Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2019ko abenduaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
5595

EBAZPENA, 2019ko azaroaren 14koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bitartez egiten baita 2020. urterako dirulaguntza batzuk emateko deialdia, ekitaldi horretan EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuei zuzendua.

Uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuak honako programa honen oinarri orokorrak ezartzen ditu: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programa (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.). Betiere, 1997ko abenduaren 11n sinatu zen EAEko Laneko Osasunerako eta Arriskuen Prebentziorako Lanbide Arteko Akordioaren III. atalean («Prebentziorako prestakuntza») ezarritakoarekin bat etorriz (1998ko urtarrilaren 27ko EHAA, 17. zk.).

Urtero egiten da dirulaguntza-jarduera horretarako deialdia, prebentzio-ordezkarien oinarrizko prestakuntza sustatzeko, langileen ordezkari horiek eginkizun espezifikoak baitituzte laneko arriskuen prebentzio-arloan Izan ere, ezagutza normatibo eta tekniko horiekin, lankidetzan jardun dezakete enpresetako zuzendaritzekin, prebentzio-jarduna hobetzeko, eta langileen elkarlana susta eta bultza dezakete laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudiaren aplikazioan. Eta, bereziki, besteak beste, laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzeari dagokion zaintza- eta kontrol-lana egin dezakete, kontsultatuak izateaz gain, aldez aurretik, enpresaren aldetik, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 33. artikulua kontuan hartuta.

Horregatik, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, urteko deialdi publikoa onartu da 2020an EAEko enpresetako edo lantokietako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza hori emango duten entitate publiko edo pribatuen dirulaguntzetarako.

2018-2020ko aldirako Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen indarreko Dirulaguntza-plan Estrategikoaren babespean egin da deialdi hau (Osalanen web-orrian argitaratuta dago plana).

Kudeaketa azkartzeko, deialdiak 2020rako EAEko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedientearen izapidetze aurreratuari heltzen dio, honako hau kontuan hartuta: Agindua, 2007ko apirilaren 26koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa. Eta, horrenbestez, deialdiaren xede diren dirulaguntzak gauzatzeko, nahitaezkoa da kreditu egokia eta nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko aurrekontu orokorretan.

Dirulaguntzen deialdia egiteko, hauek bete behar dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua), Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko manuak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatua), eta laguntzetan eta dirulaguntzetan aplikatzekoak diren gainerako xedapenak. Eta eskuragarri dauden bitarteko ekonomikoak baliatuko dira, ebazpen honetako irizpideen arabera.

Hori dela eta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da onartzea 2020ko aurrekontu-ekitaldirako dirulaguntza jakin batzuen deialdia; EAEko enpresa edo lantokietako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza urte horretan ematen duten entitate publikoak edo pribatuak izango dira dirulaguntza horien hartzaileak Dirulaguntzak aurreikusita daude uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuan, zeinaren bidez ezartzen baitira EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.), 2020ko urtarrilaren 1 eta azaroaren 27 artean.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Aurreko artikuluko xederako baliabide ekonomikoak Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kreditu egokietatik aterako dira, eta hirurehun mila (300.000) euro inguru dira.

2.– Ebazpen honetan ezartzen denez, deialdi honen guztizko aurrekontu-zuzkiduratik, gehienez ere, 100.000 euro bideratuko dira zati arautzailearen prestakuntza finantzatzeko, eta, gehienez ere, 200.000 euro, zati teknikoaren prestakuntza finantzatzeko, hala xedatuta baitago uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 9. artikuluan. Dekretu horren bidez, honako programa honen oinarri orokorrak ezartzen dira: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programa.

3.– Dirulaguntza horiek emateko, nahitaezkoa da kreditu egokia eta nahikoa izatea horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko aurrekontu orokorretan, honako hau kontuan hartuta: Agindua, 2007ko apirilaren 26koa, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa; zehazki, aginduaren 5.3 artikuluan xedatua.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi hau egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten entitateei zuzendutako dago. Erakundeok prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza emateko betekizunak bete behar dituzte, uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuan araututakoari jarraituz (2018ko abuztuaren 3ko EHAA, 149. zk.), eta, gainera, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak egiaztatuak izan behar dute. Hona hemen entitateok:

1.– Prestakuntza-zentroak, publikoak zein pribatuak.

2.– Erakunde sindikalak.

3.– Prebentzio-zerbitzu egiaztatuak, horiek itunduak dituzten enpresetako prebentzio-ordezkariei zuzenduak.

4. artikulua.– Eskaeren tramitazioa.

1.– EAEko enpresa edo lantokietan prebentzio-ordezkariei prestakuntza emateko egiaztatutako erakundeek eskatu ahal izango diote dirulaguntza hau Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari.

2.– Ikasleak prebentzio-ordezkariak baino ez dira izango, eta, prestakuntza-ekintza egin baino lehen, nahitaez inskribatuta egon behar dute Laneko arriskuak prebenitzeko ordezkarien Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroan, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailari atxikita.

3.– Prestakuntza-ekintza bakoitzerako, dirulaguntza jasotzeko eskabide bat aurkeztu beharko da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko tramitazio elektronikoaren bidez (http://www.euskadi.eus), eta, eskabidearekin batera, a) eta b) letretan adierazitako prozedura elektronikoetan eskuragarri dauden dokumentuak aurkeztuko dira. Ebazpen honetako I. eranskinean zehaztuta dago eskabidearen edukia.

a) Arlo normatiboko prestakuntzari dagokionez, prozedura elektronikoa hau da:

Prebentzio-ordezkariei arau-arloan oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza (erreferentzia: 1029805).

Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/servicios/1029805

Euskaraz: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1029805

b) Arlo teknikoko prestakuntzari dagokionez, prozedura elektronikoa hau da:

Prebentzio-ordezkariei arlo teknikoan oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza (erreferentzia: 1029905).

Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/servicios/1029905

Euskaraz: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1029905

4.– Eskaera elektronikoarekin batera, «III. eranskina. Prestakuntza-ekintzari buruzko datuak» aurkeztu beharko dute, dirulaguntza eskatzen zaion prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten prebentzio-ordezkariei buruzko behin-behineko datuen dokumentua.

5.– Espediente bakoitzera sartzeko, izapidetzeko eta jarraipena egiteko, entitate juridiko eskatzaileak «Nire Karpeta» atalera jo beharko du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (http://www.euskadi.eus).

5. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epeak.

1.– Eskaerak aurkezteko epea 2020ko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta 2020ko azaroaren 27ko 23:59an amaituko edo, bestela, deialdi honen xede diren dirulaguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak amaitzean. Azken kasu horretan, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak emango du horren berri EHAAn.

2.– Entitate prestatzaileek programatuta daukaten prestakuntza-ekintza bakoitza hasi baino 7 egun lehenago gutxienez eskatu beharko diote dirulaguntza Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari.

6. artikulua.– Eskabideen akatsak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak, edo haien edukia ez bada nahikoa, 10 eguneko epearen barnean gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio eskatzaileari, eta horrela egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, betiere Administrazioak berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko dira. Jakinarazpen hori egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar eguneko epean interesdunak ez badu edukia eskuratu, ukatu egin duela ulertuko da, eta izapidea egindakotzat joko da prozeduraren arabera, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo entitate hartzaileak eskatuta, teknikoki edo materialki ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu.

7. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.– Finantzatzeko, eskola-orduko 117,73 eurorenak izango dira deialdi honen xede diren prestakuntza-jarduerak garatzeko prestakuntza-ordu bakoitzeko aplika daitezkeen gehieneko modulu ekonomikoak (planifikatzeak eta gauzatzeak eragindako kostu guztiak barne).

Kontuan hartuta 125/2018 Dekretuaren 14. artikulua:

2.– Prestakuntza-jarduera bakoitzeko diruz lagun daitekeen gehieneko parte-hartzaile kopurua 15 prebentzio-ordezkarikoa izango da.

Parte hartzen duten prebentzio-ordezkariak 15 baino gutxiago badira, gaztelaniaz ematen diren ikastaroetan, ekintzaren finantzaketa-ehunekoa uztailaren 30eko 125/2018 Dekretuaren 14. artikuluan xedatuaren arabera izango da (beheko taula).

3.– Ezingo dute dirulaguntzarik jaso gutxienez 10 ikasle biltzen ez dituzten taldeek. Euskarazko taldeak salbuetsita, gutxienez bost prebentzio-ordezkari dituzten taldeak ere onartuko direlako, euskararen erabilera sustatzeko laneko arriskuen prebentzioaren arloko prestakuntzan. Euskarazko ekintzen finantzaketa taula honen arabera egingo da:

(Ikus .PDF)

4.– Dirulaguntzaren zenbatekoak barnean hartuko ditu prestakuntza-materialen gastuak.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak dagozkion prestakuntza-eskuliburuak emango dizkio doan ikasle bakoitzari. Sobera geratzen diren eskuliburuak Osalani itzuli beharko zaizkio.

5.– Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzeko azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua aplikatuz, bazterkeriak prebenitzeko edo ezabatzeko xedearekin eta desgaitasunen bat duten prebentzio-ordezkariek prestakuntza jasotzeko dauzkaten zailtasunak edo desabantailak konpentsatu nahian, komunikaziorako laguntza eta zerbitzu osagarri guztiak jarriko ditu Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, deialdi honen kontura ordainduta.

8. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Prestakuntza-ekintza amaitu eta gehienez ere 20 eguneko epean, dirulaguntza jasotzen duen entitateak dokumentuak beteta aurkeztu beharko ditu Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoan: Guztiak ere ongi beteta, eta informazio guztia osorik dagoela. Informazioa ez bada zuzena edo osoa, erakunde eskatzaileak zuzendu beharko du, eta, ez badu hala egiten, dirulaguntza ukatuko da.

Kontuan hartu behar da arlo normatiboa ematen duten entitateek eman behar dietela «V. eranskina. Prebentzio-ordezkariei Arlo Teknikoko oinarrizko prestakuntza emateko akreditatuta dauden zentroen zerrenda» parte hartzaileei. Zerrenda hori akreditatutako zentroen zerrenda aldatu ahala eguneratuko da, are deialdi honek iraun bitartean ere. Zati normatiboa ematen duten entitateek prozedura elektronikoan dagoen zerrenda berriena aurkeztu beharko diete prebentzio-ordezkariei, IV. eranskinaren bidez hautatzen duten zati teknikoaren zentroa hautatzeko.

2.– Justifikazioan aurkeztu beharreko dokumentuak hauek dira:

– «III. eranskina. Prestakuntza-ekintzari buruzko datuak», azken dokumentua, dirulaguntza eskatzen zaion prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten prebentzio-ordezkariei buruzko behin-behineko datuekin.

– «II. eranskina. Bertaratze-kontrolerako orria» dokumentu eskaneatua pdf formatuan. Prestakuntza-ekintza zein egunetan eman den jaso behar du, bai eta parte hartzen duten prebentzio-ordezkari eta irakasle guztien NA zenbakia, izen-abizenak eta sinadura ere.

– «IV. eranskina. Arlo teknikorako prestakuntza-zentroari dagokionez, prebentzio-ordezkariak egindako hautaketari buruzko datuak» baterako pdf dokumentu eskaneatua, bertan jasota zer eskaera egin dituzten prebentzio-ordezkariek zati teknikoari dagokionez, zeinean, V. eranskinean jasotzen diren akreditatutako prestakuntza-zentroetako biren artean aukeratu behar baitute. IV. eranskina, zati normatiboa ematen duten entitateek (sindikatuak gehienak) baino ez dute aurkeztu behar.

– «VI. eranskina. Ebaluazio galdetegia. Prebentzio-ordezkaria» dokumentu eskaneatua. Prestakuntza-ekintzako ikasleek erantzundako inkestak jaso behar ditu, eta izena eman duten ikasleen kopurua eta inkesta hau erantzun duten ikasleen kopurua adieraziko dira.

– «VII. eranskina. Ebaluazio galdetegia. Irakasleak» dokumentu eskaneatua. Prestakuntza-ekintzaren irakasleak erantzundako inkesta jasoko du.

3.– Justifikazioak eta bete beharreko ereduak izapidetzeko azalpenak eskuragarri daude Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, ebazpen honetako 4.2.a) eta b) artikuluan adierazitako prozedura elektrikoetan.

4.– Administrazioak egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak esleituta dauzka. Horregatik, edozein unetan, eskaera, aurkeztutako dokumentuak eta erantzukizunpeko adierazpenak ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarri guztia eskatuko die entitate eskatzaileei, bai eta, benetakotasuna egiaztatzearren, jatorrizko dokumentazioa aurkezteko ere. Horregatik, Administrazioak prozedurarekin aurrera ez jarraitzea erabaki ahal izango du, aurkeztutako datuetan funtsezko zehaztasunik eza, faltsutasuna edo omisioa izanez gero, entitate eskatzaileari legozkiokeen beste erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak baztertu gabe.

9. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko modua.

Kontuan hartuta 125/2018 Dekretuaren 13. artikulua:

1.– Deialdiaren ebazpena, dirulaguntza emateari dagokionez, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak emango du, erakunde horretako teknikariek egindako txostenak aintzat hartuta.

2.– Eskabideek deialdiko betekizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan ebatziko dira, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa horietarako aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte. Funtsak agortzen badira, aurkeztu diren eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira deialdi honen esparruan.

3.– Hartutako ebazpena erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaie, banaka, gehienez ere bi hileko epean, dirulaguntzaren eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera.

4.– Apartatu honetan aipatutako epea igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, beren eskabideak ezetsi direla ulertu ahal izango dute erakunde interesdunek, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluak.

5.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, interesdun bakoitzari jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, bi hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Publikotasun-ondorioetarako soilik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira dirulaguntzak emateko ebazpenak.

10. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Prozedura honetan jasotzen diren datu pertsonalak honako hauek kontuan hartuta tratatuko dira: 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa; eta datuen babes-arloko gainerako garapen-arauak.

Jakinarazten da prozedura honetan bildutako datu pertsonalak «Prebentzio-ordezkarien prestakuntza diruz laguntzea eta kudeatzea, eta prestakuntzaren ziurtapena» izeneko tratamenduan jasoko direla.

Babes hori aintzat hartuta, izaera pertsonaleko datuen tratamenduari buruzko oinarrizko informazioa ematen da jarraian:

(Ikus .PDF)
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beraz, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean; bi kasuetan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea kontatzen. Hori guztia hala xedatuta dago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46. artikuluetan.

Barakaldo, 2019ko azaroaren 14a.

OSALANeko zuzendari nagusia,

ALBERTO ALONSO MARTÍN.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala