Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2019ko azaroaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5451

180/2019 DEKRETUA, azaroaren 19koa, zeinaren bidez aitortzen baita onura publikokoa dela «Asociación Bizkaina de Esclerosis Lateral Amiotrófica – ADELA» elkartea.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokoak direla aitortu ahal izango da, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, «Asociación Bizkaina de Esclerosis Lateral Amiotrófica – ADELA» elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikokoa dela aitortzea merezi duelako, alboko esklerosi amiotrofikoak jotako pertsonei eta haien senitartekoei laguntzeko egiten duen lanagatik.

«Asociación Bizkaina de Esclerosis Lateral Amiotrófica – ADELA» elkartea 1997ko otsailaren 6an inskribatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, Justizia, Ekonomia, Lana eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Araubide Juridikoaren Zuzendaritzaren 1997ko otsailaren 6ko Ebazpenaren bidez.

AS/B/06532/1997 zenbakiarekin inskribatu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean.

Elkarteak batik bat Bizkaiko Lurralde Historikoan garatzen du bere jarduera.

Eratu zenetik, «Asociación Bizkaina de Esclerosis Lateral Amiotrófica – ADELA» elkarteak beharrezkoak diren jarduera guztiak egiten ditu bere helburu nagusiak lortzeko, alegia: alboko esklerosi amiotrofikoak jotako pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, gaixotasun horren ondoriozko arazoetan informazioa, aholkularitza eta babesa emanez; gaixotasunaren ondorioak arintzeko baliabideak lortzea; konponbideen bilaketan lan koordinatua sustatzea; iritzi publikoa eta erakunde publikoak eta pribatuak sentsibilizatzea.

Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, onura publikoaren deklarazioa Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– proposatuta. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta, ondoren, sailei eta erakundeei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, erakunde interesdunek emandako txostenak ikusirik, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko azaroaren 19ko bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Asociación Bizkaina de Esclerosis Lateral Amiotrófica – ADELA» elkartea onura publikokoa dela aitortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/06532/1997 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko azaroaren 12an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala