Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2019ko abenduaren 20a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5831

200/2019 DEKRETUA, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoan Estatu-mailako baimena (VTC-N) duten ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko zerbitzua emateko baldintzei buruzkoa.

Apirilaren 20ko 3/2018 Errege Lege Dekretuak Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legea aldatu zuen, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeari dagokionez. Erreforma horren helburua zen: oreka egokia bermatzea garraio-modalitate horretako zerbitzuen eta taxi-zerbitzuaren eskaintzen artean; izan ere, taxi-zerbitzua udal-lizentzien babespean ematen da eta, hala badagokio, bidaiariak turismo-ibilgailuetan garraiatzeko baimenen babespean.

Horren ondoren, irailaren 28ko 13/2018 Errege Lege Dekretua promulgatu zen, zeinaren bidez aldatu baitzen Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legea ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeari dagokionez. Irailaren 28ko 13/2018 Errege Lege Dekretuaren zioen azalpenean dago adierazita ezen, irailaren 28ko 13/2018 Errege Lege Dekretua indarrean jarri denetik, argi geratu dela hor ezarritako neurriak ez direla nahiko izan arazo hauei aurre egiteko: mugikortasuna, auto-ilarak eta ingurumena. Halaber, garraio-modalitate horren hazkunde azkarrak desoreka eragin dezake turismo-ibilgailuen bidezko garraioaren eskaintzaren eta eskaeraren artean, eta, ondorioz, zerbitzuen narriadura orokorra, bidaiarien kalterako.

Hori dela eta, irailaren 28ko 13/2018 Errege Lege Dekretuan, besteak beste, neurri hau ezarri da: Estatuaren eskuordetzaz eskudun diren autonomia-erkidegoak gaitzea esparru nazionalean ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenak eman ditzaten. Beraz, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko Legearen Erregelamendua onesten duen irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren 182.1 artikuluan adierazitako ustiapen-baldintzak alda ditzakete, arauan bertan ezarritako terminoekin bat.

Horren ondorioz, irailaren 28ko 13/2018 Errege Lege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian adierazitako gaikuntzaren esparruan, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko jarduera ustiatzeko eta kontrolatzeko baldintzak ezartzen dira, Euskal Autonomia Erkidegoan oso-osorik egiten diren zerbitzuetan, indarreko arauetan ezarritako proportzionaltasun-printzipioarekin bat etorriz. Hala, aurre-kontratazioko baldintzei dagokienez, gutxieneko aurrerapen bat ezartzen da, nahitaez, zerbitzua eskatu eta kontratua betetzen denetik zerbitzu hori benetan ematen den arte, iruzurra saihesteko eta irailaren 28ko 1211/1990 Errege Dekretuaren 182.1 artikuluan ezarri zuen aurre-kontratazioko baldintza betetzen dela bermatzeko. Bestalde, bidaiariak hartzeko ezintasunari dagokionez, bi neurri berri sartu dira, zerbitzua emateko baldintza hori benetan kontrolatzen dela bermatzeko.

Beste alde batetik, berariaz indargabetzen da Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2005eko otsailaren 11ko Aginduaren 6. artikulua, non ezarri baitzen zein zen gehieneko baimen-kopurua bidaiarien hiriarteko garraio publikorako Euskal Autonomia Erkidegoan turismo-ibilgailuetan. Indargabetzen da, 16/1987 Legearen 48.3 artikuluan ezarritako proportzionaltasun-arauak baino murrizketa handiagoak ezartzen dituelako, apirilaren 20ko 3/2018 Errege Lege Dekretuak emandako erredakzioan, hain zuzen.

Hori dela eta, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera eta Gobernu Kontseiluak 2019ko abenduaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

Dekretu honen helburua da: ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko jarduera ustiatzeko eta kontrolatzeko baldintzak arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoan oso-osorik egiten diren zerbitzuetan aplikagarriak izan daitezen, Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legea aldatzen duen irailaren 28ko 13/2018 Errege Lege Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian adierazitako gaikuntzaren esparruan.

2. artikulua.– Zerbitzua ustiatzeko baldintzak.

1.– Ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenei atxikita dauden ibilgailuek ezin dute zerbitzurik eman, aldez aurretik kontratatu ez badira.

2.– Ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko zerbitzu-eskaera eta alokairu-kontratua nahitaezkoak dira; eta, gutxienez, zerbitzua benetan egin baino hogeita hamar minutu lehenago egin behar dira, aurre-kontratazioaren baldintza betetzen dela bermatzeko. Horretaz gain, egindako zerbitzuak jasota utzi beharko dira 3. artikuluan aipatzen den komunikazioen erregistroan.

3.– Ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenei atxikita dauden ibilgailuak ezin izango dira inola ere ibili bide publikoetan bezero bila, ezta bidaiariak hartzeko erraztasunak bilatu ere, baldin eta zerbitzu hori ez bada aldez aurretik kontratatu edo eskatu, artikulu honen 2. apartatuan adierazitako aldez aurretiko denboran.

4.– Ez badaude aldez aurretik kontratatuta edo bidaiariak hartzea ez den beste helburu egiaztatu batekin zirkulatzen edo zerbitzua ematen, ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenei atxikita dauden ibilgailuak aparkatuta egon ahal izango dira, erabilgarri daudela erakutsi barik, artikulu honen 2. apartatuan adierazitako aldez aurretiko kontratazioa egon ezean, behintzat.

5.– Halaber, bide publikoan bidaiaririk har ez dezaten, bete beharreko ustiapen-baldintza gisa, ezin geolokalizatuzkoak izatea ezartzen zaie ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenei atxikita dauden ibilgailu horiei, erabiltzaile potentzialekin kontratazioa egin aurretik.

3. artikulua.– Ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko zerbitzuen komunikazio-erregistroa.

1.– Ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko baimenei atxikita dauden ibilgailuek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean oso-osorik egiten dituzten garraio-zerbitzu guztien berri eman beharko diote, zerbitzu horiek egin aurretik, komunikazio-erregistroari, zeina aipatuta baitago abenduaren 29ko 1076/2017 Errege Dekretuan, hor ezartzen baitira ibilgailuak gidari eta guzti alokatzeko arau osagarriak.

2.– Erregistroari komunikazioak egiteko, urtarrilaren 9ko FOM/36/2008 Agindua eta bera garatzen duten arauak bete behar dira.

4. artikulua.– Zehapen-araubidea.

Dekretu honetan xedatutakoa bete ezean, zehatu egingo da Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legean eta gai hau arautzen duten gainerako legeetan xedatutakoaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Garraio eta Herri Lan sailburuaren 2005eko otsailaren 11ko Aginduaren 6. artikulua (agindu haren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan automobiletan egiten den bidaiarien herriz kanpoko garraio publikorako gehienezko baimen-kopurua ezartzen da).

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko abenduaren 17an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana