Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

31. zk., 2020ko otsailaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
816

46/2020 Ebazpena, urtarrilaren 27koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariarena, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian, izendapen askearen bidez Osakidetzako Datuak babesteko arduradun lanpostu bat betetzeko deialdia egiten duena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusian, Osakidetzako Datuak babesteko arduradun lanpostua hutsik dago. Hori dela-eta, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komunean, Osakidetzaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du Giza Baliabideen Zuzendaritza honek, honako atxikipena eta oinarrien arabera:

OINARRIAK

1.– Lanpostuaren atxikipena eta eginkizunak:

Atxikipena: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusia. Vitoria-Gasteiz. Lanaldi zatitua. (Euskarazko 3. hizkuntza-eskakizuna derrigortasun datarik gabe).

Eginkizunak:

– Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 39. artikuluaren arabera, hauek izango dira, gutxienez, Datuak Babesteko ordezkariaren funtzioak:

– Informazioa eta aholkularitza ematea tratamenduaren arduradunari edo eragileari eta tratamenduarekin diharduten langileei, erregelamendu honek eta Batasuneko edo estatu kideetako datu-babesari buruzko beste xedapen batzuek esleitzen dizkieten betekizunei buruz.

– Gainbegiratzea betetzen dela erregelamendu honetan xedatutakoa, bai eta Batasuneko edo estatu kideetako datu-babesari buruzko beste xedapenak ere, eta halaber datu pertsonalen babesari buruzko alorrean tratamenduaren arduradunaren edo eragilearen politikak, haien barruan direla erantzukizunen esleipena, kontzientziazioa eta tratamenduaren eragiketetan parte hartzen duten langileen prestakuntza, eta kasuan kasuko auditoriak.

– Datu-babesaren gaineko eraginaren ebaluazioaren inguruan eskatzen den aholkularitza eskaintzea, eta beraren aplikazioa gainbegiratzea 35. artikuluari jarraituz.

– Kontrol-agintaritzarekin lankidetzan aritzea.

– Kontrol-agintaritzarekiko harremanetarako gune moduan jardutea tratamenduari buruzko gaietan, haien barruan dela 36. artikuluan aipaturiko aurretiko kontsulta, eta kontsultak egitea, behar izanez gero, beste edozein gairi buruz.

Datuak babesteko ordezkariak, bere eginkizunak betetzen dituenean, behar bezalako arreta jarriko du tratamendu-eragiketei lotutako arriskuetan, kontuan hartuta tratamenduaren nolakotasuna, irismena, testuingurua eta helburuak.

2.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:

a) Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan, estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea eta plaza jabetzan edukitzea A1/A2 talde profesionalean.

b) Lan-esperientzia hau, gutxienez, edukitzea: 4 urte (A1/A2 talde profesionalean).

c) Titulazio Akademikoa: A1/A2 talde profesionaleko titulazioa.

d) Uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta Osakidetzako Euskara Planean ezarritako gainerako betebeharrak.

3.– Kontuan hartuko diren merituak:

– Esperientzia eta prestakuntza izatea babes berezia eskatzen duten datuen babesaren eta tratamenduaren alorrean (bereziki datu sanitarioei dagokienez).

– Esperientzia izatea Datuen Babeseko ordezkari funtzioak betetzen; bereziki, babes berezia eskatzen duten datuak (batik bat, datu sanitarioak) tratatzen dituzten erakundeetan .

– Lidergorako eta taldeak antolatu eta kudeatzeko gaitasuna.

Era berean, lanpostu horretan aritzeko balioa eransten duten eta interesgarritzat jotzen diren merezimendu guztiak aurkez daitezke.

4.– Euskararen ezagutza.

Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko den martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, eta berau garatzen duten arauek, xedatutakoaren arabera baloratuko da.

5.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua:

Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Zuzendaritza Nagusian, helbide honetan: Araba kalea, 45. Vitoria-Gasteiz. Horretarako, 15 egun balioduneko epea izango dute, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu ahal izango dira.

Interesdunek eskabidea datu pertsonal guztiekin, eta dokumentatutako «curriculum vitae»-rekin batera, Zuzendaritza Nagusiko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dute.

Honako dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

b) Funtzionario edo estutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

c) Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

d) Kontuan hartzeko meritu guztien fotokopia konpultsatua.

Ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan adierazi den bezala egiaztatzea CV aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala egiaztatuta badaude, beti ere izangaiak eskabidean horrela dela adierazi baldin badu.

6.– Balorazio Batzordea.

Balorazio batzorde bat osatuko da, batzordeburu Giza Baliabideen zuzendaria edo hark eskuordetzen duena izanik, eta horretaz gain hauexek izango dira bertako partaideak: Informatika eta Informazio Sistemetako zuzendariordea, Aholkularitza Juridikoko zuzendariordea, Giza Baliabideen Hautaketa eta Horniketako zuzendariordea, eta Giza Baliabideen Hautaketa zerbitzuburua (idazkari izango dena, ahots eta botoarekin).

Izangaien balorazioa egindakoan, eta berau kontuan hartuta, proposamena osatuko da dagokion izendapena egiteko. Batzordeak lanpostua hutsik uztea erabaki dezake, aurretik arrazoitutako txostena osatuta, baldin eta hautagaiek eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte.

Akta egingo da Batzordea biltzen den bakoitzean. Bertan, aurkeztutako izangaiak zerrendatuko dira, eta lanpostua beraietako bati esleitzeko edo deialdia bete gabe uzteko kontuan hartutako arrazoiak emango dira.

7.– Hautatzeko prozedura.

Inolaz ere ezingo dira baloratu deialdiaren Iragarkia EHAAn argitaratzen den egunean eduki ez diren merituak, ezta eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen behar bezala aurkeztu eta egiaztatu ez direnak ere.

8.– Prozedurari amaiera ematen dion Ebazpena.

Hemen hasitako prozeduraren amaiera (lanpostua esleitzea edo hutsik uztea), Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariaren Ebazpenaren bitartez egingo da, eta Osakidetzako intraneten eta web-orrian argitaratuko da. Ebazpen horrek ondorioak izango ditu EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bertan besterik xedatu ezean behintzat.

9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 27a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria,

MARÍA PILAR URIARTE BRIZUELA.


Azterketa dokumentala