Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

219. zk., 2019ko azaroaren 18a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5308

AGINDUA, 2019ko azaroaren 5ekoa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez dei egiten baitzaie Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2020. urteko ediziorako proiektuak aurkezteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean.

Bestalde, lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena– 8. artikuluan xedatzen du Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari dagozkiola, besteak beste, gazteriari buruzko egitekoak eta jardun-arloak.

Arau-esparru horretan oinarrituta eta jardun-arlo horretako erakundeen eskumenak errespetatuta, Eusko Jaurlaritzak auzolandegien programa bat kudeatu du Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoei eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei egiten zaien deialdiaren arauak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren «Auzolandegiak» programaren 2020. urteko ediziorako proiektuak aurkez ditzaten.

2. artikulua.– Definizioa.

Hona auzolandegitzat zer hartzen den: hainbat jatorritako gazteek beren borondatez eta eskuzabaltasunez konpromisoa hartzen dute gizarte proiekzioko egitasmo bat eta jarduera osagarriak garatzeko, denbora-tarte jakin batean, eta egitasmo horren bitartez, besteak beste, elkarbizitza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea eta kulturartekotasuna sustatzen dira.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– «Auzolandegiak» programarekin elkarlanean jarduteko interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek beren gizarte proiekzioko lan-egitasmoa aurkeztu ahal izango dute. Legez eratutako erakundeak izango dira eta dagokien erregistroan eman beharko dute izena.

2.– Ezingo dute agindu honetan parte hartu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakunde publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.

4. artikulua.– Proiektuen tipologia.

1.– Erakunde publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek edozein tipologia edo modalitatetako proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte, boluntarioek auzolandegietan egin beharreko lan-arloari dagokionez (ingurumena, arkeologia, berreraikitzea, gizarte-lana, antzerkia, artea, ondarea berreskuratzea...).

2.– Erakunde interesatuek kontuan hartu beharko dute auzolandegien xedea dela hainbat jatorri eta kulturatako gazteen arteko elkarbizitza eta kultura-trukea bultzatzea, auzolandegia hartuko duen komunitatearen onerako izango den boluntario-lanaren bidez, hau da, ondasun edo zerbitzu publiko izango den gizarte proiekzioko lan baten bidez.

5. artikulua.– Proiektuen baldintzak.

Hauek dira proiektuetan kontuan hartuko diren baldintzak:

a) Auzolandegiak, ahal dela, uztail-abuztuetan egingo dira. Alabaina, aurreko eta ondoko hiletara ere luzatzea aztertuko du Gazteria Zuzendaritzak, erakunde interesatuek aurkezten dituzten proiektuen eskaintza ikusita. Aldi horren barruan, nahi duten denbora-tarte zehatza aukeratu ahal izango dute erakunde interesatuek auzolandegiak egiteko.

b) Ahal dela, auzolandegiak bi txandatan egingo dira, eta txanda bakoitzak hamabost egun hartuko ditu.

c) Proiektuak planteatzen direnean, bermatu beharko da boluntarioek eskaintzen diren txanda guztietan izango dutela lana.

d) Auzolandegietako txanda bakoitza 20 bat gazterentzat antolatuko da.

e) Proiektuak erakundearen onarpena duela egiaztatzeko, erakunde publiko edo pribatuaren organo eskudunak agiri bat aurkeztu beharko du, non proiektua burutzeko eta agindu hau betetzeko konpromisoa agertuko duen.

6. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

1.– Aurkeztutako eskariak aztertu, balioetsi eta hautatzeko, Hautaketa Batzordea osatuko da. Hauek izango dira hautaketa-batzordeko kideak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatzen duenari jarraikiz:

– Lehendakaria: Josu Gerediaga Egurrola, Gazteria Zuzendaritzako arduraduna. Ordezkoa: Fco. Javier Gutiérrez Páramo, Gazteria Zuzendaritzako teknikaria.

– Bokala: Lourdes Ramírez de Ocáriz, Gazteria Zuzendaritzako teknikaria. Ordezkoa: Agurtzane Iriondo Goti, Gazteria Zuzendaritzako teknikaria.

– Bokala: Beñat Martínez Castillo, Gazteria Zuzendaritzako teknikaria; idazkari moduan jardungo du. Ordezkoa: Maite Artabe Urkidi, Gazteria Zuzendaritzako teknikaria.

2.– Eskarien azterketa eta ebazpen-proposamena: hurrengo artikuluan aipatzen diren balorazio-irizpideak kontuan hartuta, Hautaketa Batzordeak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Gazteriako zuzendariari. Gainera, beharrezko iritzitako argibide eta dokumentazio oro eskatu ahal izango die proiektuak aurkeztutako erakundeei, betiere, aldez aurretik jakinarazita eta 12. artikuluan finkatutako epea emanda. Bestalde, Hautaketa Batzordea proiektua aurkeztutako erakundeekin ados jarri ahalko da aurkeztu dituzten datak aldatzeko, «Auzolandegiak» programaren eskaintza egokitze aldera.

7. artikulua.–. Proiektuak balioesteko irizpideak.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da, eta, beraz, proiektuak hautatzeko, aurkeztutako guztien arteko alderaketa egingo da, beherago zehaztutako balioespen-irizpideak aintzat hartuta. 40 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuak hautatuko dira. Hona hemen Hautaketa Batzordeak kontuan hartuko dituen balioespen-irizpideak:

a) Proiektuen interes soziala. Proiektuaren eragin soziala baloratuko da, hain zuzen ere, zertan lagunduko dion hartzen duen komunitateari eta zenbatean eragingo dion bere garapenari. Era berean, baloratu egingo da onuradunen kopurua eta baita zer-nolako emaitzak espero diren kokatuta egongo den eremuan: gehienez ere, 40 puntu.

b) Proposatutako lanaren iraunkortasuna eta baita jasangarria izatea parte-hartzaileei dagokienez eta hartuko duen lekuko komunitateari dagokionez: gehienez ere, 40 puntu.

c) Ostatuaren instalazioen baldintzak. Egokiro instalatutako sukaldea eta jakietarako biltegia izatea baloratuko da: gehienez ere, 15 puntu.

d) Proposamenaren originaltasuna: aurkeztutako proiektuaren izaera, ikuspuntu eta/edo metodologia berritzailea baloratuko da: gehienez ere, 5 puntu.

8. artikulua..– Erakundeen konpromisoak.

Hautatutako proiektuak aurkeztu dituzten erakundeek honako prestazio hauek emateko konpromisoa hartuko dute eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioak ez die, trukean, inolako diru-ordainketarik egingo:

a) Auzolandegiko lan eta jarduerak egiteko beharrezkoak diren materialak, bai eta bertako lurra eta instalazioak parte-hartzaileen beharrizanetara egokitzeko beharrezkoak direnak ere.

b) Auzolandegiko lanen zuzendaritza teknikoetarako eta auzolandegiko lanak abian jartzeko beharrezkoak diren langileak, antolatzaileen gidaritzapean. Langile horiek auzolandegia hasi aurretik zuzendaritza- eta animazio-taldearekin biltzeko modua izan behar dute, udalerri edo komunitatean dauden baliabideak jakinarazteko eta horietarako sarbidea eman eta aldez aurretik programa eta jarduera osagarriak antolatzeko. Entitate eskatzaileak bermatu behar du 1/1996 Lege Organikoaren (urtarrilaren 15ekoa, adin txikikoen babes juridikoari buruzkoa) 13. artikuluko 5. zenbakian ezarritakoa beteko dela (haurrak eta nerabeak babesteko sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen bidez ezarri bezala). Hots, adin txikikoekin harremanetan egoten diren langile guztiek (kontratudunek eta boluntarioek) izan behar dute sexu-delitugileen erregistro zentralak jaulkitako ziurtagiri negatiboa.

c) Parte-hartzaileei ostatu emateko lokal edo instalazioak, behar bezalako higienea, osasungarritasuna eta segurtasuna bermatuko dituztenak, auzolandegiko lanak egiteko egokiak. Instalazioen deskribapenean zehaztu behar da ea ahalmen urritasunik duten pertsonentzat egokituta dauden ala ez, eta, eraikuntza-oztoporik egonez gero, horien zerrenda jaso. Halaber, ahal dela, erakundeak auzolandegiko taldearentzat bakarrik erreserbatuko du ostatu-lekua, auzolandegiak dirauen bitartean. Osterantzean, horren berri eman behar zaio lehenbailehen Gazteria Zuzendaritzari.

Instalazioek, gutxienez, honako guneak izango dituzte:

– Bi gune lo egiteko, oheak elkarren gainekoak edo ez.

– Gune bat, auzolandegiko zuzendaritza- eta animazio-taldearentzat.

– Gune bat, jolas-jarduerak egiteko materiala gordetzeko.

– Dutxak eta komunak, gazteen ostatu-lekuan edo handik gertu.

– Jarduera-areto bat.

– Sukaldea eta jangela bat.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean egin beharreko jarduera soziokultural edo aisialdikoen jardunaldi bat, gutxienez, ziurtatzen duten elementu material eta pertsonalak.

e) Gazte boluntarioak garraiatzeko modua, lantokia ostatua duten lekutik urruti baldin badago.

f) Beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak, parte-hartzaileek lanean osasun fisikoan eta bizian inolako arriskurik izan ez dezaten.

g) Ostatu-lekuan garbiketa egiteko materiala.

h) Auzolandegia egingo den tokiko eta inguruko kultura-alderdiak erakustea, programak bilatzen duen kulturarteko ikaskuntzaren helburua egoki bete dadin.

i) Udaleko kirol-instalazioetara sartzeko trabarik ez jartzea auzolandegiko parte-hartzaileei.

j) Behin auzolandegia bukatu eta gero, egindako lanaren gaineko dokumentazio grafikoa ere bilduko duen txosten bat aurkeztea.

k) Auzolandegiko parte-hartzaileei hasierako harrera eta bukaerako agurra egitea.

l) Aurrekoak gorabehera, erakundeak komenigarritzat iritzitako beste elementu edo prestakuntza batzuk ere eskaini ahalko ditu, aldez aurretik Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzako arduradun antolatzaileen baimena eskuratu eta gero.

9. artikulua..– Proiektuak aurkezteko epea.

Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

10. artikulua..– Proiektuak aurkezteko lekua eta modua.

1.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapideak eskatzeko, zuzentzeko, justifikatzeko eta egiteko.

2.– Agindu honen eranskinean jasotako eskabide-eredua, eta eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuratu daitezke:

www.euskadi.eus/zerbitzuak/1050703

3.– Eskaeraren ondorengo izapideak egiteko eta espedientea ikusteko ondorengo webgunea baliatuko da:

http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Halaber, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.

11. artikulua..– Aurkeztu beharreko agiriak.

Erakunde interesdunek honako agiriak bidali behar dituzte:

a) Auzolandegiaren proiektu teknikoa, honakoak xehe-xehe jasoko dituena: egin beharreko lanak, lekua eta egunak, eta proiektuaren helburu zehatza ulertzen lagundu dezakeen beste edozein alderdi. Gainera, ostatu-lekuko instalazioen deskribapen zehatza jaso beharko da, eta, hala badagokio, baita sukaldearena eta haren ekipamenduarena ere, eta janari-biltegiarena ere bai. Bai proiektu teknikoaren deskribapena bai instalazioena material grafikoaz lagunduta aurkeztu beharko da.

b) Proiektuak duen interes sozialaren, kulturalaren edo historikoaren justifikazioa.

c) Proiektuak erakundearen onarpena duela egiaztatzeko, erakunde publiko edo pribatuaren organo eskudunak agiri bat aurkeztu beharko du, non proiektua burutzeko eta agindu hau betetzeko konpromisoa agertuko duen.

d) Auzolandegian egin beharreko jardueren eta proposamenen zerrenda, inguruneak kultura aldetik dituen baliabideak erakusteko.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela zigor administratibo edo penalik sexu-bereizkeria dela-eta.

12. artikulua..– Akatsak zuzentzea.

Eskaera izapidetzea onartzeko eskatzen diren agirietako bat faltako balitz, agiriotan formazko akatsen bat balego edo baloraziorako aurkeztutako dokumentazioan akatsik aurkituko balitz, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesatuari, akatsa zuzen dezan edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzan. Jakinarazpen horretan adieraziko zaio, hori egin ezean, ebazpena emango dela eta, ondoren, eskaeran atzera egindakotzat edo eskabidea izapidetzea onartzeko eskubidea amaitutzat joko dela.

13. artikulua..– Ebazpena.

1.– Hautaketa Batzordearen proposamena ikusita, «Auzolandegiak» programarako proiektuen onarpenari buruzko Ebazpena emango du Gazteriako zuzendariak, hilabeteko epean, proiektuak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita.

2.– Ematen den ebazpena sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Enplegu eta Gazteriako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Ebazteko epea igarota ebazpenik jakinarazten ez bada, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.– Orokorrean ezaguna izan dadin, eta erakunde interesdunei espresuki eta banaka jakinarazteko beharra alde batera utzita, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da «Auzolandegiak» programarako onartutako proiektuen zerrenda.

5.– Deialdiaren ebazpena eman ondoren, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak hitzarmen bana sinatuko du 2020ko auzolandegien eskaintzarako onarturiko proiektuak aurkeztu dituzten erakunde publiko eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuekin.

14. artikulua.– Jarduera bertan behera uztea.

Gazteria Zuzendaritzak proiektuaren bideragarritasuna arriskuan jar dezaketen arrazoi teknikoak daudela deritzonean, bertan behera utzi ahal izango du Euskal Autonomia Erkidegoan egin beharreko auzolandegi bat. Gertaera horrek ez du ekarriko inolako kalte-ordainik proiektua aurkeztu duen erakundearentzat.

15. artikulua..– Ekintzak jakinaraztea.

Onartutako proiektuak aurkeztu dituzten erakunde publikoek eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek «Auzolandegia» programarekin eta, bereziki, haiekin elkarlanean garatuko den auzolandegiarekin loturiko edozein zabalkunde- edo komunikazio-ekintza egin behar dutenean –zabaltzeko edo komunikatzeko bidea edozein dela ere–, aldez aurretik horren jakitun ipini behar dute Gazteria Zuzendaritza.

16. artikulua..– Datu pertsonalen erabilera.

Onartutako proiektuak aurkeztu dituzten erakunde publikoek edo irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek datu pertsonalak babesteko araudian xedatutakoa betetzen dela zainduko dute.

Eskabidean jasota dauden izaera pertsonaleko datuak tratatu eta jarraian izendatzen den tratamendu jarduerara gehituko dira: Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak.

Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza

Helburua: Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programetako partaideen datuen kudeaketa. Baimenak eta laguntzak izapidetzea.

Legitimazioa: Interes publikoa. Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 3/1979 Lege Organikoa eta 27/83 Legea EAE eta Lurralde Historikoetako foruzko jardute-erakundeen arteko harremanei buruzkoa.

Hartzaileak: elkarteak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak, Europar Batasuneko organoak, estatuko administrazioko beste organo batzuk, toki-administrazioko organoak eta EAEko beste organo batzuk.

Eskubideak: erabiltzaileak eskubidea du datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezabatzeko, baita informazio osagarrian jasotzen diren eskubideak ere.

Informazio osagarria: datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza kontsulta daiteke gure web orrian. https://www.euskadi.eus/dbao/1050703

Indarrean dagoen araudia:

– Datuak babesteko erregelamendu orokorra https://www.boe.es/doue/2016/119/L00001-00088.pdf.

– Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa: https://www.boe.es/boe/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673.pdf

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 5a.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

ERANSKINA
ESKABIDEAN GEHITU BEHARREKO DATUAK. ESKABIDEA DAGOKION FORMULARIO ELEKTRONIKOAREN BIDEZ EGIN BEHAR DA

Identifikatu:

Identifikazio-datuak:

Honen izenean ari da: pertsona/entitate interesdun gisa espedientean / ordezkaria:

Espedientearen pertsona interesdunak. Eskabide batean interesdun bat baino gehiago daudenean, eman beharreko jarduketak, lehenbiziko pertsona interesdunarekin egingo dira (39/2015 Legea, 7. artikulua, Interesdunen aniztasuna).

Identifikazio-dokumentua, zenbakia, izena, lehen abizena, bigarren abizena, sexua.

Komunikazio-datuak:

Espedientea tramitatzen den bitartean Administrazioak bidalitako jakinarazpenak honi zuzenduko zaizkio:

Jakinarazpenetarako eta komunikazioetarako kanala*: elektronikoa: Nire karpeta guneko jakinarazpenen eta komunikazioen atalera igorriko dira. Bertan sartzeko, identifikazio elektronikorako bitarteko bat beharrekoa da. (Kanal elektronikoaren gaineko oharra. Jakinarazpen elektronikora sartzen ez bazara, jakinarazitzat emango da Nire karpetan eskuragarri jartzen denetik 10 egun naturaleko epean. Esandako epea betetzen denean, jakinarazpena ukatu egin duzula ulertuko da, eta horrela jasoko da espedientean. Izapidea egintzat emango da, eta Administrazioak aurrera jarraituko du prozedurarekin).

Abisuak jasotzeko datuak:

Nire karpetan jakinarazpen edo komunikazioren bat jasotzerakoan abisu bat bidaliko dizugu posta elektronikora eta telefono mugikorrera: posta elektronikoa* telefono mugikorra.

Komunikazio-hizkuntza*: mezu elektroniko eta abisu-mezu bidezko jakinarazpen eta komunikazioak zuk aukeratutako hizkuntzan bidaliko dizkizugu: euskara/gaztelera.

Datu pertsonalen tratamendua.

Datuen babesari buruzko informazio oinarrizkoa: eskabidean agertzen diren pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio Auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak.

Arduraduna: Gazteria Zuzendaritza.

Helburua: auzolandegiak eta Euskadiko Gazteak Lankidetzan programetako partaideen datuen kudeaketa. Baimenak eta laguntzak izapidetzea.

Legitimazioa: interes publikoa. Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 3/1979 Lege Organikoa eta 27/1983 Legea EAE eta Lurralde Historikoetako foruzko jardute-erakundeen arteko harremanei buruzkoa.

Hartzaileak: elkarteak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak, Europar Batasuneko organoak, estatuko administrazioko beste organo batzuk, toki-administrazioko organoak eta EAEko beste organo batzuk.

Eskubideak: erabiltzaileak eskubidea du datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko eta ezabatzeko, baita informazio osagarrian jasotzen diren eskubideak ere.

Informazio osagarria: datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza kontsulta daiteke gure web orrian. https://www.euskadi.eus/dbao/1050703

Indarrean dagoen araudia:

– Datuak babesteko erregelamendu orokorra:

https://www.boe.es/doue/2016/119/L00001-00088.pdf

– Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa https://www.boe.es/boe/dias/2018/12/06/pdfs/BOE-A-2018-16673.pdf

Datuak bete:

Proiektuari buruzko datuak:

Informaziorako kontaktua den pertsonaren identifikazio-datuak: izena*, lehen abizena*, bigarren abizena, karguduna (betetzen duen lanpostua)*, telefono finkoa, telefono mugikorra, helbide elektronikoa.

Proiektua:

Proiektuaren izena*.

Erantzukizunpeko adierazpenak:

Zure erantzukizunpean aitortzen duzu adierazpen hauetan azaltzen diren datuak benetakoak direla. Administrazioak prozedurarekin ez jarraitzea erabaki dezake datuak zehatzak ez badira, zerbait nahita esan gabe geratu bada edo faltsuak badira. Horrek ez du eragotziko izan daitezkeen bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboek aurrera egitea.

Adierazten dut:

Ez dago dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko gaitasunik gabe uzten duten lege-debekuen eraginpean, beren-beregi sexu-diskriminazioagatiko lege-debekuen eraginpean. bai/ez.

Betetzen ditu indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak*: bai/ez.

Deklaratzen du hemen jasotako datu guztiak egiazkoak direla eta osorik daudela, baita aurkezten dudan dokumentazioa ere, eta nire gain hartzen dut dagokion erantzukizuna (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen den betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua)*: bai/ez.

Dokumentuak erantsi.

Prozeduran eskatzen diren dokumentua motak ikus ditzakezu jarraian. Dokumenturen bat igotzeko, sakatu erantsi. Mota bereko dokumentu gehiago eransteko, sakatu gehitu.

Eskatutako dokumentu motak: eskatutako dokumentuak/ Igotako dokumentuak/ ekintzak.

Proiektua (erantsi/bilatu/aurkeztua).

Argazkia (erantsi/bilatu/aurkeztua).

Erakunde eskatzaile publiko edo pribatuaren organo eskudunak igorritako txostena, zeinak, onartua izanez gero, aurkeztutako proiektua aurrera eramateko eta agindu hau betetzeko konpromisoa hartzen baitu (erantsi/bilatu/aurkeztua).

Sinatu eta bidali.


Azterketa dokumentala