Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

231. zk., 2019ko abenduaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
5590

187/2019 DEKRETUA, azaroaren 26koa, edari alkoholdunen, tabako-produktuen eta nikotina aska dezaketen gailuen seinaleztapenari buruzkoa.

Espainiako Konstituzioak osasuna babesteko eskubidea aitortzen du 43. artikuluan, eta ezartzen du botere publikoei dagokiela osasun publikoa antolatzea eta babestea prebentzio-neurrien eta behar diren prestazioen eta zerbitzuen bidez. Eskubide hori gauzatze aldera, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak administrazio publiko sanitarioen betebeharrak ezarri zituen: jarduerak lehentasunez bideratzea osasuna sustatzera eta gaixotasunak prebenitzera; zuzenean edo zeharka saihestea osasunean ondorio negatiboak izan ditzaketen jarduerak eta produktuak, eta jarduera horien publizitatea eta merkataritza-propaganda arautzea.

Adikzioak sor ditzaketen jarduerak eta substantziak eskuratzeko mugak jartzea, horien kontsumoarekiko gizarte-tolerantzia gutxitzea eta indarrean dagoen araudia benetan beteko dela sustatzea aurreikusten du helburu orokor gisa Adikzioen VII. Planak 2. ardatzean –eskaintza murrizteari buruzkoa da–. Gauzatu behar diren ekintzen artean, bat nabarmentzen da: tabakoaren, alkoholaren eta adikzioa sor dezaketen beste legezko substantzia batzuen sustapenarekin, publizitatearekin, salmentarekin, banaketarekin eta kontsumoarekin erlazionatutako jarduerak kontrolatzea.

Bestalde, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko apirilaren 7ko 1/2016 Legeak –aurrerantzean 1/2016 Legea– (EHAA, 69. zk., 2016ko apirilaren 13koa), eskaintza murrizteari buruzko bigarren tituluan, edari alkoholdunen, tabako-produktuen eta nikotina aska dezaketen gailuen publizitatearen, sustapenaren, banaketaren, salmentaren eta kontsumoaren gaineko mugak jasotzen ditu (I., II. eta III. kapituluak). Halaber, muga edo ohartarazpen sanitario horietako batzuk kartelen bidez seinaleztatzeko betebeharra ezartzen du.

Edari alkoholdunei dagokienez, 27. artikuluak ezartzen du 20 gradu baino gehiagoko edari alkoholdunak kontsumitzeko sustapen-jarduera eginez gero azoketan, erakusketetan eta antzeko jardueretan, sustapena espazio bereizietan egingo dela, eta ezingo direla bertan sartu pertsona heldu batekin ez doazen adingabeak. Sarreran, debeku horren berri ematen duen kartel bat jarri beharko da.

Era berean, 31. artikuluan xedatzen da artikulu horretan adierazitako debekuak eta ohartarazpenak dagozkien kartelak jarrita adierazi beharko direla: adingabeei edari alkoholdunak saltzeko edo banatzeko debekua; toki jakin batzuetan, edari alkoholdunak saltzeko edo banatzeko debekua; toki jakin batzuetan, 20 gradu baino gehiagoko edariak saltzeko edo banatzeko debekua; eta dendetan, 22:00etatik 07:00etara, edari alkoholdunak saltzeko edo banatzeko debekua.

Bestalde, 32. artikuluak ezartzen du debekatuta egongo dela 16 urte baino gutxiagokoak edari alkoholdunak zerbitzatzen dituzten establezimendu publiko itxietan sartzea eta bertan egotea, hala nola tabernetan, dantzalekuetan, diskoteketan, ikuskizunetan, jolas-areto publikoetan eta, oro har, edari alkoholdunak saldu edo kontsumitzen diren leku edo establezimendu guztietan, baldin eta haien guraso, tutore edo arduradunekin ez badaude. Aipatutako leku horietan kartelak jarri beharko dira, ondo ikusteko lekuetan, debeku horren berri emateko.

Tabako-produktuei dagokienez, 38. artikuluak ezartzen du tabako-produktuen salmenta eta banaketa baimenduta dituzten establezimenduetan, baimen hori adierazten duten kartelak jarriko direla, ondo ikusteko lekuren batean eta ondo irakurtzeko moduko karaktereak erabilita. Kartel horietan, gainera, jakitera emango da debekatuta dagoela 18 urtez azpikoei tabakoa saltzea, eta tabakoaren erabilerak osasunari eragiten dizkion kalteez ohartarazi beharko da.

Era berean, tabako-produktuak makinen bidez banatu edo saltzen badira, makinen aurrealdean ohar bat jarri beharko da, argia eta ikusteko modukoa, euskaraz eta gaztelaniaz, tabakoaren erabilerak osasunean eta, batez ere, adingabeenean eragiten dituen kalteez ohartarazteko (39. artikulua).

Legearen 40. artikuluaren arabera, erretzea legez debekatuta dagoen tokien sarreretan kartelak jarri beharko dira tabakoa kontsumitzea debekatuta dagoela adierazteko, argi ikusteko eta irakurtzeko moduan. Hori horrela, hoteletan edo antzeko establezimenduetan, erretzeko egokitutako eremuak edo logelak seinaleztatuko dira (41. artikulua).

Azkenik, nikotina aska dezaketen gailuei dagokienez, kartelen bidez informatu beharko da debekatuta dagoela 18 urtetik beherakoei saltzea, makinen bidez saltzea barne (46. artikulua); eta adierazi beharko da debekatuta dagoela toki jakin batzuetan gailu horien bidez ezer kontsumitzea, eta aukera dagoela gelak edo antzekoak egokitzeko, 47. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Erregelamenduz arautzearen ardatza lege-mandatua osatzea izango da, legeak berak erregelamendu-garapena eskatzen duen kasuetan. Erregelamendu-garapena beharrezkoa da hala eskatzen duten alderdietan, halakorik gabe lege-aginduak berak ez bailuke bere birtualtasun osoa lortuko.

Horregatik, nahitaezko txostenak eman ondoren eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Osasuneko sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2019ko azaroaren 26an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da edari alkoholdunen, tabako-produktuen eta nikotina aska dezaketen gailuen sustapenaren, salmentaren, banaketaren eta kontsumoaren gaineko neurri mugatzaileei buruzko informazio-kartelen ezaugarriak eta kokapena arautzea, bai eta 1/2016 Legean aurreikusita dauden ohartarazpen sanitarioenak ere.

2. artikulua.– Kartelen ezaugarri teknikoak.

1.– Dekretu honetan arautzen diren kartelen ezaugarri teknikoek irizpide hauek bete beharko dituzte (deskribapen grafikoa zehaztuta dago Dekretuaren amaieran erantsita dauden ereduetan):

a) Kartelaren gutxieneko tamaina: 21 x 29,7 cm (DIN A4).

b) Materiala: material itsaskor distiratsua.

c) Kolorea: hondo zuria. Testuak, tinta beltzez gaztelaniaz eta euskaraz.

d) Debeku-hitzen gutxieneko tamaina: 22, 14. ereduaren kartelarena izan ezik; horrena: 15. Informazio osagarriaren letra-tamaina izan daiteke txikiagoa. Letra mota: arial.

e) Karteletan haiek argitaratzen dituzten enpresen edo erakundeen logotipoak jar daitezke. Hala ere, kasu horietan, ezingo dute bereizgarri horiek kartelaren azaleraren % 3 baino gehiago hartu, eta ezingo dira kartelak ulertzeko oztopo izan.

f) Karteletan agertzen diren testuak euskaraz eta gaztelaniaz egongo dira.

g) Kartel guztien beheko aldean 1/2016 Legea aipatu beharko da.

2.– Ostalaritza-establezimenduetan, dekretu honetan xedatutakoaren arabera, kartel bat baino gehiago jarri behar bada, 14. eredua erabil daiteke. Testuak hau esan behar du: «DEBEKATUTA 16 urtez azpikoak sartzea eta bertan egotea, guraso edo arduradun batek lagunduta ez bada; adingabeei edari alkoholdunak saltzea edo ematea; adingabeek edari alkoholdunak kontsumitzea; adingabeei tabako-produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak saltzea edo ematea; tabako-produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak kontsumitzea. Produktu horiek kontsumitzea kaltegarria da zure osasunarentzat eta ingurukoentzat, eta, batez ere, adingabeentzat».

3. artikulua.– Kartelak non kokatu.

1.– Kartelak ikusteko lekuren batean jarri behar dira, bai tabako-produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak kontsumitzeko prestatutako establezimendu, zentro, areto, leku edo eremuen sarreretan, bai barruan, ordaintzeko lekuen inguruetan.

2.– Hotelek eta antzeko establezimenduek kartel iraunkorren bidez seinaleztatu beharko dituzte erretzaileentzako logelak zein diren. Kartelak sarrerako atearen kanpoaldean eta logelen barrualdean, ondo ikusteko lekuren batean jarri behar dira.

4. artikulua.– Seinaleak jartzea 20 gradu baino gehiagoko edari alkoholdunak sustatzen diren lekuetan.

20 gradu baino gehiagoko edari alkoholdunen sustapen-jarduerak egiten diren lekuetan kartelak jarri beharko dira (1. eredua), eta testu hau izan beharko dute: «DEBEKATUTA adingabeak sartzea, heldu batek lagunduta ez bada; adingabeei edari alkoholdunak ematea edo saltzea; adingabeek edari alkoholdunak kontsumitzea».

5. artikulua.– Seinaleak jartzea edari alkoholdunak saltzea edo banatzea debekatuta dagoen lekuetan.

Kartel bidez seinaleztatuta egon beharko dira edari alkoholdunak saltzea edo banatzea debekatuta dagoen toki guztiak (2. eredua); testu hau izan beharko dute: «Debekatuta edari alkoholdunak saltzea edo ematea»

6. artikulua.– Seinaleak jartzea 20 gradu baino gehiagoko edari alkoholdunak saltzea edo banatzea debekatuta dagoen lekuetan.

Kartel bidez seinaleztatuta egon beharko dira 20 gradu baino gehiagoko edari alkoholdunak saltzea edo banatzea debekatuta duten toki guztiak (3. eredua); testu hau izan beharko dute: «DEBEKATUTA 20 gradutik gorako edari alkoholdunak saltzea edo ematea; adingabeei edari alkoholdunak saltzea edo ematea».

7. artikulua.– Seinaleak jartzea edari alkoholdunak bertan kontsumitzera zuzenduta ez dauden establezimendu komertzialetan.

1.– Edari alkoholdunak bertan kontsumitzera zuzenduta ez dauden establezimendu komertzialetan, kartel bidez adierazi beharko da debekatuta dagoela edari alkoholdunak saltzea edo banatzea 22:00etatik 07:00ak arte (4. eredua); testu hau izan beharko du: «DEBEKATUTA edari alkoholdunak saltzea edo ematea 22:00etatik 07:00etara; adingabeei edari alkoholdunak saltzea edo ematea».

2.– Autozerbitzu-establezimenduetan, informazio-kartelak edari alkoholdunak jartzeko propio egokitutako tokietan argi ikusteko lekuren batean ere jarri beharko dira.

8. artikulua.– Seinaleak jartzea edari alkoholdunak saltzea eta banatzea baimenduta dagoen establezimenduetan edo jardueretan.

1.– Edari alkoholdunak saltzea edo banatzea baimenduta dagoen establezimenduetan eta jardueretan, kartel bidez seinaleztatu beharko da debekatuta dagoela adingabeei edari alkoholdunak saltzea edo banatzea (5. eredua); testu hau izan beharko dute: «DEBEKATUTA adingabeei edari alkoholdunak saltzea edo ematea; adingabeek edari alkoholdunak kontsumitzea».

2.– Autozerbitzu-establezimenduetan, informazio-kartelak edari alkoholdunak jartzeko propio egokitutako tokietan argi ikusteko lekuren batean ere jarri beharko dira.

9. artikulua.– Seinaleak jartzea, edari alkoholdunak zerbitzatzen diren establezimendu publiko itxietan sartzea eta bertan egotea mugatuta dagoela adierazteko.

Edari alkoholdunak zerbitzatzen diren establezimendu publiko itxietan, kartel bidez seinaleztatu beharko da 16 urtez azpikoek debekatuta dutela sartzea eta bertan egotea, haien guraso edo arduradun batek lagunduta ez bada (6. eredua); testu hau izan beharko dute: «DEBEKATUTA 16 urtez azpikoak sartzea eta bertan egotea, guraso edo arduradun batek lagunduta ez bada; adingabeei edari alkoholdunak ematea edo saltzea; adingabeek edari alkoholdunak kontsumitzea».

10. artikulua.– Seinaleak jartzea, tabako-produktuak saltzea eta banatzea baimenduta duten establezimenduetan.

1.– Kartel bidez seinaleztatuta egon beharko dira tabako-produktuak saltzea eta banatzea baimenduta duten tokiak (7. eredua); testu hau izan behar dute: «DEBEKATUTA adingabeei tabako-produktuak saltzea edo ematea. Erretzea kaltegarria da zure osasunarentzat eta ingurukoentzat, eta, batez ere, adingabeentzat».

2.– Tabako-produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak saltzea eta banatzea baimenduta duten tokiak testu hau duten kartel bidez seinaleztatuta egon daitezke (13. eredua): «DEBEKATUTA adingabeei tabako-produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak saltzea edo ematea. Produktu horiek kontsumitzea kaltegarria da zure osasunarentzat eta ingurukoentzat, eta, batez ere, adingabeentzat».

11. artikulua.– Seinaleak jartzea, tabako-produktuak saltzeko makinetan.

Informazio hau duten kartelak jarriko dira tabako-produktuen makinen aurrealdean (7. eredua): «DEBEKATUTA adingabeei tabako-produktuak saltzea edo ematea. Erretzea kaltegarria da zure osasunarentzat eta ingurukoentzat, eta, batez ere, adingabeentzat».

12. artikulua.– Seinaleak jartzea, nikotina aska dezaketen gailuak merkaturatzea baimenduta duten establezimenduetan.

Kartel bidez, argi ikusteko eta irakurtzeko moduan, seinaleztatuta egon beharko dira nikotina aska dezaketen gailuak merkaturatzea baimenduta duten tokiak (8. eredua); testu hau izan behar dute: «DEBEKATUTA adingabeei nikotina aska dezaketen gailuak saltzea edo ematea. Produktu horiek nikotina daukate. Kontsumitzea kaltegarria da zure osasunarentzat eta ingurukoentzat, eta, batez ere, adingabeentzat».

13. artikulua.– Seinaleak jartzea, nikotina aska dezaketen gailuen makinetan.

Informazio hau duten kartelak jarriko dira nikotina aska dezaketen gailuen makinen aurrealdean (8. eredua): «DEBEKATUTA adingabeei nikotina aska dezaketen gailuak saltzea edo ematea. Produktu horiek nikotina daukate. Kontsumitzea kaltegarria da zure osasunarentzat eta ingurukoentzat, eta, batez ere, adingabeentzat».

14. artikulua.– Seinaleak jartzea, tabako-produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak kontsumitzea erabat debekatuta dagoen tokietan.

Kartel bidez seinaleztatuta egon beharko dira, argi ikusteko eta irakurtzeko moduko seinaleen bidez gainera, tabako-produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak kontsumitzea debekatuta duten tokiak (9. eredua); testu hau izan behar dute: «DEBEKATUTA tabako-produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak kontsumitzea».

15. artikulua.– Seinaleak jartzea, hoteletan eta antzeko establezimenduetan.

Hotelek eta antzeko establezimenduek kartel bidez seinaleztatu beharko dituzte erretzaileentzako logelak (10. eredua); testu hau izan beharko dute: «Tabako-produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak kontsumitzen dituzten pertsonek erabil dezaketen gela. Produktu horiek kontsumitzea kaltegarria da zure osasunarentzat eta ingurukoentzat, eta, batez ere, adingabeentzat».

16. artikulua.– Seinaleak jartzea tabako-produktuak kontsumitzea eta nikotina aska dezaketen gailuak erabiltzea debekatuta dagoen baina erretzaileentzako guneak egokitu ditzaketen tokietan.

1.– Kartel bidez seinaleztatuta egon beharko dira tabakoa kontsumitzea eta nikotina aska dezaketen gailuak erabiltzea debekatuta dagoen baina erretzeko zein lurruna kontsumitzeko guneak egokitu ditzaketen tokiak (11. eredua); kartelak argi ikusteko lekuetan jarri, eta ondo irakurtzeko modukoak izan behar dira, eta testu hau izan behar dute: «DEBEKATUTA tabako-produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak kontsumitzea, horretarako egokitutako eremuetan izan ezik».

2.– Kartel bidez seinaleztatuta egon beharko dira erretzea debekatuta dagoen tokietan tabako-produktuak kontsumitzeko eta nikotina aska dezaketen gailuak erabiltzeko egokituta dauden guneak (12. eredua); testu hau izan behar dute: «Tabako-produktuak eta nikotina aska dezaketen gailuak kontsumitzeko egokitutako eremua. Egoiliarrentzat eta ingresatutako pertsonentzat soilik. Adingabeek debekatuta daukate sartzea».

17. artikulua.– Erantzuleak.

1/2016 Legearen 88. artikuluan xedatutakoaren arabera, dekretu honetan arautu diren informazio-kartelak ez jartzea arau-haustea egin duen pertsona fisiko edo juridikoaren erantzukizuna izango da, eta solidarioki, arau-haustea egin duenarekin batera, baita legeak ezarritako arau-haustea prebenitzeko zaintza-lanak egin beharko lituzkeen pertsonarena eta establezimendu, zentro, lokal edo enpresen titularrena ere. Makina automatikoen kasuan, solidarioki izango dira erantzule fabrikatzailea, inportatzailea, eta, hala badagokio, baita banatzailea eta makinen ustiatzailea ere.

18. artikulua.– Arau-hausteak.

Dekretu honetan xedatutako betebeharrak ez betetzea arau-hauste administratibotzat hartuko da 1/2016 Legean aurreikusitakoarekin bat etorriz, eta kasuan kasuko zigor administratiboak ezartzea ekarriko du berekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen zehatzeko ahalari buruzko 2/1998 Legearen arabera izapidetutako dagokion prozedura bideratu ondoren.

19. artikulua.– Zehapenak.

Arau-hausteak 1/2016 Legean aurreikusitako isunekin eta gainerako neurriekin zigortuko dira, eta lege horretan daude ezarrita isunak ezartzeko organo eskudunak zein diren, zenbatekoa kontuan hartuta.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kartelak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako Adikzioen Zerbitzuko webgunetik deskargatu daitezke kartel-ereduak (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/mendekotasunak/hasiera/).

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Egokitzea.

Dekretu honetan xedatutakora egokitzeko, dekretua indarrean jarri eta sei hilabete izango dituzte nahitaez kartelak jartzera behartuta dauden establezimendu, zentro edo lekuek kartelak jartzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen dira dekretu honetan xedatutakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.

Ahalmena ematen zaio adikzioen arloko eskumena duen saileko titularrari, dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko behar adina arau eta xedapen emateko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko azaroaren 26an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.

AZAROAREN 26KO 187/2019 DEKRETUAREN ERANSKINA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala