, frogagiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Besteren konturako kontratazioak badira, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: lan-kontratuen kopia; Gizarte Segurantzan alta emanda daudela egiaztatzeko agiria; kontratazioaren hilabeteko TC2a; altaren aurretiko langabezia-egoera egiaztatzen duen lan-bizitzaren txostena, eta alta-egoeran dauden langileen batezbesteko plantillaren txostena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, kontratazioa egin aurreko 12 hilabeteei dagokiena.

b) Jarduera independenteak sortuz gero, altaren aurretiko langabezia-egoera egiaztatzen duen lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko da, bai eta Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean alta emanda egotearen ziurtagiria ere.

3.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, betebeharra dutenen baimenik izan gabe, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela, hala xedatuta baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan. Hala ere, eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori laguntza-eskabidean, baina, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

4.– Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea bi hilekoa izango da, laguntza emateko ebazpenean ezarritako inbertsioaren edo gastuaren azken egunetik edo azken luzapenaren azken egunetik aurrera.

5.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendariak dokumentu gehiago eskatu ahal izango ditu, beharrezkoa baderitzo, betiere arrazoiak emanda.

Hamazazpigarrena.– Ordainketa.

1.– Aurreko ebatzian ezarritako baldintzen arabera laguntza justifikatu ondoren egingo da ordainketa, eta, betiere, landa-garapenaren arloan eskumena duen Zuzendaritzako teknikariek ziurtapena egin ondoren. Eraiki, eskuratu edo berriztatzen bada, erakunde onuradunak emakida-ziurtagiria jabetza-erregistroan inskribatu dela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu azken ordainketa egin aurretik.

2.– Inbertsioak badira, ekitaldi bakoitzeko bi ordainketa partzial egin ahal izango dira, interesdunak hala eskatuta, aurreko ebazpen-atalean aipatzen diren ziurtagiriak, alegia, proiektuaren zati bat gauzatu dela egiaztatzekoak, aurkeztu ondoren.

Laguntza emateko unean, pertsona onuradunaren izaera bereganatzen duen erakundeari dagokion erregistroan eraketa eta inskripzioa oraindik egin gabe badaude, ez dira emango ordainketa partzialak, harik eta hura benetan eratu arte.

3.– Enplegua sortzeko laguntzak badira, % 50eko lehen ordainketa bat egingo da, besteren konturako kontratazioa edo jarduera independenteen sorrera (hamaseigarren ebatziko 2. apartatuan aipatua) egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu ondoren. Bigarren ordainketa, gainerako % 50a, lehenengoa egin eta urtebetera egingo da, eta landa-garapenaren arloko eskumena duen Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek behar bezala egiaztatu ondoren sortu diren lanpostuei eusten zaiela, edo, jarduera independenteen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremu batean bizitzen jarraitzen dutela.

4.– Onuradunei dirulaguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko dirulaguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta edukitzea.

5.– Dirulaguntzaren xede den proiektua ezarritako gehieneko epeetan egiten ez bada edo egiaztatzeko agiriak aurkezten ez badira, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da.

6.– Agindu honetan zehaztutako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen banaketarekin bat etorriz, 2021eko ekitaldiari dagokion aurrekontu-zuzkiduraren kontura egingo dira 1.b) eta 1.c) puntuetako ordainketak; beraz, 2020ko ekitaldia amaitutakoan egingo dira.

Hamazortzigarrena.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea.

1.– Beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako dirulaguntzak eta laguntzak lortzen badira aldi berean, hori idatziz justifikatu eta jakinarazi beharko zaio landa-garapenaren arloan eskumena duen Zuzendaritzari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturaletan, eta, edonola ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Ildo horretatik, landa-garapenaren arloko zuzendariak laguntza aldatzeko dagokion ebazpena emango du, eta, haren bidez, emandako dirulaguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokituko dira. Gainera, hala badagokio, hasiera emango zaio itzulketa-prozesuari, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoari jarraituz (698/1991 Dekretuaren bidez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta, bestetik, horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira).

2.– Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada baina proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza ezarritako helburu bererako erabiltzen bada, horren berri eman beharko zaio aldez aurretik, eta idatziz justifikatu, landa-garapenaren arloan eskumena duen Zuzendaritzari, baina dirulaguntza emateko ebazpena ez da aldatuko.

Aitzitik, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada aurreikusitako epeetan gauzatzen, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, horren berri aldez aurretik eman beharko zaio, eta idatziz justifikatu, landa-garapenaren arloan eskumena duen Zuzendaritzari, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du.

3.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion proportzioan, landa-garapenaren arloan eskumena duen Zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpen bidez. Ondoren, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.

Hemeretzigarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak aukera izango du eskabidean atzera egiteko. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Landa-garapenaren arloko eskumena duen Zuzendaritzako titularrak bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin, betiere. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Landa-garapenaren arloko eskumena duen Zuzendaritzako titularrak espresuki onartuko du uko egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.

Hogeigarrena.– Ez-betetzeak.

1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidea partez edo osorik kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta berandutze-interesak, bat etorriz abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako dirulaguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.

2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

Hogeita batgarrena.– Bateragarritasunak.

1.– Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudiak (EE), minimis laguntzei Europar Batasuneko Funtzionamenduaren Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoak, ez dela 200.000 euro baino gehiagokoa izango ezartzen du enpresa jakin bati estatu kide batek emango dizkion laguntzen kopuru osoa, hiru zergaldiko edozein alditan.

2.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, erakunde publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada kasu bakoitzean aplikatzen diren erregelamenduetan edo jarraibideetan ezarritako gehieneko zenbatekoa baino handiagoa. Kasu horretan, hemezortzigarren ebatziko 1. apartatuan xedatutakoa errespetatu beharko da.

3.– Laguntza hauek bateraezinak izango dira Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak 2020ko ekitaldian bere jardun-eremuan egindako beste edozein deialditan eskuratutakoekin. Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek ofizioz egiaztatuko dute bateraezintasun hori.

Hogeita bigarrena.– Datuen babesa.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak konpromisoa hartzen du datuak dagokien babes-mailarekin tratatzeko, betiere Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko dira epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 31.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala