Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

236. zk., 2019ko abenduaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5693

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 20koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Donostiako Miramon MZ.02 eremuko A-2, B-1, B-2, B-3, B-8, 3-B-2, G-3, G-10, G-11 lurzatien eta 1., 6. eta 7. lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Donostiako Udalak (Gipuzkoa), 2019ko ekainaren 11n, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Donostiako Miramon MZ.02 eremuko A-2, B-1, B-2, B-3, B-8, 3-B-2, G-3, G-10, G-11 lurzatien eta 1., 6.eta 7. lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, barnean hartuta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa gauzatzeko, 2019ko irailaren 13an kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, eta eskatu zitzaien egoki iritzitako oharrak egin zitzatela, baliagarriak izan baitaitezke ingurumen-txosten estrategikoa egiteko; eta, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egitea beharrezkotzat hartuz gero, iritzia eman zezatela horri dagokion ingurumen-azterlan estrategikoak izan beharreko zabaltasuna, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua zehazte aldera. Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza, eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, guztiak Eusko Jaurlaritzakoak; Uraren Euskal Agentzia; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia; Parkeen Lagunak «Haritzalde» elkarte naturalista; Itsas Enara Ornitologi Elkartea; Ekologistak Martxan elkartea, eta Eguzki elkartea. Era berean, Donostiako Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, espedientean sartu dira administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunen emaitzak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatzeko, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia –aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, betiere–, aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Donostiako Miramon MZ.02 eremuko A-2, B-1, B-2, B-3, B-8, 3-B-2, G-3, G-10, G-11 lurzatien eta 1., 6. eta 7. lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plan) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da. Hor xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako Miramon MZ.02 eremuko A-2, B-1, B-2, B-3, B-8, 3-B-2, G-3, G-10, G-11 lurzatien eta 1., 6. eta 7. lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian zehazten diren zehaztapenekin:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Indarrean dagoen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra 2010eko ekainaren 25ean onartu zen, eta Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoaren zehaztapenak ezartzen ditu. Lurzati guztiak MZ.02 Miramon eremuan sartuta daude, eta hiri-lurzoru finkatu gisa kategorizatuta daude jarduera ekonomikoen kalifikazio globalean (b.20.). Orain arte, parke teknologikoaren erabilerarekin lotutako lursailen % 70,5 garatu da; beraz, % 29,5 falta da hori osatzeko.

Plan Berezi honen helburua da erantzun zehatzak ematea ezartzeko aukera eman nahi zaien enpresa-eskaerei; zehazki, antolamendu xehatuko zenbait zehaztapen egokituko dira, eraikigarritasuna handitu gabe. Plan berezi honen xede diren lurzatiak A-2, B-1, B-2, B-3, B-8, 3-B-2, G-3, G-11 lurzatiak eta 1., 6. eta 7. lurzatiak dira. Hauek dira aurreikusitako jarduketak:

– Lerrokadurak zuzentzea 1. lurzatian, eta lerrokadura alternatiboak B-1, 6.eta 7. lurzatiak zatitzen diren kasurako.

– A-2, B-1, G-3, G-10, G-11 lurzatiak eta 1., 6. eta 7. lurzatiak berrantolatzea eta zatitzea.

– 3-B-2 lurzatirako sarbide berria, eta ibilgailuentzako sarbide-aukera bat baino gehiago beste lurzati batzuetara sartzeko, baldin eta justifikatuta badago ez dela nahikoa sarrera bakarra jartzea.

– Kirol-ekipamendu pribatu bat ezartzea eta ezarpen horri lotutako aldaketak, eraikigarritasun ez-kontsumigarria beste lurzati batzuetara lekualdatzea dakarren lurzatiari esleitutako eraikigarritasunaren murrizketarekin lotuta.

– G-3 lursailaren profila eta eraikigarritasuna aldatzea, kirol-ekipamendu pribatu bat ezartzeagatik sor daitekeen eraikigarritasun-soberakina xurgatu ahal izateko.

– Parke Teknologikoko lurzatien artean eraikigarritasuna lekualdatzeko tolerantzia handitzea, lurzati hartzailearen jatorrizko eraikigarritasunaren % 35 handitu arte gehienez.

– Eduki teknologiko handiko industria-erabilera baimengarrien tolerantzia zehaztea, eta zenbait instalazio ezartzea; zehazki, 4. kategoriaraino malgutzen da industria-erabilera.

– Sestra gaineko eraikuntzak okupatu gabeko lurzatian, siloak, igerilekuak, gordailuak eta antzeko instalazioak ezartzeko aukera –berez eraikuntzak ez diren arren, nahiz eta itxiak eta teilatudunak izan–, beharrezkoak direnean lurzatiaren eraikinean garatzen diren prozesuen osagarri edo osagarri gisa, baldin eta ekoizpen-prozesuak hala justifikatzen badu, betiere.

– Eraikinen eta parkeko lurzati guztien seinaleztapenari buruzko errotulazio-araudi berria.

– Aparkaleku-zuzkidura. Kasu batzuetan, justifikatuta, aparkaleku-zuzkidura murriztea baimendu ahal izango da, eta, konpentsazio-neurri gisa, aurreikusten da txandakako aparkaleku bat ezartzea parke teknologikoan. Baimena ematen da aparkaleku hori parkeko edozein lurzatitan jartzeko.

Parkearen eremua ingurune erdi-naturalean dago, tartean orubeak eta eraikinak daudela. Eremua bidez inguratuta dago, eta iparraldean GI-20 errepidea nabarmentzen da.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako: eraikuntza-proiektua eta urbanizazio-obra osagarriak proposatzen ditu planak, geroago garatzeko. Aurkeztutako dokumentuak ikusi dira, eta planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, etorkizunean baimentzeko proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: plana bateragarria da hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin.

c) Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: planaren xedea da, besteak beste, natura-baliabideen erabilera babestea eta optimizatzea; esate baterako, lurzoruaren okupazioa efizientea izatea, posible den heinean; izan ere, hiri-paisaian kokatzen da, domeinu antropogenikoan.

d) Planarekin edo programarekin zerikusia duten ingurumen-arazo aipagarriak: zein diren, obrak egin bitartean, biztanleengan nolabaiteko afekzioa izan dezakeen ingurumen-eraginen bat sortzen duten jarduketak; eta nabarmenduta landaretzarik kentzen den, lurrik mugitzen den, hondakinik sortzen den, kalitate akustikoa murrizten den. Zaratari dagokionez, planaren eremuak behar bezala betetzen ditu kalitate akustikoaren helburuak Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 2013/2012 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Nolanahi ere, ondoriozta daiteke planak ez duela eragingo ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeetan eta jardueretan, betetzen bada indarrean dagoen araudia segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez, besteak beste.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo Espainiako legedia txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Planaren eremua ingurune erdi-naturalean dago, tartean orubeak eta eraikinak daudela. Eremua bidez inguratuta dago, eta iparraldean GI-20 errepidea nabarmentzen da.

Planaren eremuan ez da interes geologikoko eremurik detektatu, ezta naturagune babesturik ere, eta ez dago EAEko korridore ekologikoen sarearen barruan. Eremu horretan ere ez da identifikatzen kalifikatutako edo inbentariatutako kultura-ondarearen elementurik, ezta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako lurzatirik ere.

Planaren garapena, zati batean, Batasunaren Intereseko Habitat batean kokatzen da. Zehazki, 3.B.2 lurzatia altuera txikiko 6510 sega-belardi pobreen gainean dago, eta gainera, G-3 lurzatiaren zati txiki bat Quercus robur nagusi den baso azidofiloaren gainean. Halaber, eremuaren barruan daude Pakea erreka, Aginte erreka eta G-10 eta G-11 lursailen azpitik doan Altza erreka.

Zaratari dagokionez, GI-20, GI-40 eta GI-3401 errepideetako trafikoa dira inguruan dauden zarata-gune nagusiak. Zarata-mapen arabera, Kalitate akustikoko Helburu aplikagarriak betetzen ditu proposatutako antolamenduak.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak aplikatzean, hauek bete beharko dira: egungo araudia, ingurumen-txosten estrategikoa egiteko ebazpen honetan ezartzen diren arauak, eta, aurrekoak betetzea ezertan eragotzi gabe, ingurumen-agiri estrategikoa eta plana bera. Aplikatu behar diren neurrien artean, nabarmentzekoak dira proiektua exekutatzearen ondoriozkoak; neurri horiek, gainera, lotuta egon beharko dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus eranskina, non zerrendatzen baitira zenbait neurri babesle eta zuzentzaile, planetik eratorritako proiektuko obrak exekutatzeko bete behar direnak).

Planak hartu beharreko zehaztapenen artean, proposatutako antolamenduak ezabatutako baso misto atlantikotik leheneratu beharreko azalera definituko da, eta egungo antolamenduaren eta proposamenaren afekzio-gehikuntzaren ondorioz galdutako azalera bera izango da konpentsatu beharreko azalera. Gainera, espezie inbaditzaileak desagerrarazteko eta kontrolatzeko protokolo bat jasoko du planak.

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriago baterako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida argitalpenean adierazitako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengai gutxiago kontsumitzea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energia gutxiago kontsumitzea eta/edo sortzea.

– Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako baldintzekin bat, ez dela aurreikusten ingurumen-eragin esanguratsurik eragingo duenik Donostiako Miramon MZ.02 eremuko A-2, B-1, B-2, B-3, B-8, 3-B-2, G-3, G-10, G-11 lurzatien eta 1., 6. eta 7. lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziak. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, Donostiako Miramon MZ.02 eremuko A-2, B-1, B-2, B-3, B-8, 3-B-2, G-3, G-10, G-11 lurzatien,eta 1., 6. eta 7. lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 20a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

– Landare-estaldura leheneratzeko eta lorategiko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.

– Dagoen landaredia babestea: ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira.

Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.

Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.

Gomendatzen da kontsulta egitea organo eskudunari, Plan Bereziaren jarduera-esparruan dauden landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko helburua duten neurriak hartzeko.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek segurtasun-arauak beteko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.


Azterketa dokumentala