Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

2. zk., 2020ko urtarrilaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
17

ERABAKIA, 2019ko azaroaren 27koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluarena, Osakidetza Ente Publikoaren zerbitzu-erakundeetan lanpostuak behin betiko barne-mugikortasunen bidez betetzeko irizpide orokorrak onesten dituena.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2015eko ekainaren 10eko Erabakiaren bidez, lanpostuak aldi baterako edo behin betiko barne-mugikortasunen bidez hornitzeko irizpide orokorrak onetsi ziren, Ente Publikoaren zerbitzu-erakundeetan.

Azken urteotan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan borondatezko mugikortasuneko prozeduretako oinarri berriak arautzeko beharra egiaztatu dugu, bai izaera orokorrekoa, lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorra ezarriz, bai barne izaerakoa ere, behin betiko barne-mugikortasuneko prozedura beste era batean arautzearen bidez, destino berriak modu arinagoan hartu ahal izateko, profesionalen lan- eta familia-bizitza hobeto bateratzeko helburuarekin.

Azaldutako aurrekariekin bat etorriz, Osakidetzako zerbitzu-erakundeen profesionalen borondatezko mugikortasuna errazteko, lan- eta familia-bizitza bateratzeko eta lanbide-garapen hobea lortzeko helburuekin, Administrazio Kontseilu honek, Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 8.5 artikuluak emandako eskumenez baliatuta, hots, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuren egitura organikoa ezartzen duen dekretu horrek emandakoez baliatuta (1997ko azaroaren 14ko EHAA, 219. zk.), Osasuneko Mahai Sektorialean negoziatu ondoren eta SATSE eta SME sindikatuen onarpenarekin,

ADOSTEN DU:

Artikulu bakarra.– Lanpostuak betetzea, lanpostu funtzional/kategoria beraren barruan, behin betiko barne-mugikortasunaren sistemaren bitartez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoa osatzen duten Zerbitzu-erakundeetan.

LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Xedapen honen Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren 2015eko ekainaren 10eko Erabakia indargabetzen du. Erabaki horren bidez, lanpostuak aldi baterako edo behin betiko barne-mugikortasunen bidez hornitzeko irizpide orokorrak onetsi ziren, Ente Publikoaren zerbitzu-erakundeetan, erakunde bakoitzeko unitate eta zerbitzu ezberdinetako aldi baterako barne-mugikortasunari eta egokitzapenari erreferentzia egiten dion horretan izan ezik.

Aldi baterako barne-mugikortasunak destino-aldaketa dakar, hori haren titularrak okupatzen duen arte edo dagokion sistemaren bidez behin betiko betetzen den arte. Borondatezko izaera izango du, eta, beti, interesdunak berak eskatu beharko du.

Modalitate hau erabili ahalko da aurreikusten bada lanpostuaren titularrak 6 hile edo gehiagoko ausentzia luzatu bat izango duela; hala nola zerbitzu bereziak, zerbitzu-eginkizunak, sindikatu-liberazioa, eta Zerbitzu Erakundeek onartutako bestelako suposizioak, baldin eta horiek lanpostuak aldi baterako betetzeko beharra sortzen badute.

Era berean, lanpostua aldi baterako barne-mugikortasun ireki eta iraunkorrean sartu baino lehen, beharrezko egokitzapenak egingo dira zerbitzu-erakunde bakoitzeko unitate eta zerbitzu ezberdinetan, aipatutako erabakiaren baldintzetan.

BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Era berean, erabaki hau onartzen denean indarrean dauden Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeen mugikortasun arloan sinatutako erabakiak indargabetuko dira, Erakunde bakoitzeko unitate eta zerbitzu ezberdinetako aldi baterako barne-mugikortasunari eta egokitzapenari erreferentzia egiten dion horretan izan ezik.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Erabaki honen garapenean, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari eskumena ematen zaio aplikazio egokia eta zuzena Ente Publikoaren Zerbitzu Erakunde guztietan aurrera eramateko beharrezko ebazpenak edo instrukzioak emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Erabaki hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean, eta, administrazio-bidea agortzen duen horren kontra, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio organo horri hilabeteko epean edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri dakioke dagokion Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian bi hileko epean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

1.– Behin betiko barne-mugikortasuneko sistema.

1) Lanpostua aldatzeko aukerak eta/edo lan-baldintzak hobetzeko aukerak sortzen duen estimulua eskaintzeko, lanpostuen horniketa arautu behar da Zerbitzu Erakunde bakoitzaren barruan behin betiko barne-mugikortasuneko sistema baten bitartez. Sistema hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zerbitzu Erakunde guztietan aplikatu behar da.

2) Behin betiko barne-mugikortasunaren bidez destinoaz aldatzen da lanpostu batetik beste batera Zerbitzu Erakunde beraren barruan eta kategoria/lanpostu funtzional beraren barruan. Aipatutako mugikortasuna borondatezkoa da, eta beti pertsona interesdunak eskatu behar du.

Hala ere, zerbitzu-erakunde bereko lanpostu batean osasun-arrazoiengatiko egokitzapenen kasuan, egoera horretan dauden langileek edo egokitzeko zain dauden langileek haien osasun-egoerarako egokitzat hartzen diren lanpostu guztiak eskatu beharko dituzte.

3) Barne-mugikortasun ireki eta iraunkorraren sistemaren bidez hornitu ahalko dira titularrik ez duten oinarrizko izaerako Zerbitzu Erakunde bateko lanpostu guztiak, hauek izan ezik: osasun-egokitzapenak egiteko erreserbatutako lanpostuak, dagokion Batzordean zehaztutakoak; epai irmoaren exekuzioarekin lotutako lanpostuak; hautaketa-prozesuetan edo behin betiko hornidurako prozeduretan dagoeneko konprometitutakoak; amortizazio edo bihurtze espediente baten barruan daudenak; eta behar bezala justifikatutako arrazoi teknikoengatik eta/edo antolaketakoengatik baztertu behar izan direnak.

Edonola ere, erabaki hau sinatzen duten sindikatuekin negoziatuko dira.

4) Eskaintza honen aurretik, hala badagokio, erakunde bakoitzeko unitateetan eta zerbitzuetan egokiak diren egokitzapenak gauzatuko dira.

Mugikortasunaren eskaintza aurreko egokitzapenen artean, hurrengoak salbuetsiko dira: Lehen mailako Arretako Taldeetako Familia Mediku Fakultatibo Espezialistak eta Lehen mailako Arretako Taldeetako Pediatriako Mediku Fakultatibo Espezialistak.

5) Zerbitzu-erakunde bakoitzaren Zuzendaritzaren ardura izango da behin betiko barne-mugikortasuneko lanpostuen zerrenden, kudeaketaren eta esleipenaren deialdia egitea.

Destinoak esleituko dira nahitaez Zerbitzu-erakundearen Hautaketa eta Horniketa zerbitzuaren web-orrian formalki erregistratutako parte-hartze eskaeren eta destino eskaeren arabera, eta baita merezimenduen baremoa aplikatzeko zehaztutako pertsonen hurrenkeraren arabera ere.

6) Lanpostu zehatzen behin betiko esleipen hori dagokion Zerbitzu Erakundeko Zuzendaritza Gerentziaren Ebazpenaren bidez formalizatuko da.

7) Behin betiko barne-mugikortasunaren ondorioz sortzen diren lanpostu hutsak eskaini eta prozedura honen arabera beteko dira. Sistema hau behin besterik ez da aplikatuko.

Azken erresulta deitzen den lekualdatze-lehiaketaren lehen deialdian sartuko da.

2.– Behin betiko mugikortasunaren ezaugarri nagusiak.

1) Behin betiko barne-mugikortasuneko prozesua irekia eta iraunkorra izango da, zerrenda-sistema bidez: kategoria/lanpostu funtzionala, antolaketa-unitatea eta lanaldi-mota.

2) Zerrendak sortzeko deialdia urtean behin egingo da Zerbitzu Erakunde bakoitzaren ebazpenaren bidez. Eskatzeko eta antolaketa-unitateak hautatzeko aurretik aipatutako izaera orokorreko lehiaketa ireki eta iraunkorraren irizpide berdinak erabiliko dira.

3) Urtero Zerbitzu-erakundearen Hautaketa eta Horniketa zerbitzuaren web-orrian formalki erregistratutako parte-hartze eskaerak eta antolaketa-unitateen eskabideak sartuko dira. Dagokion urteko zerrendetan kontuan izango dira pertsona interesdun berriek eginiko eskaerak, eta baita aurreko urteetako zerrendetan dauden pertsonenak ere, baldin eta azken horiek parte hartu nahi dutela berretsi badute; berrespen horretan hautatutako antolaketa-unitateen aldaketa egon ahal da.

4) Deialditik kanpo eta hurrengo zerrendak argitaratu arte aurkeztutako eskabideak eskaera-dataren arabera antolatuko dira; egun berean eskaera bat baino gehiago badago, hurrenkeran lehentasuna izango du lehenago jaio denak.

5) Ezohiko moduan deialdi puntual baten bidez deitu ahalko dira espezifiko gisa identifikatutako lanpostu hutsak. Hori ebazpen bidez egingo da, eta zerbitzu-erakundearen web-orrian argitaratuko da. Horretarako aurretik erabaki hau sinatzen duten sindikatuekin negoziatu beharko dira lanpostu horiek.

3.– Behin betiko barne-mugikortasunaren pertsonaleko esparrua.

Barne Mugikortasuneko prozedura deialdia egiten duen erakundean lanpostua jabetzan daukaten langile finkoei baino ez zaie aplikatuko, zerbitzu aktiboko egoeran edo parekoan badaude eta kasuan kasu ezartzen diren betekizunak betetzen badituzte.

4.– Behin betiko barne-mugikortasunean parte hartzen duten izangaien eskakizunak.

Izangaiek nahitaez bete beharko dituzte betekizun hauek:

a) Zerbitzu erakundean lanpostua jabetzan izatea.

b) Egungo lanpostu funtzionala eta Mugikortasun Horizontaleko xede d(ir)en destino(eta)ko lanpostu funtzionala berdina izatea.

d) Euskararen ezagutza Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Euskararen Erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta Zerbitzu Erakunde bakoitzaren Euskara Planean ezarritako irizpideen araberakoa izango da.

f) Osasun-arrazoiengatiko egokitzapena duten pertsonek edo prozedura horren faseren batean dauden pertsonek nahitaez Prebentzioko Oinarrizko Unitatearen ziurtagiria beharko dute, eskatutako destinoetarako gai direla esaten duena, alegia.

5.– Destinoak.

Pertsona interesdunek kategoria/lanpostu funtzionalerako dauden antolaketa-unitate guztiak hautatu ahalko dituzte, nahiz eta eskaera aurkeztean antolaketa-unitate horien kategoria/lanpostu funtzional horren lanpostu hutsik ez izan.

Hautaketa sailkatze-irizpide hauen bidez egingo da: kategoria/lanpostu funtzionala, antolaketa-unitatea, lanaldia eta hizkuntz eskakizuna.

Eskaeretan gutxienez antolaketa-unitate bat hautatu beharko da. Bestela, eskaera baliozko moduan aurkeztu ez dela ulertuko da, eta automatikoki baztertuko da.

Eskaeran pertsona interesdunak eskatutako destinoak jasoko dira. Eskaera aurkezteko epea amaitu ondoren, ezingo da aldaketarik egin, eskatutako destinoren bat baliogabetzea edo horri uko egitea izan ezik.

Baja edo ukoa erregistratutako idazki bidez aurkeztuko da, eta dagokion Zerbitzu-erakundeko Pertsonaleko Zuzendaritzara bidaliko da.

6.– Behin betiko barne-mugikortasuneko prozeduraren baremoa.

1) Izaera orokorrarekin lanbide-esperientziako merezimenduak hartuko dira kontuan, eta euskara, dagokion kategoria/espezialitateko izaera orokorreko azken lekualdatze-lehiaketarako ezarritako baldintzetan, eskaerak aurkezteko urteko epearen azken egunera arte (II. eranskina).

2) Amaierako puntuazioan berdinketa egonez gero, aplikatuko dira izaera orokorreko Lekualdatze Lehiaketa ireki eta iraunkorrerako irizpideak.

3) Osakidetzak Prestakuntza atalaren balorazioa ezarriko du Merezimenduaren Baremoen barruan behin betiko barne-mugikortasuneko zerrendak lehen aldiz eguneratzen direnean; hau da, Lekualdatze Lehiaketa Ireki eta Iraunkorrean baremazio automatikoaren programa informatikoa garatu eta ezarri ostean. Balorazioaren automatizazioko baldintza bete ondoren, 2022an aplikatuko diren behin betiko barne-mugikortasuneko Zerrendetan Prestakuntza atalaren balorazioa txertatuko da.

4) Baremazioa Zerbitzu Erakunde bakoitzeko Pertsonaleko Zuzendaritzak egingo du, eta erabaki hau sinatzen duten langileen ordezkariei bidaliko zaie behin-behineko emaitza argitaratzen den unean bertan.

7.– Zerrendak egin eta argitaratzea.

1) Urtero, urtearen azkeneko hiruhilekoan, zerrendak egiteko deialdi publikoa egingo da, eta 10 egun balioduneko epea emango zaie eskaerak aurkezteko. Aipatutako epearen azken egunera arte kontuan izango dira pertsona interesdun berriek eginiko eskaerak, eta baita aurreko urteetako zerrendetan dauden pertsonenak ere, baldin eta azken horiek parte hartu nahi dutela berretsi badute; berrespen horretan hautatutako antolaketa-unitateen aldaketa egon ahal da.

2) Baremazioa egin ondoren, Zerbitzu Erakunde bakoitzeko Pertsonaleko Zuzendaritzaren Ebazpenaren bidez, Zerbitzu Erakunde bakoitzaren web-orrian argitaratuko dira deitutako kategoria bakoitzaren onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrendak, esperientzia eta euskara atalen baremazioa zehaztuz.

3) Ebazpen horren aurka izangaiek erreklamazioa aurkeztu ahal diote Zerbitzu Erakunde bakoitzaren Pertsonaleko Zuzendaritzari, Zerbitzu Erakunde bakoitzaren web-orrian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hamar egun balioduneko epean.

4) Garaiz eta behar den moduan eginiko aurkaratze-erreklamazioak edo alegazioak ebatzi ondoren, Zerbitzu Erakunde bakoitzaren Zuzendaritza Gerentziak behin betiko zerrenden gainean emandako behin betiko ebazpenaren bidez ukatuak edo onartuak izango dira. Hori Zerbitzu Erakunde bakoitzaren web-orrian argitaratuko da.

Behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, horiek argitaratu eta hurrengo egunean sartuko dira indarrean, eta aurreko deialdiko zerrendak baliogabetuko dira. Horien indarrean egongo dira hurrengo zerrendak egin arte.

8.– Behin betiko barne-mugikortasunean destinoak esleitzeko prozedurak.

Zerrendak egingo dira antolaketa-unitateen eta lanaldi-motaren arabera, dagokien unitateetan sartzeko interesa duten inskribatutako eskatzaileen puntuazioaren araberako hurrenkeran.

Deialditik kanpo aurkeztutako eskaerak eskaera-dataren arabera antolatuko dira, hurrengo eguneratzera arte. Egun berean eskaera bat baino gehiago badago, hurrenkeran lehentasuna izango du lehenago jaio denak. Zerrenda horiek erabiliko dira beharrezkoa bada, behin betiko zerrendak agortu direnean.

Mugikortasuneko eskaintzaren aurretik, hala badagokio, erakunde bakoitzeko unitateetan eta zerbitzuetan egokiak diren egokitzapenak gauzatuko dira.

Egokitzapen hori hautatuko ahalko ditu kategoria/lanpostu funtzional eta Unitate/Zerbitzu berari atxikitako profesional finko titularrek. Aukera hori izateko, betetzeko beharra sortzen denean lanpostua betetzen egon behar dira edo lanean hasi berehala, barne-mugikortasuneko egoera batean egotearen salbuespena izan ezik. Azken kasuan, barne-egokitzapena hautatuko ahalko dute eta barne-sustapena amaitu arte atzeratu haien laneratzea. Berehalako laneratzearen salbuespen hori behin bakarrik egin dezakete.

Egokitzapena puntuazio-hurrenkeraren arabera egingo da, lanbide-esperientziaren baremazioaren arabera.

Egokitzapena egin ondoren, sortzen den lanpostu hutsa behin betiko barne-mugikortasunean eskainiko zaie eskatzaileei, dagokion zerrendaren lehentasun-hurrenkeraren arabera.

9.– Behin betiko barne-mugikortasunean behin betirako esleitutako lanpostuari uko egitea.

Zerrendetan dauden langileek mugikortasuneko eskaintza bati uko egiten diotenean, antolaketa-unitate horretako mugikortasun-zerrendatik baztertuko dituzte eta ezingo duten parte hartu ukoa egin eta urtebetez antolaketa-unitate bereko beste mugikortasun-prozesu batean.

10.– Behin betiko barne-mugikortasunean esleitutako destinoan lanean hastea eta atxikitzea.

1) Langilea lortutako destinoan lanean hasiko da behin betirako destinoa esleitu eta berehala.

Atxikipena dagokion Zerbitzu Erakundearen zuzendari gerentearen Ebazpen bidez egingo da.

2) Langileak baldin badaude Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko hautaketa- eta horniketa-prozesuetan sartzeko epea luzatzen duten edozein lizentzia edo baimenekin (amatasun-baimena, aitatasun-baimena, aldi baterako etetea haurdunaldian arriskua dagoelako, edoskitzea, lizentzia gaixotasunagatik, liberazioa euskaragatik, amatasun-eszedentzia...), egoera horiek amaitu eta berehala hasi beharko dira lanpostu berrian.

Egoera horietan, lanpostuarekiko atxikimendua ebazpenaren bidez izapidetuko da, destinoen esleipenaren behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, nahiz eta horrek ez du emandako lizentziaren edo baimenaren amaiera ekarriko. Horrela izanik, egoera horiek amaitu eta hurrengo egunean lanpostu berrian lanean hasiko dira.

3) Berehala lanean hasteko beste salbuespen batzuk hauek dira: behin betiko barne-mugikortasunaren bidez lanpostua eskuratu dutenak aldi baterako barne-sustapenean egotea. Salbuespen hori behin bakarrik aplikatuko da. Lanean hasiko dira barne-sustapeneko egoera hori amaitu ondoren edo eskaintza egin eta berehala. Profesionalak erabakiko du.

4) Salbuespenez, behar bezala arrazoitutako zerbitzu-beharrengatik ere atzeratu ahal izango da lanpostu berrian hastea. Egoera horiek gertatuz gero, interesdunei eta erabaki hau sinatzen duten sindikatuei jakinarazi eta haiekin adostuko dira. Pertsona interesdun guztiek eta baita erabaki hau sinatzen duten sindikatuak ere deituak izango dira egoera horiek gertatzen direnean, denon artean aztertu eta baloratzeko.

5) Barne Mugikortasunaren bidez beste unitate edo zerbitzu batean lanean hasten diren langileek beren gain hartu beharko dituzte bertan indarrean dauden barne-arauak. Jatorrizko Unitatean edo Zerbitzuan eskatutako baimen, lizentzia, opor eta abar guztiak destinoko Unitatearen edo Zerbitzuaren onarpenaren zain geldituko dira, eta aurretik ezingo da bermatu eskatutako baldintzetan gozatu ahalko diren.

Halaber, Barne Mugikortasuna eskuratu nahi duen eta, edozein arrazoi dela eta, bere jatorrizko unitatean edo zerbitzuan aplikatu zain dauden aldaketak dituenak horiek aplikatuta izan beharko ditu, esleitutako destinoan lanean hasten den unean.

11.– Behin betiko mugikortasunaren bidez lortutako atxikipen berrian egon beharreko gutxieneko denbora.

Behin betiko mugikortasunaren bidez lortutako lanpostu baten esleipenaren ondoren, esleipenduna gutxienez urtebete egon beharko da, hori esleitzen dioten unetik aurrera, Erakundearen barruan mugikortasuneko beste prozesu batean parte hartu ahal izateko.

Denbora-muga hori ez da aplikatuko, iraungi baino lehen, pertsona interesdunak lortutako lanpostuarekiko atxikipena galdu duenean, bai lanpostua kendu dutelako edo langilea lanpostuz aldatu badute gerora sortutako arrazoiengatik.

12.– Jarraipena.

Zerbitzu-erakunde bakoitzaren barruan, jarraipen-batzorde bat osatuko da erabaki hau sinatzen duten sindikatuekin batera. Edozein alderdik hala eskatzen duenean bilduko da batzordea.

Behin betiko barne-mugikortasunaren bidez betetako lanpostu funtzionalen informazioa bidaliko zaie bi hilean behin erabaki hau sinatzen duten sindikatuei eta lau hilean behin Osasuneko Mahai Sektorialean ordezkaritza duten sindikatuei.

Horren kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietarako Epaitegietan, bi hileko epean, hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 27a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluko presidentea,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana