Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2019ko abenduaren 30a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
5894

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 17koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita euskal etxeentzako 2020ko dirulaguntzak emateko.

Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren bidez (2008ko apirilaren 11ko EHAA), euskal etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezarri zen, eta irailaren 9ko 175/2014 Dekretuaren bidez (2014ko irailaren 17ko EHAA), aldatu egin zen dekretu hura. Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza horietarako deia urtero egingo da, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren pertsona titularraren ebazpen baten bidez.

Deialdi honi gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko Aurrekontu Orokorren kontura.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Ebazpen honen helburua da 2020. urtean euskal etxe, federazio eta konfederazioentzako dirulaguntzak emateko deialdia egitea, martxoaren 18ko 50/2008ko Dekretuan araututako baldintzetan. Irailaren 9ko 175/2014 Dekretuaren bidez aldatu zen dekretu hori.

Bigarrena.– Dirulaguntza jaso dezaketen jardueren denbora-eremua.

Deialdi honetara biltzen diren programa eta jarduerak 2020. urtean gauzatu beharko dira eta abenduaren 31rako amaitu beharko dira.

Hirugarrena.– Dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuak eta jarduerak.

1.– Ohiko gastuak eta jarduerak antolatzekoak. IV. kapitulua: diruz lagundu ahal izango dira funtzionamendu-gastuak eta baita irabazi-asmorik gabeko urteko programa eta jarduera zehatzak ere, honako jarduera eremu hauetakoak batez ere:

a) Gazteria.

b) Emakumea.

c) Kanpo irudia eta komunikazioa.

d) Memoria historikoaren berreskurapena.

Euskal etxeen funtzionamendu eta mantentze gastuak (langileen soldatak, gizarte segurantza, bidaia gastuak, ura, argindarra, berogailua, zergak, aseguruak, alokairuak eta antzekoak) diruz lagundu ahal izango dira, baina ezingo dira jarduera gastuak baino handiagoak izan eta esleitutako dirulaguntzaren % 50eko muga dute.

2.– Azpiegitura eta ekipamendu gastuak. VII. kapitulua: diruz lagundu ahal izango dira euskal etxeetako, etxeon federazioetako eta konfederazioetako azpiegitura eta ekipamendu gastuak, honako hauei lehentasuna emanez:

a) Katastrofeek eragindako kalteak konpontzeari.

b) Hesi arkitektonikoak kentzeari.

c) Euskal etxeen egoitza berriak eraikitzeari.

d) Gazteentzako guneak egokitzeari.

e) Gazteen eta emakumeen jarduerak aurrera eramateko teknologiak sartzeari.

3.– Kapitulu bakoitzean esleitzen diren dirulaguntzen gutxieneko kopurua 300 eurokoa izango da. Zenbatekoa zehazteko ezarritako formula erabilita ateratzen den zenbatekoa gutxieneko zenbateko hori baino txikiagoa bada, ez da dirulaguntzarik emango.

4.– IV. kapitulurako emango diren dirulaguntzen gehienezko kopurua 30.000 eurokoa izango da euskal etxeentzat, eta 50.000 eurokoa federazioentzat. Gehienezko kopuru hori ez zaie ezarriko euskal etxeen federazioei.

5.– VII. kapitulurako emango diren dirulaguntzen gehienezko kopurua 10.000 eurokoa izango da.

Laugarrena.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honetarako gorde diren diru-baliabideak bederatziehun eta bi mila eta hirurehun euro dira guztira (902.300), honela banatuta:

a) IV. kapitulurako: 117.345 euro ordainketa-kredituetan eta 664.955 euro konpromiso-kredituetan.

b) VII. kapitulurako: 18.000 euro ordainketa-kredituetan eta 102.000 euro konpromiso-kredituetan.

2.– Ebazpen honetan jasotako dirulaguntzen deialdia egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea erabiliko da –Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan arautu zen izapidetze hori–; deitutako dirulaguntzak esleitzeko, beraz, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzetara biltzeko eskabideak I. eranskinean edo www.euskadi.eus/euskaldunak web-orrian jasotako eredu normalizatuan egingo dira.

2.– Eskabideak Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusira zuzendu eta igorriko dira (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz). Euskadik dituen ordezkaritzetara ere zuzendu eta igorri ahal dira, ordezkaritzak dituzten herrialdeetan.

3.– Eskabideak, halaber, euskal etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako edozein bide erabilita aurkeztu ahal izango dira.

4.– Eskabideak aurkezteko azken eguna 2020ko otsailaren 28a izango da.

Seigarrena.– Ohiko gastuetarako eta jarduerak antolatzeko eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko irizpideak (IV kapitulua).

Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako Ebaluazio Batzordeak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko:

1.– Euskadirekiko eta beste herrialde batzuetan errotutako euskal gizataldeekiko harreman sozial, ekonomiko eta kulturalak indartzea, Aholku Batzordeak onartutako lau urterako Planarekin bat etorriz (30 puntu gehienez):

a) Inguruko euskal etxeekiko harremanak – 10 puntu gehienez (10 eta 6 puntu bitartean, asko badira; 5,99 eta 0 bitartean, gutxi badira edo ez badaude).

b) Euskadirekiko harremanak – 10 puntu gehienez (10 eta 6 puntu bitartean, asko badira; 5,99 eta 0 bitartean, gutxi badira edo ez badaude).

c) Beste herrialde batzuetako euskal etxeekiko harremanak – 10 puntu gehienez (10 eta 6 puntu bitartean, asko badira; 5,99 eta 0 bitartean, gutxi badira edo ez badaude).

2.– Sendotzeko edo indartzeko garrantzia, barne-kohesioa bultzatuz (35 puntu gehienez):

a) Bazkide kopurua – 15 puntu gehienez (puntu bat 100 bazkideko – 10 puntu arte; puntu bat 35 urtetik beherako 25 bazkideko – 5 puntu arte).

b) Programatutako jardueraren maila, aurkeztutako ekitaldi kopurua eta garrantzia kontuan izanik – 20 puntu gehienez (20 eta 10 puntu bitartean ekitaldi ugari edo era desberdinekoak badira; 9,99 eta 0 bitartean, ekitaldi gutxi eta/edo antzekoak badira).

3.– Erakunde eskatzailearen jardun-ibilbidea (25 puntu gehienez).

a) Jarduerak kanpoan duen garrantzia edo oihartzuna: komunikabideak, publikoa, eta abar – 10 puntu gehienez (10 eta 6 puntu bitartean, hedapen handiko komunikabideetan azaltzen badira; 5,99 eta 0 bitartean, komunikabide gutxitan edo hedapen mugatuko komunikabideetan edo tokikoetan baino azaltzen ez badira edo inolakotan azaltzen ez badira).

b) Jarduerak aurrera eramateko azpiegituren egokitasun maila (egoitza, web-orria, eta abar) – 5 puntu gehienez (5 eta 0 puntu bitartean, egoitza fisikoa eta edo birtuala nahikoa/egokia bada aurkeztutako ekitaldian aurrera eramateko).

c) Azken urterako jardun-kurba – 10 puntu gehienez (10 eta 6 puntu bitartean, ekitaldiek gorako joera badute edo berriak egiten badira; 5,99 eta 0 puntu bitartean, ekitaldiak betikoak badira edo inoiz baino gutxiago).

4.– Aurrera eramango diren programa, ekintza edo jardunen genero-ikuspuntua (10 puntu gehienez).

a) Emakumeek Zuzendaritza-batzordeetan parte hartzea berdintasun baldintzetan – 5 puntu gehienez (5 eta 0 puntu bitartean, Zuzendaritzetan parte hartzen duten emakume kopuruaren arabera, eguneratutako datuetan oinarrituta).

b) Diskriminazio positiboko jardunak – 5 puntu gehienez (5 eta 0 puntu bitartean, urtean zehar egiteko gizonezko eta emakumezkoen berdintasuna lortzeko programatutako diskriminazio positiboko jardun kopuru eta garrantziaren arabera).

5.– Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna (30 puntu gehienez).

a) Ibilbide ekonomikoa, kontuan izanik aurreko urteetako espedienteen justifikazio maila – 10 puntu gehienez (10 puntu aurreko justifikazioak garaiz eta era egokian egin dituzten euskal etxeen eskabideei, eta baita aurreko urtean dirulaguntzarik jaso ez zutenei ere; 5 puntu era egokian baina epez kanpo justifikatutakoei; eta 0 puntu ez garaiz ez era egokian egin ez zutenei).

b) Norbere baliabideak – 20 puntu gehienez, ondoko epigrafeen arabera (ehunekoak zenbaki oso hurbilenera borobilduko dira):

– % 0-25 bitarteko autofinantzatzea: 0 eta 5 puntu artean.

– % 26-50 bitarteko autofinantzatzea: 6 eta 10 puntu artean.

– % 51-75 bitarteko autofinantzatzea: 11 eta 15 puntu artean.

– % 76-100 bitarteko autofinantzatzea: 16 eta 20 puntu artean.

Autofinantzazio-portzentajea kalkulatzeko, bi kontzeptu hauek izango dira kontuan, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izango du:

1.– Euskal etxearen diru-sarrera propioak diru-sarrera orokorren artean zatitu dira, aurkeztutako balantzeetan oinarrituta, 0 eta 10 arteko koefizientea atera delarik.

2.– Eskatutako diru kopurua eskabidean aurkeztutako guztirako aurrekontuaren artean zatitu da, aurkeztutako balantzeetan oinarrituta, 0 eta 10 arteko koefizientea atera delarik.

Zazpigarrena.– Azpiegitura eta ekipamendu gastuetarako eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko irizpideak (VII. kapitulua):

1.– Sendotzeko edo indartzeko garrantzia (30 puntu gehienez):

a) Bazkide kopurua: puntu bat 100 bazkideko – 7,5 puntu gehienez.

b) Ekitaldiak eta kultura zabaltzea – 7,5 puntu gehienez (seigarren oinarriaren 2.b) irizpidea bezala aplikatuz).

c) Hartzen duen eremu geografikoaren garrantzia: herria, hiria, eskualdea, herrialdea – 7,5 puntu gehienez (7,5 puntu baldin eta euskal etxearen eragin eremuak kokatzen deneko herrialde osoko erakunde sarea hartzen badu, edo herrialde horretako euskal etxe bakarra bada; 5 puntu bere eragin eremua herrialde bateko hiriburua bada; 4 puntu erregio edo estatua hartzen badu, edo itzal handiko hirian kokatzen bada; 2 puntu hiri mailakoa bada eragina).

d) Premiazko konponketak eta abian dauden obra edo ekipamendu proiektuak – 7,5 puntu gehienez (konponketa premia edo larritasunaren arabera, martxan dagoen proiektu baten jarraipenak ere aldeko balorazioa izanik).

2.– Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna (35 puntu gehienez).

a) Ibilbide ekonomikoa ekipamendu eta obretan, kontuan izanik aurreko urteetako espedienteen justifikazio maila – 10 puntu gehienez (seigarren oinarriaren 5.a) irizpidea bezala aplikatuz).

b) Norbere baliabideak – 15 puntu gehienez, ondoko epigrafeen arabera (ehunekoak zenbaki oso hurbilenera borobilduko dira):

– % 0-25 bitarteko autofinantzatzea – 0 eta 3 puntu artean.

– % 26-50 bitarteko autofinantzatzea – 4 eta 7 puntu artean.

– % 51-75 bitarteko autofinantzatzea – 8 eta 11 puntu artean.

– % 76-100 bitarteko autofinantzatzea – 12 eta 15 puntu artean.

c) Egoitza mota: jabegoan, 10 puntu; edo alokairuan, 5 puntu.

3.– Proiektuaren premia eta egokitasuna (35 puntu gehienez).

a) Obra edo ekipamenduaren premia maila – 20 puntu gehienez (hondamendi naturalak, hirugarrenek eragindako bandalismoa edo oztopo arkitektonikoak ezabatzea bezalako ustekabekoak kontuan izanda, 20 puntu emango dira, premia larrikoak direnean; 15 puntu, premia handikoak direnean; 10 puntu, premia ertainekoak direnean, eta, 5 puntu, premia txikia denean edo gastua atzeratzeko modukoa denean).

b) Premia horri aurre egiteko, aurrekontuaren egokitasun maila, aurrekontuak duen oreka baloratuz euskal etxeak oro har duen garrantziaren arabera – 15 puntu gehienez (15 puntu, aurkeztutako aurrekontua egokia edo merkea denean; 10 puntu, onargarria edo normala denean; eta 0 puntu, desegokia edo garestiegia denean).

Zortzigarrena.– Ebaluaketa Batzordea.

Ebaluaketa Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

– Gorka Alvarez Aramburu jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, batzordeko lehendakaria.

– Andoni Martin Arce jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikoa, bokala.

– José Manuel Meaurio Antón jauna, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko teknikaria, bokala.

– María Isabel Etxabarria Pérez andrea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusikoa, batzordearen idazkaria.

Bederatzigarrena.– Prozedura ebaztea.

Ebaluaketa Batzordeak egindako proposamena kontuan hartuta, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak ebatziko du deialdia.

Hamargarrena.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

Erakunde onuradunek dirulaguntza jaso duen jarduerak sortutako gastuak justifikatzeko agiriak errazago aurkez ditzaten, eta ahal den neurrian erakunde horiei argibideak eskatzen ibili behar ez izateko eta esleitutako dirulaguntzaren azkeneko ordainketa ez atzeratzeko, informazio-orri baten eredua jaso da II. eranskinean; hor adierazi beharko dira aurkeztutako gastuen fakturak eta frogagiriak, behar bezala zenbakituta, identifikatuta eta sailkatuta.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ebazpen honetan aurreikusten diren dirulaguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (CE) Araudiaren menpe egongo dira (2013ko abenduaren 24ko EBAO, L 352. zk.); araudi hori Europar Batasuneko Itunaren 107. eta 108.artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Dirulaguntzok minimis laguntzen barruan daude, pertsona juridiko edo fisiko zehatz bati emandako dirulaguntza osoak ez duelako 200.000 eurotik gora egiten, hiru zerga-ekitalditan zehar. Uste da muga horren azpitik dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten edota ez dutela lehia desitxuratzen; beraz, ez dira EBren Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremukoak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan eta euskal etxeen dirulaguntzak arautzen dituen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuan arautu ez den guztirako, hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zena) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Araudi Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko apean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko apean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 17a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

I. ERANSKINA
ESKABIDE-EREDUA
EUSKAL ETXEAK
2020

1.– Erakunde eskatzailearen datuak.

Izena:

Hiria:

Herrialdea:

2.– Finantza koadroa (tokian tokiko monetan).

(Ikus .PDF)

3.– Aurkeztutako dokumentuak.

Dirulaguntza deialdiaren aurreko urteko aurrekontu ekitaldian izan dituen diru-sarreren eta gastuen balantzea.

Diruz lagundu nahi den programa, ekintza edo jarduera deskribatzen duen txostena. Pertsona fisikoei laguntzeko programetan erabili diren aukeraketa-irizpideak ere zehaztu beharko dira txosten horretan.

Programa, jarduera edo ekintza burutzeko kostuen estimazioa, tokian tokiko monetan, aurreikusitako irabazi eta gastuak berariaz (azpiegitura edo ekipamendu inbertsioak direnean, profesional aditu batek egindako proiektua eta aurrekontua erantsi beharko dira).

Dirulaguntza eskatu duen erakundearen Zuzendaritza-organoetan eta erakunde horrek antolatutako ekintzetan emakumeak duen parte-hartzeari buruzko txostena.

Euskal etxeak dirulaguntza deialdiaren aurreko urteko aurrekontu-ekitaldian burutu dituen jardueren txostena.

Legezko ordezkariaren aitorpena, urtean bertan eta aurreko bi urteetan beste minimis laguntzaren bat jaso duen ala ez adierazteko.

Erakunde eskatzaileak ez du ez isun administratibo ez zigor penalik jaso dirulaguntza publikoak eskuratzeko ahalmena kentzen dionik, eta ez dago legalki galarazita horiek jasotzeko.

Legezko ordezkariak ziurtatzen du aurkeztutako datuak bat datozela diruz lagundu nahi den euskal etxearen benetako estimazioekin.

Legezko ordezkariaren izena, data, eta sinadura:

II. ERANSKINA
JUSTIFIKAZIO-ORRIA

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzen justifikazio-prozesua errazteko, hemen atxikitzen da hurrengo urteko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharreko justifikazio-orriaren eredua.

Erakunde eskatzailearen izena:

Esleitutako dirulaguntza (zenbatekoa eurotan):

IV. KAPITULUA:
VII. KAPITULUA:

Aurkeztutako agiriak:

IV. KAPITULUA:
VII. KAPITULUA:

Fakturen eta ziurtagirien zerrendaren zehaztasunak (kapitulu bakoitzeko kontzeptuka bilduta):

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala