Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2019ko azaroaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
5277

AGINDUA, 2019ko urriaren 11koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, «Venture Café Bilbao Fundación» fundazioa eratu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Ikusi da «Venture Café Bilbao Fundación» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2019ko abuztuaren 30ean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskari bat sartu zen, «Venture Café Bilbao Fundación» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (Timothy Dickinson Rowek eta Travis Anthony Sheridanek sortu dute fundazioa). Eskabidearekin batera, eraketaren eskritura publikoa aurkeztu zen.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzako Aholku Batzordeak, 2019ko urriaren 10ean, aldeko txostena eman zuen, fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari eta haren bideragarritasun ekonomikoari dagokionez.

Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, haren estatutuen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera:

«Fundazioak interes orokorreko helburuak dauzka eta, oro har, hau da: Bilboko ekosistema eta berrikuntza-erkidegoa indartzea. Zehatzago, hauek dira fundazioaren helburuak:

a) Bilbon, ekintzailetza eta berrikuntza garatzeko eta indartzeko jarduerak egitea.

b) Bilboko berrikuntzara bideratutako taldeetako kideak (enpresaburuak, korporazioak, inbertsoreak, unibertsitateak, erakunde publikoak, GKEak, etab.) biltzeko programazio bat ezartzea.

c) Bilboko erkidego berritzailea garatzeko ikerketa- eta prestakuntza-jarduerak egitea.

d) Bilbon, negozioak eta lankidetzak sortzera bideratutako jarduerak egitea.

e) Toki-, nazio- eta mundu-mailan, Bilbao sustatzea, herri berritzaile gisa, ekintzailetzan eta berrikuntzan laguntzen duen herri gisa.»

Laugarrena.– Estatutuetako 4. artikuluaren arabera, fundazioaren egoitza Leioan (Bizkaia) dago (Joaquín Achucarro Arisqueta kalea 31, 3. B), eta batik bat erkidegoan jarduten du.

Bosgarrena.– Erakunde fundatzaileak 30.000 euroko ekarpena egin du, fundazioaren hasierako hornidura gisa. Egiaztatzen da zenbateko hori ezarri izana erregistro-inskripziorako espedientean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzeko uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Seigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (indarraldi mugagabea izango dute karguok):

– Lehendakaria: Timothy Dickinson Rowe.

– Idazkaria: Travis Anthony Sheridan.

– Bokala: Markus Fernhout.

Izendatutako pertsona guztiek onartu dituzte haien karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan aurreikusitako eraren batean.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, eratze-espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Legitimatutako pertsona batek sustatu du espediente hau, eta ebazpena emateko oinarrizkotzat jotzen diren dokumentu eta datu guztiak aurkeztu dira. Horrela, bereziki betetzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 38. eta 39. artikuluetan eskatutakoa, eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.

Ikusi dira aipatutako arauak eta aplikatzekoak diren gainerako arau orokorrak, beraz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –egun honetan eta F-450 erregistro-zenbakiarekin–: Leioako (Bizkaia) «Venture Café Bilbao Fundación» fundazioaren eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Kide horiek zazpigarren aurrekarian agertzen dira, eta denek ere espresuki onartu dituzte euren karguak, betiere 2019ko abuztuaren 2an Pablo de la Esperanza Rodriguez notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia.: 3690).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 11.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala