Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

216. zk., 2019ko azaroaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
5235

EBAZPENA, 2019ko urriaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Andoaingo (Gipuzkoa) HIE-48 Illarramendi sektorean Balfer Norte SL eta Plastigaur SA enpresek sustatutako urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

AURREKARIAK

2018ko otsailaren 28an, Ingurumen Administrazioaren zuzendariak Ebazpena eman zuen, zeinaren bidez formulatu baitzuen Andoaingo (Gipuzkoa) HIE-48 Illarramendi sektorearen urbanizazio-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterlanaren irismena, eraginpean dauden administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egin ondoren, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 46.1 artikuluan xedatzen duenari men eginez.

2018ko abenduaren 26an, Andoaingo Udalak jendaurreko informazioaren izapiderako ipini zuen berriro Andoaingo (Gipuzkoa) HIE-48 Illarramendi sektorean Balfer Norte SL eta Plastigaur SA enpresek sustatutako urbanizazio-proiektua, 2018ko ekaineko data duen ingurumen-inpaktuko azterlanarekin batera, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 36. artikuluan xedatzen duenari men eginez, egoki ikusten ziren alegazio guztiak aurkez zitezen; izapide horri zegokion iragarkia 2019ko urtarrilaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (9. zk.). Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, 2019ko martxoaren 5ean, Andoaingo Udalak egiaztatu zuen ez zela alegazio berririk jaso. Aldi berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, Andoaingo Udalak, 2019ko abenduaren 26an, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta-izapidea egin zien. Emaitza espedientean jasota dago. Hori dela eta, sustatzaileak kontuan hartu ditu izapide horretan jasotako txostenak, eta aldaketak egin ditu proiektuan eta ingurumen-inpaktuaren azterlanean.

2019ko abuztuaren 30ean, Andoaingo Udalak ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko eskaera aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Andoaingo (Gipuzkoa) HIE-48 Illarramendi sektorean Balfer Norte SL eta Plastigaur SA enpresek sustatutako urbanizazio-proiektua zela kausa.

Eskabidean, dokumentazio hau aurkeztu zen:

– Proiektuaren dokumentu teknikoa.

– Ingurumen-inpaktuaren azterlana, 2018ko ekainekoa.

– Informazio publikoaren izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten zenbait dokumentu.

– Eraginpeko administrazioei eta norbanako interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitza deskribatzen duten zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioak era egokian bermatuko dira. Helburua, besteak beste, ingurumenean dauzkan ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan sartzea da, aukerarik egokienak hautatzeko xedearekin, jarduerek eragindako metaketa- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, 7. artikulu horren 2. apartatuan jasotako proiektuek ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egin beharko dute, ingurumen-organoak horixe zehazten badu ingurumen-inpaktuaren txostenean.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Andoaingo Udalak, organo substantibo gisa, hirigintza-proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuko azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eragindako administrazio publikoek zein interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Andoaingo (Gipuzkoa) AIU-48 Illarramendi sektorean Balfer Norte SL eta Plastigaur SA enpresek sustatutako urbanizazio-proiektuaren aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzea.

Proiektuak jarduera ekonomikoko sektore bat sortzea du xede (91.280 m2-ko eremu batean), lehendik dagoen jarduera finkatzeko (Plastigaur), eta indarrean dagoen Andoaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean zehaztutako programa antolatzen du. Industrialde berria hiru plataformatan egituratuko da. Lehenengoa, ia erabat horizontala da eta eremuaren mendebaldeko erdian kokatzen da, jarduera ekonomikorako bost lurzati ditu eta bi gune libre; ibilgailuen trafikorako eta oinezkoentzako bide bat du ardatz, eta haren trazatua ia zuzen-zuzena da eremuaren luzetarako norabidean. Bigarren plataforma, aurrekoaren alboan dagoena, maldan dago (+59/+67), eta hara heltzen da bai bide nagusiaren bitartez eta bai A 15etik +67ko kotan legokeen sarbidetik. Zonalde horretan beste bide bat dago, bide nagusiarekin zut datorrena eta jarduera ekonomikorako bi lursail-zatiren simetria-ardatza egiten duena. Ipar-ekialdean dagoen sarbidearen zonaldean bi zelaigune proposatzen dira aparkalekuak egiteko. Hirugarren plataforma ere maldan dago (+61/+78) eta eremuaren ekialdeko muturrean kokatzen da. Jarduera ekonomikoak, bizilekuak (lehendanik dauden bi etxebizitza kontsolidatu egiten dira eta eraitsi behar diren eraikinak ordezteko bi lursail zehazten dira), komunitate-ekipamenduak eta zerbitzu-azpiegiturak dira lurzati horretan aurreikusten diren erabilerak. Plataforma horren hegoaldeko muturrean ere aparkaleku bat proposatzen da.

Jarduera ekonomiko lurzati eraikigarrien azalera 56.540 m2-koa izango da. Gainera hiru bizitegi-lurzati daude (1.906 m2). Horietako bat antolamenduz kanpokotzat jo eta eraitsi egingo diren etxebizitza-eraikinak birjartzeko baliatuko da (Illarramendi eta Petrikotegi baserriak), eta beste bi etxebizitza-lurzati eraikiak finkatu egingo dira.

Hirigintza-proiektuko obretan honako hauek egingo dira: zenbait eraikin eraitsi, lurra mugitu, bide berriak egin, zoladura jarri, hargune berriak abiarazi (ur-hornidurako sarea, saneamendu-sarea, argiteria publikoko sarea, telekomunikazio-sarea), hormigoizko hormak eraiki eta zenbait espazio landareztatu. Eremuaren kanpoaldean ere aurreikusten dira obrak sarbide berriak egin ahal izateko (haietako bat biribilgune berri batetik izango litzateke).

«HIE 48 – Illarramendi» eremuan, ur-hornidura banaketa-sare baten bitartez konektatuko da Andoaingo ur-hornidurako udal-sarera (Baltzuketako depositutik edaten du). Halaber, proiektuan, euri-urak eta ur beltzak bereizteko saneamendu-sistema bat proposatzen da. Bada, esan daiteke euri-uren saretik datorren isuria Ziako errekara egiten dela; eremuaren hegoaldetik doa erreka, lurpean, ekialdetik mendebaldera.

Beraz, «HIE 48 – Illarramendi» eremuko urbanizazio-proiektuaren ezaugarria da egin beharreko indusketa nabarmen handiagoa dela behar den betelana baino; zenbatespenen arabera, 338.253 m3 induskatuko dira eta 54.058 m3 erabiliko dira betelanetan; ondorioz, 284.194 m3 lur geratuko dira soberan, baimendutako betelan batera bideratuko dena. Halaber, mailegu-materiala beharko da zoladurarako. Aizkibel harrobitik ekarriko da; Urnietan dago, azterketaren xedeko eremutik hiru kilometrora.

Illarramendi eremua Andoaingo hirigunearen iparraldean aurkitzen da; bizileku- eta industria-eremuak ditu mugakide (HIE 24 Eguzkialde, bizileku-erabilera duena; HIE 32 Ikutza eta HIE 33 Ama Kandida Industrialdea, erabilera industrialekoak) hegoaldetik, A-15 autobidea iparraldetik eta mendebaldetik, eta landa-eremu bat ekialdetik. Eremuaren erdian Plastigaur enpresaren lurzati industriala dago.

Eremuko lursailen erdiak, gutxi gora behera (4,3 ha), landa-eremuetan ohikoak diren jardueratarako erabiltzen dira (segarako belardiak larrerik gabe, fruta-arboladiak eta baratzak). Eremuaren azaleraren herena inguru (2,5 ha), ekialdean, zuhaitz hostozabal gazteek edo adin ertainekoek hartzen dute. Sahatsak (salix atrocinerea) dira gehienak, baina urritzondo (Corylus avellana) ugari ere badaude, eta banakago, lizarrak (Fraxinus excelsior) eta haritzak (Quercus robur), eta sasiakaziak (Robinia pseudoacacia) ere badira. Azterketaren xede den eremuan, «6510. Altitude baxuetako sega-belardi elkorrak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis)» katalogazioa duten 31.315 m2 daude.

EMEK-eko fauna-espezie hauek egon daitezke eremuan: okil txikia, pitxartxar nabarra, euli-txori beltza, txio horia, lepitzuli eurasiarra, zata arrunta, iparraldeko belarrihandi arrea, baratze-saguzarra, ferra-saguzar txikia eta Eskulapioren sugea.

Kutsatuta egon daitezkeelakoan inbentarioan zerrendatuta dauden lurzoruak dituen zonalde batean kokatzen da proiektua (20009-00014 eta 20009-00084), eta, iparraldean, akuiferoak kutsatzeko arrisku oso handiko lurzoru-zerrenda bat du.

Ziako erreka eremuaren hegoaldetik doa, lurperatuta, ekialdetik mendebalderako noranzkoan.

Illarramendi eremuan dago Ikutza Berri – A baserria, eta eremuarekin muga egiten du Serorategi – A baserria. Bi-biak susmo arkeologikoko EAEko eremu arkeologikoak dira eta Andoaingo HAPOaren katalogoan daude sartuta.

Bigarrena.– Proiektua gauzatzeko baldintza batzuk ezartzea, lotesleak izango direnak, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz. Hauek dira baldintzak:

A) Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, nolanahi ere, ebazpen honetan zehaztutakoaren mende egongo da. Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Andoaingo Udalak Ingurumen Sailburuordetza honetan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioan xedatutakoa kontuan hartuta.

B) Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak 7. artikuluan xedatuari men egingo zaio.

Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, eta aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa badute eta obrak egiteko falta diren gainerako izapideetan sortu badira, ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira. Neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C) Ingurumen-ebaluazioko prozeduraren alderdi garrantzitsuak.

Industrialdean ezar daitezkeen instalazioak baimentzeko prozeduretan, batik bat, iparraldean kokatuko direnetan, akuiferoak kutsatzeko arrisku handia dagoela kontuan hartu beharko da. Beraz, saihestuko da uretara irits daitezkeen kutsagarri asko isurtzen dituzten jarduerak industrialdean hartzea.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Andoaingo Udalak Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurri horiek behar den dimentsioan aplikatzeak eta kontrolerako langile nahikoa izateak bermatu beharko dituzte ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan finkatzen direnak. Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak ezarri beharko dira.

D.1.– Natura-ondarea babesteko neurriak.

D.1.1.– Obrak, bai eta lurzorua okupatzea erakartzen duten lan osagarriak ere, proiektuaren lursailaren barruan egin beharko dira. Ahalik eta gehien murriztuko da obrako makinak eta ibilgailuak aipatu mugetatik kanpo zirkulatzea.

Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honen D.10 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.

D.1.2.– Landaredi autoktonoa kentzea saihestuko da zuzeneko okupazioa aurrez ikusten ez den eremuetan. Horretarako, obrak hasi baino lehen, zehatz-mehatz mugatu eta balizatuko dira zuhaitz eta zuhaitz-unada autoktonoak, eta batez ere haritz eta lizar handiak. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honen D.10 puntuan ezarritako ingurumen-aholkularitzak. Mugen eta balizen ezaugarri eta kokapen zehatzak ebazpen honen D.11 apartatuko lan-programan jasoko dira.

D.1.3.– Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpidea izango da kontuan kontratistaren instalazio-eremuak proiektatzeko, eta hauek ere sartuko dira: obrako materialak eta landare-lurrak behin-behinean biltegiratzeko eremua eta obran sortutako tipologia desberdineko hondakinak kudeatzeko eremua. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (bertako zuhaiztiak, ibaiertzeko landaretza), ez eta ibilguetatik hurbil dauden lursailetan ere.

Horretarako, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian, obrak hasi aurretik. Zehaztapen hori obraren Zuzendaritzak onartu behar du, D.10 puntuan aipatutako ingurumen-arloko aholkularitzaren txostena jaso ondoren. Instalazio horien ezaugarriak eta kokalekua adierazi beharko dira ebazpen honen D.11 puntuan aipatzen den lan-programan.

D.1.4.– Kontrol-neurriak hartuko dira, ahal den heinean, mugitutako lursailak eta landaredirik gabeak ez daitezen sarbide bihurtu landare-espezie inbaditzaileentzat –hala nola, Fallopia japonica, Buddelia davidi edo Robinia pseudoacacia espezieentzat–, eta, gainera, ahaleginak egingo dira halakoak jardun-eremutik desagerrarazteko.

D.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Ezarri daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

D.2.1.– Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko da. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema bat izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura ez kutsatzeko. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

Ebazpen honen bigarren atalaren D.11 puntuan aipatzen den dokumentazioan jasoko dira elementu horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

D.2.2.– Eraikuntza-fasea, drainatze-sarera jalkin xehe ahalik eta gutxien isuriz egin beharko da. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira lehenengo fasean, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ongi eusten dietela bermatzeko, eta, dagokionean, gune jakin batean isurtzen dela bermatzeko, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuz.

Ebazpen honen D.11 puntuan aipatzen den lan-programan jasoko dira sistema horien ezaugarriak, kokalekua eta neurri zehatzak.

Bestalde, hormigoi-upelak garbituko dira berariaz egokitutako eremuetan. Hormigoi-esnea ezingo da inola ere isuri ibilgura. Hormigoiaren hondakinak ebazpen honen D.6 puntuan ezartzen diren baldintzen arabera kudeatu beharko dira.

D.2.3.– Dekantazio-putzuen mantentze-lanak eta aldizkako garbiketa egin beharko dira; metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

D.3.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

D.3.1.– Proiektua Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako zenbait lekutan garatzen da.

Horren harira, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 23. artikuluan xedatzen duena betez, arau horretan adierazitako egoeraren bat gertatzen bada, ingurumen-organoak ebazpen bidez lurzoruaren kalitatea adierazi beharko du, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legeak araututako prozedurari jarraikiz.

Lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat egon den leku batean egin daitezkeen lur-mugimenduak lurzoruaren kalitate-adierazpenaren mende egongo dira. Era berean, EAEko ingurumen-organoak aurrez onartu beharko du hondeaketa selektiborako plan bat lurzoruaren kalitateari buruzko adierazpenaren prozeduraren esparruan, aipatutako ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotakoa betez.

D.3.2.– Sobera geratutako lurzoruaren kalitatea eremu horietarako aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatu beharko da une oro.

D.3.3.– Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.

D.4.– Kutsadura atmosferikoa prebenitzeko eta hautsa aireratzea murrizteko neurriak.

D.4.1.– Obrak dirauen bitartean, ibilgailuak iragan ondoko garbiketa-lanak zorrotz kontrolatuko dira, bai obrek eragindako ingurunean, bai obretara sartzeko guneetan. Sistema bat eduki beharko da aldi baterako hutsik dauden pistak eta inguruak ureztatzeko.

D.4.2.– Obra-guneko irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dituzte, solidoak biltzeko sistema bati kateatuta. Ebazpen honen D.11 puntuan zehaztutako dokumentazioan adieraziko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak.

D.4.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.

D.4.4.– Materialak eta ekarkinak aldi baterako metatzeko zonaldeak bizitoki diren eraikinetatik urruti kokatuko dira.

D.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

D.5.1.– Eraikuntza-faseak iraun bitartean, beharrezkotzat jotzen diren obra-jardunbide egokien multzoa aplikatu beharko da, obra-makineriaren mantentze-lan orokorrei eta zarata gutxitzeari dagokienez.

D.5.2.– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonifikazio akustiko, kalitate-helburu eta igorpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

D.5.3.– Bestalde, proiektua garatzean, obrek eraginpeko eremuan sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

D.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

D.6.1.– Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketakoak, ebakiak, bilgarriak, eta errefuseko nahiz garbiketa-kanpainetako materialak.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

D.6.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat; eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honen D.11 puntuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

D.6.3.– Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

D.6.4.– Obren indusketa-soberakinei dagokienez (kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak), betelanetara edo jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetara zuzentzen badira, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua aplikatuko da, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatuz.

Obrak amaitzean, proiektuaren sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena igorri beharko dizkio, alegia, erauzi ez ziren leku edo obretan eraikuntzarako zuzendutako kopuruak eta ezaugarriak ondo adierazi beharko dira.

D.6.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

D.6.6.– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.

Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

D.6.7.– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregaiak eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

D.6.8.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten osoa egin beharko da, eta txosten horretan sartu beharko dira indarreko legerian jasotako identifikazio-dokumentuak eta tratamendu-kontratuak.

D.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egiterakoan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Museo eta Arkeologia Zerbitzuari.

D.8.– Obrak integratzeko eta leheneratzeko neurriak.

D.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, bai eta kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Ingurumen-lehengoratzean, lurraren berroneratze geomorfologikoa eta edafikoa sartuko dira, bai eta landare-estalkia izan dezaketen gune guztien landare-berritzea ere.

D.8.2.– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

D.8.3.– Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez hedatzeko ekintzak gauzatuko dira. Ildo horretan, kasu horretan bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.

D.8.4.– Ingurua leheneratu ondorengo bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak landareberritu.

D.9.– Garbiketa eta obra-akabera.

Behin obrak amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honen D.6 puntuan xedatzen dena aplikatuko da.

D.10.– Ingurumen-arloko aholkularitza.

Obrak amaitu arte eta obra horren bermeak dirauen arte, ingurumen gaietan, kultura-ondarearen zaintzan eta babes- eta zuzenketa-neurrietan, aholkularitza gaitua eduki beharko du Obra Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren azterlanaren zehaztapenen arabera. Baldintza-pleguak gai horiei buruz esleitzen dizkion funtzioen alorrean Obra Zuzendaritzak hartu beharreko erabakiek, aipatu aholkularitzak egindako txostena izan beharko dute aldez aurretik.

D.11.– Lan-programa diseinatzea.

Obrak hasi aurretik, jarraian datozen azpiapartatuetan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehaztua egin beharko du kontratistak. Lanak egiteko programari erantsiko zaizkio proposamen horiek, eta Obren Zuzendariak berariaz onartu beharko ditu; aurrez, txosten bat egin beharko du aurreko apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak. Dokumentu hauek bilduko ditu aipatutako programak:

– Makineriaren parkearen, eta obrako materialen eta lurren eta hondakinen aldi baterako biltegiratzerako eremuen kokapenari eta ezaugarriei buruzko xehetasunak.

– Urak bideratzeko eta sedimentuei eusteko aurreikusitako sare eta sistemen kokapenari, ezaugarriei eta neurriei buruzko xehetasunak.

– Kamioien gurpilak garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak.

– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sor daitezkeen hondakinak nola kudeatuko diren islatzen duen plana, honako hauen arabera: eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera gauzatuko da ingurumena zaintzeko programa, eta ondoren zehaztuko diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

Programa horrek obra kontratatzeko baldintza-pleguetan barne hartuta egon behar du, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da.

E.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren eskura egongo da erregistroa, hark ikuskatzeko, eta, nolanahi ere, lanak amaitutakoan, hari bidaliko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egiten bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu beharko dira aipatutako aldaketak.

E.2.– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

Egindako okupazioa proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela egiaztatuko da; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako azalera baino eremu handiagoa.

E.3.– Uren kalitatea kontrolatzea.

Oro har, ingurumen urtarrera isurketak egin ditzakeen obra-lekurik izanez gero, D.10 puntuan aurreikusitako ingurumen-aholkularitzak egiaztapena egingo du, urak isuri aurretik urak bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala ziurtatze aldera. Hauxe ere aztertuko du: ibaira material xeheak isuri ote diren, euri-aldietan batez ere.

Sistema horien funtzionamendua eraginkorra ez dela ikusiko balitz, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira, kaltea sortzen duten obra-lantegietan lanak aldi baterako gelditzea barne, material esekiz betetako urak lur gaineko ur-ibilguetara irits ez daitezen.

E.4.– Lehengoratzearen arrakastaren kontrola.

Bermealdian, aldian-aldian aztertuko da zenbaterainoko arrakasta izan duen proiektuaren eraginpeko gainazalak lehengoratzeko lanak.

E.5.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, eta bertan ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta txosten honetan ezarritakoak jaso behar dira.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.

E.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari organo substantiboaren bidez bidaliko zaizkio. Obrak bukatuta eta leheneratze-lanen bermealdia amaituta egingo da bidalketa hori, zehazki, leheneratzea egin eta bi urtera. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzekin batera, ingurumen-gaietan espezializatutako entitate independente batek egindako txostena ere aurkeztu behar da. Txosten hori emaitzen analisi bat izango da, aldi horretan gertatutako gorabeherak, balizko kausak eta konponbideak bereziki aipatuta, eta aldez aurretik zehaztu ez denean, laginak hartzearen xehetasunak.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek administrazio publikoen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

F) Baldin eta arautegi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala eginarazten badigute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-zaintzako programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai eta neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Ingurumen-organoak, era berean, erabaki dezake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzea, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo egiaztatzen bada babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ez direla nahikoa ingurumen-inpaktuei aurre egiteko.

G) Ebazpen honen aurreko apartatuetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi, espedientean sar ditzan.

Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.

G.1.– Obrak hasi baino lehen, ingurumena zaintzeko programaren testu bategina.

G.2.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, hondeaketa-soberakinen eta hondakinen ingurumen-jarraipenari dagozkion txostenak, ebazpen honen D.6 puntuan xedatutakoaren arabera.

G.3.– Obrak amaitu eta bi hileko epea igaro baino lehen, obrak bukatzen direnean zenbatzen hasita, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasoko duena, ebazpen honen bigarren apartatuko E.1 puntuan xedatutakoaren arabera.

Hirugarrena.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; epea, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasiko da kontatzen. Epe hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio iraunaldia eta dagozkion ondorioak sortzeari utzi egingo dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Andoaingo Udalari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 8a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala