Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2019ko abenduaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5618

AGINDUA, 2019ko azaroaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2019-2020 ikasturtean ikasleen nazioarte mailako mugikortasun-programak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateei eta goi-mailako arte- eta kirol-irakaskuntzen ikastetxeei dirulaguntzak emateko deialdia egiten duena.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan zehazten denez, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek, zeinek bere esparruan, ikasleen mugikortasuna bultzatuko dute Europako unibertsitate-eremuan. Horretarako, bekak eta ikasketetarako laguntza eta kredituak emateko programak ezarriko dituzte, edo, kasua hala bada, Europar Batasunaren laguntza-programak osatuko. Gaur egun, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 11ko 1288/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez, «Erasmus+» programa sortu da, hezkuntza-, prestakuntza-, gazteria- eta kirol-arloan.

Erasmus+ programako mugikortasunetarako Europako Erkidegoak egiten dituen diru-ekarpenen bidez ez da kostuen % 100 finantzatzen; beraz, finantzaketa zabaldu beharra dago. Era berean, unibertsitate-mugikortasunen parte bat Erasmus+ programan sartuta ez dauden lekuetara egiten da; horrela, bada, horiek ez dituzte aipatutako erakundeen laguntzak jasotzen, eta, beraz, beste mugikortasun-programa horietan dauden pertsonak finantzatu beharra ikusi da.

Aurrekoa aplikatuz eta mugikortasunak goi-mailako ikasketetan duen garrantziaz ohartuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erabaki du mugikortasunerako laguntzen deialdia egitea lehen aipatutako markoa zabalduz. Hori dela eta, deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateei, goi-mailako arte- eta kirol-irakaskuntzen ikastetxeei eta beste zenbait erakunderi egiten zaie, Erasmus+ programara eta nazioarteko izaera duten bestelako mugikortasun-programetara atxikitako pertsonen mugikortasunen finantziazioa hobetzeko asmoz.

Horregatik, eta kontuan hartuz dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria –hain zuzen ere, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua–, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat etorriz, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin ere, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoan oinarrituta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– 2019-2020 ikasturtean ikasleen nazioarte mailako mugikortasun-programak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateei eta goi-mailako arte- eta kirol-irakaskuntzen ikastetxeei dirulaguntzak emateko deialdia egitea, I. eranskineko oinarrietan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. artikulua.– Helburu hori betetzeko, 1.850.000 euro ezarriko dira.

3. artikulua.– Finantzaketa ebatzi baino lehen, laguntza hauek finantzatzera bideratutako zenbatekoa handitu ahal izango da, legerian aurreikusitako kreditu-lotura edo aurrekontu-aldaketen araubidearen arabera. Hala gertatzen bada, hori jendaurrean jakinarazi beharko da, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako dirulaguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariari agindu honetan xedatutakoa betearazteko beharrezkoak diren jarraibideak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 26a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da 2019-2020 ikasturtean ikasleen nazioarte mailako mugikortasuneko programak dituzten unibertsitateei eta goi-mailako arte- eta kirol-irakaskuntzen ikastetxeei dirulaguntzak ematea.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

1.– Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura, guztira, 1.850.000 eurokoa da, honela banatuta:

a) 610.500 euroko aurrekontua ezartzen da Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak (SEPIE) emandako laguntzak osatzeko; 8.1.b) artikuluan ezarrita daude laguntza-zenbatekoak.

b) 1.239.500 euroko aurrekontua ezartzen da Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) laguntzarik ez duten egonaldietarako; 8.1.c) artikuluan ezarrita daude laguntza-zenbatekoak.

2.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak, arlo horietako batean aurrekontua agortzen ez bada, partiden birbanaketa egin ahal izango du.

3.– Ikasketak amaitu dituztenen mugikortasunei legozkiekeen zenbatekoak eragotzi gabe, nahiz eta Eusko Jaurlaritzako dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik ez izan, mugikortasun horietarako bidaiako laguntza-aseguru bat egingo da.

3. artikulua.– Diruz lagundutako jarduerak.

Diruz lagunduko dira 1. artikuluan adierazitako erakundeek aurkeztutako nazioarteko mugikortasunerako eskaerak, betiere eskakizun hauek betetzen badituzte:

a) SEPIEk onartutakoak izan beharko dute Erasmus+ programaren esparruan aurkeztutako proiektuek; nazioarte mailako gainerako mugikortasun-programek, berriz, dagozkion nazioarteko akordioen babesa izan beharko dute.

b) Mugikortasun-proiektuetan sartuta dauden ikasleek betekizun hauek bete beharko dituzte:

– Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea. Europako Erkidegokoak ez diren atzerritarrek legezko bizilekua dutela egiaztatu beharko dute, eskabidea aurkezteko epea bukatzen den egunerako. Ez dituzte laguntza hauek jasoko ikasketak direla-eta bertan daudenek edo bertan bizilekua dutenek, betiere Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzko eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz.

– 2019ko urtarrilaren 1a baino lehen, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko administrazio-auzotasuna izatea.

– 2019-2020 ikasturtean nazioarte mailako mugikortasun programaren bati atxikita egotea.

– 2018-2019 ikasturtean, honako ikasketa hauetakoren bat egitea edo amaitzea:

• Graduko unibertsitate-titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

• Unibertsitate-masterreko titulu ofiziala lortzera bideratutako ikasketak.

• Goi-mailako arte- edo kirol-irakaskuntzak.

– Berariazko baimena aurkeztea, III. eranskinaren araberakoa.

4. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.

1.– Erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoan egon beharko dute.

2.– Erakunde edo instituzio eskatzaileek ezin izango dute dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galarazten dien zigor penalik edo administratiborik izan, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien lege-debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen araberako sexuaren ziozko diskriminazioa barne dela.

3.– Ezingo dira deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluko 2. atalean aipatutako egoeraren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

4.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak beste erakunde publiko batzuetan egiaztatu ahal izango du deialdi honetan ezarritako betekizunak betetzen direla.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoz egingo dituzte deialdi honetako izapide guztiak.

2.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.

Eskabidearekin, justifikazioarekin eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/erasmus/web01-tramite/eu/

Eskaeraren ondorengo izapideak elektronikoki egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» izeneko atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

6. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, betiere Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, dirulaguntzei buruzko erregelamendu orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), alderdi hauek egiaztatuko dira:

a) Aurkeztutako proiektuaren barruan mugikortasunetan parte hartzen dutenek betetzen dituzte deialdiko oinarrien 3.b) artikuluan ezarritako betekizunak.

b) Erakundea ez dago sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehatze-prozedura batean.

c) Erakundea ez dago laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.

d) Erakundeak ez du egin borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskaririk, ez da kaudimengabe deklaratua izan prozeduraren batean, ez dago hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta (egoera horretan egotea onartuko da, baldin eta konkurtsoan itun batek eragingarritasuna hartu badu), ez dago epaile baten esku-hartzearen mende edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera gaitasungabetuta, konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako gaitasungabetze-aldia amaitu gabe dagoela.

e) Erakundeak ez du bide eman administrazioarekin egindako kontraturen bat irmoki suntsiaraz dadin, kausaren batean errudun deklaratuta egotearren.

f) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez daude honako lege hauetan jasotako kasuren batean: martxoaren 30eko 3/2015 Legea, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-kargudunen jarduna arautzen duena, eta abenduaren 26ko 53/1984 Legea, Administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunena; edo, ez dira Hauteskunde Erregimen Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen Euskal Autonomia Erkidegoko arauek ezarritako baldintzetan.

g) Erakundeak arauz zehazten den bezala beteta eta eguneraturik ditu indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

h) Erakundeak ez dauka egoitza fiskala erregelamenduz zerga-paradisu gisa sailkatutako lurralde edo herrialderen batean.

i) Erakundeak egunean ditu dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak, erregelamenduz zehazten denarekin bat etorriz.

j) Erakundea ez dago epai irmo bidez zehatuta, eta beraz, ez du galdu lege honetan edo beste batzuetan zehaztutakoari jarraituz dirulaguntzak lortzeko aukera.

k) Erakundeak konpromisoa hartzen du Hezkuntza Sailaren Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari jakinarazteko dirulaguntza emateko eskatu eta kontuan hartzen diren baldintzetako bati eragiten dioten egoeretan izandako edozein aldaketa, bai eta edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.

l) Erakunde onuradunak bete egingo ditu Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluko 4. atalean jasotako zabalkunde-neurriak.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epea.

1.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/erasmus/web01-tramite/eu/

Eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eta 2020ko urtarrilaren 31n bukatuko da, egun hori barne dela.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskaeran honako informazio hau jasotzen da:

a) Mugikortasun-proiektuaren identifikazioa. Proiektu horretan, erakundeak eskatutako mugikortasun guztiak sartuko dira.

b) Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuaren (SEPIE) finantzaketa duten mugikortasunak. Erakunde horrek emandako laguntza hileko 330 euro baino gutxiago bada, eskabidean adieraziko da zehazki zenbat diru falta den egonaldiko hilabete bakoitzeko 330 euroraino iristeko, erakunde horrek finantzatutako hilabeteetan zehar. Proiektuan adierazi beharko da, eskabidean sartutako ikasle bakoitzeko, zer laguntza eman dion SEPIEk eta zer zenbateko eskatzen zaion Eusko Jaurlaritzari. Era berean, proiektuan adieraziko da zer laguntza eskatzen den guztira deialdi honen kontura finantzatutako mugikortasun guztietarako. Praktika-egonaldiengatik SEPIEk ematen dituen 100 euroak ez dira kontuan hartuko.

c) Erasmus+ programan finantzatzen ez diren egonaldiak egiten badira, programa horren bidez finantzatzen ez den hilabete bakoitzeko 330 euroko laguntzak eskatuko dira. Nazioarteko beste programa batzuetarako, bederatzi hilabeteko egonaldia eskatu ahal izango da gehienez; hileko 330 euro. Proiektuan adierazi beharko da, eskabidean sartutako ikasle bakoitzeko, zer kopuru eskatzen den, bai eta zer laguntza eskatzen den guztira finantzaketarik ez duten mugikortasun guztietarako.

d) Aurreko bi puntuetan finantzatutako hilabeteen batura ez da ezein kasutan bederatzi hilabeteko egonaldia baino handiagoa izango ikasle bakoitzeko.

2.– Aurkeztutako proiektuaren barruan mugikortasunetan parte hartzen dutenek 3.b) artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria.

3.– Aurreko paragrafoko b) eta c) letretako mugikortasunen eta kostuen banan-banako informazioa XML formatuan bidaliko da.

4.– Mugikortasun-programetan dauden pertsonen berariazko baimenak, eskabidean sartuta daudenak.

9. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari dagokio laguntza hauek kudeatzea.

10. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Eskabideak aurkezteko epea amaituta, eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluak ezartzen duen bezala, hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaie, eta adieraziko zaie, hala egin ezean, eskaeran atzera egin dutela ulertuko dela.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bitarteko elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko dira.

Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukira sartzea.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

2.– Dirulaguntza emango zaie 3. eta 4. artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskabideei, baldin eta 7. eta 8. artikuluekin bat etorriz aurkeztu badira.

Dagoen aurrekontu-zuzkiduraren bidez ezin bazaie eskabide guztiei erantzun, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera hainbanatuko da aurrekontu-zuzkidura.

3.– Emandako zenbatekoa berdin banatuko da eskabidean sartutako ikasle guztien artean, hurrengo artikuluan ezartzen den bezala.

11. artikulua.– Dirulaguntza zehaztea.

1.– Proiektuen % 100eraino finantzatuko da, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoekin, eta 8.1 artikuluaren b) eta c) letretan adierazitako gehienezko mugekin, baldin eta onartutako eskabide guztien kostuaren baturak ez badu ezarritako zuzkidura gainditzen.

2.– Onartutako eskabide guztien kostuaren baturak 2. artikuluan a) edo b) letretan ezarritako zuzkidura gainditzen badu (horrela banakatu da deialdiaren zuzkidura osoa), proiektu guztien artean dagoen zuzkidura hainbanatuz ateratzen den zenbatekoa emango zaio proiektu bakoitzari.

3.– Eskabide bakoitzean emandako zenbatekoa berdin banatuko da eskabidean sartutako ikasle guztien artean.

4.– Eranskin honetako 2. artikuluko letretako baterako ezarri den aurrekontu-zuzkidura behar den baino gehiago bada (eskatutako laguntza guztien % 100 ordaindu ondoren), eta beste letrarako ezarri dena ez bada nahikoa, aurrekoan geratu den gaindikina erabiliko da bigarren horren zuzkidura handitzeko. Aurrekontu-zuzkidura handitu ondoren, aurreko paragrafoan ezartzen den bezala zehaztuko da zenbatekoa.

12. artikulua.– Prozedura ebaztea.

1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak ebatziko du laguntza-deialdia, gehienez ere sei hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita.

EHAAn argitaratuta emango da laguntzen berri, denek jakin dezaten; dena dela, epeak zenbatzeko orduan, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez egindako jakinarazpenak baino ez du balioa izango (honako hau argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak).

https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/erabakiak

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

Deialdia ebazteko ezarritako epea igaro ondoren erakunde eskatzaileei ez bazaie ebazpenik jakinarazi, laguntza-eskaera ezetsi dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

13. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

1.– Laguntzak emateko ebazpena jakinarazi ondoren, laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, hilabeteko epean.

2.– Agindu honetako dirulaguntzak ez dira emango ezta, hala badagokio, ordainduko ere, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraituta (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek, orokorrean, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen diren betebeharrak bete beharko dituzte, eta, batez ere, honako hauek:

b) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek dirulaguntza onartu dutela joko da, baldin eta hamabost egun naturaleko epean berariaz dirulaguntzari uko egiten ez badiote «Nire Karpeta» izeneko atalean; epe hori deialdiari buruzko ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da.

c) Dirulaguntza zertarako eman den, xede zehatz horrexetarako erabiltzea.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari euren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz.

e) Hezkuntza Sailak egin ditzakeen egiaztapen-jarduerak onartzea.

f) Mugikortasun proiektuan sartuta daudenek deialdiko 3.b) artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea.

g) Eska daitekeen beste edozein betekizun betetzea, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

15. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Erakunde onuradunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte justifikazioak aurkezteko, egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» izenetako ataletik: http://www.euskadi.net/nirekarpeta.

2.– Dokumentazio hori aurkezteko epea 2019ko azaroaren 15ean amaituko da, 15a barne. Erakunde onuradunek jasotako dirulaguntzak justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Jasotako laguntza aurrekontuan sartu dutela egiaztatzen duen agiria. Erasmus+ programaren barruan egindako mugikortasunei dagokienez, egindako mugikortasunen arabera SEPIEk egindako diru-sarraren ziurtagiria aurkeztuko da.

b) Unibertsitatearen edo ikastetxearen ziurtagiri ekonomikoa, proiektuan zerrendatutako pertsonei egindako banan-banako ordainketena. Pertsona guztiak zerrendatuko dira, bakoitzari egindako ordainketa adierazita.

c) Mugikortasunak amaitu ondoren, erakunde onuradunek aurkeztutako proiektuaren memoria bat aurkeztu beharko dute, eta, han, adieraziko dira helburuak, lortutako emaitzak eta egindako ekintzaren eta banan-banako mugikortasunen azken kostua (zenbat mugikortasun eta bakoitzaren iraupena).

Memoriarekin batera, 8. artikuluko 1.b) eta 1.c) letretako mugikortasunen eta kostuen banan-banako informazioa aurkeztuko da XML formatuan.

16. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea eta itzultzea.

1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak, erakunde onuradunari entzun ondoren, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak partez edo osorik itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera. Besteak beste, honako kasu hauetan:

– Laguntza betekizunak (bat edo bat baino gehiago) betetzen ez dituzten ikasleei eman zaienean.

– Laguntza emateko baldintzak aldatu direnean. Proiektuan aurkeztutako mugikortasunetan aldaketak daudenean, mugikortasun horiengatik jasotako laguntza osoari edo parte bati dagokion zatia itzuli beharko da. Justifikatu ez diren mugikortasunen kasuan, dagozkien laguntzen zenbateko osoa itzuliko da; eta mugikortasunetako egonaldiak proiektuan eskatutakoak baino laburragoak izan direnean, dagokion zatia itzuliko da.

– Agindu honetan xedatutako edozer betetzen ez denean.

– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako dirulaguntzen onuradunei dagokien eginbeharren bat betetzen ez denean.

2.– Abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan araututakoaren arabera egingo da itzulketa.

3.– Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena alda liteke. Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen duen ebazpena argitara emango da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan, eta argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

17. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

1.– Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeari jarraituta, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzaren 1 zenbakiko Fitxategian sartuko dira. Fitxategi hori, «Laguntzak eta Dirulaguntzak» deiturikoa, jasota dago Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduan, zeinaren bidez Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen baitira.

2.– Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak Unibertsitate Zuzendaritzan erabili ahal izango dira. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.

3.– Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari beste erakunde batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla eta proiektuan azaltzen direnek baldintzak betetzen dituztela. Proiektuetan sartutakoek baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, unibertsitateek edo ikastetxeek beren proiektuetan sartu dituzten pertsonen baimena lortu beharko dute.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala