Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

23. zk., 2020ko otsailaren 4a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
545

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Irungo «8.3.04 Lastarloa-Postetxea» eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko abuztuaren 7an, Irungo Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Irungo «8.3.04 Lastarloa-Postetxea» eremuko Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuta, 2019ko urriaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei; jasotako erantzunen emaitzak eta edukia espedientean sartu dira. Era berean, Irungo Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Irungo «8.3.04 Lastarloa-Postetxea» eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Irungo «8.3.04 Lastarloa-Postetxea» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea, Irungo Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

HAPBaren xedea da HAPOan hiri-lurzoru gisa (bizitegi-erabilera gehienbat; gainerakoa, bide-sistema orokorra) sailkatutako eremuaren antolamendu xehatua ezartzea. Planak barne hartutako eremuaren azalera 17.327,04 m2-koa da.

– Planak, aztergai den eremurako, bere egiten ditu Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako hiru helburu nagusi:

1.– GI-636 errepidearen ibilbidea erregularizatzea eta izaera aldatzea.

2.– Eraikinak aipatu errepiderantz formalizatzea, jarraitasun espazialaren mesedetan.

3.– Inguru narriatua berrantolatzea, bizitegi- eta ekipamendu-programa bat garatuta.

– Lurzati eraikigarriak antolatzea.

– Lurzati eraikigarrietako eraikinen hirigintza-parametroak arautzen ditu.

– Eremuko hirigintza-garapenerako programa garatzen du.

– Bizitegi-erabilerarako, jarduera ekonomikoetarako, zuzkidura-jardueretarako eta bide-sistemaren antolamendu-irizpideak arautzen ditu.

– HAPBak 1,7 ha-ko urbanizazio-proiektuetarako esparrua ezartzen du (eremuko eraikin batzuk eraistea barne). Bizitegi-erabilera kolektiboko hiru lurzati garatuko dira, eta 4 etxebizitza bloke eraikiko (BS+5 eta BS+4), 150 etxebizitzarekin.

– Gainera, ingurumenari erasan diezaioketen jarduketa hauek egingo dira: eraikinak eraistea, lur-mugimenduak, urbanizazio-lanak (espaloiak, errepideak eta bestelako azpiegitura zein zerbitzuak eraikitzea), eraikinak eraikitzea, obrek kaltetutako eremuak lehengoratzea, jarduketen osteko bizitegi- edo merkataritza-jarduera.

Egingo diren jarduketek eragindako ingurunearen ezaugarriak.

Eremu aztergaia Behobia auzoan dago, Irungo udal-mugartean (Gipuzkoa); erabat antropizatuta dago, eta eraikinez okupatuta, natura-interes bereziko elementurik batere gabe.

Eremua ez da kartografiatu Europar Batasunaren intereseko habitatik, eta ez da identifikatu espezie mehatxaturik ere.

Eremu aztergaia ez dator bat inongo interes bereziko eremurekin, ezta espezie mehatxatuen EAEko katalogoan sartutako espezieentzako inolako lehentasunezko banaketa-eremurekin ere. Jarduketa-eremuaren inguruan espezie katalogatu zenbaiten interesguneak daude, baina oso nekez topatuko ditugu espezie horiek planaren jarduketa-eremuan.

Bidasoaren azken zatia aztergai den eremuaren iparraldetik igarotzen da. Zati horretan, Bidasoaren ezkerreko ertza (eremua dagoena) bideratuta dago. Gainera, mendebaldetik ekialdera noranzkoan, eremutik 200 bat metrora, Urdainea erreka dago. Lurpetik eta bideratuta egiten ditu tarte batzuk, eta Bidasoara isurtzen da, eremua baino ibaian gorago. Eremuan ez dago ibilgu iraunkorrik bat ere.

Eremua bat dator 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako eremu urpekorrekin.

Eremuko zenbait tokitan (GI-636 errepidearen alde banatan) lurzorua kutsa dezaketen jarduerak daude edo egon dira; industria-erabilerakoak, garai batean gasolindegiei loturiko lurzatietan (200145-00131 eta 200145-00132 kodeak).

Kalitate akustikoaren helburua (KAH) gainditzen dira kanpoaldean. Eremua 6. Babes Akustiko Bereziko Eremuaren barnean dago, eta Lastaola eremua zeharkatzen duen GI-636 errepidearen eragin-eremuan.

B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Plana zer neurritan den bateragarria beste plan eta programa batzuekin, hierarkizatuta daudenak barne: ez da hauteman bateraezintasunik hierarkiako goragoko plangintzarekin.

c) Planak ingurumen-kontsiderazioak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: planarekin, ez da artifizialdu gabeko lurzorurik okupatuko, eta hiri-lurzoru finkatuan jardungo da, oraingo hiri-garapenei erasanda. Gainera, narriatuta dauden espazioak berroneratzea bultzatzen du. Horrenbestez, esan liteke planak ingurumen-irizpideak txertatu dituela, lurzoru-okupazioa optimizatu nahi duelako, era efizientean erabilita.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo nabarmenak: ez da hauteman Planean jasotzen diren jarduketek arazo nabarmenik eragingo dutenik ingurumenean, betiere jarduketak eta jarduerak indarreko legeriaren arabera gauzatzen badira segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloetan, besteak beste.

e) Plana, a priori, egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legedia txertatzeko –Europakoa nahiz Estatukoa–.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Planaren xede den eremua hiri-lurzorua da erabat; zati batean narritatuta dago, kontserbazio-egoera txarrean dauden eraikinengatik, eta okupatu gabeko orubeak daude.

Planaren xede den eremuan, ez da hauteman ingurumen-balio nabarmenik. Ez da hauteman interes geologikoko punturik, ez ibilgurik, ezta ur-punturik ere. Lur-eremuak akuiferoaren kutsadurarekiko kalteberatasun-maila txikia du. Ez dago, ezta ere, katalogatutako flora- eta fauna-espezierik, naturagune babesturik eta EAEko korridore ekologikoaren sareko elementurik. Eremuak 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du, baina lehentasunezko fluxu-eremutik kanpo dago. Lurzorua kutsatuta egon daitekeen bi lurzati daude.

Kultura-ikuspegitik, planaren eremuaren barnetik doa Donejakue bidearen zati bat (barnealdeko bidea), eta, beraz, hura babesteko araudian ezarritakoa bete beharko da.

Planaren eremuan, zarata-iturri nagusia GI-636 errepidea da. Eremua aipatu errepidearen zortasun akustikoaren eraginpean dago. Aurkeztu den inpaktu akustikoari buruzko azterketaren arabera, egungo egoerarekin, gainditu egingo dira eremuan ezarrita dauden kalitate akustikoaren helburuak. Etorkizunean, fatxaden gehienean gainditu egingo dira kalitate akustikoko helburu aplikagarriak, baita lurretik 2 metrora ere. Beraz, ez dira beteko EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluan zehazten diren kalitate akustikoko helburuak.

Eremua 6. Babes Akustiko Bereziko Eremuaren barnean dago.

Horiek horrela, planaren xedeko esparruan, inpaktu nagusiak kalitate akustikoaren helburuak ez gainditzeari lotuta egongo dira, eta kultura-ondareko elementuei erasateari, baita obra-faseari ere (lurzorua okupatzea, lur-mugimenduak, giza habitataren kalitatea okertzea obra-fasean, eraikinak eraitsi eta eraikitzeko lanetan sortutako hondakinak, makinen joan-etorriak, herritarrei eragindako eragozpenak, igorpen atmosferikoak, zaratak, etab., direla eta, istripuzko isurketek lurrazaleko urak kaltetzea, uholde-arriskua ustiapen-fasean, etab.). Eremu zeharo hiritartua denez, ondorio horiek jada aurreikusita zeuden indarrean dagoen antolamenduan.

Hala bada, indarrean dagoen Irungo HAPOan aurreikusitako egoeraren eta planeko proposamenak gauzatzeko egin beharreko aldaketen arabera egin behar da ingurumen-eraginen balorazioa. Hori guztia, eremuaren gaur egungo egoera eta Planetik eratortzen diren jarduketen ezaugarriak kontuan hartuta, eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatutako neurri prebentibo, babesle eta zuzentzaileak aplikatuta, bai eta aurrerago zehazten direnak ere, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

3.– Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera. Besteak bestea, planak zehaztapen hauek egin beharko ditu:

– Kultura Ondarea babestea.

– Aurreikusi diren jarduketek Donejakue bidearen ibilbidean eragina izango dutenez (barnealdeko bidea), urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretua aplikatzea dagokie –EAEtik igarotzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoaren kategoriako Kultur Ondasun Kalifikatu sailkatzekoa da dekretu hori–.

– Bidearen jarraitutasuna bermatuta egon beharko da.

– Gainera, Irungo Udalak kontuan hartu beharko du Behobiako gasolindegiari bere horretan eustea, toki-mailako babesa izateko elementu gisa proposatuta baitago; alegia, horren aurka doa eraikin hori eraisteko proposamena.

– Plan bereziko jarduketak lurzoruaren kalitate-adierazpenaren araberakoak izan behar dira. Adierazpen-prozedura lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean dago jasota. Hala ere, kokagune horretan guztian edo zati batean lurzoruaren kalitatea ikertzea eragozten duen inguruabarrik egonez gero, kasuan kasuko antolamendu-bitartekoa behin betiko onartu ahal izango da, lurzoruaren kalitate-adierazpenik gabe.

Irungo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaio lurzoru-kutsaduraren zantzu oro, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Zaratari dagokionez planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Era berean, kontuan hartuta planaren esparrua foru-errepideen zortasun akustikoko eremu baten barruan dagoela, eremu horietan edozein jarduketa egin ahal izateko, azpiegitura horiek kudeatzen dituen organoaren nahitaezko txostena beharko da.

– Bestalde, hartu beharreko neurrien artean daude, halaber, Plana gauzatzeko proiektuen ondorio direnak; alegia, jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

a) Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, hondakinak kudeatzea eta herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea.

b) Hondakinak sortu eta kudeatzea: hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

c) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.

d) Ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita.

e) Era berean, tokiko biodibertsitatea sustatuko duten lorezaintza eta paisajismoa sustatzeko helburuarekin –jasangarritasun-irizpideei lehentasuna emanez espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko–, Udalsarea21 koadernoa, 20b zk. erabiltzea gomendatzen da. Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila. Zentzu horretan, ingurumen-agiri estrategikoan proposatzen den birlandaketa-proposamena oso positiboa da, baina gauzatuko bada, espezie autoktonoak erabiliko dira (ahal dela, lizarrak, haritzak, astigarrak, etab.). Halaber, Plan Bereziak barnean hartu beharko ditu jarduketa-eremuko flora aloktono inbaditzailea kentzeko eta kontrolatzeko neurriak.

f) Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida argitalpenean adierazitako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, bildutako zehaztapenei jarraikiz eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, ez dela aurreikusten Irungo «8.3.04 Lastarloa-Postetxea» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Irungo Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-txosten estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Irungo «8.3.04 Lastarloa-Postetxea» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 2a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala