Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

12. zk., 2020ko urtarrilaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
223

ERABAKIA, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluarena, 2019ko abenduaren 26koa, zeinaren bidez onartzen baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langile finko izateko Enplegu Publikoaren Eskaintza 2019. urteko deialdia.

Osakidetzaren enpleguaren kalitatearen hobekuntzaren arloan, Osasun Sailak eta Osakidetzak zenbait lerro eta helburu ezarri dituzte XI. legealdirako (2017-2020 aldia), ente publikoaren plantillei egonkortasun handiagoa emate aldera eta Osasun Sektorearen Mahaiaren 2017ko ekainaren 23an lortutako aurreakordioa betetzeko. Lerro eta helburu horien hedapenari jarraikiz, 2019. urterako enplegu publikoaren eskaintzarako deialdia onartu beharra dago. Eskaintza hori 2018koarekin batera gauzatuko da, prozesu global baten barruan, hala aurreikusita baitago Administrazio Kontseilu honen 2018ko abenduaren 17ko Erabakian (erabaki horren bidez, Osakidetzaren 2018rako enplegu publikoaren eskaintza onartu zen).

2019. urteko enplegu publikoaren eskaintzari giza baliabideak birjartzeko tasaren araberako plaza-kopurua erantsiko zaio, alegia: 2018. urtean langiletan izandako baja garbien % 100a. Portzentaje hori bi hauen arteko aldeari aplikatuko zaio: aurreko aurrekontu-ekitaldian zerbitzuak emateari utzi dioten langile finkoen kopurua, batetik, eta aipatutako ekitaldian sartu diren langile finkoen kopurua, bestetik. Ez dira kontuan hartuko enplegu publikoaren eskaintzetatik datozenak edo lanpostuak erreserbatzea ez dakarten egoeretatik itzuli direnak. Ondorio horietarako, zerbitzu-prestazioa arrazoi hauek direla-eta uztea hartzen da kontuan: erretiroa, heriotza, uko egitea, lanpostua erreserbatu gabeko eszedentzia-egoeran deklaratzea, karrerako funtzionarioaren izaera galtzea edo lan-kontratua amaitzea, edota lanpostua erreserbatzea edo lanpostua uzten den Administrazioaren aldetik ordainsariak jasotzea ez dakarren beste edozer administrazio-egoera. Era berean, aintzat hartuko dira beste administrazio publiko batzuetara egindako lekualdatze-lehiaketetan emandako altak eta bajak.

Ondore horietarako, erabaki honen eranskin gisa doa atxikita Osakidetzaren Giza Baliabideetako Zuzendaritzak emandako egiaztagiria, birjarpen-tasa kalkulatzeko aintzat hartu diren alta eta baja kopuruari buruzkoa.

2019ko enplegu publikoaren eskaintzan jasota daude, halaber, tasa gehigarriari dagozkion plaza guztiak, Administrazio Kontseilu honek 2018ko enplegu publikoaren eskaintza onartzeko hartutako Erabakian egindako aurreikuspenaren arabera. Hauek dira plaza horiek:

● 2016ko abenduaren 31ren aurreko hiru urteetan aldi baterako eta era jarraituan okupatuta egon diren plazak, 2017ko eta 2018ko EPEetan eskaini ez zirenak, Estatuaren 2017rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19.bat.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.

● Gutxienez 2017ko abenduaren 31ren aurreko hiru urteetan aldi baterako eta era jarraituan okupatuta egon diren egiturazko plazak, Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19.bat.8 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Enplegu publikoaren eskaintza honetan, sarbide berriko langileen bitartez hornitu beharreko plazez gain, barne-sustapenaren bitartez hornitzeko beste plaza batzuk ere eskainiko dira. Plaza horiek ez dira zenbatzen langileen birjarpen-tasatik eratorritako plazen gehieneko mugaren barruan; hala dago xedatuta uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19. artikuluan; plaza horiek Erabaki honetan zehazten dira.

Mahai Sektorialaren 2019ko abenduaren 18ko bileran, txanda honetan 280 plaza sartzea proposatu zen, 2017ko ekainaren 23ko Aurreakordioan hartutako konpromisoak betetzeko, 2014-2015eko EPEko plazak, txanda horretan bete ez zirenak, gehitzeari dagokionez. Proposamen horren ondoren, eta langileen ordezkariek eskatu zutenez plazek 2014-2015eko EPEan zituzten kategorien banaketari eusteko, eta barne-sustapena kolektibo baten baino gehiagoren eskura jartzeko asmoz, proposamena handitzea erabaki da, barne-sustapenean 302 plaza eskainiz. Horrela, eutsi egingo zaio 2016-2017ko EPEan txanda horretan eskainitako plaza-kopuruari.

Deialdi bat zein bestea, hots, txanda librekoa eta barne-sustapenekoa, batera gauzatuko dira.

Plazen lanbide-kategorien araberako banaketa, eta barne-sustapenean deituko diren plazak, plantillaren egoera aztertu aurretik eta irizpide orokorrak ezarri baino lehen, Osasun Sektorearen Mahaian negoziatuko dira, bat etorriz Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 33. artikuluaren aurreikuspenekin.

Osakidetzak, horrela, berretsi egiten du bere profesionalen enplegu-kalitatea hobetzeko hartu duen konpromisoa, lege-esparruaren barruan betiere, eskaini beharreko plazen kopurua birjarpen-tasari (% 100) eta tasa gehigarriari egokituta, dagoeneko aipatu diren aurrekontu-legeetan jasotako oinarrizko arauetan ezarritakoaren arabera.

Adierazitako horren guztiaren ondorioz, Kontseilu honi aurkeztutako dokumentuak aztertu ondoren, Zuzendaritza Nagusiak hala proposatuta, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren estatutu sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5.f) artikuluan xedatutakoaren arabera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2019ko abenduaren 26ko bileran, erabaki hau hartu zuen:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Onartzen da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko estatutupeko langile finko izateko enplegu publikoaren eskaintzaren 2019. ekitaldiko deialdia egitea.

2019ko enplegu publikoaren eskaintzan, 2.150 lanpostu eskainiko dira, txanda irekian.

Plazak honela daude banatuta:

● 1.067, langileen birjarpen-tasari dagokio.

● 1.083, tasa gehigarriari dagozkio, honela banatuta:

○ 2016ko abenduaren 31ren aurreko hiru urteetan aldi baterako eta era jarraituan okupatuta egon diren 414 plazak, Estatuaren 2017rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen ekainaren 27ko 3/2017 Legearen 19.bat.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.

○ 2017ko abenduaren 31ren aurreko hiru urteetan aldi baterako eta era jarraituan okupatuta egon diren 669 plaza, Estatuaren 2018rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 19.bat.8 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Osakidetzaren Giza Baliabideen Antolamendurako Plana garatzeko, 302 lanpostu betetzeko barne-sustapeneko hautaketa-prozesuak egiteko deialdia onartzen da.

Hirugarrena.– Hautaketa-prozesuen arrazionalizazio- eta eraginkortasun-arrazoiak direla eta, pilatu egingo dira Osakidetzaren Administrazio Kontseiluaren 2018ko abenduaren 17ko Erabakiaren bidez onetsitako 2018ko enplegu publikoaren eskaintzari dagozkion lanpostuak eta erabaki honetan jasotakoak.

2018ko eta 2019ko enplegu publikoaren eskaintzak batera gauzatuko dira, eta hautaketa-prozesuen deialdietan adieraziko da zenbat plaza huts egongo diren eskaintza bakoitzean, txanda eta talde profesionalaren araberako banaketa kontuan izanda, zeina negoziazio-prozesu baten ondoren onartuko baita Administrazio Kontseilu honek aurrerago hartuko duen Erabakiaren bidez.

Laugarrena.– Aurreko ataletan aurreikusitako estatutupeko langile finko izateko eta barne-sustapeneko prozesuak batera egingo dira, lehiaketa-oposizioaren hautaketa-sistemaren bidez.

Prozesu horien ondoriozko jarduera guztietan publizitate, berdintasun, merezimendu eta gaitasunaren printzipio orokorrak aplikatuko dira, eta gardentasunik handienarekin gauzatuko dira.

Bosgarrena.– Deialdiaren xede diren kategoriak dagozkien deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz erabakiko dira.

Seigarrena.– Nolanahi ere, barne-sustapenean nahiz txanda irekian, % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenek betetzeko gordeko da deialdira ateratako lanpostuen % 7, baldin eta hautaprobak gainditzen badituzte eta adierazitako desgaitasun-maila eta dagozkien lan eta zereginak egiteko bateragarritasuna egiaztatzen badituzte.

Gordetako ehuneko zazpiko gutxieneko horren barruan, lanpostuen ehuneko bi gordeko da desgaitasun intelektuala duten pertsonek bete ditzaten, eta, gainerakoa, beste edozein desgaitasun mota duten pertsonek bete ditzaten.

Zazpigarrena.– Oinarri orokorren eta dagozkien deialdiek ezarritako oinarri berezien arabera kudeatuko dira hautaketa-prozesuak garatzeko jarduerak.

Zortzigarrena.– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Zuzendaritza Nagusiaren ardura izango da deitzen diren hautaketa-prozesuak oinarri orokor eta berezien arabera kudeatzea, eta ahalmena ematen zaio behar adina ebazpen eman ditzan, 2018-2019 EPEa Administrazio Kontseiluaren 2019ko urriaren 23ko Erabakiaren arabera gauzatzeko.

Bederatzigarrena.– Erabaki honek hartzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Haren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 26a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana