Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2020ko urtarrilaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
152

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Getxoko (Bizkaia) Iturgitxi kaleko 49. zenbakiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko ekainaren 10ean, Getxoko Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion Getxoko (Bizkaia) Iturgitxi kaleko 49. zenbakiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, Planaren) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2019ko irailaren 10ean, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapidea hasi zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki ikusten zituzten oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarri hartuta. Zehazki, erakunde hauei egin zitzaien eskaera: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza eta Ura Uraren Euskal Agentzia, eta Bizkaiko Ekologistak Martxan.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Amaitu da abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea, zenbait txosten jaso dira, eta espedientean jasota dago horien emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.

Getxoko (Bizkaia) Iturgitxi kaleko 49. zenbakiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketa (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Getxoko (Bizkaia) Iturgitxi kaleko 49. zenbakiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, baldintza hauen pean:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Planaren xedea da hirigintza-antolamendu xehatuaren ezarpena laguntzea, zehaztapenak osatu edo egokituta; etxebizitza bloke bat eraikiko da (BS+3S), seina etxebizitza eta garajekoa, trastelekuarekin, sestra pean. Horretarako, egungo eraikina eraitsiko da.

Etxebizitza kolektiboko bizitegi-lurzati hiritarra da, 763,74 m2-koa. Getxoko Villamonte inguruko Iturgitxi kaleko 49.ean dago. Bi solairuko etxebizitza erabileragabe bat dago egun.

Dagoeneko eraikita dagoen eraikin bat eraikin berri batekin ordezkatzeko, Getxoko HAPOaren 7.1.3 artikulua bete beharko da nahitaez –2001eko uztailaren 23an onartu zen, eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (141. zk.) eman argitara 2001eko uztailaren 23an–. Hogeita bigarren ordenantzan ezartzen dira Villamonte ingurunean eraikinak eraikitzeko baldintzak. Halaber, xehetasun-azterketa egin eta behin betiko onartu beharko da.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Plana lagungarri da hirigintza-antolamendu xehatua ezartzeko, horren zehaztapenak osatu edo egokituta, eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuak gauzatzearren.

Hori onartu eta gero, urbanizazio- eta eraikuntza-proiektua garatu beharko dira. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Ez da bateraezintasunik aurkitu planaren eta beste lurralde-plan edo plan sektorial konkurrente batzuen artean. Planak ez du eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuekiko, ingurumenari dagokionez.

c) Plana egokia da garapen jasangarria sustatzera bideratutako ingurumen-irizpideak txertatzeko, batik bat urbanizazioan, eraikingintzan eta eraikuntzan, baliabideen erabilera-efizientzian eta baliabideen kontsumoa murriztean eta aprobetxamendua areagotzean, eraikinen energia-aurrezkian eta -efizientzian, energia berriztagarrien bultzadan, ingurunearen eta biodibertsitate autoktonoaren kalitatearen bultzada eta espezie inbaditzaileak sartzeko arriskuaren murrizketan.

d) Plana egokia da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinen, klima-aldaketaren, airearen kalitatearen (emisio atmosferikoak, zarata, argia) eta biodibertsitatearen arlokoa.

2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak.

Planaren xedeko eremua Getxoko herrigunearen ekialdean dago, Fadurako kirol-instalazioetatik gertu. Guztira, 763,74 m2 ditu eta etxebizitza kolektiboko bizitegirako hiri-lurzoru finkatugabea da.

Eremuak hiri-lurzoru finkatuaren izaera duenez, ez dago ingurumen-babeseko araudirik duen espaziorik –esaterako, Natura 2000 Sarea–, ezta balio naturalengatik nabarmen daitekeen elementurik ere.

Balio kulturalen aldetik, xehetasun-azterketaren eremuan ez dago monumentu multzo kalifikatu izendatutako kultura-ondasunik, kultura-ondasun izendatu inbentariaturik edo EAEko kultura-ondasuneko elementurik, EAEko Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen arabera (EHAA, 1990ko abuztuaren 6koa).

Era berean, ez da hauteman planaren garapen aurreikusia baldintza dezakeen ingurumen-arazo nabarmenik.

Hala, kontuan hartuta eremuaren ezaugarriak eta plana garatzetik eratorritako ekintzak, inpaktu nagusiak eraispen-, urbanizazio- eta eraikitze-lanei eta horiek lasaitasun publikoan izango duten eraginari loturikoak izango dira: kutsatzaileen immisioak –batez ere, lur-mugimenduek eta kamioi-zirkulazioak harrotuko dituzten partikulena eta hautsarena– eta zaratak biztanleen osasunean izan dezaketen eragina, eta zirkulazio-egoeraren aldaketak eta hondakinen sorrerak eragindakoa.

Funtzionamendu-fasean, etxebizitza berrietatik eratorriko diren inpaktu nagusiak baliabide gehiago kontsumitzea, hondakinen sorrera handitzea eta emisioak areagotzea izango dira.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Edonola ere, honako neurri hauek hartuko dira:

– Obrako langileek erabili behar duten jardunbide egokien gidaliburuak gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lan-eremua, lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea eta abar.

– Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.

Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Dekretu horren bidez, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da.

Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakin-biltegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko da biltegia.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

Bermatuko da eremu akustiko honetan betetzen direla aplikatzekoak diren kalitate akustikoko helburuak, eta ezingo da etxebizitzak eta ospitale, hezkuntza edo kultura erabilerako eraikinak eraikitzeko baimenik eman baldin eta, baimena emateko unean, kanpoan ez badira betetzen kalitate akustikoko helburu horiek (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), non eta ez dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluan salbuetsitako kasuren batean.

Ondorioz, kasua zein den, eraikuntza-lizentzia eman aurretik, kanpo-ingurunea babestera bideratutako neurri tekniko eta ekonomikoki egokiak hartu behar dira (lurzorutik bi metrora inguru eraiki gabeetan, eta altuera orotara leihodun fatxadetan, inguru eraikietan), baita, edonola ere, eraikinaren barnealdeko kalitate akustikoko helburuak betetzera zuzendutakoak ere, gelaren arabera (egongelak edo logelak) eta eguneko orduaren arabera (goizez, arratsaldez eta gauez). Fatxadaren isolamendu horiek behar bezala justifikatuta egon beharko dira eraikuntza-proiektuan.

Era berean, Getxoko Udalak lehenengo okupaziorako edo bizigarritasunerako lizentzia eman aurretik, barnealdeko espazioetako kalitate-helburuen betetze-mailari buruzko txostena aurkeztu beharko du. Horretarako, kanpoko fatxadaren isolamendu akustikoa neurtzeko kanpaina bat eskatu dezake. Neurketa horiek «UNE-EN ISO 140-5:1999: Isolamendu akustikoa neurtzea eraikinetan eta eraikuntza-osagaietan» arauak ezarritakoari jarraikiz egin beharko dira. 5. zatia: Fatxadako elementuen eta fatxaden airetiko zarataren aurkako isolamendu akustikoa in situ neurtzea.

Bestalde, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan. Hala, batura-baliabideen erabilera zentzuzko eta efizientea bultzatuko da, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteaz bat. Horretarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana. Espezie horiek lur-mugimenduen bidez hedatzea ekiditeko behar diren neurriak hartuko dira; betelanetan, landareztatze-lanetan eta urbanizazioko lorategi-lanetan erabiliko diren mailegu-lurren eta landare-lurren jatorria eta osaera kontrolatu beharko da.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izateko behar diren ezaugarriei dagokienez, Etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida agirian jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.

– Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.

– Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

– Hondakin solido gutxiago sortzea.

– Lurzoruaren okupazioa murriztea.

– Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur gris gutxiago sortzea.

– Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Naturaren funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea.

– Garraio-prozesu gutxiago egitea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.

– Barneko airearen kalitatea hobetzea.

– Konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten Getxoko (Bizkaia) Iturgitxi kaleko 49. zenbakiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Getxoko Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Getxoko (Bizkaia) Iturgitxi kaleko 49. zenbakiko etxebizitza-eraikinaren xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 27a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala