Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

17. zk., 2020ko urtarrilaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
368

EBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 16koa, Segurtasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez iragartzen baita Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruko ohorezko aipamenak emateko prozesua, 2019. urteari dagokionez.

Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen eskumenak arautzen dituen urriaren 21eko 207/2014 Dekretuaren 11. artikuluan jasota dagoenez, beren betebeharrak betetzean nabarmentzen diren segurtasun pribatuko langileei Segurtasun Saileko ohorezko aipamenak eman ahal izango zaizkie; ohorezko aipamen horiek merituzko ekintzen arrisku-ezaugarri bereziak, nekagarritasuna, ekimen profesionala eta gizarte-garrantzia kontuan hartuta emango dira, ofizioz edo, bestela, partikularren, langileak kide diren enpresen edo segurtasun pribatuarekin zerikusia duten beste erakunde batzuen ekimenez.

Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuaren 14.3.h) artikuluan adierazten denez, Segurtasuneko sailburuordeari dagokio ohorezko aipamenak ematea.

Segurtasuneko sailburuaren 2016ko martxoaren 1eko Aginduak, Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan ohorezko aipamenak emateari buruzkoak, ohorezko aipamenak emateko prozedura onartzen du. Hala, eskubidea aintzatesten die segurtasun pribatuko langileei ohorezko kondekorazioak eta sariak jasotzeko; segurtasun pribatuko enpresei, diplomak jasotzeko; eta pertsona fisikoei, instituzioei, korporazioei, erakundeei eta establezimendu publikoei nahiz pribatuei, ohorezko plakak jasotzeko.

Segurtasuneko sailburuaren 2016ko martxoaren 1eko Aginduaren 8.2 artikuluak ezarritakoa betetzeko, ebazpen honen bidez, Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruko ohorezko aipamenak emateko prozesua iragartzen da, 2019. urteari dagokionez.

Hori guztia dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruko ohorezko aipamenak emateko prozesua iragartzea, 2019. urteari dagokionez, honako lau kategoria hauetan:

a) Ohorezko kondekorazioa.

b) Ohorezko saria.

c) Diploma.

d) Ohorezko plaka.

Bigarrena.– Aipamenak emateko prozedura, horien xedea eta helburua, horiek emateko balorazio-irizpideak, eta halakoak jasotzeko pertsonek eta erakundeek egiaztatu beharreko betekizunak eta aurkeztu beharreko agiriak Segurtasuneko sailburuaren 2016ko martxoaren 1eko Aginduan finkatuta daude, Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan ohorezko aipamenak emateari buruzkoan.

Hirugarrena.– Nolanahi ere, proposamena egiten duenak bere burua identifikatu behar du; proposatutako pertsona edo entitatea zehaztu eta, segurtasun pribatuko langilea bada, lan egiten duen segurtasun-enpresa identifikatu; proposatzen den aipamenaren kategoria (ohorezko kondekorazioa, ohorezko saria, diploma edo ohorezko plaka); proposamena zer ekintzatan oinarritzen den azaltzeko memoria eta, halakorik balego, horren frogagarri den dokumentazioa.

Laugarrena.– Kategoria guztietako aipamen-proposamenak aurkezteko epea 2020ko apirilaren 30ean bukatuko da.

Bosgarrena.– Honako leku eta era hauetan aurkeztu behar dira eskabideak:

a) Pertsona fisikoek bai aurrez aurre bai modu elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak:

– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako bulegoetan (Zuzenean) aurkeztuko dira: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo); Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia), eta Araba (Ramiro Maeztu 10 beh., 01008 Vitoria-Gasteiz)

– Modu elektronikoa: eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/10426034

Bide elektronikoa erabiliz gero, gune honen bitartez egin beharko dira eskaeraren ondorengo izapideak: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

Eskaera izapidetzeko edota dokumentazioa aurkezteko aukeratutako bideak (aurrez aurrekoa edo elektronikoa) ez dakar prozedurako hurrengo izapideetan ere nahitaez bide hori bera erabili behar izatea. Edozein momentutan alda daiteke bidea.

b) Pertsona juridikoek bide elektronikoa baino ez dute erabiliko eskabideak aurkezteko, eta lehen aipatu dugun egoitza elektronikoan egingo dute.

Seigarrena.– 2020ko ekainaren 12an emango dira aipamen horiek, Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Egunean.

Zazpigarrena.– Aipamen-proposamenak aurkezteko epea bukatu ondoren, Segurtasuneko sailburuaren 2016ko martxoaren 1eko Aginduaren 8.4 artikuluan jasotako ebaluazio-batzordea deituko da, ohorezko aipamen-eskaerak baloratzeko eta horiei buruzko ebazpen-proposamena egiteko.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 16a.

Segurtasuneko sailburuordea,

JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.


Azterketa dokumentala