Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

232. zk., 2019ko abenduaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5615

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo (Gipuzkoa) 6.2.08 Alei eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

Irungo Udalak (Gipuzkoa), 2019ko maiatzaren 31n, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: 6.2.08 Alei eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, barnean hartuta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan adierazita dago: nork egin duen eta noiz amaitu duen, sinadurekin batera.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa gauzatzeko, 2019ko irailaren 10ean kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, eta eskatu zitzaien egoki ikusten zituzten oharrak egin zitzatela, baliagarriak izan baitaitezke ingurumen-txosten estrategikoa egiteko; eta, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egitea beharrezkotzat hartuz gero, iritzia eman zezatela horri dagokion ingurumen-azterlan estrategikoak izan beharko alderdi hauek zehazteko: zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna. Zehazki, haiei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia; Ekologistak Martxan elkartea, eta Eguzki, Eguzkizaleak elkartea. Era berean, Irungo Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Halaber, espedientea osatzen duten agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen dituen ingurumen-arloko oharrak egin ditzan.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidean jasotako erantzunen emaitzak espedientean sartu dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko eraginen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Irungo 6.2.08 Alei eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plan) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planaren edo programaren gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar ditzakeelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du ,eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Irungo 6.2.08 Alei eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazitako eran:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Irun udal-mugarteko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra 2015eko urtarrilaren 28ko osoko bilkuran onartu zen. Plan horretan zehazten da hirigintza-araudia; 6.2.08 Alei eremua hiri-lurzoru gisa sailkatzen du (erabilera nagusia: bizitegiak). hirigintza-zehaztapen espezifikoak ezartzen ditu, eta Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren formulazioa zehazten du, antolamendu xehatua ezartzeko. Zehazki, hauek dira HAPOaren helburuak: Elizatxo hiribidearen lerrokaduraren formalizazioa baimentzea eta Oinaurren hasten den oinezkoentzako pasabidea luzatzea; aipatu kalearen eta Olagizonen kalearen arteko bidegurutzean biribilgune bat eraikitzea; eta narriatutako hiri-eremu bat berroneratzea, etxebizitza babestuen programa baten bitartez (bi etxebizitza-bloke).

Hiri Antolamenduko Plan Berezian ezartzen da 6.2.08 Alei eremuaren antolamendu xehatua, HAPOan jasotako zehaztapenekin bat. Besteak beste, eremuaren hiri-antolamendua gauzatzea aurreikusten da (oinezkoen bidea luzatzea, biribilgunea, eremu narriatua berroneratzea...) eta aurreikusitako hirigintza-eraikigarritasuna garatzeko behar diren baldintzak ezartzea (eraikin eta zuzkidura berriak).

Hauek dira proposatutako jarduketak:

– Elizatxo hiribideko errepidearen ibilbidea.

– Elizatxo-Olagizonen biribilgunea, bideak txertatuta.

– Lurzati eraikigarri berrien oinplanoko mugaketa eta inguratzailea.

– Antolamenduko eraikin berriaren gainaldea eta profila.

– Espazio libreetarako erreserba.

– Zuzkiduretarako erreserba.

– Antolamenduz eta finkapenez kanpokotzat izendatzea bertan dagoen eraikina (Beliz kaleko 4. zenbakia).

Planak hizpide duen eremuaren azalera 12.176,01 m2-koa da, eta Irungo hiri-eremuaren hego-mendebaldean dago. Elizatxo hiribidearen hiri-continuumaren eten agerikoa da, eta eraikinak zein urbanizazioa berritzeko hirigintza-jarduera amaituez edo abian jarriez inguratuta dago. Eraikin gutxi dago planaren eremuan; lau bizitegi-eraikin txiki, eta etxola eta txabola atxiki asko eta asko.

B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako: urbanizazio- eta eraikitze-proiektua proposatzen du planak, geroago garatzeko. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: plana bateragarria da, hau da, hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin bateratu daiteke.

c) Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: planaren xedea da, besteak beste, natura-baliabideen erabilera babestea eta optimizatzea; esate baterako, lurzoruaren okupazioa efizientea izatea, posible den heinean; izan ere, hiri-paisaian kokatzen da, domeinu antropogenikoan.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsu batzuk: Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren xedeko esparrua eremu antropizatu batean dago, hiri-kokagunez eta bide-azpiegiturez inguratuta. Eremuak ez dauka ingurumena babesteko araubideren baten mende dagoen espaziorik (Natura 2000 Sarea, esaterako) edo natura-balioa duen elementu garrantzitsurik, ezta ondare historikoaren katalogoan sartutako kultura-balio esanguratsuko elementurik ere.

Alabaina, eraikin berrien babes akustikoari dagokionez, inpaktu akustikoaren azterlanaren arabera, ez dira beteko EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen diren kalitate akustikoko helburuak, eta ez dago teknikoki eta ekonomikoki bideragarria den neurririk, horiek betetzeko.

e) Era berean, plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo nazio mailako legedia txertatzeko.

2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:

Eremuak ez du elementu natural garrantzitsurik. Hauek dira planaren eragina nozituko duen ingurunearen ezaugarriak eta baldintzatzaile esanguratsuenak:

– Eremu erdi-urbanizatua da (hiri-lurzoru finkatugabea). Bertako flora landaredia erruderal nitrofilo motakoa da, eta ortuak ere badaude.

– Erreferentziako esparruan, ez da topatu ez naturagune babesturik, ez Batasunaren intereseko habitatik, ez ibai-ibilgurik, ez hezegunerik. Interes geologikoko tokirik ere ez dago eremu horretan, ezta kultura-ondareko elementu kalifikatu edo inbentariaturik ere.

– Eremuan ez dago lurzatirik, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dagoenik.

– Ingurumen-arriskuei dagokienez, ez da hauteman uholde-arrisku aipagarririk.

– Zarata-iturri nagusia Elizatxo, Olagizon, Piketazaharra, Alei eta Muinoa kaletako zirkulazioa da. Zarata-maparen arabera, planaren xedeko eremuan gainditu egiten dira kanpoaldeko kalitate akustikoaren helburuak.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko ebazpen honetan adierazitakoarekin bat etorriz, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Planean hartuko beharreko erabakien artean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo dira exekutatu etorkizuneko garapen urbanistikoak honako eremuetan: kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Bestalde, aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus eranskina, Planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk jasota daude hor).

Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, EAEko etxebizitzen eraikuntza jasangarriaren gida-n jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan behintzat eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.

– Hiritartu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

– Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat, ez dela aurreikusten Irungo 6.2.08 Alei eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumen-eragin esanguratsurik eragingo duenik. Hortaz, ez zaio ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Irungo Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, Irungo 6.2.08 Alei eremurako jarduketa-unitatearen Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 15a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.

ERANSKINA

– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Alderdi hauei loturiko alderdiak behintzat hartuko ditu barnean: lanaldiak, makineria, behin-behineko desbideratzeak, isurketen prebentzioa, ahalik eta hauts eta zarata gutxiena sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa duten jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, eta abar.

– Dagoen landaredia babestea: ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira.

Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.

Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.

Gomendatzen da kontsulta egitea organo eskudunari, Plan Bereziaren jarduera-esparruan dauden landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko helburua duten neurriak hartzeko.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek segurtasun-arauak beteko dituzte uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluari jarraikiz (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).

– Olio erabiliak kudeatzeko, hauetan xedatutakoa beteko da: Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua, eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Irungo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto berriak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Urak babestea: obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentu-tranpak edo iragazkiak.

– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.


Azterketa dokumentala