Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

245. zk., 2019ko abenduaren 26a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
5881

EBAZPENA, 2019ko abenduaren 10ekoa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, kontsumitzaileen elkarteei dirulaguntzak emateko 2020ko ekitaldiko deialdia eta oinarriak argitaratzen dituena.

Kontsumitzaileen elkarteak irabazi-asmorik gabeko erakundeak dira, eta euren helburua kontsumitzaileen eskubide eta interes legitimoak babestea eta kontsumitzaileei informazioa, prestakuntza eta hezkuntza ematea da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10. artikuluan jasotakoarekin bat etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestearen inguruko eskumena.

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko 6/2003 Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak izango dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak aldezteko unean ordezkaritza eskaini eta parte hartuko dutenak. Halaber, Euskadiko herri-administrazioek kontsumitzaileen asoziazionismoa sustatuko dute, bakoitzari dagokion arloan.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua 9/2007 Legearen bidez sortu zen, eta haren helburua da Jaurlaritzaren politikak zehaztea, planifikatzea, bultzatzea eta betearaztea kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldeztearen eta babestearen arloan. Institutuaren zereginen artean hauxe dugu: kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko eta babesteko elkarteen eta erakundeen garapena indartzea eta sustatzea, eta aktiboki eta diruz lagunduz lan egitea elkarteekin aholkularitza-, defentsa- eta informazio-egitekoetan.

2018ko urriaren 9an, Kontsumobideren zuzendariaren ebazpen baten bidez, erakunde autonomo horren Dirulaguntzen 2019-2021 aldirako Plan Estrategikoa onartu zen, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren artikuluan ezarritakoa betez. Gainera, erakunde autonomo horren web-orrian argitaratu zen.

Azaldutako gogoetak oinarri hartuta, eta azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean, Dirulaguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006ko Errege Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoa kontuan izanik, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzak arautzea, funtzionamenduari eta laguntza juridikoari dagozkion gastuak ordain ditzaten.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honek arautzen dituen laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 431.000 eurokoa da, eta, horietatik, 323.250 euro 2020ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2021erako konpromiso-kredituan sartuko dira programan aurreikusitako 107.750 euro.

Ebazpen honetan arautako laguntzak emateko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.

2.– Aurreko lerrokadan aurreikusitako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa honela banatzen da, 4. artikuluan ezarritako diruz laguntzeko moduko kontzeptuen artean:

a) 1. lerroan («Kontsumitzaileei arreta ematea») xedatutako laguntzak finantzatzeko: 276.000 euro; horietatik, 207.000 euro 2020ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 69.000 euro 2021erako konpromiso-kredituari dagozkio.

b) 2. lerroan («Aholkularitza juridikoa») xedatutako laguntzak finantzatzeko: 155.000 euro; horietatik 116.250 euro 2020ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 9.000 euro 2021erako konpromiso-kredituari dagozkio.

3.– Diruz laguntzeko moduko lerroak finantzatzeko baliabide ekonomikoei dagokienez, lerro bateko kreditua agortzen ez bada, gerakina beste lerro bateko laguntzak finantzatzeko erabil daiteke.

4.– Ebazpen honetan ezarritako laguntzak lehiaketa prozeduraren bidez ebatziko dira, diruz lagundu daitekeen eta 4. artikuluan zehaztutako kontzeptu bakoitzarentzat.

5.– Entitate onuradunek 2020an egindako gastuak ordaintzeko dira laguntza horiek.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako baldintza hauek betetzen dituzten kontsumitzaileen elkarteak izan daitezke ebazpen honek araututako dirulaguntzen erakunde onuradun:

– Beren helburu bakarra kontsumitzaileak kontsumoaren alor guztietan defendatzea izatea.

– Eskaera aurkezteko unean izena emanda edukitzea Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteen Erroldan (uztailaren 30eko 249/1985 Dekretuan zehazten da zein den errolda hori), betiere Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

– Jardun-eremuak Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzea.

– Kontsultak egiteko, arreta emateko eta kontsumitzaileek aurkeztutako erreklamazioak kudeatzeko zerbitzu bat izatea.

– Zuzenbidean lizentziatutako pertsonek emandako aholkularitzako eta laguntza juridikoko zerbitzu bat izatea.

– Egunean izatea Gizarte Segurantzarekiko eta EAEko Administrazio Orokorrarekiko zerga-betebeharrak.

– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz lagundu daitezkeen 2 lerro ezartzen dira:

– 1. lerroa: Kontsumitzaileentzako arreta.

– 2. lerroa: Laguntza juridikoa.

4.1.– Kontsumitzaileei arreta ematea (1. lerroa).

4.1.1.– Diruz lagunduko dira kontsumitzaileen elkarteen funtzionamendu orokorretik eratorritako gastuak, jarduera hauek gauzatzeko egindakoak:

– Kontsumitzaileek aurkeztutako kontsultei erantzutea.

– Erreklamazioak kudeatzea eta kontsumo-harremanei dagozkien gatazketan bitartekotza-lanak egitea.

– Kontsumitzaileei zuzendutako prestakuntza- eta informazio-ekintzak.

Kontsumitzaileek aurkeztutako kontsultei arreta-zerbitzua emango zaie modu orokortuan, kontuan hartu gabe kontsumitzaile horiek elkarteko kide diren ala ez.

4.2.– Laguntza juridikoa (2. lerroa).

4.2.1.– Diruz lagunduko dira elkarteek kontsumitzaileei emandako laguntza juridikotik eratorritako gastuak:

– Elkarteko aholkulari juridiko batekin izandako kontsultak.

– Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren epaiketetan kontsumitzaileen eskubideak eta interesak defendatzea.

– Kontsumitzaileen multzoari zuzendutako orientazio juridiko orokorrak.

– Bukarazte-akzioak.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1. lerroa

Gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:

– Lokalen alokairuak; erakunde eskatzaile bakoitzak 3 alokairu izan ahalko ditu gehienez, eta publikoari irekitako bulegoekin bat egin beharko dute.

– Langile-gastuak.

– Finantza-gastuak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.7 artikuluan ezarritakoarekin bat datozenak.

– Eskaeraren aurrekontuaren atalean behar bezala zehaztutako bestelako gastu orokorrak (argindarra, ura, gasa, komunikazioak...).

2. lerroa

Gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:

– Aholkulari juridiko profesionalen minutak.

– Adituen azterlanak edo txostenak.

– Aholkularitza juridikoko funtzioak betetzen dituzten langileak.

– Bukarazte-akzioetatik eratorritako bestelako gastuak.

Osoki azpikontratatu ahal izango da 2. lerroko jardueren exekuzioa, betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Dirulaguntzen Erregelamenduaren 68. artikuluan ezarritako baldintzak errespetatuz.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen muga kuantitatiboa merkatuaren balioa izango da, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea; amaitu, berriz, 2020ko otsailaren 14an.

2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo artikuluan eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Hala, euskadi.eus atariaren egoitza elektroniko honetan aurkeztu beharko dira eskaerak:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/kontsumitzaileen-elkarteentzako-laguntzak-2020/y22-izapide/eu/

3.– Bide elektronikotik eskabideak aurkeztu osteko izapideak honen bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

4.– Erakunde interesdunek ziurtagiri elektroniko onartua eduki behar dute, prozedura honetako izapide guztiak bitarteko elektroniko bidez egiteko.

https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/y22-izapide2/eu/

5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak, aukeran. Halaber, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, hala ezarrita baitago Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2 eta 6.1 artikuluetan.

7. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena emango dio Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari zuzenean eskuratzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak, ziurtagiri telematikoen bitartez. Eskatzaileak, kasu horretan, ez ditu bidali beharko dagozkion agiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion agiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako baldintza hauek betetzen direla ziurtatu beharko da:

– Jakinaraztea dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerarik edo bestelako baliabideak eskatu edo, hala badagokio, jaso direla helburu bererako, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.

– Erakundeak ez izatea abian itzultze- edo zehapen-prozedurarik, edo horiek amaituta izatea; hortaz, dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.

– Entitate eskatzailea ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez izatea horretarako legezko debekurik.

– Eskatzailearen helburu bakarra izatea kontsumitzaileak defendatzea kontsumoaren alor guztietan.

– Jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidego osoa izatea.

– Aholkularitza-zerbitzua eta laguntza juridikoa eskaintzea.

– 2019ko abenduaren 31n kuota ordaindua duten bazkide-kopurua jakinaraztea.

– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.

– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Edozein unetan egiaztatu ahal izango da erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datuak egiazkoak direla. Adierazpen horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako betekizunak bete behar ditu.

Erakunde eskatzaileak edo horren ordezkari gisa jarduten duen pertsonak bere erantzukizunpean adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, indarrean dagoen legediak eskubidea jasotzeko ezarritako eskakizunak betetzen dituela eta hori egiaztatzen duten dokumentuak dauzkala, eta, dirulaguntza eskuratuz gero, horri dagokion denboraldian zehar eskakizun horiek betetzen jarraituko duela.

8. artikulua.– Dokumentazioa.

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpena barne, honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko da. Oro har:

– 2019ko abenduaren 31ko egoera ekonomikoaren balantzea, eta emaitzen kontua, bazkideen kuotetatik sartutako zenbatekoa eta bazkideen kuotetatik ez datozen bestelako diru-sarrerak zehaztuta.

– Elkarteak 2019an egindako jardunaren memoria zehatza.

Horrez gain, 1. lerroko eskabideetarako:

– Gauzatze-aurrekontua.

– Eskaini nahi den kontsumitzaileentzako arreta-zerbitzuaren memoria zehatza, zeinak nahitaez eman beharko baititu haren ardura hartuko duten langileen aipamena, eskaini beharreko orduak eta jardueraren deskribapena.

Horrez gain, 2. lerroko eskabideetarako:

– Gauzatze-aurrekontua.

– Deialdiaren urtean eskaini nahi den zerbitzu juridikoaren memoria zehatza, honako hauek jasota: zein diren haren ardura hartuko duten langileak, zenbat ordu jardungo duten eta nolakoa izango den jarduera.

– Txosten bat, 2019an kontsumitzaileen eskubideen defentsa egiteko aurkeztutako demanda-kopurua jasoko duena. Txosten horri, demanda judizialak aurkeztu izana ziurtatzen duen nahikoa frogagiri erantsi beharko zaio, bai eta dagozkion epaien kopia ere.

– Txosten bat, 2019an gauzatu diren eta 2020an gauzatzea espero den bukarazte-akzioei buruzkoa.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskabidean atzera egin duela esan nahiko duela, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan.

10. artikulua.– Hautaketa.

Dirulaguntzen eskabideak lehiaketa bidez ebatziko dira. Horretarako, dirulaguntzen esleipena egiteko, aurkeztutako eskabideak erkatu eta, 13. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuz, lehentasunen arabera ordenatuko dira.

11. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, eta pertsona hauek izango dira batzordekideak:

– Batzordeburua: Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria.

– Plangintza, Azterketa, Informazio eta Prestakuntzarako Unitatearen arduraduna.

– Erreklamazioetarako, Bitartekaritzarako eta Arbitrajerako Unitatearen arduraduna.

– Zerbitzu Orokorretako Unitateko aholkulari juridikoa.

Batzordeburuak izendatuko du kide anitzeko organoko idazkaria.

2.– Epean eta egoki aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskaerak balorazio-batzordeak.

3.– Kontsumobidek, laguntzak kudeatzen dituen organo den heinean, eta balorazio-batzordeak, beharrezko irizten badiote, informazio eta agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkiete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak hobeki ulertu ahal izateko.

12. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

Hauek izango dira erakunde onuradunek lerro bakoitzean gehienez jaso ahal izango dituzten zenbatekoak:

1. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100; gehienez, 102.000 euro.

2. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100; gehienez, 90.000 euro.

13. artikulua.– Baloratzeko irizpideak.

Ebazpen-proposamen bat garatze aldera, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1.– 1. lerroan: Kontsumitzaileei arreta ematea.

– 2019an kudeatutako erreklamazio-kopurua: 20 puntu gehienez; 0,05 puntu erreklamazio bakoitzeko. Soilik hartuko dira kontuan Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako kontsultak.

– 2019an jaso eta artatutako kontsulta-kopurua: 15 puntu gehienez; 0,01 puntu kontsulta bakoitzeko. Soilik hartuko dira kontuan Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako kontsultak.

– Kontsumobiden aurkeztutako eta zehapen-izaerako administrazio-prozedurak eragin dituzten salaketa-kopurua: puntu 1 salaketa bakoitzeko, 5 puntu gehienez.

– Astean 15 ordu baino gehiagoz publikoari irekitako bulego bakoitzeko, zeinetan 2019. urtean gutxienez 50 erreklamazio izapidetu baitira: 5 puntu; 15 puntu gehienez.

– 2019an, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko bukarazte-akzio judizialak gauzatu izana:

• Bukarazte-akzio bat 10 puntu.

• Bukarazte-akzio bat baino gehiago: 15 puntu.

– Elkarteko kuota ordaindua duten bazkide-kopurua. Ordainketak eginda dauzkan bazkidetzat joko da elkartearen urteko kuota ordainduta duen pertsona fisikoa edo familia-unitatea.

• 200 eta 400 bazkide bitartean: 5 puntu.

• 401 eta 600 bazkide bitartean: 7 puntu.

• 601 eta 800 bazkide bitartean: 10 puntu.

• 801 bazkide baino gehiago: 15 puntu.

– Erakunde eskatzaileak deialdiaren aurreko urtean izandako diru-sarrerak: 15 puntu gehienez.

– Puntu bat emango da berezko diru-sarreretatik datozen 4.000 euroko, betiere bazkideen kuotetatik ez badatoz.

2.– 2. lerroan: Laguntza juridikoa.

– 2019an kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko aurkeztutako bukarazte-akzio judizialen kopurua: 20 puntu gehienez; 10 puntu akzio bakoitzeko.

– 2019an kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko aurkeztutako demanda judizialen kopurua: 80 puntu gehienez; puntu 1 demanda bakoitzeko.

3.– 1. eta 2. lerroen kalkulua.

Eskatzaile bakoitzak lerro bakoitzean lortutako puntuazioa lerro bakoitzaren ataletan lortutako puntuazio guztien batura izango da. Lerro bakoitzean puntuazio handiena lortu duen eskatzaileari aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100eko dirulaguntza esleituko zaio, 12 artikuluan jasotako mugak kontuan izaki. Gainerako eskatzaileei dirulaguntzaren ehunekoa proportzionalki kalkulatuko zaie.

4.– Behin aurkeztutako eta onartutako aurrekontuen balorazioan eskuratutako portzentajeak aplikatuta, eta 2.2 artikuluko lerroetako bakoitzarentzat aurreikusitako mugak kontuan hartuta, eman beharreko dirulaguntzen guztirako zenbatekoak eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua gainditzen badu, kontsumitzaileen elkarte onuradun guztiei dagokien banaketa proportzionala aplikatuko zaie.

14. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek mota bereko gastuak finantzatzeko emandako edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, bai eta helburu bera duen beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere.

2.– Gainfinantzaketarik sortzen bada, edo deialdi honetan ezarritako gehieneko finantzazio publikoko ehunekoa gainditzen bada, jaso beharreko dirulaguntza dagokion kopurura arte murriztuko da.

3.– Gainfinantzaketa itzultze-betebehar bera aurreikusita duten beste laguntza batzuekin konkurrentzian sortzen bada, itzuli beharreko kopurua proportzionala izango da diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean emandako laguntzaren ehunekoarekiko.

15. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen eta jakinarazpen epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.

1.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari dagokio erakunde interesdunek prozeduran planteatuko gai guztien gaineko ebazpenak hartzea, betiere epaimahai kalifikatzailearen proposamena kontuan hartuz.

2.– Adjudikazio-prozedura bakoitzean hartuko den ebazpenak zehaztutako du eskatutako dirulaguntzak emango diren edo ukatuko diren. Ematea erabakiz gero, honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua eta emandako zenbatekoa, urtez urteko banaketarekin. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, erakunde eskatzailearen izena eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.

3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren balioa izango du.

4.– Sei hilabetekoa izango da prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota aurreko apartatuan ezarritako jakinarazpenik egin ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazbena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

6.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.

16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

Esleitutako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

– 4. artikuluko kontzeptu guztietarako emandako zenbatekoaren % 75, aldeko ebazpena hartzen den unean; betiere, 18.1.a) artikuluan aipatzen den epea igaro ostean.

– 4. artikuluko kontzeptu guztietarako gainerako % 25a, ebazpen honetako 5. artikuluan jasotako gastuen guztizkoa justifikatu ondoren.

Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Onuradunak, jasotako dirulaguntza justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2021eko martxoaren 15a baino lehen, eskuratutako laguntza lerro bakoitzeko:

a) Egindako ekintzei buruzko memoria, non nahitaez jasoko baita 2020an onuradunak aurkeztutako demandei dagozkien epai guztien zerrenda eta kopia.

b) Burututako jardueren memoria ekonomikoa, honako hauek bilduko dituena:

– Burututako jardueren gastuen zerrenda sailkatua, hauek adierazita: hartzekodunaren identifikazioa, haren IFK, zenbatekoa, gastuaren azalpen laburtua eta ordainketaren data.

– Aurreko lerroaldean aipatutako gastuen zerrendara batutako gastuak justifikatzeko fakturak. Fakturek jatorrizkoak izan beharko dute edo, bestela, fotokopia konpultsatuak, 2020ko abenduaren 31koak edo lehenagokoak, eta elkarteko buruaren adostasuna eduki beharko dute.

c) Elkartearentzat zuzenean diharduten langileei buruzko frogagiriak eredu ofizialaren araberako nominen bidez aurkeztu beharko dira, Gizarte Segurantzari ordaindu izanaren frogagiriekin eta kasuan kasuko tributu ereduarekin batera, langile bakoitzari dagokiona adierazita.

d) Aldi baterako lankidetzak justifikatzeko, ordainagiriak aurkeztu behar dira, datu hauek jasoko dituztenak: hartzailearen izena, NAN zenbakia, zer kontzepturengatik ordaintzen zaion eta PFEZari dagokion atxikipena.

2.– Kontsumobidek egoki irizten dien adina egiaztapen egin dezake emandako dirulaguntzaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko jatorrizko agiri guztiak aztertu ahal izango ditu.

3.– Gastuak justifikazioa aztertuta ikusten bada 4. artikuluko apartatuetan dirulaguntza emateko onartutako aurrekontutik % 8tik gora eta % 25 edo hortik behera desbideratu dela, emandako dirulaguntza gutxiko da, ebazpen baten bidez, honela: dirulaguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaiona ehuneko berbera aplikatuko zaio benetan gastatutako diru-zenbatekoari.

4.– 4. artikuluko apartatuetan % 25etik gora desbideratzeak dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du, ebazpen honen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, non eta ez den justifikatzen dirulaguntza esleitzeko helburu guztiak bete direla. Horrela gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa aurreko lerroaldean aurreikusitako moduan gutxituko da.

5.– Dirulaguntza jaso duen kontsumitzaileen erakundeak itzuli egin beharko du behar baino gehiago jasotakoa –halakorik gertatuz gero–; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaio egunetik hasita. Hala agintzen da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezarri zuen dekretu horrek; halaber, horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezarri zituen).

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritako laguntzak jasotzen dituzten kontsumitzaileen elkarteek:

a) Esleitutako dirulaguntza onartu behar dute. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, dirulaguntza onartzen dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabili behar dute; gainera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –dirulaguntzen inguruko eginkizunetan dihardutela– eskatzen dizkieten argibideak eman beharko dituzte.

c) Kontsumitzaileen elkarteen bulegoetan Kontsumonet informazio-aplikazioaren bitartez jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak kudeatu behar dituzte (erregistratu, izapidetu eta ebatzi). Kontsumoari buruzko informazio-zentroen sarean dauden zentro guztien jarduerak biltzen ditu Kontsumonet informatika-aplikazioak.

d) Diruz lagundutako jarduerak garatzeko Kontsumobideren laguntza jaso izan jakinarazi behar dute, horretarako dagokion logotipoa erabilita.

e) Elkartearen jarduerak sustatu eta horien berri ematean, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatuko dute.

f) Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak dirulaguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan bete direla bermatuko dute.

g) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako inguruabarren bat aldatu bada, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri eman behar diote Kontsumobideri.

h) Jakinarazi behar dute helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu edo, hala badagokio, jaso dituztela beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.

i) Dirulaguntzaren erakunde onuraduna, behar baino zenbateko handiagoak jasotzen baditu, horiek itzultzera derrigortuta dago. Horretarako, bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasita, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarri bezala. Hain zuzen ere, dekretu horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta berak ezartzen ditu horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.

j) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 18. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan aurreikusitako gainontzeko betebeharrak beteko dituzte.

2.– Dirulaguntza eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zigor-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezartzen diren kasuetan, dirulaguntzak kendu egingo dira, eta, ondorioz, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu elkarte onuradunak. Halaber, horrela jokatuko da baldin eta elkarte onuradunak betebeharrak konplitu gabe uzten baditu, gastuak justifikatzen ez baditu, eskabidean esandakora gabe beste zerbaiterako erabiltzen badu, edota, oro har, ebazpen honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako betekizunen bat betetzen ez badu.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Xedapen hauek arautuko dituzte ebazpen honetako dirulaguntzak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta horren erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako araudia.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 10a.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,

MARÍA OLGA SANTAMARIA NAVARIDAS.


Azterketa dokumentala