Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

4. zk., 2020ko urtarrilaren 8a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
33

211/2019 DEKRETUA, abenduaren 26koa, Finantzen Euskal Institutuari baimena ematen diona A motako partaidetzak harpidetzeko «Abe Private Equity Fund, FCR» deritzon arrisku-kapitaleko funtsean.

Eusko Jaurlaritzaren «Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko Esparru Programa 2017-2020» delakoak bi jarduketa-ardatz nagusi ditu: hazkundea eta enplegua berreskuratzea Enplegu Plan Estrategikoaren bidez, eta ekonomia suspertzea «4i» deitutako estrategiaren bidez (inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta industrializazioa). Eta bost plan estrategikoren bitartez zehazten da; horietariko bat da 2017-2020 aldirako Industrializazio Plana, «Basque Industry 4.0», hain zuzen ere.

Industrializazio Planean helburu estrategikotzat jaso da ETEak finantzatzeko iturri eta tresnen zuzkidura indartu, dibertsifikatu eta segmentatzea. Horretarako, esku-hartze eredu arrazoitu eta eraginkor bati jarraituko dioten finantzaketa-tresnen beharra sumatu da. Eredu horrek erantzuna eman behar die merkatuaren hutsegiteei eta gure industria-ehunaren beharrizanei. Horrela lortuko da finantza-tresnen ekosistema eta zorro egoki bat antolatzea, gure industriari on egingo diona eta inbertsio-erabaki berriak hartzea erraztuko diona hazkunde- edo nazioarteratze-proiektuetan, gure ETEen lehiakortasuna areagotzeko, ingurune gero eta globalago, lehiakorrago eta aldakorrago honetan.

Horiek horrela, epe luzeko finantza-tresna bat antolatzeko beharra sortu da, EAEko industriak lehiakortasuna sendotu ahal izan dezan, hazkunderako eta nazioartera zabaltzeko darabilen estrategian. Hala, laguntza eman behar zaie industria-proiektu estrategikoei, zeinek, aldi berean, gainerako industria-ehunetik tiratzeko gaitasuna izango baitute, eta Euskadirentzat enplegua eta aberastasuna sortzen lagunduko.

Eusko Jaurlaritzak gaur egun baditu kudeaketa publikoko zenbait funts, eta oraingoan izaera publiko-pribatu eta kudeaketa pribatuko funts berri batean parte hartzea lehenetsi du beste aukera batzuen aldean, lehendik badiren funtsetan parte hartzearen aldean, esaterako. Erabaki hori hartzea komenigarria da, batez ere, beharrezkoa delako merkatu-aukeraren ikuspegia izatea egin beharreko inbertsioen gainean interes-gatazkarik sorrarazi gabe; lehendik badiren funtsen kasuan gerta liteke halako gatazkak sortzea. Horrek bide emango luke arduraldi esklusiboko kudeaketa-talde bat eratzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren eta finantzen arloan ospea eta esperientzia duten profesionalek osatua.

Horregatik guztiagatik, «Abe Private Equity Fund, FCR» deritzon arrisku-kapitaleko funts berrian parte hartzearen alde egiten da.

Funts horren helburu nagusia da finantza-arlokoak edo higiezin-izaerakoak ez diren enpresetan kapital sozialaren gaineko partaidetzak hartzea aldi baterako. Partaidetza horiek, hartzen diren unean, ez dute kotizatu behar balore-burtsen lehenengo merkatuan edo Europar Batasuneko nahiz ELGAko gainerako herrialdeetako pareko beste edozein merkatu araututan. Bere xede sozial nagusia garatzeko, funtsak partaidetzako maileguak eskaini ahal izango ditu, bai eta bestelako finantzabideak ere, azken kasu horretan nahitaezko inbertsio-koefizientearen parte diren partaidetzapeko sozietateentzat bakarrik. Hori guztia arrisku-kapitaleko funtsei buruzko lege-araudiari jarraituz egingo da. Funtsak bere inbertsioetatik gutxienez ehuneko berrogeita hamar (50) egin beharko ditu baldintza hau betetzen duten enpresetan: hark lehenengo inbertsioa egiten dien unean egoitza edo negozioaren basea Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea. Gainerako ehuneko berrogeita hamarra (50) baldintza hori betetzen ez duten enpresetan inbertitu ahal izango du, gehienbat Estatuko beste lurralde batzuetan. Edozein enpresa-sektoretan diharduten enpresetan inbertitu ahalko du, bere Kudeaketa Erregelamenduan jasotako salbuespenak salbu.

Azaroaren 12ko 22/2014 Legeak (arrisku-kapitaleko erakundeenak) arautzen ditu arrisku-kapitaleko funtsak.

Arrisku-kapitaleko funtsak kudeatzeko, azaroaren 12ko 22/2014 Legearen 35. artikuluak agintzen duenez, sozietate kudeatzaile bat izendatu behar da, eta hain zuzen ere «Abe Capital Partners, SGEIC» sozietateari eman zaio kudeaketaren ardura.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak, enpresa-ondarea zer den azaltzen du 109.1 artikuluan. Lege-testu beraren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan izango duen partaidetzaren ehunekoa ere, zuzenean nahiz zeharka.

Finantzen Euskal Institutuaren Administrazio Kontseiluak 2019ko azaroaren 21eko bileran erabaki zuen Eusko Jaurlaritzarengana jotzea, Finantzen Euskal Institutuari baimena eman diezaion «Abe Private Equity Fund, FCR» deritzon arrisku-kapitaleko funtsean partaidetzak eskuratzeko: guztira 12.000.000 euro, hau da, funtsaren hasierako zuzkiduraren % 15,58.

Horrenbestez, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko abenduaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Finantzen Euskal Institutuari baimena ematea A motako partaidetzak harpidetzeko «Abe Private Equity Fund, FCR» deritzon arrisku-kapitaleko funtsean. Funtsak 77.029.400 euroko hasierako zuzkidura izango duela aurreikusten da. Sozietate kudeatzailea «Abe Capital Partners, SGEIC» izango da; berak kudeatu eta ordezkatuko du funtsa eta berak izango ditu jabari-ahalmenak, funtsaren jabea izan gabe, indarrean dagoen legerian ezarritako moduan.

2. artikulua.– Finantzen Euskal Institutuak funts horretan harpidetuko dituen A motako partaidetzen zenbatekoa 12.000.000 euro da. Horrek esan nahi du Euskal Autonomia Erkidegoak funtsaren hasierako zuzkiduran % 15,58ko zeharkako partaidetza izango duela. Diru kopuru hori Finantzen Euskal Institutuaren aurrekontuaren kargura ordainduko da.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko abenduaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala