Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

19. zk., 2020ko urtarrilaren 29a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
424

5/2020 DEKRETUA, urtarrilaren 21ekoa, adikzioen arloko jardunbide egokien eta ibilbide profesionalaren aintzatespenak sortu eta zehazten dituena.

Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legearen (2016ko apirilaren 13ko EHAA, 69. zk.) bosgarren tituluari jarraikiz (ezagutzaren garapenaren eta kudeaketaren ingurukoa), Euskadiko administrazio publikoek sariak eta ohorezko merezimenduak sor ditzakete, adikzioen esparruan, prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren edo ikerketaren arloetan, nabarmendu diren pertsona eta erakundeen lana publikoki aintzatesteko. Era berean, lege horren 64. artikuluan, ezartzen da sari horien edukia eta ezaugarriak erregelamendu bidez zehaztuko direla.

Hori horrela, 2017-2021erako Adikzioen VII. Planak, «4. Ezagutzaren, prestakuntzaren eta ebaluazioaren kudeaketa» ardatzean, aldi horretarako jarduketa-helburu gisa ezartzen du adikzioen alorrean lan azpimarragarria egin duten ekimenen aintzatespena bultzatzea (4.4 helburua). Ekintza honen bidez gauzatuko da helburua: «Pertsona edo erakunde jakin batzuek adikzioen prebentzioan, eskaintzaren murrizketan, arriskuen murrizketan, laguntzan, gizarteratzean, prestakuntzan edo ikerketan egin duten lana edo ibilbidea guztien aurrean aintzatesteko ekintzak eta ekimenak bultzatzea» (10. ekintza).

Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legean bildutako erakunde-egitura garatzen duen Dekretuaren (25/2018 Dekretua, otsailaren 20koa) 24.l) artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntzeko eta asistentzia emateko organoaren eginkizuna izango da adikzioen alorreko sariak eta aintzatespenak kudeatzea.

Sariak pertsona fisiko zein juridikoek, erakunde publiko zein pribatuek nahiz administrazio eta instituzio publikoek adikzioen esparruan izan duten ibilbide profesionala aintzatesteko sortu dira, bai eta balioa emateko ere pertsona edo erakunde horiek adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren edo ikerketaren arloetan gauzatutako jardunbide egokiei.

Erregelamenduz arautzearen ardatza lege-mandatua osatzea izango da, legeak berak erregelamendu-garapena eskatzen duen kasuetan. Erregelamendu-garapena beharrezkoa da hala eskatzen duten alderdietan, halakorik gabe lege-aginduak berak ez bailuke bere birtualtasun osoa lortuko.

Horregatik, nahitaezko txostenak eman ondoren eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Osasuneko sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2020ko urtarrilaren 21ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Euskadiko adikzioen arloko jardunbide egokien aintzatespenak eta Euskadiko adikzioen esparruko ibilbide profesionalaren aintzatespenak sortu dira.

2.– Era berean, epaimahaiak jardunbide egokien aipamenak eman ahalko ditu, dekretu honetan edo xedapen arautzaileetan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua.– Euskadiko adikzioen arloko jardunbide egokien aintzatespenak eta aipamenak.

1.– Aintzatespenek eta aipamenek helburutzat dute adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren arloetako jardunbide egokiak, ekimenak eta erakunde berritzaileak sustatu eta suspertzea.

Dekretu honen ondorioetarako, jardunbide egokitzat jotzen da testuinguru jakin batean emaitza onak lortu dituzten jarduketen multzo koherentea, bai eta, antzeko testuinguruetan, emaitza positibo berak eskuratu ditzaketen jarduketen multzoa ere. Jarduketa bat jardunbide egokitzat jotzeko, kalitatezko irizpide teknikoak bildu behar ditu.

Era berean, ekimen berritzailetzat hartuko dira adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren eremuan ideia, ezagutza, antolakuntza-egitura, jarduketa eta esperientzia berritzaileak sortzen eta ezartzen laguntzen duten ekimenak.

2.– Adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren arloetan jardunbide egokiak eta ekimen berritzaileak garatu edo sustatzen dituzten EAEko pertsona fisiko zein juridikoek, erakunde publiko zein pribatuek nahiz administrazio eta instituzio publikoek jaso ahalko dituzte aintzatespenak. Proiektua edo praktika Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu behar da.

3.– Aurkeztutako hautagaitza guztien artean, epaimahaiak hiru aipamen espezifiko egin ahalko ditu, gehienez ere, proiektu eta ekimen aipagarriei ikusgaitasuna emate aldera.

4.– Ezingo dira aintzatespen hau lortzeko hautagai izan aurreko deialdian kategoria berean saritu diren pertsonak eta erakundeak.

3. artikulua.– Euskadiko adikzioen esparruko ibilbide profesionalaren aintzatespenak.

1.– Euskadiko adikzioen esparruko ibilbide profesionalaren aintzatespenek helburutzat dute, Euskal Autonomia Erkidegoan, adikzioen eremuan, prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren edo ikerketaren arloetan egin den lan etengabea eta erreferentziala nabarmendu eta ezagutzera ematea.

2.– Aintzatespenak eskuratu ahalko dituzte adikzioen eremuan, prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren arloetan egin duten lanarengatik nabarmendu diren edo nabarmentzen diren eta ibilbide kontsolidatua eta luzea duten EAEko pertsona fisiko zein juridikoek, erakunde publiko zein pribatuek nahiz administrazio eta instituzio publikoek, baldin eta ibilbide hori Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatu badute.

3.– Ezingo dira aintzatespen hau lortzeko hautagai izan aurreko deialdietan kategoria berean saritu diren pertsonak eta erakundeak.

4. artikulua.– Aintzatespenen eta aipamenen ezaugarriak.

1.– Emango diren aintzatespenek eta aipamenek ohorezko izaera izango dute; ez da dirurik emango, eta ez dute pizgarri zein onura ekonomikorik eragingo.

2.– Aintzatespenak honako hauek izango dira: Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntzeko eta asistentzia emateko organoak diseinatutako saria, ziurtagiria eta aintzatespen publikoa.

3.– Aipamenak honako hauek izango dira: ziurtagiria eta aintzatespen publikoa.

5. artikulua.– Hautagaitzen aurkezpena.

1.– Aintzatespenak eta aipamenak lortzeko hautagai izan nahi duten pertsona eta erakundeek beraiek aurkeztu ahalko dituzte hautagaitzak; era berean, beste edozein pertsona fisiko zein juridikok nahiz erakunde publiko zein pribatuk ere sustatu ahal izango ditu hautagaitzak.

2.– Hautagaitza bakoitzarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira, gutxienez:

a) Hautagaitza-formularioa.

b) Adikzioen arloko jardunbiderik egokienen aintzatespenen eta aipamenen kasuan, jardunbide egokia edo ekimen berritzailea deskribatzen duen memoria; eta, adikzioen arloko ibilbide profesionalaren aintzatespenen kasuan, pertsonaren edo erakundearen ibilbide profesionala deskribatzen duen memoria.

c) Hala egokituz gero, proposatutako erakundearen, pertsonaren edo pertsonen aldeko hautagaitzak aurkezten dituztenen abal edo atxikimenduak.

d) Ikus-entzunezko aurkezpen bat ere erantsi ahalko da (gehienez ere, 10 minutukoa).

e) Proiektuen dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahalko da.

3.– Aintzatespen bakoitzaren deialdiaren ebazpenetan, dokumentu horien ezaugarriak zehaztuko dira, eta ereduak emango dira.

4.– Hautagaitza aurkeztuz gero, berariaz eta formalki onartzen dira dekretu honetan eta aintzatespen bakoitzaren deialdiaren ebazpenean adierazten diren betekizunak eta baldintzak.

5.– Hautagaitza-formularioetan agertzen diren datu pertsonalen tratamendua Datu Pertsonalak Babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko Lege Organikoarekin bat etorriz egingo da (abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa).

6. artikulua.– Aintzatespenen eta aipamenen kudeaketa.

Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntzeko eta asistentzia emateko organoa arduratuko da aintzatespenak eta aipamenak emateko kudeaketa-lanez, bai eta aintzatespen eta aipamen horiek emateko ekitaldi publikoaren deialdia egiteaz ere. Prozedura eta lan guztietan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak desagerrarazteko eta berdintasuna lortzeko helburua betetzen ari dela zainduko du organo horrek.

7. artikulua.– Deialdia.

1.– Euskadiko adikzioen arloko jardunbide egokien aintzatespenen eta aipamenen deialdia bi urtean behin egingo da, Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntzeko eta asistentzia emateko organoaren titularrak ematen duen ebazpenaren bidez.

2.– Euskadiko adikzioen esparruko ibilbide profesionalaren aintzatespenen deialdia lau urtean behin egingo da, Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntzeko eta asistentzia emateko organoaren titularrak ematen duen ebazpenaren bidez.

3.– Ebazpen horietan –Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta beharrezkoak diren bideen bitartez zabaldu behar dira–, hautagaitzak aurkezteko epeak eta modua ezarriko dira, baina, edonola ere, modua telematikoa izango da. Hautagaitzak izapidetzeari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri (www.euskadi.eus).

8. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Adikzioen arloko prebentzioarekin, asistentziarekin, gizarteratzearekin, prestakuntzarekin eta ikerketarekin lotuta dauden lau lagunez osatutako epaimahaiak ebaluatu eta hautatuko ditu aintzatespenak edo aipamenak jasoko dituzten hautagaitzak, eta Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntzeko eta asistentzia emateko organoaren titularrak ematen duen ebazpenaren bidez izendatuko dira. Aurkeztutako hautagaitzak ebaluatzeko orduan, epaimahaikideek adikzioen arloko teknikari adituen laguntza jaso ahal izango dute.

2.– Epaimahaiaren osaera aintzatespenen eta aipamenen deialdiaren ebazpenean emango da ezagutzera, eta trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango du, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearekin bat etorriz. Epaimahaikideek generoaren arloko adituen aholkuak jaso ahal izango dituzte.

3.– Epaimahaikideek beraien artean aukeratuko dituzte lehendakaria eta idazkaria.

4.– Epaimahaikideen abstentzio- eta errekusatze-erregimena Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezarritakoaren araberakoa izango da.

9. artikulua.– Balorazio- eta adjudikazio-irizpideak.

1.– Epaimahaiko kideek aintzatespenen eta aipamenen hautagaitzak baloratzeko kontuan izango dituzten irizpideak horien deialdiaren ebazpenetan zehaztuko dira.

2.– Edonola ere, epaimahaiek, gutxienez, honako irizpide hauek izan beharko dituzte kontuan:

A) Euskadiko adikzioen arloko jardunbide egokien aintzatespenak eta aipamenak:

a) Euskadiko adikzioen arloko prebentzioa, asistentzia, gizarteratzea, prestakuntza edo ikerketa hobetzeko egiten den ekarpena.

b) Izaera berritzailea.

c) Proiektuaren edo ekimenaren fidagarritasuna eta kalitate teknikoa.

d) Genero-ikuspegia modu efektiboan sartzea.

B) Euskadiko adikzioen esparruko ibilbide profesionalaren aintzatespenak:

a) Erakundeak, pertsonak edo pertsonek adikzioen esparruan izan duten inplikazio luzea.

b) Ibilbide profesionalaren berezko garrantzia, adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren arloetan.

c) Proposatutako erakundeak, pertsonak edo pertsonek egindako lanaren oihartzuna eta eragina. Hala beharko balitz, ibilbidean generoa eta beste desberdintasun-ardatz batzuk sartzeko aukera baloratuko da, baldin eta ardatz horiek lotura gehiago badute adikzioen esparruarekin.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-prozesua amaitu ondoren, epaimahaiek, gehienez ere, lau hilabeteko epean ebatziko dituzte aintzatespenak eta aipamenak, dagokion deialdian eskaerak aurkezteko ezarritako epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Aurkeztutako hautagaitzak ez badira kalitatezkoak edo ez badauzkate behar diren merezimenduak, aintzatespenen eta aipamenen xedearen eta ezaugarrien arabera, epaimahaiek erabaki dezakete sariak eman gabe geratzea.

3.– Epaimahaien erabakia Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntzeko eta asistentzia emateko organoaren ebazpen bidez egingo da publiko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osasun Saileko adikzioen zerbitzuaren webgunean argitaratzen denean, eta hautagai guztiei jakinaraziko zaie. Baldin eta, kontzesioaren ebazpena jakinarazten den egunetik aurrera, hamar eguneko epean, pertsona edo erakunde sarituak ez badio berariaz eta idatziz uko egiten aintzatespenari edo aipamenari, onartu egin duela ulertuko da.

4.– Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da, eta, horren aurrean, ezin izango da errekurtsorik jarri.

11. artikulua.– Aintzatespenak eta aipamenak ematea.

Aintzatespenak eta aipamenak horretarako antolatuko den ekitaldi publiko batean emango dira. Baldin eta justifikatutako arrazoiren batengatik pertsona edo erakunde sariduna ezin bada joan ekitaldi publiko horretara, beste pertsona bat izendatu beharko du, aurretiaz, bere ordez joan eta saria bere izenean jaso dezan.

12. artikulua.– Aintzatespenak eta aipamenak argitaratu eta zabaltzea.

1.– Eusko Jaurlaritzari adikzioen arloan laguntzeko eta asistentzia emateko organoak aintzatespena edo aipamena jasoko duten pertsonen edo erakundeen identitatea eta proiektu eta ekimen aipagarriak zabaldu ahalko ditu, egokien iruditzen zaion bidearen bitartez –Internet barne–, eta denbora-mugarik gabe. Halaber, berariaz aipatuko dira lanen egile edo proiektuen arduradun izan diren erakundea, pertsona edo pertsonak.

2.– Aintzatespenak eta aipamenak jasotzen dituzten pertsonek eta erakundeek baimena izango dute ezagutzera emateko sarituak izan direla, beraien komunikazio-ekintzetan eta izaera profesionaleko inprimakietan, deialdiaren ebazpena ematen den egunetik; gainera, beti aipatu beharko da zein urtetan eman den aintzatespena edo aipamena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da ekainaren 25eko 398/1991 Dekretua, «Andrés Aya Goñi Oroitzarrea» izeneko saria sortzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.

Prozedurari eta kide anitzeko organoen araubide juridikoari dagokienez dekretu honetan berariaz araututa ez dauden alderdietarako, arau hauek aplikatuko dira, hurrenez hurren: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; eta 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2020ko urtarrilaren 21ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala