Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2020ko urtarrilaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
140

AGINDUA, 2019ko abenduaren 26koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, aseguru-jarduerarik egiten ez duten araubide bereziko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bereizi gabeak arautzekoa -borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamendua onartzen duen urriaren 27ko 203/2015 Dekretuan daude araututa erakunde horiek.

Euskal Herriko auzune askotan, familia-eremutik haragoko beharrizanei erantzuna eman ahal izateko, elkarri laguntzeko antolakundeek funtzionatu izan dute mendeetan zehar. Elkartzeko espiritua hainbat jardueraren bidez garatu da praktikan.

Antzinako elkarteen lehen printzipioa akordioa izan da beti, elkarri laguntzeko akordioa hain zuzen ere. Elkarte horiek ez ziren lege batetik sortu, zorigaitzetan elkarri solidaritatezko laguntza eskaintzeko antolatu beharrak eraginda baizik, belaunaldiz belaunaldi iraun duten elkarri laguntzeko akordioen bitartez.

Erakunde horiek, oro har, Euskal Herrian finkatutako tradizio historiko luze baten oinordeko dira, eta mutualismo tradizionalaren jatorrizko figurak jasotzen dituzte, hala nola montepioak, ermandadeak, elkarrekiko sorospen-elkarteak, kofradiak, Sutearo eta antzeko beste batzuk.

Elkarte-jaraunspen hori jasotzeko aldera, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 7.a).4 artikuluak honela definitzen ditu bereizi gabeko modalitateko erakundeak: «Lanekoak ez diren loturak dituztenak eta kontingentzia ez-pertsonalak estaltzeko jarduerak egiten dituztenak». Haien araubidea Lege horren erregelamenduan dago arautua (XI. kapitulua, «Araubide berezia duten erakunde bereizigabeak», II. titulua «Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak»). Erregelamendua urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren bidez onetsi zen.

Bereizi gabeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeek, aipatutako erakunde historiko horiek ematen zituzten estaldurak oinarri hartuta, otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 25. artikuluan ezarritako kontingentziak baino ezin dituzte estali; hau da, bazkidearen ondasunen kalte eta galerak baldin eta etxebizitzan, etxeko ostilamenduan, lan-tresnetan, ganaduan, uztetan, basoetan, ontzietan edo bere lan-jarduerari edo ogibideari lotutako beste edozein ondasunetan badira, bai eta ehorzketari lotutako gastuak ere.

Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko 5/2012 Legearen Erregelamenduaren 70.1 artikuluko 1. apartatuak ezartzen duenez, aseguru pribatuen oinarrizko araudian eta aipatutako XI. kapituluan ezarritakoaren arabera egingo dute jarduera erakunde horiek.

Eta honakoa dio erregelamendu horren 70.2 artikuluak: «Aseguru pribatuen oinarrizko araudia aplikatzearen ondorioz erakunde horietako batek aseguru-erakundearen izaera galtzen badu, erakunde horiek gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloko eskumena duen sailak ezarritako araudiaren arabera arautuko dira».

Aipa dezagun –merezi baitu– 5/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Euskal Zuzenbide Zibilari buruzkoa. Kofradia, ermandade eta mutualitateez ari delarik, 16. artikuluan esaten du sozietate horiek beren estatutuak bete beharko dituztela, eta beren barruko arauak, haiek garatzeko sortzen diren arauak, eta ordezko legedia. Orobat dio sozietate zibil horiek inskriba daitezkeela erregistro bereizi batean, horretarako sortua Eusko Jaurlaritzaren aldetik. Bada, harik eta araudi hori garatu arte, eta BGAEk erabakitzen duten bitartean etorkizuneko euskal araudi zibilaren pean nahi dutela egon, agindu hau sortu dugu, haiek berariaz arautzearren.

Agindu honek bereizi gabeko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen araubidea arautzen du, hain justu gizarte-aurreikuspeneko mutualismoa dutenak osagai bereizle eta funtsezkoena, eta ematen dituzten prestazioak bermatzen dituen edozein aseguru-elementu desagertarazi du haien helburu sozialetik eta estatutu-arauditik. Bazkideen arteko laguntzak izan behar du erakunde horien helburu bakarra, eta irabazi asmorik ez izateak izan behar du printzipio nagusietako bat.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 10.1.g) artikuluak Ogasun eta Ekonomia Sailari borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloan esleitutako eskumenak baliatuz, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Aseguru-jarduerarik burutzen ez duten gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen 7. artikuluaren b) letrako 4. apartatuan jasotako halako erakunde bereizi gabeak arautuko ditu agindu honek.

2. artikulua.– Aseguru-jarduerarik gabeko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde bereizigabea izaera eskuratzea.

1.– Aseguru-jarduerarik gabeko erakundearen izaera (aurrerantzean, erakundea) hartzeko, erakundearen batzar orokorrak hala adostu behar du.

2.– Akordio horren haritik, erakundearen estatutuak ere aldatuko dira, agindu honen 7. artikuluan aurreikusitakora egokitzeko. Akordio hori onetsirik denean, Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan onartu eta inskribatuko da, 5/2012 Legean, 203/2015 Dekretuan eta gainerako garapen-arauetan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Estatutuen aldaketa onartzeko eta inskribatzeko eskaerarekin batera, oro har behar diren agiriez gain, ekonomia- eta finantza-azterketa bat ere aurkeztu behar da, edo, hala badagokio, azterketa aktuariala, entitatearen helburu sozial berriarekin bat datorrena. Azterlan horretan, erakundeak zer finantziazio-sistema izango duen agertuko da, eta eman beharreko prestazioak eta prestazioen zenbatekoa erabakitzeko arauak baloratuko dira.

4.– Prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloan eskumena duen saileko zuzendaritzak izapidetuko du, eta zuzendariaren ebazpen bidez amaituko da. Ebazpen horretan, aseguru-erakunde gisa daukan administrazio-baimena baliogabetuko da eta Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan aseguru-jarduerarik gabeko erakunde gisa inskribatzeko aginduko da.

3. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Agindu honetan arautu ez den orotarako, honako arau hauek aplikatuko zaizkie erakundeei: borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legean ezarritako araudia, eta Borondatezko Gizarte Babeseko Erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legearen Erregelamenduko II. tituluko III., IV. eta XI. kapituluetan eta III. eta IV. tituluetan jasotakoa. Erregelamendu hori abenduaren 27ko 203/2015 Dekretuaren bidez onartu zen.

4. artikulua.– Izena.

1.– Erakundeek beren jatorriari dagokion izen historikoa bere horretan gorde dezakete, hala nola Montepio, Ermandadea, Elkarrekiko Sorospen Sozietatea, Kofradia edo Suaroari.

2.– «Aseguru-jarduerarik gabeko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde Bereizgabea» esapidea ezarriko dute erakundeek, izendapenarekin batera.

5. artikulua.– Esparru subjektiboa eta denborazko esparrua.

1.– Agindu honetan arautzen diren Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute beren egoitza soziala, eta bertan jardungo dute.

2.– Ehorzketaren ondoriozko gastuen eta zerbitzuen kontingentziak gertatzeagatik prestazioak ematen dituzten erakundeek beren estatutuetan finkatutako bazkideei bakarrik emango dizkiete prestazioak, eta jarduera-eremua Euskal Autonomia Erkidegora mugatu. Prestazioen barruan sar daitezke, halaber, bazkideei edo horien onuradunei Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo gertatutako kontingentziengatik sorrarazitako gastuak.

6. artikulua.– Prestazioak.

Agindu honetan arautzen diren Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeek honako prestazioak emango dituzte:

a) Bazkidearen ondasunetan eragindako kalte eta galerak, dela ohiko etxebizitzan, ukuiluetan, biltegietan, pabilioietan, zerrategietan, labeetan, errotetan, etxeko ostilamenduan, lan-tresnetan, ganaduan, uztetan, basoetan, ontzietan, ibilgailuetan edo bere lan-jarduerari edo ogibideari lotutako beste edozein ondasunetan.

b) Ehorzketak eragindako gastu eta zerbitzuak, erakundearen estatutuetan jasota datozenak.

7. artikulua.– Estatutuak.

Estatutuek, 5/2012 Legearen 33.2 artikuluan aurreikusitako gutxieneko estatutu-edukiaz gain, honako hauek jaso behar dituzte:

a) Erakundeak aseguru-jarduerarik ez eta prestazioak bermatzeko jarduerarik ere ez duela egiten azaltzeko adierazpen argi eta zalantzagabea, kontingentzien estaldura egiten duela, baldin eta erakundean baliabide nahikoak badaude.

b) Erakundea mutualista dela, zer estatutu-araubide duen eta bazkideen eta erakundearen arteko harremana ez dela kontratuzkoa.

c) Gobernu Kontseiluak ahalmena duela Gobernu Batzarrari proposatzeko prestazioak murriztea edo bazkideek egin beharreko ekarpenak gehitzea, baldin eta badauden funtsak prestazioei aurre egiteko behar adinakoak ez badira.

d) Soberakinak ezin direla banatu, hurrengo artikuluan ezarritako funtsen gainetik egonagatik ere, non eta ez den erakundea likidatu eta desegin behar delako.

8. artikulua.– Funtsak eta hornidurak.

1.– Gutxienez 50.000 euroko mutualitate-funtsa eduki behar dute, guztiz ordainduta.

2.– Ehorzketaren ondoriozko gastu eta zerbitzuengatik prestazioak ematen dituzten erakundeek hornidura hauek egin beharko dituzte:

a) Hornidura bat, ehorzketetatik eratorritako etorkizuneko ordainketen balio aktuarialaren eta bazkideek egin beharreko etorkizuneko kuoten balio aktuarialaren arteko aldearen hainbestekoa.

Horniduren zenbatekoa aktuario independente batek kalkulatu beharko du, banakako kapitalizazio-sistema baten bidez eta metodo prospektibo bat aplikatuz. Nolanahi, erakundeak bazkideen adinaren arabera onartzen dituen kuota desberdinen zenbatekoan bitartez hornidura hori mutualizatzeko aukera ere egongo da. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailetik dagokion zuzendaritzak ezar ditzakeen betekizunekin bat etorriz, eguneratze-interes-tasa erabiliko da kalkulu hori egiteko.

b) Erakundearen diru-sarreren eta gastuen guztizkoaren artean urteko soberakinaren baliokideak diren hornidura gehigarriak, azken horietan aurreko puntuko horniduretarako zuzkidurak barne.

Erakundeek hornidura gehigarri horiek berreskuratu ahal izango dituzte, soilik, erakundearen sarreren eta gastuen guztizkoen arteko aldea –aurreko a) letran aipatzen diren zuzkidurak eta hornidurak barne– negatiboa bada, eta alde horren zenbatekora arteko mugarekin.

3.– Bazkidearen ondasunetan eragindako kalte-galerengatiko prestazioak ematen dituzten erakundeek beren prestazioak aseguru-konpainia batekin aseguratu ahal izango dituzte, estaldura hauetako batekin:

a) Hartutako arriskuen ehuneko 100.

b) Hartutako arriskuen gaineko beste ehuneko bat. Kasu horretan, aseguratu gabeko arriskua, hau da, aseguru-konpainiak estali gabekoa, ezin izango da izan erakundearen ondare garbiaren ehuneko 50 baino handiagoa.

4.– Azken hiru ekitaldietako aseguratu gabeko prestazioengatik ordaindu duten gastuaren batez bestekoaren % 100a besteko zenbateko minimoko aktiboak gorde behar dituzte erakundeek, beti, eta aktibo horietan aurreko 1. eta 2. paragrafoetan araututako funtsak eta hornidurak gauzatuko dira. Hona zein izan daitezkeen aktibo horiek:

a) Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeen jarduera zehatz batzuk nola burutu arautzeko maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11. artikuluko 3. apartatuaren d) letran jasotakoen motakoak.

b) 11. artikuluko 3. apartatuaren a) letran jasotakoen motakoak; hau da, errenta finkokoak, betiere errenta horrek urte bateko edo gutxiagoko epemuga badu.

5.– Hornidura teknikoen kalkuluak egiteko erabiliko diren taula biometrikoek ofizialak behar dute izan, eta behar bezala eguneraturik egon behar dute gainera. Era berean, kolektiboaren esperientzian oinarritutako taulak ere erabili daitezke, kolektiboaren eboluzioarekin bat datozela egiaztatuta badago. Taula horiek argitaratu egin beharko dira, eta Eusko Jaurlaritzan erakundeen arloko eskumena duen zuzendaritzak onargarri direla adierazi beharko du, dagokion administrazio-ebazpenaren bidez.

9. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Estaliko dituzten prestazioei erantzuteko, erakundeek baliabide hauek izango dituzte eskueran:

a) Sarrerako ekarpenenak, ondasunen edo bazkidearen adinaren balioaren proportzioan, ehorzketa-gastuetarako prestazioaren kasuetan.

b) Urteko ekarpenak, eman nahi diren prestazioen arabera.

c) Ezohiko ekarpenen kontzeptuan erabakitzen diren kopuruak.

d) Funtsen inbertsiotik datozen errendimenduak.

e) Jasotzen dituen dohaintzak, jaraunspenak, legatuak eta dirulaguntzak.

10. artikulua.– Inbertsioari buruzko arauak.

Agindu honetan araututako erakundeek Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen zenbait jarduera arautzen dituen maiatzaren 29ko 92/2007 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. paragrafoaren a), c), d) eta e) idatz-zatietan jasotako aktiboetan soilik inbertitu dezakete, eta artikulu horren 6. paragrafoan ezarritako irizpideen arabera baloratu beharko dira.

11. artikulua.– Gobernu ona eta kontuen auditoretza.

1.– Erakundeen finantza-kontroleko batzordeak edo, halako organorik ez dagoenean, gobernu-batzarrak beren antolamenduaren eta operatiboaren barne-kontroleko prozedura bat egingo dute, honako hauek jasoko dituena, gutxienez:

a) Barne-funtzionamenduari buruzko idatzizko eskuliburu bat.

b) Kobrantza eta ordainketa guztiak banku-kontuen bidez egin beharra.

2.– Hornidura teknikoetan 300.000 eurotik gora duten erakundeek beren kontuak ikuskatuarazi beharko dituzte, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen 5/2012 Legearen Erregelamendua onartzen duen urriaren 27ko 203/2015 Dekretuaren 72. artikuluaren 4. zenbakiaren b) letran ezarritakoarekin bat etorriz.

12. artikulua.– Bazkideen eta onuradunen erregistroa.

1.– Erakundeek bazkideen nahiz onuradun izan daitezkeenen erregistroa eraman behar dute, eta beti-beti eguneratuta eduki.

2.– Ehorzketaren ondoriozko gastu eta zerbitzuen prestazioak ematen dituzten erakundeek generoaren eta jaiotza-dataren arabera bereizitako datuak sartuko dituzte bazkideen eta balizko onuradunen erregistro horretan.

13. artikulua.– Federazioa eta fusioa.

Erakundeek bat egin eta federazioak eratu ditzakete, eta elkarren artean banatu ematen dituzten prestazioak, beren interesak defendatzeko eta beren helburu soziala benetan gauzatzeko ona bada.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Estatistika- eta kontabilitate-informazioa.

1.– Erakundeek, urtean behin, gutxienez, eta telematikoki, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen arloan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailaren dagokion helbidera bidali behar dute finantza eta estatistiken eredua behar bezala beteta. Eredu hori Finantzen zuzendariak 2011ko martxoaren 24ko Ebazpenaren laugarren atalean jasota dator. Hain zuzen, aurreikuspen-erakundeek aurkeztu beharreko kontabilitateko estatistika-dokumentazioaren ereduak eguneratzen eta onartzen ditu ebazpen horrek, Euskadiko Borondatezko Gizarte-aurreikuspeneko Erakundeek eskura izan ditzaten dagokienei aurkezteko.

2.– Eta hiru hilean behin aurkeztu beharko dute dokumentazio ekonomikoa, beren ondasun-egoera zorrotz erakusteko.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Hornidurak jartzea.

Erakundeek 14 urteko epea izango dute, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera kontatzen hasita, 8.2.a) artikuluak xedatutakoa betetzeko.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 26a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala